Sailkatugabeak

Nepalgo umeen lagun ezkutuak

Nepal Azpeitira gerturatuko da egunotan. Edo Azpeitia Nepalera. Izan ere, Nepalgo hiru umezurztegiri laguntzeko elkartasun keinuak egiteko aukera izango dute herritarrek. Child Bright fundazioak aisiarekin lotutako ekitaldiak antolatu ditu: tonbola eta zazpiko futbol txapelketa. Asteburu honetan eta hurrengoan egingo dituzte, eta lortutako dirua umezurztegi horietako egoera hobetzeko erabiliko dute zuzenean.

Tonbolarekin hasiko dira dirua biltzen. Hala, gaurtik igandera bitartean tonbola martxan izango da Azpeitiko Sanjuandegi auzoan. Han festak izaten direla aprobetxatuz jarri zuten tonbola lehenbiziko aldiz iaz, eta aurten errepikatu egingo dute.

Zazpiko futbol txapelketa hirugarrenez egingo dute aurten. Ekainaren 9an eta 10ean jokatuko dituzte partidak, baina izena emateko aukera igande honetan amaituko da. Parte hartu nahi dutenek taldeko 80 euro ordaindu beharko dute. Futbolean aritzeko baldintza gutxi jarri dituzte antolatzaileek: 15 urtetik gora izatea da bete beharreko araua. Irabazleentzat sariak egongo dira. Txapelketari buruzko informazio gehiago datorren asteazkenean emango diete parte hartzaileei —Azpeitiko Betharram aretoan, 19:00etan—. Iaz, Gipuzkoa osoko hamabi taldek parte hartu zuten txapelketan, eta "giroa oso ona izan zen". Hala azaldu du ekitaldiaren antolatzaile Idoia Unanue azpeitiarrak.

Haurrak adoptatzera Nepalera joan ziren hainbat gurasok sortu zuten Child Bright fundazioa, 2009an, Toledon (Espainia). Hango umezurztegien egoera txarrak bultzatu zituen fundazioa sortu eta laguntza bidea zabaltzera. Hasieran, Child Bright Future umezurztegiari bakarrik laguntzen zioten. Gaur egun, ordea, beste bi umezurztegiri ere laguntzen diete. Eta esku hartzea umezurztegietatik harago zabaltzea ere erabaki dute. Unanuerentzat "oso garrantzitsua" da laguntza beste eremu batzuetan ere ematea: "Oso ondo dago umezurztegiak laguntzea, baina, nire ustez, egoera txarrean dauden familiei lagundu behar zaie, haurrek umezurztegian amai ez dezaten". Hasiak dira egoera larrian dauden familiak laguntzen. Gaur egun, umezurztegietan bizi diren 87 haurri eta beren familiekin bizi diren beste 11 haurri laguntzen die fundazioak. Bestalde, haurrak 16 urte bete arte bizi dira umezurztegietan. "Ordura arte, eskola, aterpea, jana eta beste dituzte, eta gero kalean gelditzen dira". Egoera horretan dauden gazteei laguntzen ere saiatzen da.

Unanuerentzat, "diru gutxirekin asko egin daiteke Nepalen". Horregatik antolatzen ditu tonbola eta futbol txapelketa, beste hainbat azpeitiarrekin batera. Tonbolarekin "diru mordoa" lortzen dute, "eta ikusita han zenbat gauza egin daitekeen hemen jasotakoarekin, merezi du lan hau hartzea". Urte hauetan, umezurztegien eraikinen egoera hobetu dute, haurrentzat zaintzaile gehiago kontratatu dituzte, haurrei eskola eta osasun zerbitzua bermatu dizkiete eta unean uneko arazoen aurrean irtenbideak ematen saiatu dira: "Orain gutxi, esaterako, gobernuak butano bonbona izugarri garestitu du; 12 eurora igo du, eta hori izugarrikeria da han. Halako egoerei aurre egiten laguntzen diegu", azaldu du.

Gipuzkoan, oraingoz, Azpeitian ditu kideak Child Bright-ek. Horregatik, hemen inguruan egiten diren ekitaldi bakarrak dira Azpeitikoak. Fundazioa laguntzeko, hainbat modu daude. Aukeretako bat ume bat babestea da, hilero kuota bat ordainduz; beste bat, bazkide egitea; baita ekarpen ekonomiko zehatz bat egitea ere.

