Sailkatugabeak

‘3Lak’, hiru poeta handi

Lertxundi eta Valverde

Donostia

Xabier Lizardi, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Xabier Lete. Hiru poeta handi horien lanak ikuskizun bakar batean bildu dituzte Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak, eta euskal literaturaren klasiko horien poetikari buruzko kontzertu hitzaldia atondu dute, 3Lak izenburupean. Lizardi, Lauaxeta eta Lete dira hiru L-ak, eta haien eleak dira Lertxundik eta Valverdek taularatuko duten ikuskizuna harilkatzen dutenak.

Letrei, lirikotasunari eta literaturari dagozkie, halaber, hiru L horiek, eta hirurak izango dituzte aztergai Lertxundik eta Valverdek. Hala, Valverderen kantaldia hiru poeten hitzekin osatuko da, Lertxundik hitzezko argibideak ematen dituen bitartean. L-ak esanahi gehiago ere badu, hiru poetei erreferentzia egiteko orduan: "Luma lehenak, lanean libreak, lekuko leialak".

Lertxundi eta Valverderen emanaldia Donostiako San Telmo museoko ekitaldi aretoan izango da, datorren asteazkenean, 19:00etan. Hain zuzen ere, museo horretan joan den azaroaren 16tik ikusgai dagoen Badu Bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketaren barnean antolatu dute kontzertu hitzaldia.

Erakusketa azken txanpan sartzen ari da, otsailaren 17rako iragarri baitute amaiera, baina haren inguruko ekitaldiak ez daude inolaz ere amaitzear. Datorren asterako, esaterako, hiru ekitaldi antolatu dituzte. Heldu den asteartean, asteartero egin duten moduan, hizkuntzarekin lotutako zerbitzu eta erreminta teknologikoen aurkezpen gune izango da Badu Bada erakusketa; eta Bi Tanta diseinu grafiko, web eta komunikazioko enpresa gazteak eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak parte hartuko dute. Ostegunean, berriz, Xose Estevez historialariak erakusketari buruzko ikuspegi pertsonala emango du, bisita gidatu baten bitartez. Bisita galegoz izango da. Orain arte, hainbat pertsona ezagunek egin dute bisita gidatua Badu Bada erakusketan, eta haren edukien gaineko interpretazioa eskaini diote bertaratutako bisitariari: Iñaki Perurena, Luistxo Fernandez, Ibon Sarasola, Harkaitz Cano, Maialen Lujanbio eta abar.

Boterearen atez ateko demokratizazioa

Azken boladan Bergarak protagonismo berezia eskuratu du Euskal Herriko eta Espainiako hedabideetan. Bergarako etxe askotako balkoiak zabor poltsaz bete dituzte protesta gisa. Aitortu beharra dago eraginkorra izan dela protesta egiteko modua. EAJk Bilduko udal korporazioari egotzi dio ez duela herritarren hitza errespetatu. Hori entzunda, pentsa daiteke EAJk Bergaran eta Euskal Herriko beste hainbat herritan ere sarritan praktikatu izan duela herri galdeketaren ariketa demokratikoa; nahiz eta inor gutxik gogoratuko duen alderdi jeltzaleak eginiko kontsultarik.

Herri galdeketa izan daiteke boterea demokratizatzeko modurik eraginkorrena, betiere erabilera egokia egiten denean. Pertsonok berezkoa dugu boterea kontzentratzeko joera, eta horixe da erakundeak demokratizatzeko izan ohi duten eragozpen nagusia. Egitura sinpleenetik hasi eta konplexuenera, zaila gertatzen da boterea demokratizatzea; nahiz eta boterea sozializatzea den demokraziak duen benetako indarraren klabea.

