Sailkatugabeak

1,2

Txikizkarien salmenten jaitsiera, ehunekotan. Eustaten datuen arabera, Gipuzkoako txikizkako merkatarien salmentek %1,2 egin dute behera urteko lehen hiruhilekoan, 2011ko datuekin alderatuta.

Mikel Ugarte omenduko dute Banakon

Izaera taldeko musikari izandako Mikel Ugarte (Hondarribia, 1980 - Bera, 2011) omentzeko gaur eta bihar kontzertuak izango dira Hondarribiko Banako aretoan, Mikel Live! goiburuarekin. Gaur, Zea Mays, Anje Duhalde eta Beti Mugan ariko dira; bihar, berriz, Lif, Lisabö eta Eraso!. Bai gaur eta bai bihar, 22:00etan hasiko dira kontzertuak. Sei talde horiek eta DJ pare batek joko dute Ugarteren omenaldian, baina askoz gehiago izan zitezkeen, dozenaka bandaren soinu teknikaria izan baitzen Ugarte. Talde berrien grabaketak ere egiten zituen, eta duela urte pare bat MIK estudioa sortu zuen Beran (Nafarroa). Han entseatzen zuen Izaera hardcore hirukotearekin.

Joan den urteko abenduaren 19an hil zen Ugarte, auto istripuz, 31 urterekin. Berako estudiotik Hondarribiko Psilocybenea estudioetara joan behar izan zuen, baina ez zen Berara itzuli. Albistea jakin bezain pronto euskal musika munduan zabaldu zen samina. Senitartekoek, Izaera taldekoek eta Hondarribiko lagunek Ugarteren heriotzarengatik animoa agertzen zuten dozenaka mezu jaso zituzten: posta bidez, telefonoz, blogetan...

Ez zen musikarietan ezagunena, baina teknikari bezala langile "fina" zela diote. "Bere lanarekin inoiz ez zegoen soinu arazorik", dio Olearso elkarteko kide batek. Dioenez talde askok deitzen zuten berari buruz galdezka, kontzertuetan Ugarterekin kontatu nahi zutela esateko. Hain justu, Olearsokoak aritu dira Mikel Live! prestatzen. Bazekiten ingurukoek omenaldian egon nahiko zutela eta horregatik promoziorik ez egitea erabaki zuten, "kalean inor ez uzteko". Baina ez dute lortuko; egon nahiko luketen guztiak ez dira Banakon kabituko. Lerro hauek idazterakoan oso sarrera gutxi geratzen ziren saltzeko, eta batek baino gehiagok irakurri beharko du sarrerarik ez dioen kartela, bai gaur, eta baita bihar ere.

Parte hartu nahi izan duten guztiek ere ez dute jaialdian joko. "Su ta gar edo Ze esatek! bezalako taldeek kanpoan geratu behar izan dute", onartu dute Olearson.

Gauza bat jakina da, taula gainean eta bozgorailuen aurrean jarriko direnak, guztiak, Mikel Ugarteren lagunak izango direla. Kuadrillakoak, Psilocybenekoak, zein Berako estudiotik pasatutakoak.

Txartel bakarrerako aldaketa teknologikoak martxan dira

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak pauso "erabakigarria" eman du aste honetan bertan, Gipuzkoan posible izan dadin 2013. urtearen hasieran txartel bakarra izatea garraio publikoa erabiltzeko. Iñaki Arriola Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak —Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua ere bada— hitzarmen bat sinatu du aste honetan Indra eta Teknatrans enpresetako arduradunekin; enpresa horiek arduratuko dira Gipuzkoako garraio enpresen sistema teknologikoak egokitu eta bateratzeaz. Garatuko duten eredua, hain justu ere, Lurraldebus txartelaren ereduan dago oinarrituta.

Akordioaren azken helburua sistema bat ezartzea da, non zenbait garraio modu eta operadore bateratuko diren; alegia, honako hauek bateratzea: tren eta errepide bidezko garraio publikoa, Renfe, Euskotren, Lurraldebus, D-Bus eta Irungo, Errenteriako eta Arrasateko hiri barneko autobusak. Horri esker, txartel bera erabili ahal izango da trenean zein autobusean, eta garraio konpainia ezberdinetan egindako bidaiak batu egingo dira deskontu eta abantaila handiagoak lortze aldera. Tren eta autobus aldaketa ere posible egingo du txartel bakarrak, baita kolektiboen definizio bateratu bat ere —haurrena eta adinekoena—. Horrela, erabiltzaile guztiek baldintza berberak izango dituzte garraiobide denetan.

