Sailkatugabeak

80koak argazki bidez hurbiltzen

Marivi Ibarrolak (Naiara, Errioxa, 1956) lehen ilaratik jarraitu ahal izan zituen The Clash, RIP, La Polla Records, Alaska, Kortatu eta beste hamaika talderen kontzertuak. 1980ko hamarkada zen, eta argazki kamera lepotik zintzilik zuela ibili zen kontzertuz kontzertu. Argazki kazetaria da donostiarra —Errioxan jaio bazen ere hiru urte zituenean Donostiara lekualdatu zen haren familia; egun Madrilen bizi da—. Garai hartan, ordea, musikak (punka eta rocka bereziki) eta kaleko mugimenduak gerturatu zuten argazkigintzaren mundura. Hamarkada hartan egindako lana bildu, eta liburua kaleratu du urte hasieran: Yo disparé en los 80. Erakusketa ere eduki du Donostiako Ernest Lluch aretoan: Lo juro por los Ramones. Euskal Herriko musika taldeen argazkiak dira asko, RRV Euskal Rock Erradikala mugimendukoak, baita gai sozialei buruzkoak ere. Horiez gain, movida madrileña-ko taldeak ere ez dira falta. Bai liburuak, bai erakusketak "harrera ona" izan dutela dio. Ase gabe gelditu da, ordea.

Oraintsu ateak itxi dituen erakusketa, erakusketa ibiltaria izatea gustatuko litzaioke Ibarrolari. "Erakusketa, bere horretan ere beste herri batzuetan jar daiteke. Hala ere, herri edo hiri bakoitzak bere historia duenez, argazki batzuk aldatuz joan daitezke". Lehen harria Gipuzkoan jarri du, baina ez du muga horien barruan gelditzerik pentsatzen. Hala ere, ideia zehatzenak bertarako ditu: "Zarauzko Photomuseuma prentsaren bidez bakarrik ezagutzen nuen orain arte. Orain gutxi, berriz, museoko arduradunekin hizketan aritu naiz. Argazkigintzaren inguruko museo bakarra da hau, eta ez da erraza izango baina ea elkarlanean zerbait egiterik badugun". Bestetik, erakusketa kultur aretoetan eta ikastetxeetan jartzeko modukoa dela uste du. Kasu horietan, erakusketa zuzenean kudeatu ahalko luke: "Erakusketak bolumen handia du eta bidaiako gastuak ordaintzea beharko nuke, ez besterik". Herririk ez du buruan oraindik, baina bat aipatzekotan Arrasate aipatu du: "Hangoa zen RIP, eta kontzertu askotan egin nizkien argazkiak".

Aurrez argitaratu gabeko lana

Liburuan jaso dituen argazkien "%80" inoiz argitaratu gabeak dira; erakusketaren kasuan, portzentajea "altuagoa" da. "Garai haietako fanzineren batean agertuko zen argazki hauetakoren bat, baina publiko zabalari ez zitzaion inoiz ezer iritsi eta uste dut esan daitekeela hori ez dela argitaratzea".

Ibarrolarentzat "ezjakintasun eta dokumentazio falta handia" dago garai eta mugimendu horren inguruan: "Ikusleek interes handia erakutsi dute. Batzuek hura ezagutu ez zutelako; dokumentu grafiko gutxi zegoelako edo era bakar baterakoa zela uste zutelako beste batzuek. Gustura nago ekarpenen bat egin ahal izan dudalako, errealitatearen zati bat. Izan ere, 1980ko hamarkadan izan zuten beren garrantzia talde eta pertsona horiek".

Kontzertu bakoitzean istorio desberdin bat kontatu izan du Ibarrolak. "Antzerki obra bat bezalakoa da. Musika talde berari kontzertu bat ez zaio berdin ateratzen inoiz, eta niri ere horixe gertatzen zait argazkiekin. Hainbat ezaugarri batzen dira beti desberdina izateko. Ez gara makinak, finean. Argiaren arabera, egunez ala gauez izan, argia kontra dagoen ala ez....". Hala ere, naturaltasunera jo izan du beti. Momentuan gertatzen zena islatu nahi izan du kameraren klik bakoitzarekin. "Modu konkretu batera espresatzen ari zen jendearen lekukotasuna jasotzen nuen: abestien bidez, okupazio mugimenduarekin... espresatzen zena. Han nengoenez, gertatzen zena islatzen nuen. Ez ziren poseak".