Erabakiak behetik gora hartzea da egitura demokratikoen funtsa, baina ideia sinple horrek badauka ñabardurarik. Erabakiak hartzeko informazioa behar da, eta informazioaren transmisio edo kudeaketak helburu bi izan ditzake: herritarrek erabakiak ahalik eta egokien hartzea, edo informazioa manipulatu, eta interesatzen den erabakiak gehiengoaren babesa lortzea. Boterea demokratizatzeko borondaterik ez dagoenean, bigarrena egingo da. Gardentasuna da, beraz, demokratizaziorako giltzetako bat. Informazioaren kudeaketa zintzoarekin hartzen diren erabakiak zilegitasun maila altuagoa dute. Eta egoera kritikoen aurrean, erabakitzen dutenek nahiz erabakiek sendotasun maila altua dute.

Hori esan ondoren, zenbat erakunde garden eta demokratiko ezagutzen ditugu? Erakunderik sinpleenean ere, botere kontzentraziorako daukagun joeragatik, informazioa ezkutatu, moldatu edo komeni denean dosifikatuta erabiltzen da, erabilera estrategikoa eginez. Baina horrek partaideen atxikimendua galtzea eragiten du; urrundu egiten dira, eta erakundeko arduradunenganako konfiantza galtzen dute.

Benetako erresistentziak ditugu boterea demokratizatzeko. Zein erabaki laga behar dira herritarren esku? Atez atekoa, bai ala ez? Azpiegitura handiak, bai ala ez? Herritarrek badute irizpide eta gaitasunik erabakiak hartzeko? Eta lau urtean behin aukeratzen ditugun politikariak edo arduradunak aukeratzeko? Eta aukeratutako horiek badute erabakitzeko gaitasunik? Enpresetan, sindikatuetan, udaletxeetan, auzo elkarteetan, herri mugimenduetan… Beti daude formalki langileek, herritarrek edo bazkideek hartzen dituzten erabakiak, baina benetan zenbateraino dira kontzienteki hartutakoak?

Gardentasunaz dihardudanez, garbiago esango dut. Erakunde bateko arduradunek ematen duten edo ez duten informazioa edo desinformazioa, oposizioaren informazio edo desinformazioa baino garbiagoa ote da? Inork ematen al du intentzionalitate gabeko informaziorik? Non, nork eta nola neurtzen du egien, erdi egien, iruzurren eta gezurren tamaina?

Alerten zurrunbiloan

Euria dela, elurra dela, haize zakarra, muturreko beroa, laino itxia, sute arriskua, izotza edo olatuak direla... Fenomeno klimatologiko eta naturalak tarteko, maiz ematen ditu Eusko Jaurlaritzak kolore ezberdinetako abisuak. Etengabe alerta egoeran g...

Iazko lehen hamaika hilabeteetan %4,1 hazi ziren esportazioak

Urtea amaitu bitarteko behin betiko datuak emateko zain, Gipuzkoako Merkataritza Zuzendaritzak esportazio eta inportazioei buruzko behin-behineko datuak eman ditu aste honetan; hain zuzen ere, iazko urtarriletik azarora bitartekoak. Esportazioei dagokienez, urteko lehen 11 hilabeteetan esportazioak %4,1 handitu ziren, 2011ko epe berarekin alderatuta. Dirutan, esportazioak 6.254,1 milioi euroren iturria izan ziren Gipuzkoako enpresentzat.

Espainiako Gobernuaren Aduanetako Zuzendaritza Nagusiaren behin-behineko datuak dira asteon zabaldutakoak, eta, horietan, Gipuzkoako datuak Espainiako Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko datuekin alderatzen ditu. Hala, Espainiako Estatuko esportazioen %3,1 lirateke Gipuzkoakoak; eta EAEkoen %33,6; alegia, heren bat baino zertxobait gehiago. Baina, Gipuzkoan ez bezala, EAEn esportazioak jaitsi egin ziren 2012ko urtarrila eta azaroa bitartean.

