Sailkatugabeak

Nora zuzendu tiroa

Entzun dira jadanik lehenengo tiro hotsak galeperren, usapalen eta usoen pasabide diren mendietan, oraingoz ehiza soilik erdira ireki duten arren; ehiza denboraldi orokorra hasteko hilabete falta da oraindik. Urriaren 12tik aurrera zabalduko dute best...

“Musika klasikoak daraman bide honek nahiko harrituta nauka”

Paristik datorren artista bat izateari utzi gabe, Parisera doan piano jotzaile bihurtu da Iñar Sastre (Irura, 1986). Irakasleak A esaten zuen lekuan berak B egiten zuela dio, "nahiko bihurria" zelako. Barne orekaren bila hara eta hona ibili ondoren, argia Frantziako hiriburuan aurkitu du oraingoz, munduko kontserbatoriorik ospetsuenetako batean.

Musikeneko ikasketak amaitu ondoren, erronka berria daukazu: CNSMDP Parisko goi mailako musika eta dantza kontserbatorioa.

Pianorako inprobisazioa ikasiko dut bertan. Mundu guztiko kontserbatorioetan ibili naiz bila, eta ikasketa hauek han bakarrik aurkitu ditut.

Beste inon ez dagoen espezialitate bat aukeratu duzu, beraz. Zergatik?

Musika klasikoan, interpretazioa eta konposizioa oso bereizita daude. Ni ez naiz sentitzen bat edo beste. Instrumentista naiz, alegia, interpretea, baina aldi berean sortzea ere gustatzen zait, gorputzak hori ere eskatzen baitit.

Barne orekaren bila zoaz, beraz.

Musikeneko interpretazio ikasketekin bakarrik ondo sentituko banintz, bide horretatik jarraituko nukeen. Baina argi ikusi nuen ez zela horrela: oholtza gainera igo, eta beste garai bateko beste konpositore baten piezak interpretatzea, egungo testuingurua erabat desberdina izanda... Ez naiz ondo sentitzen. Askoz identifikatuagoa sentitzen naiz egungo musika klasikoarekin, garaikidea deitzen zaion horrekin, nire garaikoa delako.

Musika klasikoa muturreraino eraman dutela pentsatzen dut sarri, absurdora, zientzia bilakatu balute bezala. Milaka ikerketa egin dituzte batzuek eta besteek, gehiegi espezializatu balitz bezala, eta galdu egin da musikari izateko behar hori, alegia, sorkuntza. Musika klasikoak daraman bide horrek nahiko harrituta nauka.

Hori hausteko bide izan daitezke ikasketa hauek.

Pianorako inprobisazioa arte diziplina desberdinekin lotzen dute, sortzeko gaitasun horrekin edozein arlotan murgil baitzaitezke. Dantzari batekin edo irudigile batekin elkarlanean aritzen naizenean, askoz erosoago sentitzen naiz, osoago izango banintz bezala da. Dantzaria mugimenduan, ni erdi inprobisatzen… Artistikoki eta pertsona gisa, gehiago estimulatzen nau horrek.

Noiz hasi zinen musika munduan?

Pianoarekin zortzi urte nituela hasi nintzen, Anoetako Ikastolan, baina beste ume guztiak bezala. Gero, 13 urte nituela, rock mundura gerturatu nintzen, eta bateria jotzen hasi nintzen. Denbora gutxian asko sakondu nuen baterian: egun guztia horretan pasatzen nuen; irakasleak ere pixka bat beldurtu zirelakoan nago. Matematika eta horrelako ikasgaiei ez nien zentzu handirik aurkitzen; ez nuen ulertzen zein izango zen haien ekarpena nire bizitzan. Ikasketak hala moduz amaitu, eta batxilergoa egiteko garaia iritsi zen, eta nik ez nekien zer egin.

Urte horietan, pianoa non gelditu zen?