1980ko hamarkadan Ibarrolak ez zuen pentsatu ere egiten argazki haiekin erakusketarik edo libururik egingo zuenik. "Hura guztia dokumentatu nahi nuen, baina ez zen dokumentatzeko. Ez dakit nola esplikatu". Aisiari lotutako afizioa zen argazkigintzarena: "Gustatzen zitzaidan kontzertuetara joaten nintzen, eta horregatik beste talde askoren argazkirik ez dut, ez zitzaizkidalako gustatzen. Egunkari batentzat lan egin izan banu, ez nituzkeen argazki hauek edukiko. Beste alde batetik joko nukeen".

Ildo beretik jarraitzen du orain ere, baina kontzertuak hobeto aukeratuta: "Gauza oso berezietara bakarrik joaten naiz". Azken argazkiak apiril amaieran atera zituen, Madrilgo La Casa Encendida aretoan. Daniel Johnston artistaren kontzertu batean izan zen: "Sarrera guztiak salduta zeuden eta han ere isilka sartu behar izan nuen, beste hainbatetan gertatu bezala. Leporaino beteta zegoen, eta nik ez nuen ohiko kamera eraman, azken momentuko zerbait izan zelako. Soinean beti eramaten dut kameraren bat, ordea, eta harekin atera nituen. Ondo gelditu dira gainera".

Ibarrolarentzat atzera begiratzea izan da liburua argitaratzea eta erakusketa prestatzea. "1980ko hamarkadan kontzertuz kontzertu ibili arren, gero urrundu egin behar izan nuen. Seme-alabak izan nituen eta beste bide bat hartu nuen". Garai hartako musikari batzuekin harreman pertsonala bazuen. Eta denborarekin mantendu ditu haiek. Beste batzuekin, berriz, argazki bidezkoa baizik ez zuen. Eta ezusteko pozgarria jaso du zentzu horretan: "Liburua egiterakoan musikari haietako batzuei kolaborazioak eskatu dizkiet, eta erantzunarekin harrituta nago". Gogoan dutela konturatu da, eta denek kolaboratu dute testuak idatziz. "Nire estrategia beraiek agertzen ziren garai haietako argazkiren bat bidaltzea izan zen. Horren aurrean ezin izan zidaten ezetz esan", dio umoretsu.

Alaskari bidalitako argazkiaz gogoratzen da, esaterako: "Bera berdez jantzita ageri da goitik behera, baita azazkalak ere. Bere parean trajedun gizonezko bat pasatzen ageri da. Ez dakigu zein den hura. Baina kamerak hori du, dena harrapatzen duela. Zuk protagonista jotzen duzu begiz; kamerak, berriz osotasuna".

“Iraina da Kontxa arrauneko Olinpiar Jokoak direla esatea”

Casitas lakua ez du inoiz ere ahaztuko Luis Mari Lasurtegik (Pasai Donibane, 1956). AEB Amerikako Estatu Batuetako Kalifornia estatuko Santa Barbara hirian dago, eta han egin zituzten arrauneko aulki mugikorreko lehiak 1984ko Olinpiar Jokoetan, Los Angelesen. Lemazainik gabeko proban, zilarrezko domina irabazi zuen Lasurtegik, Fernando Climent Sevillako (Andaluzia, Espainia) arraunlariarekin batera. Luis Mari Lasurtegi eta Fernando Climent. Lasurtegi-Climent. Betiko geldituko den bikotea sortu zen han. Espainiak bost domina lortu zituen 1984an, baina arraunekoa lehena izan zen, eta, horregatik, hedabideetan oihartzun handia izan zuen arraunlarien lanak.

