Sailkatugabeak

Hondakin arriskutsuak biltzeko gunea Getarian

GETARIA. Pilak, aerosol poto hutsak, erradiografiak... Aski hondakin arriskutsuak dira, eta, sarri, etxean duda iturri izaten dira, nora bota asmatu ezin. Getarian, horiek biltzeko gune berezi bat jarri dute, Aldamar kalean, udaletxetik gertu: Birzikl...

Donostiako suteari buruzko liburua argitaratu du Egañak

Iñaki Egaña historialariak Donostiako suteari buruzko liburu bat argitaratu berri du; Txertoa argitaletxeak atera du Donostia 1813. Quiénes, cómo y por qué provocaron la mayor tragedia en la historia de la ciudad lana. Uztail hasieran aurkeztu zuen, eta dendetan dago jada; hemeretzi euro balio du.

Azkaratek zuzenduko du mendeurreneko batzordea

Datorren urtean 200 urte beteko dira Donostiako sutea gertatu zenetik; mendeurrena oroitzeko, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Donostiako Udalak, eta horretarako, batzorde berezi bat sortu du. Duela bi aste jakinarazi zutenez, Miren Azkarate EAJko zin...

2.800 metroko erronka

Getaria-Zarautz

Getaria

Igande honetan jokatuko da, 42. aldiz, Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldia. Parte hartzaileak igande eguerdian abiatuko dira Getariako portutik, eta Zarauzko hondartzan izango dute helmuga. Orotara, 2,8 kilometroko bidea egin beharko dute, igerian. Zarautz Balea igeri kirol elkarteak antolatzen du.

Aurten, guztira 1.400 partaide izango dira lehian, inoiz baino parte hartzaile gehiago. Horregatik, eta elkarri oztoporik egin ez diezaioten, bost txandatan banatuta aterako dira igerilariak. Aurreko urteetan bakoitzak egindako denbora hartuko dute kontuan txandak antolatzeko orduan. Talde bakoitzak kolore jakin bateko txanoa izango du, eta bost minutuko tartearekin abiatuko dira. Ezindu fisikoek ere parte hartu ahal izango dute, eta haiek beste kolore bateko txanoa eramango dute.

Proban nagusi izaten direnek ez dute dirurik jasoko. Lehen hiru sailkatuei, dena den, garaikurra emango diete. Egongo da, ordea, diru ekarpena izango duen sari bat, sari berri bat. Hala, orain arteko denbora onena gainditzen duenari 300 euro emango dizkiote. Gizonezkoen kategorian, 32 minutu eta 5 segundotan dago marka hori, eta Gorka Ripak egin zuen, 2006. urtean. Emakumezkoena, berriz, 35 minutu eta 37 segundotan dago, eta Ainhoa Oñatibiak egin zuen, 2006. urtean hark ere.

Helduentzako lehiaketaz gain, gaztetxoentzako zeharkaldia prestatu dute aurten ere. Orotara, ehun haur inguruk parte hartuko dute, eta 800 metroko ibilbidea egin beharko dute. 11:00etan irtengo dira haiek, Zarauzko portutik. Helduen kasuan bezala, gaztetxoek ere Munoa plazan izango dute helmuga.

Historiako garrak bizi-bizirik

Iberiar penintsulatik Europarako bidean egotea eta portuko merkataritza handia izatea; horratx XIX. mendeko Donostiaren zoria eta golgota. Aurki beteko dira bi mende tropa ingeles eta portugesek hiria erre zutela, Napoleon garaitzeko bidean; "tragedia bat", Alvaro Aragon (Oiartzun, 1969) historialariaren hitzetan. EHUko irakaslea eta Gipuzkoako historialarien elkarteko zuzendaria da Aragon: "Lehenengo aldia izan zen gerra baten ondorioz Donostia erre zutena, eta, gainera, bertako biztanleak bortxatu zituzten, etxeak galdu zituzten...".