Bateria jo arren, pianoko irakaslearekin harremanetan jarraitzen nuen. Donostian musika batxilergoa bazegoen, baina bateria ikasketak ez zeuden; perkusioa ematen zuten, eta ez nuen argi ikusten. Orduan, pianoko irakasleak esan zidan pieza pare bat ikasi eta aurkezteko. Piano proba nahiko modu txarrean egin nuen; hartuko ninduten esperantzarik ez nuen arren, sartu egin nintzen.

Eta orduan dena aldatu zen.

Bizitzan zerbaitek pasioa pizten dizunean, norbere borondatea izaten da garrantzitsuena; horretan iraultzen zara, eta nik neuk, beste hainbat arazotatik babesteko erabili nuen pasio hori. Ihesbidea pizgarri indartsu bilakatu zitzaidan, eta Donostian, ingurune guztiak barne munduarekin bat egin zuen. Guztiok musika ikasleak izanik, egun guztiko gaia hori zen.

Ondoren, Musikenera jo zenuen, eta zalantza berriak sortu zitzaizkizun.

Kezka bat gainditu eta bestea sortzen zitzaidan; hara eta hona ibiltzen nintzen irtenbide bila. Saio batzuk ongi atera zaizkit eta besteak ez, eta berriro hau eta hura probatzen. Musikene, hasieran, izugarria zela iruditu zitzaidan, baina 2010ean, piano ikasketak amaitu nituenean, beste zerbaiten beharra sentitzen nuen, eta Parisera jo nuen, inprobisazioa eta konposizioa lantzeko asmoz. Bi astetik behin joaten nintzen irakasle batzuekin egotera, eta bertan sortu zen goi mailako kontserbatorioan sartzeko ideia.

Nondik sortu eta nola gorpuztu zen ideia hori?

Parisko irakasle batek goi mailako kontserbatorio horretara sartzeko maila genuela esan zigun bi ikasleri; zur eta lur gelditu nintzen. Sarbide probak oso goiz egiten dituzte han: 2010eko Gabonetan, 2011-2012ko ikasturteko probak egin zituzten, eta niri epea pasatu egin zitzaidan. Uste dut urte horretan zazpi aurkeztu zirela, eta bakarra hartu zuten.

2012 hasieran egin zenituen zuk probak. Zenbat aurkeztu zineten?

Alemaniar bat, frantziar bat eta ni aurkeztu ginen. Banekien mailarik ez bazuten ikusten inor ez zutela hartuko, baina kasu honetan, hirurok lortu genuen sartzea.

Munduko kontserbatoriorik onena al da?

Onenetarikoa dela argi daukat, baina onena dela esatea ez litzateke zuzena izango. Esan dezakedana zera da: sartzeko zailenetakoa dela, izugarrizko maila dagoelako. Datu argigarri bat honako hau da: 400 euro ordaintzen da ikasturteko, eta AEBetako eta Londresko goi mailako kontserbatorioetan, berriz, 40.000 euro ere ordaintzen da.

Ibilbide honetan bi disko argitaratu dituzu, bat hobby moduan eta bestea serioagoa. Azken hori, Euskal doinuekin jolasean, zeresana ematen ari da.

Pedagogiarekin loturiko lan bat izan zen hori. Alde batetik, euskal doinuak hartu nituen, eta bestetik, orain arte ikasitako XX. mendeko musika klasikoaren tendentziak. Gero, kantuen melodiei eutsiz, collage moduko bat egin nuen. Adibidez, Ihesa zilegi balitz kantua minimalismoarekin lotu nuen, eta Maitia nun zira abestiari erabateko diskurtso kromatikoa jarri nion. Bihurrikeria pixka bat badauka lanak.

Euskal Herrian, musika klasikoa editatzen duen diskografia bakarra dago: Ausart Records. Lan horrekin interesatu ziren, eta diskoa berriz editatzeko aukera eman zidaten. Haien zigiluarekin kaleratuko da, berriz grabatuta eta moldaketa batzuekin. Niretzat oso garrantzitsua izan da hori.