Garraio mota guztietarako ordainketa sistema bera erabiltzeko modua ere emango du txartel bakarrak, egun Lurraldebus autobusetan erabiltzen den ereduaren antzera. Bateratzearekin, eremuak eta haien araberako prezioak ere bateratu egingo dira. Hala, prezio bera izango du ibilbide bera trenez eta autobusez egiteak.

Lurraldebus Renfen

Txartel bakarra lortzeko bidean, beste urrats bat ere egin berri du Gipuzkoako Aldundiak; izan ere, iragan astelehenetik, Lurraldebus txartela erabil daiteke Renfeko txartelak erosteko orduan. Oraingoz, Renfeko leihatiletan soilik ordaindu ahal izango da txartel horrekin. Hala ere, uztailaren 1etik aurrera, makinetan ere erabili ahal izango da. Oraingoz, Renfeko txartel arruntak zein hileko txartelak erosteko baliatu ahal izango dute erabiltzaileek; gaur-gaurkoz, ordea, hitzarmen horretatik kanpo daude talde berezientzako Lurraldebus txartelak. Bestalde, oraingoz, erabiltzaileek Renferen tarifen arabera ordainduko dute; alegia, ez da ezarri tarifa bateraturik. Lurraldebus txartelarekin ordaindutakoa gero aldundiak ordainduko dio Renferi. Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailaren 20an sinatu zuen Renferekin zerbitzu hori eskaintzeko akordioa.

Herri kultura

Herri kultura zer den ideia askotarikoak ditugu buruan; batzuetan interesen arabera ere osatzen da definizio hori. Eta definizioaz aparte, errealitateak ere erakusten dizkigu herri kulturaren egoera askotarikoak, munduan zehar: batzuetan komertzializatuta eta estandarizatuta egoten da, bakarrik turistentzat balitz bezala; beste batzuetan, ideia politiko edo erlijiosoak bideratzeko erabiltzen da; edo iraganaren irudi idealizatua margotzeko bestela.

Guk hemen, asmo antropologikorik edo filosofikorik gabe, hauxe hartuko dugu oinarritzat: herri kultura dela, herritar arruntak zuzenean —ikusle eta egile— parte hartzen duen kultura eta lurralde jakin baten ezaugarriei lotuta dagoena.

Estaturik gabeko herrietan eta kulturetan dugu herri kulturaren eta herritarraren inplikazioaren behar berezia, zeren neurri handi batean bertan adierazten eta gauzatzen baitira herriaren izaera eta nortasuna. Baita Euskal Herrian ere. Azken bi mendeetan, euskaldunentzat herri kultura, Euskal Kultura herrikoia, herria irudikatzeko eta eraikitzeko leku garrantzitsua izan da. Kultura nagusien eta hizkuntza dominanteen aurrean ezaugarri propioak gordetzeko eta sortzeko, leku propioak osatzeko, bai eta kontsumoko kulturak irentsiak ez izateko ere.

Euskal Kultura herrikoiak zirkulu komertzial eta dominantetik kanpo hainbat urte iraun badu eta aurrera egitea lortu badu, herritarren inplikazioari esker izan da. Euskal kantak, dantzak, ahozko kultura, herri kirola, jantziak, musika tresnak, festetako edo inauterietako ohiturak… horiek guztiek ez zuten hainbeste urte iraungo, herritar arrunten parte hartze, imajinazio eta gozamenik gabe.

Hala ere, gaur egun herri kultura deitzen duguna, gizakiaren berezko edo antzinako behar batetik dator: elkarri eta elkarrekin zerbait komunikatzeko beharra. Dantzak, kantak, antzezpenak, ipuinak edo errituak gizakiak bere egoera adierazteko tresnak dira, modu indibidual edo kolektibo batean, hartu eta emanez, komunikazio tresna aberatsak erabiliz: ahotsa, erritmoa, kolorea, zarata, doinua, mugimendua, antzezpenak...

Elementu horiek, Euskal Herrian beste leku askotan baino gehiago iraun dute, herritarrek, belaunaldiz belaunaldi, herri kulturari eutsi eta bertan inplikatu direlako.