Elkartasuna, barra-barra

"Mirari Astigarragak eta biok ematen dugu beti aurpegia, baina atzean jende asko dugu laguntzen", azpimarratu du Unanuek. Bere senarra aipatu du, baita tonbola eta txapelketa egiteko laguntza ematen duten guztiak ere. Horien artean, sariak ematen dituzten saltokiak daude: "Ehundik gora direnez, ezin ditugu banan-banan aipatu, baina bihotzez eskerrak eman behar dizkiegu guztiei, haiek gabe ezingo genukeelako ezer antolatu". Alde horretatik, Unanue harrituta agertu da jasotako erantzunarekin: "Tonbola egin ala ez zalantzatan ibili ginen, krisi garaian dendariengana eskean joatea ez zitzaigulako erraza egiten. Baina joan ginen, eta erantzuna izugarri ona izan da". Iaz baino sari gehiago lortu dute tonbolarako, eta ehun saltokik baino gehiagok parte hartu dute. Afariak, arropa, deskontuak eta era guztietako zerbitzuak zozkatuko dituzte hiru egunotan.

Bi ekitaldiak antolatzearen lanari garrantzia kendu dio Unanuek, eta meritua beste batzuei eman die: "Batzuk Nepalen egonak gara, ikusiak gara hango egoera eta normala da hura hobetu nahi izatea. Baina hangoa ikusi gabe laguntzen gaituen boluntario asko dago, eta horrek asko irakatsi dit niri. Elkartasun handia dago hemen". Fundazioko kideen lana ere goraipatu du: "Batez ere, fundazioa sortzeko ausardia izan zutenak eta uneoro erabakiak hartzen ari diren horiek dira garrantzitsuenak".

Erronka berrien bilgune

Gazteentzako pentsatutako politikek gazteen beharrak asetzen ez dituztenean, gazteak eurak izaten dira iniziatiba hartu eta euren arazoei irtenbideak bilatzen dizkietenak. Gipuzkoako herri askotan, bide luzea dute egina gazte asanbladek; herri mugimenduko eragile garrantzitsua izan dira sarritan. Gehienetan autogestioaren bidea hartuta, eta batzuetan udal instituzioen eskutik, gazteei bereziki eragiten dieten gaiak landu izan dituzte: aisialdi eredu propioak, harremanak, etxebizitza, ikasketak...

Garai bateko gazteak, ordea, ez dira jada horren gazteak, eta belaunaldi berriak ez dira lehengo berak. Joera berriak dakartzate; esate baterako, lokaletan biltzeko ohitura. 1980ko hamarkadako gazte taldeen ereduari kostatzen ari zaio garai berrietara moldatzea, eta, horregatik, forma berriak bilatzen ari dira hainbat herritan.

Zizurkil

Distantziak laburtzen

Zizurkilen sortu berri dute Txepetxa Gazte Asanblada. "Zizurkilek badu berezitasun bat", azaldu du Aratz Alkorta Txepetxako kideak: "Zizurkil goia eta behea nahiko aparte daude, eta gazteen arteko harreman falta nabarmena zen". Iragan irailean, herri kiroletako apustu bat anto- latu zuten, bi auzoetako gazteak elkartze aldera, eta hortik sor- tu zen gazte taldea sortzeko asmoa.

Apurka-apurka ari dira herrian euren presentzia sumarazten: abenduan, euskal selekzioaren futbol partida ikustera joateko autobusa antolatu zuten, eta Gabonetan, presoen aldeko kantu saiorako bertso batzuk prestatu zituzten. Martxoan, Gazte Eguna antolatu zuten, eta, orain, udara begira ari dira: "Bazkari bat egin nahi dugu, eta beste ekintza batzuetan parte hartu; festetan, barra jartzen, eta halakoetan".

Helburua harremana sortzea da, eta "herriko giroa sustatzea", Alkortaren hitzetan: "Ikusten genuen gazteen aldetik zein mugimendu gutxi zegoen herrian, eta horri buelta ematen hasi ginen lau katu. Orain, dezente gehiago gara". Gaur egun taldeak 40 kide inguru dituela azaldu du. Zizurkilen ez dago gaztetxerik, eta, horregatik, udalak hainbat eragileri utzitako lokal batean elkartzen dira.

