Sailkatugabeak

Parke naturala ezagutuz

Aratz-Aizkorri EgunaZegamaAratz-Aizkorri Parke Naturalaren Eguna ospatuko dute, bihar eta etzi, Zegaman eta inguruko parajeetan. Parke Natural hori ezagutarazteko eta toki hark gordetzen duen natura eta kultura ondarea jendeari gerturatzeko helburuare...

Hamasei urteko inurri lana

Hasiera haietan egon ziren emakumeetako batzuek esan izan dute jakinez gero zer-nolakoak gertatuko ziren ez ziotela ekingo, inondik ere, abiatutako bideari". Josema Alberdiren hitzak dira; Irungo alarde parekidearen ordezkaritza osatzen duen Alardezaleak elkarteko presidentea da bera. Hamasei urte igaro dira hasiera haietatik; alegia, emakumeak kantinerarena ez den postu batean desfilatzen saiatu ziren lehendabiziko alditik. Alarde moduan duela hamalau urte desfilatu zuten aurrenekoz, eta bihar, San Martzial egunez, berriz abiatuko dira Urdanibia plazatik. Gauzak asko aldatu dira hastapenetatik; asko, eta ezer ere ez.

Hamasei urte igaro eta gero emakumeek herriko festetan parte har dezakete, gizonen eskubide berekin, nolabait. Baina bi alarde daude, eta emakume soldaduen desfilea galarazten duena da oraindik nagusia. Parekidea da publikoa, EAEko Auzitegi Nagusiaren aginduz, baina ez du udalaren babesik; alarde tradizionalarekin daude Bildu eta Ezker Batua salbu, gainontzeko alderdi guztiak, baita Jose Antonio Santano alkate sozialista ere. Egia da ez direla ikusten hasierako urteetako liskarrak, baina egia da jarrera batzuk bere horretan mantendu direla, eta zenbaitek gogor kolpatzen jarraitzen dutela desfile mistoa, ekainaren 30a hurreratu ahala.

Alberdiren ustez, gertatutakoa "erabat neurriz kanpokoa" izan da. Areago, egun udalean dagoen ordezkaritzak eta alarde tradizionaleko Agintarien Batzordearen osaketak konponbidea "ezinezkoa" egiten duela deritzo.

Une gogorrenak hasierako urteetakoak izan baziren ere, ordukoak dira egoerari irtenbidea bilatzeko egindako ahalegin handienak ere. Batetik, bi aldeak mahai berean eseri zirelako, Alberto Buen alkateak deituta. Bilera hark ez zuen emaitzarik utzi, baina 1996ko hura izan da elkar ulertzeko egondako saiakera bakarra. Eta bestetik, 1997ko alardearen bezperan Agintarien Batzordeko gehiengoak —hamalau boz alde eta hamaika kontra— onartu egin zuelako, udaletxean egindako bileran, konpainia misto batek alardean parte hartzeko aukera. Bozketa galdu zutenek, hala ere, aldatu egin zuten desfilearen ibilbidea, eta konpainia parekidea Urdanibia plazan geratu zen, alardean parte hartu ezinda. Ordutik, berrituz joan dira alarde tradizionaleko agintariak, eta berriek sekula baino gogorrago eutsi diote bereari. "Ez dute sekula onartuko gurekin esertzea", dio Alberdik.

Gatazkaren bigarren urtean EAEko Auzitegi Nagusiak hala ebatzi zuenetik, udalak antolatzen du alarde parekidea —pribatua da orduz geroztik alarde tradizionala—. Baina udalak ez du desfile mistoa babesten eta, horren adibidea da, esate baterako, jai egitarau ofizialean ez agertzea. Alberdiren arabera, "hipokrita" da gaur egungo diskurtso politikoa. "Orain aste gutxi mozio bat atera zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ, PSE-EE eta PPk, bi alardeekiko errespetua agertuz. Baina hiru alderdi horietako ordezkariak ez dira egoten Irungo udaletxeko balkoian gure konpainiak iristen diren uneetan. Errespetua agertu nahi baduzu presentzia eta jokaera berdina erakutsi behar dituzu, eta hori ez da gertatzen".

