Sailkatugabeak

Zer ote da biologoa izatea?

Gizarteak, orokorrean, badaki unibertsitatetik igaro garenok gai askotan jakitunak garela. Badira zenbait lizentzia, ordea, nolabaiteko errespetua ematen dietenak gizarteari, adibidez, ingeniaritza, edo adorazioa sortzen duen Medikuntza edo nahasmena eragiten duen Arte Ederren lizentzia. Biologiako lizentziatuak garenok, berriz, beldurra sortzen dugulakoan nago.

Biologia lizentzia oso lausoa da jende arruntarentzat, ez baitakite zehazki zer ikasi duzun eta nolabaiteko ezinegona sortzen die horrek, aurrean duenak zenbat dakien ez jakitearen ezinegona izango da. Horregatik da hain zaila gure amonei zer ikasi dugun azaltzea!

Gogoan dut, nire lagun ingeniari batekin batera Goierri sakonean ogiak banatzen ibili nintzen uda hura. Baserritar jator bati bere eguneroko ogia ingeniari batek eta biologo batek banatzen geniola esan genionean, baserritarra, ingeniaria ikusita, lasai geratu zen, baina biologoa ikustean... "Periologoa, e? Estudio zallek in ittuen, de dio!" esan zidan. Nire galdera da: zer ote zen gizon harentzat "periologoa" izatea?

Edozein Homo sapiens talde baten barnean sartzean eta indibiduo bakoitzaren bizitzan egindako merituak esatean eta Biologia ikasi duzula aipatzean, beti baten batek ondoko esaldi hau esaten dizu: "Biologoa, e?... ño! Hoi karrera zalle izango´ek ba". Baiezkoa erantzuten diozunean hurrengo esaldia dator "Ta?... Zeozertako balio aldik horrek?". Noski, zure erantzuna "bai" borobila da, baina inork ez du sinesten.

Taldean prentsa arrosan aditua den baten bat bada, beste esaldi bat gehitzen du: "Biologoa, e? Ana Obregon bezela". Inork esan al die gizaseme horiei Joseba Maria aznartarrenekoa abokatua dela eta lekiotar Alex Historiako lizentziatua? Norbaitek Obregondar Aneren Biologian lizentziaren agiria bidaltzen badit, eskertuko nioke... ea egia den!

Esaldi horiek irribarre batekin saihestu ostean, azterketarako galdera etorri ohi da. "Ta? Letu al dek zea Australian bitxo bat deskubrittu diela?". Australian egunero ehun bat armiarma, zizare, intsektu eta bestelako animalia txiki espezie berri aurkitzen dituztela jakinda... nola izan "bitxo" horien guztien berri! Ezezkoa erantzun ostean, biologo batek baino gehiago dakitenaren aurpegia ipintzen dizute: "Hoi ez al hekien? Biologo earra hau inda hi!".

Hala eta guztiz ere, hartu-emanaren punturik gorenena, antzinako jakindurian oinarritutako erdi egiak aipatzen direnean etorri ohi da. "Nere attonak esaten zin... suge´k gauen behiei tititik esnea edaten ziokela ta titi hoi geo lehortu itte´dekela, hoi ba al´ekien?". Gizasemeari, egia hori, euskal jakinduriaren gezurretako bat dela esan ostean, eta haren "hik esangoiak nei!!!" entzun eta gero, azalpen bat ematen zaio, betiere, oinarri biologiko batekin. Normalean azalpenak berak esan duen istorioa baino logika gehiago duela ikusita, "unibertsitatetik etorriko batek esan behar al ziak hoi! ne´attonak asko zekian, e?", erantzuten dute. Gogorra da, nonbait, bizitza guztian sinistu diren egiak, segundo batean gezurrak izan direla ikustea!

Behin animoak lasaituta, asko dira kuriositatez bizidunen kontuak galdetzen dizkizutenak. "Egie al dek, hi, balea ez´tekela arraie?", "Ta zea, erlek estingitzen baizkiu... ez omen dek landareik eongo, ho´re baek, e?", "Baratza bazekeak ta xomorrok jan ziatek letxue, ze ittea zekeat?". Beste batzuek biologoak eta ekologistak ez dituzte bereizten, eta zuzenean joaten dira zure lepora, "Hi ekologixta haiz ta... kotxea ez omen dek ibili behar, ta nola jun beait nik lanea? Aston, o ze?".

