Sailkatugabeak

Kazetaritzarena ez da krisia

Kazetaritzaren gainbehera modu gordinean azaleratu zen 2012an, batez ere prentsa idatziari dagokionez: galerak enpresetan, lan baldintza okerragoak, kaleratzeak, paperezko egunkarien desagertzea, erredakzio lokalen gutxitzea eta abar. Kazetaritzari gertatzen zaiona ez da "krisi" bat, gainbehera estrukturala baizik, eta ez dauka lotura zuzenik krisi ekonomiko orokorrarekin. Errua botere politiko edo ekonomiko maltzurrei botatzeko tentazioa izan dezakegu (ikus Zuzeu.com orainkarian abenduaren 27an argitaratutako anonimoa), baina tamalez, kazetaritzaren ajeak nekez esplikatzen dira modu horretan. Kazetaritza eredu bat, prentsa idatziarena batez ere, desagertzen ari da, eta horren arrazoiaren muina negozio ereduaren gainbehera da.

Publizitateari dagokionez, geroz eta diru gutxiago iristen da komunikabideetara. Egunkarietako arduradunek salatzen dutenez, webguneetan sartzen den publizitate euro berri bakoitzeko, hamar euro gutxiago sartzen dira idatzizko bertsioetan. Horrela ez dago segitzerik, egokitzapenik egin ezean. Salmentei dagokienez, agerikoa da berrogei urtetik beherako jendeak ez duela egunkaririk erosten. Gainera, eremu digitalean kultura aldaketa sakon bat gertatu da: ia inork ez du informazioagatik ordaindu nahi. Eta horrek ez du kalitatearekin zerikusirik. Kiosko y Más eta Orbyt Espainiako prentsa digitala saltzeko plataformek emaitza kaskarrak utzi dituzte (nahiz eta informazio gehiegirik ez den ematen). Ikusteko dago Gara, BERRIA eta Noticias taldeko egunkariek urrian sortutako Presst kiosko digitalaren ibilbidea zein izango den. Dena den, oraingoz behintzat, sistema honen bidez paperezko produktuak pantailetan ikusteko moduan eskaintzen dituzte, lengoaia multimediara apenas egokitzapenik egin gabe. Eredu aldaketa baino gehiago, inbertsio berririk gabe produktu berari ahalik eta etekin gehien ateratzeko saio legitimoa dirudi horrek.

Baina egin al daiteke besterik? Batzuen iritziz, tabletarentzat eta mugikorrarentzat propio egindako kalitatezko kazetaritza ei da etorkizuneko bidea. Jendea ordaintzeko prest egongo den produktu digitalak sortzea. Baina aurrekariak ez dira itxaropentsuak. 2011ko otsailean entzutetsua izan zen The Daily tabletentzat propio egindako Estatu Batuetako lehen egunkariaren sorrera. 2012ko abenduan desagertu da proiektua oraindik bi urte ere bete gabe, harpidedun faltagatik, hogeita hamar miloi dolarren galerak utzita.

Jokaleku digitalak baldintza berriak ezarri dizkio prentsari; gizartearen gehiengoak bere bizitzarako informazio kontsumoa doako iturrietatik jasotzen du: goizean eta iluntzean webgune pare baten azalei begirada bat bota, eta gainontzekoan Twitter edo beste sare sozialen bidez azken orduko berriak jaso. Askok eta askok horrekin nahikoa du. Ez da formatu digitalen eskaintza faltak bultzatutako informazio dieta arina, gizartearen gehiengoa asebetetzen duen informatzeko modu berria baizik. Kritika egin diezaiokegu horri, eta prentsa idatziaren gainbeherarekin demokraziari egiten zaion kaltea salatu. Baina ohitu beharko dugu, ez baita behin-behineko egoera, eta enpresek testuinguru horretara moldatu beharko dituzte beren produktuak.