Hiritik kanpo jaso du alarde parekideak udalaren gehiengoak ukatzen dion babesa. Mende honen hasieratik Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute desfilea. "Ibarretxe lehendakaria asko inplikatu zen, baita Txaro Arteaga ere", dio Txaro Arribasek, lehen urtetik lerro mistoetan desfilatu duen emakumeak. Arribasek ondo gogoan du hasieratik izan zutela Emakunderen babesa. "Lehen urte haietan EAJk eta EAk finantzatu gintuzten, Jaurlaritzatik eta Aldunditik", gehitu du. Hala izan zen EAJ eta Eusko Alkartasuna erakunde horietan zeudenean, eta hala jarraitu du izaten aginte makilak eskuz aldatu eta gero ere. Aurtengo apirilean Emakunderen Berdintasun Saria jaso dute Irungo alarde parekideak eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiak —Hondarribian alarde bakarra dago, eta konpainia mistoak ezin du bertan parte hartu—, eta Arribas bera izan zen irundarren izenean Donostiako Kursaal jauregian saria jasotzen. Bere diskurtsoan ibilbide garratzaren errepasoa egin zuen: "Hasieratik bagenekien gaia delikatua zela, baina ez nuen uste hainbeste denbora beharko zenik".

Urtero jendetsuagoa

2009an beste koska bat igo zuen emakumeak soldadu bezala onartzen dituen desfileak. Urte hartan, Ainhoa Ruiz Arbulo izendatu zuten alardeko jeneral. Emakume batek hartzen zuen, lehen aldiz, alardeko kargu gorena. Komandantea izan zen lehenago, eta hori baino lehen txilibituarekin desfilatzen zuen. Duela lau urte Ruiz Arbulo zaldiarekin San Juan plazan agertu zenean, begi guztiak zituen berari begira, aldekoenak, eta baita kontrakoenak ere. "Ardura hori nabaritzen dut oraindik, baina beste modu batera. Egia da begira dauzkadala sentitzen dudala, baina jendearen bultzada ere sentitzen dut". Behin zaldi gainean igotzen denean, alarde parekideko partaide eta zaleak ditu gogoan batez ere, baina baita besteak ere, eta denengatik saiatzen da lana "txukun" egiten. "Garrantzitsua da haiek ere kontuan izatea, ea pentsatzeko modua aldatu eta guregana etortzen diren, gurekin desfilatzen hasten diren".

Alberdirentzat ere garrantzitsua da desfilea "txukun" egitea. "Gauza bat da gure alardea integratzailea izatea, arau demokratikoagoak ezartzea, baina horrek ez du esan nahi desfilea behar bezala egin behar ez denik. Alardearen egitura zaindu eta desfilea txukun egin behar da, gizarteak gu errespetatzea nahi badugu". Aldaketa batzuk nabaritu dira, hala ere. Urtetik urtera, geroz eta gehiago dira eskopetaren ordez musika tresnak aukeratzen dituzten partaideak. Baina hori normala dela uste dute bai Alberdik, baita Arribasek ere. "Alardean hasten diren gazteak antimilitaristak dira, ez dute eskopeta bat hartuko". Baina hori alarde tradizionalean ere gertatzen den fenomenoa dela diote.

Jendetsuagoa urtetik urtera

Aurten laugarren urtea egingo du Ruiz Arbulok zaldi gainean, eta oinez zihoanetik gauzak aldatu direla sumatu du: "Urtez urte hazten goaz, poliki-poliki baina etengabe. Hamar partaide berri sartzen direla, ba hamar gehiago gara. Poliki-poliki goaz, baina gero eta gehiago gara, eta hori etorkizunerako positiboa da, etorkizunean alarde parekidea bakarra izango delako".

