Sailkatugabeak

“Festa egin baino gehiago, esan behar da nork agindu zuen Donostia suntsitzea”

"Egia argitara ateratzeko" sortu dute hainbat historiazalek Donostia Sutan elkartea; 200. urteurreneko ekitaldietan "benetako protagonistak" donostiarrak izan daitezen eskatuko dute. Elkarteko presidentea da Antonio Mendizabal (Errenteria, 1928). Urteurrena datorrela eta, gaiari modu okerrean heltzeko arriskuaz ohartarazi du: "Kontu hartaz gezur asko esan dira, edo, gutxienez, egia ez da agertu. Hilketak egon ziren, eta dena gelditu da isilik, eta denborarekin dena ahaztu da; festa bihurtu zen, eta hor bukatu zen istorioa".

Zuk nola jaso izan duzu sutearen historia?

150. urteurrenean egin zuten omenaldi handi bat, oso militarra; orduan jakin zuen jendeak zerbait handia gertatu zela hemen. Ingelesak, portugesak eta espainolak etorri ziren, hemen gerran ibili zirelako. Ni orduan estudiatzen ari nintzen, eta egunkarietan irakurri nuen nola Donostian ari ziren egundoko desfileak egiten.

Ez da, bada, festaz ospatzeko moduko gertaera.

Festa egin baino gehiago, esan behar da nork agindu zuen hura suntsitzea. Horretaz hitz egin behar da, ea zer ateratzen den.

Baina hor dago eztabaida: nork eman zuen agindua, espainiarrek edo ingelesek?

Castaños Tolosan atxilotu zuten, ez zedin Donostiara joan. Castañosek esan zuen Wellingtonekin hitz egin gabe ez zuela bere burua entregatuko. Wellington orduan Iruñean zegoen, hari su ematen; etorri zen Iruñetik eta hitz egin zuten bakar-bakarrik. Inork ez omen daki zertaz aritu ziren, baina nahikoa da ikustea zer egin zuten; hori izango da adostu zutena. Eta zer gertatu zen? Castaños entregatu egin zen, eta Wellingtonek Donostiari egin zion eraso.

Zergatik da garrantzitsua frogatzea Castaños jeneralak agindu zuela sutea?

Castaños Portugaletekoa (Bizkaia) zen; monumentua eta dena dauka. Eta, jakina, guk baldin badakigu hori egin zuela, gezurra dirudi berak Donostian kale bat edukitzea; ezin liteke hori. Horregatik du garrantzia eztabaidatzen ari garenak: kaleak daude Castañosen izenarekin. Ez da onartzen Castañosek eman ziola su Donostiari.

Zertan oinarritzen zarete hori hala dela esateko?

1813ko abuztuaren 4an 21 herritarrek sinatu zuten Pasaian Wellingtoni egindako eskaera bat esanez soldadu ingeles eta portugaldarrak entzun zituztela esaten Donostia hartzen bazuten herritar guztiak akabatu eta hiriari su emango ziotela. Hementxe daukat gutuna. Hura gertatu zenean, akta bat idatzi zuten zer gertatu zen kontatzeko, baina begira zer gauza arraroa, nik ditudan bi liburutan bi akta desberdin daude. Batean dio zirriborroa dela, eta bestean ez; baina gauza bakar bat kentzen diote, izen bat bakarrik: Castaños jeneralarena. Castañosek denak hiltzeko agindua eman zuela liburuetan dago, eta hori zabaldu nahi dugu. Gezurra dirudi nola idatzi den Donostiako historia hori jarri gabe.

Nafarroari bira, bi ibairen artean

Orain lau urte inguru, 2008ko udazkenean hasi zen Ordizian bizi den erretiratu talde bat —horietako asko Ataungoak jaiotzez— gerora bestelako dimentsioa hartu duen proiektu bat gorpuzten. Erretiro aurreratua hartutakoak eta erretiratuak ziren gehienak, eta mendizaleak ere bai, ezinbestean. Mahai baten bueltan eseri, eskuratu beharreko dokumentazioa eskuratu, eta Euskal Pirinioen Itzulia egin zuten 2009. urtean. Hogei etapatan osatu zuten zeharkaldia 21 lagunek, Hendaian (Lapurdi) hasiz eta Hondarribian bukatuz. 405 kilometro egin zituzten guztira, 109 ordutan.

