Sailkatugabeak

12

Asteburuan alkoholaren eraginpean atxilotutako gidariak. Alkoholaren eraginpean gidatzeagatik hamabi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak, Gipuzkoan, joan den asteburuan. Zarautzen atxilotu zituzten hiru; Hernanin, Andoainen eta Tolosan, bina; eta Eibarren, Oiartzunen eta Irunen, bana.

PARTE HARTZEKO SAREAN SAKONTZEN

Gipuzkoako Foru Aldundiko Parte Hartzeko Sarea ari da bidea egiten, eta beste topaketa bat egin zuen, gaur zortzi, Donostiako udaletxean —irudian—. Bertan bildu ziren Gipuzkoako 35 udalerritako alkateak, zinegotziak zein partaidetzako teknikariak; orotara, 60 bat pertsona. Demokrazia zuzeneko esperientziak, hirigintza edo herriko guneen inguruko prozesuak, partaidetzazko aurrekontuak eta herrien etorkizuna lantzeko prozesuak izan zituzten hizpide.

Historiaren ateak, zabalik

Gipuzkoako Artxibo Orokorrak bost mende inguru daramatza Tolosan. Egungo eraikina, San Frantzisko pasealekuan dagoena, 1904an eraiki zen. Aurretik, aldundiak hala erabakita, 1530. urtetik Santa Maria parrokian gorde ziren. Eraikin dotorea da artxiboa gordetzen duena. 1986tik 1990era, moldaketa bat izan zuen, txiki geratu zelako.

Egun, edozeinek ditu artxiboko ateak irekita, baina ez da beti horrela izan. "Mendeetan artxiboaren helburua aldatzen joan da", azaldu du Ana Otegi teknikariak. "Hasieran, XIV. mendetik XVI. mendera, administrazioaren memoria historikoa izatea zen helburua. Gero, XVII. mendetik, garaiko jakintsuei ireki zitzaien artxiboa. XIX. mendearen erdi aldera, historialariei ere artxiboan sartzeko aukera zabaldu zitzaien, eta azkenik, XX. mendearen erdi aldetik aurrera, herritar orok erabili dezake artxiboa".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien artxibo historikoa da, izatez, Gipuzkoako Artxibo Orokorra. XX. mendean jatorrizko artxiboari eransten zaizkio Gipuzkoako korrejimenduaren artxiboa, Tolosako notariotza barrutiko protokoloak eta beste zenbait artxibo, bai publikoak eta baita pribatuak ere. "Esan daiteke artxiboen artxiboa izatera heldu dela", dio Otegik.

Batzar Nagusiei eta aldundiari dagokionez, aktak, aurrekontuak, espedienteak… daude. Bestalde, korrejimenduaren funtsa, Erregearen ordezkariak, alegia korrejidoreak, lehen eta bigarren instantzian epaitzen zituen auzi zibil eta kriminalez osaturik dago. Artxibo hori XVI. mendean hasten da eta 1841. urtera arte iristen da, korrejimendua bertan behera gelditu zen arte.

Notariotzari buruzko funtsari dagokionez, bertan XVI. mendetik hasita, notarioek edo eskribauek baimendutako jatorrizko eskrituren bildumen ordenatuak daude, hau da, ezkontza kontratuak, testamentuak, salmenta kontratuak, obra kontratuak... Hala, dokumentuak ehun urte betetzen dituztenean eramaten dituzte Tolosako artxibora. Aurten, beraz, 1911ko eskriturak hartu dituzte.

Tolosakoaz gain, notariotza arloan beste hiru barruti daude Gipuzkoan: Azpeitikoa, Bergarakoa eta Donostiakoa. Hiru barruti horietako protokolo artxiboak Oñatiko Protokoloen Artxiboan gordetzen dira, herri horretako unibertsitatearen eraikinean.

Familiari buruzko datuak

Bi aukera daude artxiboak arakatzeko: eraikinera bertara joanez, edo Internet bidez. Azken honetan, jendeak kontsultak egin nahi baditu, agg-gao@gipuzkoa.net helbidera idatzita egin behar du informazio eskaera.

