Sailkatugabeak

Guratrans sortu dute, Pirinioez gaindiko ibaiak hobetzeko helburuarekin

Pirinioen bi aldeetako hainbat erakundek Guratrans izeneko lankidetza proiektua jarri dute abian, Pirinioetako bi aldeetako ibaien egoera hobetzeko helburuz. Gipuzkoako Foru Aldundia da proiektuaren sustatzaileetako bat, eta, harekin batera, baita Hazi korporazioa, Uraren Euskal Agentzia, Nafarroako Ingurumenerako Baliabide Zentroak, Nafarroako Gobernua, Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoa eta Adour-Garonne Uraren Agentzia ere.

Orotara, 1.070.163 euroko aurrekontua izango du proiektuak. Kopuru horren %65 Europako Batasunetik ailegatuko da, eta bi urteko iraupena izango du. Proiektuan barne sartu dituzten ibaiak ere zehaztu dituzte: Bidasoa, Urdazuri, Urumea, Araxes eta Leitzaran —Oria ibaiaren ibaiadarrak azken bi horiek—.

Ekintza zehatzei dagokienez, faunarako eragozpenak kentzea eta ibilguak eta erriberako landaretza hobetzea izango dira, besteak beste. Lehen taldean, esaterako, Leitzaran ibaiko Inturia presa botako dute, Andoainen. Bigarrenean, berriz, landareak landatu eta landare inbaditzaileak kenduko dituzte.

Aste honetan egindako aurkezpenean, Gipuzkoako Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendari Ainhoa Iraolak halako proiektuak abiatzea "positiboa" dela adierazi du, gisako estrategiekin ibaien egoera eta bertako espezieen bizitokien kalitatea hobetzen dela iritzita.

Hamaika konpainia eta hamar kantinera irtengo dira

Artxeroen konpainiak irekitzen du alardea —ez du kantinerarik—. Atzetik, danborrada, banda eta zalditeriako eskolta doaz, ondoren infanteriako konpainiak, eta, desfilea ixten, artilleria. Honakoak dira infanteriako konpainia parekideak, Irunen: Katea, Bidasoa, Olaberria, Ama Xantalen, Lapitze eta Anaka.

JAUZI ETA BIRA, BERTSOEN ERRITMOAN

Errimak oinetan ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, igandean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 18:30etik aurrera. Duela hilabete eskas estreinatu zen; bertso saio batek entzuleei bertsoekin sentiarazten diena sentiarazteko asmoz jaiotako ikuskiz...

Metroa Donostia erdigunera iristeko tramiteak, abian

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak aste honetan hasi ditu Donostialdeko metroa hiriburuaren erdigunera iritsi ahal izateko tramiteak. Izan ere, Lugaritz eta Kontxa lotuko dituen zatiaren lanen eskaintzari ekin dio. Lan horiek 53 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta udazkenean hastea espero du Jaurlaritzak. 39 hilabeteko iraupena izango dute, orotara. Garraio Sailaren arabera, tramite horiei ekitearekin, "Donostialdeko Metroari beste bultzada bat" eman zaio. Izan ere, lan horiek hastearekin proiektu osoaren %25 "abian" egongo da.

Metroak Donostiako erdigunean lau geltoki izango dituela ere jakinarazi du Jaurlaritzako Garraio Sailak: Benta Berrin, Matia-Antiguan, Kontxan eta Eason. Jaurlaritzaren arabera, urtean 33 milioi erabiltzaile izango ditu Donostialdeko Metroak. Hala, gaur egun Zarautz eta Irun artean Euskotren sarea erabiltzen dutenen kopurua "laukoiztu" egingo dela nabarmendu du.

Aldundia ez dago ados

Gipuzkoako Foru Aldundia bere aldetik, berriz ere, Donostiako erdigunea zeharkatzen duen zatiaren proiektuaren aurka azaldu da. Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak adierazi duenez, aldundia Euskotrenen sarea bikoiztearen aldekoa da —orain arte Lasarte-Errekalde, Errekalde-Añorga, Fanderia eta Oiartzun zatiak bikoiztu dira—, baina "oso kritikoa da" Donostia erdiguneko zatiarekin. Adierazi duenez, uneotan "asko erreparatu behar zaie lehentasunei", eta, diputazioaren arabera, erdiguneko metroa ez da lehentasun horietako bat.

