Sailkatugabeak

Balentziaga museoak lehen urteurrena ospatuko du

Getariako Balentziaga museoa iazko ekainaren 10ean zabaldu zuten. Hala, gaurtik ekainaren 16ra, hainbat ekitaldirekin ospatuko dute urteurrena. Horien artean, 1930eko hamarkadako festak, erakusketa bereziak, hitzaldiak eta tailerrak daude. Informazio ...

“Janaria manipulatzerakoan ibili behar da kontuz”

Zeliakoentzako otorduak eskaintzen dituzten Gipuzkoako zortzi ostalaritza etxeetako bat da Lazkaoko Lazkaomendi auzoko Lizargarate landetxea. Maria Teresa Albizuren (Itziar, Deba, 1951) bilobetako bati orain bi urte atzeman zioten zeliakoa zela, eta h...

Roger Blomkvist nagusitu da Gure Moda Gaur lehiaketan

Hamabost diseinatzaile hasiberriren proiektuak lehiatu dira aurten aurrenekoz antolatu duten Gure Moda Gaur moda lehiaketan, Donostian. Emakumeentzako eta gizonentzako jantziak aurkeztu behar izan dituzte parte hartzaileek, eta epaimahaiak Roger Blomk...

Diseinatzaile Gazteen I. Showroom-a, ekainean

Ekainean, Gipuzkoako Diseinatzaile Gazteen I. Showroom ekitaldia izango da. Donostiako Garbera merkataritza gunean, herritarrek aukera izango dute zazpi diseinatzaileren lanak gertutik ikusteko eta erosteko. Ekainaren 1ean hasiko da, 10:00etan, eta ek...

Moda sektorearen esnaldia

Parisko moda erreferentzia garrantzitsua da diseinatzaile askorentzat. Orain, paristar bati esker susper daiteke modaren sektorea Gipuzkoan: Parisko diseinatzaile batek bazterrak astindu zituen, modarekin lotura zuen egitasmo bat egiteko maiatzean Donostian; tartean, moda desfile bat. Azken unean atzera egin zuen diseinatzaile hark, baina sektoreak, nola hala, ideiarekin aurrera jarraitu zuen: Gure Moda Gaur lehiaketa egin zuten; eta lehen harria izan zen hura. Izan ere, sakabanatuta zeuden talentua, indarra eta gogoa elkartu egin ziren egitasmo haren inguruan. Aurrera jarraitzeko gogoz dira orain, eta 2016an Donostiak bere Fashion Week-a izatea dute denek buruan.

Gure Moda Gaur lehiaketak moda egitasmo hartako zati bat izan behar zuen, baina, azkenean, lehiaketa bera bihurtu zen ekitaldi bakarra. AEG moda eskolak prestatu zuen lehiaketa, maila erdi-profesionaleko moda diseinatzaileentzat. AEGko komunikazio saileko Mikel Arbiza izan da lehiaketaren koordinatzailea, eta gertutik jarraitu du. Donostian moda kalera ateratzen jarraitu nahi dute, eta sektoreko enpresa batzuk elkarlanean hasi dira. Egitasmoa ahalik eta gehien zabaltzea garrantzitsua da Arbizarentzat: "Ez dugu nahi proiektu itxi bat izaterik. Enpresak, kolektiboak, artistak... elkartu, eta denen artean zerbait egitea nahi dugu, nork bere tokia aurkitzea proiektuan". Aurten, AEG ikastetxea, logistika enpresa bat eta modelo agentzia bat izan dira bultzatzaileak. Dagoeneko hasi dira hizketan erakunde publikoekin, baita Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkartearekin ere. Hurrengo urtean jarraipena eman nahi diote aurten hasitako bideari, baina jomuga 2016a izango da; izan ere, Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da urte horretan. Hala, "helburua da 2016an modak bere erakusleihoa izatea". Eta bide onetik doaz, Arbizaren ustez: "Hau hasiera besterik ez da izan. Nahi genuen jendeak ikustea zer dagoen, eta geuk ere ikusi dugu jende asko dagoela gauzak egiteko gogo handiarekin". Bolo-bolo dabil 2016an Donostiak moda aste bat izango duela, eta, hori ikusita, AEGko kideak hankak lurrean izan nahi ditu: "Nire iritziz, modaren astea egitea ez da aukera bakarra, eta agian ez da izango formaturik egokiena; agian, horren ordez lehiaketa bat eta jardunaldi batzuk egin beharko dira. Azken batean, guk beti formatu klasikoetan pentsatzen dugu, eta 2016a aproposa izan daiteke formatu esperimentalagoetarako". Hala ere, onartu behar izan du moda aste batez hitz egiten ari direla sektorean: "Donostia Fashion Week kontzeptua mahai gainean dago. Ea lor daitekeen". Kontuak kontu, Arbizak argi utzi du moda proiektua "sendotuta" eraman nahi dutela urte horretara.

