Sailkatugabeak

Eskola bukatu da!

Siziliako eguzkiaren azpian nago —tira, eguzki bakarra dago mundu guztirako, baina hain poetikoa gelditzen da horrela esanda...—. Harira. Siziliako eguzkiaren azpian, itzaletara ohitutako gorputza gerizpean dudala, tripaz gora nago, hoteleko igerilekuan sartu-atera bat egin ondoren, lasai etzan eta begiak itxi ditut, loaren eta kontzientziaren arteko egoera lauso horretan kulunkatzeko. Goizean egindako bisita bat etorri zait gogora, antzoki greziar-erromatarra ikustera joan gara, eta ikaragarria izan da. III. mendean, antzoki erraldoi hori anfiteatro bihurtu omen zuten, arrakasta izugarria izaten ari ziren beste ikuskizun batzuk eskaintzeko; esklaboak eta gladiatoreak ateratzen zituzten lehoi eta beste piztia batzuen aurka jarduteko, edo, hobeto esanda, horien atzaparren artean bizirik zenbat denbora irauten zuten ikusteko. Pentsatuz gero, gaur egungo egoerarekin alderatuta, antzekotasun nabarmena du; antzerkiak baino arrakasta handiagoa dute telebistan ematen dituzten bi hankako piztien arteko borroka eta liskarrek.

Nire gogoeta sasi-intelektualean gustura nagoela, bat-batean reggaeton musikaren doinuak asaldatu nau. Begiak ireki, eta ingurura begiratu dut. Akabo, aquagym-aren ordua da (uretan egiten den aerobikaren antzeko zerbait), eta 20 urte inguruko bi neska igerileku aurrean kokatu dira eguneroko lezioa emateko. Uretan, beraien parean, dozena erdi bat laguneko aitona-amona kuadrilla —alemaniarrak dira, egunean bi litro garagardo edateak sortzen duen gerribuelta hori ukatzerik ez dago—. 700 kilo haragi zuri-zuri uretan plisti-plasta, eta ni, aldamenean, linozko soineko berriarekin. "Dios! Haitiko tsunamiak ere zipriztin gutxiago botako zuen!". Aldizkari bat zabaldu dut, ea entretenitzen nauen...

Artikulu batek dio Frantziako Gurasoen Elkarteak (FCPE), eskolako lanik gabeko 15 eguneko greba bat egin duela. Haurrei eskolan bidaltzen zaien etxeko lanen gehiegikeria salatu dute, hainbat arrazoi oinarritzat hartuta: hainbeste eskolako lanek duten erabilgarritasun pedagogikoa zalantzan jarri dute. Kasua aztertu duten psikologoen ustez, oso garrantzitsua da haurrak jolaserako eta jaduera soziokulturaletarako denbora izatea. Nire inguruan ikusten dudanari erreparatu diot, eta halaxe da. Umeak arratsaldero eskolako lanetan itota ikusten ditut. Haur guztiak ez dira berdinak, eta horien heziketan helburu guztiek ez lukete berberak izan beharko. Batzuk onak dira matematikan, beste batzuk hizkuntzetan, eta beste zenbait alor artistikoan edo sormen lanetan. Zergatik hezi nahi ditugu robotak balira bezala? Ez dago inongo beharrik izaki perfektuak eta ahalguztidunak sortzeko. Gizabanakoaren alde positiboena bilatu eta indartu behar genuke. Gaurko haurrek, duela 20 urteko egoerarekin alderatuz, astean 15 ordu gutxiago dituzte jolaserako. Tristura ematen dit; guk egun osoa ematen genuen kalean. Ez dira hainbeste urte pasatu ordutik, eta ez dut ulertzen nola iritsi garen honaino. Badirudi askoz ere garrantzitsuagoak direla defizita, burtsa edo zor publikoa, eta noizbait izan genuen haurtzaro horretaz ahazten gara askotan.

Gaur oporrak hartzen dituzuen haur guztiei; gorde liburuak, kendu bizkarretik motxila astunak eta atera kalera. Bete itzazue kaleak zuen algara, haserre, negar eta garrasiekin, edozerekin, baina bete itzazue kaleak.

PPk dio ez dagoela dirurik aireportua handitzeko

HONDARRIBIA. Espainiako Gobernuak "ez dauka dirurik" Hondarribiko aireportua handitzeko, Jose Eugenio Azpiroz Espainiako Kongresuko PPko diputatuak asteon adierazi duenez. Hala, aireportuak legedia betetzen ez duenez, esan du ez dela falta "itxiera er...