1813ko uda zen. Espainiako Independentzia Gerra amaitzera zihoan; Napoleonen tropak Iberiar penintsulatik aterarazteko lanetan ari ziren Espainiako eta Portugalgo erresumak, Ingalaterrako armadaren laguntzaz. Frantsesek hemeretzi urte lehenago ere hartu zuten Donostia, Konbentzioko Gerran, hiriak 1794an kapitulatu zuenean, hain justu. "Frantsesak heldu zirenean, Donostia errenditu egin zen", azaldu du Aragonek; "Batzuen ustetan, horrek eragina izango zuen 1813an gertatu zenekoan". Konbentzioko Gerra 1795ean amaitu zen arren, badira 1813ko sutea espainiarren mendekua izan zela defendatzen duten hipotesiak.

1813an Napoleonen tropak ziren espainiarrek euren mugetatik kanporatu nahi zituztenak. Apurka atzera egiten ari ziren, Aragonen hitzetan: "Pixkanaka, inguratuta zeuden. Egun horietan izan zen azken bataila, San Martzialen (Irun). Hor irabazi egin zuten Espainiako erregeen tropek eta haien aliatuek, eta frantsesak penintsulatik kanporatu zituzten".

Napoleonentzat, ordea, garrantzi berezia zeukan Donostia kontrolpean edukitzeak; ez soilik bere eskumeneko azken hiri nagusietako bat zelako, baizik eta penintsularako sarbidea bertatik igarotzen zelako. "Noizbait indarrak berreskuratuko bazituzten, biderik errazena hura zen. Garai hartako errege bidea gaur egungo N-1 errepidetik zihoan; Madril-Irun bidea horren gainean egina dago", azaldu du Aragonek.

Gaur egun Parte Zaharra dena zen orduan hirigunea, portutik hasi eta Salamanka pasealekura arte; hor zegoen Bretxako harresia. "Orain dela urte batzuk egindako indusketetan azaldu ziren harresi horiek, baina, tamalez, orduko udalak ez zuen baloratu, eta deuseztatu egin zituzten; gaur egun aparkalekuan gelditzen da horma txiki bat lekuko moduan, baina tira", deitoratu du Aragonek.

1.500 familia inguru bizi ziren esparru horretan; Iñaki Egañak berriki argitaratutako Donostia 1813: Quiénes, cómo y por qué provocaron la mayor tragedia en la historia de la ciudad liburuan aipatzen duenez, 5.488 pertsona. "Frantsesak zeudela eta ingelesak etorriko zirela ikusita, batzuek alde egin zuten, baina gehientsuenak bertan gelditu ziren", azaldu du Aragonek. Herritarren aldetik, denetariko jarrerak zeuden gerrako bandoekiko: "Bazeuden frantsestu batzuk, sistema liberal bat ezarri nahi zutenak; beste alde batetik, bazeuden Espainiako erregearen aldekoak zirenak". Eta tartean, inoren alde egin gabe ere bateko zein besteko okupazioa jasan zutenak: "Frantziako gudarostea ailegatu zenean, jende xehea harrapatuta gelditu zen gerra osorako. Horiek ziren, hain zuzen ere, erasoak jaso zituztenak; dirudunek aspaldi egin zuten alde".

Portua zela medio, merkataritzarako hiri garrantzitsua zen Donostia garai hartan; Baionarekin harreman handia zeukan. "Portu horretatik ateratzen zen Europa aldera, adibidez, Ameriketatik Espainiara heldutako zilar gehiena", gogorarazi du Aragonek. Erasoa gertatzeko faktore nagusia horixe izan zelakoan dago historialaria.

Ingelesak eta portugaldarrak Donostiara sartzen saiatuko zirela ikusita, hiria indartzen saiatu zen Napoleon: tropa gehiago bidali zituen, eta kanoi gehiago jarri zituen harresietan. Murruak, ordea, ez zituen indartu, eta hortik etorriko zitzaion kaltea: abuztuaren 31n Wellington jeneral ingelesak setioa jarri zion Donostiari, eta 10.000 soldadu sartu ziren hirira. "Gutxien babestuta zegoen lekutik sartu ziren: Bretxatik", azaldu du Aragonek. "Erdi Aroko harresia zen; ez zeukan sistema berririk, eta hortik sartu ziren".