Baina bien arteko harremana ez zen han bukatu. 1988ko Seulgo Olinpiar Jokoetan ere, elkarrekin arraun egin zuten —emaitza nahi baino apalagoa izan zen—, eta, biek arraun profesionala utzi badute ere, euren arteko harremanak jarraitu du; izan ere, egun, Espainiako Arraun Federazioko presidentea da Climent, eta lehen presidenteordea sanjuandarra. Luzernako (Suitza) Munduko Kopako estropadetarako maleta egiten ari zela hitz egin du Lasurtegik Gipuzkoako Hitza-rekin. Londresko Olinpiar Jokoetan sartzea jokatuko da han, eta Lasurtegi Espainiako Federazioaren ordezkari gisa izango da Suitza aldean. Beraz, ez du hautsi arraunarekin zuen harremana. Climent haren izatezko bikote da ia oraindik ere. Euskal Herria, Madril eta nazioarteko proben artean banatzen du denbora Euskal Herriak izan duen arraunlaririk handienetakoak.

1984ko Olinpiar Jokoetan lortu zuten ospea, baina sanjuandarra egona zen aurretik ere Olinpiar Jokoetan: Moskun, 1980an. Hango oroitzapen oso onak ditu, lehen Olinpiar Jokoak izan zituelako, eta zenbait arazo politiko izan zirelako tartean, hainbat herrialderen boikota tarteko —Los Angelesen ere, herrialde batzuek uko egin zioten parte hartzeari—. "Ez ginen Espainia gisa joan Moskura, Espainiako Olinpiar Batzordearen izenean baizik. Espainiako banderarik gabe joan ginen; hortaz, zuriz eta urdinez jantzi gintuzten, Reala bezala! Ilusio handia egin zidan Los Angelesen zilarrezkoa irabazteak, baina 24 urterekin Moskun izatea ere oso gogoan daukat; laugarren izan ginen, gainera: brontzezko dominatik oso-oso hurbil. Laukoan, lemazainarekin, parte hartu nuen".

Bigarren Olinpiar Jokoak izanik, kirolari moduan askoz helduagoak zirela aitortu du: "Beste era batera gozatu genuen dena, eta, domina irabazteaz gain, Los Angelesen gustura izan ginen; esaterako, Espainiako saskibaloi selekzioak zilarrezko domina irabazi zuen, eta AEBen kontra jokatu zuten finalean izan nintzen ni". Atlantikoa zeharkatu, eta harrera beroak egin zizkieten bi arraunlariei: "Pasai Donibanen, Sevillan, Bartzelonan... Ahaztu ezinezko uneak izan ziren horiek, zalantzarik gabe".

1988koak izan ziren Lasurtegiren azken Olinpiar Jokoak. Ordutik aurrera, erabaki zuen arraunaren aldeko bulego lanean aritzea, Espainiako federazioan. Federazio horretan kirolari onak trebatzeko lanean gogor dabiltzala dio, baina nabarmendu du euren domina izan dela Espainiako arraun selekzioak Olinpiar Jokoetan lortu duen bakarra: "Londresen, oso zaila izango da zerbait lortzea. Luzera begirako lana egiten ari gara, eta, beharbada, zerbait lortu ahal izango da Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan —2016an izango dira— ".

Arraunaz

Aulki mugikorrean bakarrik ez. Tosta finkoan ere ibilitakoa da Lasurtegi, eta, esaterako, 1986ko Kontxako Bandera irabazi zuen Pasai Donibane Koxtape taldearekin. "Beti berandu iristen nintzen traineruetara; izan ere, aulki mugikorreko lehiaketak ere udan izaten ziren, eta trainerura irail aldean iristen nintzen. Egokitzeko denbora bat behar izaten nuen, baina, hala ere, ohiko traineruak ez nituen albo batera utzi". Edozein moduz, egungo arraunaren gaineko iritzi kritikoa du Lasurtegik. Euskal Herriko arraunlariek maila ona dutela uste du, baina nabarmendu du lan gehiago egin beharko luketela Olinpiar Jokoetara joateko, adibidez: "Egun, San Miguel Ligan, Espainiako selekzioarekin egon diren 10-14 arraunlari egongo dira, eta horietatik guztietatik bat ere ez da izan, adibidez, Munduko Txapelketa bateko finalean tosta mugikorrean. Ez dut nahi jendeak gaizki hartzea, baina azaldu nahi dudana zera da, Euskal Herrian maila ona egonda ere lan izugarria egin behar dela goi mailako arraunlari izateko eta dominak lortzeko. Askok esaten dute Kontxa arraunaren Olinpiar Jokoak direla. Hori, niretzat, iraina da. Olinpiar Jokoak lau urtean behin egiten dira; han izateko, lan handi-handia egiten dute arraunlariek, eta maiz kanpoan gelditzen dira. Ez dut esan nahi Kontxan egotea erraza denik, baina ez du zerikusirik bestelako goi mailako arraun probekin".

