Sailkatugabeak

Udaren aurpegi laiotza

Inurriak ezti pote batean bezala pilatzen dira udatiarrak Gipuzkoako kostaldean udako oporretan; eguzkiak jotzen duen unerik ez da gelditzen aprobetxatu gabe, ez eta hondartza zatirik okupatzeke. Krisiak krisi, kalean urteroko saturazioa nabaritzen hasi dira itsasertzean bizi diren herritarrak; ez daude alferrik kontzentratuta kostako zortzi herritan 110 ostatu, Gipuzkoako hotel guztien erdiak baino gehiago.

Deba, Hondarribia, Zarautz eta era horretako herrietan "erabat ezberdinak" dira uda eta gainontzeko hilabeteak, Iñaki Eizagirre Zarauzko Udaleko Hirigintza, Ogasun eta Finantza zinegotziaren hitzetan: "Udan, Zarautz beste herri bat da". Sasoi horretan, turismoa bihurtzen da herri horietako ekonomiaren motorra, eta denak egiten du gora: biztanleria hazten da, zirkulazioa zaildu, eta zenbait etxejabek eta merkatarik ere baliatzen dute aukera prezioak igotzeko. "Hemen dena aprobetxatzen da jendea dagoenean", esan du Karmele Alberdik, Zarauzko Turismo zinegotziak. Ez da beti bertakoen mesedetan izaten, ordea.

"Herriko kontsumoak gora egiten du turismoarekin, bistan da", azaldu du Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko Udaleko Turismo zinegotziak: "Pertsonen ugaritzeak sor dezakeen eraginaz gain, hirirako dakarren onura ekonomikoa ukaezina da, bertakoak baitira lan horren ordaina jasotzen duten enpresa txikiak".

Lan kontratazioek beti egiten dute gora udan, Sagarzazuren arabera: "Ostalaritzan, merkataritzan, TAOn...". Alberdik begi onez ikusten du hori, gazteentzako aukera ona dela uste baitu: "Hemengo ikasleek uda aprobetxatzen dute negurako pezetak ateratzeko. Hondartza garbitzen, toldero, zerbitzari, haurrak zaintzen... Ondo etortzen da. Hori egongo ez balitz...".

Beste alde batetik begiratu dio kontuari Eizagirrek: lana badago, baina dagoena "den modukoa" da, eta baldintzak ere ez dira onenak: "Zarautzen gertatzen dena da dendak eta tabernak ez direla oso handiak; gehienez lau-bost langile izaten dituzte. Hortaz, lau langilerekin zazpi egunetan hamabi orduz lan egiteko... edo langile gehiago hartzen dituzu —eta horrek kostu gehiago du jabearentzat—, edo ahal den moduan moldatzen zara. Lana beti egongo baita udan".

Zerbitzuen sektoreak presentzia handia du kostako herrietan, Eizagirrek azaldu duenez: "Zarautzen ez dago enpresa handirik; eredu orekatu batekin alderatuta, industria oso txikia du. Tabernak eta dendak dira nagusi". Horregatik, berebiziko garrantzia du udako kontsumo gorakadak herri horietako ekonomiarentzat.

Probetxu gutxiago ateratzen diote kostako udalek udan sortzen den zirkulazioari. Hondarribiko eta Zarauzko turismo datuek diote kanpotar gehienak autoz bertaratzen direla. Hondarribian asko antzematen da hori, Sagarzazuren arabera: "Zirkulazioa handitu egiten da, hirirako sarrerak eta irteerak bide bakarretik egiten direlako". Horrek aparkatzeko arazoak ere badakartza. Zarautzen, esaterako, neguan alde zaharrean soilik ordaindu behar izaten da TAO, Alberdik azaldu duenez: "Kasko zaharretik aterata, erraz aparka daiteke neguan. Udan zer gertatzen da? Hainbeste autorekin, TAO leku guztietara zabaltzen dela". Hori diru iturri gisa ere ikus daiteke, baina, berez, beste helburu bat du. "Nahiz eta azken urteotan etekinerako erabili den, TAO ez da dirua", esan du Eizagirrek; " TAO mugikortasuna da: autoen erabilera bultzatu edo ez".