Eraikinera bertara joanez gero, eskatzen duten gauza bakarra nortasun agiria edo identifikazio txartel bat da. "Artxibora lehenengo aldiz joaterakoan, datu pertsonalak eskatzen zaizkio, eta zein den aztertu nahi duen gaia, erabili ditzakeen tresnak aholkatu ahal izateko", zehaztu du Otegik. Inbentarioak eta datu baseak kontsultatu ondoren, artxiboko teknikariei dokumentuak eskatzeko aukera dago, eta gehienetan jatorrizkoak uzten dituzte.

Erabiltzaile mota asko izan ditzake artxiboak: aldundia bera, doktore tesiak egiten ari direnak, irakasle eta ikasleak, arkitektoak, abokatuak, eta herritarrak, oro har. Azken horiek, genealogia, familiaren historia zein sendiaren baserriaren historia ezagutzeko baliatzen dute, batez ere.

Norberaren historia arakatzeko protokoloen artxiboa nabarmendu du Ana Otegik: "Bertan bizitza pribatuak eta familia bizitza, harreman sozialak, azken finean, gure arbasoen bizimodua eta pentsamoldeen berri izan daiteke". Aurretik elizbarrutiaren artxibo historikoan, www.mendezmende.org helbidean, norberaren arbasoen bataio, ezkontza eta heriotza datak bilatu daitezke, eta horietatik abiatuta, Gipuzkoako Artxibo Orokorreko protokoloen artxiboa arakatu. Hala, arbasoren baten heriotza data jakinez gero, protokoloen artxiboan testamentua bilatu daiteke, eta familiaren historiari buruzko datuak bildu. Kaperatasun agiriak ere erabili daitezke norbere historia osatzeko.

Hori bai, norbanakoek ezin dute dokumentu orijinalik atera artxibotik. Izan ere, bi modu besterik ez daude dokumentuak ateratzeko. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere kudeaketarako eskatzen dituenean, errepide baten proiektua egiteko, adibidez. Bestetik, erakusketa baterako eskatzen dizkietenean. Fotokopiak eskatu daitezke, baina gero eta gehiago banatzen dituzte kopia digitalak, horrela jatorrizko dokumentuak gutxiago hondatzen direlako.

Zaharberrikuntza laborategia ere badu artxiboak. "Azken aurrerapenekin hornitua dago, eta batez ere artxibo orokorreko agiri eta liburuak berritzen dira. Tarteka, Oñatiko artxiboko eta Koldo Mitxelenako artxiboa zaharberritzen dituzte teknikariek", dio Otegik. Prozesuaren hasieran dokumentuaren diagnostikoa egiten da, gero garbitu, azidoa kendu, papera berreraiki, eta koadernatuak badira, koadernaketa ere berritu egiten da. Dokumentuak baldintza jakin batzuetan gordetzen dituzte, hau da, batez beste 18-20 gradu bitarteko tenperaturan eta %55-60ko hezetasun erlatiboarekin.

Batzarretako eta aldundien akta liburuak digitalizatuta dituzte, XVI. mendetik hasi eta 1840 urtera arte. Bestalde, protokoloetan dauden aurkibideak jarri dituzte modu digitalean. "Eskribauek liburuan zeuden eskrituren nolabaiteko laburpena egiten zuten. Horiek oso lagungarriak dira informazioa bilatzeko", azaldu du Otegik. Horrez gain, udaletako kaperatasun agiriak ere digitalizatuta dituzte. Egun, guztira 300.000 irudi baino gehiago dituzte.

Artxiboan balio berezia duten hainbat dokumentu ere badituzte. Horietako bat 1558. urtekoa da. Garai hartan Felipe II.a Espainiako errege zela, Valladolideko Errege-Kantzelaritzaren errege-gutun beterazlea da dokumentua, hain justu, Gipuzkoako probintziak Donostiako Kontzejuaren aurka duen auzian, Donostiako Santa Katalina zubiko garraio eta bidesariak direla eta. Euskaraz idatzita dauden bertso batzuk, 1685ekoak ere gordeta ditu artxiboak. Eibarko Migel Basterretxeak konposatu eta abestutako bertsoak jasotzen ditu dokumentuak. Antonio de Elzarzagak, Eibarko San Andres parrokiako erretoreak, Basterretxea auzitara eraman zuen, bere aurkako bertso horiek iraingarriak zirela argudiatuz, eta kausa kriminalean daude idatzita bertsoak.

