Sailkatugabeak

EUSKAL SELEKZIOA ETA OFIZIALTASUNA

Euskal selekzioaren urteroko futbol partida Eguberri egunetako ekinaldi bilakatu da, eta futbol partidak Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna eskatzeko parada ezin hobea ematen du. Iragan larunbatean, partida erraz —errazegi, agian— irabazi zuen euskal selekzioak, 6-1 gailendu baitzitzaion Boliviakoari. Ofizialtasunaren aldeko partida, ordea, jokatzen jarraitu beharko da. ESAITek Euskal Herriak garai berriak dituela adierazi zuen partidaren aurretik egindako ekitaldi nazionalean, eta "urrats praktikoak" egitera deitu zituen herritarrak.

Euskal folklorearen transmisioan

Duela 25 urte, sanjoanetako haurren euskal jaian parte hartzeko deia egin zieten Andoaingo ikastetxeetako dantza taldeei. Ekitaldi hura izan zen Urki dantza taldearen sorburua. Orduan pentsatu zuten herrian dantza talde bat sortzea. Haurren euskal jaialdiak bezalaxe, 25 urte beteko ditu aurten dantza taldeak. Euskal kulturaren eta folklorearen parte diren dantzak erakusten eta belaunaldi berriei transmititzen jardun dira urteotan guztietan, Euskal Herriko beste hainbat dantza talde bezala.

"Herriko ikastetxeek, udalak eta gurasoek bultzatuta sortu zen", gogorarazi du Begoña Igartuak: 25 urte daramatza Igartuak Urkin dantza irakasten. Aurretik, Lasarteko Erketz taldeko dantzaria izan zen, eta eskoletan ere aritzen da dantza irakasle. "Oso bitxia da taldean parte hartu zuten lehen dantzari haien seme-alabek parte hartzea orain. Nire lanaz gain, nire bizitzaren parte handi bat bilakatu da".

Haurren dantza taldeaz gain, helduena ere sortu zuten duela bost-sei urte inguru. "Poloniara egindako bidaia bat izan zen horretarako giltzarria", azaldu du Izaskun Berazak, Urkiko dantzariak. Umetan hazi zen Beraza Urkin, eta egun helduen taldean dago. "Nazioarteko folklore jaialdi batean parte hartu genuen Polonian, 17 urte ingurukoekin; gaztetxoentzat oso esperientzia aberasgarria eta garrantzitsua izan zen", adierazi du Igartuak. Esperientzia hark mugarria jarri zuen. "Konturatu ginen folklorea eskolaz kanpoko umeen jarduera bat baino zerbait gehiago dela". Handik itzultzean, argi zuten gazteek dantzan jarraitu nahi zutela. Izan ere, ordura arte, 17 urtetik gora ez zuten jarraitzen.

Taldearen helburuak ez dira asko aldatu 25 urteotan. "Euskal dantzak, haien forma tradizionalean, guk jaso ditugun bezala transmititu nahi dizkiegu belaunaldi berriei", azaldu du dantza irakasleak. Sorreran parte hartu zutenak oraindik taldean dabiltza. Dantzatzea "zerbait interesgarria" dela ikusarazi nahi diote jendeari. "Ez da bakarrik dantza ikastera joatea; umeek bizi dezatela dantza beren bizitzako beste parte bat bezala. Beste herrietako dantzari egunetara ere joaten dira, eta beste dantzariekin harremanak egiten dituzte", gaineratu du Berazak.

Pertsona gisa "indartzen"

Euskal dantzak irakastearekin batera, dantza horiei buruzko istorioak ere kontatzen dizkiete: nongoak diren, noiz dantzatzen ziren... "Horrez gain, agertoki gainean agertzen, independentea izaten, eta emozioak kontrolatzen ikasten dute; artista izaten ikasten da", adierazi du Igartuak. Etorkizunerako "oso baliagarria" dela pentsatzen du. "Dantza egiteaz gain, pertsona gisa indartzen laguntzen du".