Ama Xantalen konpainian, esaterako, dozenaka dira entseguetan parte hartu duten gazteak. Maialen Beltran horietako bat da; emakumearen parte hartzearen aldeko borrokak bezala, 16 urte ditu berak, eta lehen aldiz desfilatuko du, txilibitua joaz. Bere aitak konpainiako kapitain kargua utziko duen urtean hasiko du bere ibilbidea. "Aitarekin batera desfilatzeko gogoa nuen, baita festa barrutik ezagutzeko ere". Kanpotik ikustea zer den badaki, baina desfilatzeko irrikaz zegoen.

Arantza Ugartek ere estreinako desfilea izango du biharkoa, Anaka auzoko konpainiarekin; dagoeneko hirutan entseatu du haiekin, eta uste baino giro hobea aurkitu duela dio: "Niretzat ezustekoa izan da. Lehen egunean urduri joan nintzen, baina gero oso polita iruditu zitzaidan. Nahiko giro ona aurkitu genuen kalean, nik pentsatzen nuen baino hobea. Hiru egunetan atera gara, eta lehen egunean baziren neska gazte batzuk bizkarra ematen. Baina, bestela, aurpegi txarrik ez. Ikusteko dago alarde egunean Kale Nagusia nola egongo den".

Beltranek ez bezala, alarde parekidearen une gogorrenak pasatu behar izan ditu Ugartek. Lehen desfilea egin zenean, 1996an, orduan parte hartu nahi izan zuen, baina aurten eman du urratsa; orain arte, kanpotik jarraitu du festa:"Hasierako urteetan balio handia behar zen alardean parte hartzeko. Kanpoan egiten nuen lana, eta etxean egoera zaila nuen gurasoekin... baina aurten dena dut alde: larunbata da, gurasoen istorioa pixka bat lasaiago dago eta senarra ere animatu da". Ugartek 47 urte ditu.

Gero eta gehiago dira beldurra galdu eta urtero desfilatzen hasten diren emakume eta gizon irundarrak. "Badira lehen aldiz aterako diren 60 urtetik gorako emakumeak, eta zergatik egiten duten galdetzean koherentziagatik egiten dutela erantzun digutenak", nabarmendu du Alberdik. Bere ustez, gizartea ari da aldatzen eta irundarren gehiengoak begi onez ikusten du gizon eta emakumez osaturiko alarde publiko bakarra, baina "tradizionaleko agintariak inoiz baino lerratuago egonik", konponbidea urruti ikusten du. "Alderdien esku dago hau konpontzea, eta ez dira ezer egiten ari horretarako", gehitu du.

120

Ekonomia planak Donostian sortu asmo dituen lanpostuak. 120 lanpostu sortzeko helburuz, Donostia Sustapenak bi itun sinatu ditu ostalarien eta merkatarien elkarteekin. Donostiako Udalak egiten du Donostia Sustapenaren ekarpenen %80a.

“Mututu gintuzten, baina herriak oso ondo erantzun zuen”

Gernika bonbardatu zuten egun berean jaioa da, handik ez oso urruti, Itziar Sagarzazu (Getxo, Bizkaia, 1937). "Ni jaio nintzenean, gure amari beso batean haur jaioberria jarri zioten eta bestean berokia, eta esan zioten sirena entzuten zuenean bazekiela zer egin behar zuen. Hurrengo egunean kalean ginen ama eta biok". Hasiera ezin gogorragoa izan arren, urte gozoak iritsi zitzaizkion gaztaroan. Gerra garaian ihesi ibili ondoren, Zestoara itzulia zen Sagarzazuren familia. 1961. urtea zen, eta Loiola irrati jaio berrirako esatari bila zebiltzan. Horren berri izan zuenean, hantxe aurkeztu zen Sagarzazu, Azpeitiko Loiola auzora, proba egitera. Ez zioten berehalakoan deitu, baina azkenean haren aukera iritsi zen: "Proba egin nuenean, esan zidaten oso ondo egin nuela eta deituko zidatela, baina urtebete inguru pasatua zen eta ez nuen uste aukerarik izan nezakeenik". Urteak igaro diren arren, ondo gogoan du 1962an irratira sartu zenean zer esan zioten: "'Hona etorritako onena zara!', esan zidan aita Bergarak, irratiko arduradunak. Eta horrekin gelditu nintzen ni". 24 urte zituen, eta denera 31 urtez aritu zen euskal etxeetara istorioak, berriak, aholkuak eta beste hamaika kontu helarazten. Sagarzazuren lankide izan ziren hasiera hartan Luis Cerrado Mayor, Karmelo Otaegi, Joxe Mari Iriondo eta Maritxu Martinez.

