Sailkatugabeak

Orain, publikoan ere bai

Ugalketa lagundua ari da apurka zerbitzu publiko gisa Gipuzkoan indarra hartzen. Donostiako Ospitalean 2005ean hasi ziren oinarrizko intseminazioak egiten, eta aurten zabaldu egin dute eskaintza: urtarrilaz geroztik, laguntza bidezko ugalketa egiteko unitate berria dago ospitale publikoan.

"Lehen tratamenduak" deitu die Arantxa Genbek, unitate horretako biologoak, orain arte ematen zituztenei. Bi mota daude horien artean: "Era bat da obulazioa estimulatzea eta harremanak noiz eduki behar diren esatea, eta bestea da obulazioa estimulatu, hazia trebatu eta hazi hori umetoki barruan ipintzea". Biak dira intseminazioak; orain arte, bikotekidearen haziarekin baino ez zituzten egiten prozesu horiek. Urtarrilaz geroztik, baina, emaileena ere erabiltzen dute.

Unitate berriari esker, in vitro ernalketa ere egin daiteke orain Donostiako Ospitalean. Funtsean, neskaren gorputzetik kanpo egiten den ernalketa da in vitro. Horren barruan ere bi mota daude, ordea. "Umekia laborategian lortzen da", azaldu du Genbek: "Neskaren obulutegitik atera, eta prestatu egiten dira obuluak; mutilak hazia ematen du, prestatzen da, eta ernaltzen uzten dira. Edo bestela, hazia txarragoa denean, obulu bakoitzari espermatozoide bat sartzen zaio".

Tratamendua, berez, ez da oso luzea izaten, biologoaren arabera; jada prozesua hasita dagoenean, bost bat aldiz joan behar dute emakumeek ospitalera. "Hiru bider, ekografiak egitera; egun batean ebakuntza gelara, obuluak ateratzera; eta handik bi edo hiru egunera, enbrioi transferentzia egitera".

Luzeagoa izaten da aurreko prozesua; antzutasun arazoak dituzten bikote heterosexualek froga dezente egin behar izaten dituzte ernalketarekin hasi baino lehen. "Froga errazak" dira, Genberen hitzetan: "Bikoteko bi kideak begiratzen dira: neskak nolako obulutegiak dauzkan, ekografia bat, odoleko analisiak hormonak ikusteko... eta mutilari hazia begiratzen zaio, ikusteko ea badauden espermatozoideak eta nolakoak diren".

Hazia kalitatezkoa bada —espermatozoideak "onak eta mugikorrak" badira, Genbek esan duenez—, intseminazioari ekin dakioke, baldin eta emakumeak zabalik baditu Falopioren tronpak. "Hazia ez baldin bada hain ona, edo tronpak itxita badaude, in vitro-ra jo behar da", argitu du Genbek. Horrenbestez, ernalketa mota ez da bikoteak aukeratzen duen zerbait; aukeren arabera egiten da, prozesu sinpleenetik hasi eta zailenerantz: "Intseminazioaren bidez lortzen ez duten bikoteak ere in vitro-ra pasatzen dira".

Osakidetzan halako zerbitzu bat eskatzeko baldintzak klinika pribatuetan baino hertsiagoak dira. Bikote heterosexualek, esaterako, urtebete pasatu behar dute haurdun gelditzeko eginahalean; hori baino lehenago, ez da antzutasun arazo gisa diagnostikatzen. Adina da ugalketa lagundu bidez ama izateko beste faktore garrantzitsu bat: "Askotan, arazo bakarra da neskak urteak bete dituela eta nekezagoa dela haurdun gelditzea". Adinak gora egin ahala obulu gutxiago sortzen direla azaldu du Genbek, eta haien kalitatea ere baxuagoa dela, nahiz eta "morfologikoki, ikusteko, politagoak" izan. Horregatik ez du egiten Osakidetzak ernaltze lagundurik 40 urtetik gorako emakumeekin: "Ez da ez direlako haurdun gelditzen, portzentajeak oso baxuak direlako baizik. 30 urterekin, saio arrakastatsuak %50 dira, baina hori jaisten doa: 35ekin %35 da, 38rekin %20... Eta 43rekin hobe da ez saiatzea, ez direlako haurdun gelditzen".