Ene gizarte maitea, biologoak beste edozein lizentziatu bezalakoak gara, guk ez ditugu haize errota baten piezak diseinatzen, baina badakigu beste planeta bateko bizidun posibleak irudikatzen, ez ditugu katarroak sendatzen, baina badakigu ibai bat noiz dagoen gaixo eta zein neurri hartu behar diren hura sendatzeko, ez dakigu autoak konpontzen, baina badakigu bizidunen gorputzek nola funtzionatzen duten, ez dakigu krisiari buruz ezer, baina badakigu behin galdu genituen gure baso, zelai eta bizidunak nola berreskuratu behar diren.

Lan gutxi dugu, oso gutxi, baina badakigu harrien azpitik ere proiektuak ateratzen, euripean datuak hartzen, gu baino gutxiago dakitenen aurrean burua makurtzen eta bestelako lizentziatuekin lanpostu batengatik borrokatzen. Jar ezazu biologo bat zure bizitzan, enpresan eta ikastetxean, ez zaizu damutuko.

Zentralaren premia aipatu du portuko agintaritzak

PASAIA. Lucio Hernando Pasaiako Portu Agintaritzako burua zentral termikoaren balizko itxieraz mintzatu da. "Itxiz gero, Gipuzkoak ez luke izango energia sortzeko lekurik. Batez ere, kontuan izanda errauste planta ezbaian dagoela". Hala ere, uste du ...

Abiadura ez da behar den guztia

Ez da erraza ametsen atzetik joatea. Are zailagoa da, ametsa garestia bada eta abiadura bizian badoa. Igor Izagirre (Urretxu, 1982) eta Angel Ruiz (Urretxu, 1985) Espainiako Rally Txapelketan parte hartzen ari dira; utzitako auto batekin eta senitartekoen, lagunen eta herritarren laguntzarekin lortu dute erronkari heltzea. "Gozatzen eta ikasten" ari dira, aukera hori berriz izatea zaila izango dela jakitun.

Biek ere esperientzia dute Euskal Herriko rallyetan. Izagirre 2000. urtean hasi zen, anaiaren kopilotu gisa. Hark uztean, auto bat erosi, eta bera hasi zen gidari. Ruizi eskaini zion kopilotu izateko aukera, eta hark "pozik" eman zion baiezkoa; 2007. urte amaieran hasi ziren elkarrekin. Ford Sierra batekin bi urtez ibili ostean, Citroen Saxo bat erosi zuten. "Oso auto lehiakorra da, txikia eta arina, eta, horrekin, kopa askotan parte har dezakezu", azaldu du Izagirrek. Hala, hurrengo urtean Hankook kopan hasi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan.

Izagirre eta Ruizen arabera, baliabide "gutxi" dituzten gazteei "aukera" ematen dien kopa bat da. Parte hartu, eta irabazi egin zuten. EAEko lehen bi sailkatuek final bat jokatu zuten Madrilen, beste autonomia erkidego batzuetako bina sailkaturekin batera, eta Izagirrek eta Ruizek irabazi zuten. Sari gisa, Suzuki markako auto bat utzi diete, aurten Espainiako Rally Txapelketan aritzeko. Suzuki koparen barruan ere, beste hamalau piloturen kontra ariko dira.

Autoa utziko badiete ere, gainerako gastuak haiek ordaindu behar dituzte. "Zalantza izan genuen, saria hartu edo ez, baina, azkenean, jendeak asko lagundu digu, eta aurrera egin dugu", azaldu dute. Elastikoak egiteaz gain, hogei euroren laguntza bonuak ere atera zituzten. Bat erostearen truke, eroslearen izena euren autoaren gainaldean jartzeko aukera eman zuten, eta ia ehun pertsonaren izenak daramatzate lasterketa bakoitzean. Ideia gehiago ere izan dituzte: Egoitz Mujika pilotu urretxuarraren eta bi sukaldariren laguntzaz, paella erraldoiak egiten hasi dira Euskal Herrian egiten diren rallyetan. Ateratzen duten dirua Espainiako txapelketan aritzeak dakartzan gastuak ordaintzeko da. Azken lasterketetan, 60 eta 80 errazio artean banatu dituzte. "Dirua zertarako den ikusita, asko etorri ohi dira paella jatera. Hemengo lasterketetan, laguntza guneak industrialdeetan egon ohi dira, eta, askotan, bazkaria etxetik eraman behar izaten du jendeak. Horrentzako irtenbide bat ere bada", adierazi du Ruizek, esker onez.

