Sailkatugabeak

Nire paperak eta gure paperak

Paperak sufritu ditut duela egun batzuk. Tira, medikuaren ahoan parotiditis hitzak politagoa zirudien, baina nire aurpegiak ez zuen hitz politen inguruan jolasteko intentzio handirik erakusten. Zer da belarritik kokotseraino atera zaidan papo zahar hau? Horixe, papera. Irudika dezazuen, bi puzzletako piezak elkartzen saiatzea bezalakoa izan da nire itxurari osotasunean begiratzea. Astean bost aldiz sagardotegian afaltzen duen 60 urteko gizonaren burua metro eta erdiko gorputzari itsatsita, horixe izan naiz astebetez.

Eta hori dena zergatik kontatu dizuedan jakin nahiko duzue. Aste honetako zutabean zer idatzi ez nekiela nenbilen, eta nire nahasmen huts horretan esan dit Lucíak, "paperei buruz idatz dezakezu", eta ez zait hain ideia txarra iruditu; bat-batean ez zait hain gogaikarria iruditu nire papoak duen pisua. Nire alboan jarri da ordenagailu aurrean, eta paperei —edo parotiditis esan beharko nuke agian— buruzko informazioa bilatzen hasi da intentzioz gainezka, nire sendabidea bere esku balego bezala. Begira gelditu naiz, eta momentu horretan konturatu naiz lerro hauek ez dizkiodala parotiditis-ari eskaini nahi, zuri baizik, Lucía.

Gaurkoan, Gipuzkoako irakurleen aurrean biluztuko dut neure arima; hainbeste zor dizudalako. Nire intimitatea beti giltzapean gordetzeko obsesioa badut ere, oraingoan ez dut isilik gelditu nahi. Badirudi askoz errazagoa dela jendaurrean gorrotoaz hitz egitea —edo kasu honetan, idaztea— maitasunaz aritzea baino. Errazago egiten zaigu "hango hura gorroto dut" esatea "hemengo hau maite dut" esatea baino. Hementxe nator, muga eta lotsa guztien erditik, arau moral ororen gainetik, zer esango ote duten beldurrik gabe, astekari publiko bat nire hasperenik intimoena adierazteko urratuz... Maite zaitut, printzesa.

Ez diot bizitzari printze urdinik eskatzen. Printze bat eta bakarra ezagutzeko zortea izan nuen 16 urterekin; hura hobetuko duen printze urdinik ez da sortu oraindik. Eta hortxe egon zara zu beti, pazientziaz, isurtzen nuen malko bakoitza lehortuz, zergatia galdetu gabe, isilean. Mila pusketatxo banan-banan jaso eta erantsi dituzu maitasunak soilik eman dezakeen adore itsu horrekin. Noizbait izan nintzen mila pusketatxo haietatik emakume indartsu bilakatu nauzu; ez dakit bizitza guztian behar bezainbeste eskertzeko astirik izango dudan, baina zin dagizut egunero horretan saiatuko naizela. Zertarako nahi dut printze urdin bat, zu bezalako printzesa koloretsu bat izanda?

Paperekin edo paperarik gabe, bihar goaz gure paperak sinatzera, eta ez zait opari hoberik bururatu, ezin nuen aukera hau galdu, beti isilean, itzalean egon zarelako. Ez pentsa, morena, zu maitatzeaz lotsatzen naizenik. Belarrira egunero esaten badizut ere, batzuetan garrasi egiteko gogoa izaten dut: "Maite zaitut, Lucía!". Jakin dezatela guztiek goizero esnatzean zoriontasunak gainezka egiten didala bularrean, ia lehertzeraino, baina minik eman gabe. Denborak ilea zuritu arte, zimurrek azala ebaki arte; zure besoetan zahartu nahi nuke, betirako ene maite.

IKUSLEEN ETA ABESLARIEN ZIZTADA

BERRIAlaguna kanpainaren alde, Lagunekin Kantari emanaldia eskaini zuten, joan den igandean, sei abeslarik, Donostiako Antzoki Zaharrean. Donostia Kantuz taldeak antolatu zuen emanaldia, eta Amaia Zubiria, Erramun Martikorena, Maddi Oihenart, Pantxix ...