Sektoreka, ekipamendu ondasunek osatzen dute esportazioen erdia baino gehiago (%55,7). Horien atzetik, produktu erdi landuak daude (%25,3) eta, ondoren, automobilgintza sektorea (%9,8). Gipuzkoako enpresen bezero izan diren herrialdeei dagokienez, Frantzia dago buruan, esportazioen %15,7rekin; eta Alemania (%12,3), Erresuma Batua (%7), Mexiko (%5,7) eta Venezuela (%5,5) dira hurrenak.

Inportazioak, behera

Inportazioen atalean, berriz, 2012ko lehen 11 hilabeteetan, inportazioak %11,7 jaitsi ziren Gipuzkoan —guztira, 2.773,6 milioi euro—, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, jaitsiera %9,5 izan zen.

Azaroa bakarrik kontuan hartuz gero, esportazioek (-%4,7) zein inportazioek (-%19,4) egin zuten behera, iazko hilabete berarekin alderatuta.

Balio erantsia eskaintzera bideratu dute lehen sektoreko hezkuntza

Zizurkilen dago Fraisoro, Gipuzkoan lehen sektorearen inguruko trebakuntza ematen duen eskola. Oinarrizko prestakuntzatik espezializazio arloetara egin dute bidea eskolan eskaintzen dituzten ikastaroek, eta kudeaketa arloan prestatzeak ere garrantzi handiagoa du. "Teknologia berrien garrantzia nabarmen handitu da: webguneak diseinatzea, salmentak Internet bidez egitea…", azaldu Jose Javier Ormazabal Fraisoroko zuzendariak. "Sektoreak eskatzen du produktuei eta zerbitzuei balio erantsia emango dien arloetan heztea: berrikuntzak, salmenta motak, kudeaketa…".

Irailean aldaketak izan ziren Fraisoron. Aurretik, EAEko hiru nezakaritza eskolak eta bi arrantza eskolak batera zeuden Itsasmendikoi enpresa publikoan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpe. Itsasmendikoi desagertu egin da, ordea, eta eskolak Hezkuntza Sailera pasatu dira. Landa garapenari lotutako arloa sortu berri den Hazi enpresa publikoak hartu du bere gain. "Desestrukturazio bat izan da, eta oraindik egokitzen ari gara egoera berrira. Aurreko gobernuak hartutako erabakia da; ez dakigu gobernu berriak zer erabaki hartuko duen", dio Ormazabalek.

Ohiko hezkuntzak Fraisoron jarraitzen du; hau da, lehen sektoreko erdi mailako zikloak —DBH bukatu eta gero— edo goi mailako zikloak —batxilergoa bukatu eta gero—. Erdi mailakoan nekazaritza zikloa eta lorezaintza eta loradenda zikloa eskaintzen dituzte, eta goi mailakoan, baso kudeaketa eta ingurumen zikloa.

Malgutasuna

Hezkuntza ez-formalari dagokionez, batetik, langabeentzako eskaintza bat egiten dute Lanbiderekin harremanetan; bestetik, Hobetuz programa dago, eta, azkenik, etengabeko prestakuntza. Azken horretan ikastaroak Hazik finantziatzen ditu, eta Fraisorok diseinatu. Gaztenek zerbitzua eskoletan egon arren, Haziren eta aldundien ardurapean dago egun.

Etengabeko prestakuntza oso malgua dela dio Ormazabalek: "Sektoreak eta bertako eragileek eskatzen digutenaren arabera lotzen da, sei hilabetean behin". Eremu guztiei heltzen diete: produkzio arlotik hasi eta kudeaketaraino. "Esaterako, landa ingurunean adinekoak zaintzeko beharra dagoela ikusten badugu, horren inguruko ikastaroa antolatzen dugu", azaldu du Ormazabalek. "Malgutasun horrek ere ahalbidetzen du ikastaro bat emateko gai horretan unean uneko aditua izatea".

