Sailkatugabeak

146,2

CAFek iaz izandako irabaziak, milioi eurotan. 2011. urtean, 146,2 milioi euroren irabaziak izan zituen CAF enpresak, 2010ean baino %13 gehiago.

“Igeldok gaitasun osoa du udalerri bihurtzeko”

Igeldo 89. udalerria leloa, berriz ere, kalera atera dute igeldotarrek. Maiatzaren 31n herri batzarra egin zuten, gaur zortzi Gipuzkoako Foru Aldundiari bilera eskatu zioten, eta joan den larunbatean elkarretaratzea egin zuten, Donostian, diputazioare...

197/2006 doktrinari buruzko hitzaldia gaur, Oñatin

Oñatiko Herrira mugimenduak Parot doktrina deitzen dioten 197/2006 doktrinari buruzko hitzaldia antolatu du gaurko, Oñatiko kultur etxean. Alberto Plazaola preso oñatiarrari ezarri berri diote doktrina hori. Hitzaldia arratsaldeko zazpietan hasiko da, eta bi ordu inguru iraungo du.

X hauskorraren sindromea jendartera ateratzeko eguna

Alain Ferreresek (Ukraina, 2003) X hauskorraren sindromea du. Joan den abenduan diagnostikatu zioten, bere gurasoak urteetan mediku, psikologo eta psikiatra askoren kontsultetan ate-joka ibili ondoren. Alainek duenari izena jarrita, sindrome horri buruzkoak ezagutzera eman nahi dituzte gurasoek, eta, hori dela eta, sentsibilizazio egun bat antolatu dute biharko Pasai Antxon, bizi diren herrian. "Jendeak Alainek duen sindromea zein den jakitea nahi dugu, portaera hobetu uler dezan", dio haren amak, Ana Obesok.

Alainen egoerari izena jarri izanak zapore gazi- gozoa utzi du Ferreres Obeso familiaren etxean. "Hasieran ikaragarrizko nahigabea hartu genuen, Alainek bizitza osorako adimen urritasuna duela esan digutelako", dio Ana Obesok. "Baina nolabaiteko lasaigarria ere izan da, guk bagenekielako zerbait ez zebilela ondo. Orain, egoera ezagututa, Alainekin nola jokatu ere hobeto uler dezakegu", gaineratu du aitak, Paco Ferreresek.

Ferreres Obeso sendiak Euskadiko X Hauskorra Sindromearen Elkartera jo zuen informazio eta babes eske. Elkarte horretan biltzen dira X hauskorraren sindromea dutenak eta haien familiak. Bilbon du egoitza elkarteak, eta urtean behin, bihar Antxon egingo den jardunaldiaren antzekoa antolatu ohi du. "Guk, berriak izanik, animatu, eta Antxon antolatzea erabaki genuen", azaldu dute gurasoek.

Herritarren laguntzaz antolatu dute biharko jaialdia, eta, besteak beste, hitzaldi bat, haurrentzako jarduerak, bazkaria eta Realeko eta Pasaiako beteranoen arteko futbol partida bat izango dira. "Pasaiako jendeari eskerrak eman nahi dizkiogu, asko lagundu digutelako antolakuntzan. Udala, Lore Txorta, Pasaia K.E, Reala, Juanjo Bujanda, Mikel Varela… denek eman digute laguntza eta primeran portatu dira", adierazi dute Ana Obeso eta Paco Ferreresek, esker onez.

Diagnostiko berantiarra

Ana Obesok eta Paco Ferreresek 17 hilabeterekin ekarri zuten Alain Ukrainatik, adopzioan. Arazoak antzematen hasi zirenean, pentsatu zuten umezurztegian igarotako denboran bizitakoen ondorioak izan zitezkeela, baina berehala hasi ziren bestelako sintomak azaltzen. "Mediku batetik bestera ibili gara. Eta esan digute denetik zuela: beldurra eta larritasunak zirela, autismoa...".

Izan ere, X hauskorraren sindromea duten haurrek autismoaren sintoma asko izaten dituzte. Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartean egin zizkioten autismoaren probek, ordea, aukera hori baztertu zuten.

Hiperaktibitatea da X hauskorraren sindromea dutenen ohiko beste sintoma bat, eta Alainek izan badu, "baina adinean aurrera egin ahala, desagertzera jo ohi du X hauskorraren sindromea dutenen kasuan", amak zehaztu duenez.

Sindromea, gaur-gaurkoz, nahikoa ezezaguna da. Horregatik izaten da diagnostikoa hain berantiarra. Alainen kasuan, azkenik, neurologo batek egin zien diagnostikoa, proba genetiko baten bitartez. "Lehendabizi, erresonantzia magnetikoa egin zioten, eta, ondoren, proba genetikoa. Harekin atzeman zioten".