Egokitzapen horretarantz, elkarrekin loturiko bi joera aipatu ohi dira. Enpresen ikuspuntutik, euskarri desberdinen integrazioa. Produktu desberdinak egiteko kapaz diren erredakzio bateratuak sortzea, alegia. Komunikabide handientzako estrategia bezala zuhurra dirudi, baina biziraun al dezakete komunikabide txikiagoek testuinguru horretan? Kazetariaren ikuspuntutik, berriz, espezializazioa eta formatuekiko moldagarritasuna ei dira gakoak. Kalitatezko eduki bera lengoaia desberdinetan eskaintzeko gauza den kazetaria da etorkizunekoa.

Unibertsitateko komunikazio ikasketak ere eredu horrekin diseinatzera jotzen da: bideoa, webguneak, irratia, prentsa idatzia… formatu guztiak menperatzeko gai den kazetaria prestatzea da helburua. Testuinguru honetan, gutxi dira aurreko belaunaldiek kazetari berriei eman diezazkieketen ohiko irakaspenak: kazetaritzaren muinean dauden konpetentziak landu eta egoera berrietara etengabe egokitzeko beharrezko ahalmenak ikasleekin batera zorroztea. Belaunaldi berriak naturaltasunez egokitzen dira aro digitalera eta kazetari onik ez da faltako. Egongo al da, baina, komunikabiderik hor kanpoan?

Sozietate anonimoa da Gureak Taldea, eta etekin guztiak etxean gelditzen dira

Gureak Taldea duela 30 urte sortu zen, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Atzegi erakundearen ekimenez. Enplegu babestuko enpresa taldea da, eta sozietate anonimoa den arren, zenbait berezitasun du. Izan ere, "estatutuek diote dibidendurik ezin dela banatu", taldeko zuzendari Iñigo Oiartzabalek azaldu duenez. Sortzen diren etekin guztiak, beraz, "Gureak barruan gelditzen dira; bazkideek ez dute zentimorik ikusten, dena inbertitzen da enpresa taldean".

Sozietate anonimoaren %32 Atzegirena da, eta %20na dute Kutxa Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Fundosa Grupo SAk (ONCE fundazioarena). Donostiako Udalak zati txiki bat du (%4), eta ehuneko zati txikiago batean "hasierako langileen aportazio batzuk daude".

Auzoko egitasmoa abian jarriko dute Zaldibian eta Aretxabaletan

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira munduan? Eta Aretxabaletan? Eta Zaldibian? Nola esaten da kaixo moldabieraz? Horiek eta beste hainbat galdera irakurri dituzte Zaldibiako eta Aretxabaletako herritarrek azken hilabeteetan, herriko hainbat lekutan jarritako txarteletan. Erantzunak postontzietan sartu eta lehiaketa batean parte hartzera animatu dituzte herritarrak, Zaldibian. Auzoko proiektuaren barnean, lehen pausoa izan da. Laster, Zaldibian eta Aretxabaletan, euskaraz hitz egiten duten auzotarrekin eta euskaratik urrun dauden auzokideekin osatutako taldeak abian jartzekoak baitira. Helburua: jendea euskarara gerturatzen saiatzea, betiere, modu ludiko batean. Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak erakartzeaz gain, etorkinei euskararen berri ematea ere nahi dute. Horrela, inguruan duten hizkuntza eta kultur aberastasunaren berri jasoko dute euskaldunek ere.

2008an jarri zuten abian Auzoko programa Udal Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) eta Topaguneak. Azken urteetan, herrietan hizkuntza aniztasun handia dagoela ikusirik, horien berri izan, eta aldi berean, euskara zabaltzen lagunduko zuen proiektu bat abiarazi zuten. Kanpotik datozenei ere euskarara hurbiltzeko tresnak eta baliabideak eskaini nahi zizkieten. Harrezkero, hainbat herritan taldeak sortu dituzte, eta astero biltzen dira. Donostiako Antigua auzoan, Bergaran eta Orion ezagutzen dute egitasmoa. Baita Agurainen (Araba) eta Berriatuan (Bizkaia) ere. Zaldibian eta Aretxabaletan otsailerako osatu nahi dituzte taldeak.

Auzoko proiektua hiru zutabetan oinarritzen dela azaldu Aitziber Irusta Auzokoren Zaldibiako dinamizatzaileak: aniztasuna, ekitatea eta euskara. "Aniztasuna, egungo errealitatean hizkuntza aniztasun handia dagoelako. Ekitatea, denok aukera berdinak izanda, desberdinak izateko eskubidea dugulako. Azkenik, euskara, euskaraz bizi nahi dugulako". Zaldibian, egun, hamalau hizkuntza hitz egiten dira.