Urtean mila tona hondakin aurrez daitezke San Markon

DONOSTIA. Garapen iraunkorarren araberako erosketa bat eginez gero, San Marko mankomunitatean urtean 1.000 tona hondakin aurrez daitezke. Mankomunitateko ehun familiarekin egindako Ekoshopper prebentzio kanpainaren ondorio nagusia da hori. Familia hor...

Irristalariak, bizitza gurpiletan

Geroz eta indar handiagoa hartzen ari da Gipuzkoako herrietan irristaketa. Irristailuak oinetan kokatu, eta denborapasarako nahiz kirola egiteko lagunartean kalera irteteko joera da roller-ena. Zaletasunak gorantz egitearekin batera, irristalari elkar...

Bakarrik hizketan

Lehen bakarrik hitz egitea gaizki ikusita zegoen, arinkeriaren seinalea zelako. Orain, gutxi gara kalean edo paseoan solaskide urrunen batekin hitz egin gabe goazenak. Zertaz hitz egiten duten? Entzumenean arazoak ditut, zorionez, eta ez diet askorik entzuten. Tarteka, beti dago telefonoaren aroa baino lehen bezala hitz egiten duenen bat. Horiei bai, entzuten diet eta esaten dutenak ez du inolako interesik.

Gu umeak ginela, haizearekin argia joaten zenean, gau ilunean askotan, senide guztiak elkar hartu eta bizkar batera joaten ginen eta handik denak batera egiten genuen hots: "Artañolaaaa!" (Artarinola pare bat kilometrotara dagoen baserria zen eta da) eta halakoxea zen egiten zuen isiltasuna, non baserriko sukaldetik Migelek, transformadorearen arduradunak, entzuten zuela. "Zeeeer?", galdetzen zuen eta berriro denok batean "Argiyeeee!" esaten genion. Elkarrizketa harrigarri horren ondoren, berehala argia etorri ohi zen.

Antzera hitz egiten jarraitzen dute batzuek, baina bakanak dira. Gehienak bakean baina txutxumutxu etengabean doaz beren egitekoetara edo datoz beren egitekoetatik. Bikoteak ikusi ditut horrela, bakoitza bere aldetik hirugarren edo laugarren batekin hizketan. Nago ez ote duten elkarrekin hitz egiteko ere mugikorra erabiltzen.

Neuk ere tarteka, aldarte oneko nabilenean, mugikorra atera eta, nori deiturik ez dudanez, bizpahiru esaldi bota ohi ditut, neure buruari adarra jotze aldera. Orain dela egun batzuk semaforo batean ondoko gidaria eskuekin haztamuka norbaitekin hizketan ikusi nuen. Hurrengo semaforoan neuk ere norbaiti epelak esaten ari nintzaion itxurak egin nituen, baina pasatu egin nintzen nonbait, ondoko autoko gidariak arraro samar begiratu zidala ohartu bainintzen.

Batzuetan pentsatzen dut ba- karrik hizketan ari diren guztiak ez direla mugikorrarekin edo mikroa soinean atxikita ibiliko. Iru-ditzen zait adin batetik aurrera etxean ordu asko ematen dituzte-la zakurrarekin bakarrik hizke- tan eta, kalera ateratzen direlarik, ohiturarekin jarraitzen dutela.

"Eguneratu egin behar duzu", errepikatzen didate etxean. Behingoagatik jaramon egin eta urtero errepikatzen ari naizen ingeles ikastaroaren grabazioarekin joan nintzen joan deneko batean kiroldegira. Nahi gabe hasi nintzen bakarrik hizketan eta, nire ahoskatze traketsa tarteko, irribarre banarekin sumatu nituen ondokoak eta barrezka ere bai bakarren bat.