Bikotearen hazia erabiltzen den kasuetako estatistikak dira horiek. Denak ez dira, ordea, halako kasuak; haurra bikotekiderik gabe izatea erabaki duten emakumeek, bikote lesbianek eta hazia kalitate eskasekoa duten bikote heterosexualek hazi emaileetara jo behar izaten dute. Ospitaleek hazi bankuekin funtzionatu ohi dute; emailea ezezaguna izaten da, baina froga asko egiten zaizkio aurretik. Hasteko, emaile izango direnek sei hilabete igaro behar dituzte astero hazia ematen. "Pentsa, hamar mutiletik hiruk balioko dute emaile izateko", nabarmendu du Genbek. Izan ere, haziaren kalitatea okerrera egiten ari da, eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak jaitsi egin behar izan zituen emaile izateko eskakizunak duela bi urte: "Lehen, hazia normala izateko, mililitroko hogei milioi espermatozoide izatea eskatzen zen; %50 mugikorrak; %75 bizirik eta %14 normal, baina horra ez zen ia inor heltzen. Gaur egun, hogei milioi jaitsi dira hamabostera; mugikortasuna ere jaitsi egin da; bizirik, %50ek egon behar dute; eta normalak izan, %4k".

Hazi eskaseko bikote heterosexualen kasuan, emaileak aitaren ezaugarriak izan ditzan saiatzen dira medikuak: "Odola, arraza, ilea, begiak, altuera, pisua... gutxi gorabehera, antzera samarrekoa ateratzeko".

Donostiako Ospitaleko unitate berrian tratamendua jaso duten emakume batzuk jada haurdun daude; gehien daramana hogei asteko dago. Genbek emandako datuen arabera, beste 35 emakumek egingo dute zikloa hilabete honetan: "Zikloa da ziztatu, ebakuntza gelara joan eta transferentzia egitea. Tratamenduan gehiago daude, batzuk abuzturako prestatzen ari baitira".

Tratamendu motaren arabera, desberdina da arrakastarako probabilitatea. Intseminazio sinpleenek, esaterako, haurdunaldi gutxiago ematen dituzte: %20 inguru. Genbek ohartarazi du, ordea, horrek ez duela esan nahi horiekin saiatu behar ez denik: "Intseminazio batekin lortzen baduzu haurdunaldi bat, ahal duzulako, ez duzu zertan egin in vitro bat". Hori guztia, bikotekidearen hazia erabilita; emaileren baten haziarekin, aukerak handiagoak dira. "Ziklo bakoitzeko portzentajea da hori", esan du Genbek, "baina guk badakigu lau intseminazio eginda gutxi gorabehera hamar bikotetik zazpik lortuko dutela haurdunaldia, eta bik edo hiruk ez". Legez, gehien jota lau intseminazio egin ditzake emakume batek.

Donostiako Ospitaleko unitate berria zabaldu zuten arte, zerbitzu publikoa nahi zuten gipuzkoarrek Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) joan behar izaten zuten. Genbek "ugalketa turismoa" aipatu du: "Pertsona askok kilometro asko egiten dituzte klinika bila". Batzuetan, kalitate bila jotzen dute beste lekuetara; beste batzuetan, prozesua ezkutatzeko nahia egoten da horren atzean. Izan ere, antzutasunak badu oraino zerbait tabutik. Genberen ustez, ordea, ari da hori apurka gainditzen: "Ez da gaixotasun bat; bikote batek duen arazoa da, eta gero eta jende gehiago dago, ez bakarrik emakumeek geroz eta urte gehiago dituztelako, baizik eta geroz eta gehiagok azaltzen dutelako euren arazoa".

Publikorik ezean, pribatua

Orain arte, Donostiako Quiron klinika izan da Gipuzkoan halako tratamenduetarako erreferente nagusia; dena den, ospitale publikoko unitate berria irekitzearen ondorioz ez dute eragin handiegirik sumatu, Koldo Carbonero klinika horretako ginekologia, obstetrizia eta laguntza bidezko ugalketarako buruak azaldu duenez. Izan ere, bateko zein besteko eskaintzek "elkar osatzen" dutela iritzi dio: "Badira zenbait kasu Osakidetzan artatzen ez dituztenak; esaterako, emakumeak 40 urtetik gora dituenean. Guk hartzen ditugu pertsona horiek, nahikoa obulu baldin badituzte. Edo jadanik haur bat edukiz gero, zailagoa da Osakidetzan onar zaitzaten bigarrena ugalketa lagundu bidez edukitzeko". Espainiako Ernaltze Lagunduaren Legeak ez du adin mugarik zehazten, baina klinika gehienek —tartean dago Quiron— adostuta daukate gehienez ere 50 urteko emakumeei ematea zerbitzu hori, "arrazoi etikoengatik".