Udan, 2.000 euroko alokairua

Urtean zehar 16.500 pertsona bizi dira Hondarribian; udan 30.000ra igotzen da kopuru hori, Sagarzazuk emandako datuen arabera. Zarautzen ere igartzen da hori, Eizagirreren hitzetan: "Bizitza aldatu egiten da". Zarauzko daturik ez dute bertako udalekoek. "Aipatu izan da bikoiztu eta hirukoiztu egiten dela biztanleria", esan du Eizagirrek: "2.000 etxebizitza udan soilik erabiltzen dira, eta kanpinean-eta ere egoten da jendea; okupazioa %100ekoa denean, bai, populazioa handitzen da". Denera 2.680 toki daude herriko ostatuetan, eta ia denak betetzen dira udan: iaz, %92ko okupazio tasa neurtu zuten uztailean, eta %98koa abuztuan.

Sasoi horretan etxebizitzen prezioak igo egiten direla bi herrietako udal ordezkariek esan dute. "Etxe batzuk bakarrik irailetik ekainera alokatzen dira, eta gero etxea utzi egin behar da", azaldu du Alberdik. "Zarautzen, etxebizitzen batez besteko prezioa 800 eurokoa da hilean; udan 1.000 eta 2.000 artean ibiltzen dira".

Badira urtean zehar alokatu ere egiten ez dituzten etxeak ere. "Etxe hutsak" deitu ohi zaie horiei, baina juridikoki ez dago zehaztuta zer den etxe huts bat. "Etxe hutsa baldin bada udan bakarrik erabiltzen dena, nahiko kopuru handia da: 3.000 etxe ez dira erabiltzen normalean Zarautzen, gutxi gorabehera 11.000 ingurutik". Beste datu bat ere eman du Eizagirrek: Zarauzko Udalak duela hiru urte egindako azterketa baten arabera, 800 etxe inguru ez dira inoiz erabiltzen. "Ez neguan, ez udan".

Juridikoki etxe huts bat zer den zehaztu gabe, ordea, zaila da horren kontrako neurri fiskalik hartzea, eta bestelako "zirrikituak" bilatu behar dira. Horregatik onartu zuten uztailaren 2an Gipuzkoako Batzar Nagusiek ohikoak ez diren etxebizitzen zergak %50 igotzea. Zarautzen ere neurri hori indarrean jartzea proposatuko du udal gobernuak datorren urteko aurrekontuei begira. Gehiengoa lortuz gero, %50eko errekargua jarriko diete bigarren, hirugarren eta bestelako etxebizitza guztiei. "Fiskalitate aldaketa horrekin lortu nahi dena da, hain justu, etxebizitza horiei gainkarga bat jartzea, jabeak behartzeko etxe horiek alokairura edo merkatura ateratzera", azaldu du Eizagirrek.

"Etxebizitzarekin arazo bat daukagu Zarautzen. Beti esaten da etxebizitzen prezioak jaisten ari direla azken lauzpabost urteotan; Zarautzen ez, Zarautzen mantendu egiten dira". Izan ere, etxe horietako asko espekulaziorako erabili izan dira kostako herrietan: "Azken hamarkadetan, joera egon da familietako aurrezkiekin etxebizitzak erosteko, eskubidea den zerbaitekin negozioa egiteko".

Turismo eredu berriak buruan

Hori guztia ondo ezkontzen da Gipuzkoako kostaldean sustatu ohi den turismo ereduarekin. "Familia turismoa" da, Alberdiren hitzetan: etxebizitzetan egonaldi luzeak egiteko ohitura handia dago. "Hona etortzen diren turistak beti izan dira barrukoak, hemen etxea dutenak", nabarmendu du Eizagirrek. "Garai batean bazeuden hotel batzuk, baina kendu egin zituzten, eta beste era bateko turismoa bultzatu zen. Hori da beti eduki dugun ideia: kanpokoak etortzen dira, uda pasatzen dute eta dirua lagatzen dute". Hori ere aldatzen ari da, ordea: "Jendea jada ez da etortzen egunak pasatzera, baizik eta eguna pasatzera: goizean etorri, jana etxetik ekarri, egon eta buelta".

Turismoa aberastasuna sortzeko baliabide izango bada, eredu berriak bilatu behar direlakoan daude bi herrietako udal ordezkariak. "Ez gara soilik hondartzatik biziko. Eskaintza zabaldu egin behar da", esan du Eizagirrek. Sagarzazuk ere antzeko iritzia du: "Turismoa ezinbestekoa da, baina turismo moduak askotarikoak dira; urtean zehar jasotzen ditugun bisitariei eskaintza aberatsa egin behar diegu, bertakoentzat iraunkorra izango dena, bestalde".