“Gasolina litroa ura baino 30 aldiz merkeagoa da Venezuelan”

Ikasketak amaitu nituenetik, duela bost urte, ez ditut Euskal Herrian sei hilabete baino gehiago jarrian egin. Nire belaunaldiko gazte gehienen antzera, ez dut lan munduan egonkortasunik topatu. Zorionez, orain arte beti izan dut bizitzeko adina eman didan proiekturen bat". Ainhoa Iribarrek (Zarautz, 1986) milaka kilometro egin ditu aurrera eta atzera azken urteotan: unibertsitateko azken urtea Mexikon egin zuen; gero, Liverpoolera (Ingalaterra) joan zen urtebetez lanera; handik, Bartzelonara (Herrialde Katalanak), master bat egitera; Kamerunen bizi izan zen gero, "osasun zentro bat martxan jartzeko kudeaketa lanak eginez". Sei hilabetez aritu zen. Gero, etxera itzuli zen, eta Deban lanean aritu ondoren, berriz kanpora, oraingoz azkena den helmugara iristeko: Caracasera. Venezuelako hiriburuan urtea beteko du laster.

Giza Zientzietan lizentziaduna da, eta masterra du Nazioarteko Garapenerako Lankidetzarako Europar Politiketan. Hain zuzen ere, Nazio Batuen Unicef erakundearentzat lan egiten du han, komunikazio departamentuan: "Herrialdez herrialde, oso desberdina da erakunde horren lana. Afrikako lana batez ere laguntza zuzena da. Venezuela eta halako herrialdeetan, berriz, gizarte politikek giza eskubideak babes ditzaten bermatzeko goi mailako eragin lanak egiten dira". Hogei pertsonaz osatutako lantalde baten parte da Iribar, eta aurtengoa "ez da urte erraza izaten ari" haientzat; hauteskunde garaia baita. "Edozein ekintza gobernuaren aldekotzat edo kontrakotzat jo daiteke, eta ez da erraza halako gai konplexuak modu neutro batean lantzea egoera politiko polarizatu honetan".

Lanaren gorabeherak alde batera utzita, Iribar gustura bizi da 6 milioi biztanle dituen hiri zaratatsu eta alaian; 40 metro koadroko apartamentu batean bizi da, bulegotik 15 minutura: "Alokairuak ez dira batere merkeak, ez bertakoentzat, ez kanpokoentzat. Bulegotik hain gertu bizitzea, berriz, luxua da". Haren esanetan, jendeak lanera iristeko egunero bizpahiru ordu igarotzen ditu errepidean; bi ordu joateko, eta beste bi itzultzeko. "Erokeria da, baina hau da errealitatea".

Kontrasteen hiria da Caracas Iribarrentzat: "Etxe orratzek irudikatzen dute hiriaren soslaia, eta txabolaz jositako auzoek ematen diote izaera amaigabea. 1950eko hamarkadako autoak azken belaunaldiko autoekin lehiatzen dira errepidean, egunez bero eta gauez fresko egiten duen hirian".

Caracasen "delinkuentzia eta hilketa tasa altuak daude, eta bahiketa espres deitutakoak —ordu gutxikoak— ohikoak dira", dio zarauztarrak. Hark, hala ere, ez du inoiz arazorik izan. Eta hiriak baditu gauza onak ere, noski: "Hiri gogorra da, baina nola bizi eta mugitu ikasten duzunean, asko goza dezakezu". Beti dago ikusteko zerbait, "kontzertuak doan, antzerki emanaldiak... Kultur mugimendu zabala dago, eta poltsiko guztietarako, gainera".

Errepideen sarea "mugatua" ez balitz, Venezuela paradisua litzateke ibilgailuen erregaiei dagokienez ere; Euskal Herrian ibilgailuen erregaiek izan duten gorakada kontuan izanda, batez ere. "Banekien gasolinaren prezioa merkea zela, baina benetan harritu ninduen autoaren depositoa euro erdiarekin bete nezakeela jakiteak; gasolina litroa ura baino 30 aldiz merkeagoa da".