Ospitale pribatuetara, gainera, kanpotar askok jotzen dutela esan du Carbonerok. Quironen ugalketa lagundua egiten duten bost emakumetik bat Ipar Euskal Herritik edo Frantziatik dator: "Frantziako legedia oso murriztailea da emakume bikotekidegabeen eta lesbianen kasuan; kasu horietan ez du baimentzen ernaltze lagundua. Eta gu bertan gaude; horregatik, Ipar Euskal Herriko jende asko etortzen da".

Garestiak dira, ordea, klinikotako tratamenduak: garestienak 9.000 euro inguruan dabiltzala esan du Carbonerok. "Gainontzekoak 800 eta 3.000 euro artean dabiltza". Pribatuaren azkartasuna nabarmendu du, ostera: Quironen ez dago batere itxaron zerrendarik —publikoan urtebetekoa da—. "Iaz, lehen kontsultara etorri ziren emakumeen batez besteko adina 38 urtekoa izan zen; pertsona horiei itxaron zerrenda jartzen badiegu, porrota eragiten ari gara ezinbestean, tratamenduen arrakasta adinaren araberakoa delako. Ugalketa lagunduko unitate fidagarri batean ezin da itxaron zerrendarik egon".

“Euskal selekzioa sortu aurretik utzi izana da nire pena”

Inork irakurtzen badu hau, eraman nazala berarekin Londresera Olinpiar Jokoak ikustera". Eskubaloizale amorratua da Karmele Makazaga (Zarautz, 1964). Euskal Herriak eman duen emakumezko eskubaloi jokalari onentzat dute askok, eta pena du aurtengo jokoak bertatik bertara ikusteko aukerarik ez duelako izango. "Telebistarekin konformatu behar", dio. Ez du emakumezkoen partida bakar bat galtzerik pentsatzen: "Gaur egun, zoragarria da; partida guztiak ematen dituzte telebistan, eta grabatu eta nahi duzunean ikusi ahal dituzu".1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan egoera oso bestelakoa zela oroitzen du. Espainiako selekzioarekin parte hartu zuen, eta haien lana apenas ikusi ahal izan zen Granollerseko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) estadiotik kanpora. Hala ere, "esperientzia ahaztezina" izan zen hura.

Emakume umoretsua da Makazaga. Irribarretsu, barre artean kontatzen ditu urte haietan bizitako istorioak. Baita emaitzak txarrak izan zirenekoak ere. Izan ere, Makazagak eta haren taldekideek ez zuten emaitza onik lortu Bartzelonan; hamar taldetatik zortzigarren egin zuten: "Orduan, ez genuen mailarik. Jokatu ere, oso gutxi jokatzen genuen urtean zehar. Olinpiar Jokoetarako bai, gehiago entrenatu eta jokatu genuen, eta urteetara ikusi zen orduko lanak eman zituela bere fruituak". Bartzelonako esperientzia emaitzetatik harago zegoen, ordea. "Saltsa guztietan" sartzen ziren; entrenatu, eta jokatu, eta ondoren "ahal zen kirol saio guztiak ikusten egoten ginen", dio. Ikusitako guztitik zer gogoratzen duen galdetuta, ezerk ez zuela bereziki harritu azaldu du. Hala ere, bada asko gogoratzen duen zerbait: "Belar hockeyko nesken Espainiako selekzioak urrezko domina irabazi zuen. Ez zuten espero, eta emaitza oso ona izan zen neskentzat. Hemengo jokalari asko zeuden taldean, donostiarrak, hernaniarrak...".

Bartzelonara ikusle euskaldunak joan ziren, noski, baita Makazagaren ingurukoak ere, Zarauztik. Arazoren bat ere izan zuten, hizkuntzaren harira: "Ikurrinan, aupa, neskak! eta hiru gipuzkoarron izenak jarri zituzten, eta kenarazi egin zieten ikurrina, bertan jartzen zuena ulertzen ez zutelako. Horrelakorik ez da gertatzen gaur egun". Makazagarekin batera Bartzelonan izan ziren beste bi gipuzkoarrak Jasone Diaz de Gereñu eskoriatzarra eta Amaia Ugartemendia errenteriarra zi-ren.