Hizkuntza aniztasuna

"Azken urteetan, Aretxabaletan hizkuntza asko hitz egiten dira: udaletxeko erroldatik atera ditugun datuen arabera, 24. Nola erakar daitezke hizkuntza horietako hiztunak euskarara? hausnarketa egin dugu euskara elkartean", azaldu du Larraitz Arando Aretxabaletako Auzoko egitasmoko dinamizatzaileak. Azkenean, Topagunearen Auzoko proiektua abian jartzea erabaki dute. "Aurrera begirako proiektu estrategiko bat da". Auzotarrak —hau da, herritar euskaldunak— eta auzokideak —herritar ez-euskaldunak— elkartu nahi dituzte, eta harreman sareak sortu. "Euskara zabaltzen lagundu nahi dugu, eta aldi berean, gure inguruko beste komunitate batzuen berri izan nahi dugu: nortzuk diren jakin, haien kultura, errealitatea eta bizitza ezagutu". Harreman sare horietan, euskarak bere lekua izatea da helburua. Betiere, etorkinen jatorrizko hizkuntza kontuan hartuta: "Munduan hizkuntza ugari hitz egiten dira, eta egun, asko desagertzeko zorian daude. Hizkuntzak altxor bat dira", azaldu du Irustak.

Baina Auzoko taldea sortu eta proiektua abian jarri aurretik, informazio kanpaina bat egin dute. "Inguruan daukaten hizkuntza aberastasunaren berri emateko", adierazi du Arandok. Horretarako, hainbat informazio txartel jarri dituzte, eta hainbat galdera egin dizkiete herritarrei.

Kanpaina egin bitartean, taldea osatzeko jendea biltzen ari dira. Euskaraz ez dakitenak proiektuari erantzun ona ematen ari direla dio Arandok: "Parte hartzeko prest daude". Euskaraz bizi direnak ere proiektuan parte hartzera animatu nahi dituzte. Euskaraz hitz egiten ez duten euskal herritarrentzat ere aukera egokia izan daitekeela pentsatzen du Irustak.

Nabarmendu du helburua ez dela euskara irakastea: "Horretarako badaude beste baliabide batzuk". Herritar guztiengan pentsatutako proiektu bat da. "Ni ez naiz irakaslea izango. Hasieran, harremanak bultzatzea izango da nire lana". Horretarako, hiztegi soil batetik abiatuko dira. "Jolasekin eta modu ludikoan lan egingo dugu, eguneroko bizitzarako oinarrizko hiztegia ikasteko: kalean agurtzeko, tabernan eta dendetan euskaraz eskatzeko…". Arandok ere argi du hizkuntzekin jolasteko leku bat izango dela.

Lagun taldean egingo dituzten ekintzez gain, herriko ekitaldietan ere parte hartu nahi dute. Helburu asko lor daitezkeela uste du Irustak: "Kanpotik etorritako jendeak ekintzetan parte hartzeko beste lagun batzuk ere badituztela ikusiko dute; nolabait, integrazioa bultzatuz".

"Esperientzia aberasgarria"

Dagoeneko hiru urte daramate Auzoko egitasmoarekin Bergaran. Aner Arregi da dinamizatzailea: "Hizkuntza egitasmoa izan arren, bizikidetza, elkar ezagutzea eta kanpotarren eta arrazakeriaren inguruko pentsaera aldatzea dira gure helburuak". Orain arte lortutakoarekin gustura dagoen arren, jende gehiagoren parte hartzearekin gehiago egin daitekeela pentsatzen du. "Auzoko ez da etorkinentzat bakarrik. Euskaraz ez dakiten bergararrek ere parte har dezakete, baina horrelako gutxi etorri zaizkigu: urte hauetan pertsona bakarra izan dugu. Euskaraz bizi direnak ere oso gutxi etorri dira taldera, eta pena da. Bertakook egin behar dugu gure hizkuntza eta ohiturak zabaltzeko ahalegina". Taldean ibili diren kanpotarrek herriko jendearekin harreman gehiago egitea lortu dutela dio. "Euskaldunok ere beste kultura eta herriei buruz asko ikasi dugu. Esperientzia aberasgarria da".

