Sailkatugabeak

Bertako eta bertarako bitxigintza

Eskulangintzaren alorra ere krisiaren biktima izaten ari da, eta hura ogibide duten autore askok zuzenean jasaten dute krisi horren eragina. Sortze prozesuan, ordea, krisiak ez du lortu eskuak langintzarako erabiltzen dituztenen animoa gutxitzea. Milimetrotan proiektuko kideen helburua, adibidez, bitxigintzaren alorra Gipuzkoan zabaltzea da, eta, zailtasunak zailtasun, bertan egindakoa bertakoei erakusteko lan egitea erabaki dute. Usurbilgo Agara Agirrek, Legorretako Maider Zunzunegik, Legazpiko Maider Mendinuetak eta Durangoko (Bizkaia) Eider Arrillagak osatzen dute Milimetrotan.

Agirrek eta Zunzunegik sortu zuten proiektua, 2010ean, Easo Politeknikoan bitxigintza ikasketak amaitu ondoren; gerora batu zitzaizkien Mendinueta eta Arrillaga ikaskideak. Sorreratik bitxigintza ogibide izateko lan egin dute laurek, eta pixkana joan dira Milimetrotan zer den eta zer izango den zehazten. Gaur egun, kide bakoitzak bere bildumak egiten ditu, material eta langintza ezberdinak uztartuta, baina etorkizunean lau neskek elkarrekin egindako bitxiak sortu nahi dituzte.

Mendiunetak harriarekin lan egitea atsegin du, eta horiek metalekin fusionatzeaz gain, beste material batzuk ere erabiltzen ditu bitxiak egiteko. Botoiak eta oihalak kasu. Agirrek azkenaldian birziklapena landu du, "tresna arruntak bitxi bihurtuz". Arrillagak dio bera "minimalista" dela eta "pieza handiak baina sinpleak" gustatzen zaizkio. Harriak erabiltzen ditu batez ere bere bildumak egiteko. Zunzunegik oreka bilatu nahi du bere lanekin, "piezen eta harrien artean osotasuna lortzeko". Horretarako, zilarra eta sua erabiltzen ditu, eta "metodo berritzaileak aurkitzeko asmoz, mineral landugabeekin esperimentatzen" aritu da azken hilabeteetan.

Legorretako pirita

Sortze prozesu horretan murgilduta daude une honetan laurak, eta material berriekin lanean ere bai. Euskal Herriko natur baliabideak erabiliz sortu nahi dituzte pieza berriak, "baina ez da erraza". Oraingoz, Legorretako pirita eta Mutiloako blenda harriak erabili dituzte. Denbora tarte honetan aurkitu dutena izan dela azaldu du Mendinuetak.

Erosleei "zerbait berritzailea eskaintzeko asmoz", urri inguruan hasi zen Zunzunegi Euskal Herriko eta beste hainbat lurraldetako mineral landugabeekin esperimentatzen: "Legorretako pirita, Bermeoko epidota, Karrantzako galena... Baina aurrez inoiz ikusi gabea nintzen Legorretako pirita bitxi bat, eta harekin buru-belarri aritu naiz lanean". Material horiez gain, zilarra, rubiak, dioptasa —Kongoko esmeralda—, olibinoa, azurita eta blenda ere erabili dituzte, adibidez.

Eskualdez eskualde autore bitxigintza bultzatzea eta zabaltzea ere bada Milimetroan proiektuaren helburua. Halako bitxigintza inguru hauetan ez dela oso ezaguna azaldu dute, eta "bitxigintza kalera arte moduan ateratzea" gustatuko litzaieke, "Europako hainbat herrialdetan egiten duten bezala".

Horretarako, baina, bide luzea dute oraindik, Agirreren ustez "autore bitxigintzak ez duelako behar bezalako lekurik" gizarte honetan. Horregatik, elkartzea beste biderik ez dute, eta elkarrekin erakusketak, ikastaroak, mintegiak eta beste antolatzea proposatzen dute. "Bitxigintzan ez dago lanik zeuk sortutakoa ez bada, eta horregatik eman genuen guk ere elkatzeko pausoa", gaineratu du Agirrek. Egoera hori aldatzeko eta krisiari aurre egiteko, egoera berrietara moldatzea beste aukerarik ez dutela argi dute, baina baita bitxigintza "sektore indartsua" dela ere; eta mundu honetan aurrera egin nahi duenari laguntzeko prest daude. "Hemen inguruan ez baitago ikasleak hartuko dituen tailer askorik", zehaztu du Arrillagak: "Orain arte, praktikak atzerrian egitea zen ikasteko aukerarik onena".

