Sailkatugabeak

Hainbat ekitaldirekin oroitu dute Eibarko bonbardaketa

Luzea eta ekitaldiz betea izan da Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrenaren programazioa. Apirilaren 21etik dihardute egun hori gogoratzen, Eibarko Udalak antolatuta eta Badihardugu Euskara Elkarteak lagunduta. Besteak beste, Jesus Gutierrez eta Javier Muñoz historialarien hitzaldiak, poesia eta kantu errezitaldia, Bonbardaketak 1937 liburuaren aurkezpena, Itxaropena argi eta soinu ikuskizuna eta bonbardaketa gertatu zeneko tokietara ibilaldi historikoa antolatu dituzte azken hilabetean. Urteurreneko ekitaldiak datorren astean amaituko dira, Teatro Interior antzerki taldearen Balada de perdedores obraren estreinaldiarekin. Ostegunean izango da, 20:30ean, Coliseo antzokian.

Munduko kulturei begira

Mundumira

Leintz Gatzaga

Asteburu honetan ospatuko dute Mundumira Munduko Kulturen festa; urtero legez, Debagoienean. Jaia antolatu duten zortzigarren aldia bada ere, lehen aldiz, bi herriren artean antolatu dute: Leintz Gatzaga eta Eskoriatzaren artean, hain zuzen.

Leintz Gatzagan Umeen Gunea, Ekoferixa eta hitzaldiak izango dira asteburuko egitarauaren osagai nagusiak. Bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Umeen Gunea. Etzi, 11:00etatik 14:00etara. Ekoferixako postuak, berriz, bihar 11:00etatik 20:00ak arte egongo dira zabalik, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara. Hitzaldiei dagokienez, besteak beste, Elaboración del chocolate artesanal hitzaldia emango du Xavi Rodriguezek bihar, 13:00etan. Igandean, 12:00etan, Slow food mugimendua hitzaldia emango du Juan Manuel Garmendiak.

Eskoriatzan, berriz, besteren artean, gaur, 19:00etan Mendi eta Senderismoari, Eskulangintzari eta Gastronomiari buruzko azoka zabalduko dute. Igandean, 11:00etatik aurrera, bigarren eskuko azoka izango da. Etzi, egun osoan, batukada emanaldiak eta Capoeira eta Kenpo taldeen erakustaldiak ere izango dira.

Egitarau osoa ikusi edo in- formazio gehigarria jaso nahi izanez gero, http://www.mundumirafesta.com webgunean dute.

MUSIKA EMANALDIAK

Gaur. Eskoriatzan, 21:00etatik aurrera, Patta ta Sendaezinak eta Muturbeltz.

Bihar. Leintz Gatzagan, 14:00etan, Richard Buckner (AEB); Eskoriatzan, 13:00etan Gafieira Miuda (Brasil), 19:30ean Kilema (Madagaskar), 21:30ean La Pegatina (Katalunia) eta 00:00etan Esne Beltza.

Etzi. Leintz Gatzagan, 13:00etan, Anari. Eskoriatzan, 18:00etan, Bizardunak.

Eibarko bonbardaketan hildakoak.

Intxorta 1937 elkartearen arabera, 1937ko apirileko bonbardaketetan 74 pertsona hil ziren eta 97 zauritu Eibarren. 1936ko gerra guztian, berriz, herri horretan denera 190 hildako izan zirela diote elkarteko kideek.

Iraganaren zuloak

Gernika ez zen izan 1937ko udaberrian bonben azpian lehertu zen herri bakarra; matxinatu frankistek Hego Euskal Herria okupatzen amaitzeko hilabete gutxi falta zirela, Bizkaiko beste hainbat herri ere bonbardatu zituzten, tropa alemaniar eta italiarren laguntzaz. Gipuzkoan ere bazuten jomuga Hitlerren eta Mussoliniren hegazkinek: duela 75 urte pasatxo, 1937ko apirilaren 24an eta 25ean, Eibar bonbardatu zuten.

Errepublikarentzat, gune garrantzitsua zen Eibar. 1936ko irailerako, Gipuzkoa matxinatuen esku zegoen ia osorik, eta frankistak Bizkaira bidean ziren jada. Eibarren eta Elgetan, ordea, luzaroan eutsi zioten erasoari; zazpi hilabetez egon zen frontea han, 1937ko apirilaren amaierara arte. Ordurako, ordea, bazekiten ez zutela askoz gehiago iraungo: martxoaren 31tik hasiak ziren Bizkaia bonbardatzen, eta ekainaren 19an erori zen Bilbo. "Tarte horretan izan ziren bonbardaketarik gogorrenak", azaldu du Jesus Gutierrez historialariak (Eibar, 1961).