Munduko hizkuntzak.

Gaur egun, 6.000 hizkuntzabaino gehiago hitz egiten dira mundu osoan, 206 estatutan banatuta. Horietako asko desagertzeko arriskuan daude; Unescoren arabera, 2100erako munduko hizkuntzen %60 eta %80 artean desagertu egingo dira.

“Australiarren erantzun arruntena ‘lasai, arazorik ez’ izaten da”

Zuria Larramendi San Sebastian (Tolosa, 1975) Australian bizi da gaur egun, Sidneyn, Euskal Herriaren antipodetan, hemendik punturik urrutikoenean, hain zuzen ere. Bederatzi urte daramatza han. Aurretik beste sei urte Londresen pasatu zituen, ikasten eta lanean. Kimika analitiko ikasketak Donostian hasi zituen, eta, ondoren, Londresera joan zen karrera bukatzera. Han ezagutu zuen gaur egun bere senarra dena; australiarra da jaiotzez, baina familia greziarreko semea. Euskalduna izan eta ikasketak euskaraz egin zituen arren, gaur egun euskara oso gutxi erabiltzen duela dio, erabat ingelesez bizi delako; baina txukun erantzun ditu posta elektronikoz egindako galderak.

"Londresen kimika ikasten ari nintzen bitartean, denda batean aritu nintzen lanean. Eta ikasketak bukatu ondoren dendan eta banketxe batean ere aritu nintzen, Australiara etortzeko bisa prestatzen ari ginen bitartean", adierazi du tolosarrak.

Gaur egun, Sidneyko abokatu bulego batean ari da lanean, astean hiru egunez, bikotekidearekin duen 4 urteko alabarekin gehiago egon ahal izateko. "Auzitegiko kimikari moduan lan egiteko asmoa nuen hasiera batean, baina arlo horretan ezin izan nuen lanik aurkitu Australiara etorri nintzenean. Beste gauza batzuetan aritu eta gero, abokatu bulegoko lana eskaini zidaten, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Horretan ari naiz orain", dio.

Alabaren zaintzak eta lanak uzten dioten denbora libre gutxian hondartzara joatea edo etxean familiarekin gelditzea gustatzen zaio tolosarrari. "Etxean bi logela hutsik ditugu, eta alokatu egiten ditugu, ingelesa edo beste zerbait ikastera datozenei. Agentzia bidez jartzen gara harremanetan, eta familiako beste bat balira bezala bizi dira gurekin. Gainera, behar duten gauza guztietan (trenak, telefonoak, banku kontuak ireki…) laguntzen diegu ikasle horiei. Gehienak hiruzpalau astetan gelditzen dira, eta gero bertako lagunak egin eta haien etxeetara joaten dira bizitzera", adierazi du Larramendik.

Australiako kultur aniztasunak harritu zuen gehien Larramendi: "Edozein janari mota aurki dezakezu Sidneyn, mundu guztiko janaria dago". Australiarrak, berriz, "oso irekiak" direla dio, beti laguntzeko prest daudenak; "no worries" (lasai, arazorik ez) omen da "erantzun arruntena" haien artean, eta estresik ez omen dute, oso lasai bizi ei dira. Bestalde, oso bizimodu aktiboa omen dute: hondartzara joan, igeri egin, surf… Larramendiren esanetan, beti etxetik kanpora daude australiarrak.

Aborigenak hizpide

Aborigenen egoeraz zera adierazi du tolosarrak: "Sydneyn ez dugu aborigen asko ikusten, ez eta gaiari buruz asko entzuten ere. Gehienak Australiako iparraldean bizi dira. Horietako batzuek ez dute interes handirik gure bizimodua jarraitzeko, eta nahiko gustura daude euren modura bizitzen, nomadak bezala. Beste batzuek gure bizimodua nahiago dute, baina aldatzea kostatzen zaie. Laguntzak jasotzen dituzte Australiako Gobernutik, baina horietako askok edaten edo antzekoetan gastatzen dute dirua, eta alkoholismoa arazo nabarmena dela dirudi. Orain dela 60 urte edo, ume aborigenak gurasoengandik banandu eta familia zurietan edo barnetegietan sartzen zituzten, bizimodu hobea izango zutelakoan. Orain dela lauzpabost urte Australiako Gobernuak barkamena eskatu zuen, baina ez nago ziur aborigenen egoera asko aldatu den".