Kanpora begirako lanaz gain, barrurakoa ere ari da egiten sektorea. Hor daude Adegirekin egiten ari diren bilerak, baita Euskal Herriko beste lurraldeekin josten ari diren harremanak ere. Besteak beste, azpimarratu du Gipuzkoa eta Bizkaia "elkarrekin" lanean ari direla moda kluster bat sortzeko.

Emaitzak ikusi ahal izateko sektorea landu egin behar dela uste du Arbizak, eta zenbakiak ere eman ditu: "Datuak eguneratu egin beharko genituzke, baina, orain dela bizpahiru urte egindako ikerketa baten arabera, moda diseinua Gipuzkoako BPGaren %0,6 da. Komertzioarekin batuta, % 6,6. Hortaz, ikusten dugu modak eta ehungintzak baduela indarra, eta hori landu egin behar dela. Sukaldariek, adibidez, landu egin dute; arrantzaleak ere horretan ari dira, eta guk ere horixe egin behar dugu emaitzak lortzeko".

Hiru diseinatzaile, nahi bat

Sektorea ematen hasi den pausoekin gustura baino gusturago daude Gipuzkoako Hitza-k elkartu dituen hiru diseinatzaile hasiberri: Elena Silvestre (Donostia, 1974), Alicia Martinez (Donostia, 1983) eta Eneko Aranbarri (Azkoitia, 1988). Ibilbide desberdinak dituzte, baina sektorean "lehen urratsak" egiten ari dira hirurak, eta orain arte apenas izan duten aukerarik beren lanak jendaurrean erakusteko.

Gure Moda Gaur lehiaketan parte hartu dute Aranbarrik eta Martinezek. Bietako inork lehiaketa irabazi ez arren, beren diseinuak jendaurrean erakusteko aukera izan dute, eta azpimarratu dute hori aukera ona dela diseinatzaileen izena eta lana ezagutarazteko. Silvestrek ez du parte hartu lehiaketan, baina urteko beste ekitaldirako prestatzeko asmoa du: Kutxa Kultur Modarako, hain zuzen ere. Bigarrenez antolatuko dute aurten, eta, Silvestrek ez ezik, Martinezek ere arropa bilduma bat prestatuko du harako: "Donostian egiten diren moda egitasmo guztiak aprobetxatu behar ditugu".

Gainera, Silvestrek uste du bi ekitaldi horiek elkarren osagarri direla: "Bi plataforma desberdin dira urteko bi sasoi desberdinetan, eta biak urteroko egitasmo bihurtu nahi dituzte. Guri oso ondo datorkigu: gure lana ikusteko eta gu ezagutzeko modu bat da. Gainera, desfileak showroom erakusmahai bat baldin badu — han gure produktuak saltzeko gune bat, alegia—, horrek aukerak zabalduko dizkigu". Honako hau ere espero du Silvestrek: "Orain sortutako egitasmo hauekin, instituzio publikoen aldetik ere laguntza etortzea". Hirurek instituzioen eta enpresen "esku hartzea" eskatzen dute. "Inberti dezatela duten potentzialean, hemen potentzial oso ona dutelako eta alferrik galtzen ari delako. Kontratatuz inberti dezatela, desfileak antolatuz, showroom-ak jarriz... Pixka bat erein dezatela". Aranbarrik adierazi du aurrera egin nahi dutela: "Dena ez atzera ez aurrera gelditzen ari da. Hemen, atzean gelditzen ari gara, eta guk ere nahi dugu aurrera egin".

2016ari ilusioz begiratzen diote hirurek. Eskaerak badituzte: mila; baina baita lana egiteko gogoa eta asmoa ere. Ez dira besoak gurutzatuta geldituko, aukeren zain. Ematen dietena aprobetxatu bai, baina haiek sortu ere, sortzen dituzte aukera horiek. Udazkenerako arropa bilduma prestatzen aritzeaz gain, Internet bidez ari dira nor bere markako arropa saltzen. Silvestrek, apustu egin, eta tailerra jarri du etxean, moda diseinua ogibide bihurtzeko. Aranbarri ere ari da batean eta bestean urratsak egiten, eta antzerki lan baterako bi jantzi prestatzen dihardu, enkarguz. Martinez ere ez da atzean gelditzen: herritar batek erosi egin dio Gipuzkoako Hitza-ko elkarrizketara ekarri duen jantzietako bat. Donostiako taberna batean astekarirako argazki saioa hasi orduko gerturatu zaio neska gazte bat, jantziarekin liluratuta.