Zarautz

Gaztetxetik independente

ZAGAk, Zarauzko Gazte Asanbladak, pisu handia izan du urte luzez herri horretan, batez ere herriak gaztetxerik izan ez duenean: herriko plaza eta hainbat frontoi bilakatu ditu gazteentzako topagune. 2005ean Putzuzulo gaztetxea okupatu izanak, ordea, kaleko dinamikak indarra galtzea ekarri zuen apurka: berez bi bilgune izateko jaio ziren arren, gaztetxea kudeatzeaz arduratzen den Xakela asanbladara isuri ziren gazte mugimenduko indar gehienak.

Hori ikusita, ZAGAri berriz ekitea erabaki dute herriko gazte batzuek. Eithne Arruabarrena da horietako bat: "Gure ustez, gazte asanbladak gehiago kalean egin behar luke lana, eta ez gaztetxea erdigune gisa hartuta, kaleko jendeak ikusteko zer egiten dugun; eta ez gaztetxean sartu eta besteak ahaztu".

Martxoaren 31n irten ziren lehenengoz kalera, Dinamitatuai Egunean. "Hor gazte gehiago elkartu ginen, hainbat taldetatik etorritakoak, eta norbanakoak ere bai", azaldu du Arruabarrenak. "Ordutik, batzarrak egiten aritu gara". Larunbat goizetan elkartzen dira, Putzuzulo gaztetxean.

Ekainaren 16an egingo dute hurrengo festa: Zagarrak Berri eguna. Hala ere, herriko gazteei eragiten dieten beste hainbat gai lantzen jarraitzeko asmoa dute. Bereziki etxebizitzaren arazoa eta lana topatzekoa aipatu ditu Arruabarrenak: "Beti egin izan da Giri Eguna, turistifikazioaren aurka. Azkenean, Zarautz hain herri turistikoa izanda, jende asko etortzen da; dena garestiagoa da. Eta gazteok lortu izan ditugun lanak, betiko udako lan horiek, oso gaizki ordainduta daude".

Oiartzun

Gazteak badatoz

Udalarekin harreman ona du Oiartzungo Gazte Asanbladak; sei urte daramatza hark utzitako lokal batean biltzen eta hura kudeatzen. Goihaitz Perez taldeko kideak azaldu duenez, batez ere gaztetxearen antolaketaz arduratzen da herri horretako gazte taldea: "Aisialdi eredu propioa garatzen gabiltza. Azkenean, herriari bizitasuna ematen diogu, ekintzak antolatuta: kontzertuak, bazkariak...".

Urtea hasi denetik, "jende gaztetxoa" dabil batez ere gazte taldean, eta haien adineko gehiago gerturatzeko lanetan ari dira. Horretarako abiatu dute Gaztiak bagatoz ekimena: "Ikusten genuen bakoitza bere lokalean sartuta zegoela eta ez zeukala beste gazteekin harremanik; horregatik, otsailean lokalez lokal pasatzen hasi ginen, gazteekin hitz egiten eta galdetzen ea beharra ikusten al zuten herrian gazteria aktibatzeko".

Oraingoz, bakoitzak zein asmo dituen zehazten ari dira, eta horren arabera aritzen dira: "Sagardo Eguneko kontzertuak; Ikasle Eguna ere antolatu dugu ekainerako; Xanistebanak... Espontaneoki ari gara".

Ohiko batzarrak astean behin egiten dituzte: ostiraletan, 18:30ean. "Ekintza jakinetan bilera irekira deitzen dugu, eta jende gehiago azaltzen da, baina ostiraletan hamabost eta hogei pertsona artean izaten gara" .

Azpeitia

Lokaletatik kalera

Azpeitiko Gazte Asanblada 1990eko hamarkadaren erdialdera sortu zela azaldu du Ainara Pie de Hierro taldekideak; hark 2002tik dihardu bertan. "Tirabira askoren ondoren", udalak lokal bat utzi zien 2005ean, gaztetxe gisa erabil zezaten. Hala ere, ekintzak kanpoan ere egiten saiatzen dira: "Gaztetxeak kalean egon behar du, gazteak erakartzeko modu bat delako, eta herriari erakusteko hor gaudela eta zertan ari garen".