2011ko Berdintasunaren Emakunde Saria jaso dute

Irungo alarde parekideak eta Hondarribiko Jaizkibel konpainia mistoak 2011ko Berdintasunaren Emakunde saria jaso zuten. Joan den apirilaren 24an eman zieten saria, Donostiako Kursaal jauregian antolatutako ekitaldi batean. Jaizkibelen izenean Anabel S...

Parke naturala ezagutuz

Aratz-Aizkorri EgunaZegamaAratz-Aizkorri Parke Naturalaren Eguna ospatuko dute, bihar eta etzi, Zegaman eta inguruko parajeetan. Parke Natural hori ezagutarazteko eta toki hark gordetzen duen natura eta kultura ondarea jendeari gerturatzeko helburuare...

Hamasei urteko inurri lana

Hasiera haietan egon ziren emakumeetako batzuek esan izan dute jakinez gero zer-nolakoak gertatuko ziren ez ziotela ekingo, inondik ere, abiatutako bideari". Josema Alberdiren hitzak dira; Irungo alarde parekidearen ordezkaritza osatzen duen Alardezaleak elkarteko presidentea da bera. Hamasei urte igaro dira hasiera haietatik; alegia, emakumeak kantinerarena ez den postu batean desfilatzen saiatu ziren lehendabiziko alditik. Alarde moduan duela hamalau urte desfilatu zuten aurrenekoz, eta bihar, San Martzial egunez, berriz abiatuko dira Urdanibia plazatik. Gauzak asko aldatu dira hastapenetatik; asko, eta ezer ere ez.

Hamasei urte igaro eta gero emakumeek herriko festetan parte har dezakete, gizonen eskubide berekin, nolabait. Baina bi alarde daude, eta emakume soldaduen desfilea galarazten duena da oraindik nagusia. Parekidea da publikoa, EAEko Auzitegi Nagusiaren aginduz, baina ez du udalaren babesik; alarde tradizionalarekin daude Bildu eta Ezker Batua salbu, gainontzeko alderdi guztiak, baita Jose Antonio Santano alkate sozialista ere. Egia da ez direla ikusten hasierako urteetako liskarrak, baina egia da jarrera batzuk bere horretan mantendu direla, eta zenbaitek gogor kolpatzen jarraitzen dutela desfile mistoa, ekainaren 30a hurreratu ahala.

Alberdiren ustez, gertatutakoa "erabat neurriz kanpokoa" izan da. Areago, egun udalean dagoen ordezkaritzak eta alarde tradizionaleko Agintarien Batzordearen osaketak konponbidea "ezinezkoa" egiten duela deritzo.

Une gogorrenak hasierako urteetakoak izan baziren ere, ordukoak dira egoerari irtenbidea bilatzeko egindako ahalegin handienak ere. Batetik, bi aldeak mahai berean eseri zirelako, Alberto Buen alkateak deituta. Bilera hark ez zuen emaitzarik utzi, baina 1996ko hura izan da elkar ulertzeko egondako saiakera bakarra. Eta bestetik, 1997ko alardearen bezperan Agintarien Batzordeko gehiengoak —hamalau boz alde eta hamaika kontra— onartu egin zuelako, udaletxean egindako bileran, konpainia misto batek alardean parte hartzeko aukera. Bozketa galdu zutenek, hala ere, aldatu egin zuten desfilearen ibilbidea, eta konpainia parekidea Urdanibia plazan geratu zen, alardean parte hartu ezinda. Ordutik, berrituz joan dira alarde tradizionaleko agintariak, eta berriek sekula baino gogorrago eutsi diote bereari. "Ez dute sekula onartuko gurekin esertzea", dio Alberdik.

Gatazkaren bigarren urtean EAEko Auzitegi Nagusiak hala ebatzi zuenetik, udalak antolatzen du alarde parekidea —pribatua da orduz geroztik alarde tradizionala—. Baina udalak ez du desfile mistoa babesten eta, horren adibidea da, esate baterako, jai egitarau ofizialean ez agertzea. Alberdiren arabera, "hipokrita" da gaur egungo diskurtso politikoa. "Orain aste gutxi mozio bat atera zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ, PSE-EE eta PPk, bi alardeekiko errespetua agertuz. Baina hiru alderdi horietako ordezkariak ez dira egoten Irungo udaletxeko balkoian gure konpainiak iristen diren uneetan. Errespetua agertu nahi baduzu presentzia eta jokaera berdina erakutsi behar dituzu, eta hori ez da gertatzen".