Hala, euren proiektuaren bidez praktikak egiteko aukera eskaini nahi dute. "Gaur egungo egoera ekonomikoarekin, bitartekaririk gabe, bertakoek sortutakoa, bertakoentzako eta bertako produktuekin sortzea ezinbestekoa da". Bide horretan, "gaur egungo gizartean emakumeen egoera kontuan hartu eta parekidetasunari begirako apustua" egingo dutela gaineratu dute.

Milimetroak laukotearen iraganean bada bide horretan egindako pausorik, Tolosako Emakume Artisten Taldeko kide baitira. Merkatuari dagokionez, berriz, Gabonetan agertu dira lehen aldiz jendaurrean. "Donostiako Gabonetako artisau azoka erakusleiho egokia iruditu zitzaigun lehen saltoa emateko", azaldu du Mendinuetak.

@sarean

stopdesahucios@plazan.net.Hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituztenak helbide horretan jar daitezke harremanetan Kaleratzeak Stop plataformakoekin. Donostiakoaz gain, hainbat eskualdetan taldeak sortzen ari dira: Bidasoan, Deba Garaian, Goierrin eta Lasarten badaude; laster, Andoainen sortuko dute.

Legea aldatzeko eskatuko dute Espainiako Kongresuan

Desjabetzeak geldiarazteko eta orain arteko hipoteken legea aldatzeko proposamena Espainiako Kongresura eraman nahi du Kaleratzeak Stop plataformak. Horretarako 500.000 sinadura behar dituzten arren, dagoeneko 700.000 baino gehiago lortu dituzte.Etxeb...

La Oreja de Van Gogh, txotx garaiaren hasieran

SAGARDOA. Urtarrilaren 16an egingo dute sagardo garaia hasteko ekitaldia, Astigarragan. La Oreja de Van Gogh taldeko musikariek irekiko dute txotx garaiko lehen kupela, Petritegi sagardotegian. Aurretik, 2012ko uztari buruzko informazioa emango dute e...

“Etxea kentzen badidate, ez daukat nora joan”

Mariela Herrera (Machala, Ecuador, 1970) Ordiziako bere etxean bizi da 17 urteko semearekin eta Antonio Valle Alvarez lagunarekin. Lanik gabe geratu, eta maileguari aurre egin ezinik geratu zen duela pare bat urte. Otsailaren 8rako etxea uzteko agindu...

“AHTak lotuko du Gipuzkoa Europako trenbide sarearekin”

"AHT abiadura handiko trenak Europako trenbide sarearekin lotuko du Gipuzkoa; zabalera bera izango dugu azkenean". Hala azaldu du Juanjo Olaizolak trenbidea gurera iritsi zenetik egon diren arazoetako bati buruz hitz egitean. "Batzuek esaten dute AHTa Hendaiara iritsiko dela eta frantziarrek ez dutela lotura egingo. Tira, makalago joan beharko du, baina zabalera bera izango duenez, joan ahalko gara Bilbotik, Donostiatik edo Gasteiztik zuzen-zuzen Bordelera, Parisera edo edonora. Behintzat zabalera bera izango dugu denok".

Topoa inauguratu zen garaian, 1912an, egon zen Europako trenbideen zabalera hartzeko aukera bat —1,435 metrokoa, alegia, eta ez metro batekoa—. Dirua sartu zen tartean, ordea: "Sustatzaile batzuek nazioarteko neurriko trenbideak egin nahi zituzten; horietako bat, Madrildik Bilbora eta Bilbotik Hendaiara. Diru faltagatik, ez zuten egin, baina harremanetan jarri ziren topoaren enpresarekin. Topoko lanak hasten ari ziren, eta sustatzaileek adierazi zieten topoaren bidea aprobetxatu nahi zutela trenbide zabalak egiteko aukera zutenean. Hortaz, badaezpada, topokoek tunel guztiak Europako trenaren neurriarekin egin zituzten, asmo haiek gauzatzen zirenerako hori behintzat oztopo izan ez zedin". Inoiz ez zen iritsi dirurik trenbidea zabaltzeko, eta 1970eko hamarkadako eraberritze lanek aukera hori are gehiago zaildu zuten: "Topoaren ibilbideko tunelak konpontzen hasi zirenean, bobedak konpondu partez bobeda berriak egin zituzten zaharren kanpoaldean, tokia zegoelako. Orain ez litzateke Europako neurriko trenik kabituko tunel horietan".