Helburuak ez dira askorik aldatu urte horietan: "Gazteen problemak lantzen dituen eremu bat da: etxebizitzaren inguruan lanketak egin ditugu; orain, zaborrarekin ere ari gara; lan baldintzak...". Aisialdi ereduari ere garrantzi handia ematen diotela azaldu du Pie de Hierrok: "Azpeitian, garai batean, hutsune nabarmenak zeuden gazteen aisialdira begira, eta gu hori zabaltzen saiatu ginen: ikastaroak, guretzako kontzertuak, kaleko beste ekintzak...".

Oro har, indartsu dago herri horretako gazte taldea: denera 50 gazte inguruk parte hartzen dute erregularki. Taldea bost azpitaldetan banatuta dago: horiek komunikazioaz, azpiegituraz, gazteen arazoez, aisialdiaz eta diru kontuez arduratzen dira.

Amara Berri (Donostia)

Auzoa ez da bakarrik lotarako

Donostiako Amara Berri auzoan sortu berri dute gazte asanblada; urtarriletik ari dira bertako gazteak biltzen, eta oraingoz badute nahikoa lan elkar ezagutzen, Leire Barrena taldekideak azaldu duenez: "Urtarrilean elkartu ginen gazte batzuk, eta auzoaz hizketan ari ginela, konturatu ginen jendea ez genuela bertatik ezagutzen". Barrenaren arabera, gazteentzako eskaintzarik ez dago ia auzo horretan, eta, horren ondorioz, bizitza soziala beste lekuetan egiteko joera dute bertakoek: "Azkenean, ikusten genuen lo besterik ez genuela egiten auzoan".

Apirilean, Gazte Eguna antolatu zuten lehenengoz. Bertakoentzat "oso berezia" izan zen, Barrenaren ustez: "Bazkaria, tailerrak... Behar genituen aisialdi ekintzak eginez elkartu ginen, eta oso ondo pasatu genuen. Oso positiboa izan zen, baita auzoarentzat ere; behintzat auzoan bizi garela erakutsi genuen".

Baliabide gutxi eta ideia asko ditu taldeak. Oraingoz, auzoko elkarte batean biltzen dira, eta eguraldi onarekin parkean elkartzen hasteko asmoa dute. Amara Berri, ordea, "auzo zaila" dela uste du Barrenak: "Guk euskara asko bultzatzen dugu, eta erdaldun asko dago. Hemen bizitzarik ez dagoenean, jendea kanpora joaten da; horregatik da garrantzitsua hemen elkartzea. Horrek auzoari izugarrizko indarra ematen dio: jendeak ikusi egiten du gazteok bagabiltzala eta, gainera, bizitza egiten dugula hemen".

Asteasu

Behin tokia edukita, ekintzak

Asteasuko Gazte Asanbladak urte dezente zeramatzan desagertuta, harik eta iazko abenduan gazte kuadrilla batek asmoa berriz abiatzea erabaki zuen arte. 45 pertsona inguruk osatzen dute orain Matxintxulo Gazte Asanblada; horietako bat da Haritz Mujika. Berez, soilik elkartzeko leku bat nahi zuten, Mujikaren hitzetan: "Gaztetxe edo lokal bat eskatu genuen, eta udalak eskatu zigun horren truke ekintzak antolatzeko. Orduan, geure burua behartuta ikusi genuen batzorde bat sortzera, gauza horiek antolatzeko". Zer egingo duten eta zein maiztasunekin, ordea, euren esku dago: oraingoz, gaztetxearen irekiera festa eta frontenis txapelketa antolatu dituzte.

Asanblada elkarte gisa dago erregistratuta, eta idazkari bat dauka. Izendapen hori, ordea, "sinbolikoa" da, Mujikaren arabera. "Gero, barruan, ez da inor nagusi. Bileretan denok berdin hitz egiten dugu, eta gure iritziek karga bera dute. Agian zaharrenek pisu handiagoa dute, baina bestela ez daukagu inolako arazorik".

Asteasu herri txikia izanagatik, gazteen artean harremana falta zela iruditzen zaio Mujikari: "Batzuk euren lokalean biltzen ziren, eta besteak ez; adin desberdinekoen artean ez zegoen lotura handirik. Orain, behintzat, tratua handitzen doa". Oraingoz, taldea "aurrera ateratzea" da helburua, eta indartzen joatea: "Gazte festa batzuk antolatzea ondo legoke, baina horiek hitz handiak dira".