Hala ere, iraute horretan eustea ez da elementu bakarra: bizirik irauteko, bikotekide bat behar du ezinbestean: bilakaera. Herri kulturak, benetan herrikoia izateko, bizirik behar du. Gizakiak bere eskuetan, gorputzean edo ahotsean sentitu behar du komunikazio tresna hau, patroi kolektibo batean bakoitzak bere berezitasuna sartu ahal izateko. Herri kulturak antzinako elementuak jasotzen ditu, baita mendeetan ezagutu dituen transformazioak ere. Horrela, belaunaldi bakoitzak bere ekarpen propioak egiten ditu, ezaugarri batzuk desagertzen dira, berri batzuk sartu, eta beste batzuek iraun egiten dute. Transformazio prozesu horrek egiten du herri kultura herrikoa izatea.

Mendebaldeko hainbat lekutara begira iruditzen zait leku gutxitan dela herri kultura Euskal Herrian bezain bizia eta herritarrena; aldi berean, tradiziozko eta modernitatezko elementuz beteta dagoena. Dantzan, festetan, bertsolaritzan, kantugintzan, musikan eta arlo gehiagotan sartzen du belaunaldi bakoitzak bere ekarpen propioa, edukian eta forman; askotan, gainera, belaunaldi askoren elkarlanean. Herri kultura bizirik dago Euskal Herrian, horretaz kontziente izatea falta da batzuetan.

“Jendea formatu nahi dugu, teknologia aliatu bihurtuz”

Oraingoz, Bakalhau kolektiboa hasi da Eraldalabak sortzen. Taldeko kidea da Beñat Irasuegi (Errenteria, 1978); haren ustez, teknologia behar bezala ezagututa, proiektu askotarako tresna baliagarria izan daiteke. Horretarako interesa dutenei laguntza eskaintzen arituko da bihar.

Teknologiek gizartea aldatu dute, zalantzarik gabe. Baina nolakoa da zuek proposatzen duzuen aldaketa?

Teknologia teknologiagatik ez da berez ona. Teknologiak aurrerapenak lor ditzake, baina baita kapitalarentzako interesak ere. Guk proposatzen dugu teknologiaren erabilera sozializatzea; gizarteak teknologia berrien inguruko informazioa edukitzea, gero haien proposamen eraldatzaileetarako erabiltzeko: komunikazioaren teknologiak, informatika, programazioa, hardwarea... Guk bultzatzen ditugun proiektuetan, gizarte eredua aldatzea bilatzen dugu. Guk nahi duguna da aberastasunaren banaketa justuago baten alde egiten duten taldeak indartu, horretan dabilen jendea formatu, teknologia aliatu bihurtuz.

Sarritan egiten den kritika da teknologia berriak ez ote diren, funtsean, gizarte kontrolerako tresnak.

Alde hori badago. Guk sumatzen dugu Googleren eta sare sozialen —ez zait gustatzen haien izena, baina horrela deituko diegu— inguruan sortzen ari den eredu horretan badaudela kontrolerako elementu batzuk: enpresa izugarri handi batzuek informazio asko kontrolatzen dute.

Horietatik ihes egiteko modurik bada?

Guk ez dugu esaten ez erabiltzeko Google, edo Facebook, edo Twitter, edo horrelako zerbitzuak. Gu saiatzen gara jendea informatzen, azaltzen zer diren zerbitzu horiek, eta, ahal den neurrian, nola erabil ditzaketen euren interesetarako. Guk esaten duguna da: "Horiek badaude, erabil ditzakezu, baina jakin ezazu alternatibak badaudela eta zuk eraiki ditzakezula tresna propioak auzolanean".

Borondate onarekin posible da

Nafarroan, Leitzan jaio, eta Berastegi, Elduain eta Villabona zeharkatu ondoren, Andoaingo herriguneraino iristen da Leitzaran erreka. Ukitzen duen eremuari bizia emateaz gain, izena ere ematen dio. Naturaren ikuspegitik duen garrantziaren adierazle, ...

EtxEKOlandak eskoletara eraman nahi du nekazaritza

Aurten abiatu du EtxEKOlanda ekimena Cristina Enea fundazioak; helburua hirian bizi diren pertsonak nekazaritzarekin harremanetan jartzea da, eta hori ikastetxeetatik ere bideratu daitekeelakoan daude. Horregatik, fundazioak Lugaritzen duen baratzerak...