Eguneroko bizimodua lana duen edozein gazte euskaldunena bezalakoa da. Astelehenetik ostiralera lan egiten du, eta eguna ilunduta amaitzen du lana, "18:30erako iluntzen duelako hemen urte osoan". Hala ere, auzo "seguru" batean bizi denez, kalean beti aurkitzen du ekintzaren bat. "Korrika egitera ateratzen den talde bat dago, esaterako. Ehun pertsonatik gora elkartzen gara, eta Caracasko errepideetan korrika ibiltzen gara autoen klaxon eta kutsaduraren artean". Asteburuetan, hiriburutik urrundu egiten da ahal duenetan, "lasaitasun apur baten bila". Baina ez da erraza. "Hondartza 30 kilometrora dago, baina hiru ordu edo gehiago egin ditzakezu errepidean".

Herrialdeko egoera ekonomikoari buruz galdetuta, argi du oro har bizitza ez dela merkea Venezuelan. Izan ere, "gasolina kenduta, gainerako guztia urtetik urtera %30 garestitzen da. Gobernuak prezioak kontrolatzeko politikak martxan jarri baditu ere, gai hori ez du kontrolpean". 2013an berriro dena nola garestitzen den ikusterik ez du izango Iribarrek, ordea, urtea amaitu aurretik Argentinara aldatuko baitu bere etxea.

Leon eta Kastillo Illunben

Txanpon bereko aldeak izanik, Leonek eta Kastillok bizkarra ematen diote elkarri. Horregatik, askotan batek aurrez aurre eta argi eta garbi ikusten duena besteak zeharka baino ez du ikusten. Leonek, Kastillok ez bezala, Illunbeko auzia zeharka baino ez du ikusterik izan, eta lekuko zuzen baten iritzia jakite aldera eta, zergatik uka, kideari zirikatze aldera ere, hasi da:

—Donostian zezenketak debekatu dituzte…

—Hori ez da egia —erantzun dio berehala Kastillok—. Alkateak esan du Illunben zezenketak egiteko tratua berritzeko asmorik ez duela eta instalazioak kirol ekintzetara bideratzea nahiago duela. Baina alkatea ez da nor zezenketak debekatzeko. Debekua Eusko Jaurlaritzak ezar lezake, Kanarietako edo Kataluniako gobernuek ezarri duten bezala, baina egun, behintzat, ez dago ezarriko duen inolako zantzurik. Beraz, gezurra da egia berdaderoa balitz bezala bolo-bolo dabilen kontu hori, Donostian zezenketak debekatu dituztenekoa, alegia.

—Tira, ez da debeku formala izango, baina Udalak ez badu Illunben zezenketak egiten uzten…

—Zezenketak debekatzen ez diren bitartean, zaleek nahi edo ahal duten guztietara joateko eskubidea dute. Baina udalek eta, oro har, erakundeek ez dute eskubide hori zertan bitarteko publikoen bidez bermatu. Badira derrigorrez bermatu behar dituzten eskubideak, esaterako, osasunarekin edo hezkuntzarekin lotuta daudenak. Udala, adibidez, zaborrak kudeatzera edo hiri barruko zirkulazioa antolatzera derrigortuta dago, legez, gainera, baina ez zezenketak antolatzera edo antolatzen laguntzera. Gainera, zezenzaleak ez dira eskubideak dituzten bakarrak. "Inori ez zaio plazara joatera behartzen", entzun ohi da. Egia. Baina, zezenzaleak izan ala ez, donostiar guztiei behartu zaie Illunbe ordaintzera. Hori ere, egia. Zezenketarik nahi ez dutenei beraien diruarekin ikuskizun hori ordaintzen ez jarraitzeko eskubidea ere noizbait aitortu beharko zaie, ezta?

—Baina motore ekonomikoa omen dira…

—Zezenketak ez dira motore ekonomikoa, ez Donostian ez inon. Tira, baten bati ondo etorriko zaizkio, besterik ez genuen behar. Baina zezenketek soil-soilik laguntza publikoei esker irauten dute. Estatu osoan, erakundeek batez beste 500 milioi euro bideratzen dituzte urtero zezenketei eutsi ahal izateko.

—Beharbada orokorrean horrela izango da, baina, diotenez, behintzat, Illunbeko zezenketek ez diote Donostiako Udalari gasturik sortuko.