10.000 soldadu erasoan eta ia 5.500 herritar harrapatuta; Donostiarrek apenas izan zuten defendatzeko aukerarik. Hiria ez ezik, herritarrak ere suntsitzeko asmoz sartu ziren tropa ingeles eta portugaldarrak, Aragonen arabera: "Donostiako sutea ez zen bakarrik sutea izan: lapurretak, bortxaketak eta indarkeria ere izan zen. Eraso horiek oso psikologikoak dira. Eta badirudi aurrez pentsatua izan zela, edo behintzat agintariek ez zutela ezer egin hori eragozteko edo geldiarazteko". Ordura arte eraso militarretan zibilak errespetatu ohi zirela azaldu du Historia irakasleak: "XIX. mendera arte mantendu zuten gerra galantea esaten dena. Erasoa gertatu zenean, kolpe handia izan zen; suposatzen zen jende xehea gerratik kanpo zegoela".

Interpretazioen dantza

Donostiako sutea ez da historiara isilpean igaro den gertakaria. Aitzitik, irakurketa ugari egin dira orduz geroztik; sarritan elkarri kontra eginez, gainera. Erasoa nork agindu zuen oraindik eztabaidagai da. "Historian, askotan, ideologia sartzen da, tamalez", adierazi du Aragonek. "Sutea gertatu zenean, Donostiako Udaleko partaideak Zubietan bildu ziren, eta han idatzi zuten manifestu bat, errua ingelesei eta portugaldarrei leporatuz; Wellingtonek hori jaso zuenean ezetz esan zuen, horiek zurrumurruak zirela. Denborarekin, ingelesek sutea frantsesei leporatu zieten; frantsesek esan zuten ezetz, eta bertako biztanleek ere esan zuten frantsesak zeudenean ez zela suterik egon".

Orotariko irakurketak daude, eta alde batetik zein bestetik erabili dute gertakaria. Sutea espainiar tropen mendekua izan zela dioen hipotesia ere badago, Castaños jeneralak aginduta, donostiarrek bere garaian frantsesak erresistentziarik gabe hartu zituztelako: "Horren froga bakarra da gertakari haren ondoren donostiarren artean egindako inkesta bat. 79 testigantza bildu zituzten, eta hiru edo lau pertsonak aipatu zuten soldadu portugaldar eta ingelesei entzun zietela Castañosek agindu ziela Donostia erretzea eta bertako guztiak akabatzea. Baina zeharkako froga bat da, eta ez dago besterik". Aragonentzat, hori ez da nahikoa hipotesi historiko baterako: "Esango nuke Castañosek ez zeukala inongo erantzukizunik; Donostiara sartu zirenak portugaldarrak eta ingelesak ziren. Espainiarrak San Martzialen zeuden; eta Castañosek tropa espainiarretan agintzen zuen, besteetan ez zeukan aginpiderik".

Hori baino gehiago, Donostiako merkataritza suntsitzeko asmoa ikusten dio historialariak suteari: "Badakigu sutea Soto izeneko familia baten etxean sortu zela, eta horrekin batera su eman zietela Donostiako merkatarien etxeei. Horrek adierazten du aurrez pentsatua izan zela, bazekitela nora zihoazen".

Gertatu zenaz asko idatzi da; oraindik eztabaidagai diren galderak erantzunik gabe geldituko direlakoan dago Aragon. "Egin ditzakegu interpretazioak, baina froga zehatzik ez dugu inoiz izango, dokumentazioak ez duelako horretarako ematen". Baina horiek ere usteetan oinarritutako irakurketak liratekeela nabarmendu du: "Nik interpretazio manikeista horiek gaitzetsiko nituzke. Historian ez daude onak edo txarrak; gauzak gertatzen dira gertatzen direlako, eta arrazoiak bilatu behar dira".

Goiener, energia burujabetza helburu duen kooperatiba

Goiekiren Enpresa Ekimen Berrien XV. Sariketan bi proiektu saritu dituzte aurten. Sari nagusia Alberto Carrascalek jaso badu ere (4.000 euro), energia burujabetzaren alde egiten duen Goiener kooperatibak eskuratu du lehen sariari dagokion diru zati ba...

“Egiarekin joaten ginen beti toki guztietara”

Kolore guztietako mikrofonoen aurrean adierazpenak egiten gogoratzen dute askok Esteban Olaizola (Hondarribia, 1941). Kazetariak Bruselan, Madrilen, Gasteizen eta Euskal Herriko edozein arrantza portutan biltzen zituen Olaizolak, berrien bilatzaileek ongi asko zekitelako hondarribiarraren ahotik beti aterako zutela tituluren bat. Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidente izan zen sektore horren garairik latzenetan, bi txandatan. Orduan, arrantzaleen eskubideen aldeko defentsa sutsua egin zuen bulegoetatik, baina langileetatik hurbil. 1986an hartu zuen lehorrerako bidea, eta Hondarribiko kofradian hasi zen lanean. Urte hartatik 2004ra arte, hainbat kargu izan zituen; tartean bitan izan zen Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidente.