Ez da erraza eguneratuta bizitzen. Joan den igandean Getariatik itzulia egin eta Zarauzko malekoian sartu nintzelarik, Atez Ate letra larriz idatziko zuen mahai batekin egin nuen topo. Betaurrekorik gabe nentorrenez, ez nuen letra txikirik irakurri. Bazela ordua bururatu zitzaidan Zero Zabor leloaren alde kalera ateratzeko eta bitan pentsatu gabe neure izen-abizenak eta sinadura jarri nituen. Etxera joan eta beste behin entzun behar izan nuen eguneratu egin behar dudala, kalean kanpaina egiten ari diren bakarrak Atez Atekoaren kontrakoak direlako.

Osasuna lurretik hazten da

Ohiko buruko minek edo hilekoaren hanturek eguneroko erritmoari eragiten diotenean, erraza da botiken tiradera ireki eta eskura dagoen lehen pilula hartzea. Farmazia industria garatzearekin batera, sendabelarrak etxeetako sukaldeetatik eta pertsonen gorputzetatik atera dira, eta, kasu askotan, bide ertzetara eta etxe atarietako dekoratu izatera kondenatuta gelditu dira. Medikuntza konbentzionala ere ez da, ordea, ahalguztiduna, eta geroz eta gehiago dira ohiko botikek huts eginda sendabide naturalak bilatzen dituztenak. Haien inguruko desinformazioa eta legedia, ordea, lauso samarrak direlakoan daude haiekin aritzen direnak.

"Egia da medikuntza konbentzionala zalantzan jartzen dela", hausnartu du, esate baterako, Nekane Martiarena sendabelar adituak (Oiartzun, 1969). "Jende askok jotzen du homeopatiara, makrobiotikara eta halako gauzetara. Farmazeutikak hori ikusi egin du, eta horregatik ateratzen ditu berak ere horrelako produktuak". Martiarena bera afizioz aritzen da sendabelarrak biltzen eta haiekin produktuak egiten; tarteka ikastaroak ere ematen ditu. "Euskal Herrian baditugu belar batzuk, denok ezagutzen ditugunak, baina ez dakigunak sendabelarrak direla", azaldu du. Iritzi berekoa da Sara Letamendia (Aizarna, Zestoa, 1962): "Medikuarengana joaten gara, eta antibiotikoak hartzen ditugu; askotan, kalte handiagoa egiten digute, eta landare pila bat ditugu inguruan horiek ordezkatzeko, kalterik egiten ez dutenak". Osasunerako bestelako bideak bilatzeak "norbere buruaren jabeago" egiten duela uste du Letamendiak.

Sendabelarren eta botika konbentzionalen arteko desberdintasun nagusia da landareen kasuan, osagai eragileak naturalak direla. Hala azaldu du Laura Gurbindo (Iruñea, 1962) sendabelarretan adituak: "Gorputzak errazago xurgatzen ditu. Medikamentu asko landareen printzipio aktiboetatik kopiatutakoak dira, baina asimilazioa ez da berdina; zailagoa da". Gainera, kontuan hartzekoak dira ohiko sendagai askok dituzten albo kalteak: "Botikak, portzentaia izugarri handi batean, oso kaltegarriak dira gibelarentzat".

Sendabelar espezieak bezain kontaezinak dira bete ditzaketen funtzioak eta hartzeko moduak. Etxean, ohikoa izaten da ukenduak, enplastuak eta infusioak egitea. Elorri zuriak, esaterako, bihotzekoak eta tentsioak erregulatzen ditu; garraiskak, berriz, lasaitu eta lo hobeto egiten laguntzen du. Letamendiak azaleko eta hezurretako gaitzetarako ere erabiltzen ditu belarrak.

Martiarenak, ordea, uste du "gauza sinpleetarako" erabiltzen direla, oro har, landareak: "Gure belaunaldiak medikuntza konbentzionaletik funtzionatzen ikasi du. Horregatik, zerbait larria dugunean, horra jotzen dugu, eta etxean gauza errazagoak egiten ditugu". Gurbindo ez dago guztiz ados: "Jakina, bihotzeko batek ematen badizu, korrika joaten zara ospitalera, eta ez zara hasten landare baten bila. Baina behin zerbait gertatu zaizunean, asko egin dezakete laguntzeko. Denetik dago; badago oso gauza serioak landareekin tratatzen dituen jendea ere".