Bertan bizi diren euskaldunekin harreman handirik ez duela dio tolosarrak: "Australiara iritsi eta hurrengo egunean Sidneyko Euskal Etxera joan nintzen. Han zegoen jendea oso jatorra da, baina ez dira askotan biltzen, gehienbat igandeetan bazkaltzeko edo. Eta ia dena gazteleraz hitz egiten zutela zirudien. Han zeuden asko nafarrak zirela uste dut, eta gehienek ez zekiten euskaraz".

Euskal Herrira eta Tolosaldera maiz etortzen dira Larramendi eta haren familia; alaba, lau urte eta erdian, bost aldiz etorri da. "Bueltatzen naizenean, hasieran, pixka bat arraro hitz egiten dut euskaraz, eta ingelesezko hitzak ere erabiltzen ditut noizbehinka; oso dibertigarria da".

Alabarekin gehienbat gazteleraz eta ingelesez hitz egiten du. Euskaraz hitz gutxi ikasi omen ditu haur txikiak: agur, ondo lo egin... "Pena ematen dit, baina gaztelera euskara baino erabilgarriagoa izango da Australian", dio Larramendik. Gainera, Australian bizitzen jarraitzeko asmoa dute.

“Euskaraz jakitea garrantzitsua da”

Santa Ageda bezperan kantari ateratzeko entseguak egiten eta koplak ikasten ari dira Bergarako Auzoko taldean. Makilak hartuta, Bergarako kaleetan kantari ateratzeko asmoa dute. Horien artean egongo dira Jibril Sarr senegaldarra eta Faisal Abass pakis...

Txapela buruan, ibili munduan

Beldur nintzen: tokia ez nuen oso gustukoa, eta nekagarria iruditzen zitzaidan; baina lau hilabeteren ostean esan dezaket nahiko goxo zaindu nauela Madrilek. Konturatu naiz arrotza suertatzen zitzaidan munstro horren barrenak zertxobait ezagutzeko aukera izan dudala eta horrek beldurra galtzera eraman nauela ezinbestean. Amaitu dira Bellas Artes antzokiko emanaldiak, eta hasi gara biraka; Espainiako hainbat antzoki ezagutuko ditugu orain, Valentzia batean, Almeria bestean, Zaragoza hurrena, Granada gero… Aspertzeko denborarik gabe, atseden hartzeko ganorarik gabe.

Duela urte batzuk ez bezala, gaur, Madrilen inguruan balorazio bat eskatzen didanari, alde positibo gehiago eskainiko dizkiot kontrakoak baino. Gustatu ez zaizkidan aldeak baditu, noski, toki guztiek bezalaxe: jendeak egunerokotasunean duen presa alferrikakoa, metro deritzoten lur azpiko beste bizitza hori, kotxe-jendetza-zarata eromena, bertako aireak duen hezetasun maila eskasa (txikikeria bat badirudi ere, Euskal Herrira ohitutako nire azala segituan konturatu da aldaketa horretaz)… Eta zer gustatu zaidan? Tamaina horretako hiri baten handitasuna, edozertarako aukerak zabalik izatea, egunero antzoki berean lan egitearen erosotasuna eta jende maitagarria ezagutzeko aukera.