Legazpi

Gazte berri bila

23 urte ditu Legazpiko Gazte Asanbladak; tarte horretan gorabehera dezente izan ditu, baina gaur egun "minimoen azpitik" dago, Oier Sagastume taldekidearen hitzetan. "Lehen mugimendua bazegoen", azaldu du, "baina gaztetxeak hamar urte bete ditu jada, eta mugimendua pixkanaka jaisten joan da. Orain, trantsizio etapa batean gaude; batzuk irteten ari gara, eta ea jende gazteagoa erakartzen dugun".

Erosotasunari egotzi dio errua Sagastumek: "Gu baino gazteagoa den jendeak ez du gaztetxea borrokatu, jada eginda eman zaio. Eta, oro har, herri mailan militantzia oso baxu dago".

Oñati

Ibilbide luzea, bukatuta

Aurtengo Aste Santuan, Oñatiko Gazte Asanbladak funtzio hori betetzeari utziko ziola adierazi zuen prentsaurrean. 2004an sortu zenetik lau egoitza izan dituela azaldu zuten bertan taldeko lau kidek; azken hiru urteak San Martin auzoko gaztetxe okupatuan egin dituzte. "Orain konturatzen gara agian San Martingo etxeak, kokapenari eta tamainari zegokionez, ez zituela gaztetxe baten baldintzak betetzen", adierazi zuten prentsaurrekoan. Izan ere, etxea txikia da, eta herritik urrun dago.

"Parte hartzeari dagokionez, azken urteotan ikusi dugu nola joan den murrizten eta murrizten, azkenean lau katu geratu garen arte", adierazi dute. Horregatik, aurrerantzean San Martingo Etxe Okupatuko Asanblada gisa jardungo dute, Oñatiko Gazte Asanbladak bete behar lituzkeen funtzioak ezin dituztela bete pentsatuta: "Asanbladak plurala eta parte hartzailea izan behar du gazteen ordezkatzailea izateko. Oñatiko gazteen esku dago kinka. Zuek, zuek zarete etorkizuna".

Eurovision ez da errenta

Apustuzale amorratuak garenon asteburuak dezente patetikoak izan ohi dira. Familiakoei eta lagunei ez diegu batere kasurik egiten, mundu zabaleko mila partidatan jokoan ditugun xoxengatik. Lasai antzean igaro beharreko orduak kaka eginda azazkalak janez pasatzen ditugu, estresak jota. Txikiteo koxkorra egiteko bildu, eta tabernek sakelakoentzat sare egokia izateak erakartzen du gure arreta, eta ez foie pintxo goxoa jaten eta ardo txuria edaten ari diren ezpain gorridun neska gazte lirainen irribarreek. Bizio guztiek bezala, ardura eta konstantzia eskatzen baitute apustuek.

Badut halako orakulu bat, diren eta ez diren lehiaketen nondik-norakoak maisuki xehatzen dizkidana. Apiril hasieran-edo abisua pasa zidan: behin Eurovisioneko zirkua goitik behera aztertuta, aukera bakarra zegoen. Sartu ahal duzun guztia Suediaren alde, azkar. Irabazi egingo du, ziurtzat eman dezakezu. Kontu hauetan —beste askotan ez bezala— morroi leiala naizenez, orakuluari men egin, eta nire xoxak Loreen izeneko abeslari erdipurdiko baten eskuetan laga nituen. Eta maiatz bukaera aldera asteburu estu samarra pasatzeko prestatzen hasi nintzen.

Nahiko lasai nengoen aurreko zapatuan, ordea, orakuluak jaialdia hasi baino pare bat ordu lehenago deitu zidan arte. Azken entsegua egiten ari zirela, agertokian isuritako elur itxurako ke zorrotadek eztula eragin omen zioten Loreeni, abesteari utzi behar izan arte. "Ezbehar zorigaiztoko bat bakarrik", esan zidan. "Azken emanaldiari begira kezkatzeko motiborik ez zegok, lasai. Hori bai, hobe ditek ditxosozko makina tentuz erabili, neska gajoa atxiska has ez dadin!". Ipurdia pixka bat estutu, eta kaña batzuk hartzera irten nintzen, Eurovision ditxosozkoa burutik ezin kenduta.