Herrian parte hartzeko aukera eman dio Urkik Berazari. "Pertsona parte hartzaileak egiteko modu bat ere bada. Dantzari gisa, herriko hainbat ekitalditan parte hartzen dut, eta beste parte hartze mota batzuk ere baloratzen dira. Herriagatik gara, eta herriarentzako egiten dugu lana". Horren adibide, Andoainerako ezpata dantza bat sortu zuten duela bost urte, Gipuzkoako dantzetan oinarrituta. Abenduan, urtero, gaztain jatea ere antolatzen dute, eta horren inguruan erromeria egiten dute. "Dantzak erakusten ditugu, eta horiek plazan lekua dutela erakutsi nahi dugu. Jendeak dantza egin dezan ere akuilu lana egiten dugu". Erromeria giro hori herri askotan indarra hartzen ari dela ikusi dute. "Gero eta jende gehiago agertzen da plazara, askotan inoiz dantzatu ez duten herritarrak".

Gaur egun, euskal dantzen arloan talde asko bide berriak jorratzen ari dira, sorkuntza lan handia eginez. Baina Urkin betiko dantzei eusten diete: "Asko gustatzen zait hainbat talde egiten ari diren lana, baina guk, Urki gisa, dantza tradizionala egiteko erabakia hartu genuen bere garaian; sorkuntza lanik gabe. Dantza tradizionaletik abiatuta, norbaitek erabakitzen badu beste zerbait egin nahi duela, oso ondo". Euskal dantzak altxor bat direla pentsatzen dute. "Oso ondo dago euskal dantzen alorrean aukera zabala egotea, baina jakin behar da nondik gatozen".

Urki dantza taldeaz gain, hainbat ikastetxetan ere dantza irakaslea da Igartua: "Erritmoa, gorputz mugimenduak eta dantza irakasten dizkiet". Horietan, euskal dantzaz gain, garaikidea ere lantzen dute. "Euskal dantzak astero ordu erdi batean erakustea oso zaila da. Dantza eta erritmo modernoak sartzean, umeak oso gustura zeudela ikusi nuen; gainera, eskolaren helburua ez da euskal dantzak irakastea bakarrik, umeak dantzatzea baizik".

Etorkizunari zalantzati begiratzen dio Igartuak: "Oso talde indartsuak erortzen ari dira. Sorkuntza lan handiagoa egin eta bide berriak jorratzen ari direnak, berriz, indar handia hartzen ari dira. Jendeak eskertzen ditu gauza desberdin horiek; beraz, talde tradizionalok nolako etorkizuna dugun ez dakit. Lasarteko Erketz taldeak, esaterako, 40 urte baino gehiago ditu, baina orain oso ume gutxi ditu. Bestalde, 50 urtetik gora ditugunak berriz elkartu eta dantzan hasi gara". Halere, Andoaingo taldea indartsuago dago; ume eta helduen artean ehundik gora kide dira. "Guraso eta haurrek oraindik euskal folklorea ezagutzeko interesa badute". Berazak ere pentsatzen du talde guztiek dituztela "gorabeherak". "Orain, jendeak ez du guk genuen konpromisoa. Dantza talde batek edo edozein taldek lana eskatzen du. Baina dantza talde ugari daude, eta ume ugari dabiltza horietan". Alde horretatik, euskal dantzen etorkizuna ziurtatuta dagoela pentsatzen dute.

Emak taldea sortu dute, emakumeen kirola sustatzeko helburuarekin

"Askotan entzuten da emakume kirolariak ez direla behar bezala haintzat hartzen, ez dutela espazio propiorik eta baztertuta daudela. Hori guztia salatzera dator Emak". Naiara Sanpedro Donostiako Berdintasun zinegotziaren hitzak dira. Emakumeak kirolean ikusarazteko helburuarekin sortu dute Emak emakume kirolarien taldea; mundu horretan emakumeei espazio propio bat eskaini nahi die.