Zeliakoak, gizartearen babes gose

Glutena hainbat zerealek —gariak eta oloak esaterako— duten proteina bat da, eta glutena liseritu ezin duten pertsonak dira zeliakoak. Gaur egun, hesteetako gaitz kroniko ohikoena da Euskal Herrian, eta, Gipuzkoako Zeliakoen Elkarteak dituen datuen arabera, jaiotzen diren ehun pertsonatik bat zeliakoa da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6.000 zeliako inguru daude, eta Gipuzkoako elkartean 800 lagun daude izena emanda, nahiz eta elkarteko kideek jakin badakiten zeliako gehiago izan badirela.

Hesteetako ileak atrofiatzen zaizkie glutena duten produktuak dastatzen dituzten zeliakoei, eta, horren ondorioz, ez dituzte ondo xurgatzen elikagaiak. Sintomarik ohikoenak goserik eza, gorakoa eta beherakoa dira, eta diagnostikorako modurik eraginkorrena hesteetako biopsia egitea da. Haur nahiz helduei berdin-berdin erasan diezaiekeen gaitza da, eta genero aldetik ere ez du ezberdintasunik egiten. Diabetesaren parekoa da alde horretatik.

Etzi, hilak 27, Zeliakoen Nazioarteko Eguna da, eta egun horretarako Gipuzkoako Zeliakoen Elkarteak aparteko ekitaldirik antolatu ez badu ere, gaitzaren eta gaixoen egoeraren berri emateko baliatuko dutela adierazi du Amparo Cervo Gipuzkoako elkarteko arduradunak. "Zeliakoen kolektiboak dituen beharrak gizarteratzeko erabiliko dugu eguna, helburu bakar batekin: kaltetuek haien ingurune sozialean txertatzeko prozesua optimizatzea". Gipuzkoan bi ekitaldi egingo dituzte; batetik, zeliakoen gaitzaren arlo psikologikoari buruzko hitzaldi bat antolatu dute, eta, bestetik, Donostiako Mundaiz ikastetxean Zeliakoen Eguna ospatuko dute ekainaren 9an.

Ostalarien kluba, martxan

Gaitza atzematen dioten pertsonarentzat "psikologikoki gogorra" izaten da zeliakoa dela onartzea, batez ere helduen kasuan. "Hori norberaren araberakoa ere izaten da, egoera berrietara ohitzeko norberak duen gaitasunaren araberakoa, baina eriari gehien eragiten diona arlo soziala da. Kalera ateratzen gara, oporretara, jatetxeetara joaten gara, eta hor sumatzen dugu hutsunerik handiena", zehaztu du Cervok.

Zeliakoena behar dietetiko bereziak dituen kolektibo bat da, eta norbera etxean eta familian molda badaiteke ere, taberna eta jatetxeetara joaterakoan sortzen dira komeriak. "Zeliakoek okerren daramaten arloa horixe da. Ostalaritzan aritzen den hainbat jendek ez du gurekiko begirunerik, ez du elkartasunik, eta hori etsigarria ere bada guretzat".

Eta, egoera hori iraultzeko asmotan, Zeliakoentzako Ostalaritza Kluba izeneko proiektua jarri zuen martxan 2010ean zeliakoen elkarteak. Eskarmentua hartuta ekin zion, gainera, egitasmo horri; izan ere, 2007an ere egin zuten antzeko saio bat, baina ez zen ondo atera, Cervok gogoratu duenez. "Ostalariek, orduan, ez zuten formaziorik hartu, eta jarraipenik ere ez zitzaien egin. Denbora pasatu ahala, jatetxeak erlaxatu egin ziren, eta ez zituzten betetzen zeliakoei kalitatezko zer- bitzu bat eskaintzeko baldintzak".

Cervoren esanetan, glutenik gabeko ogia edukitzeari utzi zioten jatetxeek, zeliakoentzako menua "gero eta eskasagoa" zen, eta plater eta azkenburuko landuak egiteari ere utzi zioten. "Entsalada bat eta xerra bat jateko, ez goaz jatetxe batera; hori etxean ere badaukagu! Etxean jango ez dugun zerbait jan nahi dugu jatetxeetan", nabarmendu du.