Arautu, arautu, arautu

Azkenaldian badirudi ia kontu pertsonal moduan bizi ditudala arauketa eta kontrol adierazpen guztiak. Diot ia kontu pertsonal bezala, kontu politikoak izan badirelako, baina jada nire askatasuna murrizten duten ekintza bezala bizitzen ditudalako. Bartzelonan pasa nuen kurtso hura Bartzelonak duen gauza on guztia izorratzen zuen horrekin bizitzen ikasten igaro nuen. Bai, Zibismo Lege deitzen dioten horrekin, Bartzelonaraino joan gabe Bilbon bertan lotsagarri ikusten dugun lege horrekin.

Beti pentsatu izan dut gizarte honetan bi hiritar mota daudela: polizia ikusi eta lasaitu egiten direnak, eta polizia ikusi eta ea legez kanpoko zerbait egiten ari diren pentsatzen hasten direnak. Ez dut argitu behar ni zein taldetan bizi naizen.

Poliziaren presentziak alertan jartzen nau, gorputza hartzen dit, zurrundu egiten naiz eta bihotza azkartu sarritan, baina ez nago ohituta nire gertuko hirian hori bizitzen. Aste hau, ordea, tentsio aste modura bizi izan dut, eta banoa haserre naukan horretara. Bizikletak. Hain arriskutsu eta kaotiko bihurtu diren bizikleta donostiar horiek.

Aurreko astean eman zuten abisua: dena erregulatzeaz gain isunak jartzen hasiko direla Donostiako bizikleta erabiltzaile ezegoki horientzat. Ezin da sakelako telefonotik hitz egin, are gutxiago musika entzuten joan, espaloiak ezin zapaldu eta txirrina ezinbestekoa da —gauetan argia ezinbestekoa den bezalaxe—. Berriro tontotu gaituzte. Galdetu nahi nioke udalari, zintzo erantzun dezan, ea arazoa zein den, ea ni oraindik ohartu ez naizen kaos deskontrolatu bat bizi dugun hirian, ala —eta ni bigarren honetakoa naiz— diru iturri berri baten beharra dugun.

Baina egia esan berdin zait arrazoia zein den, egia dena da aste hauetan laranjaz doazen munipek Bartzelonako mosso eta urbanaren sentsazio bera igorri didatela. Galduta ibili naizela bidegorriak amaitzen diren zatietan nondik jo jakin gabe, isunen beldur, ongi araua norainokoa den jakin gabe —nahiz argi utzi diguten araua bera ikastea gure ardura dela—.

Eta, orain, txirrina ere arautu diguten honetan, kendu berri digute hiriko espazioak, hiria bera hiritarron artean kudeatzeko gaitasuna. Orain, berriro ere arautu-arautu-arautu legeaz bizikletak legea hausten duten traste bilakatu direla, eta bizikletero garenok, pixkatxo bat delinkuente. Gainera, beti gertatu ohi den bezala, hiritar poliziak azaldu dira nonahi, lehen ezer esan ez eta orain zilegitasun osoz hatzaz seinalatzen gaituztenak, edo baita ere, mendekua nahi eta oinezkoak bidegorrietan sar ez daitezen erregulatu nahi dutenak. Pixka bat surreala iruditzen bazitzaigun ere, jada aspaldi erregulatu dute nolakoa behar duen izan kalean zehar ibiltzeko manera egokiak, bai oinezkoentzat, bai bizikletentzat.

Askotan esan izan da azkenean arnasteagatik ere kobratuko digutela; bueno, egon lasai, hori ez da pasako eta; esan nahi dut ongi nola arnastu behar den esango digutela, eta araua betez gero ez dugula ezer ordaindu beharko. Egon lasai.

Aurten, Azpeitiko Iraurgi Cup futbol txapelketan 32 talde izango dira

Aurten 32 taldek hartuko dute parte Iraurgi Cup futbol txapelketan. Iaz antolatu zuten lehen aldiz kimuetako nazioarteko txapelketa hori, eta aurten, ekainaren 15etik 17ra bitartean jokatuko dute, Azpeitian. Talde kopuruarekin lehiaketa sendotu nahi dute aurten. Ordea, murrizketak eta berrikuntzak, biak dakartza aurtengo txapelketak. Berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da, azken fasean parte hartuko duten hamasei taldeez gain, beste hamaseiri ere parte hartzeko aukera eman zaiela, aurreko fasearen bidez. Orotara, beraz, 32 talde izango dira lehian. Tartean daude Gipuzkoako hamabi. Izan ere, euren arteko kanporaketa gainditzen dutenek punta-puntako taldeen aurka jokatzeko aukera izango dute. Besteak beste, Bartzelona, Sevilla, Espanyol, Bordeleko Girondins, Athletic eta Realaren aurka.