Baliabideei zegokienez, matxinatu frankisten eta tropa errepublikanoen artean alde handia zegoela argitu du Gutierrezek: "Hemen, lehenengo asteetan nola-hala moldatu ziren pistola motzekin eta eskopetekin aurre egiteko, baina ez zuten kanoirik. Blindatu bat egiteko, kamioi bat hartzen zuten eta, burdinazko txapekin, ahal zuten bezala moldatzen zuten". Horregatik, ez zitzaien asko kostatu Francoren tropei Gipuzkoa hartzea. Gerra frontea Elgetara iristerako, ordea, egoera desberdina zen: "Europako herrialdeetan neutraltasuna zegoen sinatuta, baina ez zen betetzen. 1936ko irailean armak ailegatu ziren, eta penintsulako iparraldeko fronteetan banatu zituzten. Horrela, parekotasun handixeagoa lortu zuten".

Frontea, ordea, Eibartik oso metro gutxira zegoen, eta herria, inguratuta. Ihes egitekotan, Bilbora bakarrik joan zitezkeen eibartarrak: "Egunero jasaten zituzten bonbardaketak mendiko kanoietatik, eta, eguraldi ona egiten zuenean, hegazkinak ere etortzen ziren Gasteiztik".

Elgetako frontea apirilaren 24an jausi zen, eta orduan hasi ziren eraso bortitzenak. Ordurako Eibarko herritar gehienak ihes eginda zeuden, bereziki Bizkaiko industriguneetara: "Soilik defentsa militarrarekin zerikusia zutenak gelditu ziren: gudariak eta milizianoak, eta zerbitzuetan aritzen zirenak, armen eta janariaren hornikuntzan".

Herrian gelditu zirenek bazituzten hainbat defentsa mekanismo leherketak hasten zirenerako. Alde batetik, hamasei babeslekuko sare bat zegoen herrian: "Udalak bando bat atera zuen, esanez halako kaletan bazeunden, halako babeslekura joan behar zenuela", azaldu du Gutierrezek. "Mendi tontorretan begiraleak zeuden; hegazkinen bat ikusiz gero, telefonoz hots egiten zuten parrokiko kanpandorrera, eta, sirenen bidez, herritarrei abisu ematen zitzaien babeslekura joateko".

Horri esker, aurreko bonbardaketek eragindako kaltea izan zitekeena baino nabarmen txikiagoa izan zen. Apirilaren 24 eta 25eko bonbardaketak, ordea, desberdinak izan ziren: "Ez zituzten soilik lehergailu arruntak bota: sua piztekoak ere jaurti zituzten, jakinda etxeak oso txikiak zirela eta elkarrengandik oso gertu zeudela. Eta, gainera, ez ziren berehala lehertzen, baizik eta nonbaiten sartu ostean". Gaur egun Eibarko udaletxea dagoen lekutik gertu, erasoa igaro zain zeuden herritar ugari, lurpeko babesleku batean ezkutatuta. Gutierrezek aipatutako lehergailu horietako batek bete-betean harrapatu zuen gune hura, baina lurrazalean lehertu beharrean, babeslekuaren barruan egin zuen eztanda. Gutierrezek emandako datuen arabera, bi egun horietan 74 pertsona hil ziren Eibarren.

Zigor "zentzagarria"

Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen lehen herria izanik, espero izatekoa zen frankistek Eibarri eraso egitea, Gutierrezen ustez: "Eurek bazekiten. Estrategikoki ez zen oso garrantzitsua; azken oztopoa zen gerrako industria eskuratzeko, baina horretaz gain, bazegoen gogo berezi bat zigor zentzagarri bat emateko".

Leherketek suntsitu ez zutena suak kiskali zuen. Bereziki Eibarko alde zaharra gelditu zen txikituta, Javier Muñoz historialariaren hitzetan. EHUn Artearen Historia irakasten du Muñozek, eta Eibarko Udalak antolatutako Juan San Martin beka jaso zuen 2009an, herri horretako gerraosteko berreraikuntza aztertzeagatik.

Bonbardaketa gertatu eta "segituan" hasi ziren herria berreraikitzeko lanetan, Muñozen arabera: "Hasieran, udala eta ekimen pribatuak izan ziren horretan aritzen zirenak; estatua oraindik gerran zegoen, eta ez zegoen baliabiderik".