Fraisoroko zuzendariak ikastaro trinko horiek enplegurako duten egokitasuna nabarmendu du: "Norbaitek, adibidez, zaldiekin lan egin nahi du, baina ez dago homologaturiko titulurik horretarako. Guk behar hori antzeman eta enplegua lortzeko aukera dagoela ikusten badugu, ikastaro luze bat antolatzen dugu, eta jendea lan horretan hasteko gaitzen dugu". Iaz, esaterako, arrakasta handia izan zuen txakurrentzako ile apaintzaile ikastaroak.

Sektoreak izaten dituen aldaketek, beraz, eragina dute Fraisororen eskaintzan. Orain hamar bat urte, esnearen azpisektoreak bere indarra zuen, eta garai horretan ikastaro asko ematen ziren gaiaren inguruan. "Orain, gutxi ematen dira", dio Ormazabalek. "Beste batzuk kopuruz igotzen joan dira, esaterako, barazkigintzakoak eta lorezaintzakoak".

Aldaketak ere izan dira trebakuntzaren ildoan, Jesus Calvillo Gaztenek zerbitzuaren arduradunak dioenez: "Lehen, lorezaintza ikastera etortzen zirenak sasiak garbitzeko makina hartu eta garbiketa lanak egiteko asmoarekin etortzen ziren. Hori asko jaitsi da, merkatuak gainezka egin duelako, eta egun, loradenda batean lan egiteko, deseinuaren eta paisajismoaren inguruko lanak egiteko asmoz etortzen dira".

Lehenengo aldiz, lehen sektorean ustiapen edo enpresa baten titular izan nahi duenari zerbitzua ematen dio Gaztenek-ek. Bere kabuz hasi delako edo familiako ustiapenaren jabetza jaso duelako izan daiteke abiapuntua. Calvillok azaldu duenez, "azken bi urteetan nabaritu da jendea ez dela etortzen inbertsio handirik eskatzen duten proiektuekin". Inbertsioa lortzea zailagoa denez, proiektuen planteamendua aldatu egin dela nabarmendu du: "Azken urteotan baratzeari lotutako proiektu asko etorri dira, baina ez azpiegitura handiekin, baizik pixkana joateko asmoz". Zuzeneko salmenta egin eta bezeroak fidelizatzeko produktu oso onak eskaintzeko asmoz joaten direla gaineratu du Calvillok.

Norberaren gaitasunak

Gaztenek-era prestakuntza teknikoa duten gazte asko joaten dira, orain hamar urte baino ezagutza gehiagorekin. Horren harira, Calvillok norberaren gaitasunak lantzearen garrantzia nabarmendu du. Aholkularitza ez da arlo teknikoan soilik ematen, baita enpresa bat kudeatzeko duten gaitasunari begira ere. "Gai izango da langile talde bat kudeatzeko edo merkatuaren aldaketei aurre egiteko?", dio Calvillok. "Hala, azken urteetan ekintzailetasunaren inguruan ari gara lanean, beste balio batzuk eransten trebakuntzari".

Gaztenek zerbitzua lehen sektorean alta emanda dauden eta 40 urtetik behera dituztenentzat da. "Europan, gazteek, lehen sektoreko jarduera batean hasten direnean, laguntzak dituzte", azaldu du Calvillok. "Bestalde, Geroa programa ere badago, adin horretatik gora daudenei ere laguntzeko euren jardunean. Aholkularitza, hau da, norbait ondoan izatea bere bidean aurrera egiteko, diru laguntza baino gehiago baloratzen dute bi zerbitzuetan".

Orain bederatzi urte sortu zen Gaztenek programa, eta denbora tarte horretan Gipuzkoan ia 300 gazte joan dira zerbitzuaren berri izatera. Horietatik, urtero, 20-25 gazte inguruk eman dute pausoa euren jarduera abiarazteko. "Urtero ustiaketak galtzen ari dira, eta Gaztenek programak lagundu du galera hori orekatzen, martxan jarri edo jabetzaz aldatu diren jarduerak bikoiztu egin baitira", esan du Calvillok. Profila zerbitzuen aldera jotzen ari dela gaineratu du. Bai Ormazabalek eta bai Calvillok ere argi dute: "Landa eremua bizirik egotea da axola diguna".