Proiektu arrakastatsua izan zen hura. Batetik, aspaldian ibili gabeko bazterretan ibiltzeko aukera izan zutelako horietako askok, eta, bestetik, ordura arte mendian elkarrekin ibiltzeko ohiturarik ez zuten herritarrak elkartzea lortu zutelako. Erretiratuen ustezko bizitza pasiboari aktibitatea emateko ere balio izan zuen, astean behin lagun artean kirola eginez mendian. 2009ko udazkena zen, eta negua baliatu zuten hurrengo proiektua prestatzeko.

Bi aukera zituzten mahai gainean. Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotzea ala Donejakue bideak Euskal Herrian barrena osatzen duen bidea egitea. 2009ko abenduan egin zuten bazkari batean erabaki zuten Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotuko zituztela bi urteko epean. Hori bai, lehen esperientzia hark izan zuen arrakasta ikusita, taldera biltzeko deia egin zieten proiektuan parte hartzeko prest zeuden Goierriko erretiratuei. Batetik, lagun berriak egiteko aukera egokia izan zitekeela ikusi zuten, eta, bestetik, autobusaren kostua merkatuko zitzaiela. 2010eko urtarrilean hasi eta iazko urrian bukatu zuten bigarren egitasmoa 50 bat ibiltari goierritarrek.

Iazko udazken-negu partean etena egin zuten berriz, baina argi zuten aurten ere beste ibilbideren bat egin behar zutela, ez zirela etxean nagiak jota geratuko. Talde finkoa zuten, besteak beste, Ordizia, Beasain, Ataun, Zaldibia, Legorreta, Idiazabal, Segura eta Legazpiko 40 gizonezkok eta hamar bat emakumezkok osatua. Denek barneratutako funtzionatzeko ohitura bat ere bazuten, eta hurrengo kolpea nora jo erabakitzea besterik ez zitzaien falta.

"Zer bira egin erabakitzerakoan Nafarroa eta Araba jarri genituen aukeran, eta gehienek Nafarroa nahiago zuten", adierazi du Joxe Mari Barandiaranek, hasiera-hasieratik mendizale taldean dabilen partaideak. Erabaki hori hartzeko garaian Nafarroako konkistaren 500. urteurrenak zerikusirik baduen galdetuta, Barandiaranek uste du "kasualitate hutsa" izan zela.

Taldeko beste beterano batek, Juanjo Mujikak, Nafarroa aukeratzerakoan urteurren hori gogoan izan zuela dio. "Aitzakia polita izan zitekeela pentsatzen nuen nik". Eta aurten taldera bildu den beste lagun batek, Andoni Sarriegik, bestelako azalpen bat eman du aukeraketaz hitz egiterakoan. "Ez da ahaztu behar Nafarroa Euskal Herriaren erdia edo gehiago dela lurrez eta mendi nagusi gehienak ere han daudela. Arabakoa egin zitekeen, eta Gipuzkoakoa ere bai, baina zentzu horretan askoz ere mugatuagoak izango lirateke".

Zortzi lurralde mugakide

Pasai Antxoko Jaizkibel mendi taldeak Interneten jarritako Nafarroako Biraren informazioa oinarri hartuta hasi dira aurten, urtarrilean, bi urte iraungo duen egitasmo hau gauzatzen. "Berez, 52 etapa dira, baina aldaketak egon dira eta egongo dira. Bi etaparekin bat ere egin dugu, eta azkenean pentsatzen dut 50 bat egunetan egingo dugula", zehaztu du Sarriegik. Lehendabiziko etapak, urtarril-otsailean, hegoaldean egin zituzten, Nafarroak Errioxarekin (Espainia) eta Arabarekin muga egiten duen inguruetan. Ondoren, Nafarroa Beherean ibili ziren, Lapurdi, Zuberoa eta Biarno mugakide zituztela, eta Endarlatsatik barrena sartuta, Nafarroak eta Gipuzkoak bat egiten duten lurretan dabiltza azken asteetan. Behin horiek osatuta, Nafarroak Zaragozarekin eta Huescarekin (Aragoi, Espainia) muga egiten duen inguruak ezagutzea faltako zaie.

