Sailkatugabeak

Borondate onarekin posible da

Nafarroan, Leitzan jaio, eta Berastegi, Elduain eta Villabona zeharkatu ondoren, Andoaingo herriguneraino iristen da Leitzaran erreka. Ukitzen duen eremuari bizia emateaz gain, izena ere ematen dio. Naturaren ikuspegitik duen garrantziaren adierazle, ...

EtxEKOlandak eskoletara eraman nahi du nekazaritza

Aurten abiatu du EtxEKOlanda ekimena Cristina Enea fundazioak; helburua hirian bizi diren pertsonak nekazaritzarekin harremanetan jartzea da, eta hori ikastetxeetatik ere bideratu daitekeelakoan daude. Horregatik, fundazioak Lugaritzen duen baratzerak...

Hazien trukaketa antolatu dute iganderako Donostian

Olatu Talka kanpainaren barruan, hazi trukaketa antolatu dute etzirako Donostian; Martutene Pasealekuan egingo dute, goizeko hamaiketatik arratsaldeko ordubietara bitartean. Norberak bere haziak eramateko deia egin dute antolatzaileek; bertan ere eros...

Teknologia gizarte aldaketarako nola erabili aztertuko dute Andoainen

Nola baliatu teknologia norberak nahi duen bezala, norberak nahi duen gizarte aldaketa eragiteko; horra Eraldalab eraldaketa sozialerako laborategien helburua. Ohiko teknologien alternatibak eta teknologia horien erabilera posibleak ezagutarazteko saioak izaten dira Eraldalabak; tresnok herritarren eskura jartzea izaten da xedea. Gipuzkoan, Bakalhau kolektiboa ari da tailerrok antolatzen; bihar egingo du lehen saioa, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan, Euskara, Teknologia eta Auzolana jardunaldien barruan.

Egun osoko jardunaldiak izango dira, 09:30ean hasita. Goizean, jada martxan diren hainbat egitasmoren aurkezpenak egongo dira; Bakalhauko kideek azaldu dutenez, ez dute proiektuen bila asko ibili beharrik izan, gehienetan proiektu horien sortzaileak jarri direlako haiekin harremanetan. Besteak beste, komunikazio sare libre bat sortzea helburu duen Guifi.net egitasmoaren, Eibartarrak posta zerrendaren eta coworking proiektu komunitario zenbaiten berri emango dute. Dena den, egitasmoen zerrenda guztiz itxi gabe dago oraindik.

Eguerdian, bazkalaurretik, hitzaldietarako saio irekia egingo dute. Tarte horretan, oraindik gauzatu gabeko edozein egitasmoren berri eman ahal izango dute bertaratutakoek; hartara, besteek ere proiektu horien berri izatea eta elkar ezagutzeko aukera izatea bermatu nahi dute antolatzaileek. Izan ere, Eraldalaben balio garrantzitsuenetariko bat auzolana da: Bakalhau kolektibokoek azaldu dute ez dutela nahi jendea "ikusle soil" gisa joatea, baizik eta, bakoitzak ahal duen neurrian, antolakuntzan laguntzea; esate baterako, bazkaria prestatzen edo mahaia jartzen. Bazkalostean, tailerrak egingo dituzte; goizean aipatutako gaiak landuko dituzte bertan, "modu sakonago eta praktikoagoan".

Formatu eta maiztasun askotarikoak izan daitezke Eraldalabak; hain zuzen ere, guztiz irekiak dira, eta parte hartzaileen nahien arabera molda daitezke. Noizean behin antolatzen diren saioak izan daitezke, edo gune iraunkorrak. Helburua, funtsean, gizarte aldaketara bideratutako teknologia horien garapenean sakontzeko espazioak sortzea da. Horregatik, Bakalhaukoen ustez, ez da soilik haiek bezalako lagun taldeentzako proposamena; ikastetxeetan ere halako guneak sor daitezkeelakoan daude.