Hiritik kanpo jaso du alarde parekideak udalaren gehiengoak ukatzen dion babesa. Mende honen hasieratik Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute desfilea. "Ibarretxe lehendakaria asko inplikatu zen, baita Txaro Arteaga ere", dio Txaro Arribasek, lehen urtetik lerro mistoetan desfilatu duen emakumeak. Arribasek ondo gogoan du hasieratik izan zutela Emakunderen babesa. "Lehen urte haietan EAJk eta EAk finantzatu gintuzten, Jaurlaritzatik eta Aldunditik", gehitu du. Hala izan zen EAJ eta Eusko Alkartasuna erakunde horietan zeudenean, eta hala jarraitu du izaten aginte makilak eskuz aldatu eta gero ere. Aurtengo apirilean Emakunderen Berdintasun Saria jaso dute Irungo alarde parekideak eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiak —Hondarribian alarde bakarra dago, eta konpainia mistoak ezin du bertan parte hartu—, eta Arribas bera izan zen irundarren izenean Donostiako Kursaal jauregian saria jasotzen. Bere diskurtsoan ibilbide garratzaren errepasoa egin zuen: "Hasieratik bagenekien gaia delikatua zela, baina ez nuen uste hainbeste denbora beharko zenik".

Urtero jendetsuagoa

2009an beste koska bat igo zuen emakumeak soldadu bezala onartzen dituen desfileak. Urte hartan, Ainhoa Ruiz Arbulo izendatu zuten alardeko jeneral. Emakume batek hartzen zuen, lehen aldiz, alardeko kargu gorena. Komandantea izan zen lehenago, eta hori baino lehen txilibituarekin desfilatzen zuen. Duela lau urte Ruiz Arbulo zaldiarekin San Juan plazan agertu zenean, begi guztiak zituen berari begira, aldekoenak, eta baita kontrakoenak ere. "Ardura hori nabaritzen dut oraindik, baina beste modu batera. Egia da begira dauzkadala sentitzen dudala, baina jendearen bultzada ere sentitzen dut". Behin zaldi gainean igotzen denean, alarde parekideko partaide eta zaleak ditu gogoan batez ere, baina baita besteak ere, eta denengatik saiatzen da lana "txukun" egiten. "Garrantzitsua da haiek ere kontuan izatea, ea pentsatzeko modua aldatu eta guregana etortzen diren, gurekin desfilatzen hasten diren".

Alberdirentzat ere garrantzitsua da desfilea "txukun" egitea. "Gauza bat da gure alardea integratzailea izatea, arau demokratikoagoak ezartzea, baina horrek ez du esan nahi desfilea behar bezala egin behar ez denik. Alardearen egitura zaindu eta desfilea txukun egin behar da, gizarteak gu errespetatzea nahi badugu". Aldaketa batzuk nabaritu dira, hala ere. Urtetik urtera, geroz eta gehiago dira eskopetaren ordez musika tresnak aukeratzen dituzten partaideak. Baina hori normala dela uste dute bai Alberdik, baita Arribasek ere. "Alardean hasten diren gazteak antimilitaristak dira, ez dute eskopeta bat hartuko". Baina hori alarde tradizionalean ere gertatzen den fenomenoa dela diote.

Jendetsuagoa urtetik urtera

Aurten laugarren urtea egingo du Ruiz Arbulok zaldi gainean, eta oinez zihoanetik gauzak aldatu direla sumatu du: "Urtez urte hazten goaz, poliki-poliki baina etengabe. Hamar partaide berri sartzen direla, ba hamar gehiago gara. Poliki-poliki goaz, baina gero eta gehiago gara, eta hori etorkizunerako positiboa da, etorkizunean alarde parekidea bakarra izango delako".

Ama Xantalen konpainian, esaterako, dozenaka dira entseguetan parte hartu duten gazteak. Maialen Beltran horietako bat da; emakumearen parte hartzearen aldeko borrokak bezala, 16 urte ditu berak, eta lehen aldiz desfilatuko du, txilibitua joaz. Bere aitak konpainiako kapitain kargua utziko duen urtean hasiko du bere ibilbidea. "Aitarekin batera desfilatzeko gogoa nuen, baita festa barrutik ezagutzeko ere". Kanpotik ikustea zer den badaki, baina desfilatzeko irrikaz zegoen.

Arantza Ugartek ere estreinako desfilea izango du biharkoa, Anaka auzoko konpainiarekin; dagoeneko hirutan entseatu du haiekin, eta uste baino giro hobea aurkitu duela dio: "Niretzat ezustekoa izan da. Lehen egunean urduri joan nintzen, baina gero oso polita iruditu zitzaidan. Nahiko giro ona aurkitu genuen kalean, nik pentsatzen nuen baino hobea. Hiru egunetan atera gara, eta lehen egunean baziren neska gazte batzuk bizkarra ematen. Baina, bestela, aurpegi txarrik ez. Ikusteko dago alarde egunean Kale Nagusia nola egongo den".