Murrizketen artean nagusia, berriz, aurtengo txapelketan neskek ez dutela lekurik izango. Finantzabidea lortzeko "larri" ibili dira antolatzaileak, eta neskentzako txapelketarik ez antolatzea erabaki dute. Hala azaldu du Meliton Rodriguezek. Bera da txapelketaren sortzailea eta antolatzaile nagusia. Ez du aterik itxi nahi, ordea: "Egoera ekonomikoa hobetuko balitz ez dugu baztertzen berriz ere neskek parte hartu ahal izatea". Izan ere, Iraurgi Cup-en helburua ez da kirol arlora mugatzen: "Hainbat balio sustatu nahi ditugu haurren artean; esaterako, laguntasuna, kirol espiritua, elkarren arteko harremanak eta herrien arteko ezagutza". Horren harira, iazko bitxikeria bat kontatu du Rodriguezek: Sevillak irabazi zuen iaz finala, penaltietan. Espanyolekoak urtebete gazteagoak ziren, eta lur jota gelditu ziren. "Sevillako entrenatzailea gugana etorri zen esatera garaipena Espanyolekoei ematea pentsatu zutela, gazteagoak zirelako eta irabaztea merezi izan zutelako. Eta hala egin genuen. Halakorik ez nuen sekula ikusi!".

Talde berriek hartuko dute parte txapelketan, tartean Bordeleko (Frantzia) Girondins-ek. Hori izango da berrikuntzetako bat. Bestea, hamasei taldek txapelketara sartzeko izango duten aukera, tartean Gipuzkoako hamabik —gainerakoak Araba, Nafarroa, Bizkaia eta Kantabriako (Espainia) talde bana dira—.

Txapelketa bera larunbatean eta igandean jokatuko dute, baina aurtengoan ostiralean lehiaketara sailkatzeko kanporaketak jokatuko dituzte. Lau taldetan banatuta, talde bakoitzeko irabazleak hartuko du parte txapelketaren azken fasean. Xumeak izan arren, Azpeitiko eta Azkoitiko futbol talde batzuk zuzenean sailkatu dituzte azken fase horretara: Azkoitiko Anaitasuna eta Azpeitiko Lagun Onak eta Iraurgi Cup hain zuzen ere. "Ez dute beste talde batzuen mailarik, baina ilusio handia egiten du Bartzelona bezalako talde baten aurka aritzeak. Agian hemendik urte batzuetara bateren bat lehen taldera iritsiko da, eta nik haren aurka jokatu nuen esatea handia da hauentzat". Kimuetako lehen urtekoak ariko dira lehian, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoak, alegia. Baina urtebete zaharragoak izango dira gipuzkoarrak, "Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dielako uzten lehiatzen lehen urteko kimuei".

Kanporaketa horiek ostiral arratsaldean jokatuko dituzte, 17:00etan hasi eta 20:00ak arte. Azpeitiko Garmendipe futbol eremuko bi zelaietan aldi berean jokatuko dituzte partidak. Larunbatean 10:00etan hasiko da txapelketa, eta 13:00ak arte jarraituko du goizean. Arratsaldeko saioa 17:00etan hasiko da. Azkenik, igandean 09:30ean hasiko dira final laurdenak; gero finalaurrekoak jokatuko dituzte, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida, eta azkenik, finala.