Baina bada bat beste pertsona guztien artetik gailendu dena, eta haren istorioa zuei kontatzeak berebiziko poza ematen dit. Javi izena du, 25 urte ditu eta Bellas Artes antzokiko leihatilan lan egiten du sarrerak saltzen. Iritsi ginen egunean "kaixo, arratsalde on", esan zidan; eta nik neure artean: "Euskaldun bat hemen? Nongoa ote da?". Galdezka joan nintzaionean aho zabalik gelditu nintzen. Madrilgoa da, baita haren gurasoak ere, eta baita aitona-amonak ere. Sei urte bete zituenean amonak aurrezki kontu bat ireki zion Kutxan, eta oparitan Euskara-castellano hiztegi txiki bat oparitu zioten. Esku artean izan du harrezkero, eta hantxe dauka oraindik ere. Beti eramaten ditu berekin bi hiztegi, bat leihatilako apalean eta txikia poltsikoan; eta egunero ikasten du hitz berriren bat. Hark ere ez daki euskaragatik sentitzen duen grina hori nola azaldu, nondik datorkion. Haurtzaroan jasotako opari horrek liluratu zuen nonbait: "Ez dakit zergatik, ez dakit nola arrazoitu", esan zidan. "Hori ez da arrazoitzen, sentitu baizik", pentsatu nuen.

Euskal selekzioko kamiseta soinean zuela ikusi nuen egunean, barrez esan nion baserritar txapela bakarrik falta zitzaiola. Bazuela erantzun zidan, eta nik —euskaldun on batek bezala— apustu egin nion, hurrengo egunean soinean ekartzen bazuen sagardotegi afari bat zor niola. Apustua galdu dut; sagardotegi afari bat zor diot madrileño txapeldun bati! Eta ondo merezitako afaria, gainera, txapelak ikurrinaren bordatua eta guzti zeraman eta. Haren ametsa emakume euskaldun bat ezagutu eta "aita" deituko dioten hiru alaba izatea omen da. "Nik sagardotegiko afaria ordainduko dizut, hiru alabak beste norbaiti eskatu", esan diodanean lehertzeraino barre egin dugu, eta sano-sano bizkarrean kolpea eman dit —plazta!—. Francisco Javier, Javi, Patxi, Xabi… izena da gutxienekoa, euskalduna da; euskara daramalako bihotzean, ahoan, buruan, iraganean, orainean, etorkizuneko ametsetan, poltsikoan eta leihatilako apalean. Javi, kostako zaizu hau dena itzuli eta ulertzea, baina badakit txukun asko egingo duzula. Afari bat zor dizut, eta hitz berri bat ikasiko duzu: "Txotx!".

Bihotzez, Madrilgo euskaldunari.

KAORI ITO, LAU EMAKUME BAKAR BATEAN

Kaori Ito dantzariak Solos ikuskizuna eskainiko du datorren ostegunean eta ostiralean Viktoria Eugenia antzokian. Dantzari eta koreografo japoniarrak lau emakumezkoren rolak jokatuko ditu oholtza gainean; bakoitzari musika bat dagokio, eta, horren bit...

“Pasaia munduan jartzeko garaia dela esan du Paco Rabannek”

"Oso gizon atsegina da". Modaren mundu arranditsuarekin lotzen dute Paco Rabanne moda diseinatzaile ezaguna, baina gertuko tratuan aski abegikorra dela ikusi du Iñaki Aristik (Errenteria, 1959). Hendaian (Lapurdi) orain dela gutxi bilera bat egin dute Herrera Herrira herri batzordeko kideek eta Pasaiako Udaleko ordezkariek diseinatzailearekin. Kaiko Herrerako eremurako —135.000 metro koadro inguru dira, garai batean Pasaiako Portuarekin lotutako jardunbidera atxikiak eta egun bazter utziak— herritarren iritziak eta nahiak bilduta landu duten egitasmoa aurkeztu zioten, eta bertan Rabanne Espazioa eraiki nahi luketela oroitarazi zioten, modarekin lotutako industria eta ikerketara bideratutako esparru bat. Atxikimendu irmoa azaldu die Rabannek, egundaino ez baitu ahaztu sorlekua: Trintxerpen jaio zen, 1934an, otsailak 18 zituela.

Kaiko Herrerako lurrak Pasaiako Udalaren esku uzteko eskatzen duzue. Noren esku daude egun?

