Sailkatugabeak

Aldundia Uruguaira doa, negozio aukerak aztertzera

DONOSTIA. Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat negozio aukerak aztertzeko helburuarekin, Uruguain "misio komertzial bat" antolatu du foru aldundiak. Uztailaren 9tik 13ra egingo dute bidaia, eta, zenbait enpresaburuz gain, Martin Garitano ahaldun ...

Osasuna lurretik hazten da

Ohiko buruko minek edo hilekoaren hanturek eguneroko erritmoari eragiten diotenean, erraza da botiken tiradera ireki eta eskura dagoen lehen pilula hartzea. Farmazia industria garatzearekin batera, sendabelarrak etxeetako sukaldeetatik eta pertsonen gorputzetatik atera dira, eta, kasu askotan, bide ertzetara eta etxe atarietako dekoratu izatera kondenatuta gelditu dira. Medikuntza konbentzionala ere ez da, ordea, ahalguztiduna, eta geroz eta gehiago dira ohiko botikek huts eginda sendabide naturalak bilatzen dituztenak. Haien inguruko desinformazioa eta legedia, ordea, lauso samarrak direlakoan daude haiekin aritzen direnak.

"Egia da medikuntza konbentzionala zalantzan jartzen dela", hausnartu du, esate baterako, Nekane Martiarena sendabelar adituak (Oiartzun, 1969). "Jende askok jotzen du homeopatiara, makrobiotikara eta halako gauzetara. Farmazeutikak hori ikusi egin du, eta horregatik ateratzen ditu berak ere horrelako produktuak". Martiarena bera afizioz aritzen da sendabelarrak biltzen eta haiekin produktuak egiten; tarteka ikastaroak ere ematen ditu. "Euskal Herrian baditugu belar batzuk, denok ezagutzen ditugunak, baina ez dakigunak sendabelarrak direla", azaldu du. Iritzi berekoa da Sara Letamendia (Aizarna, Zestoa, 1962): "Medikuarengana joaten gara, eta antibiotikoak hartzen ditugu; askotan, kalte handiagoa egiten digute, eta landare pila bat ditugu inguruan horiek ordezkatzeko, kalterik egiten ez dutenak". Osasunerako bestelako bideak bilatzeak "norbere buruaren jabeago" egiten duela uste du Letamendiak.

Sendabelarren eta botika konbentzionalen arteko desberdintasun nagusia da landareen kasuan, osagai eragileak naturalak direla. Hala azaldu du Laura Gurbindo (Iruñea, 1962) sendabelarretan adituak: "Gorputzak errazago xurgatzen ditu. Medikamentu asko landareen printzipio aktiboetatik kopiatutakoak dira, baina asimilazioa ez da berdina; zailagoa da". Gainera, kontuan hartzekoak dira ohiko sendagai askok dituzten albo kalteak: "Botikak, portzentaia izugarri handi batean, oso kaltegarriak dira gibelarentzat".

Sendabelar espezieak bezain kontaezinak dira bete ditzaketen funtzioak eta hartzeko moduak. Etxean, ohikoa izaten da ukenduak, enplastuak eta infusioak egitea. Elorri zuriak, esaterako, bihotzekoak eta tentsioak erregulatzen ditu; garraiskak, berriz, lasaitu eta lo hobeto egiten laguntzen du. Letamendiak azaleko eta hezurretako gaitzetarako ere erabiltzen ditu belarrak.

Martiarenak, ordea, uste du "gauza sinpleetarako" erabiltzen direla, oro har, landareak: "Gure belaunaldiak medikuntza konbentzionaletik funtzionatzen ikasi du. Horregatik, zerbait larria dugunean, horra jotzen dugu, eta etxean gauza errazagoak egiten ditugu". Gurbindo ez dago guztiz ados: "Jakina, bihotzeko batek ematen badizu, korrika joaten zara ospitalera, eta ez zara hasten landare baten bila. Baina behin zerbait gertatu zaizunean, asko egin dezakete laguntzeko. Denetik dago; badago oso gauza serioak landareekin tratatzen dituen jendea ere".