Orain, publikoan ere bai

Ugalketa lagundua ari da apurka zerbitzu publiko gisa Gipuzkoan indarra hartzen. Donostiako Ospitalean 2005ean hasi ziren oinarrizko intseminazioak egiten, eta aurten zabaldu egin dute eskaintza: urtarrilaz geroztik, laguntza bidezko ugalketa egiteko unitate berria dago ospitale publikoan.

"Lehen tratamenduak" deitu die Arantxa Genbek, unitate horretako biologoak, orain arte ematen zituztenei. Bi mota daude horien artean: "Era bat da obulazioa estimulatzea eta harremanak noiz eduki behar diren esatea, eta bestea da obulazioa estimulatu, hazia trebatu eta hazi hori umetoki barruan ipintzea". Biak dira intseminazioak; orain arte, bikotekidearen haziarekin baino ez zituzten egiten prozesu horiek. Urtarrilaz geroztik, baina, emaileena ere erabiltzen dute.

Unitate berriari esker, in vitro ernalketa ere egin daiteke orain Donostiako Ospitalean. Funtsean, neskaren gorputzetik kanpo egiten den ernalketa da in vitro. Horren barruan ere bi mota daude, ordea. "Umekia laborategian lortzen da", azaldu du Genbek: "Neskaren obulutegitik atera, eta prestatu egiten dira obuluak; mutilak hazia ematen du, prestatzen da, eta ernaltzen uzten dira. Edo bestela, hazia txarragoa denean, obulu bakoitzari espermatozoide bat sartzen zaio".

Tratamendua, berez, ez da oso luzea izaten, biologoaren arabera; jada prozesua hasita dagoenean, bost bat aldiz joan behar dute emakumeek ospitalera. "Hiru bider, ekografiak egitera; egun batean ebakuntza gelara, obuluak ateratzera; eta handik bi edo hiru egunera, enbrioi transferentzia egitera".

Luzeagoa izaten da aurreko prozesua; antzutasun arazoak dituzten bikote heterosexualek froga dezente egin behar izaten dituzte ernalketarekin hasi baino lehen. "Froga errazak" dira, Genberen hitzetan: "Bikoteko bi kideak begiratzen dira: neskak nolako obulutegiak dauzkan, ekografia bat, odoleko analisiak hormonak ikusteko... eta mutilari hazia begiratzen zaio, ikusteko ea badauden espermatozoideak eta nolakoak diren".

Hazia kalitatezkoa bada —espermatozoideak "onak eta mugikorrak" badira, Genbek esan duenez—, intseminazioari ekin dakioke, baldin eta emakumeak zabalik baditu Falopioren tronpak. "Hazia ez baldin bada hain ona, edo tronpak itxita badaude, in vitro-ra jo behar da", argitu du Genbek. Horrenbestez, ernalketa mota ez da bikoteak aukeratzen duen zerbait; aukeren arabera egiten da, prozesu sinpleenetik hasi eta zailenerantz: "Intseminazioaren bidez lortzen ez duten bikoteak ere in vitro-ra pasatzen dira".

Osakidetzan halako zerbitzu bat eskatzeko baldintzak klinika pribatuetan baino hertsiagoak dira. Bikote heterosexualek, esaterako, urtebete pasatu behar dute haurdun gelditzeko eginahalean; hori baino lehenago, ez da antzutasun arazo gisa diagnostikatzen. Adina da ugalketa lagundu bidez ama izateko beste faktore garrantzitsu bat: "Askotan, arazo bakarra da neskak urteak bete dituela eta nekezagoa dela haurdun gelditzea". Adinak gora egin ahala obulu gutxiago sortzen direla azaldu du Genbek, eta haien kalitatea ere baxuagoa dela, nahiz eta "morfologikoki, ikusteko, politagoak" izan. Horregatik ez du egiten Osakidetzak ernaltze lagundurik 40 urtetik gorako emakumeekin: "Ez da ez direlako haurdun gelditzen, portzentajeak oso baxuak direlako baizik. 30 urterekin, saio arrakastatsuak %50 dira, baina hori jaisten doa: 35ekin %35 da, 38rekin %20... Eta 43rekin hobe da ez saiatzea, ez direlako haurdun gelditzen".