Deialdia egin zuten, bai, orain bi urte, eta aste gutxi direla kaleratu dute Zeliakoentzako Ostalarien Klubaren Gida. Gipuzkoako zortzi ostalaritza etxe daude bertan: Andra Mari, Bully, Olentzo, Il Capo, Gandarias, Londres eta Ingalaterra hoteletako jatetxeak eta Lizargarate landetxea. "Horiek elkartearekin jarri ziren harremanetan; doako formazioa hartu zuten, eta gida horren barruan daude orain".

Produktuak merkatu behar

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zeliakoak joateko moduko 32 ostatu daude: 19 Araban, 5 Bizkaian eta 8 Gipuzkoan. Araba da lurralderik txikiena, eta bertan dago jatetxe gehien. Gipuzkoan dagoen ostalaritza eskaintza eta jateko tradizioa kontuan hartuta gutxi ez ote diren galdetuta, hona Cervoren erantzuna: "Ikusten ari gara Gipuzkoak gure kolektiboarekiko kontzientzia gutxi duela eta ez duela gure klubeko partaide izan nahi". Klubeko partaide diren jatetxeek zeliakoentzat apropos egindako produktuak dituzte, hala nola glutenik gabeko ogia, pasta eta gozoak. "Horrez gain, jakiak manipulatzean kutsadura gurutzatua saihestu behar dutela ere ikasi dute formazio saioetan".

Cervok bestelako eskaera batzuk ere egin beharrean daudela uste du, bai administrazioari baita enpresa pribatuei ere. Haren esanetan, glutenik gabeko produktuak "garestiak" dira, eta merkatu egin beharko lirateke: "Glutenik gabeko produktuen BEZa %8koa da, eta glutena dutenena %4koa da. Gai honi irtenbide egoki bat emateko administrazioaren borondaterik eza agerian uzten du horrek". Enpresei, berriz, produktuei "ondo irakurtzeko moduko etiketak" jartzeko eskatu die, "letra larriz eta kolorez" adierazitakoak. "Badaezpadako etiketak ez lituzkete erabili behar". Babes gosea dute zeliakoek.

“Ni musikaria naiz, baina orduan oso politikoak ginen”

Musikari gisa aurkezten du bere burua Josean Larrañaga Urko-k (Donostia, 1948). Zortzi urterekin hasi zen musikaren ibilbide horretan, eta gaur egun, motelago bada ere, ez zaizkio kantagintzarekin loturik dauden proiektuak falta.

Gazte-gazterik hasi zen Larrañaga kantatzen. "Ni Easo kalean hasi nintzen, Victor Pradera kalea zenean. La Voz de Guipuzcoa irratia zegoen bertan, eta Chocolates Zahor, salta a la fama lehiaketa egiten zuten. Egunero Parte Zaharreko Los Angeles eskolara gindoazela jendea ikusten genuen txokolatearekin. Txokolatea lortzeko irratira sartu, eta galdetu egin genuen: 'Aizu, nola da hau?'. 'Hau lehiaketa bat da, eta kantatu egin behar da', erantzun ziguten. Eta guk kantatu genuen. Nik Entre copa y copa se acabó mi vida abesti mexikarra kantatu nuen, eta nire lagunak antzeko zerbait. Kantatu eta irabazi egin nuen lehiaketa".

Ondoren, Los Corsarios taldean, Ray Charles eta The Beatlesen abestiak egiten zituen. Urte batzuk geroago iritsi zen Larrañaga euskal musikara. 19 bat urte zituen Donostiako Bellas Artes antzokian Lurdes Iriondo ikusi zuenean kantatzen. "Iriondo ikusita esan nuen; 'Zergatik ez dut nik euskaraz kantatzen?'. Ideiarik ez neukan, gurasoek euskaraz ez zekiten, eta aitona-amonek ez zekiten erdaraz. Euskalduntzen hasi nintzen". 1972an bere lehenengo kantaldia egin zuen Amara Zaharrean Oskarbi, Lupe, Karlos Ruiz eta Etxamendi eta Larralderekin batera. "Ni Amara Zaharrekoa nintzenez, 'Josean zu atera', esan zidaten".