Gustuko ofizioa zuen hura: "Irratizalea izan nintzen beti; txikitan beti ibiltzen nintzen kantuan, antzerkiak egiten...". Eta oroitzapen onak ditu irratiko lanari dagokionez. Joxe Miel Barandiaran elkarrizketatu zuenekoa du gogoan, esaterako: "Ordurako 85 urte zituen, baina oso ondo hitz egin zuen, burua oso argi zuen eta oso gustura egin nuen elkarrizketa hura". Hamaika jaialditan ere aritzen ziren esatari lanetan, eta jendearekin sortzen zen harremana eta giroa gogoko zituen: "Karmelo Otaegik eta biok senar-emazteena egiten genuen irratsaio batean, eta jendeak oso gustuko zuen. Kalean ere jarduten zidaten pertsonaia haien harira", dio irribarretsu, oroimenean atzera egiten duen bitartean.

Zentsurari izkin eginez

Gustuko tokian aldaparik ez dagoela esan ohi da, baina aldapak egon, egoten dira sarri. 1962a zen Sagarzazu irratira iritsi zenean, eta Francoren diktadurapean bizi ziren. Adierazpen askatasunik ez zegoen eta, beraz, inprobisazioekin kontuz ibili behar izaten zuten, bai Loiola irratian behintzat: "Aurrez idatzitakoa irakurri behar izaten genuen, eta gero paper haiek guzti-guztiak, esandako guzti-guztia, jarritako musika guzti-guztia, Donostiara bidaltzen zen, Gobernu Zibilera. Inprobisazioarekin oso kontuz ibili behar izaten zen". Agintariek urtebetez isilduta utzi zuten irratia, 1965ean, eta bonba bat ere jarri zion Los Guerrilleros de Cristo Rey taldeak: "Antena bota zuten eta mutututa gelditu ginen. Baina herriak oso ondo erantzun zuen, eta berriro altxatu genuen. Bazkide pila bat egin genuen".

Debekuak debeku eta jazarpenak jazarpen, Sagarzazu eta haren lankideak "aurrera egiten" saiatzen ziren: "Euskaraz arrosarioa eta baserritarren programa egiten genituela esaten genuen, baina gero, eskutitz bat euskaraz iristen bazitzaigun, euskaraz erantzuten genuen. Pixkanaka-pixkanaka sartzen-sartzen joan ginen euskara; giro hura ez zen batere ona euskararentzat. Jendeak nahi zuen, ordea".

Loiola irratiak entzule asko zituen garai hartan, eta iritsi ere, urrunera iristen zen: "Logroñon baziren salestarrak gure irratia entzuten zutenak, eta kamioilariek ere esaten zuten behin Burgosko bidea hartuta etxean gatxaudek!' esaten zutela, Loiola entzuten zelako". Euskaraz jarduten zuten irrati gehiago baziren; Segura eta Arrate, esaterako. Baina "arrazoiren batengatik" Loiola irratiak indar handiagoa hartu zuela uste du Sagarzazuk.

Zuzeneko irratsaioak egiten zituzten gehienbat, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Sagarzazuk askotariko gaiak jorratu zituen: entzuleek bidalitako mezuak zeuzkan ardaztzat saioak; baserriko gaiak eta emakumeentzako aholkuak, besteak beste. Azken gai horri buruzko xehetasunak azaldu ditu: "Sukaldaritzari buruz aritzen nintzen, baita independentziari buruz ere. Orduan emakume gutxik egiten zuen lan etxetik kanpora, eta guk esaten genuen kanpoan ere enplegatuz gero beste independentzia bat eskuratzen zela, orduan gizonak asko agintzen zuelako". Haren kasuan ere, irratian, gizonek gehiago irabazte zuten, eta gerora ere bai. "Altxatu ginen pixka bat, baina... halaxe ziren kontuak".