LARUNBATA, LASTERKA

Bihar egingo da Antiguako XXII. Herri Lasterketa. Parte hartzaileak 12:00etan irtengo dira, Antiguako Benta Berri plazatik; hamar kilometroko lasterkaldiaren ondoren, hantxe egongo da helmuga ere. BERRIA, Hitza eta Bagera dira antolatzaileak, eta gaur...

Guitransek Astigarragako Garraio Zentroa txalotu du

Guitransek, Gipuzkoako garraiolarien patronalak, txalotu egin du Astigarragako Garraio Zentroa egiteko asmoa. Ekainaren 2an egin zuen elkarteak batzar orokorra, eta bertan izan zen Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatua; proiektua 2015erako am...

“Bizikleta gainean gehiago gozatzen da, eta gehiago sufritu”

Euskal Herrian, txirrindularitzari esker egin zen ezagun Neil Stephens (Canberra, Australia, 1963), eta txirrindularitzaren munduari lotuta jarraitzen du oraindik ere. 1985ean hasi zuen ibilbide profesionala, eta bizikleta gainean ibili zen 1998ra arte. Gaur egun, GreenEDGE Team taldeko zuzendaria da.

Peugeot-Michelin izan zen Stephensen lehenengo taldea, 1985ean. Ibilbide profesionaleko lehen garaipen garrantzitsuenetako bat, berriz, 1986an lortu zuen, Herald Sun Tour irabazi zuenean. Garai hartan, Australiako karrera entzutetsua zen Herald Sun Tour, eta Stephens Santini-Sierre taldean zegoen.

Beste hainbat garaipen etorri ziren gero, eta beste hainbat talde: Ever Ready-Ammaco (1987); Zero Boys (1988), Caja Rural-Paternina (1989); Artiach-Royal (1990); Paternina Sport (1991); ONCE (1992-1996) eta Festina (1997-1998). Erretiratu aurretik, 1997an, Frantziako Tourreko etapa bat ere irabazi zuen, Festina taldean zegoela.

Ez zen, ordea, haren lorpen bakarra izan. Lehen australiarra izan zen hiru lasterketa handiak —Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Itzulia— bukatzen. Euskal Herrian, berriz, besteak beste, lautan jantzi zuen Ordiziako Klasikoko txapela.

Bizikleta gainean gozatu egiten zuen Stephensek, baina baita sufritu ere. Hala ere, argi du bizitako unerik gehienak onak izan zirela: "Lasterketa onenetan parte hartzeko aukera izan nuen. Gutxik esan dezakete gustatzen zaien lan batean ari direla, eta nik horretarako aukera izan nuen".

Unerik goxoena zein izan zen galdetuta, ez dauka bakarra buruan. Urterik eta unerik onenak ONCE taldean pasa zituela dio, ordea. Bost urte igaro zituen han, baina talde horretaraino iristea ez zen erraza izan: "Urteak eman nituen talde handi eta on batera iritsi ahal izateko. Gainera, ni taldera iritsi nintzenean, munduko onenetako bat zen, onena ez bazen". Oso oroitzapen onak ditu ordukoak.

Ondorengo urteak

Bizikleta utzi ondoren, Linda McCartney Racing Team eta Liberty Seguros taldeetako kirol zuzendaria izan zen. Gaur egun, berriz, GreenEDGE Team taldeko zuzendaria da.

Bestelako garai batean dago orain, baina gustuko duen lanean jarraitzen du; txirrindularitza munduari lotuta, eta gustura zegoen jendearekin. Autotik jarraitzen die txirrindulariei, eta gozatzen eta sufritzen jarraitzen du, baina beste modu batera: "Autoan joatea ezberdina da. Asko gozatu nuen bizikletan; autoan baino gehiago gozatzen da, baina baita sufritu ere. Orain, autoan, gozatu eta sufritu ere egiten dut, baina lasaiagoa da, beste modu batera hartzen ditut gauzak".

Stephensek nabarmendu duenez, aldaketa hori emazteak nabaritu du gehien: "Hari galdetu besterik ez dago zein izan den aldaketa. Lehen, lasterketa garrantzitsuren bat-edo banuen, ez nuen lorik egiten, jateko ere urduri egoten nintzen... Orain ere urduritzen naiz, baina...".

GreenEDGE Team taldea Australiakoa da jatorriz, Stephens bera bezala. Taldean dago, Stephensen bizilekuan, Oiartzunen bizi den beste txirrindulari australiar bat ere: Allan Davis. Denboraldi bateko ibilbidea du taldeak, eta hainbat garaipen lortuak ditu: guztira, hamasei lasterketa irabazi ditu taldeak, tartean Milan-San Remo.