Beltranek ez bezala, alarde parekidearen une gogorrenak pasatu behar izan ditu Ugartek. Lehen desfilea egin zenean, 1996an, orduan parte hartu nahi izan zuen, baina aurten eman du urratsa; orain arte, kanpotik jarraitu du festa:"Hasierako urteetan balio handia behar zen alardean parte hartzeko. Kanpoan egiten nuen lana, eta etxean egoera zaila nuen gurasoekin... baina aurten dena dut alde: larunbata da, gurasoen istorioa pixka bat lasaiago dago eta senarra ere animatu da". Ugartek 47 urte ditu.

Gero eta gehiago dira beldurra galdu eta urtero desfilatzen hasten diren emakume eta gizon irundarrak. "Badira lehen aldiz aterako diren 60 urtetik gorako emakumeak, eta zergatik egiten duten galdetzean koherentziagatik egiten dutela erantzun digutenak", nabarmendu du Alberdik. Bere ustez, gizartea ari da aldatzen eta irundarren gehiengoak begi onez ikusten du gizon eta emakumez osaturiko alarde publiko bakarra, baina "tradizionaleko agintariak inoiz baino lerratuago egonik", konponbidea urruti ikusten du. "Alderdien esku dago hau konpontzea, eta ez dira ezer egiten ari horretarako", gehitu du.

120

Ekonomia planak Donostian sortu asmo dituen lanpostuak. 120 lanpostu sortzeko helburuz, Donostia Sustapenak bi itun sinatu ditu ostalarien eta merkatarien elkarteekin. Donostiako Udalak egiten du Donostia Sustapenaren ekarpenen %80a.

“Mututu gintuzten, baina herriak oso ondo erantzun zuen”

Gernika bonbardatu zuten egun berean jaioa da, handik ez oso urruti, Itziar Sagarzazu (Getxo, Bizkaia, 1937). "Ni jaio nintzenean, gure amari beso batean haur jaioberria jarri zioten eta bestean berokia, eta esan zioten sirena entzuten zuenean bazekiela zer egin behar zuen. Hurrengo egunean kalean ginen ama eta biok". Hasiera ezin gogorragoa izan arren, urte gozoak iritsi zitzaizkion gaztaroan. Gerra garaian ihesi ibili ondoren, Zestoara itzulia zen Sagarzazuren familia. 1961. urtea zen, eta Loiola irrati jaio berrirako esatari bila zebiltzan. Horren berri izan zuenean, hantxe aurkeztu zen Sagarzazu, Azpeitiko Loiola auzora, proba egitera. Ez zioten berehalakoan deitu, baina azkenean haren aukera iritsi zen: "Proba egin nuenean, esan zidaten oso ondo egin nuela eta deituko zidatela, baina urtebete inguru pasatua zen eta ez nuen uste aukerarik izan nezakeenik". Urteak igaro diren arren, ondo gogoan du 1962an irratira sartu zenean zer esan zioten: "'Hona etorritako onena zara!', esan zidan aita Bergarak, irratiko arduradunak. Eta horrekin gelditu nintzen ni". 24 urte zituen, eta denera 31 urtez aritu zen euskal etxeetara istorioak, berriak, aholkuak eta beste hamaika kontu helarazten. Sagarzazuren lankide izan ziren hasiera hartan Luis Cerrado Mayor, Karmelo Otaegi, Joxe Mari Iriondo eta Maritxu Martinez.

Gustuko ofizioa zuen hura: "Irratizalea izan nintzen beti; txikitan beti ibiltzen nintzen kantuan, antzerkiak egiten...". Eta oroitzapen onak ditu irratiko lanari dagokionez. Joxe Miel Barandiaran elkarrizketatu zuenekoa du gogoan, esaterako: "Ordurako 85 urte zituen, baina oso ondo hitz egin zuen, burua oso argi zuen eta oso gustura egin nuen elkarrizketa hura". Hamaika jaialditan ere aritzen ziren esatari lanetan, eta jendearekin sortzen zen harremana eta giroa gogoko zituen: "Karmelo Otaegik eta biok senar-emazteena egiten genuen irratsaio batean, eta jendeak oso gustuko zuen. Kalean ere jarduten zidaten pertsonaia haien harira", dio irribarretsu, oroimenean atzera egiten duen bitartean.