Berrikuntza gehiago ere izango ditu aurtengo txapelketak, ordea. Esaterako, elkarte gastronomikoen parte-hartzea azpimarratu behar da. Iaz talde guztiekin bazkaria egin zuten herriko jatetxe batean, baina oraingoan herriko 11 elkarte gastronomikoetan egingo dute otordua: "Elkarte bakoitzak bi talderi emango die jaten. Doan egingo dute, gainera. Gure egoera ekonomikoa kontuan hartuta laguntza handia da hori", azaldu du Rodriguezek. Izan ere, halako txapelketa bat antolatzeak gastu asko dakartza berarekin, "eliteko taldeei gastu guztiak ordaindu behar zaizkielako etor daitezen". Iaz Azpeitiko eta Azkoitiko udalen eta aldundiaren laguntza jaso zuten, baina aurten ez da ezer iritsi. Azpeitiko Udalak azpiegitura aldetik eman die laguntza, eta "asko eskertu beharrekoa" dela esan du Rodriguezek. Kontuak kontu, laguntza pribatuen bila jo behar izan dute, eta baita aurkitu ere. Bi babesle dituzte: Altuna y Uria enpresa da nagusia, eta Atracciones Sanz bigarrena. Horiez gain "beste enpresa, saltoki eta taberna askoren laguntza ere izan dugu, bestela ezinezkoa izango genukeen hau antolatzea". Txapelketaren amaieran eskainiko duten hamaiketakoa, esaterako, herriko tabernariek antolatutakoa da.

Txapelketaren egutegia, ordutegiak eta taldeen zerrendak ikusteko, bisitatu webgune hau:

www.iraurgicup.com

“Sagardo on baten sekretua sagarrean dago, ez tresnetan, ez instalazioetan”

Xabier Kamio enologoak (Pasai Antxo, 1968) ederki ezagutzen du Gipuzkoako sagardoa. Besteak beste, joan den larunbatean Gipuzkoako Foru Aldundiaren XI. Sagardo Lehiaketako epaimahaikidea izan zen. Sagarretik eratorritako edaria zerbait "bizia" dela dio, bai produktu gisa baita jakintza legez ere. Hori dela-eta zer ikasi handia dagoela uste du.

Irungo Ola sagardotegiak irabazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren XI. Sagardo Lehiaketa. Nolakoa zen haren sagardoa?

Batetik, fruta lorearen usain handia zuen; eta, kolore aldetik, erakargarria. Ahoan, erraz edatekoa zen, eta gorputzak beste trago bat eskatzen zuen. Horrelakoa izan behar du produktu freskagarri batek.

Upeleko sagardoa eta botilakoa nahiago dutenen artean eztabaida dago. Ba al da bien artean desberdintasunik?

Aldea egon badago. Euskal Herriko sagardoa naturala izaten da kasu guztietan. Ez zaizkio tratamendu fisikoak egiten; esaterako, ez da iragazten. Ama esaten zaiona egiten du. Horrek esan nahi du mikroorganismo naturalak daudela, eta, gero, botilatzen denean ere, sagardoak ontzen jarraitzen du, ez baita inoiz geratzen. Freskagarria eta fruta usainarekin nahi badugu, urteko produktua izan behar du. Urte horretan pixkana-pixkana sagardoak irabazten jarraitzen du, urtebetera iritsi arte. Hortik aurrera, fruta usaina jaisten eta sagardoa hiltzen doa.

Noiz dago, beraz, sagardoa bere onenean?

Sagardoa egin eta urtebetera iristen da haren gailurra. Horregatik, sagardogileek kontuan hartzen dute sagardo guztia ez dela sagar berarekin egin, ezta egun berean ere. Eskarmentuarekin eta jakintzarekin sagardoak nahasten dituzte. Txotxeko sagardoan, jendeak ulertzen du sagardo batzuk etorriago daudela eta beste batzuk atzerago daudela. Hor ere, sagardozaleak jolasten dira sagardo aldaerekin. Badakite zeinek iraungo duen denbora gehien, zein gorde dezaketen geroago botilatzeko, baita zein etor daitekeen lehenago ere.

Gustuak gustu, zer behar du sagardoak ontzat jo ahal izateko?

Sagardoa teknikoki sailka dezakegu, denbora gehien iraun dezakeena aukeratzeko eta abar; eta gustuaren arabera ere sailka daiteke, dastatze sentsoriala esaten zaionean. Sagardozaleek azkenekoari egiten diote kasu, kontsumitzailearekin ez delako ezaugarri teknikoez hitz egiten. Kontsumitzaile gehienek ahoan oreka izatea bilatzen dute. Mingainean nabaritzen dira zaporeak: gozoa toki batean, beste batean garratza eta beste batean gazia. Kontsumitzaileak bilatzen duena hiruren oreka da. Horrek egiten du gorputzak beste trago bat eskatzea, eta horren bila, sagar nahasketekin jolasten da.