Bakalhau kolektiboak berak ere badu bere burua Eraldalabtzat: teknologiak sozializatu eta, batzuetan, berriak sortzen ditu. Horrela antolatu dituzte, esaterako, Blogsovietak, blogak sortzeko ikastaroak; saio horietatik talde nahiko iraunkor bat sortu da, baita Status.blogsoviet.com tresna ere. Aplikazio hori Twitterren antzeko tresna bat da, eta Blogsovieteko kideek microblogging zerbitzu gisa erabiltzen dute.

Euskaraz eta auzolanean

Berez, Kilometroak 2012 eta Olatu Talka ekimenen barruan antolatutako saioa izango da biharkoa; horregatik egingo dute Andoainen, aurten Kilometroak jaia antolatzeaz arduratuko den ikastolan. Asmoa bazegoen lehendik ere Kilometroetako egitarauaren barruan Teknologia berriak eta euskara izeneko atal bat sortzeko. Olatu Talka, berriz, bere ekintzak Donostiatik ateratzeko asmotan zebilen —asteburu honetan 200 ekitalditik gora antolatu dituzte Euskal Herri osoan—, eta horregatik jo zuten Bakalhauko kideengana. Biharko Eraldalaba lehenengo saioa izango da, baina luzera halakoak sortzen jarraitzea dute helburu antolatzaileek.

Musikaria, teknikaria eta laguna zelako

Pasa den urteko abenduaren 19an hil zen Ugarte, istripuz, 31 urterekin. "Taldeko hirurak Berako estudioan geunden eta Mikel Hondarribira joan zen maletaren bila" ekarri du gogora Aritz Lazkanok (Donostia, 1980). Ugarteren taldekidea zen Izaeran, eta haren lagun mina. "Itzultzen ez zela ikusita Psilocybeneara deitu genuen eta handik aspaldi abiatu zela esan zigutenez, errepidera atera ginen". Auto ilara ikusi zutenean zain izango zela pentsatu zuten: "Baina pixka bat aurrera egin genuenean bere kotxea ikusi genuen; hankak urratuta zituela eta ospitalera eraman zutela esan ziguten". Handik hiru egunera hil zen.

Lazkanoren esanetan kolpe latza izan zen. "Biok erlazio oso estua genuen, bai musikarengatik, bai elkarrekin jotzen genuen taldearengatik, bai Berako estudioarengatik... Oso kolpe gogorra izan zen. Gainera, bizitzako une kuttunenean zegoen. Apustua egin zuen aurrera egiteko eta gauzak ateratzen zitzaizkion; oso gustura bizi zen azken bizpahiru urteetan".

Musika ez zuen inon ikasi, baina barnetik ateratzen zitzaiola uste du Lazkanok: "Nik esango nuke erraietatik ateratzen zitzaiola musika, oso apasionatua zen, oso sentibera, emozio erradikalekoa". Eta musikari grina zuen bezala, soinu teknikari bezala oso fina zela diote denek. Horrekin ados dago Izaerako taldekidea: "Nik askotan esaten nion ogia egiteko ere kontratatuko nukeela bera".

Omenaldira Bidasoa osoko jendea hurbilduko da, Gipuzkoatik, Nafarroatik, eta baita urrutiagotik ere. "Istripuaren berri izan zutenean posta elektroniko pila bat bidali zizkiguten, Euskal Herri osotik, Madrildik, Bartzelonatik... Mikelen errautsak itsasora bota genituenean, omenaldi txiki bat egin genion Hondarribian, eta han bazen Zaragozatik edo Bartzelonatik etorritako jendea".

Lazkanok uste du gaur eta bihar sentimendu asko elkartuko direla Banako aretoan, taula gainera igotzen direnek eta behean entzuten izango direnek, denek Mikel Ugarte gogoan izango dutelako: "Ez da kontzertu normala izango, antolatu dugunok jendearengana jo beharrean, taldeak beraiek izan dira guregana jo dutenak, omenaldian egon nahi zutela esateko".

Omenaldi bat baino gehiago

Duela urte batzuk MIK estudioa ireki zuten Beran, eta han egiten zuen lana Ugartek. MIKen utzitako hutsunea betetzen laguntzeko helburua ere badu omenaldiak, zeharka bada ere.