Lehen sei-zazpi hilabeteetan etapen herenak baino zerbait gehiago egingo dituzte, eta okerrik ez bada, datorren astean egingo dute aldi honetako azkena, abuztuan jai egin, eta irail partean atzera bideari ekiteko. "Aste bakoitzean zer etapa egin eguraldiaren eta urtaroaren arabera aukeratzen dugu, eta asteartea, asteazkena edo osteguna dira irteera egiteko egunak", argitu du Sarriegik.

"Etapa batzuk motelagoak eta beste batzuk bizixeagoak" izan direla adierazi du Sarriegik, eta orain artekoetan bi nabarmentzekotan, Bidaxune (Nafarroa Beherea) eta Sartaguda (Nafarroa) inguruak aipatu ditu. "Nik bi ibaiak aipatuko nituzke. Iparraldean Biduzek kilometro batzu-batzuk markatzen ditu, baina hegoaldean Ebro da ardatza, beti dago presente. Ez naiz asko ibilia hegoaldean, eta harritu ere egin nau", adierazi du Mujikak.

Aste gorrian adineko jendez osatutako 50 laguneko tropela herri batera iristean jendeak harriduraz begiratu izan die, baina joandako tokian "harrera oso ona" izan dutela diote. "Astearte batean ehun euroko gastua egitea zerbait bada, ezta!", diote irribarrez, umorea eta gogoa uztartuz adinak mugarik ez duela erakutsiz.

Etxe berri bila aritzea, erleen urteroko lana

Erle erregina berriak jaiotzeko unea iristen denean, erregina zaharrek erlauntza utzi egiten dute erle langileen erdiekin. Etxe bila hasten dira, zeregin horretara erle esploratzaileak bidalita. Bitartean, denak batera egoten dira, behin-behineko etxe...

Villabonako jaietan gogoan izango dute

Remi Aiestaranen lagunek eta herritarrek, haren heriotzaren ondoren, Remi Gogoan Ekimena sortu zuten, "beharrezkoa" ikusten baitzuten "Remik Villabonari eta Euskal Herriari egindako ekarpena goraipatzea".Bi helbururekin sortu zuten herri ekimena. Alde...

Emaileen obuluak behar izanez gero, Gurutzetara

Urtarrilean nabarmen zabaldu zuten Gipuzkoako ugalketa lagunduko eskaintza publikoa, Donostiako Ospitaleko unitate berria irekiz; ordura arte soilik Gurutzetan (Barakaldo, Bizkaia) egiten zituen hainbat tratamendu Osakidetzak. Orain, Donostian intsemi...

3,7

Lanbidek lanpostu berriak sortzeko jarritako dirua. Lanbidek, eskualdeko enplegu planen bidez, 3,7 milioi euro emango ditu Gipuzkoan lanpostuak sortzeko. Horietatik 1,3 milioi krisiak gehien eragindako lekuetan erabiliko dituzte.

Hiru urteko hutsunearen aurrean, tinko

Remi Aiestaranek 2009ko uztailaren 31n eman zuen bere azken arnasa, 27 urte zituela, herriko jaietan. Une hartan, Villabonako jarduneko alkatea zen. Familiak argi dauka: "Polizia indarkeriaren ondorioz hil zen Remi; eraila izan zen". Epaitegiak osasun arazora mugatzen dira: aortako aneurisma. Auzia: artxibaturik. Hiru bider.

Hiru urte joan dira ordutik, eta urteotan, familiak, "babesa" eta "inpotentzia" ezagutu dituela dio. Kontraesanaren alde batean, herritarrak kokatzen dituzte; beste aldean, epaitegiak eta agintariak. Remi Aiestaranen sendiarentzat, ordea, bi sentipen horiek badute ezaugarri komun bat. "Borrokan jarraitzeko indarra ematen dute", adierazi du Jose Joakin Aiestaranek, Remi zenaren aitak.