Osasuna nola kudeatu bakoitzaren erabakia dela uste du Gurbindok: "Nik ez diot inori esango landare bat hartzeko medikuarengana joan gabe. Beste kontu bat da medikuarengana joatea eta konforme ez gelditzea, eta beste zerbait bilatzea". Bere hitzetan, ez batak eta ez besteak ez dute gaitz oro sendatzen. Horregatik, garrantzitsua da bakoitza bere osasunaren jabe izatea: "Dena besteen esku uzteko joera horrek ez digu batere mesederik egin. Bakoitzak bere burua gehixeago zaindu eta gehixeago maiteko balu, hasieratik askoz arazo gutxiago izango genituzke".

Hain justu, horregatik errepikatu du Gurbindok garrantzitsuena "ez gaixotzea" dela. Horrekin, osasungintza konbentzionalean egin ohi den akats handiena nabarmendu nahi izan du: osasunaz soilik gaixotzean gogoratzea. "Maila prebentiboan, landareek lan izugarria egin dezakete. Defentsak igo, organismoa garbitu eta nerbio sistema orekatu; hiru gauza horiekin asko hobetzen da edonoren osasuna".

Hiru adituak bat datoz: errazagoa da osasuntsu dagoen gorputza zaintzea, gaixotutakoa sendatzea baino. Izan ere, sendabidea ez dago beti bermatuta, Gurbindoren hitzetan: "Landareek ez dute dena sendatzen, baina medikuntzak ere ez".

Farmazia-industriaren menpe

Belar dendak eta naturopatiako kontsultak ugaltzen ari dira apurka, baina oraindik oztopo asko ditu gainditzeke sendabelarren arloak. Izan ere, debekatuta dago hainbat landare komertzializatzea. Gurbindok horren zergatia azaldu du: "Zuk sendabelar bat saltzen duzunean, ez daukazu informazio jakin bat emateko baimenik. Belarra botika gisa erregistratzen baduzu —eta horrek diru eta tramite asko eskatzen ditu—, eman ditzakezu azalpenak: zertarako balio duen, zein dosi gomendatzen den, zer egin intoxikazio kasuetan... Sendabelar bat saltzen duzunean, ez duzu horretarako baimenik". Informazio hori ematea debekatuta dagoenez, kontraindikazioak izan ditzaketen sendabelarrak ezin dira saldu: "Arrisku oso txikia duten landare askorekin gertatzen da: agian oso onak dira azaleko erabileretarako, baina ez barrukoetarako. Duela urte batzuk, saldu ezin daitezkeen landareen zerrenda bat atera zuten, kontraindikazioren bat zutelako. Eta horietako batzuk asko erabiltzen diren belarrak dira. Erromeroa, esaterako, jende pila batek erabiltzen du, baina ez da gomendagarria haurdun daudenentzat, abortua eragin dezakeelako. Orduan, zer egin behar dugu, salmentatik kendu? Jende askori gauza askotarako balio dionean?".

Denborarekin, sendabelarren inguruko legeak aldatuko direlakoan da Gurbindo, baina oraindik asko dago hobetzeko: "Farmazia industriak ere saltzen ditu landareak. Ez zaio interesatzen belarrik ez saltzea; interesatzen zaio berak nahi duenean saltzea". Ikasketa ofizialik ere ez dago arlo horretan; ahoz aho egin du jakintzak bere bidea. Letamendiak horren garrantziaz ohartarazi du: "Jendeak ezagutu behar du inguruan daukaguna; oso berezia da. Jakin behar da zein indar duten landareek; sentitu behar da natura, eta ezagutu, pixkanaka. Behar dugun guztia inguruan daukagu, eta ez dugu ezagutzen".

“Nire utopia euskal zinema egitea zen, eta euskaraz”

Goiz jaiki, kirola egin eta, eguerdi partean, bazkaldu; horrela hasten da Martin Ibarbiaren (Beasain, 1943) eguna. Horren ondoren, irakurtzea gustatzen zaio, nahiz eta gero eta selektiboagoa dela dioen. Gauza bera gertatzen zaio zaletasun eta ogibide izan duen zinemaren eta telebistaren munduarekin. Irakaslea, ikus-entzunezkoen produktorea, Euskadiko Filmategiaren lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako kidea, EITBren sortzaileetakoa... curriculum zabala zein askotarikoa du Ibarbiak, "ia beti kulturarekin lotua".