31 urtean irratigintza asko aldatu zela dio: "Moda bezala dela uste dut; aldatzen joaten da. Baina zu gogoratzen zinen 8 urterekin zer entzuten zenuen, eta probatu egiten zenuen, ea gustatzen al zitzaion jendeari. Profesional onak entzutea ere garrantzitsua izaten zen ikasteko". Sagarzazuk istorioen narratzaileak izaten zituen gustuko: "Hitz egiteko era zoragarria izaten zuten batzuek. Euskaraz, esaterako, Basarri [Iñaki Eizmendi]. Atxukarrok ere [Inazio Mari] hitz-jario eta euskara ederra zituen".

1993an hitz egin zuen azkenengoz irratiz Sagarzazuk: "Irratia ez zegoen egoera onean, eta hiru proposamen egin zizkidaten. Onena hartu nuen; alde egitea". Pena handiarekin utzi bazuen ere, alde ona aurkitu zion Sagarzazuk: "Irratia uzteak pena eman zidan, baina ez zen txarrerako izan, nire ama orduantxe hasi zelako jaisten, eta nire amak orduantxe behar zuen laguntza. Oso ondo etorri zen aldaketa, beraz". Irrati-entzule finagoa izateko aukera ere eman zion irratitik urruntzeak: "Askotan lanak egun osoa hartzen zigun, eta ordutik aurrera aukera izan nuen irratia gehiago eta irrati kate gehiago entzuteko".

Araudiaren mugak lausotuta daude

Marihuana kontsumitzaileak biltzen dituzten elkarteak eta banakako kontsumitzaileen jarduerak erregulatzeko araudi zehatz baten beharra berehalakoa dela salatu du azken urteetan Eusfac Kalamuaren Euskal Federazioak. Borroka horretan dihardute 1977tik, alegia, duela hiru hamarkada baino gehiagotik. Ordurako hainbat kanpaina eginda zituzten, baina urte hauetan egindako lanaren emaitzak orain egun batzuk iritsi zaizkie. Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat Donostiako Ganjazz elkartea bisitatzen izan da, marihuana kontsumitzaileak hartzen dituzten elkarte horietan egiten dutena ezagutu, eta gaur egun duten ezegonkortasun juridikoa pixkanaka zehazteko asmoz. Gaiaz eztabaidatzeko taldea ere sortu dute.

Eusfac-en, oraingoz, Gipuzkoako zazpi elkarte daude federatuta. Elkarteen erregistroan izena emanda dute, eta haien jarduera zein den zehaztuta: kalamua modu kolektiboan landatzea. Klub horiek marihuana kontsumitzaileek osatzen dituzte, irabazi asmorik ez dute, eta ekoizten duten kalamua elkarteko bazkideen artean banatzen dute, berehala kontsumitzeko adinako kantitateetan. Elkarte horien jarduera, ordea, ez dago erregulatuta, ez eta zenbat landare izan ditzaketen ere. Horregatik, "segurtasuna eta gardentasuna ziurtatzeko" ezinbestekotzat jotzen dute erakunde publikoek araudi bat sortzea eta mugak zehaztea.

Martin Barriuso KEF Kalamu Elkarteen Federazioko lehendakariak azaldu duenez, "edozein droga kontsumo zigorgabetuta dago 1974tik; hau da, kontsumitzaile izatea ez da delitua". Marihuana landarea, ordea, "ez da legezkoa, eta ezin da landatu". Elkarteek duten izaera pribatuak, baina, "nolabaiteko babesa" ematen die.