Beran bezala, Hondarribiko estudioetan asko ibiltzen zen Ugarte. Eta ez Psilocybenean bakarrik. Olagarro elkartean krespoi beltza jarri zutelako jakin zuten askok Ugarteri gertatutakoa. Nekeza suertatu bazitzaien ere, halako egun batean Mendeluko lokaletako lagunek malkoak barruan gorde eta Ugartek nahiko lukeena musika egiten jarraitzea zela erabaki zuten. Hala, Psilocybeneako talde guztiek hiruna abesti eskaini zizkieten Ugarteri eta Pako Andraderi —abenduan hil zen hemeretzi urteko gaztea, hura ere Psilocybeneakoa—, orain hilabete pare bat eginiko ate itxietako omenaldian.

Psilocybeneakoek egin bezala, Mikel Ugarte ezagutu zutenek irribarre batekin eman nahi diote azken agurra musikari, teknikari eta lagunari. "Negar asko egindakoak gara, eta Mikelek merezi duen bezala omendu nahi dugu, irribarre batekin", dio Lazkanok.

Hormona zakuak

Misterio bat ezin argiturik nabil, nerabezaroa. Zer gertatzen da hamahiru urtetik hemezortzira bitarteko epe horretan? Neuronak ito egiten ote zaizkie hormona- festa horrek dakarren beroaldian? Aukera guztiak miatu ditut, benetako arrazoi bat bilatuk...

SARRIONANDIA, DANTZAN

Joseba Sarrionandiaren poesia du oinarrian Sarritsasoa dantza ikuskizunak,Dantzaz konpainiak eta Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak elkarlanean osatutakoak. Hala, poesia, dantza garaikidea, literatura eta ingurumena uztartzen ditu ikuskizu...

Baratzea etxe alboan

Gipuzkoako gizartea gero eta urbanoagoa da. Ez soilik gipuzkoarren bi heren 15.000 biztanletik gorako herrietan bizi direlako. Herri txikietan bizi direnek ere bizimodu aski hiritarra izaten dute maiz; bai, behintzat, kontsumoari dagokionez: erosketak dendan edo supermerkatuan egiten dituzte. Hala ere, askok nahiago izaten dituzte gertu ekoitzitako produktuak, eta sarritan lehenesten da herriko azoka; baina gai horiek ere denbora jakin bat behar izan dute kontsumitzailearen hozkailura heldu aurretik. Horregatik, geroz eta hiritar gehiagok nahi izaten dute euren baratzetxo propioa landu. Herritik kanpora lur sailik izan ezean, ordea, zaila izaten da hori. Azken urteotan, denetariko ekimenak sortzen ari dira hiri baratzeak sortzeko.

Etxeko terrazak, erreka ondoko lur zatiak edo utzitako zelaiak, edozerk balio du lau tomate eta bi porru landatzeko. Kostua "minimoa" da, eta abantailak, "ikaragarriak", Iñigo Segurola (Donostia, 1967) paisajistaren arabera: "Zure baratzetik baratxuri fresko bat hartzea, eta horrekin nahaski bat egitea, bere zapore guztiarekin... hori dendan ezin da lortu".

Azkenaldian hiri baratzeen boom bat egon dela uste du Segurolak: leku askotan daude norbanakoek jarritako baratzetxoak, eta beste batzuetan udalak dira horretarako lur sailak banatzen dituztenak. Lehenei "baratze okupak" deitzen die Segurolak: jabego ezagunik gabeko lur sail abandonatuak izaten dira, eta lur hori landu nahi dutenek hartzen dute hura txukuntzeko ardura.

"Euri asko egiten duenez, ur beharra ez da izaten baratze bat sortzeko arazoa"; horregatik, ohikoak dira Gipuzkoan. Garai batean, utzitako lur sail asko zeuden herrietan: "Euskaldunok betidanik izan dugu baratzarekiko zaletasuna, eta etorkin asko ere nekazal mundutik etorritakoak dira, eta euren baratzak antolatu izan dituzte". Bilbotik Behobiarako autobidearen ertzak, esaterako, "baratzez josiak" egoten zirela ekarri du gogora.