Industria perituko ikasketetako lau urte egin zituen Ibarbiak, eta izatez, "maisua" da. "Baina nire utopia euskal zinema egitea zen, eta euskaraz". Alde horretatik, hark sortutako Orio Produkzioak enpresak bi film egin ditu: Kutsidazu bidea, Ixabel eta Bi anai. 15 urterekin, aukeretako bat zen zinema zuzendari izatea. Horretarako, Parisera-edo joan behar zuen, ordea, eta hor bazen oztopo bat: "Ni langile baten semea naiz". Hala eta guztiz ere, "barruko harra asetzearren", duela ia 25 urte Orio Produkzioak enpresa sortu, eta zaletasuna ogibide bilakatu zuen.

Une horretara iristerako beste hamaika tokitan ibilia zen. "Tartean, ETBko sortzailetariko bat naiz, eta hitz hori harro esaten dut". Mila oztopo tarteko, urte eta erdian "faktoria" deitzen duena jarri zuten abian. Baina kritikoa da garai horrekin ere; "ETB sortzeak ez du esan nahi telebista egiten jakin genuenik lehen momentutik".

Oraingo euskal zinema ondo ikusten duen arren, "asetzen" duenik ezin du esan. "Nekeza izango da asetzea, ez bada teknologia berrietatik bide berri bat irekitzen". Haren ustez, Euskal Herriaren tamainak ez du bide ematen ikus-entzunezko industria oso bat izateko; hala ere, egindako bidea merituduntzat jotzen du. "Ezerezetik sortu genituen telebista, prentsa eta euskal zinema".

Euskal izenondoa definitzean, dogmetatik ihes egiten du Ibarbiak. "Euskaraz egiten den zinema euskal zinema bada, baina baita gazteleraz egiten dena ere; esaterako, onenetako bat, onena ez bada, Julio Medemen Behiak da. Hor euskal arima ez dagoela esaten duena lerdokeria bat esaten ari da". Beste ñabardura bat ere egiten du. "Euskaldun batek sinatutako edozein gauzak ez du zertan euskal zinema izan".

Orio Produkzioak enpresak 25 urte beteko ditu hemendik gutxira, eta euskal hiztunentzat aski ezagunak diren hainbat saio ekoitzi ditu; besteak beste, Mihiluze, Sautrela eta Hitzaro. Ibarbiak uste du nabarmentzekoa dela helmuga horretara iristea. "Maiz, gauzak ateraldi baten atzetik egiten dira, eta ez! Bideak profesionala izan behar du, eta euskal zinema izango bada, profesionalen bidetik izango da".

Alor horretan egiten dena ez du txartzat jotzen. "Askotan ezin da egiten dena baino gehiago eskatu, gauza guztiek behar baitute heldutasuna". Horrekin lotzen du ETBren eginkizunetako bat. "Ofizioa telebistan ikasi behar da; eta, gero, jenioak sentitzen baldin bagara, pelikula bat egin".

ETBko albistegiak biziagoak nahiko lituzke Ibarbiak. "Motelak ikusten ditut, informazio biziagoa gustatuko litzaidake". Ñabardura ere egin du. "Hori ez da ETBn bakarrik gertatzen, oro har, hemengo kazetaritzan gertatzen den zerbait da".

Bestalde, Ibarbiak dio erakundetze prozesuen aldekoa dela. "Gauzak ahal dela profesionalki egin behar dira". Hori dela eta, Euskadiko Filmategia sortzeko eta egonkortzeko lanetan aritu zen. Egun elkarteak egiten duen lana ontzat jotzen badu ere, pena du ez delako erabat gauzatu artxibo publikoa bilakatzeko asmoa. "Oraingo fundazioak hori galdu duenik ez dut uste, baina instituzioen inplikazio handiagoa behar da. Euskadiko Filmategia filmategi on bat da, diru gutxirekin".

Diru bilketan eskarmentua ere badauka Ibarbiak, beste hastapen bateko lantaldean ere egon baitzen; Kilometroak antolatu zuen lehen taldean, hain zuzen. "Gauza ederra da, eta ondorio ikaragarriak izan dituena; ez genuen horrelakorik espero". Josu Erguin beasaindarrak eman zion Ibarbiari Ameriketan dirua biltzeko erabiltzen zen modu baten berri."Norbaitek eman behar zion bultzada ideiari, eta ni izan nintzen. Aurrena, Beasainen bertan jendea konbentzitzen, eta, gero, Ikastolen Elkartean; baina Jose Antonio Zalduak, elkarteko lehendakariak, babesa eman zuen, eta, orduan, errazagoa izan zen".