Balantzea, beraz, ezin hobea da txirrindulari ohiarentzat. "Positiboa baizik ezin du izan balantzeak", dio: "Irabazi ditugun lasterketetatik hamar, gainera, Pro Tour-ekoak baitira". Urtebeteko emaitza, ametsa baino hobea da: "Ezta ametsetan ere ez genuen halakorik espero. Munduko hamar talderik onenen artean egotea asko litzateke, baina gu hiru-lau onenen artean egon gara urte guztian".

Horrek, baina, kezkatu ere egiten ditu Stephens bera eta taldekoak: "Orain ikusi egin behar dugu taldeak nola jarraitzen duen, zer ematen duen aurrerago, baina gozatzen jarraituko dugu". Frantziako Tourrari eta 2012-2013ko denboraldiari begira jarri dira dagoeneko.

Ziur dago; taldeak txirrindularitza indartuko du Australian: "Gero eta gehiago gara hango txirrindulariak eta txirrindularitza zaleak. Pro Tour talde bat besterik ez genuen falta, eta hori, orain, lortu egin dugu. Nahasketa ona egin dugu, Europako eta Australiako jendearekin osatu dugu taldea". Jarraitzaileak pilatzen ari da taldea han, baina baita hemen ere. Izan ere, Oiartzunen zein Euskal Herrian, jarraitzaile asko ditu Stephensek.

HAURREN ASKATASUNAREN METAFORA

Txotxongiloak libre izan daitezkeen mundu bat da Libertia. Liburu zahar batean, betetzear dagoen profezia bat idatzita dago, eta Dorik, Arthurrek eta Ottok erabakiko dute profezia hori betetzea. Horretarako, munduko txoko guztietatik ailegatutako txot...

Gipuzkoako errepideak, kilometrotan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzean emandako datuen arabera, gaur egun 1.330 kilometro errepide daude Gipuzkoan. Diputazioaren arabera, azken hamabost urteotan 2.500 milioi euro erabili dira errepide berriak egiteko.

“Diseinua eta materiala hobetu nahi ditut, produktua merkeago izan dadin”

Modu automatikoan egiten den ohea asmatu du Axintxio Zubeldiak (Villabona, 1956). Billabonatarra 14 urterekin hasi zen lanean, tornuan, eta, egun, lanbide horretantxe jarraitzen du. Azken hamarkadan, ordea, asmatzaile lanetan ere ibili da, ezkutuan eta isil-isilik.

Denbora gutxian oihartzun handia izan du zuk asmatutako oheak.

Erotu beharrean nabil. Elkarrizketak eskatu dizkidate handik eta hemendik: Euskal Telebistatik, Radio Nacional de Españatik, CNNtik... Duela egun batzuk, ohe automatikoaren bideoak 11.000 bisita zituen Youtuben, eta, hiru egunean, milioi bat bisita baino gehiago ere izan ditu [www.ohea.eu gunean ere badago ikusgai].

Asmakizunari buruzko iritziak ere jaso dituzu.

Bai, horrela da. Harvardeko unibertsitatean ikasitako batek dio etorkizuneko negoziorik hoberenetariko bat izango dela, eta Ingalaterrako batek, ohea egitea iraganeko kontua dela. Hala eta guztiz ere, niri gehien gustatzen zaidana Amerikako Estatu Batuetatik jaso dudan bat izan da, eta horrela dio: "Ostia, Patxi!" [barreak].

Noiz etorri zitzaizun burura ohe automatikoaren ideia?

Duela hogei urte, baina duela hamalau hasi nintzen ideia horretan lanean; hori bai, lasai-lasai. Lau hilabetean, adibidez, ez nuen ezer egiten, eta hurrena, gelditu gabe: prototipoa egin eta huts, dena zakarretara, eta gero berriro lanera, beste modu batera. Horrek ez bazuen funtzionatzen, berdin: berriro hastea tokatzen zen.

Duela hogei urteko ideia hura eta gaur egun etxean duzun prototipoa berdinak al dira?

Ez. Hasieran, modu automatikoan egin eta garbitzen zen ohe bat nuen buruan. Ideia hori, ordea, ez zen errentagarria: gastu gehiegi zituen, eta traste handiegia zen. Duela hiru edo lau urte hasi nintzen lanean orain esku artean dudan ohean; hori bai, ordura arte egindako lan guztia lagun nuela.

Prozesu baten amaiera da, beraz.

Thomas Alva Edisonek esaten zuen bezala, inspirazioa edo ideia asmakizunaren %1 da, eta izerdia edo transpirazioa, %99. Hona iristeko, hainbat urtetako lana behar izan dut. Hau ez da gau batean amets txar bat izan eta hurrengo egunean egiten den zerbait. Izugarrizko lana da: prototipoak egin eta egin aritu behar izan dut.