Osasuna nola kudeatu bakoitzaren erabakia dela uste du Gurbindok: "Nik ez diot inori esango landare bat hartzeko medikuarengana joan gabe. Beste kontu bat da medikuarengana joatea eta konforme ez gelditzea, eta beste zerbait bilatzea". Bere hitzetan, ez batak eta ez besteak ez dute gaitz oro sendatzen. Horregatik, garrantzitsua da bakoitza bere osasunaren jabe izatea: "Dena besteen esku uzteko joera horrek ez digu batere mesederik egin. Bakoitzak bere burua gehixeago zaindu eta gehixeago maiteko balu, hasieratik askoz arazo gutxiago izango genituzke".

Hain justu, horregatik errepikatu du Gurbindok garrantzitsuena "ez gaixotzea" dela. Horrekin, osasungintza konbentzionalean egin ohi den akats handiena nabarmendu nahi izan du: osasunaz soilik gaixotzean gogoratzea. "Maila prebentiboan, landareek lan izugarria egin dezakete. Defentsak igo, organismoa garbitu eta nerbio sistema orekatu; hiru gauza horiekin asko hobetzen da edonoren osasuna".

Hiru adituak bat datoz: errazagoa da osasuntsu dagoen gorputza zaintzea, gaixotutakoa sendatzea baino. Izan ere, sendabidea ez dago beti bermatuta, Gurbindoren hitzetan: "Landareek ez dute dena sendatzen, baina medikuntzak ere ez".

Farmazia-industriaren menpe

Belar dendak eta naturopatiako kontsultak ugaltzen ari dira apurka, baina oraindik oztopo asko ditu gainditzeke sendabelarren arloak. Izan ere, debekatuta dago hainbat landare komertzializatzea. Gurbindok horren zergatia azaldu du: "Zuk sendabelar bat saltzen duzunean, ez daukazu informazio jakin bat emateko baimenik. Belarra botika gisa erregistratzen baduzu —eta horrek diru eta tramite asko eskatzen ditu—, eman ditzakezu azalpenak: zertarako balio duen, zein dosi gomendatzen den, zer egin intoxikazio kasuetan... Sendabelar bat saltzen duzunean, ez duzu horretarako baimenik". Informazio hori ematea debekatuta dagoenez, kontraindikazioak izan ditzaketen sendabelarrak ezin dira saldu: "Arrisku oso txikia duten landare askorekin gertatzen da: agian oso onak dira azaleko erabileretarako, baina ez barrukoetarako. Duela urte batzuk, saldu ezin daitezkeen landareen zerrenda bat atera zuten, kontraindikazioren bat zutelako. Eta horietako batzuk asko erabiltzen diren belarrak dira. Erromeroa, esaterako, jende pila batek erabiltzen du, baina ez da gomendagarria haurdun daudenentzat, abortua eragin dezakeelako. Orduan, zer egin behar dugu, salmentatik kendu? Jende askori gauza askotarako balio dionean?".

Denborarekin, sendabelarren inguruko legeak aldatuko direlakoan da Gurbindo, baina oraindik asko dago hobetzeko: "Farmazia industriak ere saltzen ditu landareak. Ez zaio interesatzen belarrik ez saltzea; interesatzen zaio berak nahi duenean saltzea". Ikasketa ofizialik ere ez dago arlo horretan; ahoz aho egin du jakintzak bere bidea. Letamendiak horren garrantziaz ohartarazi du: "Jendeak ezagutu behar du inguruan daukaguna; oso berezia da. Jakin behar da zein indar duten landareek; sentitu behar da natura, eta ezagutu, pixkanaka. Behar dugun guztia inguruan daukagu, eta ez dugu ezagutzen".

197/2006 doktrinari buruzko hitzaldia gaur, Oñatin

Oñatiko Herrira mugimenduak Parot doktrina deitzen dioten 197/2006 doktrinari buruzko hitzaldia antolatu du gaurko, Oñatiko kultur etxean. Alberto Plazaola preso oñatiarrari ezarri berri diote doktrina hori. Hitzaldia arratsaldeko zazpietan hasiko da, eta bi ordu inguru iraungo du.