Bikotearen hazia erabiltzen den kasuetako estatistikak dira horiek. Denak ez dira, ordea, halako kasuak; haurra bikotekiderik gabe izatea erabaki duten emakumeek, bikote lesbianek eta hazia kalitate eskasekoa duten bikote heterosexualek hazi emaileetara jo behar izaten dute. Ospitaleek hazi bankuekin funtzionatu ohi dute; emailea ezezaguna izaten da, baina froga asko egiten zaizkio aurretik. Hasteko, emaile izango direnek sei hilabete igaro behar dituzte astero hazia ematen. "Pentsa, hamar mutiletik hiruk balioko dute emaile izateko", nabarmendu du Genbek. Izan ere, haziaren kalitatea okerrera egiten ari da, eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak jaitsi egin behar izan zituen emaile izateko eskakizunak duela bi urte: "Lehen, hazia normala izateko, mililitroko hogei milioi espermatozoide izatea eskatzen zen; %50 mugikorrak; %75 bizirik eta %14 normal, baina horra ez zen ia inor heltzen. Gaur egun, hogei milioi jaitsi dira hamabostera; mugikortasuna ere jaitsi egin da; bizirik, %50ek egon behar dute; eta normalak izan, %4k".

Hazi eskaseko bikote heterosexualen kasuan, emaileak aitaren ezaugarriak izan ditzan saiatzen dira medikuak: "Odola, arraza, ilea, begiak, altuera, pisua... gutxi gorabehera, antzera samarrekoa ateratzeko".

Donostiako Ospitaleko unitate berrian tratamendua jaso duten emakume batzuk jada haurdun daude; gehien daramana hogei asteko dago. Genbek emandako datuen arabera, beste 35 emakumek egingo dute zikloa hilabete honetan: "Zikloa da ziztatu, ebakuntza gelara joan eta transferentzia egitea. Tratamenduan gehiago daude, batzuk abuzturako prestatzen ari baitira".

Tratamendu motaren arabera, desberdina da arrakastarako probabilitatea. Intseminazio sinpleenek, esaterako, haurdunaldi gutxiago ematen dituzte: %20 inguru. Genbek ohartarazi du, ordea, horrek ez duela esan nahi horiekin saiatu behar ez denik: "Intseminazio batekin lortzen baduzu haurdunaldi bat, ahal duzulako, ez duzu zertan egin in vitro bat". Hori guztia, bikotekidearen hazia erabilita; emaileren baten haziarekin, aukerak handiagoak dira. "Ziklo bakoitzeko portzentajea da hori", esan du Genbek, "baina guk badakigu lau intseminazio eginda gutxi gorabehera hamar bikotetik zazpik lortuko dutela haurdunaldia, eta bik edo hiruk ez". Legez, gehien jota lau intseminazio egin ditzake emakume batek.

Donostiako Ospitaleko unitate berria zabaldu zuten arte, zerbitzu publikoa nahi zuten gipuzkoarrek Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) joan behar izaten zuten. Genbek "ugalketa turismoa" aipatu du: "Pertsona askok kilometro asko egiten dituzte klinika bila". Batzuetan, kalitate bila jotzen dute beste lekuetara; beste batzuetan, prozesua ezkutatzeko nahia egoten da horren atzean. Izan ere, antzutasunak badu oraino zerbait tabutik. Genberen ustez, ordea, ari da hori apurka gainditzen: "Ez da gaixotasun bat; bikote batek duen arazoa da, eta gero eta jende gehiago dago, ez bakarrik emakumeek geroz eta urte gehiago dituztelako, baizik eta geroz eta gehiagok azaltzen dutelako euren arazoa".

Publikorik ezean, pribatua

Orain arte, Donostiako Quiron klinika izan da Gipuzkoan halako tratamenduetarako erreferente nagusia; dena den, ospitale publikoko unitate berria irekitzearen ondorioz ez dute eragin handiegirik sumatu, Koldo Carbonero klinika horretako ginekologia, obstetrizia eta laguntza bidezko ugalketarako buruak azaldu duenez. Izan ere, bateko zein besteko eskaintzek "elkar osatzen" dutela iritzi dio: "Badira zenbait kasu Osakidetzan artatzen ez dituztenak; esaterako, emakumeak 40 urtetik gora dituenean. Guk hartzen ditugu pertsona horiek, nahikoa obulu baldin badituzte. Edo jadanik haur bat edukiz gero, zailagoa da Osakidetzan onar zaitzaten bigarrena ugalketa lagundu bidez edukitzeko". Espainiako Ernaltze Lagunduaren Legeak ez du adin mugarik zehazten, baina klinika gehienek —tartean dago Quiron— adostuta daukate gehienez ere 50 urteko emakumeei ematea zerbitzu hori, "arrazoi etikoengatik".

Ospitale pribatuetara, gainera, kanpotar askok jotzen dutela esan du Carbonerok. Quironen ugalketa lagundua egiten duten bost emakumetik bat Ipar Euskal Herritik edo Frantziatik dator: "Frantziako legedia oso murriztailea da emakume bikotekidegabeen eta lesbianen kasuan; kasu horietan ez du baimentzen ernaltze lagundua. Eta gu bertan gaude; horregatik, Ipar Euskal Herriko jende asko etortzen da".

Garestiak dira, ordea, klinikotako tratamenduak: garestienak 9.000 euro inguruan dabiltzala esan du Carbonerok. "Gainontzekoak 800 eta 3.000 euro artean dabiltza". Pribatuaren azkartasuna nabarmendu du, ostera: Quironen ez dago batere itxaron zerrendarik —publikoan urtebetekoa da—. "Iaz, lehen kontsultara etorri ziren emakumeen batez besteko adina 38 urtekoa izan zen; pertsona horiei itxaron zerrenda jartzen badiegu, porrota eragiten ari gara ezinbestean, tratamenduen arrakasta adinaren araberakoa delako. Ugalketa lagunduko unitate fidagarri batean ezin da itxaron zerrendarik egon".

“Euskal selekzioa sortu aurretik utzi izana da nire pena”

Inork irakurtzen badu hau, eraman nazala berarekin Londresera Olinpiar Jokoak ikustera". Eskubaloizale amorratua da Karmele Makazaga (Zarautz, 1964). Euskal Herriak eman duen emakumezko eskubaloi jokalari onentzat dute askok, eta pena du aurtengo jokoak bertatik bertara ikusteko aukerarik ez duelako izango. "Telebistarekin konformatu behar", dio. Ez du emakumezkoen partida bakar bat galtzerik pentsatzen: "Gaur egun, zoragarria da; partida guztiak ematen dituzte telebistan, eta grabatu eta nahi duzunean ikusi ahal dituzu".1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan egoera oso bestelakoa zela oroitzen du. Espainiako selekzioarekin parte hartu zuen, eta haien lana apenas ikusi ahal izan zen Granollerseko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) estadiotik kanpora. Hala ere, "esperientzia ahaztezina" izan zen hura.

Emakume umoretsua da Makazaga. Irribarretsu, barre artean kontatzen ditu urte haietan bizitako istorioak. Baita emaitzak txarrak izan zirenekoak ere. Izan ere, Makazagak eta haren taldekideek ez zuten emaitza onik lortu Bartzelonan; hamar taldetatik zortzigarren egin zuten: "Orduan, ez genuen mailarik. Jokatu ere, oso gutxi jokatzen genuen urtean zehar. Olinpiar Jokoetarako bai, gehiago entrenatu eta jokatu genuen, eta urteetara ikusi zen orduko lanak eman zituela bere fruituak". Bartzelonako esperientzia emaitzetatik harago zegoen, ordea. "Saltsa guztietan" sartzen ziren; entrenatu, eta jokatu, eta ondoren "ahal zen kirol saio guztiak ikusten egoten ginen", dio. Ikusitako guztitik zer gogoratzen duen galdetuta, ezerk ez zuela bereziki harritu azaldu du. Hala ere, bada asko gogoratzen duen zerbait: "Belar hockeyko nesken Espainiako selekzioak urrezko domina irabazi zuen. Ez zuten espero, eta emaitza oso ona izan zen neskentzat. Hemengo jokalari asko zeuden taldean, donostiarrak, hernaniarrak...".

Bartzelonara ikusle euskaldunak joan ziren, noski, baita Makazagaren ingurukoak ere, Zarauztik. Arazoren bat ere izan zuten, hizkuntzaren harira: "Ikurrinan, aupa, neskak! eta hiru gipuzkoarron izenak jarri zituzten, eta kenarazi egin zieten ikurrina, bertan jartzen zuena ulertzen ez zutelako. Horrelakorik ez da gertatzen gaur egun". Makazagarekin batera Bartzelonan izan ziren beste bi gipuzkoarrak Jasone Diaz de Gereñu eskoriatzarra eta Amaia Ugartemendia errenteriarra zi-ren.

Eskubaloian egindako ibilbidean, 130 partida jokatu zituen guztira Espainiako selekzioarekin. "Batzuk badira, baina nire marka askok hautsi dute, orain askoz partida gehiago jokatzen direlako". Hala ere, harro esan dezake edonori ematen ez dioten diploma baten jabe dela: Espainiako Kirol Federazioak ematen duen kirol merezimenduarena, hain zuzen. Orain 25 urte jaso zuen. Gainera, urte askoan bera izan zen selekzioko kapitaina: "Erdian edo hegalean jokatu izan dut, beti agintzen! Hala esaten zuten behintzat!". Selekzioen kontuan pena handi bat ere badu, ordea: "Bizitzan izan dudan pena handiena euskal selekzioa sortu aurretik eskubaloia utzi izana da". Inbidiaz begiratzen die aukera hori izan dutenei: "Euskal selekzioaren partida bat telebistaz komentatzeko aukera izan nuen orain urte batzuk. Esperientzia polita izan zen, baina sekulako inbidia pasatu nuen!".

Kontuak kontu, eskubaloiarekin ederki gozatu zuen utzi zuen arte. "Oraingo neskak baino alaiagoak ginen gu; naturalago jokatzen eta gozatzen genuen kirol honekin", dio. Zarauzko, Hernaniko eta Donostiako taldeetan jokatu zuen, beti lehenengo mailan: "Goiko mailan aritzeko aukera izan dut beti. Madrilera joateko aukera ere izan nuen, baina ez nintzen joan, eta damutu ere ez nintzen egin".

1994an utzi zion jokatzeari. Ordutik, kantxaz kantxa jarraitzen du, ordea. Zarauzko Aiala nesken eskubaloi klubeko bigarren taldeko entrenatzailea da. Lehen taldea entrenatzen hasi zen: "Jokatzeari utzi, eta berehala hartu nuen lehen taldea. Gero, alaba izan nuen, eta urte hartan bertan lehen mailara igo ginen. Beraz, jarraitu egin behar izan nuen. Aurreneko urteetan makina bat komeria izan nituen dena uztartzeko!". Oraindik eskubaloia bizi egiten du: "Oraindik hor dut harra, eta entrenamenduetan jokatzen dut batzuetan. Geuk antolatzen dugun Txaparrotan ekimenean ere hiru partida jokatu nituen. Hurrengo egunean ez nintzen pertsona!", dio barrez. Emakumezkoen eskubaloia pixkanaka aurrera doala uste du, eta Zarauzko kasuan behintzat, babeslea eskertu nahi du: "Argiñano familiagatik ez balitz, herrian ez legoke nesken talderik".

Zer da orin bat? Eta melanoma bat?

Orina edo orezta: pigmentatutako zelulen metaketa bat da. Hainbat forma, neurri eta kolore izan ditzake. Pertsona heldu batek 20-25 orin izan ohi ditu gorputzean. Melanoma: melanozitoen bidez garatzen den azaleko minbizi mota bat da. Garaiz diagnostik...

Alkoholismo kasuek %22 egin dute gora Gipuzkoan

Alkoholaren kontsumoagatik jasotako tratamendu eskaerek %22 egin dute gora 2011. urtean Gipuzkoan. Agipad drogen gehiegizko erabileraren ikerketarako eta prebentziorako Gipuzkoako elkarteak ateratako 2011. urteko memoriaren ondorio nagusietako bat da....

Blues, blues eta blues

Blues Jaialdia 2012HondarribiaAtzo gauetik blues doinuak dira nagusi Hondarribiko kaleetan. Izan ere, atzo hasi eta igandera bitartean, Hondarribia Blues Festival 2012 jaialdia ospatzen ari dira, zazpigarrenez. Aurten, orotara, doako 18 kontzerturekin...

“Aurrerantzean krema gehiago emango dut!”

Hondartzarako giro askorik ez zegoen asteartean. Orain euritan, orain ateri, hondartzak bake-bakean zeuden. Biluzteko girorik ez, baina azala babesteko beharra egun eguzkitsu batean bezalakoa zen. Mezu hori eman zieten minbiziaren aurkako Gipuzkoako e...

2

Gipuzkoan egunean hutsarazten dituzten etxeak. Stop Desahucios taldearen arabera, Gipuzkoan, batez beste, egunero bi etxebizitzatatik kaleratzen dituzte bertan bizi direnak.