2.276

Abenduan izandako odol emateak. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak jakinarazi duenez, iazko abenduan marka guztiak hautsi ziren odol emateei dagokienez: 2.276 izan ziren. Gabonetan odol isuraldatze beharra handitu egiten omen da.

Topoa, ehun urte gazi-gozo

Mendea bete du topoak, hots, Donostia eta Hendaia arteko bide estuko trenbide sareak. 1912ko abenduaren 5ean, Donostia eta Irun arteko ibilbidea aurrenekoz egin zuenetik, makina bat aldaketa izan du. Hiru gerrak eta muga batek sor ditzaketen ehunka istorioren eta kontrabandoren lekuko izan da; aurrerapausoak eta atzerapausoak eman ditu; eta, gaur egun, ibilbidea luzatu, eta metro itxura hartzeko bidean da. Ehun urteko historia hori liburu batean jaso du Juanjo Olaizola aditu eta historialariak: El 'Topo' 1912-2012. Primer centenario de un pequeño ferrocarril internacional.

1912. urtea zen. Donostiak bazuen tren bat, Renfekoa, eta bazituen autobus zerbitzuak. Beraz, zergatik jarri zuten topoa? Olaizolaren ustez, hori da egin beharreko lehen galdera. "Proiektuaren lehen asmoa ez zen hainbeste Donostia Irunekin eta Hendaiarekin lotzea, baizik eta Donostia-Bilbo-Santander-Oviedo artean zegoen bide estuko trenbide sarea Europarekin lotzea. Ordura arte, bidaiariak Donostiara iristen ziren, eta Irunera jarraitzeko, Renferen Norteko estaziora joan behar zuten. Hogei kilometro egiteko, estazio aldaketa hori egin behar zuten, gero Hendaian berriz aldatzeko".

Historialariaren ustez, topoak lehia ekarri zuen. "Norteko Trena bakarrik zegoen, eta, beraz, nahi zuen zerbitzua ematen zuen. Topoak konpetentzia ekarri zien hari eta tranbiari. Donostiarrek, pasaiarrek, errenteriarrek, irundarrek... garraio merkeagoa eta maiztasun handiagokoa lortu zuten topoari esker. Donostia eta Irun artean, egun osoan 6-7 tren zeuden ordu arte; bat-batean, 30 minututik behin jarri zuten zerbitzu bera. Ia-ia egun bezala".

Mugaz gaindi

Donostiarrak uste du Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga zeharkatzea ere "erraztu" egin zuela, "zerbitzu gehiago zegoelako, baina ez errazagoa zelako tramiteei dagokienez". Izan ere, garai haietan, eta ia gaur egun arte, mugaren kontua oso gauza serioa izan da estatuentzat: "Irun eta Hendaia arteko Nazioarteko Zubiraino iritsitakoan, Espainiako partean jaitsi egin behar zen trenetik, eta aduanako inspekzioa pasatu, Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin. Berriz igo topora, iritsi Hendaiara, eta Jendarmeriaren eta Frantziako aduanaren inspekzioak pasatu behar ziren, berriz".

Topoaren historian, gerrek beren tokia izan dute. Lehen Mundu Gerrak, Bigarren Mundu Gerrak eta 1936ko gerrak eragina izan zuten zerbitzuaren funtzionamenduan. Hain zuzen ere, hamabi urtez geldituta egon zen Irun eta Hendaia arteko zerbitzua. "Lehen Mundu Gerrarekin, frantziarrak hasi ziren mozten zerbitzua, beti zelatan zeudelako ea espioirik zetorren, desertoreek ihes egiten ote zuten trenean, edo kapital ihesik zegoen... Ez dago dokumentatuta, baina batzuek kontatzen dutenez, Mata Hari espioia Donostiara iritsi zenean, topoz egin zuen bidaia. 1936ko gerran, Errepublika erori zenean Gipuzkoan, frantsesek berehala moztu zuten topoaren zerbitzua. Gero, gainera, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen, eta itxita jarraitu zuen. Renfeko linea, berriz, ibili zen: denok dakigu Franco Hitlerrekin bildu zela Hendaiako tren geltokian. 1936an, itxi, eta 1948ko martxora arte ez zuten ireki Irun eta Hendaia arteko topo zatia, indar aliatuen nazioarteko blokeoa egon baitzen Francoren faxismoaren kontra".