Aste honetan txantxarik ez

Normalean txorikeriei buruz idazten duk, baina azken zutabea nahiko serioa huen, hi izateko". Dirudienez, nire lau irakurleak pitokerien peskizan datoz txoko honetara bi ostiralez behin. Izorra zaitezte, ba! Egunkaria negar malkotan itotzeko albistez beteta dator gaur ere, eta nik ez dizuet inolako deskantsurik eskainiko. Algarak nahi badituzue, Youtubek Eugenioren txiste andana dauka ikusgai; kontu larriez aritzea tokatzen zait niri. Nortasun nazionala finkatzen duten ikurrei buruzko eztabaida puri-puri dabilenez sarean —ni Santi Leoneren alde, hori bai zutabegile fina eta ez hemen goiko kirtena—, nik ere heldu egin beharko diot gaiari.

Euskaldunon etxea gain behera dator beste behin ere. Gutar zintzoenen totem nagusietako bat, txirrindularitza, hondoa jota dabil joan den ostiralaz geroztik —bai, are beherago erortzea posible zen—. Ezbeharren bat datorren bakoitzean egin ohi dugun bezala, errua besteei bota diezaiekegu, hain kuttuna genuen jostailua zeharo zapuzteagatik. Beste aukera, amak txikitan koilararekin ematen zigun hark baino zapore mingotsagoa duen botika probatzea da. Autokritika tragoxka pare bat hartzeko une aproposa dugu, behingoagatik.

Dopin kasu mordoxka izan duen txirrindulari talde ia publikoa milioikada eurorekin lagundu dugula eta laguntzen ari garela onartzeak aje pixka bat lagako digu, baina pasatuko zaigu. Tranpetan iaioa den sendagile sortari lasaiegi lan egiten utzi diogula baieztatzeak ere aho zapore garratz samarra uzten du. Eta ezkutuko azti horiei beste kirol maiteetan —ai, arrauna, ai futbola…— muturra sartzen utzi diegula gogoratzea ere ez da zurrutada eztiena izango. Gure txirrindulari onenak urteetan Lance Armstrong zuritzen ikusi izanak ez gaitu asaldatu, eta ezta kazetari eta esatariek dopinarekin azaldu duten jarrera ezin epelagoak ere. Baina, tira, erronda bukatutzat eman beharko da, autokritika mozkorraldien biharamunak oso krudelak izaten dira eta.

Ebro da espainiarrengandik desberdintzen gaituzten milaka eta milaka ezaugarrien sinbolo fisikoa. Alboko herrialde hori estali duen ustelkeria oldea gurean ezinezkoa litekeela pentsatzea gustatzen zaigu, ibai horrek iparraldeko lurretara lixiba barreiatuko balu bezala. Euskal herritar bat Suitzan dabilela entzundakoan, trekkingen bat osatzen ari dela imajina dezakegu soilik, eta ustelkeria atzerritik jasotako gaitz arrotza dela pentsatzea gustatzen zaigu. Bakean utziko bagintuzte, bi lagunek bostekoa ematearekin dena konpontzen duen herrialde ezin gardenagoa ginatekeela konbentzituta gaude.

Inguruko erakunde publiko, banku eta enpresek egindako azpijokoak ikusita, ezin eszeptikoagoa naiz ni, eta ez da hori gehien kezkatzen nauena. Euskaltel-Euskadi taldea galbidean izanda ere, Pirinioetako errepideak betetzen jarraitu dugu, elastiko laranja soinean eta txirrindulariei orroaka. Gure koloreko agintariek kale egiten digutenean, berdin-berdin jokatzen dugu. Haiek ondo zaintzea eta autokritika zorrotza egitea da gizarte sano baten bitamina onena, baina arerioekin ziniko izatea askoz dibertigarriagoa da. Baina bizitzan, noizean behin, serio plantak egin beharra dago, zutabe honetan bezala.