2010eko uztailaren 14an jakin zuen sendiak, gaztearen heriotzaren inguruko ikerketa artxibatzea erabaki zuela Tolosako epaitegiak: "Hilero-hilero joaten ginen epaitegira autopsiaren behin betiko emaitzen bila. Horietako batean, auzia artxibaturik zegoela esan ziguten, eta Remiren aita jakinaren gainean zegoela. Nik hori ezinezkoa zela esan nien, haren aita ni bainintzen".

Sumarioa lortzeko ere arazoak izan zituzten. "Baina azkenean, ofizialki ez bada ere, zeharka lortu genuen", dio Ane Aiestaranek, Remiren arrebak. Gero, abokatuekin harremanetan jarri ziren. Epaitegian eginiko ikerketarekin ados ez zeudenez, auzia artxibatzearen aurkako helegitea jarri zuten: "Gure ustez, ez zen bat-bateko heriotza izan, erailketa baizik. Remi Gogoan Ekimenarekin eta Villabonako Udalarekin harremanetan jarri, eta errekurtsoa aurkeztu genuen Tolosako epaitegian". Sendia akusazio partikular gisa aurkeztu zen; herri akusazio gisa, batetik, Remi Gogoan Ekimena, eta bestetik, udala.

Helegitea atzera bota zuen Tolosako epaitegiak, eta hori ikusita, Gipuzkoako auzitegira joan ziren, eta emaitza bera lortu zuten. Auzia, beraz, artxibaturik gelditu zen hirugarren aldiz. Familia, ordea, ez dago etsitzeko prest: "Oraindik beste aukera bat gelditzen zaigu, Espainiako Auzitegi Gorenean. Han atzera botatzen baldin badute gure eskaria, zigor bidearen amaiera izango litzateke. Hori ikusita, oraingoz horrela gelditzea erabaki dugu; aukera bat gordetzen dugu. Biharko egunean, egoera aldatuko balitz, auzia irekitzea eskatuko genuke. Bien bitartean, bide administratiboari ekin diogu", adierazi du anaiak, Mikel Aiestaranek.

Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren dekretu batekin egin dute topo: estatuaren indarkeriaren biktimen ingurukoarekin. Dekretuak 1960. eta 1978. urteen arteko biktimak soilik onartzen ditu, eta horrekin ez dator bat Aiestaran sendia: "Poliziaren indarkeriak, estatuarenak, ez du etenik izan azken urteotan. Torturak, Xuban Nafarrate eta Iñigo Cabacasen kasuak, horren adibide garbiak dira. Data muga hori, 1978a, aldatzea eskatzen dugu. Badakigu ez dela erraza izango, eta, agian, gure belaunaldi berriei tokatuko zaie borroka honetan jarraitzea, baina gure egoera berean familia ugari daude, eta Egiari Zor Fundazioaren inguruan indarrak biltzen ari gara", adierazi du aitak.

Bertsio ofizialaren aurka

Remi Aiestaranen familiarentzat, 2009ko uztailaren 31n gertatua ez da bertsio ofizialak dioena, baina lehenago edo geroago, historiak "bakoitza bere lekuan" jarriko duelakoan daude: "San Ignazio eguna, arratsaldeko zazpiak, eta Ertzaintza festa gunean. Ehunka lekuko, prentsan argazkiak..., eta eurak festa gunera ez zirela sartu esanaz", ekarri du gogora Ane Aiestaranek. Bertsio ofizialaren arabera, dei bat jaso zuen Ertzaintzak, norbait lurrera erori zela esateko, eta orduan sartu ziren festa gunera. "Hori diote epaitegiko ikerketan, bertsio ofizialean", salatu du Mikel Aiestaranek. Ordea, herritarrek ikusitakoa bestelakoa dela dio familiak. "Herri guztiak ikusi zituen egun horretan, Remirekin eztabaidan, bera urduri jarri nahian, bere bila uneoro... Ertzainak herriko plazan zeudela, hainbat gurasok haurrak hartu eta handik eraman behar izan zituzten; gazteak, dantzan hasi zitzaizkien ertzainei euren aurrean, musika taldeak soinu entsegua egiten ari zirelako..., eta eurak festa gunean ez zirela egon esanaz", salatu du anaiak. "Pentsa zenbat lekuko, eta nolako inpunitatearekin mugitzen diren". Egoera horri aurre egiteko, "ikerketa duin bat" besterik ez du eskatzen sendiak; "frogak eta lekukoak ditugulako, eta badakigulako han zer gertatu zen. Ez dugu barkamenik nahi, arduradunek egin zutena onartzea besterik ez, egia eta justizia".