Erretiratuta dago egun. Bi gauza egiten dituela azaldu du: "Bizilagunaren nekazaritza etxeko negozioan laguntzen dut. Bertako baratzean eta larreak mozten laguntzen diot. Kafeak atera behar direnean ere hor izaten naiz. Gainera, ontzi txiki bat dut, eta ahal dudanean txipiroietara joaten naiz". Hortaz, itsasoarekiko lotura ez du hautsi Olaizolak, zaila baita hainbeste defendatu duen ofizioa goizetik gauera uztea. "Gainera, bi seme arrantzaleak dira, itsasoan ditut. Haiei laguntzen ere saiatzen naiz", adierazi du. Hortaz, aisiarako tarte handirik ez duela dio, baina egiten duenarekin pozik dago, gustura.

Kazetarien mikrofono horien aurrean, maiz, haserre aurpegia agertzen zuen hondarribiarrak. Beti zuen esku artean gatazkaren bat; sare pelagikoak zirela, bolantak, kuotak, portuen blokeoak... Baina hark eta haren ondoan izan zirenek egindako lanarengatik ez balitz, arrantzaren sektorea, egun ezagutzen dugun bezala, ez zen beharbada existituko.

Lana eta borroka

Arrantzaleen eskubideen aldeko jardunean lanaren eta borrokaren aldeko hautua egin zuen Olaizolak. Edonon, edonoiz, edonoren aurrean, hark ordezkatzen zuen sektorea, eta, zergatik ez, bizitzeko era bat defendatu zuen. Gauzak aurrez aurre esaten zituenetakoa zen Olaizola: "Egiarekin joaten ginen beti toki guztietara". Eta berdin zitzaion Europako Batasuneko, Espainiako Gobernuko edo Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan aurrean: "Egiarekin joanez gero, zilegi delako edozein planteamendu defendatzea. Errespetuz egiten ziguten harrera".

"Itsasoan gertatzen ari zenaz konturatu ginen lehenak hondarribiarrak izan ginen. Hendaia ondoan dugu, eta ikusi genuen zer-nolako sarraskiak egiten zituzten arrantza egiteko sare pelagikoak erabiltzen zituztenek"; hortaz ohartuta, eginkizun bat jarri zion bere buruari Olaizolak: itsasoarekiko errespetuzko arrantza sustatu eta bultzatzea. Izan ere, Ipar Euskal Herriko ontzi bakoitzean bost bat lagunek lan egiten zuten orduan, eta, Olaizolaren arabera, horietako baten lan bakarra zen sare pelagikoetan kateatuta zeuden eta saltzeko baliagarriak ez zitzaizkien arrainak berriz ere itsasora botatzea, hilda. "Horrek min handia egiten zidan". Hala, hasieran, Lapurdiko ontziak legatzetara joaten zirela zehaztu du hondarribiarrak, "baina legatza bukatu zenean, beste espezie batzuen bila joaten hasi ziren; antxoa bila, esaterako. Orduan sinatu zuten Arcachongo akordioa —Frantziako Estatuko ontziei antxoa gehiago harrapatzeko bidea eman zien hitzarmen horrek; ordura arte, %10eko kuota zuten—. Sare pelagikoak oso kaltegarriak dira itsasoarentzat: edozer harrapatzen dute, eta ez dira selektiboak. Gero bolantak agertu ziren... Horien guztien kontra lan eta borroka asko egin genuen. 2000. urtean lortu genuen bolantak debekatzea".

Gatazka horien oroitzapen txarrak eta onak ditu. Txarrak, ikusten zuelako itsasoko arrain erreserbak bukatzen ari zirela, arrantza tresna desegokiak erabiltzeagatik; onak, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen arteko batasuna zegoelako, elkarlanean ibili zirelako. Jo behar zituzten ate guztiak jo zituzten, eta bide horretan Antton Garairekin —Bizkaiko Kofradien Federazioko presidentea— eta Juan Mari Urbietarekin —Gipuzkoako Baxura Kofradien Federazioko lehendakaria— egindako lana du bereziki gogoan. "Niretzat oso aberatsa izan zen hor jardutea. Jende askorekin izan nuen harremana".