Europako herrialde batzuetan zehaztuta dago pertsonako zenbat landare landatu daitekeen, baina Hego Euskal Herrian ez. Zenbat landatu daitekeen zehaztea falta denez, "legeari dagokionez hutsune bat sortzen da, eta elkarteak legezkoak izan arren, beraien aktibitatea ez dago behar bezala araututa".

"Legebiltzarrak aho batez onartu du pertsona heldu batzuen eskubideak urratzen ari direla", dio Barriusok, eta, hori amaitzeko, elkarteak eta Eusko Legebiltzarra elkarrekin ari dira lanean. Barriusoren arabera, "etxea teilatutik" eraikitzen hasi dira, "oraingoz elkarteen izaera bakarrik erregulatuko delako, eta Legebiltzarrak ez duelako banakoen alorrean jarduteko eskumenik". Prozesua "modu egokian" gauzatzeko, banakoen legezko kontsumoa zenbatekoak izan beharko lukeen zehaztu beharko litzateke aurrena, Barriusoren ustez, eta, ondoren, kopuru hori elkarteko bazkide kopuruarekin biderkatu.

Ignacio Muñagorri EHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna da, eta irakaslea Donostiako fakultatean. Hark azaldu duenez, "autokontsumoa ez da delitua, kontsumitu behar den hori trafikorako erabiliko ez bada"; baina autokontsumoa zertara mugatzen den ere ez dago legez zehaztuta.

Zigor Zuzenbideak emandako hainbat sententziatan zehazten denez, autokontsumoa "bost egunerako adina" da bakarrik, "baina kontsumo hori ezberdina da banako bakoitzean, eta zehaztapen horrek ez du balio". Hala, azken urteetan, kontsumo hainbat motazehazteko hainbat kontzeptu garatu dituztela azaldu du Muñagorrik.

2003. urtetik, kontsumo partekatua kontzeptua garatuz joan dira, kontsumitzaileen eskubideak bermatze aldera. Mendekoak diren kontsumitzaileak hartzen ditu bere barruan kontzeptu horrek; kasu horietan, kontsumoa legearen barruan egingo litzateke leku itxi eta pribatu batean egingo balitz, kantitate txikitan eta beste pertsona bati eragin gabe. 2005ean asteburuko kontsumitzailea zer den definitu zuten, talde eta kantitate txikietan egiten den kontsumoa izendatzeko. Bi kasuetan ez da zehazten kantitateak zenbatekoa izan behar duen gehienez legezkoa izateko.

Bi kontsumo mota horiek onartuta daude, betiere trafikorako ez baldin badira. Banakoaren kontsumorako elkartzea ez da delitua, Muñagorriren arabera, "kontsumitzen dutena produzitzen dutelako, eta bazkideak direlako kontsumitzaile bakarrak". Muñagorrik azaldu duenez, "lege guztiak zerbait babesteko egiten dira; kasu honetan, osasun publikoa". Kontzeptu hori, ordea, "oso zabala eta zehazten zaila da".

Lau puntuko arautegia

Legeen zehaztapen falta horrek sortu du azken egunetan kalamu elkarteen inguruan izaten ari den eztabaida, eta, Muñagorriren ustez, "ez da amaituko erregulazio zehatz bat egiten den arte". Zigor ikuspegitik arautegi bat zehaztea posible ikusten du. Administrazioak, baina, ez du horren argi: "Segurtasun publikora jotzen du administrazioak, eta kalean kontsumitzea edo autokontsumorako substantziak soinean izatea, zigortuta dago". Izan ere, "oso zaila da zehaztea segurtasun publikoa zer den, eta administrazioak hor aurkitu du autokontsumoa zigortzeko bidea".

Banakako kontsumitzaileen eta elkarteetako kideen eskubideak defendatzeko asmoz, eta erregulazio falta amaitzeko, Eusfac-ek lau puntuko arautegia eratzea proposatzen du. Adinez nagusia den edozein pertsonak kalamua edo beste edozein substantzia libreki kontsumitzeko duen eskubidea aitortzea eta errespetatzea eskatzen du, eta autokontsumoa eta produkzioa—modu pribatuan edo publikoan— legezkoak izatea, inolako baimenik behar izan gabe.