Eskubaloian egindako ibilbidean, 130 partida jokatu zituen guztira Espainiako selekzioarekin. "Batzuk badira, baina nire marka askok hautsi dute, orain askoz partida gehiago jokatzen direlako". Hala ere, harro esan dezake edonori ematen ez dioten diploma baten jabe dela: Espainiako Kirol Federazioak ematen duen kirol merezimenduarena, hain zuzen. Orain 25 urte jaso zuen. Gainera, urte askoan bera izan zen selekzioko kapitaina: "Erdian edo hegalean jokatu izan dut, beti agintzen! Hala esaten zuten behintzat!". Selekzioen kontuan pena handi bat ere badu, ordea: "Bizitzan izan dudan pena handiena euskal selekzioa sortu aurretik eskubaloia utzi izana da". Inbidiaz begiratzen die aukera hori izan dutenei: "Euskal selekzioaren partida bat telebistaz komentatzeko aukera izan nuen orain urte batzuk. Esperientzia polita izan zen, baina sekulako inbidia pasatu nuen!".

Kontuak kontu, eskubaloiarekin ederki gozatu zuen utzi zuen arte. "Oraingo neskak baino alaiagoak ginen gu; naturalago jokatzen eta gozatzen genuen kirol honekin", dio. Zarauzko, Hernaniko eta Donostiako taldeetan jokatu zuen, beti lehenengo mailan: "Goiko mailan aritzeko aukera izan dut beti. Madrilera joateko aukera ere izan nuen, baina ez nintzen joan, eta damutu ere ez nintzen egin".

1994an utzi zion jokatzeari. Ordutik, kantxaz kantxa jarraitzen du, ordea. Zarauzko Aiala nesken eskubaloi klubeko bigarren taldeko entrenatzailea da. Lehen taldea entrenatzen hasi zen: "Jokatzeari utzi, eta berehala hartu nuen lehen taldea. Gero, alaba izan nuen, eta urte hartan bertan lehen mailara igo ginen. Beraz, jarraitu egin behar izan nuen. Aurreneko urteetan makina bat komeria izan nituen dena uztartzeko!". Oraindik eskubaloia bizi egiten du: "Oraindik hor dut harra, eta entrenamenduetan jokatzen dut batzuetan. Geuk antolatzen dugun Txaparrotan ekimenean ere hiru partida jokatu nituen. Hurrengo egunean ez nintzen pertsona!", dio barrez. Emakumezkoen eskubaloia pixkanaka aurrera doala uste du, eta Zarauzko kasuan behintzat, babeslea eskertu nahi du: "Argiñano familiagatik ez balitz, herrian ez legoke nesken talderik".

Villabonako jaietan gogoan izango dute

Remi Aiestaranen lagunek eta herritarrek, haren heriotzaren ondoren, Remi Gogoan Ekimena sortu zuten, "beharrezkoa" ikusten baitzuten "Remik Villabonari eta Euskal Herriari egindako ekarpena goraipatzea".Bi helbururekin sortu zuten herri ekimena. Alde...

Emaileen obuluak behar izanez gero, Gurutzetara

Urtarrilean nabarmen zabaldu zuten Gipuzkoako ugalketa lagunduko eskaintza publikoa, Donostiako Ospitaleko unitate berria irekiz; ordura arte soilik Gurutzetan (Barakaldo, Bizkaia) egiten zituen hainbat tratamendu Osakidetzak. Orain, Donostian intsemi...

3,7

Lanbidek lanpostu berriak sortzeko jarritako dirua. Lanbidek, eskualdeko enplegu planen bidez, 3,7 milioi euro emango ditu Gipuzkoan lanpostuak sortzeko. Horietatik 1,3 milioi krisiak gehien eragindako lekuetan erabiliko dituzte.

Hiru urteko hutsunearen aurrean, tinko

Remi Aiestaranek 2009ko uztailaren 31n eman zuen bere azken arnasa, 27 urte zituela, herriko jaietan. Une hartan, Villabonako jarduneko alkatea zen. Familiak argi dauka: "Polizia indarkeriaren ondorioz hil zen Remi; eraila izan zen". Epaitegiak osasun arazora mugatzen dira: aortako aneurisma. Auzia: artxibaturik. Hiru bider.