Jatorri genetikoa

Sindromearen izenak Lubs izeneko medikuak eginiko ikerkuntzan du jatorria. Izan ere, Lubs doktoreak, gaixotasunaren jatorri genetikoa aurkitzeaz gain, ezaugarri mental eta fisiko jakin batzuk zituzten pertsonak aurkitu zituen. "Triangelu itxurako aurpegiak, belarri eta kopeta handiak...", azaldu du Ana Obesok. Ezaugarri fisiko horiek, hala ere, gaixotasunaren mailaren araberakoak izaten dira, eta normalean, askoz ere nabarmenagoak dira gizonetan emakumeetan baino: "Emakumeen kasuan, beste X kromosomarekin konpentsatzen dira kaltetutakoaren gabeziak", azaldu du Obesok —emakumeek 23. kromosoma XX izaten dute, eta gizonek, XY—.

X hauskorra duten umeen koefiziente intelektuala besteena baino apalagoa izaten da, eta, besteak beste, arazoak izaten dituzte arlo motorrean eta abstrakzio arloan.

Alainek, esaterako, ez daki idazten eta irakurtzen, eta matematikekin arazo larriak ditu. Aldiz, memoria fotografiko itzela du, oso trebea da teknologia berriekin eta oso imitatzaile ona da.

X kromosomaren zati bat partzialki apurtua dute X hauskorraren sindromea dutenek. Nahaste genetikoa da, eta gene baten mutazioarengatik sortzen da. X kromosomari loturik dago, mutazioa duen genea kromosoma horren mutur batean dagoelako.

Zelulen proteina gabeziak eragiten du genearen mutazioa, eta, ondorioz, geneak ezin du proteina sintetizatzeko funtzioa bete. Gaixotasunak gizonei eragiten die batez ere; 1/400 da proportzioa gizonetan, eta 1/600 emakumeetan. Transmisioa, berriz, emakumeek egiten dute, DNAren bitartez. Herentziaz jasotzen da, beraz.

Duen eraginarengatik gaur egun lehenengo buruko urritasun hereditarioa da, Downen sindromearen aurretik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 400 kasutik gora diagnostikatu dituzte. Horietatik 135 inguru Antxon biharko sentsibilizazio jardunaldia antolatu duen elkartekoak dira.

Itzalpeko emozioei argi egiteko

Biodantza saio bat amaituko du Maider Bartolome irakasleak. Bozgorailuetatik, The Beatles taldearen Here comes the sun abestiaren doinua entzuten da; itxaropenari gorazarre egiten dion abesti bat da. Beasaingo osasun etxean, bost emakume elkartzen dir...

963

Zestoan zekorketen alde bozkatu duten herritarrak. Joan den igandeko bozketan, 963 herritar zezenketen alde agertu ziren; 542, aurka.

Nire paperak eta gure paperak

Paperak sufritu ditut duela egun batzuk. Tira, medikuaren ahoan parotiditis hitzak politagoa zirudien, baina nire aurpegiak ez zuen hitz politen inguruan jolasteko intentzio handirik erakusten. Zer da belarritik kokotseraino atera zaidan papo zahar hau? Horixe, papera. Irudika dezazuen, bi puzzletako piezak elkartzen saiatzea bezalakoa izan da nire itxurari osotasunean begiratzea. Astean bost aldiz sagardotegian afaltzen duen 60 urteko gizonaren burua metro eta erdiko gorputzari itsatsita, horixe izan naiz astebetez.

Eta hori dena zergatik kontatu dizuedan jakin nahiko duzue. Aste honetako zutabean zer idatzi ez nekiela nenbilen, eta nire nahasmen huts horretan esan dit Lucíak, "paperei buruz idatz dezakezu", eta ez zait hain ideia txarra iruditu; bat-batean ez zait hain gogaikarria iruditu nire papoak duen pisua. Nire alboan jarri da ordenagailu aurrean, eta paperei —edo parotiditis esan beharko nuke agian— buruzko informazioa bilatzen hasi da intentzioz gainezka, nire sendabidea bere esku balego bezala. Begira gelditu naiz, eta momentu horretan konturatu naiz lerro hauek ez dizkiodala parotiditis-ari eskaini nahi, zuri baizik, Lucía.

Gaurkoan, Gipuzkoako irakurleen aurrean biluztuko dut neure arima; hainbeste zor dizudalako. Nire intimitatea beti giltzapean gordetzeko obsesioa badut ere, oraingoan ez dut isilik gelditu nahi. Badirudi askoz errazagoa dela jendaurrean gorrotoaz hitz egitea —edo kasu honetan, idaztea— maitasunaz aritzea baino. Errazago egiten zaigu "hango hura gorroto dut" esatea "hemengo hau maite dut" esatea baino. Hementxe nator, muga eta lotsa guztien erditik, arau moral ororen gainetik, zer esango ote duten beldurrik gabe, astekari publiko bat nire hasperenik intimoena adierazteko urratuz... Maite zaitut, printzesa.