Gogoratu du nola 1985ean, Espainiako Estatua Europako Batasunean oraindik ez zegoenean, Bruselara joan ziren azaltzera Hego Euskal Herriko ontziek nola arrantza egiten zuten: "Bideo bat egin genuen, eta Europako Parlamentuan azaldu genuen. Adibidez, legatza nola arrantzatzen genuen azaldu genien ikus-entzunezko harekin, nola modu tradizionala erabiltzen genuen harrapaketak egiteko, itsasoarentzat kaltegarria ez zen modu bat. Txomin Artolaren kantuekin osatu genuen bideoa. Amuarekin hartzen genituen legatzak, eta ondoren kanaberarekin jasotzen genituen. Hori azaldu nahi genien. Bruselan egon ginen lehen aldia izan zen hura".

Bulegoan baino lehen, itsasoan

Gorbatadunen munduan sartu baino lehen, arrantzale izan zen Olaizola. Gaztea zenean, ohikoa zen Hondarribian 14-15 urterekin arrantzan hastea. "Gure aitak ontzi bat zuen, Rio Bidasoa. Aitona ere arrantzale izandakoa zen. Tradizioa...". Soldaduska garaian, aitak beste ontzi bat erosi zuen, Mari Paz, eta bertan jardun zuen, anaia batekin. Aita erretiratu ondoren, anaiarekin beste ontzi bat erosi zuen, Beti Mesias, eta bertan patroi lanetan ibili zen Olaizola 30 urtez, 1986ra arte. Urte hartan hartu zuen lehorrerako bidea.

Egungo arrantzaren egoera itsasoaren gaitasunaren araberakoa da, Olaizolaren ustez. Lehen, kupoen gaia ez zitzaion oso ondo iruditzen, baina egun uste du horrekin arazoak saihestuko direla. "Pelagikoetara itzultzea hondamendia litzateke. Pixkanaka, arrantza eremuak indartzen ari dira. Helburua da bermatzea luzera begira aukera izango dela arrantza egiteko".

Oraindik, hala ere, arrain kalak indartu behar direla uste du, baina ziur dago sektoreak etorkizuna izango duela errespetuz egindako arrantzarekin: "Duela urte batzuk, lehengaiaren bila inolako ardurarik gabe joaten ginen itsasora. Ahal zen guztia harrapatzen zen. Orain ez da horrela. Antxoaren geldialdiak erakutsi digu errespetuz egin behar dela arrantza. Horrek ahalbidetuko du arrantzaren etorkizuna".

Donostiako harresiaren luzera, metrotan.

300 metroko harresi batek inguratzen zuen Donostiako hirigunea; ia hamar metroko zabalera zeukan, eta hamabost metro inguruko altuera. Bretxako aldea, ostera, ahulagoa zen; hortik sartu ziren tropa ingeles eta portugaldarrak.

Krisiak

Krisiek kapitalismoan beren egitekoa dute, hori nahikoa ezaguna da. Ez dago kapitalismorik krisirik gabe. Krisiek hainbat eginbehar dituzte. Ziklo baten amaiera markatzen dute, ekonomiaren berregituratzea hainbat zentzutan: merkatuak ordenatzeko eta garbitzeko, langileak diziplinatzeko —langabeziaren esperientziaren bitartez—, giza baliabideak berrantolatzeko, gastuak murrizteko eta abar. Krisietatik batzuk galtzaile ateratzen dira, eta beste batzuk, irabazle, eta, bide batez, estatuek ere aprobetxa dezakete beren ardurapeko arlo batzuk desegiteko. Enpresek eta estatuek beren berregituratzea egin eta gero, ziklo berri bat hasten da, hurrengo krisira arte.