1938an, alde frankistak bere mende hartutako lekuak berreraikitzeko zuzendaritza bat sortu zuen, Servicio Nacional de Regiones Devastadas y Reparaciones deiturikoa. Haren bidez, berreraikuntza lan guztiak politika orokor baten arabera antolatu nahi zituen, bereziki ondarearen %75 baino gehiago suntsituta zeukaten herrietan. Tartean zeuden Gernika eta Eibar.

Plan horren arabera, Eibar hiri industriala izango zen gerraostean. Muñozek gehiago zehaztu du: "Gerra aurretik zegoen biztanleria bikoiztu nahi zuten: 13.000tik, 24.000 biztanleko hiria nahi zuten antolatu. Arazoa zen Eibarren ez zegoela espaziorik, mendiz inguratutako bailara bat zelako".

Hori konpontze aldera, Ego ibaia estaltzea eta etxebizitza sail handiak egitea erabaki zuten. "Zailtasun asko zeuden, eta baliabide gutxi", ekarri du gogora Muñozek. "Eskulanik ez zegoen; horregatik erabaki zuten Eibarren presoen kanpamendu bat jartzea, lanak merkatzeko. 200 edo 300 preso inguru egon ziren han, gehienak errepublikazaleak".

Apurka, beste herri batean bizitzen asmatu zuten eibartarrek, Gutierrezen hitzetan: "Esaten dute pertsonok edozertara moldatzen garela. Gerran egonda ere, nahitaez moldatzen gara, eta egoera normaletan ezinezkoak diruditen gauzak egiten ditugu: ogitartekoa hartu eta, lantegira joan beharrean, lubaki batera igo eta tiroak bota, eta egon, eta jaitsi, eta egon, ea egoera aldatzen den. Hainbat kasutan herrira itzuli eta etxea txikituta topatu arren".

80koak argazki bidez hurbiltzen

Marivi Ibarrolak (Naiara, Errioxa, 1956) lehen ilaratik jarraitu ahal izan zituen The Clash, RIP, La Polla Records, Alaska, Kortatu eta beste hamaika talderen kontzertuak. 1980ko hamarkada zen, eta argazki kamera lepotik zintzilik zuela ibili zen kontzertuz kontzertu. Argazki kazetaria da donostiarra —Errioxan jaio bazen ere hiru urte zituenean Donostiara lekualdatu zen haren familia; egun Madrilen bizi da—. Garai hartan, ordea, musikak (punka eta rocka bereziki) eta kaleko mugimenduak gerturatu zuten argazkigintzaren mundura. Hamarkada hartan egindako lana bildu, eta liburua kaleratu du urte hasieran: Yo disparé en los 80. Erakusketa ere eduki du Donostiako Ernest Lluch aretoan: Lo juro por los Ramones. Euskal Herriko musika taldeen argazkiak dira asko, RRV Euskal Rock Erradikala mugimendukoak, baita gai sozialei buruzkoak ere. Horiez gain, movida madrileña-ko taldeak ere ez dira falta. Bai liburuak, bai erakusketak "harrera ona" izan dutela dio. Ase gabe gelditu da, ordea.

Oraintsu ateak itxi dituen erakusketa, erakusketa ibiltaria izatea gustatuko litzaioke Ibarrolari. "Erakusketa, bere horretan ere beste herri batzuetan jar daiteke. Hala ere, herri edo hiri bakoitzak bere historia duenez, argazki batzuk aldatuz joan daitezke". Lehen harria Gipuzkoan jarri du, baina ez du muga horien barruan gelditzerik pentsatzen. Hala ere, ideia zehatzenak bertarako ditu: "Zarauzko Photomuseuma prentsaren bidez bakarrik ezagutzen nuen orain arte. Orain gutxi, berriz, museoko arduradunekin hizketan aritu naiz. Argazkigintzaren inguruko museo bakarra da hau, eta ez da erraza izango baina ea elkarlanean zerbait egiterik badugun". Bestetik, erakusketa kultur aretoetan eta ikastetxeetan jartzeko modukoa dela uste du. Kasu horietan, erakusketa zuzenean kudeatu ahalko luke: "Erakusketak bolumen handia du eta bidaiako gastuak ordaintzea beharko nuke, ez besterik". Herririk ez du buruan oraindik, baina bat aipatzekotan Arrasate aipatu du: "Hangoa zen RIP, eta kontzertu askotan egin nizkien argazkiak".