Zentsurari izkin eginez

Gustuko tokian aldaparik ez dagoela esan ohi da, baina aldapak egon, egoten dira sarri. 1962a zen Sagarzazu irratira iritsi zenean, eta Francoren diktadurapean bizi ziren. Adierazpen askatasunik ez zegoen eta, beraz, inprobisazioekin kontuz ibili behar izaten zuten, bai Loiola irratian behintzat: "Aurrez idatzitakoa irakurri behar izaten genuen, eta gero paper haiek guzti-guztiak, esandako guzti-guztia, jarritako musika guzti-guztia, Donostiara bidaltzen zen, Gobernu Zibilera. Inprobisazioarekin oso kontuz ibili behar izaten zen". Agintariek urtebetez isilduta utzi zuten irratia, 1965ean, eta bonba bat ere jarri zion Los Guerrilleros de Cristo Rey taldeak: "Antena bota zuten eta mutututa gelditu ginen. Baina herriak oso ondo erantzun zuen, eta berriro altxatu genuen. Bazkide pila bat egin genuen".

Debekuak debeku eta jazarpenak jazarpen, Sagarzazu eta haren lankideak "aurrera egiten" saiatzen ziren: "Euskaraz arrosarioa eta baserritarren programa egiten genituela esaten genuen, baina gero, eskutitz bat euskaraz iristen bazitzaigun, euskaraz erantzuten genuen. Pixkanaka-pixkanaka sartzen-sartzen joan ginen euskara; giro hura ez zen batere ona euskararentzat. Jendeak nahi zuen, ordea".

Loiola irratiak entzule asko zituen garai hartan, eta iritsi ere, urrunera iristen zen: "Logroñon baziren salestarrak gure irratia entzuten zutenak, eta kamioilariek ere esaten zuten behin Burgosko bidea hartuta etxean gatxaudek!' esaten zutela, Loiola entzuten zelako". Euskaraz jarduten zuten irrati gehiago baziren; Segura eta Arrate, esaterako. Baina "arrazoiren batengatik" Loiola irratiak indar handiagoa hartu zuela uste du Sagarzazuk.

Zuzeneko irratsaioak egiten zituzten gehienbat, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Sagarzazuk askotariko gaiak jorratu zituen: entzuleek bidalitako mezuak zeuzkan ardaztzat saioak; baserriko gaiak eta emakumeentzako aholkuak, besteak beste. Azken gai horri buruzko xehetasunak azaldu ditu: "Sukaldaritzari buruz aritzen nintzen, baita independentziari buruz ere. Orduan emakume gutxik egiten zuen lan etxetik kanpora, eta guk esaten genuen kanpoan ere enplegatuz gero beste independentzia bat eskuratzen zela, orduan gizonak asko agintzen zuelako". Haren kasuan ere, irratian, gizonek gehiago irabazte zuten, eta gerora ere bai. "Altxatu ginen pixka bat, baina... halaxe ziren kontuak".

31 urtean irratigintza asko aldatu zela dio: "Moda bezala dela uste dut; aldatzen joaten da. Baina zu gogoratzen zinen 8 urterekin zer entzuten zenuen, eta probatu egiten zenuen, ea gustatzen al zitzaion jendeari. Profesional onak entzutea ere garrantzitsua izaten zen ikasteko". Sagarzazuk istorioen narratzaileak izaten zituen gustuko: "Hitz egiteko era zoragarria izaten zuten batzuek. Euskaraz, esaterako, Basarri [Iñaki Eizmendi]. Atxukarrok ere [Inazio Mari] hitz-jario eta euskara ederra zituen".

1993an hitz egin zuen azkenengoz irratiz Sagarzazuk: "Irratia ez zegoen egoera onean, eta hiru proposamen egin zizkidaten. Onena hartu nuen; alde egitea". Pena handiarekin utzi bazuen ere, alde ona aurkitu zion Sagarzazuk: "Irratia uzteak pena eman zidan, baina ez zen txarrerako izan, nire ama orduantxe hasi zelako jaisten, eta nire amak orduantxe behar zuen laguntza. Oso ondo etorri zen aldaketa, beraz". Irrati-entzule finagoa izateko aukera ere eman zion irratitik urruntzeak: "Askotan lanak egun osoa hartzen zigun, eta ordutik aurrera aukera izan nuen irratia gehiago eta irrati kate gehiago entzuteko".