Musikan ez da etiketen zalea. "Ni musikaria naiz, baina orduan oso politikoak ginen". 1974. urtean Trinitate plazan egin zuen kontzertua gogoan du Larrañagak. "Han kristorena muntatu zen, ikurrina debekatuta zegoen, eta Polizia sartu zen. Nik gau osoa eman nuen San Telmon ezkutatuta, baina oso emanaldi hunkigarria izan zen".

Larrañaga euskaldun berri izateaz gain, euskal inguruan berritzailea ere izan da. Besteak beste, berak grabatu zuen lehenengo aldiz zuzeneko disko bat euskaraz. 1977ko kontzertu hartan ere arazoak izan ziren politikaren harira. "Juan Pedro Calvo, 40 Principalesen buruak esan zidan: 'Josean, alde egin! Polizia bidean da, zure bila'; handik alde egin eta sagardotegira joan ginen afaltzera".

Herri kantak eta bulegoak

Ordura arte musika arloa asko zaintzen bazuen ere, 1978ko egoera politikoak horretan sakontzea ahalbidetu zion. "Egoera berriak agertokiko nire diskurtsoa albo batera uztea ahalbidetu zidan".

Guk euskaraz, zuk zergatik ez? kantaz oroitzean irribarrea piztu zaio. "Guk euskaraz, zuk zergatik ez? hor dagoen zerbait da, ereserki bat, eta herriarena da orain. Arestirena eta nirea den arren, jada ez da nirea".

Larrañagak 1991. urtean mantsotu zuen bere disko ekoizpena. Bidean, Bihotz bihotzez (1986) eta Sagardoa: betiko kantak (1991) lanek bere artista jardunaren beste alor bat utzi zuten agerian; hain zuzen ere, herri kantak ezagutarazten egindako ahalegina.

Kuadrillarekin egindako afarietan konturatu zen jendea kantatzen hasi bai, baina ez zituela hitzak ezagutzen. "Donostiako traineruaren aurkezpenean kantatzeko deitu zidaten, eta horrelako kanta batzuk egin nituen". Emanaldiaren ondoren Gipuzkoako Aurrezki Kutxako arduradun batek kanta horiekiko interesa agertu zuen, eta hitz egin behar zutela adierazi zion Larrañagari. "Horrelakoekin eta politikariekin, hitz egingo dugu-k esan nahi du ehun urtera hitz egitea; baina, egun batean harekin kalean topo egin, eta bulegora joateko esan zidan, hitz egin genuen eta dena sinatu genuen; abesti horiek ezagutarazi genituen".

Egun, beste eginkizunek uzten dioten denbora eskaintzen dio musikari. "Ia urtero joaten naiz Argentinara emanaldiak egitera". 1960ko, 1970eko eta 1980ko kantak ezagutarazten dituen Gu Gira proiektuan ere parte hartzen du. "Aurten beste hiru bat emanaldi egin, eta esperientzia bukatuko da, baina oso ona izan da".

Larrañagak, 2013. urtean, Donostia erre zeneko bigarren mendeurrenaren harira Konstituzio plazan zerbait berezia egin nahi du. Hala ere, musika jarduna uzten ari dela dio, eta lagun mina izan zuen Imanol Larzabali esandakoa dakar gogora: "Artista agertokian hiltzen da hiltzeko beste tokirik ez duenean".

Etxetik urrun, eskuekin jokatzen

Bukatu dira hango eta hemengo futbol ligak eta Eurokoparen eta Espainiako Koparen zain dira futbolzaleak. Talde handienak izan dira hizpide hedabideetako titulu nagusietan, eta ustekabeetarako aukera gutxi egon da Europako liga nagusietan. Ingalaterrako liga ezberdina da, ordea.

Ongi daki hori Pablo Sanchez donostiarrak. Iazko martxoan ekin zion Sanchezek Ingalaterrako Burnley taldean fisioterapeuta gisara lan egiteari, eta esperientzia zoragarria gertatzen ari dela dio: "Ametseko lana da niretzat. Asko ikasten ari naiz, eta klubeko jendea oso jatorra da, jokalariak zein langileak. Erronka handia zen eta hasieran beldur pixka bat ere banuen, futbolarien artean orokorrean ego handiak izaten direlako. Baina lanean hasi bezain laster jende normala dela konturatzen zara. Gehiegi gurtzen ditugu askotan, hedabideen erruz agian".

75.000 biztanle inguruko hiria da Burnley, Manchestertik 40 bat kilometrora dagoena. Manchesterren bizi da Sanchez, eta autoz egiten du, egunero, Burnleyrainoko bidea.