Kirola eta genero berdintasuna ardatz hartuta, diagnostiko bat bultzatu zuen iaz Donostiako Udalak. Diagnostikoaren ondorioak ikusita erabaki zen talde hau sortzea. "Kirolean berdintasuna sustatu nahi duen emakume kirolarien talde bat gara", adierazi du Ainhoa Azurmendi kirol aholkulariak. Donostiako Udalaren diagnostikoa egin du Azurmendik, eta, orain, Emaken sortzaileen artean dago. Nekane Soria, Realeko kontseilaria, ere Emakeko partaide da: "Emakumeen kirolaren alde borrokatu eta haien lana ikusarazteko elkartu gara. Maila eta kirol arlo guztietan diharduten emakumeen erreferente izan nahi dugu".

Donostiako Udalarentzat egindako diagnostikoan emakume kirolariak ezagutzera emateko beharra ikusi zutela azaldu du Azurmendik. "Goi mailako emakume kirolariak komunikabideetan oso gutxi ateratzen dira. Eredu horiek erabili behar dira, kirolean emakumeak noraino irits daitezkeen ikusteko". Halere, mota guztietako emakume kirolariak hartu nahi dituzte kontuan Emaken: eskola kirolekoak, federatuak, beren kasa kirola egiten dutenak... Horiek guztiek beren ibilbidean aurkitzen dituzten "oztopoak gainditzeko" eta kirolean emakumearen presentzia "handitzeko" beharra ikusten dute. "Kirola bizitza osoan egin daitekeen zerbait dela aldarrikatu nahi dugu, modu desberdinean bada ere; horretarako, denok aukera berak izan behar ditugu". Emakumeak taldean antolatzera eta kirola egitera bultzatu nahi dituztela gaineratu du Realeko kontseilariak ere: "Edozein emakumek Donostiako Emakumearen Etxean laguntza izango du; informazioa jasotzeko, emakumeen kirol talderen bat sortzeko eta salaketak egiteko ere bai".

Gogoeta eta aldarrikapenak

Era askotako ekintzak bultzatuko dituzte. Azurmendiren arabera, "gogoeta" bultzatu nahi dute. Horrez gain, aldarrikapenari ere egin nahi diote lekua: "Ekitaldi esanguratsuetan egongo gara, kirolean berdintasuna aldarrikatzen: lilatoian, emakumezkoen futboleko derbian, emakumezkoen triatloian...", azaldu du kirol aholkulariak. Erakundeei eta elkarteei begira ere lan egin nahi dute. Erabakiak hartzerakoan, emakumeen partaidetza sustatzeko beharra ikusi dute; batez ere, emakume kirolarien ahotsa entzuteko beharra dago.

Kirol proposamenak ere egingo dituzte; jadanik bi pentsatu dituzte: "Kontxako badian piraguan ibiltzera joango gara. Sagues eta Pasaia artean ere ibilaldi bat egingo dugu. Jarduera irekiak izango dira".

Donostian sortu da taldea, baina Gipuzkoako emakume kirolariei ere egin nahi die lekua. "Pixkanaka helburuak eraldatzen eta definitzen joango gara; aurrera goazela ikusiko dugu nora iritsi nahi dugun", adierazi du Azurmendik. Izan ere, ia leku gehienetan emakume kirolariek antzeko oztopoak izaten dituzte: "Aitorpen falta, eta baliabide gutxi; gainera, emakumeentzat izaten da kalitate gutxieneko eskaintza, eta horrek guztiak eragina du afizioa sortzeko orduan". Gauza horiek aldatzen ari dira, baina oraindik zailtasun handiak daude. "Askotan pentsatzen da hezkuntza aldetik gaindituta daudela zenbait sinesmen, baina, gero, jokabidea beste bat da. Arazoa estrukturala da". Azurmendiren ustez, arlo askotan ikusten da berdintasuna urruti dagoela: sozializazioan, arropetan, ikasketetan... "Mutilek gizartean kirolerako bultzada handiagoa dute; emakumeok, berriz, barneratua dugu ezingo garela kiroletik bizi. Askotan, ikasketei ematen diegu lehentasuna, eta kirola ikasketekin edo lanarekin uztartzen dugu".