Hazien trukaketa antolatu dute iganderako Donostian

Olatu Talka kanpainaren barruan, hazi trukaketa antolatu dute etzirako Donostian; Martutene Pasealekuan egingo dute, goizeko hamaiketatik arratsaldeko ordubietara bitartean. Norberak bere haziak eramateko deia egin dute antolatzaileek; bertan ere eros...

Teknologia gizarte aldaketarako nola erabili aztertuko dute Andoainen

Nola baliatu teknologia norberak nahi duen bezala, norberak nahi duen gizarte aldaketa eragiteko; horra Eraldalab eraldaketa sozialerako laborategien helburua. Ohiko teknologien alternatibak eta teknologia horien erabilera posibleak ezagutarazteko saioak izaten dira Eraldalabak; tresnok herritarren eskura jartzea izaten da xedea. Gipuzkoan, Bakalhau kolektiboa ari da tailerrok antolatzen; bihar egingo du lehen saioa, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan, Euskara, Teknologia eta Auzolana jardunaldien barruan.

Egun osoko jardunaldiak izango dira, 09:30ean hasita. Goizean, jada martxan diren hainbat egitasmoren aurkezpenak egongo dira; Bakalhauko kideek azaldu dutenez, ez dute proiektuen bila asko ibili beharrik izan, gehienetan proiektu horien sortzaileak jarri direlako haiekin harremanetan. Besteak beste, komunikazio sare libre bat sortzea helburu duen Guifi.net egitasmoaren, Eibartarrak posta zerrendaren eta coworking proiektu komunitario zenbaiten berri emango dute. Dena den, egitasmoen zerrenda guztiz itxi gabe dago oraindik.

Eguerdian, bazkalaurretik, hitzaldietarako saio irekia egingo dute. Tarte horretan, oraindik gauzatu gabeko edozein egitasmoren berri eman ahal izango dute bertaratutakoek; hartara, besteek ere proiektu horien berri izatea eta elkar ezagutzeko aukera izatea bermatu nahi dute antolatzaileek. Izan ere, Eraldalaben balio garrantzitsuenetariko bat auzolana da: Bakalhau kolektibokoek azaldu dute ez dutela nahi jendea "ikusle soil" gisa joatea, baizik eta, bakoitzak ahal duen neurrian, antolakuntzan laguntzea; esate baterako, bazkaria prestatzen edo mahaia jartzen. Bazkalostean, tailerrak egingo dituzte; goizean aipatutako gaiak landuko dituzte bertan, "modu sakonago eta praktikoagoan".

Formatu eta maiztasun askotarikoak izan daitezke Eraldalabak; hain zuzen ere, guztiz irekiak dira, eta parte hartzaileen nahien arabera molda daitezke. Noizean behin antolatzen diren saioak izan daitezke, edo gune iraunkorrak. Helburua, funtsean, gizarte aldaketara bideratutako teknologia horien garapenean sakontzeko espazioak sortzea da. Horregatik, Bakalhaukoen ustez, ez da soilik haiek bezalako lagun taldeentzako proposamena; ikastetxeetan ere halako guneak sor daitezkeelakoan daude.

Bakalhau kolektiboak berak ere badu bere burua Eraldalabtzat: teknologiak sozializatu eta, batzuetan, berriak sortzen ditu. Horrela antolatu dituzte, esaterako, Blogsovietak, blogak sortzeko ikastaroak; saio horietatik talde nahiko iraunkor bat sortu da, baita Status.blogsoviet.com tresna ere. Aplikazio hori Twitterren antzeko tresna bat da, eta Blogsovieteko kideek microblogging zerbitzu gisa erabiltzen dute.

Euskaraz eta auzolanean

Berez, Kilometroak 2012 eta Olatu Talka ekimenen barruan antolatutako saioa izango da biharkoa; horregatik egingo dute Andoainen, aurten Kilometroak jaia antolatzeaz arduratuko den ikastolan. Asmoa bazegoen lehendik ere Kilometroetako egitarauaren barruan Teknologia berriak eta euskara izeneko atal bat sortzeko. Olatu Talka, berriz, bere ekintzak Donostiatik ateratzeko asmotan zebilen —asteburu honetan 200 ekitalditik gora antolatu dituzte Euskal Herri osoan—, eta horregatik jo zuten Bakalhauko kideengana. Biharko Eraldalaba lehenengo saioa izango da, baina luzera halakoak sortzen jarraitzea dute helburu antolatzaileek.