Hiru urte joan dira ordutik, eta urteotan, familiak, "babesa" eta "inpotentzia" ezagutu dituela dio. Kontraesanaren alde batean, herritarrak kokatzen dituzte; beste aldean, epaitegiak eta agintariak. Remi Aiestaranen sendiarentzat, ordea, bi sentipen horiek badute ezaugarri komun bat. "Borrokan jarraitzeko indarra ematen dute", adierazi du Jose Joakin Aiestaranek, Remi zenaren aitak.

2010eko uztailaren 14an jakin zuen sendiak, gaztearen heriotzaren inguruko ikerketa artxibatzea erabaki zuela Tolosako epaitegiak: "Hilero-hilero joaten ginen epaitegira autopsiaren behin betiko emaitzen bila. Horietako batean, auzia artxibaturik zegoela esan ziguten, eta Remiren aita jakinaren gainean zegoela. Nik hori ezinezkoa zela esan nien, haren aita ni bainintzen".

Sumarioa lortzeko ere arazoak izan zituzten. "Baina azkenean, ofizialki ez bada ere, zeharka lortu genuen", dio Ane Aiestaranek, Remiren arrebak. Gero, abokatuekin harremanetan jarri ziren. Epaitegian eginiko ikerketarekin ados ez zeudenez, auzia artxibatzearen aurkako helegitea jarri zuten: "Gure ustez, ez zen bat-bateko heriotza izan, erailketa baizik. Remi Gogoan Ekimenarekin eta Villabonako Udalarekin harremanetan jarri, eta errekurtsoa aurkeztu genuen Tolosako epaitegian". Sendia akusazio partikular gisa aurkeztu zen; herri akusazio gisa, batetik, Remi Gogoan Ekimena, eta bestetik, udala.

Helegitea atzera bota zuen Tolosako epaitegiak, eta hori ikusita, Gipuzkoako auzitegira joan ziren, eta emaitza bera lortu zuten. Auzia, beraz, artxibaturik gelditu zen hirugarren aldiz. Familia, ordea, ez dago etsitzeko prest: "Oraindik beste aukera bat gelditzen zaigu, Espainiako Auzitegi Gorenean. Han atzera botatzen baldin badute gure eskaria, zigor bidearen amaiera izango litzateke. Hori ikusita, oraingoz horrela gelditzea erabaki dugu; aukera bat gordetzen dugu. Biharko egunean, egoera aldatuko balitz, auzia irekitzea eskatuko genuke. Bien bitartean, bide administratiboari ekin diogu", adierazi du anaiak, Mikel Aiestaranek.

Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren dekretu batekin egin dute topo: estatuaren indarkeriaren biktimen ingurukoarekin. Dekretuak 1960. eta 1978. urteen arteko biktimak soilik onartzen ditu, eta horrekin ez dator bat Aiestaran sendia: "Poliziaren indarkeriak, estatuarenak, ez du etenik izan azken urteotan. Torturak, Xuban Nafarrate eta Iñigo Cabacasen kasuak, horren adibide garbiak dira. Data muga hori, 1978a, aldatzea eskatzen dugu. Badakigu ez dela erraza izango, eta, agian, gure belaunaldi berriei tokatuko zaie borroka honetan jarraitzea, baina gure egoera berean familia ugari daude, eta Egiari Zor Fundazioaren inguruan indarrak biltzen ari gara", adierazi du aitak.