Gerrek eta mugak eurekin ekarri zuten kontrabandoaren itzala ere: "Jendea aduanan jaisten zen, baina beti utz zenezakeen paketetxo bat ezkutatuta bagoian, eta makinisten kasuan, zer esanik ez! Tren kabinan gordetzen zuten materiala. Denetarik pasatzen zuten mugaren alde batetik bestera: gerra pasatu berritan, esaterako, hemen nylonezko galtzerdiak erabiltzen zituzten kontrabandoan. Eta ez bakarrik topoaren bitartez. Nik ezagutu nuen Renfeko makinista bat, Grundig etxeko materiala pasatzen zuena: telebistak, disko-jogailuak... Irunen Mr. Grundig esaten zioten gizon hari. Alde horretatik, asko egon da. Azken batean, ibilbide laburreko trena izateaz gain, nazioartekoa ere bazen. Oso txikia, baina nazioartekoa".

Lehen egunean, zazpi hildako

Anekdota ilun-ilunik ere badu topoak. Nagusia, 1913ko uztailaren 13an gertatu zena. Egun horretan inauguratu zuten Irun eta Hendaia arteko zatia, eta bi trenek elkar jo, eta zazpi bidaiari hil eta hogeitik gora larri zauritu ziren. "1 eta 3 zenbakidun motorrek jo zuten elkar, hortxe tragediaren barruko bitxikeria: 1913ko uztailaren 13an, 1 eta 3 motorrak", azaldu du Olaizolak. Irungo estazio ondoan gertatutako ezbeharrak, nolabait esatearren, bere alde ona ere izan zuen: "Irundarrek oso jarrera ona izan zuten istripuaren inguruan, eta Espainiako erregea, horrekin harrituta, herriari oso humanitario titulua eman zion, eta Irungo ezkutuan hala jartzen du. Ordura arte, Irun herria zen, eta urtebete pasatutakoan, erregeak hiri titulua ere eman zion. Beraz, irundarrek horrela irabazi zituzten bi titulu horiek".

Geltoki aldaketa

Urteen joan-etorrian, hainbat aldaketa ikusi dituzte herritarrek topoan: hasierako trenak modernizatzen, esaterako, edo ibilbideak luzatzen eta ibilbide berriak sortzen, betiere hiriburuaren bueltan. Donostia barruko ibilbide aldaketak ere izan ditu topoak, ordea. Izan ere, "1954. urtera arte, topoaren estazioa ez zegoen Amaran, Gipuzkoa plazan baizik". Liburuaren egileak gogorarazi du topoa hiriaren erdi-erditik ibiltzen zela, "tranbia baten moduan", eta gaineratu du aldaketa debeku baten ondorioa izan zela: "Askoz erosoagoa zen jendearentzat. Artzain Onaren inguruan jaits zintezkeen, Gipuzkoa plazan edo inguruan... Baserritarrek ere beren produktuak erdiguneraino trenez eramaten zituzten, azokan saltzeko. Udalak gorroto zituen tranbiak, ordea, eta, halako batean, debekatu egin zuen topoa Gipuzkoa plazaraino iristea".

Donostialdeko Metroaren proiektua martxan da, eta "asmoa berriz ere topoa erdigunera gerturatzea da". Baina Olaizolarentzat metroa ez da horretarako aukerarik onena: "Orain dela ehun urte trenak Donostiako kaleetara sartzea posible bazen, nik uste dut, beharbada, gaur ere posible izango dela. Ibilbidea askoz hobea izango litzateke, eta azpiegitura egitea askoz merkeagoa".

Zero zakar

Tokatu zaigun sistema honen oinarrian dago zaborra etengabe sortu, saldu/erosi eta botatzea. Zaborra sortu, bai, baina zaborra ez da soilik produktua biltzen duen plastikoa; produktua bera berritatik baita jadanik zabor. Onar dezagun behingoz; ekoizte...