Sorreran aritua izanagatik ere, Ibarbia ez ohi da gaur egun Kilometroetara eta gisakoetara joaten. "Dagoeneko ikastolak erakundetuta daude, eta laguntzak Eusko Jaurlaritzari eskatu behar dizkiote, eta ez herriari. Agian Nafarroan edo Iparraldean beste gauza bat izango da. Ospatzeko jaiak balira, beste kontu bat litzateke".

Politikan "gauzak egiteko"

Politikagintzan ere aritua da Ibarbia, eta garai horren oroitzapen onak dituela dio. Zinegotzia izan zen, eta 1981. eta 1982. urteetan Eusko Jaurlaritzako lehen gobernuko kidea; hain zuzen ere, Kultur Programazioaren zuzendari izan zen. "Garai haiek ziren gure nortasunaren adierazgarri bat; alegia, egin behar zen, eta egin zen. Ideiak garbi zeuden? Ez. Nondik nora joan behar genuen bideak berak erakusten zuen. Abian jarri behar ziren gauzak eta ideia nagusiak garbi izanez gero, bada aurrera! Hori Ramon Labaieni zor diot; hark bazekien zertan ari zen".

Momentu haiek "ederrak" izan ziren. "Batzuk Jaurlaritzara joan ginen gauzak egitera, lana egitera; bokazio politikorik ez genuen. Politika gustatzen zait, eta bokazioa izan banu, jarraituko nukeen, baina politikaren bidean jarraitzeko asmorik ez nuen. Oso hastapenekoa izan zen garai hura, eta oso ederra".

Aldundiak 50.000 euroko laguntza bidali du Malira

DONOSTIA. Gipuzkoako Aldundiak 50.000 euroko laguntza bidali du Malira. Unicefen elkartasun eskaerari erantzun dio diputazioak. Dirua Maliko Sahel inguruko elikadura egoera larria konpontzeko da, eta, batez ere, haurdun dauden emakumeak eta 5 urtetik ...

Legazpiko Oilar Jokoa salatu du ATEA elkarteak

LEGAZPI. Animalien eskubideen aldeko ATEA elkarteak Oilar Jokoaren aurkako salaketa jarri du Legazpiko Udalean. Benetako oilarraren ordez, oilar artifiziala erabiltzeko eskaera egin du elkarteak. ATEAren arabera, Oilar Jokoan egiten dena "debekatu" eg...

30.000

Irungo alarde parekideari aldundiak emango dion dirua. Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euroko diru laguntza emango dio Irungo alarde parekideari. Diru hori alardearen antolakuntzarako eta andreek festetan parte hartzeko duten eskubideari buruz herritarrak sentiberatzeko erabiliko dute.

Erreskatatu beharrekoak

Independentista baino gehiago, antiespainiarra izan naiz ni beti. Herrialde dekadente eta atzerakoia iruditzen zait hura, jende nagi, gezurti eta insolidarioz betea. Euskal herritarra edo taiwandarra den, berdin litzaidake, baina beste pasaporte batek...

Lehen lauhilekoan zerga bilketak %10 egin du behera

Zergetatik iazko garai berean baino %10 gutxiago bildu du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo lehen lauhilekoan. Hala jakinarazi zien Helena Franco Ogasun diputatuak Gipuzkoako alkateei, joan den asteartean aldundiaren egoitzan egindako bileran. Jaitsi...

ESNE BELTZA, JAIEN AZKEN TXANPARAKO

Azken txanpan sartuta dira Hernaniko Ereñotzu auzoko San Antonio jaiak. Denak Plazara! eta Esne Beltzaren eta DZren kontzertuak izango dira, gaur, gauerditik aurrera Ereñotzuko plazan. Bihar, berriz, Hernaniko Gazte Olinpiadetako finalak jokatuko dira, eta egun osoan zehar, herri kirol probak ere izango dira. Arratsaldean zehar batudaka emanaldia egingo dute, eta gauerditik aurrera, Laiotz taldeak joko du. Igandekoa izango da jaien egitarauaren azken eguna. 08:30ean Hernaniko txistulariek diana egingo dute. 11:30ean sagardo dastaketa izango da, eta 19:00etan, bertso jaialdia eta errifa zozketa. Suziriekin emango diete amaiera auzoko jaiei.