"Ez da Espainiako txapelketan ibili nahi dugula, eta diru eske goazela. Parte hartzeko aukera suertatu zaigu, eta guk bakarrik ezin genion erantzun horri", azaldu du Izagirrek. Herriko hainbat tabernariren eta dendariren laguntza ere izan dute. Autoan dituzte haien izenak ere. "Lasterketaz lasterketa goaz. Sarietan irabazitako diruak ere laguntzen digu aurrera egiten". Mekanikari lanak senitartekoek eta lagunek egiten dizkiete. "Profesional bat kontratatzeko aukera aztertu genuen, baina aurrekontu handia zen", dio Izagirrek. Haren anaiak eta kuadrillako lagunek egiten dute lan hori. Izagirrek dioenez, "guztiak mekanikariak dira, eta badakite zertan ari diren. Haientzat ere polita da aukera izatea maila horretan aritzeko".

"Beste mundu bat"

Espainiako txapelketan, lasterketak luzeagoak dira Euskal Herrian egin ohi direnak baino. Hala azaldu du Ruizek: "Euskal Herriko rally oso bat adina luze diren zenbait tarte ditu Espainiako rally bakoitzak. Hemengoetan, gurpil berriekin lauzpabost lasterketa egin ditzakezu. Espainiakoan, lasterketako sei-zortzi gurpil gastatzen ditugu, eta bakoitzak 200 euro balio du". 26.000 euroko auto bat gidatzen dute, "eta argi bakoitzak 1.000 eurotik gora balio du". Zazpi lasterketa dituzte orotara, eta hiru eginak dituzte. Bosgarren doaz, hamabost pilotuko sailkapenean. "Gu hasiberriak gara, eta ez ditugu ezagutzen ibilbideak. Maila honetan urteak daramatzaten pilotuen aurka ari gara", dio Ruizek. Bitxikeria moduan, Santiago Cañizares futboleko atezain ohia eta Oscar Pereiro txirrindulari ohia dituzte aurkarien artean.

Orain "txundituta" daudela dio Izagirrek: "Edozein zalek nahiko lukeen lekuan gaude; oso gustura gaude. Zale gisa ikusita, hauek dira benetako rallyak, eta ez hainbeste Euskal Herrian egiten ditugunak. Euskal Herrian motzagoak dira, eta ez dago bide txarrik. Rally bat berez denaren funtsa apur bat galduta dago". Bertakoen artean, Gabiriakoa aipatu dute biek. "Politenetarikoa da, eta, guretzat, berezia ere bada. Hemen ondoan da, jende ezaguna doa... Baina 18 kilometro dira. Ourensen (Galizia) egin dugun rallyak 220 kilometro zituen".

Azaroan amaituko dute txapelketa, eta, beste jakinarazpenik ezean, autoa itzuli egin beharko dute. "Helburua da podiumera igotzea azken lasterketetako batean", Izagirreren arabera. Azkena Madrilen izango dute, Hanook kopako txapeldun bihurtu ziren ibilbidean. "Urte bukaerarako, esperientzia hartu, eta aurrenekoekin borrokatzeko prest egongo gara", diote. "Hemengo rallyek ez dute abentura ukitu hori; agian, ezagutu egiten ditugulako. Orain gauden txapelketan, abentura bat bestearen atzetik dator". Elkarri begiratu, eta zera dio Ruizek: "Nik harekin fidatu behar dut, eta hark nirekin. Oso esperientzia ona izaten ari da". Izan ere, gozatzen ari dira. "Jende asko ezagutu dugu, eta giro oso ona dago pilotuen artean. Urte hau baliatzea da gure asmoa. Asko gozatzen ari gara, eta, batez ere, asko ikasten. Badakigu urte hau pasatakoan ez garela izango lehen ginen pilotuak".

20.000 euro euskaraz ari diren enpresen azokari

DONOSTIA. Euskarazko zerbitzua eskaintzen duten enpresen azoka antolatzeko, hitzarmen bat sinatu dute Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azoka aurten egingo dute, azken hiruhilekoan, Donostian. Aldundiak 20.000 euro ...

Aldundiak pobrezia neurtuko du urtero, inkesta bidez

Gipuzkoako pobrezia neurtzeko beste tresna bat prestatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta inkesta formatuaren bidez, diagnostiko bat egingo dute urtero. Gizarte Politikarako Departamentuaren aginduz sortuko dute tresna hori, eta 93.000 euroko kostua...

Eztabaida, geldirik eta luzatzen

G ipuzkoak arazoa du errepideekin. Urte luzez azpiegitura berriak sortzen eta zabaltzen aritu izan da, eta ohartzerako, zor handia egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bidegiren zorrarekin soilik, lurraldea 2032ra arte dago "hipotekatuta", Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak iragan urrian jakinarazi zuenez; 900 milioi euroko "zuloaz" mintzatu zen Ugarte orduan. Orain, beste datu bat eman du Bilduk: Gipuzkoako errepideak mantentzeko eta "ongi uzteko", beste 230 milioi euro beharko lirateke. Eta aldundiak ez dauka diru hori.