Sagardoa eta uda maiz lotu dira, freskagarri gisa-edo.

Gehienetan giro beroa dagoenean erabiltzen da sagardoa, baina urte osoko gauza bat da. Normalean, sagardoa oso freskoa ateratzen da, eta hori, teknikoki behintzat, okerra da. Sagardoa hamar edo hamabi gradutan askoz ere hobea dago; hobeto goza daiteke sei gradutara baino. Neguan, zortzi graduko tenperaturan dagoen zerbait askoz okerrago sartzen da. Edari guztiak kontsumitzen dira sasoi batean beste batean baino gehiago.

Jatekoen artean, zeinekin lotzen da hobekien sagardoa?

Gorputz handiko sagardoak eta gorputz gutxiagokoak daude. Nabarmendu nahi dugunaren arabera jokatuko dugu. Adibidez, suabeak direnean eta kolore eta gorputz gutxikoak, hobeto elkartzen dira arrainekin. Gorputz handikoak eta eginagoak dauden sagardoak koipea duten elikagaiekin batera daitezke, haragiekin, gaztekin... Gorputz handiko sagardoa gorputz gutxi duen arrainarekin bateratuz gero, ez genuke arrainaren zapore guztia nabarmenduko, edariaren zaporea indartuko litzatekeelako. Bestalde, norberaren gustua ere ezagutu behar da.

Zein da sagardo onaren funtsa?

Sagardo munduan, Eusko Labelekoentzat, Gorenakoentzat eta inon ez dauden guztientzat —eta horiek gehienak dira—, guztientzat sagardo on baten sekretua sagarrean dago, ez tresnetan, ez instalazioetan, ezta enologoarengan ere. Sagarrari buruz zenbat eta gehiago jakin, are eta hobeto. Denak, bai Eusko Labelekoak, bai Gorenakoak eta baita inon ez daudenak ere, oso ondo ari dira. Bestalde, Euskal Herria ez da handia, eta sagardoaren mundua txikia da, eta, nire ustez, Eusko Label eta Gorenaren arteko borrokak produktuari kalte egiten dio. Ez da produktuaren onerako.

Sagardoaren kontsumoa gorabeheratsua izan da.

Hor iritzi asko daude. Nik uste dut lehengo sagardoa ona zela baina oraingoa askoz hobea dela. Produktu bizia da, eta urtetik urtera asko ikasten dugu. Asko gelditzen zaigu ikasteko, baina asko ikasi dugu. Egun sagardoa edaten duen mundu berri bat badago, sagardoak suabeagoak eta edateko errazagoak egiten ari direlako dago. Denengana iristeko gustuko produktu bat egin beharra dago, baina lan handia egin behar da horretarako. Garagardoaren eredua dago hor. Jende askok edaten du, nahiz eta askok ez dakien ezta nondik datorren ere. Sagardoa produktu freskagarri eta edan erraza da, eta posible litzateke hemen garagardo gutxiago edatea eta sagardo gehiago. Baina, horretarako, sagardozale guztiak elkartu beharko lirateke komunikatzeko eta horri buelta emateko.

AUTODETERMINAZIOAREN ALDEKO FESTA

Nazioen Mundua egitasmoa, urratsez urrats, ari da autodeterminazio eskubidearen alde lanean, eta, biharko, festa erraldoia antolatu dute, Lazkaon, Autodeterminazioa. Gure esku dago lelopean —irudian, aurkezpen agerraldia—. 11:00etan erremonte partida izango da, frontoian. 13:30ean hasiera ekitaldia egingo dute, eta herri animazioa trikitilariekin. 14:30ean, herri bazkaria egingo da. 18:00etan, Pirritx eta Porrotxekin batera, Eskuetan abestiaren flashmob bat egingo da, eta 19:30ean, sagardo eta talo festa, eta Astoaren Kaka zozketa berezia. Festaren amaiera biribiltzeko, Laurobak eta Esne Beltzak kontzertua eskainiko dute, plazan, dohainik.