Lur publikoak dira, portuko jardunbidera bideratuak. Gaur egun, portuak ez ditu lehengo neurriak behar, portuko jarduna asko urritu baita. Gure aldarrikapen nagusia da lur horiek dohainik Pasaiako Udalaren esku geratzea eta bertan eremu horretarako herriko biztanleek egindako proposamena garatzea; 2009an ekin zitzaion partaidetza ekimen baten emaitza da, eta 155 lagun inguruk parte hartu zuten bertan. Ondoren, 6.000 lagunek baino gehiagok eman dute beren izenpea egitasmo horren alde.

Zein dira plangintza horren xedeak?

Gure eskualdean, batez ere, eremu libreak behar dira; arnasa hartzeko lekuak behar ditugu, eta aparkatzeko arazoei ere aurre egin behar diegu: 2.000 aparkaleku inguru egitea proposatu dugu. Kulturara eta kirolera bideratutako azpiegiturak daude plangintzan, baita jardunbide ekonomikoa sustatzeko asmoz egindakoak ere. Jakina. Ekonomian eremu berriak bilatu behar dira.

Testuinguru horretan, plan horren barruan, Rabanne Espazioa legoke...

Ziriza etxearekin batera, zeina kultur arloko jardueretara bideratu nahiko genukeen, egitasmoaren ikonoetako bat litzateke. Ez litzateke Balentziagaren estiloko museo bat; Rabanneren figura aurkezteaz gain, heziketara, ikerketara eta industria trakziora bideratutako eremu bat litzateke, horrek herrian mugimendua eragiteko. Ildo horretan, espazio horren ondoan hotel bat egitea ere proposatzen dugu; Pasaian, tamalez, egun ez dago pentsio egokirik ere hona datozen bisitariei harrera egiteko. Eta horien ondoan Euskal Herriko Itsas Museoa ere egin nahi genuke bisitariak erakartzeko. Gero, horiez gain, itsasora bideratutako ikerketa eta garapeneko industria ere hona ekartzea litzateke helburua. Egun, Azti hemen dago, eta eraikin handiago batean jartzea nahi genuke, eta kirol eta aisialdi jardueratarako ere hainbat espazio bideratzea.

Paco Rabanneri eskainitako espazioa aspalditik datorren egitasmoa da. Orain dela ia hamar urte ere Pasaian izan zen proiektu horri sostengua ematen. Zer dio orain?

Udalaren ekimenez jo dugu orain Rabannerengana, egitasmoaren alde egiten jarraitu nahi dugula oroitarazteko. Oso abegikor hartu gaitu, oso gustura; egitasmoa aurkeztu diogu, azter dezan. Izugarri gustatu zaio plangintza herritarren partaidetzaren emaitza izatea, eta bere atxikimendu osoa azaldu du, bere izena eta ospea proiektuaren alde emateko borondate erabatekoa. Pasaia munduan jartzeko garaia dela esan du Rabannek.

Zer lotura klase du Pasaiarekin?

Gerra garaian, 3 urteko mutikotxo bat zela alde egin behar izan zuen Pasaiatik, baina amaren eta amonaren bidez ezagutu zuen Trintxerpe; horiek asko hitz egiten zioten Pasaiari buruz, eta, nolabait ere, herri honen alde zerbait egiteko gogo agerikoa du.

Pasaiako biziberritzeari buruz asko hitz egin da, kaiko Herrerako lurren erabilerari buruz ere bai, baina ez da ia deus ere egin orain arte. Berriz piztu duzue zuzia. Herritarrak baikorrak zarete oraingo honetan?

Zalantzarik ez dugu, asko borrokatu beharko dugu, baina argi dugu lortuko dugula. Bada instituzioek eskualde honen alde egiteko garaia. Kanpoko kaiaren xantaia jasan behar izan dugu urte hauetan, baina bada garaia hori gainditu, albora utzi, eta eskualde honetako herritarrek eskatzen dutena aintzat hartzeko.

Bikilaren oinordeko, ezustean

Mamo Wolde etiopiarra (Jirgalem, 1932-Addis Abeba, 2002) izan zen Mugerza Memorialean parte hartu zuen lehen atleta afrikarra, 1963an; eta, ordutik, kontinente beltzetik heldutako korrikalarien garaipen sorta luzearen iragarle izan zen. Lautan irabazi...