Aurrez argitaratu gabeko lana

Liburuan jaso dituen argazkien "%80" inoiz argitaratu gabeak dira; erakusketaren kasuan, portzentajea "altuagoa" da. "Garai haietako fanzineren batean agertuko zen argazki hauetakoren bat, baina publiko zabalari ez zitzaion inoiz ezer iritsi eta uste dut esan daitekeela hori ez dela argitaratzea".

Ibarrolarentzat "ezjakintasun eta dokumentazio falta handia" dago garai eta mugimendu horren inguruan: "Ikusleek interes handia erakutsi dute. Batzuek hura ezagutu ez zutelako; dokumentu grafiko gutxi zegoelako edo era bakar baterakoa zela uste zutelako beste batzuek. Gustura nago ekarpenen bat egin ahal izan dudalako, errealitatearen zati bat. Izan ere, 1980ko hamarkadan izan zuten beren garrantzia talde eta pertsona horiek".

Kontzertu bakoitzean istorio desberdin bat kontatu izan du Ibarrolak. "Antzerki obra bat bezalakoa da. Musika talde berari kontzertu bat ez zaio berdin ateratzen inoiz, eta niri ere horixe gertatzen zait argazkiekin. Hainbat ezaugarri batzen dira beti desberdina izateko. Ez gara makinak, finean. Argiaren arabera, egunez ala gauez izan, argia kontra dagoen ala ez....". Hala ere, naturaltasunera jo izan du beti. Momentuan gertatzen zena islatu nahi izan du kameraren klik bakoitzarekin. "Modu konkretu batera espresatzen ari zen jendearen lekukotasuna jasotzen nuen: abestien bidez, okupazio mugimenduarekin... espresatzen zena. Han nengoenez, gertatzen zena islatzen nuen. Ez ziren poseak".

1980ko hamarkadan Ibarrolak ez zuen pentsatu ere egiten argazki haiekin erakusketarik edo libururik egingo zuenik. "Hura guztia dokumentatu nahi nuen, baina ez zen dokumentatzeko. Ez dakit nola esplikatu". Aisiari lotutako afizioa zen argazkigintzarena: "Gustatzen zitzaidan kontzertuetara joaten nintzen, eta horregatik beste talde askoren argazkirik ez dut, ez zitzaizkidalako gustatzen. Egunkari batentzat lan egin izan banu, ez nituzkeen argazki hauek edukiko. Beste alde batetik joko nukeen".

Ildo beretik jarraitzen du orain ere, baina kontzertuak hobeto aukeratuta: "Gauza oso berezietara bakarrik joaten naiz". Azken argazkiak apiril amaieran atera zituen, Madrilgo La Casa Encendida aretoan. Daniel Johnston artistaren kontzertu batean izan zen: "Sarrera guztiak salduta zeuden eta han ere isilka sartu behar izan nuen, beste hainbatetan gertatu bezala. Leporaino beteta zegoen, eta nik ez nuen ohiko kamera eraman, azken momentuko zerbait izan zelako. Soinean beti eramaten dut kameraren bat, ordea, eta harekin atera nituen. Ondo gelditu dira gainera".

Ibarrolarentzat atzera begiratzea izan da liburua argitaratzea eta erakusketa prestatzea. "1980ko hamarkadan kontzertuz kontzertu ibili arren, gero urrundu egin behar izan nuen. Seme-alabak izan nituen eta beste bide bat hartu nuen". Garai hartako musikari batzuekin harreman pertsonala bazuen. Eta denborarekin mantendu ditu haiek. Beste batzuekin, berriz, argazki bidezkoa baizik ez zuen. Eta ezusteko pozgarria jaso du zentzu horretan: "Liburua egiterakoan musikari haietako batzuei kolaborazioak eskatu dizkiet, eta erantzunarekin harrituta nago". Gogoan dutela konturatu da, eta denek kolaboratu dute testuak idatziz. "Nire estrategia beraiek agertzen ziren garai haietako argazkiren bat bidaltzea izan zen. Horren aurrean ezin izan zidaten ezetz esan", dio umoretsu.

Alaskari bidalitako argazkiaz gogoratzen da, esaterako: "Bera berdez jantzita ageri da goitik behera, baita azazkalak ere. Bere parean trajedun gizonezko bat pasatzen ageri da. Ez dakigu zein den hura. Baina kamerak hori du, dena harrapatzen duela. Zuk protagonista jotzen duzu begiz; kamerak, berriz osotasuna".