Gaua orakuluak aurreikusita bezala joan zen, eta hark ere Loreenen antzera pozez malkotan amaitu zuen. Beldurtzeko moduko euro piloa baitzuen jokoan —gehitxo nire gusturako, moralistarena egin behar badut—. Ez erratu halere. Pertsona zintzook bestelakorik uste baduzue ere, apustuzaleok ez gaitu diruzaletasun ustelak motibatzen. Bizkorretan bizkorrenak sentitzea da helburua, ez besterik. Informazioa inork ez bezala bilatzeko, burua hotz mantenduz erabaki zuzenak hartzeko eta sekula kontrola ez galtzeko gai garela geure buruari frogatzea. Behin hori lortuta, asmatzen dugun bakoitzean ahal den jende guztia jakinaren gainean jartzea bakarrik geratzen da. Horrelako zutabeak idatziz, adibidez.

Okupazioagatik auzipetuta daude hamar gazte zumaiar

Zumaiako Erkibe etxea okupatzeagatik, epaiketaren zain dira hamar gazte. 2008an sartu ziren etxe horretara, eta urtebetez erabili zuten gaztetxe moduan. Fiskalak 1.500 euroko isuna eskatu du bakoitzarentzat, eta etxearen jabeek, 80.000 euroko kalte-or...

Gaur inauguratuko dute Zumarragako saihesbidea

Zumarraga, Urretxu eta Legazpi lotzen dituen ingurabide berria gaur inauguratuko dute. Guztira, 2,1 kilometroko luzera du errepideak; horietatik 910 metro Argisaoko tunelaren barruan daude, eta 266 metro, Urolako zubibidean. GI-632 errepide berriaren ...

Amaitu da Villabonan Onddo asanbladaren XV. urtemuga

Villabonako Onddo Gazte Asanblada bere 15. urteurrena ospatzen aritu da maiatzaren 5az geroztik; hilabete osoan antolatu ditu urteurreneko ospakizunak, eta iragan astean amaitu dira, Onddorock jaialdiarekin. Aurreko hiru larunbatetan hainbat ekintza a...

Petrolioaren eskutik, Riorako giltza

Saltsa guztietako perrexilaren antzekoa da Jon Martin (Oiartzun, 1981). Gehienek bertsolari izateagatik ezagutuko duten arren, hainbat eremutan mugitu da. Geldirik egoten ez dakiten pertsona horietakoa da; esku artean beti zerbait dutenetakoa. Egin d...

“Bizikletak ibilgailuak dira, eta zirkulazio araudia bete behar dute”

Manu Gonzalez (Donostia, 1951) Donostiako Bizikletaren Behatokiko idazkari teknikoa da. Hirian, hautsak harrotu ditu udalak iragarritakoak —alegia, joan den astelehenetik isunak jarriko zizkiela segurtasuna urratzen duten txirrindulariei—, baina Gonzalezek ez du ikusten arazorik.

Bizikletaz egiten den bidaia kopuruak gora egin izanak berekin ekarri du arreta areagotu beharra ere. Donostiako Bizikletaren Behatokiak, azpiegituretan baino gehiago, heziketan eta garraiobide horren sustapenean ikusten ditu erronkak.

Polemika eragin du azken bolada honetan, udala bizikletazaleei isunak jartzen hasi zaiela eta...

Kontu honetan, bi gauza argitu behar dira: batetik, ez da araudi berria; bestetik, ez da udalarena, zirkulazio araudi orokorra Espainia osoan baita aplikatzekoa. Bizikletak ibilgailuak dira, eta, horrenbestez, zirkulazio araudia bete behar dute. Horren arabera gidatu behar dira, eta orain gertatzen ari dena udal arautegian sartuta egotearen ondorioa besterik ez da. Udalak, esaterako, ezin du jaitsi isun kopurua. Bestalde, udalaren oraingo jarreraren helburua ez da segurtasuna lortzea besterik, txirrindulariaren segurtasuna eta oinezkoena. Eta behatokiak berak, egiten dituen txostenen arabera, ikusi du jendeak ez dakizkiela arauak.

Ba al da arau horiek biltzen dituen baliabiderik? Non aurki daiteke horien inguruko informazioa?

Bai. Batetik, arauak zirkulazio araudi orokorrean daude. Bestetik, kultur etxeetan, turismorako informazio bulegoan, www.observatoriodelabicicleta.org webgunean eta beste hainbat tokitan ere badaude arauen eskuorriak eta bidegorri sarearen mapa. Esaterako, D-Biziko txartela [udalaren bizikletak alokatzeko zerbitzua] ateratzera zoazenean, hori ematen dizute.