Bertsio ofizialaren aurka

Remi Aiestaranen familiarentzat, 2009ko uztailaren 31n gertatua ez da bertsio ofizialak dioena, baina lehenago edo geroago, historiak "bakoitza bere lekuan" jarriko duelakoan daude: "San Ignazio eguna, arratsaldeko zazpiak, eta Ertzaintza festa gunean. Ehunka lekuko, prentsan argazkiak..., eta eurak festa gunera ez zirela sartu esanaz", ekarri du gogora Ane Aiestaranek. Bertsio ofizialaren arabera, dei bat jaso zuen Ertzaintzak, norbait lurrera erori zela esateko, eta orduan sartu ziren festa gunera. "Hori diote epaitegiko ikerketan, bertsio ofizialean", salatu du Mikel Aiestaranek. Ordea, herritarrek ikusitakoa bestelakoa dela dio familiak. "Herri guztiak ikusi zituen egun horretan, Remirekin eztabaidan, bera urduri jarri nahian, bere bila uneoro... Ertzainak herriko plazan zeudela, hainbat gurasok haurrak hartu eta handik eraman behar izan zituzten; gazteak, dantzan hasi zitzaizkien ertzainei euren aurrean, musika taldeak soinu entsegua egiten ari zirelako..., eta eurak festa gunean ez zirela egon esanaz", salatu du anaiak. "Pentsa zenbat lekuko, eta nolako inpunitatearekin mugitzen diren". Egoera horri aurre egiteko, "ikerketa duin bat" besterik ez du eskatzen sendiak; "frogak eta lekukoak ditugulako, eta badakigulako han zer gertatu zen. Ez dugu barkamenik nahi, arduradunek egin zutena onartzea besterik ez, egia eta justizia".

5

Gipuzkoan alkohola edanda gidatzeagatik atxilotuak. Joan den asteburuan bost gidari atxilotu zituen Ertzaintzak Gipuzkoan, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Ataunen, Zumarragan, Irunen, Andoainen eta Hernanin izan ziren atxiloketak.

Gipuzkoan aberats handien gaineko zerga ezarriko dute

Irailean aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak jabetzaren gaineko zerga berria, alegia, aberats handien gaineko zerga izango dena. Hala iragarri du, aste honetan, Helena Franco aldundiko Ogasun diputatuak. Haren arabera, "helburu jakin batekin" ezarriko dute zerga berri hori: "Zergadunek zergak beren benetako aberastasunaren arabera ordaintzea".

Gehien dutenek gehiago ordaintzearen politika horretan aurten berreskuratutako zerga baten emaitzen berri ere eman zuen Francok, agerraldi berean. Ondarearen gaineko zergaren bidez lortutako diruaren berri, hain zuzen —aurreko foru gobernuak 2008an kendu zuen zerga hori—. Orotara, 35,5 milioi euro batu dituzte zerga horren bidez. Alegia, esperotakoa baino 6,5 milioi euro gehiago. Zerga hori berreskuratzearekin Gipuzkoako Foru Aldundiak izan duen "lidergoa" eta "aitzindaritza" ere azpimarratu ditu Ogasun diputatuak. "Denak oraindik zalantzan zeudenean guk aurrera egin genuen Ondare Zerga berreskuratzeko". Eta datuak ikusita neurria "oso egokia" izan dela adierazi du Francok: "Horri esker, egoera zail honetan baliabide kopurua igo ahal izan da. Eta, gainera, kasu honetan, ahalegin gehigarri hori benetan hori egiteko baldintzak betetzen dituzten pertsonen gain ezarri da".

Errenta kanpaina ere, ondo

2011ko Errenta Kanpainaren datuak ere jakinarazi ditu aldundiak. Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak azaldu duenez, errenta kanpainan bidalitako autolikidazio proposamenen %87,5 onartu dira; "inoiz baino gehiago". Aurkeztutako aitorpenen %79,05i dirua itzuli egin behar izan zaie —393.405 aitorpenetatik 310.997ri—. Gainerako %20,95ek, bestalde, dirua itzuli behar izan dute.

Dirutan, kopuruz, izandako emaitzak ere baloratu ditu Olanok, eta "bikainak" izan direla nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako Ogasuna esperotakoa baino 11 milioi euro gehiagorekin geratu da: zergadunei 351 milioi euro itzultzea espero zuten, eta 131 milioi jasotzea. Ordea, ia 342 milioi euro itzuli dituzte —espero baino bederatzi gutxiago—, eta, aldiz, 133 milioi pasatxo jaso dituzte —esperotakoa baino bi milioi euro gehiago—.

Horiek horrela, Franco eta Olano pozik agertu dira Ondare eta Zerga kanpainan lortutako emaitzekin. Olanoren hitzetan: "Batzuek zioten ez genekiela kudeaketa egiten. Hauxe da kudeaketa, hortxe daude emaitzak. Eta bakoitzak nahi dituen balorazioak egin ditzala". Herritarrak ere zoriondu nahi izan ditu: "Errenta eta Ondare kanpaina bikaina izan da. Gipuzkoar guztiak zoriondu behar ditugu beren betebeharrak zintzo bete dituztelako".