Zientziak krisirik ez Lemniskata taldean

Edozein motatako zientziak jorratzeko, zabaltzeko edo, besterik gabe, horiei buruz hitz egiteko "hutsune handia" dagoela iritzita, Lemniskata elkartea sortu zuten, iaz, zenbait goierritarrek. Hogei bat bazkide dira gaur egun, baina, hazten jarraitzeko, irekita dago "zientzia gustuko" duen edonorentzat. "Gure helburua da adieraztea zientziarekin gozatzeko ez dagoela zientzialaria izan beharrik", azaldu du elkarteko kide Jose Luis Etxezarretak.

Eratu ondoren, eta hainbat egitasmo antolatu ostean —CAFen egindako trenen erakusketa eta hilabete iraun zuen hitzaldi sorta bat egin zituzten iaz—, urte osorako egitarau landua aurkeztu dute 2013rako. Lehenbizikoa bihar izango da, Beasainen; matematika eta ilusionismoa uztartuko dituzte Matemagia tailerrean.

Zientziaren inguruan "giroa" sortu nahi dute —"aniztasun osoan" ulertzen dute zientzia—. "Dibulgazioa kontuan hartuta, bai, baina baita interesa duen jendeak leku bat edukitzeko ere, bildu eta elkarrekin hitz egiteko", dio Etxezarretak. Urtebeteko ibilbidean, ikusi dute giro hori sortzen ari dela, jende gutxien joan den ekitaldian ere hirurogei lagun elkartu dituztelako. Saio gehienak Beasaingo Igartza jauregian egin dituzte, baina Lemniskatari Goierriko herriko zientzia sare izaera eman diote; eta ez geografikoki, ez jakintzaz, esparrurik ez dute mugatu nahi, eskualdeaz gaindi ere.

Zientziazaleentzat bi alderditatik izan nahi dute topagune. Batetik, zaletasuna dutenek ezagutza garatzeko bideak irekita; bestetik, zientzialariak ezagutarazita. "Jende guztiak daki hemen Realean zeinek jokatzen duen, baina badirudi eskualdean zientzialaririk ez dagoela, eta hori gezur hutsa da. Gazte asko dauzkagu, eta lekua eman nahi diegu aurkezpenak egiteko, beren lanaren berri emateko, eta gizartean 'hau norbait bada' esateko".

Topikoak hautsi nahian

Zientziarekiko ezjakintasunari erremedioa ipintzeko balio dezake Lemniskata elkartearen jardunak. Iritzi hori du Idoia Goikoetxea Beasaingo biologo eta antropologo fisikoak. "Ez ezagutze hori ez da hemengoekin bakarrik; estatuko zientzia ere ez da asko ezagutzen. Iruditzen zaigu zientzia kanpoko zerbait dela eta zientzialaria jende eroa dela, laborategian sartuta dabilena. Eta ez da horrela".

Elkartearen barruan sail batzuk sortu dituzte, eta denborarekin ugaritu egin nahi dituzte. Aurten garatuko duten egitarauan islatu dituzte sailen jakintza arloak: matematika, ekonomia, berrikuntza, etnologia, arkeologia, soziologia, neurologia, energia iturrien teknologia...

Goierriko enpresen jardueraren berri ere eman nahi dute: "Zientzia eta ikerketa eskualdeko enpresa askotan egiten da. Inork ez daki zer egiten den, eta hori ere gizarteratu nahi dugu. Jakinduria da zientzia, azkenean", esan du Etxezarretak.

Elkarteko kideen iritziz, enpresei bi bidetatik interesa dakieke: gizarteratzeko ematen dien aukerarengatik, batetik; eta ikerketa, garapena eta berrikuntza arlorako jario gehiago lortzeko, bestetik. "Goierriko enpresetan etorkizuna izan nahi badugu, I+G+B-tik etorri beharko da".