5

Gipuzkoan alkohola edanda gidatzeagatik atxilotuak. Joan den asteburuan bost gidari atxilotu zituen Ertzaintzak Gipuzkoan, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Ataunen, Zumarragan, Irunen, Andoainen eta Hernanin izan ziren atxiloketak.

Gipuzkoan aberats handien gaineko zerga ezarriko dute

Irailean aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak jabetzaren gaineko zerga berria, alegia, aberats handien gaineko zerga izango dena. Hala iragarri du, aste honetan, Helena Franco aldundiko Ogasun diputatuak. Haren arabera, "helburu jakin batekin" ezarriko dute zerga berri hori: "Zergadunek zergak beren benetako aberastasunaren arabera ordaintzea".

Gehien dutenek gehiago ordaintzearen politika horretan aurten berreskuratutako zerga baten emaitzen berri ere eman zuen Francok, agerraldi berean. Ondarearen gaineko zergaren bidez lortutako diruaren berri, hain zuzen —aurreko foru gobernuak 2008an kendu zuen zerga hori—. Orotara, 35,5 milioi euro batu dituzte zerga horren bidez. Alegia, esperotakoa baino 6,5 milioi euro gehiago. Zerga hori berreskuratzearekin Gipuzkoako Foru Aldundiak izan duen "lidergoa" eta "aitzindaritza" ere azpimarratu ditu Ogasun diputatuak. "Denak oraindik zalantzan zeudenean guk aurrera egin genuen Ondare Zerga berreskuratzeko". Eta datuak ikusita neurria "oso egokia" izan dela adierazi du Francok: "Horri esker, egoera zail honetan baliabide kopurua igo ahal izan da. Eta, gainera, kasu honetan, ahalegin gehigarri hori benetan hori egiteko baldintzak betetzen dituzten pertsonen gain ezarri da".

Errenta kanpaina ere, ondo

2011ko Errenta Kanpainaren datuak ere jakinarazi ditu aldundiak. Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak azaldu duenez, errenta kanpainan bidalitako autolikidazio proposamenen %87,5 onartu dira; "inoiz baino gehiago". Aurkeztutako aitorpenen %79,05i dirua itzuli egin behar izan zaie —393.405 aitorpenetatik 310.997ri—. Gainerako %20,95ek, bestalde, dirua itzuli behar izan dute.

Dirutan, kopuruz, izandako emaitzak ere baloratu ditu Olanok, eta "bikainak" izan direla nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako Ogasuna esperotakoa baino 11 milioi euro gehiagorekin geratu da: zergadunei 351 milioi euro itzultzea espero zuten, eta 131 milioi jasotzea. Ordea, ia 342 milioi euro itzuli dituzte —espero baino bederatzi gutxiago—, eta, aldiz, 133 milioi pasatxo jaso dituzte —esperotakoa baino bi milioi euro gehiago—.

Horiek horrela, Franco eta Olano pozik agertu dira Ondare eta Zerga kanpainan lortutako emaitzekin. Olanoren hitzetan: "Batzuek zioten ez genekiela kudeaketa egiten. Hauxe da kudeaketa, hortxe daude emaitzak. Eta bakoitzak nahi dituen balorazioak egin ditzala". Herritarrak ere zoriondu nahi izan ditu: "Errenta eta Ondare kanpaina bikaina izan da. Gipuzkoar guztiak zoriondu behar ditugu beren betebeharrak zintzo bete dituztelako".