—Nortzuk diote hori? Orain dela hamabost bat urte zezen plaza donostiarrei xentimorik ere ez litzaiekeela kostatuko esaten zuten berberek. Eta begira zer gertatu den: oraindik ez dago zehatz-mehatz jakiterik zenbat milioi euro kostatu zaien.

Leonek, memoriatik argudio berri bat erreskatatu bitartean, geldialdi bat egin behar izan du itaunketan. Baina oraingoan Kastillok aurrea hartu eta ez dio jarraitzeko aukerarik eman:

—Begira, Leon, Illunben iruzur izugarria egin zieten donostiarrei. Behin iruzur egiten badidazu, zu zara erantzulea; bitan egiten badidazu, berriz, ni neu.

Etenda dago Jaizkibel-Uliari babes berezia emateko plana

Ez aurrera ez atzera dago Jaizkibel eta Ulia babes bereziko eremu izendatzeko prozesua. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak izen hori eman zion iragan otsailean, ingurune hori aurretik ere Natura 2000 sareko komunitateko intereseko gunetzat hartuta baitzegoen. Planak, ordea, 118 alegazio jaso ditu —besteak beste, Jaizkibelgo itsaslabarretan egin nahi duten kanpoko kaiaren sustatzaile nagusienak diren enpresek egin dute euren ekarpena—, eta horrek geldiarazi egin du babes berezia aitortzeko prozesua. Jaurlaritzak beste plan bat onartuko du alegazio horiei kasu eginez, baina ez du eperik. Babes horrek zailago jarriko luke kanpoko kaia eraikitzea.

“Sare lokalek garapenerako berrikuntza eragin dezakete”

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Erakundeko ikertzaile Miren Estensorok, Deustuko Unibertsitatean aurkeztu berri duen doktore tesian (Sare lokalak eta lurralde sozialki berritzaileak. EAEren eta Goierriren kasua), sare lokalak ipini ditu eskualdeen garapen ekonomikoaren oinarrian. Cum laude jasota, alor horretan pilatutako esperientzia unibertsitateko ekonomia ikergaietara eraman du, ekintza ikerketan aitzindari. Besaindarra da, eta eskualdean lanean ibilia: Goierriko esperientziak aparteko lekua du tesian.

Zer helburu du tesiak?

Sozialki berritzaileak diren lurraldeen ezaugarriak definitzea. Bestalde, faktore horien arabera, EAEko tokiko garapen agentzien bitartez garatzen ari diren sare lokalak aztertu ditut. Berrikuntza teknologikoa eragiteaz gain lurralde garapenerako berrikuntza soziala eragiten duten ikertu dut.

Sare lokalak dituzu hizpide. Nork eta nola osatuak izaten dira?

Enpresak, hezkuntza zentroak, zentro teknologikoak, udalak, sindikatuak, garapen agentziak... Eskualdeetako hainbat eragileren arteko lankidetza dute helburu.

Zer garrantzi dute?

EAEn tokiko garapen agentzien bitartez garatzen ari diren sare lokalak lurralde garapenerako lankidetza prozesu berritzaileen adibide dira. Horietan, neurri batean edo bestean, erabaki ahalmena eragileen arteko lankidetza prozesuetara zabaltzen da. Nahiz eta berrikuntza teknologikorako sortu diren, tesi honek sareek lurralde garapenerako berrikuntza soziala eragiteko duten potentziala erakutsi du. Zehazki, zazpi sare aztertzen dira tesian: Azaro (Lea Artibai) eta Lehiakortasun Poloa (Durangaldea) Bizkaian, eta Deba Bussiness Forum (Debabarrena), Ezagutza Gunea (Azpeitia-Azkoitia), Eragintza Gunea (Urola Garaia), Lehiberri (Tolosaldea) eta Lankidetza Sarea (Goierri) Gipuzkoan. Azaro, Lehiarkotasun Poloa eta Ezagutza Gunea sozialki berritzaileak diren lurraldeen garapena ahalbidetzen ari direla erakutsi dut.