Sozialistak, komunistak, langileak eta ezkertiarren erakundeak langileek produkzio baliabideak beren eskuetan izan zitzaten borrokatu ziren mende bat izan zen. Enpresa kartelak, oligarkiak, enpresen jabeak eta abarrak gehiago ez aberasteko bide bakarra hori zela ikusten zen. Eta ekoitzitakoa guztien artean banatzeko, baita gizakiaren beharraren arabera ekoizteko ere, eta ez enpresen edo enpresa jabeen milioikako diru sarrerengatik eta munduko botereagatik.

Herri batzuk helburu horretara hurbildu ziren mende bat izan zen. Iraultza baten bitartez edo II. Mundu Gerran gertatu zen botere banaketaren ondoren. Horietako bat izan zen DDR Alemaniako Errepublika Demokratikoa. Bertan, eta munduko beste herri batzuetan, saiatzen ziren merkatu kapitalistarik gabeko gizarteak eraikitzen, non funtsezko beharrak — elikadura, hezkuntza, medikuntza, etxebizitzak eta abar— bermatuta zeuden. Herri horiek guztiek arazo ugariren kontra egin behar zuten borroka —mundu kapitalistaren etengabeko eraso eta lehiaketak, barneko ustelkeria eta autokrazia, esperientzia falta eta gizakiaren gabeziak—. Halere, gizarte eredu horiek existitu ziren bitartean, hor zeuden pertsonek, eredu horretan sinistu zutenek eta horren alde lan egin zutenek esperientzia asko eta oso garrantzitsuak egin zituzten. Hezkuntza eta osasun zerbitzua ia gizarte osoan zeuden bermatuta, pobreziaren eta aberastasunaren arteko tartea askoz txikiagoa zen, eta ekoizpenak bost urterako plangintza batean aurreikusten saiatzen ziren, gizartearen beharraren arabera. Eredu kapitalista nagusi zen munduaren eraso ekonomiko eta militarraren menpe bizi ziren ekonomia horiek, baina bertako ekonomiaren plangintzan ere hainbat akats egiten zen. Ez zegoen nahikoa malgutasunik industria ekoizpenaren, nekazaritzaren eta baliabideen ekoizpenaren artean oreka aurreikusteko eta herritarren beharrak beharrezkoa zen momentuan asetzeko. Boterearen banaketa hierarkikoak erabaki okerrak zuzenketarik gabe utzi zituen askotan. Hala ere, jabetza pribatuan ez baina gizakiaren beharretan oinarritutako sistematik sortutako gabeziek ez zuten zerikusirik munduko hainbat herrik ezagutzen dituzten goseteekin eta metropolien inguruko txabola hiriekin. Are gutxiago, norberaren milioika irabazi edo galerekin. Bizi-maila xumeagoa zen, baina orekatuagoa askoz jende gehiagorentzat.

Gizarte eredu hori gaur egun ia erabat desagertu da, baina harrigarria da beste eredu batzuetan pentsatzeko gaitasuna ere. Zeren badirudi krisiaren erantzun bakarra dagoen estatusa defendatzea dela, kontsumo masiboan oinarritutako gizartea: etxebizitzaz eta beste ondasunez jabetzea, eta langileek bertan parte hartzeko botere ekonomikoa ez galtzea.

Ezkertiar erakundeek ez dute beste gizarte eredu bati buruz eztabaidatzen, ez da bestelako ekoizpen modua aurreikusten, baliabideen bestelako banaketa, industria eta nekazaritzaren oreka, gizakiaren beharretan oinarritutako ekonomia. Harrigarria da, baina enpresa munduan eztabaidatzen da gehien gizartearen bilakaeraz, ekoizpen eta lan motaz, produktuaren diseinuaz, hiriaren ereduaz. Indar ezkertiarrek bitartean nahi ez dutena adierazten dute, edo statu quo-a defendatzen dute, eredu berriak diseinatu gabe. Munduan eta historian hainbat esperientzia baliagarri egin izan dira, ikastea merezi dutenak. Gizarte sozialistetatik aparte, bestelako ereduak badaude —estatuaren esku hartze masiboa (egun Hego Amerikako herri batzuetan ikusten duguna) edo eredu deszentralizatuak— kooperatiboetatik auzolanera. Kontua da, modu batean edo bestean, emakume eta gizon langileak —eta langabeak ere kategoria horretan sartzen dira— pasibo ez geratzea, baizik eta gizartearen baliabideak beren eskuetan hartzea eta gizartearen aberastasuna guztion artean banatzea.