Trafikoa galarazteko arauak zehaztea ere eskatzen dute, baina kontsumitzaileek euren artean banatzeko aukera izatea aldarrikatzen dute, "betiere, tratu ekonomikorik ez badago tartean". Beraz, elkarte bereko bazkideen artean eta osasun arazoak dituzten gaixoen artean banaketa legezkoa izatea.

Barriusok honela azaldu du euren eskaera zertara mugatzen den: "Guk, irabazi asmorik gabeko elkarte sare bat nahi dugu, kontsumitzaileek kudeatutakoa, demokratikoa, gardena, juridikoki fiskalizatua eta merkatu beltzera jotzea galarazten duena".

ETORKIZUNEKO PLANA HIZPIDE

EAJk Lurralde Batzarra egin zuen joan den larunbatean, Donostian. Datozen hilabeteetarako GBB Gipuzkoako Buru Batzarraren ekintza plana aurkeztu zuten. Ekitaldian, Joseba Egibar GBBko presidenteak hitza hartu zuen, eta kezkatuta agertu zen euskal erak...

“Diseinua eta materiala hobetu nahi ditut, produktua merkeago izan dadin”

Modu automatikoan egiten den ohea asmatu du Axintxio Zubeldiak (Villabona, 1956). Billabonatarra 14 urterekin hasi zen lanean, tornuan, eta, egun, lanbide horretantxe jarraitzen du. Azken hamarkadan, ordea, asmatzaile lanetan ere ibili da, ezkutuan eta isil-isilik.

Denbora gutxian oihartzun handia izan du zuk asmatutako oheak.

Erotu beharrean nabil. Elkarrizketak eskatu dizkidate handik eta hemendik: Euskal Telebistatik, Radio Nacional de Españatik, CNNtik... Duela egun batzuk, ohe automatikoaren bideoak 11.000 bisita zituen Youtuben, eta, hiru egunean, milioi bat bisita baino gehiago ere izan ditu [www.ohea.eu gunean ere badago ikusgai].

Asmakizunari buruzko iritziak ere jaso dituzu.

Bai, horrela da. Harvardeko unibertsitatean ikasitako batek dio etorkizuneko negoziorik hoberenetariko bat izango dela, eta Ingalaterrako batek, ohea egitea iraganeko kontua dela. Hala eta guztiz ere, niri gehien gustatzen zaidana Amerikako Estatu Batuetatik jaso dudan bat izan da, eta horrela dio: "Ostia, Patxi!" [barreak].

Noiz etorri zitzaizun burura ohe automatikoaren ideia?

Duela hogei urte, baina duela hamalau hasi nintzen ideia horretan lanean; hori bai, lasai-lasai. Lau hilabetean, adibidez, ez nuen ezer egiten, eta hurrena, gelditu gabe: prototipoa egin eta huts, dena zakarretara, eta gero berriro lanera, beste modu batera. Horrek ez bazuen funtzionatzen, berdin: berriro hastea tokatzen zen.

Duela hogei urteko ideia hura eta gaur egun etxean duzun prototipoa berdinak al dira?

Ez. Hasieran, modu automatikoan egin eta garbitzen zen ohe bat nuen buruan. Ideia hori, ordea, ez zen errentagarria: gastu gehiegi zituen, eta traste handiegia zen. Duela hiru edo lau urte hasi nintzen lanean orain esku artean dudan ohean; hori bai, ordura arte egindako lan guztia lagun nuela.

Prozesu baten amaiera da, beraz.

Thomas Alva Edisonek esaten zuen bezala, inspirazioa edo ideia asmakizunaren %1 da, eta izerdia edo transpirazioa, %99. Hona iristeko, hainbat urtetako lana behar izan dut. Hau ez da gau batean amets txar bat izan eta hurrengo egunean egiten den zerbait. Izugarrizko lana da: prototipoak egin eta egin aritu behar izan dut.

Patentea duela hiru urte eta erdi egin zenion ohe automatikoari, prototipoa bukatu aurretik. Zergatik?