Baliabide aldetik ere, kalitatezko eskaintza izatearen garrantzia azpimarratu du Azurmendik: "Gehienetan, prestakuntza gutxien duten entrenatzaileak emakumeentzat izaten dira; baita ordutegi okerrenak eta instalazio kaxkarrenak ere. Horrek eragina du emakumeen gogobetetzean eta motibazioan. Kirola uztea gure erabakia izaten dela esan izan digute; lehentasuna beste gauza batzuei ematen diegula". Baina kirolean bizitzarako baliagarriak diren hainbat balio ikasten direla gogoratu du: "Ez digute azaldu balio horien garrantzia: taldean jokatzea eta lan egitea, gatazkak konpontzea, galtzen eta irabazten jakitea…". Kiroleko balio horiek eskola kirolean ere landu behar direla pentsatzen du.

Bestalde, emakumeek, kirola egiterakoan, hiri eta herrietan hainbat puntu ilun dituzte; "Horiek hobetzeko proposamenak egin dira; horiek identifikatzen lagundu nahi dugu Emakeko kideok".

“AHTak lotuko du Gipuzkoa Europako trenbide sarearekin”

"AHT abiadura handiko trenak Europako trenbide sarearekin lotuko du Gipuzkoa; zabalera bera izango dugu azkenean". Hala azaldu du Juanjo Olaizolak trenbidea gurera iritsi zenetik egon diren arazoetako bati buruz hitz egitean. "Batzuek esaten dute AHTa Hendaiara iritsiko dela eta frantziarrek ez dutela lotura egingo. Tira, makalago joan beharko du, baina zabalera bera izango duenez, joan ahalko gara Bilbotik, Donostiatik edo Gasteiztik zuzen-zuzen Bordelera, Parisera edo edonora. Behintzat zabalera bera izango dugu denok".

Topoa inauguratu zen garaian, 1912an, egon zen Europako trenbideen zabalera hartzeko aukera bat —1,435 metrokoa, alegia, eta ez metro batekoa—. Dirua sartu zen tartean, ordea: "Sustatzaile batzuek nazioarteko neurriko trenbideak egin nahi zituzten; horietako bat, Madrildik Bilbora eta Bilbotik Hendaiara. Diru faltagatik, ez zuten egin, baina harremanetan jarri ziren topoaren enpresarekin. Topoko lanak hasten ari ziren, eta sustatzaileek adierazi zieten topoaren bidea aprobetxatu nahi zutela trenbide zabalak egiteko aukera zutenean. Hortaz, badaezpada, topokoek tunel guztiak Europako trenaren neurriarekin egin zituzten, asmo haiek gauzatzen zirenerako hori behintzat oztopo izan ez zedin". Inoiz ez zen iritsi dirurik trenbidea zabaltzeko, eta 1970eko hamarkadako eraberritze lanek aukera hori are gehiago zaildu zuten: "Topoaren ibilbideko tunelak konpontzen hasi zirenean, bobedak konpondu partez bobeda berriak egin zituzten zaharren kanpoaldean, tokia zegoelako. Orain ez litzateke Europako neurriko trenik kabituko tunel horietan".

2.276

Abenduan izandako odol emateak. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak jakinarazi duenez, iazko abenduan marka guztiak hautsi ziren odol emateei dagokienez: 2.276 izan ziren. Gabonetan odol isuraldatze beharra handitu egiten omen da.