Goierriko esperientziari aparteko lekua egin diozu lanean. Barru-barrutik ezagutzen duzu...

Nik neuk parte hartu dut han dinamizatzaile lanetan. Goiekiren eskutik bultzatu zen 2008an, batez ere enpresa txikienen lehiakortasun baldintzak hobetzeko. Azterketak agerian uzten du eskualdeko enpresa batzuetan berrikuntza teknologikoko prozesuak eragiteko ahalmena izan duela. Ordea, botere erlazio berritzaileak sortzea erronka bat da oraindik.

Goierriko esperientzia hartatik zer ekarri duzu ikerketara?

Iaz arte, hain justu, sare hori martxan jartzen aritu nintzen, eta dinamizatzaile lanetan. Beraz, ekintza ikertzailea (action-researcher) naizen heinean egin dut azterketa. Metodologikoki alternatiboa den ikuspuntu horrek berekin dakar ikertzailea, hain zuzen, aztertzen ari den kasuan bertan barneratuta egotea; ekintzatik sortzen du ezagutza, kanpotik aztertu beharrean. Hori ez da oso ohikoa gure unibertsitateetako tesietan, are gutxiago ekonomian. Hau lehenetakoa da, lehenengoa ez bada. Horrek ere berrikuntza bat ekarri du.

Berrikuntza soziala diozunean, zer biltzen du kontzeptu horrek?

Kontzeptu zabala da. Arlo askotan erabiltzen da, eta, ondorioz, modu askotan defini daiteke. Ni lurralde garapenerako berrikuntza sozialaren kontzeptuan oinarritu naiz. Horren arabera, berrikuntza soziala botere harreman berritzaileen bitartez lurralde bateko eragileen beharrak asetzean legoke.

Garapen modu zehatzen bat lehenetsi duzu? Norantz jo beharko luke garapenak?

Lurralde garapenak lurraldeko biztanleen bizi-kalitatea hobetzea izan behar du helburu. Baina egungo krisi ekonomikoak agerian utzi ditu merkatu logikaren iraunkortasun eta berdintasunik eza.

Gizarte berrikuntza lurralde garapenean aurrera egiteko ordezko bidea dela diozu...

Iraunkortasuna eta gizarte kohesioa oinarri izango dituen garapen prozesuak bilatzera behartzen gaitu.

Garapenerako bidean, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza modu berriak bilatzea ere garrantzisua dela diozu. Nola?

Lurralde garapeneko prozesuetan, eragile orori dagozkien prozesuak izanik —erantzule zein onuradun diren aldetik—, dagoeneko ez da erabaki ahalmen osoa duten eragileentzako lekurik geratzen. Lidergo partekatua da gakoa. Horretan eragin nabarmena du eragile politikoen rolak, eragileen arteko lankidetza esperientzia eta jarrerak edota lankidetza hori kudeatzen dutenen egiteko moduak, besteak beste.

Tesiaren ondorioak gizartean eta enpresa arloan txertatzeko aukerarik ikusten al duzu?

Tesiaren ekarpen nagusietako bat ekintza ikerketaren ikuspuntua erabiltzea da. Ikerketa eta praktikaren arteko aldea txikitzea bilatzen du. Horrek ikertzaileok gizartean dugun rolari buruzko eztabaida dakar mahai gainera.

Donostiako suteari buruzko liburua argitaratu du Egañak

Iñaki Egaña historialariak Donostiako suteari buruzko liburu bat argitaratu berri du; Txertoa argitaletxeak atera du Donostia 1813. Quiénes, cómo y por qué provocaron la mayor tragedia en la historia de la ciudad lana. Uztail hasieran aurkeztu zuen, eta dendetan dago jada; hemeretzi euro balio du.

Azkaratek zuzenduko du mendeurreneko batzordea

Datorren urtean 200 urte beteko dira Donostiako sutea gertatu zenetik; mendeurrena oroitzeko, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Donostiako Udalak, eta horretarako, batzorde berezi bat sortu du. Duela bi aste jakinarazi zutenez, Miren Azkarate EAJko zin...