Egoerari aurre egiteko, urtarrilean bidesarien sistema aldatzeko batzorde txostengile bat jarri zuten martxan Gipuzkoako Batzar Nagusiek; alderdi guztiek eta auzian inplikatuta egon litezkeen eragileek euren ekarpenak egitea zen asmoa, maiatzerako erabaki bat hartzeko. Eztabaida, ordea, ez aurrera eta ez atzera dago, eta alderdien arteko giroa, gero eta gaiztoago; foru gobernuak proposatutako neurriak atzera bota dituzte beste alderdiek orain arte. Aldundiak "eztabaida politikoari beldurra" izatea leporatu die EAJ, PSE-EE eta PPri, egoera horretan duten "ardura onartu beharrean, saboteatzearen hautua" egin dutela argudiatuta.

Bidesarien inguruko eztabaida askoz lehenagotik dator, ordea. Aurreko foru gobernuak Etxegaraten kamioientzako bidesaria jartzea proposatu zuen; oraingo gobernua, printzipioz, aukera horren aurka azaldu izan da, "bidegabea izateaz gain, dirua biltzeko sistemarik egokiena ez zelako", Ugarteren hitzetan. Horren ordez, Gipuzkoako errepideetan ibiltzeko oinarrizko tarifa edo biñeten alde agertu izan da diputazioa, eta udan AP-8 autobideko prezioak igotzea ere proposatu izan du, turismoak eragindako zirkulazio gorakada "baliatzeko".

Iragan astean aurkeztu zuen Ugartek aldundiaren "proposamen teoriko" berria: Gipuzkoako errepide nagusi guztiak ordainpekoak izatea. Gaur egun bidesaria daukatenez gain, N-1, A-15 eta Beasain eta Durango (Bizkaia) arteko GI-632 errepideak hartuko lituzke neurri horrek. "Alderdi guztiak ados gaude gauza batean", esan zuen Ugartek aurreko asteartean, asmoa aurkezterakoan: "Jende guztiak ordaindu egin behar du errepideak erabiltzeagatik".

Oraingoz, ordea, Batzar Nagusietan atzera bota izan dituzte Bilduren proposamen guztiak. Aldunditik "ponentzia bertan behera uztea" aurpegiratu diete PSE-EE, EAJ eta PPri: "Argi dago ez dutela akordiorik lortu nahi". Orain, egoera berria "aztertzen" ari da aldundia.

Bien bitartean, eztabaida argitzeko zain daude bidesarien auziak eragiten dien hainbat elkarte eta kolektibo. Horietako batzuek euren ekarpena ere egin dute batzorde txostengilean, eta euren artean ere askotariko iritziak daude.

Hiruk, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak, aldaketa positiboa ikusi du aurreko foru gobernuaren proposamenetik hona. Estitxu Ugarte bozeramailearen arabera, diputazioak "onartu du errepideak denenak direla", eta herritar guztiek erabiltzen dituztela, zuzenean edo zeharka: "Urte luzez garraiolariak errudun bilakatzen zituzten politikak alde batera uztea lortu dugu".

Hala eta guztiz ere, aldundiaren proposamen berriena ere ez da sindikatuaren gustukoa, uste dutelako gipuzkoarrek jada zergen bidez ordaintzen dituztela bertako errepideak. "Errepideen kopagoa ez da formula zuzena, ez eta bidezkoa ere. Ezkerreko ikuspuntu batetik ezin da onartu gidari guztiek berdin ordaindu behar izatea: asko kutsatzen duen autoa erabiltzen duenak, gutxi kutsatzen duen batek bezainbeste; asko irabazten duenak, gutxiago irabazten duenak bezainbeste; autoa dibertitzeko erabiltzen duenak, lanerako erabiltzen duenak bezainbeste...".

Sindikatua halako irtenbideen aurka dago, kobratzeko modua edozein delarik ere: "Bidesaria, biñeta, ekotasa edo bestelakoa". Izan ere, ziur daude halako neurrien "biktima zuzenak" garraiolari autonomoak izango direla: "Errepideak gure lanerako ezinbestekoak ditugu, eta Gipuzkoako diputazioak oso ate arriskutsua zabalduko du kopagoa onartuz gero, hortik aurrera beste probintzietan ere erabakiko baitute bidesariak, tasak edo biñetak jartzea".

