Sailkatugabeak

ESZENATOKI BERRIAN

Donostian, inoiz kontzerturik eskaini ez duen areto batean joko du, datorren igandean, Mikel Erentxun musikari donostiarrak. Hain justu, Antzoki Zaharrean izango da kontzertua, 19:30ean. 24 golpes bere azkeneko diskoa aurkeztuko du emanaldian. Ruben C...

La Grandeur de la France

Iragan den asteburuko lehen itzuliaren ondoren, datorren maiatzaren seian Frantzian presidentea aukeratuko dute Nicolas Sarkozy eta François Hollanderen artean. Krisi ekonomikoak markaturiko hauteskunde hauetan, ataka honetatik zeinek hobeto atera ditzakeen ariko dira pentsatzen hautesle gehienak beren botoa erabakitzeko. Kanpotik ikusita, ordea, Frantziaren krisi ekonomikoa baino gehiago, Frantziaren irudiaren gainbehera egiten zaigu deigarria. Eta ez du horrek zerikusirik presidente bat edo besterekin, globalizazioak ekarri duen mundu ikuskera berriarekin baizik. Unibertsitate alorrean eta alor intelektualean, oro har, hizkuntza eta kultura erreferenteetan gertaturiko belaunaldi aldaketa ekarri nahi nuke gaurkoan hona. Zehatzago esanda, frantsesa eta frantsesaren erreferentziak dominatutako ikuskera batetik, ingelesa eta ingelesaren erreferentziak dominatutako ikuskerara gertaturiko jauzia.

Pentsamenduan eta Gizarte Zientzien alorrean, berrogeita hamar urte edo gehiago duten kideekin hitz egiterakoan dudan sentsazioa da haientzat frantsesak eta frantses hizkuntzak zekartzan erreferentzia akademikoak belaunaldi berriek ingelesarekin eta ingelesak dakartzan erreferentziekin ordezkatu dituztela. Adibide batzuk, eta barka aipuen pedantekeria: gaur egun, inork kultur maila handia erakutsi nahi badu, ez du zigarroa piztu eta bata bestearen atzetik Sartre, Camus eta Foucaulten aipu bana lotu beharrik sentituko. Aitor dezagun guztiontzat lasaitu ederra dela Derrida noizbait ulertu duzunaren plantak egin behar ez izatea. Orain askoz cool-ago izango da gizarte likidoaz hitz egitea (Bauman) edo modernitate berantiarraz (Giddens), eta abar.

Ez dut horrekin esan nahi frantses erreferentzien eragina desagertu denik, ezta gutxiagorik ere, baina joera aldaketa erabatekoa da: aurreko belaunaldiak frantsesez irakurtzen bazuen, oraingoak ingelesez irakurtzen du, eta horrek baldintzatu egiten du belaunaldi bakoitzak zer irakurri eta zer idazten duen. Unibertsitateari dagokionez, gainera, nazioarteko ikasleak erakartzeko lehiak eta hemengo ikasleak testuinguru globalizatura behar bezala prestatu beharrak ikasketak ingelesez eskaintzera bultzatzen ditu gure unibertsitateak geroz eta gehiago. Eta ingelesez irakasten duen irakasleak ingelesez sorturiko literatura akademikoa eta erreferentziak erabiltzeko joera izango du. Exijentzia maila, ardura eta koherentzia eskatu behar zaizkio intelektual berriari, ingelesaren uholde honetan homogeneizatzearen eta pentsamolde bakarraren uretan ito ez gaitezen denok.

La Grandeur de la France? Ia-ia konturatzeke hauts bihurturik, eta beste bigarren mailako hizkuntzekin lehiatu beharrean. Ataka horretatik irteteko formularik ez eskatu hauteskunde hauetako hautagaiei. Errazago izango zaie krisiarentzako konponbidea aurkitzea, historiaren erlojua hankaz gora jartzea baino.