Patentea duela hiru urte eta erdi egin zenion ohe automatikoari, prototipoa bukatu aurretik. Zergatik?

Italiar batek modu automatikoan egiten zen ohe bat asmatu zuela irakurri nuen Interneten; hori bai, beste modu batera. Hala eta guztiz ere, hiru egun pasatu nituen lorik egin gabe eta ezer jan gabe. Larunbatean irakurri nuen albistea, eta astelehenean patentea egitera joan nintzen.

Zertan datza patenteen gaia?

Patentea egiten duzunean, lehen 30 hilabeteetan mundu guztirako balio dizu. Gero, ordea, babesik gabe gelditzen zara mundu zabalean. Duela urtebete, epea amaitzear nuenean, nazioz nazio egin behar izan nuen patentea: AEBetan, Kanadan, Brasilen, Indian, Txinan, Japonian, Argentinan, Venezuelan...

Noiz amaitu zenuen bakarrik egiten den ohearen prototipoa?

Aurtengo urtarrilean.

Eta orain, zein da zure helburua?

Zer esango dizut, ba... [barreak].

Patentea saltzea aukera bat izango litzateke, ezta?

Ideia horrek ez nau askorik erakartzen. Gustatuko litzaidake enpresabururen bat edo produktuan inbertitzeko asmoa duen norbait etortzea, guztia martxan jarri eta merkaturatzeko.

Nolako eskaintzak jaso dituzu?

Alde batetik, banakoenak. Horiek etorri zaizkit esanez ohea bera erosi nahi dutela, euren seme-alabentzat eta abar. Batek, adibidez, Kanadara bidaltzeko esan zidan. Kontuak kontu, horrelako hamar bat eskari jaso ditut. Beste alde batetik, enpresa eta banatzaileen eskaintzak daude. Indiatik, adibidez, idatzi zidaten esanez negozioak egin nahi zituztela nirekin; Asiako banatzaile nagusiak omen ziren. Nik horiei guztiei esaten diet ohea oraindik prototipo bat besterik ez dela, eta ez dagoela merkatuan. Diseinua eta materiala hobetu nahi ditut, besteak beste, azken produktua merkeagoa izan dadin.

Bien bitartean, tornuan aritzen zara Zizurkilgo lantegi batean, langile.

Hori da.

Eta, urte hauetan guztietan, zer esaten zenien lankideei?

Asmakuntza bat egiten ari nintzela esaten nien, baina ez nien esaten zer ari nintzen egiten [barreak].

Zer esaten zizuten?

Barre egiten zidaten, pitzatuta nengoela eta abar [barreak].

Edison asmatzailea aipatu duzu lehen; nolabait identifikatzen al zara asmatzaile ospetsu horrekin?

Haiek urtero asmatzen zuten zerbait, eta nik hogei urte behar izan ditut ohe hau egiteko. Einstein, Newton, Edison, Marie Curie, Tesla eta abarren inguruan aurkitu dudan guztia ikusi eta irakurri dut, zertxobait identifikatzen naizelako haiekin, baina, nire bizitzan, asmakuntza ez da izan lehentasun bat; baserrian lana baldin bazegoen, hori zen garrantzitsuena; jatenak egin edo belarra ondu behar baldin bazen, lehena hori zen, eta, gero, denborarik baldin bazegoen, gainerakoa.

Zein izan da zure inspirazio iturria?

Hutsek motibatu naute gehien. Gauzak gaizki ateratzen zirenean aritzen nintzen hobekien. Gauza bat ongi ateratzen ez zitzaidan bakoitzean, hori konpontzea besterik ez nuen buruan. Behin eta berriz saiatu ondoren, funtzionatzen zuela ikustean, berriro ere lasai hartzen nuen guztia.

Herri gogo zaharberritua ospatuz

Hilaren 30ean beteko dira 25 urte Astigarragak udal izaera berreskuratu zuenetik. Donostiatik bereizteko unea hiriburuarekin batu eta 44 urtera heldu zen. Ia zazpi mendeko historiak eta, batez ere, bere herritarren nahiak eman zioten hasiera herrigint...

Udan, Pinotxo ikusgai

'Ni Pinotxo naiz'TolosaNi Pinotxo naiz aldizkako erakusketa jarriko dute gaur Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan, eta Carlo Collodik Pinotxoren ibilerez egindako jatorrizko kontakizunera itzuliko da bisitaria haren bidez. Uda osoan egongo...