Ez diot bizitzari printze urdinik eskatzen. Printze bat eta bakarra ezagutzeko zortea izan nuen 16 urterekin; hura hobetuko duen printze urdinik ez da sortu oraindik. Eta hortxe egon zara zu beti, pazientziaz, isurtzen nuen malko bakoitza lehortuz, zergatia galdetu gabe, isilean. Mila pusketatxo banan-banan jaso eta erantsi dituzu maitasunak soilik eman dezakeen adore itsu horrekin. Noizbait izan nintzen mila pusketatxo haietatik emakume indartsu bilakatu nauzu; ez dakit bizitza guztian behar bezainbeste eskertzeko astirik izango dudan, baina zin dagizut egunero horretan saiatuko naizela. Zertarako nahi dut printze urdin bat, zu bezalako printzesa koloretsu bat izanda?

Paperekin edo paperarik gabe, bihar goaz gure paperak sinatzera, eta ez zait opari hoberik bururatu, ezin nuen aukera hau galdu, beti isilean, itzalean egon zarelako. Ez pentsa, morena, zu maitatzeaz lotsatzen naizenik. Belarrira egunero esaten badizut ere, batzuetan garrasi egiteko gogoa izaten dut: "Maite zaitut, Lucía!". Jakin dezatela guztiek goizero esnatzean zoriontasunak gainezka egiten didala bularrean, ia lehertzeraino, baina minik eman gabe. Denborak ilea zuritu arte, zimurrek azala ebaki arte; zure besoetan zahartu nahi nuke, betirako ene maite.

Hiru hankako aulkia, Eskola Txikien dokumentaleko izar

Hiru hankako aulkia: udalak, gurasoak eta irakasleak ordezkatzen dituen irudia. Elementu hori protagonista gisara hartuta osatu dute Eskola bizia, herri bizia, Gipuzkoako Eskola Txikien eguneroko jarduna erakusten duen dokumentala. Iñaki Alcaldek zuzendu du ikus-entzunezkoa; Larraulgo Eskola Txikiko gurasoa da. Haren arabera, hiru hankako aulkiak "oso ondo" irudikatzen du dokumentalarekin lortu nahi zutena: "Hiru eragile horien elkarlana behar da eskolaren pisuari eusteko eta herria bizirik mantentzeko". Joan den asteartean aurkeztu zuten dokumentala, eta gaur estreinatuko dute, 19:00etan, Tolosako Leidor zineman. Horrez gain, igandean Larraulen ospatuko den Eskola Txikien 25. festan ere emango dute: 11:00etan eta 16:00etan.

Taldean du abiapuntua Eskola bizia, herri bizia proiektuak. 2011ko uztailean ekin zioten asmoa lantzeari, eta, horretarako, guraso, irakasle eta udal ordezkariekin osatutako lantaldea sortu zuten. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kutxaren eta eskola txikiak dauden udalen babesa ere jaso dute. Eskola eredu hori oraindik ere gizartearentzat "ezezaguna" dela iritzita ekin zioten proiektuari, eskola txikiek herrietan zer garrantzia duten eta pedagogikoki dituzten ezaugarriak zein diren gizarteratzeko premia dagoela iritzita. Gaur egungo kezkak eta erronkak ere hizpide izan dituzte.

"Eskola Txikietako hainbat errealitatetara hurbildu nahi genuen, eta hezkuntza sistema honen inguruan sortzen den lan dinamika irudietan jaso", azaldu du Alcaldek. Hala, grabazio prozesua "irekia" eta "gidoi itxirik gabea" izan dela adierazi du. Berrobiko 8 eta 11 urte bitarteko gelaren jarraipen lana da, batetik, dokumentala. Eta gurasoen, ikasleen, irakasleen zein udal ordezkarien testigantzek osatu dute.

Eman nahi izan duten mezua ere argia da. Eskola txiki bat ikasgela barruan gertatzen den hori baino askoz ere gehiago dela; alegia, herriaren zimendu bat ere badela eskola: herri proiektu bat.

Musikaren bidez ere sinbolizatu nahi izan dute Eskola Txikien errealitatea. Borja Rodriguezek egin du musika. Aizarnazabalgo Eskola Txikiko ikasle ohia da Rodriguez, eta Hollywoodeko zinema industriarako musika konposatzen du egun. Los Angelesen bizi da. "Borjarekin Eskola Txikietako ikasleen inguruan dagoen okerreko topikoa hautsi da berriro ere", azaldu du Alcaldek.

Behin aurkeztuta, ikus-entzunezkoari ibilbide luzeagoa eginaraztea dute xede; besteak beste, eskola txikiak dauden herrietan ematea. DVDa salgai ere jarriko dute www.eskolatxikiak.org webgunean eta eskola txikietako guraso elkarteetan. Ordubete irauten du, eta euskaraz egin dute; gaztelaniazko eta ingelesezko azpidatziak ere prestatu dituzte.