Garai gazi-gozoan ailegatu zen Sanchez taldera. Izan ere, Burnley taldeak ere ezagutu ditu garai hobeak. 1882an sortu zen taldea, eta 1960an irabazi zuen bigarren eta azken aldiz liga, gaur egun Premier League dena. 2011. urtean, ordea, Bigarren Mailara jaitsi zen, The Championship deitzen zaion horretara. Aurten 13. tokian sailkatu dira.

Izan ere, han ez da hain nabaria talde historikoen nagusitasuna. Nottingham Forest taldeak, adibidez, Bigarren Mailan jarraitzen du, eta mailaz jaisteko zorian egon da, bi urtez jarraian —1979an eta 1980an— Europako Kopa irabazi zuen taldea.

Futbola barrutik ezagutzeko eta partidak bertatik bertara ikusteko aukera izan du Sanchezek Ingalaterran: "Futbola gustukoa izan dut beti, eta izugarri gozatu dut aurten. Burnley taldeko Garapen Taldea delakoan egiten ditut fisioterapeuta lanak; profesional gazteak daude taldean, oraindik garatzeko aukera dutenak eta lehen taldera poliki-poliki igaroko direnak. Lehen taldearen etxeko partidetan ere egoten naiz, zenbaitetan hirugarren fisioterapeuta baten beharra egon daitekeelako…". Gazteen taldeak, orokorrean, aste barruan jokatzen ditu partidak eta asteko entrenamendu saioetan ere egon behar izaten du Sanchezek: "Zortzietan iristen naiz klubera, eta gosaldu ondoren, 08:30etik 10:30 arte, min hartutako jokalariak tratatzen ditut; 10:30ean, entrenamendu saioa hasten da eta gainean egoten naiz. Tokatu zait jokalari aritu behar izatea ere entrenamenduren batean… 12:30 aldera, bazkaldu egiten dugu denok, eta ondoren, beste bi orduz, jokalariak tratatzen ditut. Amaitzean, jokalarien datuak hasten naiz sartzen ordenagailuan; egindako ariketak eta bestelakoak".

Ikaragarri gozatu du Pablo Sanchezek Burnley taldearekin. Ingalaterran futbola modu berezian bizi dutela dio: "Liverpool ikustera ere joan nintzen behin Anfieldera, eta sekulako giroa zegoen, zaleak etengabe abesten eta animatzen. Gabonetako partidetan ere giro berezia egoten da. Hemen futbolak ez du etenik. Eta zortea dut gustuko lanarekin gozatzea. Pena izan da Burnley igoerako kanporaketarako ez sailkatzea. Berdintasun handia dago talde guztien artean, eta zaila da mailaz igotzea".

Burnleyk badu berezitasun bat: Preston eta Wolves taldeekin batera, Ingalaterrako lau liga txapelketa nagusiak eskuratu dituzten taldeetako bat da. Premierren eta beheragoko mailetan eskarmentua duen talde bat da, beraz. Turf Moor estadioko zaleek denetarik bizi izan dute. Kopan, hirugarren kanporaketan galdu zuten aurten, Norwichen aurka, eta Ligako Kopan ezin izan zuten Cardiff City gainditu, laugarren kanporaketan. Espainiako Ligarekin alderatuz gero, bada beste ezberdintasun bat ere, Sanchezek azpimarratzen duenez: "Championshipera jaisten diren taldeei Premier Leaguek 12 milioi libra inguru ematen dizkie hurrengo hiru urteetan, maila mantentze aldera. Aurten, esaterako, hobekuntza handiak egin ahal izan dira taldeko instalazioetan, eta lanerako asko eskertzen da. Etorkizunera begira, jokalari gazte onak ditu Burnleyk, eta espero dut laster Premierrera itzultzeko aukera izatea...".

Hurrengo denboraldiari begira, nagusiki Burnleyko profesional gazteekin arituko da lanean Pablo Sanchez, eta, aldi berean, ikastaroak egiten jarraituko du, gehiago ikasteko helburuz. Eta bien bitartean Old Trafford edo Anfield futbol zelai historikoetan Burnley aulkitik ikustearekin egingo du amets. Heaven can wait…

Sindesperdicio: moda, ingurumena eta gizartea bat

Emausek Sindesperdicio marka kaleratu du. Material birziklatuarekin egindako era guztietako poltsak eta aurreko mantalak ditu salgai. Diseinu koloretsuek gizarte helburuekin bat egiten dute hor, "gizartean baztertuta egoteko arriskuan dauden emakumeei...