Halako sareen bitartez, zientzialari hasiberrientzat edo ikasleentzat bidea lautuko litzateke, Goikoetxearen esanetan. Are gehiago gaur egun, zientziaren esparruan ere aukerak gutxitzen eta mehetzen ari baitira. "Karrera bukatzen duzunean, oso zaila da beka bat lortzea. Gutxi daude, eta, krisia dela eta, murrizketa handienetakoak eremu horretan ari dira egiten. Hemen, zortea dugu: oraingoz, Eusko Jaurlaritzak bekei eutsi die, bai doktoretza aurrekoei, bai ondorengoei".

Gaur egun, zientzialarientzat beste muga bat da lanak argitaratzeko zailtasuna. "Oso zaila da lan bat publikatzea edo jendeari erakustea. Ez daukagu inongo fororik. Kongresuak normalean hemendik kanpo izaten dira. Nik Burgosen egin dut lan guztia [Atapuercako aztarnategian jardun da bost urtean], eta, nahiz eta bertan gauden, oso zaila da hemen gure lana ezagutzea".

Zientzialarien zerrenda

Elkartearen filosofiaren ardatza, jakin-minaz gain, gertukoa zaintzea ere bada. "Gazte jendeari, batik bat, aukera ematen diogu zerbaitetan ari dena guregana hurbiltzeko. Ez du zertan ikerketa soilik izan, haien gaian adituak izan litezke". Horien zerrenda bat osatu nahi dute, Goierrin eta handik kanpo.

"Gu zientziaren hasierara goaz, eta zientziaren hasiera jakin-mina da. Jakin-mina bultzatu eta indartu nahi dugu", aitortu du Etxezarretak. Hasieran beldur ziren gaitzat zientzia duen elkartearen lanak zenbat jende hurbilaraziko zuen. "Baina, gure harrigarri, harrera izugarrizkoa izan da"; bai hitzaldiak ematera musu truk etorri diren adituen aldetik, eta bai entzule edo parte hartzaile modura hurbildu den herritarraren aldetik. Zientzia pintxo-potea egitasmoa ere hasi dute, eta giro "goxoa" izaten du.

Bazkidetza bidez funtzionatzen du Lemniskatak, eta izaera horri eutsi nahi diote, finantzaketa ahalik eta gehien euren iturritik kontrolatuz. Lokal bat behar dute, eta Beasaingo Udalari helarazi diote eskaera. Biltzen ari diren materialaz gain, liburutegia osatzen ari dira hasieratik; "inguruan publikatzen den guztia" jasotzeko, gai askori buruz. Oraingoz, bilerak —hamabostean behin—, Aizkorri mendizale elkartean egiten dituzte, eta blogean jartzen dituzte (www.blogak.com/lemniskata).

Abiaburua jakin-mina baldin badute, sabairik ez diote jarri nahi elkarteari, ezta haren jardunari ere. Elkartzen den jende multzoaren arabera landuko dituzte etorkizunekoak.

Dibulgazioa eta hausnarketa dituzte akuilu. "Pertsona kritikoak eta autokritikoak behar direla esaten da; jendeak hausnartzea eta pentsaraztea bultzatu behar da lehenengo. Presakakoa eta gero eta azalekoagoa den gizarte honetan, geratu, ikusi eta ondorioztatu", dio Etxezarretak.

Baina zientziarekin jolas ere egin nahi dute. "Honen inguruan ere ondo pasatu daiteke. Ez dugu jakinduria sufrimendu gisa ulertzen".

BESTE ZIZTADA BAT ‘BERRIA’-RI

Zure ziztada behar dugu kanpainaren barruan, ekitaldi hunkigarria egin zuten joan den ostiralean, Arrasaten. BERRIA Taldeari babesa eman zioten han bildutako 350 herritarrek eta oholtza gainetik parte hartu zutenek. Dagoeneko, urtea bete da kanpaina a...