Zer da Donostiako Bizikletaren Behatokia?

Donostiako Udalak bizikleta plana onartu zuen 2001ean, eta 2004. urtean sortu zen Bizikletaren Behatokia, plana nola zihoan aztertzeko. Kalapieren eta udalaren artean osatutako organo bat da. Aholkularitza foro bat ere badago; hor, bizikleta erabiltzen duten hainbat pertsona biltzen dira.

Zeintzuk dira Donostiako Bizikletaren Behatokiaren eginbeharrak eta lan eremuak?

Batetik, herritarren kexak eta iradokizunak bideratzen ditugu. Webgune bat dugu horretarako, baita posta kutxa bat ere. Hor, jasotakoan, guk ordaintzen dugu bidalketa, baldin eta kultur etxe eta abarretan aurki daitezkeen horretarako orriak erabiltzen badira. Esaterako, bizikleta aparkatzeko toki gehiago eskatzen du jendeak, edo esaten digute oztopo den zuhaixka bat dagoela bidean... Bizikleta erabiltzaileek esandakoa begiratzen dugu guk: alegia, kexua egiaztatzen dugu. Horrekin, hilero txosten bat bidaltzen zaio udalari, eta pertsonari erantzun egiten zaio, egoera zein den azaltzeko eta horren arrazoiak zehazteko. Bestetik, mugikortasuna aztertzen dugu. Urtero, begiratzen dugu zenbat bizikleta erabiltzaile dauden. Era berean, begiratzen dugu ea aipatutako plana betetzen ari den, eta hor hobetzeko proposamenak ere egiten ditugu. Azkenik, proposamenak egiten ditugu bizikleta garraiobide gisa sustatzeko.

Nolakoa da bizikletaren egoera Donostian?

Egoera esaldi bakarrean laburbil dezakegu: bizikleta Donostiako hiri paisaiaren parte da orain. Hirian hamar edo hamabost urtean egon ez den pertsonak ikusiko du hori: orain bizikleta hiri bat dela. Datu esanguratsu bat dago: 15.000 lekualdatze egiten dira egunero bizikletaz. Azken urtean, ia %25 igo da. Gaur egun, bizikleta udan erabiltzen da, baina baita neguan ere; hau da: hautsi egin da udarekin zuen lotura. Bestalde, noiz hasi da jendea bizikleta gero eta gehiago erabiltzen? Bada, segurtasuna eta erosotasuna areagotu direnean; hau da, azpiegiturak zabaldu direnean bidegorriak eta bizikletak seguru erabiltzeko.

Bizikletaren erabilera eta bidegorrien ugaltzea lotu dituzu. Nolakoa izan da bilakaera azken urteetan?

1980ko hamarkadakoa da lehen bidegorria; ibaiaren ertzaren ondoan zegoen, baina ez zihoan inora. Gero, oinezkoen guneekin bateratuta, iparra-hegoa ardatza osatu zen. 2001ean, lehen bizikleta plana osatu zenean, hamabost bat kilometro bidegorri zeuden; orain, 56,5 kilometro daude.

Nolakoa da Donostiako Udalaren jarrera bizikletari dagokionez?

Azkeneko urteetan, bultzada politiko eta tekniko bat izan da, baina baita herritarren bultzada bat ere. Hiru oinarri horiek behar dira kultura osagaiak aldatuko dituen gizarte egitasmo arrakastatsu batean. Autoa eta motorra toki guztietan daude, eta kaleen zein hirigintzaren ardatz dira. Gure herriak, joan den mendearen bukaeran eta honen hasieran, ibilgailu partikularraren mesedetan egin dira. Ohitura horiek eta hiriaren forma aldatzeko, hiru hanka behar dira: erabaki politikoa, erabaki teknikoa eta gizartearen eskaera. Horiek guztiak izan dira azkeneko urteetan, eta inbertsio handia egin da azpiegituretan. Hala eta guztiz ere, hezkuntzan ez da inbertitu behar beste. Modu horretan, jende askok darabil bizikleta, baina ez dakizki gidatzeko arauak, ezta segurtasun arauak ere. Esate baterako, helduenak eta haurrak ez dira ausartzen 30eko eremuetan ibiltzen [bizikletek lehentasuna izanik ibilgailu motordunekin batera erabiltzen diren errepideak, orduko 30 kilometroko muga dutenak], eta espaloietara igotzen dira; beraz, zerbaitetan hobe badaiteke, gidarien heziketan eta sutapenean egin beharko litzateke aurrera.

Heziketaz gain, ba al du bizikletaren erabilerak beste argi-ilunik Donostian?

Hiritik irtetean, beste herrietara joateko bideak falta dira. Mendebalderako irteeran, bidea dugu Añorga Txikiraino, baina handik aurrera, ez. Ekialdera, berriz, duela gutxi ireki zen bidea. Hegoalderako ere, arazo bat dago; izan ere, ez dago bidegorririk Loiola eta Martutene lotzeko. Beste erronka da jendea auzo garaietara iristea; jendeak uste du Donostia laua dela, eta hori ez da horrela. Hemen, biztanleen %40 eremu altuetan bizi da: Altza, Intxaurrondo, Aiete... Hori da errealitatea. Oinezkoentzako eta bizikletazaleentzako mugikortasun bertikalerako plana onartua dago, baina, diru falta dela eta, auskalo zer gertatuko den.

Hiru hankako aulkia, Eskola Txikien dokumentaleko izar

Hiru hankako aulkia: udalak, gurasoak eta irakasleak ordezkatzen dituen irudia. Elementu hori protagonista gisara hartuta osatu dute Eskola bizia, herri bizia, Gipuzkoako Eskola Txikien eguneroko jarduna erakusten duen dokumentala. Iñaki Alcaldek zuzendu du ikus-entzunezkoa; Larraulgo Eskola Txikiko gurasoa da. Haren arabera, hiru hankako aulkiak "oso ondo" irudikatzen du dokumentalarekin lortu nahi zutena: "Hiru eragile horien elkarlana behar da eskolaren pisuari eusteko eta herria bizirik mantentzeko". Joan den asteartean aurkeztu zuten dokumentala, eta gaur estreinatuko dute, 19:00etan, Tolosako Leidor zineman. Horrez gain, igandean Larraulen ospatuko den Eskola Txikien 25. festan ere emango dute: 11:00etan eta 16:00etan.

Taldean du abiapuntua Eskola bizia, herri bizia proiektuak. 2011ko uztailean ekin zioten asmoa lantzeari, eta, horretarako, guraso, irakasle eta udal ordezkariekin osatutako lantaldea sortu zuten. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kutxaren eta eskola txikiak dauden udalen babesa ere jaso dute. Eskola eredu hori oraindik ere gizartearentzat "ezezaguna" dela iritzita ekin zioten proiektuari, eskola txikiek herrietan zer garrantzia duten eta pedagogikoki dituzten ezaugarriak zein diren gizarteratzeko premia dagoela iritzita. Gaur egungo kezkak eta erronkak ere hizpide izan dituzte.

"Eskola Txikietako hainbat errealitatetara hurbildu nahi genuen, eta hezkuntza sistema honen inguruan sortzen den lan dinamika irudietan jaso", azaldu du Alcaldek. Hala, grabazio prozesua "irekia" eta "gidoi itxirik gabea" izan dela adierazi du. Berrobiko 8 eta 11 urte bitarteko gelaren jarraipen lana da, batetik, dokumentala. Eta gurasoen, ikasleen, irakasleen zein udal ordezkarien testigantzek osatu dute.

Eman nahi izan duten mezua ere argia da. Eskola txiki bat ikasgela barruan gertatzen den hori baino askoz ere gehiago dela; alegia, herriaren zimendu bat ere badela eskola: herri proiektu bat.

Musikaren bidez ere sinbolizatu nahi izan dute Eskola Txikien errealitatea. Borja Rodriguezek egin du musika. Aizarnazabalgo Eskola Txikiko ikasle ohia da Rodriguez, eta Hollywoodeko zinema industriarako musika konposatzen du egun. Los Angelesen bizi da. "Borjarekin Eskola Txikietako ikasleen inguruan dagoen okerreko topikoa hautsi da berriro ere", azaldu du Alcaldek.

Behin aurkeztuta, ikus-entzunezkoari ibilbide luzeagoa eginaraztea dute xede; besteak beste, eskola txikiak dauden herrietan ematea. DVDa salgai ere jarriko dute www.eskolatxikiak.org webgunean eta eskola txikietako guraso elkarteetan. Ordubete irauten du, eta euskaraz egin dute; gaztelaniazko eta ingelesezko azpidatziak ere prestatu dituzte.