Hala ere, edozein lur sail ez da ona ortua jartzeko. Duela ez hainbestera arte, ohikoa izaten zen fabriketako produktu kimikoak inguruko lurretara isurtzea, eta horrek "kutsatutako lur dezente" utzi ditu gaur egunera arte.

Uzta, baratzea okupatu duenarentzat izaten da gehienetan. Badira, ordea, herri barruan baratzagintzan aritzeko beste eredu batzuk ere. Zenbait lekutan, udalak berak jartzen ditu oinarrizko baliabideak —lur saila, ura, hesitura—, eta zozketa bidez ematen du lur hori lantzeko baimena. Hortik aurrera, pertsona bakoitzak egokitu zaion saila nahi duen eran antolatzen du.

"Badago hirugarren eredu bat", azaldu du Segurolak, "hemen ez da hainbeste lantzen, baina Frantzian oso zabaldua dago. Jardin partagé deitzen diote, auzo baratzeak. Auzo elkarteek antolatzen dituzten guneak dira, eta beraiek kudeatzen dituzte. Udalak oinarrizko azpiegiturak ematen dizkie, eta komunitatean lan egiten dute. Gero, bakoitzak uztaren zati bat jasotzen du".

Oro har, instituzioek halako ekimen gehiago abiatu behar lituzketelakoan da Segurola: "Diputazioak eta udaletxeak nahiko motel ari dira kontzeptua barneratzen. Auzo bakoitzak eduki behar luke aukera baratze sailak jartzeko. Gainera, parke baten funtzioa ere bete dezake".

Oraingoz, gutxi dira halako ekimenak abiatu dituzten erakundeak. Kutxaren Ekogunea ari da hainbat herritan baratze parkeak sortzeko proiektu bat lantzen, baina oraindik guztiz zehaztu gabe dago. Segurolaren iritziz, erakunde publikoek errolda bat egin behar lukete halako lur sail bat hartzeko gogoz dauden pertsonekin, eta gero aztertu zein lur sail dituen eskaintzeko

Aztarna ekologikorik ez

Sarritan entzuten da krisi ekonomikoak areagotu egin duela hiriko biztanleen joera euren jaki propioak ekoizteko. Segurolak azaldu duenez, ordea, produkzio bide hori ez da derrigor merkeagoa: "Azkenean, industrializatzen den guztia merkeago ateratzen da. Tira, denbora asko duenarentzat bai, harentzat izan daiteke merkeagoa; azkenean, baratzea lantzea denbora pasatzeko era bat da, eta pasatzen duzun denbora horren kostua ez da horren handia".

Segurolaren ustez, beste arrazoi batzuek eragin dute hiri baratzeen hedapena azken urteotan: "Krisian gaude, baina ez da soilik ekonomikoa; lurretik deskonektatzen ari gara, gero eta arrotzagoa zaigu. Horrek bultzatzen gaitu lurrarekiko gertutasun hori bilatzera".

Ingurumenarekiko kontzientziak ere gora egin duelakoan da paisajista: "Asko hitz egiten da produktuen aztarna ekologikoaz. Jaten dugun gehiena urrutitik ekartzen dute, eta erregai asko behar da hura ekartzeko. Hortik sortu da Zero kilometro filosofia: jaten duguna bertan ekoitzitakoa izatea. Horregatik, hiri inguruetako baratzeak babestu behar dira; baratzagintza bermatzeko, eta hiria bertako lurretatik hornitzeko".

Baratze mota asko dauden arren, guztiek dute balio sozial handia Segurolarentzat: "Elkarbizitzen ikasten da. Azkenean, halako baratze bat mantentzeak beste pertsonekin harremantzera behartzen zaitu, komunikazioa lantzen da". Ekoizteko eta sortzeko lekuak dira ortuak: "Halako espazioetan asko lantzen da kreatibitatea: berrerabilpen asko ikusten da. Ura jasotzeko azpiegiturak, etxolak, hazitegiak... normalean, dirurik gastatu gabe egiten dituzte, hirian topa daitekeen edozein material erabiliz".