Topoa, ehun urte gazi-gozo

Mendea bete du topoak, hots, Donostia eta Hendaia arteko bide estuko trenbide sareak. 1912ko abenduaren 5ean, Donostia eta Irun arteko ibilbidea aurrenekoz egin zuenetik, makina bat aldaketa izan du. Hiru gerrak eta muga batek sor ditzaketen ehunka istorioren eta kontrabandoren lekuko izan da; aurrerapausoak eta atzerapausoak eman ditu; eta, gaur egun, ibilbidea luzatu, eta metro itxura hartzeko bidean da. Ehun urteko historia hori liburu batean jaso du Juanjo Olaizola aditu eta historialariak: El 'Topo' 1912-2012. Primer centenario de un pequeño ferrocarril internacional.

1912. urtea zen. Donostiak bazuen tren bat, Renfekoa, eta bazituen autobus zerbitzuak. Beraz, zergatik jarri zuten topoa? Olaizolaren ustez, hori da egin beharreko lehen galdera. "Proiektuaren lehen asmoa ez zen hainbeste Donostia Irunekin eta Hendaiarekin lotzea, baizik eta Donostia-Bilbo-Santander-Oviedo artean zegoen bide estuko trenbide sarea Europarekin lotzea. Ordura arte, bidaiariak Donostiara iristen ziren, eta Irunera jarraitzeko, Renferen Norteko estaziora joan behar zuten. Hogei kilometro egiteko, estazio aldaketa hori egin behar zuten, gero Hendaian berriz aldatzeko".

Historialariaren ustez, topoak lehia ekarri zuen. "Norteko Trena bakarrik zegoen, eta, beraz, nahi zuen zerbitzua ematen zuen. Topoak konpetentzia ekarri zien hari eta tranbiari. Donostiarrek, pasaiarrek, errenteriarrek, irundarrek... garraio merkeagoa eta maiztasun handiagokoa lortu zuten topoari esker. Donostia eta Irun artean, egun osoan 6-7 tren zeuden ordu arte; bat-batean, 30 minututik behin jarri zuten zerbitzu bera. Ia-ia egun bezala".

Mugaz gaindi

Donostiarrak uste du Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga zeharkatzea ere "erraztu" egin zuela, "zerbitzu gehiago zegoelako, baina ez errazagoa zelako tramiteei dagokienez". Izan ere, garai haietan, eta ia gaur egun arte, mugaren kontua oso gauza serioa izan da estatuentzat: "Irun eta Hendaia arteko Nazioarteko Zubiraino iritsitakoan, Espainiako partean jaitsi egin behar zen trenetik, eta aduanako inspekzioa pasatu, Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin. Berriz igo topora, iritsi Hendaiara, eta Jendarmeriaren eta Frantziako aduanaren inspekzioak pasatu behar ziren, berriz".

Topoaren historian, gerrek beren tokia izan dute. Lehen Mundu Gerrak, Bigarren Mundu Gerrak eta 1936ko gerrak eragina izan zuten zerbitzuaren funtzionamenduan. Hain zuzen ere, hamabi urtez geldituta egon zen Irun eta Hendaia arteko zerbitzua. "Lehen Mundu Gerrarekin, frantziarrak hasi ziren mozten zerbitzua, beti zelatan zeudelako ea espioirik zetorren, desertoreek ihes egiten ote zuten trenean, edo kapital ihesik zegoen... Ez dago dokumentatuta, baina batzuek kontatzen dutenez, Mata Hari espioia Donostiara iritsi zenean, topoz egin zuen bidaia. 1936ko gerran, Errepublika erori zenean Gipuzkoan, frantsesek berehala moztu zuten topoaren zerbitzua. Gero, gainera, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen, eta itxita jarraitu zuen. Renfeko linea, berriz, ibili zen: denok dakigu Franco Hitlerrekin bildu zela Hendaiako tren geltokian. 1936an, itxi, eta 1948ko martxora arte ez zuten ireki Irun eta Hendaia arteko topo zatia, indar aliatuen nazioarteko blokeoa egon baitzen Francoren faxismoaren kontra".

