Donostiako Ospitalean egindako Haurrak Mugimenduan programan parte hartu du Nerea Peña hernaniarrak, bere 8 urteko semearekin batera. Izan ere, programaren koordinatzaileek azaldu dutenez, gurasoen parte hartzea "ezinbestekoa" da; "familia osoak aldatu behar ditu ohiturak, eta ez umeak soilik". Peñak hori garbi du; hau da, familia guztiak parte hartu behar duela aldaketa lortzeko.
Nola izan zenuen Haurrak Mugimenduan programaren berri?
Endokrinoarengana joan ginen. Analisiak egin, neurtu, eta pisua hartu zion, eta dieta bat jarri zion haurrari. Hark eman zigun programaren berri.
Zerk eragin zizuen parte hartzeko interesa?
Ez zela dieta bat egitea. Lantzen diren hiru arloak iruditu zitzaizkidan interesgarriak: elikadura, sentimenduak eta kirola. Hori lantzen zela esan ziguten, eta horregatik animatu ginen.
Nola bizi izan duzue gehiegizko pisua izatearen arazoa?
Haurra beti handia izan da, baina ez da etxean gelditzekoa; beti egon ohi da kalean. Halere, jateko orduan, platerean zegoena gutxi iruditzen zitzaion; beti esaten zuen gosea zuela. Oso zaila egiten zitzaidan esatea nahikoa jaten zuela. Baina irainak jasotzen hasi zenean, esan nuen bukatu egin behar zuela.
Zer balantze egiten duzu programan jasotakoaz?
Nik neuk, oso ona. Pila bat ikasi dugu, eta orain badakit nahikoa dela esaten; hau da, esaten jan duela bere gorputzak behar duena eta ez duela errepikatu beharrik. Berak ikusi du emaitza, eta orain oso gustura dago. Eta ikasi du ezetz esaten zerbait eskaintzen diotenean. Haurrarentzat oso polita izan da. Dena den, pena dut informazioa gaztelaniaz zegoelako, eta haurrak ez duelako dena barneratu.
Zer eragin izan du etxean?
Nik beste alaba bat dut, zaharragoa, eta programara ez joateko esaten zidan, ez zegoela ezer jaterik. Noski, gauza batzuk aldatu egin behar dira: gailetarik eta txokolaterik ez, dena gaingabetua... Orain, alaba bera gogoratzen da eguneko hirugarren fruta jateaz. Aldaketak egitea ez da zaila izan, programa luzea delako. Oso ondo ikasten joaten zara. Poliki-poliki joaten zara, eta denen artean menuak egiten ditugu.
Programaren berezitasunetako bat arlo emozionala izan da. Zer iruditu zaizu?
Guretzat zaila izan da, baina ona ere bai. Emozionalki ikasten da. Programak balio izan du ikasten hasteko mundu guztia ez dela berdina, eta gauzak beste modu batera ikusteko.
Arazoari aurre egiterik badagoela ikusarazi dizue programak.
Bai. Hiru hilabeteren ondoren, gorputza ez da berdina, eta hark ere ikusten du hori. Askoz hobeto sentitzen dela esaten du: hobeto jaten duela eta ez dela gaixotuko. Arinagoa nabaritzen du bere burua. Ea beste familia batzuek ere aukera duten programa egiteko.