Italiar batek modu automatikoan egiten zen ohe bat asmatu zuela irakurri nuen Interneten; hori bai, beste modu batera. Hala eta guztiz ere, hiru egun pasatu nituen lorik egin gabe eta ezer jan gabe. Larunbatean irakurri nuen albistea, eta astelehenean patentea egitera joan nintzen.

Zertan datza patenteen gaia?

Patentea egiten duzunean, lehen 30 hilabeteetan mundu guztirako balio dizu. Gero, ordea, babesik gabe gelditzen zara mundu zabalean. Duela urtebete, epea amaitzear nuenean, nazioz nazio egin behar izan nuen patentea: AEBetan, Kanadan, Brasilen, Indian, Txinan, Japonian, Argentinan, Venezuelan...

Noiz amaitu zenuen bakarrik egiten den ohearen prototipoa?

Aurtengo urtarrilean.

Eta orain, zein da zure helburua?

Zer esango dizut, ba... [barreak].

Patentea saltzea aukera bat izango litzateke, ezta?

Ideia horrek ez nau askorik erakartzen. Gustatuko litzaidake enpresabururen bat edo produktuan inbertitzeko asmoa duen norbait etortzea, guztia martxan jarri eta merkaturatzeko.

Nolako eskaintzak jaso dituzu?

Alde batetik, banakoenak. Horiek etorri zaizkit esanez ohea bera erosi nahi dutela, euren seme-alabentzat eta abar. Batek, adibidez, Kanadara bidaltzeko esan zidan. Kontuak kontu, horrelako hamar bat eskari jaso ditut. Beste alde batetik, enpresa eta banatzaileen eskaintzak daude. Indiatik, adibidez, idatzi zidaten esanez negozioak egin nahi zituztela nirekin; Asiako banatzaile nagusiak omen ziren. Nik horiei guztiei esaten diet ohea oraindik prototipo bat besterik ez dela, eta ez dagoela merkatuan. Diseinua eta materiala hobetu nahi ditut, besteak beste, azken produktua merkeagoa izan dadin.

Bien bitartean, tornuan aritzen zara Zizurkilgo lantegi batean, langile.

Hori da.

Eta, urte hauetan guztietan, zer esaten zenien lankideei?

Asmakuntza bat egiten ari nintzela esaten nien, baina ez nien esaten zer ari nintzen egiten [barreak].

Zer esaten zizuten?

Barre egiten zidaten, pitzatuta nengoela eta abar [barreak].

Edison asmatzailea aipatu duzu lehen; nolabait identifikatzen al zara asmatzaile ospetsu horrekin?

Haiek urtero asmatzen zuten zerbait, eta nik hogei urte behar izan ditut ohe hau egiteko. Einstein, Newton, Edison, Marie Curie, Tesla eta abarren inguruan aurkitu dudan guztia ikusi eta irakurri dut, zertxobait identifikatzen naizelako haiekin, baina, nire bizitzan, asmakuntza ez da izan lehentasun bat; baserrian lana baldin bazegoen, hori zen garrantzitsuena; jatenak egin edo belarra ondu behar baldin bazen, lehena hori zen, eta, gero, denborarik baldin bazegoen, gainerakoa.

Zein izan da zure inspirazio iturria?

Hutsek motibatu naute gehien. Gauzak gaizki ateratzen zirenean aritzen nintzen hobekien. Gauza bat ongi ateratzen ez zitzaidan bakoitzean, hori konpontzea besterik ez nuen buruan. Behin eta berriz saiatu ondoren, funtzionatzen zuela ikustean, berriro ere lasai hartzen nuen guztia.

Herri gogo zaharberritua ospatuz

Hilaren 30ean beteko dira 25 urte Astigarragak udal izaera berreskuratu zuenetik. Donostiatik bereizteko unea hiriburuarekin batu eta 44 urtera heldu zen. Ia zazpi mendeko historiak eta, batez ere, bere herritarren nahiak eman zioten hasiera herrigint...