Gogoeta ere egin du: "Nire garaian, Espainiako aulki mugikorreko selekzioko partaideen erdiak-edo Euskal Herrikoak ginen. Orain ez dago ia inor. Kantauri itsasoan egiten diren estropadetara telebista, babesleak eta dirua iritsi dira. Arraunlari asko daude, baina hemengo mailarako. Euskal Herriko arraunlariek duten maila nazioartean ere azaldu beharko lukete. Tosta mugikorreko arrauna albo batera uzten ari gara".

San Juango arraunaren esparruan azken urteetan izan diren aldaketekin baikor da arraunlari izandakoa: "Pozik nago, pozteko modukoa delako denek elkarrekin talde bat babestea, eta emaitza onak lortzen ari dira".

Mundua golez bete zuen gipuzkoarra

Futboleko baloia bezain biribila da ehun zenbakia, eta, urteez hitz egitean, oroimena freskatzeko garaia ekartzen dute gogora. Isidro Langara futbolaria Pasaian jaio zela mende bat bete zen asteartean, maiatzaren 15ean. Gipuzkoar gehienentzat ezezaguna da, ordea, munduko hiru futbol konfederaziotan —Europa, Hego Amerika eta Ipar Amerika— golegile gorena izatea lortu zuen munduko lehen jokalaria. Gutxi gogoratzen dira, esaterako, Andoaingo Euskaldunan jokatu zuela. Argentinako Clarín egunkariak, ordea, 2009. urtean El vasco que llenó el mundo de goles idazkia argitaratu zuen (Mundua golez bete zuen euskalduna).

Hainbat iturrik maiatzaren 25ean jaioa dela dioten arren, egiaz, 1912ko maiatzaren 15ean jaio zen, Pasaian, Isidro Langara Galarraga. Haurra zela, Andoainera lekualdatu eta bertan hasi zen futbolean. Informazio iturrien araberakoa da Langarak jokatu zuen taldeen multzoa, baina gehienek esaten dute Andoaingo Euskalduna kirol elkartean eta Tolosa futbol taldean jardun zuela. Aipatzen diren beste izenen artean Bildur Gutxi, Pasaiako Siempre Adelante eta Donostiako Esperanza daude.

Andoaingo Euskaldunan, zaharrenek gogoratzen dute Langararen izena, nahiz eta jokatzen ez zuten ikusi. "Zaharrenok soilik gogoratzen dugu; denbora gutxi eman zuen hemen, eta oroigarririk ere ez daukagu", azaldu du elkarteko idazkari Javier Zatarainek. Andoaindik Tolosako taldera igaro zen.

Oso ondo egingo zuen Langarak Gipuzkoako taldeetan; izan ere, Asturiaseko (Espainia) Real Oviedo taldeak fitxatu zuen 1930. urtean. 18 urte zituen.

Oviedotik Oviedora

1930etik 1936ra arte, Real Oviedon aritu zen gipuzkoarra. Besteak beste, haren golei esker Lehen Mailara igo zen taldea. Bertan jokatu zuen lehen denboraldian gol gehien sartu zien jokalaria izan zen: 27 sartu gol sartu zituen parte hartu zuen hemezortzi partidatan. Urte batzuk geroago, atzera begira emandako ohorezko Pichichi saria jaso zuen, eta baita 1934-1935 eta1935-1936ko denboraldiei zegozkienak ere. Gaur egun, Langaren izena gogoan dute talde horren webgunean, eta hiri horretako La Nueva España egunkariak maiz argitaratzen ditu Langara eta egungo jokalariak alderatzen dituzten artikuluak. Horren adibide dira Langara, mejor que Messi (Langara Messi baino hobea, 2010-03-25) eta El record de Langara, intacto (Langararen marka, hautsi gabe, 2011-10-24).