Gerrek eta mugak eurekin ekarri zuten kontrabandoaren itzala ere: "Jendea aduanan jaisten zen, baina beti utz zenezakeen paketetxo bat ezkutatuta bagoian, eta makinisten kasuan, zer esanik ez! Tren kabinan gordetzen zuten materiala. Denetarik pasatzen zuten mugaren alde batetik bestera: gerra pasatu berritan, esaterako, hemen nylonezko galtzerdiak erabiltzen zituzten kontrabandoan. Eta ez bakarrik topoaren bitartez. Nik ezagutu nuen Renfeko makinista bat, Grundig etxeko materiala pasatzen zuena: telebistak, disko-jogailuak... Irunen Mr. Grundig esaten zioten gizon hari. Alde horretatik, asko egon da. Azken batean, ibilbide laburreko trena izateaz gain, nazioartekoa ere bazen. Oso txikia, baina nazioartekoa".

Lehen egunean, zazpi hildako

Anekdota ilun-ilunik ere badu topoak. Nagusia, 1913ko uztailaren 13an gertatu zena. Egun horretan inauguratu zuten Irun eta Hendaia arteko zatia, eta bi trenek elkar jo, eta zazpi bidaiari hil eta hogeitik gora larri zauritu ziren. "1 eta 3 zenbakidun motorrek jo zuten elkar, hortxe tragediaren barruko bitxikeria: 1913ko uztailaren 13an, 1 eta 3 motorrak", azaldu du Olaizolak. Irungo estazio ondoan gertatutako ezbeharrak, nolabait esatearren, bere alde ona ere izan zuen: "Irundarrek oso jarrera ona izan zuten istripuaren inguruan, eta Espainiako erregea, horrekin harrituta, herriari oso humanitario titulua eman zion, eta Irungo ezkutuan hala jartzen du. Ordura arte, Irun herria zen, eta urtebete pasatutakoan, erregeak hiri titulua ere eman zion. Beraz, irundarrek horrela irabazi zituzten bi titulu horiek".

Geltoki aldaketa

Urteen joan-etorrian, hainbat aldaketa ikusi dituzte herritarrek topoan: hasierako trenak modernizatzen, esaterako, edo ibilbideak luzatzen eta ibilbide berriak sortzen, betiere hiriburuaren bueltan. Donostia barruko ibilbide aldaketak ere izan ditu topoak, ordea. Izan ere, "1954. urtera arte, topoaren estazioa ez zegoen Amaran, Gipuzkoa plazan baizik". Liburuaren egileak gogorarazi du topoa hiriaren erdi-erditik ibiltzen zela, "tranbia baten moduan", eta gaineratu du aldaketa debeku baten ondorioa izan zela: "Askoz erosoagoa zen jendearentzat. Artzain Onaren inguruan jaits zintezkeen, Gipuzkoa plazan edo inguruan... Baserritarrek ere beren produktuak erdiguneraino trenez eramaten zituzten, azokan saltzeko. Udalak gorroto zituen tranbiak, ordea, eta, halako batean, debekatu egin zuen topoa Gipuzkoa plazaraino iristea".

Donostialdeko Metroaren proiektua martxan da, eta "asmoa berriz ere topoa erdigunera gerturatzea da". Baina Olaizolarentzat metroa ez da horretarako aukerarik onena: "Orain dela ehun urte trenak Donostiako kaleetara sartzea posible bazen, nik uste dut, beharbada, gaur ere posible izango dela. Ibilbidea askoz hobea izango litzateke, eta azpiegitura egitea askoz merkeagoa".

Zero zakar

Tokatu zaigun sistema honen oinarrian dago zaborra etengabe sortu, saldu/erosi eta botatzea. Zaborra sortu, bai, baina zaborra ez da soilik produktua biltzen duen plastikoa; produktua bera berritatik baita jadanik zabor. Onar dezagun behingoz; ekoizte...

@sarean

Gipuzkoako mendi ibilbideei buruzko informazio gehiago lor daiteke Internet bidez. Baita mendiarekin lotutako berriak ere:

www.gmf-fgm.org.Gipuzkoako Mendizale Federazioaren webgunea.

www.gipuzkoamendizmendi.com.Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa.