Sailkatugabeak

Euskal Herriko historialarien biltzarra Arrasaten hasiko da

Arrasaten hasiko da aurtengo Euskal Herriko historialarien biltzarra. Hirugarren kongresua izango da aurtengoa. Nafarroaren konkistaren 500. urtemuga dela eta, bilkura berezia antolatu du Nabarraldek: irailaren 7tik 16ra arte iraungo du, eta hainbat herritan egingo dituzte bilerak. Arrasateko saioan euskararen galera izango dute mintzagai; irailaren 8an Leitzan (Nafarroa) arituko dira Gipuzkoa eta Nafarroa arteko gaizkileen muga deiturikoaz; irailaren 14an, Agoitzen (Nafarroa), Nafarroa babesten zuen gazteluaren suntsiketaz; eta irailaren 15ean eta 16an, gainerako gaiak landuko dituzte Iruñeko Planetarioan. Jada zabalik dago saioetan entzule gisa izena emateko epea.

URTEAK PASATA, BERRIZ ELKARREKIN

Euskarazko rockaren aitzindaria da Zestoako Leok'k taldea. 1968. urtean abiatu zuten euren ibilbidea, eta haiei esker, lehen aldiz, The Beatles, The Doors, The Rolling Stones eta beste hainbat rock talderen kantuen euskarazko bertsioak entzun ahal iz...

Beraneantek

Kukurutxo txiki bat, jogurt eta txokolatezkoa", eskatu ahala jesusen batean zerbitzatu dit izozkiak saltzen dagoen gizonak. Ordaindu eta kalera atera naiz bekatutxoa miazkatuz. Ez dakit zergatik eskatzen dudan kukurutxo txikia, beti ni baino handiagoa den bola bat jartzen diote gainean, eta izozkia dariola egiten dut bidea, Grettel banintz bezala. Lehenengo tantak zapatila zuriaren muturra harrapatu du (jogurtezko tanta izan zitekeen, baina ez, behin aldrebesten hasita, txokolatezko tanta izan da). Bigarren tanta jogurtezkoa, honek galtza bakeroen belaunaldean gelditzeko kapritxoa izan du.

Beroarekin, izozkiarekin, poltsan aurkitzen ez dudan zapiarekin eta tantekin estresatu naizenean esertzea erabaki dut. Eta hantxe jarri naiz, Donostiako Bulebarreko banku batean, izozki buruhandia lasai menderatuz. Ze entretenigarria den jendeari begira egotea, aurretik pasatzen diren guztiei erruki gabe so egiteko aukera ematen dizu halako banku batek, zineko pantaila aurreko eserleku bat bailitzan. Hor dabiltza, batera eta bestera, iritsi dira... udatiarrak (turistak bai, baina udakoak, ez da berdina). Kolore eta forma guztietakoak; hor doa japoniar taldetxo bat, bakoitza bere argazki makina lepotik zintzilik duela (kolkoa, petsua eta sabela estaltzen dion kameratxo horietako bat). Han doa beste alderantz ingeleraz diharduen gazte kuadrilla bat, Sanferminetako zapia eta kamiseta soinean dituztela. "Ba ote dakite Iruñea kilometro batzuk beherago dagoela?", pentsatu dut, baina ez dut gogoeta sakonik egiteko astirik hartu, txokolateak eskuak inbadituak dizkit dagoeneko, eta ukalondorako bidea hartzen hasi aurretik espabilatu beharrean nago. Senar-emazte kataluniarrak alde batera eta Zarako hamar poltsa daramatzaten hiru neska frantsesez hizketan beste aldera. Hainbeste hizketa harrotzen artean gertukoa dudan hizkera bat ere atzeman dut parean pasatu den familia baten ahotan, goierritarrak seguru.

Baina ze ezberdinak diren udatiarrak leku guztietan. Gu ere udatiarrak izango gara beste tokietan. Mediterraneo aldean, esaterako, gogoan ditut Oropesan, Saloun edo Benidormen ikusitako espezie guztiak. Baina hauentzat beste izen bat gustatzen zait, espainolagoa akaso, baina hain da polita eta egokia! Hauek beraneanteak dira, eta guztietan ezaugarri berdinak errepikatzen dira. Egoera bat deskribatuko dut, eta ziur nago zuetako askori aski ezaguna egingo zaizuela: Salou, Oropesa edo Benidormen gaude, gaueko 22:30ak, beraneante familiak egun osoa hondartzan pasatu ondoren, dutxa bat hartu, balkoian afaldu eta kalera atera dira buelta bat ematera. Emaztea Gabonetako zuhaitz baten moduan atera da "antes muerta que sencilla" bere baitan abestuz. Pozik doa begiratzearekin bakarrik azkura ematen duen soineko distiraduna daramala; herrian janztera ausartzen ez den trapu guztiak eramaten ditu oporretara, eta han gustura erabiltzen ditu, zer esango ote duten beldurrik gabe, gaixoa. Eskumuturretan, lepoan, belarrietan eta hatzetan, aurrean harrapatu dituen bitxi guztiak zintzilika, pausoa ematen duen bakoitzean klin-klin eginez. Oinetan soinekoaren kolore bertsuko zapatak, ozta-ozta menderatzen duen takoiarekin. Ondo, oso ondo. Eta Gabonetako arbolaren aldamenean zakua; senarra, alegia: praka motzak, sandaliak eta Keler edo Heineken jartzen duen kamiseta zuria. Batzuetan zaila egiten zait familia berekoak direla sinestea! Aurrean 6 urteko alaba, amak jarritako soineko loreduna eta burua baino handiagoko lazoa ilean daramala, jolas egiteko imintzioa egiten duen bakoitzean amak errieta "Alejandra, estate quieta", klin-klin, klin-klin.

Jarraituko nuke gustura, baina izozkia bukatu zait, eta pareko iturrira noa txokolatezko krimenaren aztarnak garbitzera.

Herria, oholtza bihurtua

XIX. Kalerki

Zarautz

Urtero bezala, antzerkiak hartuko ditu Zarauzko kaleak uztaileko bigarren asteburuan, atzo hasi eta igandera arte iraungo baitu Kalerkik, Nazioarteko XIX. Kale Antzerki Topaketak. Lehen antzezlana herriko Alproja taldearena izan ohi da; atzo ere aritu ziren Lege Zaharren Enparantzan, Musika Plazan eta Kale Nagusian, Hau hastera doa antzezlanarekin. Horren ostean, kanpoko taldeei eman zieten lekukoa: iluntzean Kataluniako Visitants antzerki taldeak Judith y Paul lana aurkeztu zuen, eta ¿Quieres ser mi amigo? antzerkia, berriz, Txileko Murmuyo y Metrayeta taldeak.

Gaurko eta biharko ere hiruna ikuskizun antolatu dituzte: gaur, arratsaldeko zazpietan, Patxi Santamaria herriko aktoreak Aktibo toxikoa lana antzeztuko du Frontoi Txikian, eta 20:30ean, Italiako Nily Nils taldeak Nily Nils Show emanaldia eskainiko du Lege Zaharren Enparantzan.

Gauetan emanaldi ikusgarriak antolatu ohi ditu Kalerkik, sarritan argi eta soinu efektuz jantziak. Gaur, gaueko hamabietan, Malditas antzerki eta dantza ikuskizuna egingo du Organik taldeak Torre Luzeako parkean.

Bihar arratsaldean Euskal Herriko beste bi talderen txanda izango da: 19:00etan Markeliñe taldea arituko da Zoozoom lanarekin Villa Manuelako frontoian, eta 20:30ean, Trapu Zaharra taldea Ametsetan bizi-rekin, udaletxe plazan. Extremadurako (Espainia) Teatrapo taldearena izango da azken emanaldia: Natura: principio y fin, gaueko hamabietan, Malekoian.

Euria eginez gero, emanaldiak Gaztelekuan edo udal kiroldegian egingo dituzte.

Supermerkatuei Stop

Zer gertatuko litzateke politikariek hain gustuko dituzten dekretu horietako baten bidez supermerkatuak ixtea aginduko balute? Azter dezagun.

Hasteko, egungo krisi egoeran lanpostu berrien sorrera ekarriko luke, herriko denda txiki, auzo-denden nahiz azoken kopurua hazi egingo baitzen. Estatistiken arabera, supermerkatu batek sortzen duen lanpostu bakoitzeko beste bost galtzen dira. Horietatik bi zuzenak: denda txikiak ixteagatik; eta beste hiru zeharkakoak, horien artean baserritarrak.

Gure poltsikoari erreparatuz, mesedea baino ez luke ekarriko, izan ere, aurreztu egingo genuke herriko nahiz auzoko denda txikian erosita. Zenbait azterketen arabera, ez dago supermerkaturik bere prezioen batezbestekoa denda tradizionalena baino merkeago duenik, eta, bestalde, supermerkatuetan, pentsatuta genuena baino ehuneko hogei gehiago erosten dugu. Hau da, 100 euro gastatu beharrean, 120 euro gastatuko genituzke.

"Hemengo nekazaritza eta elikagaiak sustatu behar dira"; nork ez du entzun era honetako esaldirik? Supermerkatuekin ezinezkoa da, ordea. Izan ere, estruktura izugarri horiek ez dute balio baserritarrekin lan egiteko: batetik, ezin dira garaian garaikora egokitu, horietako apalak beti beteta egon behar baitute halabeharrez. Horregatik, produktu freskoaren presentzia gutxitzen ari da etengabe, eta produktu prozesatuak dira nagusi.

Bestalde, supermerkatuek publizitate kostu izugarriak dituzte, inbertsio erraldoiei atxikitako kredituak ordaindu beharra daukate, energia gastu ikaragarriak (argiak, musika, aire girotuaren sistemak…) eta abar. Eta gastu horiei aurre egiteko modu bakarra nekazaritza-industriatik hornitzea da, kanpoan oso merke erosiz eta hemen askoz garestiago salduz. Eta zer esanik ez, horren atzean beste herrialdeetako nekazarien esplotazioa eta miseria dago, eta hemengo baserritarren desagerpena.Txanpon beraren bi aldeak.

Denda txikiek, berriz, inguruko baserritarren garaiko eta kalitatezko produktu freskoak erosteko gaitasuna dute, bai tamainagatik, bai gertutasunarengatik, bai bitartekaririk gabeko harreman zuzenagatik ere.

Produktuen barietateari dagokionez, berriz, FAOren datuek diote, supermerkatuei guztiz lotuta dagoen nekazaritza-industria sortu zenetik, laboreen barietatea, alegia, nekazaritzaren bioaniztasuna, laurdenera jaitsi dela. Supermerkatua esatea, uniformizazioa eta estandarizazioa esatea da, janarien %95ek 19 laboreetan eta 8 espezietan baitu jatorria.

Supermerkatuak ixteak zero zabor filosofiaren alde ere egingo luke. Azterketa ugariren arabera, azoketan eta salmenta zuzeneko ereduetan %90 zabor gutxiago sortzen da; batetik, baserritarrek jatorrian zabor gutxiago sortzen dutelako, eta, bestetik, ontzi nahiz plastiko gutxiago erabiltzen dutelako.

Ikusi bezala, denak dira abantailak, beraz, hain erraza izanda, zergatik ez dira agintariak hasten supermerkatuak ixtea proposatzen? Bai, badakit, hori ezinezkoa dela, eta gainera, legez kanpokoa. Tira, eta gutxienez, ezin al diete horien handitzeko eskaerei uko egin?... edo Carrefour, Mercadona edo Eroski ezartzeko eskaerei uko egin?... edo gutxienez zailtasunak ipini, baserritarrei behin eta berriro ipintzen zaizkien bezala?

Zuen udaletako ordezkariren batek supermerkatu baten irekieraren berri ematen badu, eta esaten lanpostuak sortuko dituela, merkatari txikiei eta baserritarrei ez diela eragingo, hemengo ekonomia sustatuko duela… Badakizue zein den erantzuna: gezurra, gezurra eta gezurra!

Lehenengo supermerkatua ireki zenetik 50 urte inguru pasatu diren honetan eta dugun krisi egoera larria kontuan izanda, balantzea egiteko unea iritsi zaie, ezta? Herritarrentzat ere bada garaia azpitik sentitzen duguna esateko: Andersenen ipuinean bezalatsu, enperadorea biluzik dagoela; dena gezurra dela.

Egiaz, gure herriak azokez eta denda txikiz, eta zelaiak baserritarrez jantzita nahi ditugu.

Herritarrekin batera ‘aaarraun’ eginez, eskultura bat sortuko dute Errenterian

Arraunean ontzia mugitzeko arraunlari guztiek indarra egin behar duten bezala, Errenterian traineru baten zati batekin egindako eskultura osatzeko herritar guztien ahalegina behar dute. Ahalegin horrek helburu jakin bat dauka: herritarren zein elkarteen arteko harremana eta elkarbizitza sustatzea. Aaarraun proiektuaren barruan egiten ari dira herritarren esku hartzea eskatzen duen egitasmo hori.

Jon Txasko da proiektu horren atzean dagoen lantaldeko kideetako bat. Kabia Espazio Kreaktiboa izan da proiektu horren abiapuntua, eta bilgune horretako Giza Harremanak eta Elkarbizitza lantaldeetako dinamikatik hasi ziren, pixkanaka, ideiak biltzen.

Txaskok azaldu duenez, "arraun!" patroiak estropadetan arraunlariei haiek gidatu eta animatzeko botatzen dien oihua da, eta horrek, era berean, euren ahalegina irudikatzen du. Hortik abiatuta proposatu dute egitasmoa herrian elkarbizitza sustatzeko. Hala, Hibaika Arraun Elkartearen zaharkitutako branka bat—hiru metro ditu— berrituko dute, eta horrekin eskultura bat osatu.

Eskultura osatu ahal izateko, latak erabiliko dituzte. Nahikoa da lata bat hartu eta bi puntak guraize batzuekin moztea, xafla bat lortuz. Ondoren, ertzei forma biribildua eman behar zaie, brankari itsatsita joango zaizkion behin betiko ezkatak egiteko; [www.herribizia.errenteria.net webgunean ezkatak nola egin erakusten duen bideoa jarri dute]. Azkenean, "Guggenheim itxurako branka bat" osatuko dutela zehaztu du Txaskok.

Elkarte zein herritarrei zabaldu diete deialdia, eta sobera dituzten latak bildu eta ahal dituzten xafla gehien egiteko eskatu diete. Guztira, 1.500 inguru beharko dituzte.

Horiek, uztailaren 13tik aurrera bilduko dituzte Kabia Espazio Kreaktiboaren ondoan dagoen platanondoan. Hesi baten barruan topatuko dute traineruaren zatia hara joaten direnek, eta ondoan jarriko dituzten edukiontzi batzuetan utzi ahal izango du bakoitzak eskultura apaintzeko bere ekarpena.

Bi astez bilduko dituzte xaflak, eta hilaren 28ko senidetze bazkariaren ondoren hasiko dira pixkanaka ezkatak jartzen. Hori noizko bukatuko duten eta nola antolatuko diren, parte hartzaileen kopuruaren araberakoa izango da. Beraz, herritar denengana zabaldu dute deialdia, zenbat eta gehiago bildu eskultura lehenago osatzeko. Hala eta guztiz ere, irailaren bukaerarako espero dute amaitzea.

Proiektuan parte hartzea bermatzeko asmoz, herriko elkarteengana ere jo dute sustatzaileek, eta gutun bat igorri diete 30 ezkata prestatzeko konpromisoa eskatuz.

Hiru metroko eskultura erabat osatuta dagoenean erabakiko dute herriko zein txokotan jarriko duten. Txaskok jakinarazi duenez, egitasmoan parte hartu duten guztien artean hartuko dute erabakia.