Estitxu Ugartek adierazi du "bide bakarra" ikusten duela errepideak finantzatzeko: gastu publikoa. Aurrekontuetatik bideratu beharreko auzia da sindikatuko kideen ustez, eta horretarako politika fiskala moldatzea proposatu dute, gidariei errepideen erabilera zuzenean kobratu ordez: "Gu prest geundeke salbuespenezko neurriak onartzeko zulo honetatik ateratzeko, baina jakinda neurri horiek ezin direla betikotu".

Herritarren ekarpenak eskatu ordez, aldundiak banketxeetara ere jo behar lukeela defendatzen dute garraiolariek, haiei erantzukizuna eskatzeko: "Herritar xumeoi errepideak finantzatzeko eskatzen zaigun esfortzu berdina eskatu behar zaie errepideen eraikuntza finantzatzearen truke milioi askoko etekin ekonomikoak lortzen dituzten finantza erakundeei".

Errepideen erabilera kostuek gora egiten badute, garraio publikoarenak ere joera berbera hartuko du. Agitax Gipuzkoako taxilarien elkarteak kezkaz ikusten du bidesariei buruzko eztabaida. "Berez, diputazioaren proposamena ez zaigu gaizki iruditzen; lehen herritar batzuek bidesariak ordaintzen zituzten eta beste batzuek ez, zergak denen artean pagatzen zituzten arren", adierazi du Emilio Fernandezek, elkarteko presidenteak. Hala ere, neurri horiek sektoreari nola eragingo dioten da zer pentsatua ematen diona: "Zerbitzu publikoa erabiltzea nahi badute, ezin da erabiltzaileentzat garestitu. Gipuzkoako garraiolarientzat neurri malguagoak hartuko omen dituzte; gure kasuan ere hala egin behar luketela uste dugu, taxien erabilera sustatzeko".

RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubak, berriz, ez du batere pozik hartu bidesari gehiago kobratzeko proposamena. Izan ere, mugikortasun gaiak sarritan bihurtu dituzte dirua falta denerako baliabide erraz, Luis Murgia klubeko mugikortasun aholkulariaren esanetan: "Garraioa eta bere inguruko zergak beti izan dira dirua ateratzeko putzu agortezina". Murgia ez dago ados errepidea gehien erabiltzen dutenek gehiago ordaintzeko proposamenarekin; izan ere, autoan gehiago ibiltzen direnek erregai gehiago ere erosten dutela azaldu du, eta erregai horrengatik zerga gehiago ere ordaintzen dituztela. Kontua argi dago automobil klubeko aholkulariarentzat: "Gehien erabiltzen duenak gehiago ordaintzeko erlazio hori ez da inon zergetan baino hobeto betetzen".

Murgia ados dago garraiolarien elkartearekin: ohiko erabiltzaileei gehiago kobratzea ez da irtenbidea. Herrialdeko ekonomia garraioari oso lotuta dagoela, eta horrenbestez, errepideak herritar guztien zerbitzurako erabiltzen direla argudiatu du. Ezer aldatzekotan, bideen arteko desorekak leuntzearen alde agertu da: "N-1 inguruan mugitzen direnak dohain mugitzen dira, eta AP-8 inguruan mugitzen direnek diru mordo bat ordaindu behar dute; hori konpondu behar litzateke".

Errepide gehiegi

Besterik diote ingurumenaren aldeko eragileek. Eguzki talde ekologistako kide den Garikoitz Plazaolaren hitzetan, oraindik zehaztu gabe dute auzi honekiko iritzia, "informazioa falta" dela argudiatuta. "Historikoki bidesarien aurkako jarrera izan dugu, errepide berriak finantzatzeko erabili izan dituztelako. Hori onartezina iruditzen zitzaigun" azaldu du Plazaolak.

Bidesari gehiago jarrita, autoen zirkulazioa ere murriztu litekeela aipatu izan dute aldunditik. Plazaolaren ustez, eragin handiagoa lukete bestelako neurriek: "Jendea garraio publikoa erabiltzen hasteko ondo etortzen da batzuetan prezioarena, baina esango nuke garraio publikoaren eraginkortasunak oraindik garrantzi gehiago daukala".

Eztabaida nagusia ekonomikoa da, ordea, eta ez ekologikoa: "Errepideak asko erabiltzen dituen jendea kexu da zergak eta erregaia ordaintzeaz gain bidesariak ere ordaindu behar dituelako. Ulertzen dut, baina beste jarrera ere badago: autoa erabiltzen ez duenak ez du errepidea erabiltzen, eta erabiltzen duenari ordaindu behar al dio?". Zorrarekin zer egin ez daki, baina argi dauka nondik datorren zuloa: "Hainbeste errepide eta, sarritan, justifikatu gabe egin izanak ekarri gaitu hona".