Egunkari horrek berak 2001. urtean argitaratutako De Fozaneldi al Parque del Oeste liburuan, horrela deskribatu zuten Langara: "Ikaragarrizko gihar indarra eta aukeratuen malgutasuna. Gerrialde estua. [...] Bi hankak erabiltzen zituen; eta, horrenbestez, ezin jakin Langara ezkerra edo eskuina zen".

Kirol emaitzek eta aipaturiko dohainek Espainiako hautatzaileen arreta harengana erakarri zuten, eta Espainiako selekzioarekin hamabi partida jokatu zituen: orotara hamazazpi gol sartu zituen. Horiek guztiak, 1936. urteko gerra hasi baino lehenago.

Urte horretan hasi zuen Langarak euskal selekzioarekin egindako ibilbidea, Europan hasieran eta Ameriketan ondoren. Selekzioa Mexikoko liga amateurreko partaide bilakatu zen 1938-1939ko denboraldian, Club Deportivo Euzkadi izenarekin.

Taldea denboraldi amaieran desegin zen, eta Langarak Argentinarako bidea hartu zuen, San Lorenzo Almagro taldearekin jokatzera. Kronika guztiek diotenez, iritsi zen egunean bertan, bazkal ondoren, partida bat jokatu zuen talde berriarekin, eta lau gol sartu zizkion River Plate aurkari ospetsuari. Lau denboraldi egin zituen han: 121 partida jokatu zituen, eta 110 gol sartu.

1943. urtean, Mexikoko Liga Profesionala sortu zuten, eta Langara hara lekualdatu zen, Real Club Españarekin jokatzeko; hura, desagerturiko Club Deportivo Euzkadiren moduan, 1936ko gerra ondorengo jokalari erbesteratuek osatu zuten.

Mexikoko taldean emandako urteetan, Liga eta Kopa txapelketa bana irabazi eta bi aldiz izan zen denboraldian gol gehien sartutako jokalaria. Hala eta guztiz ere, 1946an Oviedora itzuli zen. Asturiasen bi denboraldi eman zituen, 1948an futbolean jokatzeari utzi zion arte.

Atlantikoa berriz gurutzatu, eta Mexikon, Txilen eta Argentinan jardun zuen entrenatzaile. Mexikoko Puebla taldearekin lortu zituen emaitzarik nabarmenenak: haren gidaritzapean eskuratu zuen 1953ko kopa. Euskal Herrira itzuli zen, ordea. 1992. urtean hil zen, Andoainen.

Biniloa, festarako aitzakia

Urtean behin Beasaingo Igartza auzoko jaietan musika jartzeko ohitura zuen Jon Olanok (Beasain, 1973). CDekin aritzen zen, bera bakarrik, bost-sei orduan. Gerora, Beasaingo gaztetxean kontzertuak-eta izaten zirenean, Olanok erabaki zuen festari segida...

Borondate onarekin posible da

Nafarroan, Leitzan jaio, eta Berastegi, Elduain eta Villabona zeharkatu ondoren, Andoaingo herriguneraino iristen da Leitzaran erreka. Ukitzen duen eremuari bizia emateaz gain, izena ere ematen dio. Naturaren ikuspegitik duen garrantziaren adierazle, ...

EtxEKOlandak eskoletara eraman nahi du nekazaritza

Aurten abiatu du EtxEKOlanda ekimena Cristina Enea fundazioak; helburua hirian bizi diren pertsonak nekazaritzarekin harremanetan jartzea da, eta hori ikastetxeetatik ere bideratu daitekeelakoan daude. Horregatik, fundazioak Lugaritzen duen baratzerak...