TELEBISTATIK, AURREZ AURRE IKUSTERA

Bob Esponja pertsonaia ezagunaren jarraitzaileek, haren istorioak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, igande honetan, Donostiako Gaska kiroldegian. Izan ere, Bob Esponja, la esponja que podia volar musikalaren bi emanaldi eskainiko dituzte: ...

LEHEN TITULUA IRITSI DA ORDIZIARA

Ampo Ordizia errugbi taldeak bere historiako lehen titulua eskuratu zuen igandean, Espainiako Kopako finala irabazita. 30-27 irabazi zion El Salvador taldeari, Palentzian (Espainia) jokatutako partidan. Ordiziako taldeak gaizki hasi zuen partida, eta ...

Zuzenekoak berriro ere

Aitzealdenk! 01

Azpeitia

Orain urtebete baino gutxiago, Azpeitiko Kultur Mahaiak hartu zuen Sanagustin kulturgunea kudeatzeko ardura. Orduz geroztik, besteak beste, "une oroko kulturgune bat" izateko helburuz jardun dute lanean, "taldeen plaza" izateko asmoz, "elkarlana, aisia eta euskara" ardatz hartuta. Orain, "pauso bat gehiago" eman, eta Aitzealdenk! Zuzenean 01 jaialdia egingo dute, asteburu honetan, Sanagustin kulturgunean bertan. Hiru eguneko zuzeneko musika kontzertuen jaialdia izango da, eta orotara zortzi talde igoko dira taularen gainera: herriko, Euskal Herriko eta nazioarteko taldeak. Sanagustin kulturguneak, Zubi-zar elkarteak eta Urrestillako Triku Musika elkarteak elkarrekin antolatu dute.

Triku Festie festa hartu dute oinarri jaialdia antolatzeko, 2009. urtera arte Azpeitian herriko musika elkarteek antolatzen zutena. Jaialdi hark utzitako hutsunea eta ordutik herrian kulturaren esparruan izandako "aldaketa nabarmena" baliatu dituzte jaialdia antolatzeko.

Aitzealdenk! egitasmoaren bigarren zatia da Aitzealdenk! Zuzenean jaialdia. Orain arte, Aitzealdenk! Ostirala jaialdiak egin izan dituzte; ostiraletan bi orduko entzunaldi saioak, alegia. Horrez gain, udazkenera begira, dagoeneko ari dira Aitzealdenk! Zuzenean 02 jaialdia antolatzen. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Lisabo taldea lotua dute, baita Ama Say taldea ere.

Asteburu honetako kontzertuetarako sarrerak erosteko, bi aukera daude. Internet bidez —www.sanagustinkulturgunea.net eta www.aitzealdenk.net atarietan—, eta Sanagustin kulturgunean bertan. Bi tokietan, kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenagora arte eskuratu ahal izango dira sarrerak. Hiru egunetarako bonuak 24 euro balio du.

KONTZERTUAK

Gaur, 22:00etan. Mondocane, Antilles eta Capsula. Aurrez, 12 euro; leihatilan, 15 euro.

Bihar, 22:00etan. Inoren Ero Ni, Willis Drummond eta We Are Standard. Aurrez, 12 euro; leihatilan, 15 euro.

Etzi, 20:00etan. Santiago Latorre eta Rauelsson. Aurrez, 8 euro; leihatilan, 10 euro.

@sarean

Debagoiena Zero Zabor taldeak Errausketari ateak ixten dokumentalean heldu dio hondakinen arazoari, eta sarean ipini dute. Ondoko bi helbideotan ikus daiteke:

www.youtu.be/QH-ShMnubN8

www.argia.com/multimedia/dokumentala/errausketari-ateak-ixten

Telefono mugikor bidez egin ahal izango dira Klikmetroak

Abian da, berriz ere, Kilometroen aldeko Klikmetroak egitasmoa; alegia, Kilometroetako zirkuituko metroak birtualki egiteko aukera eskaintzen duen egitasmoa. Berritasun nagusi batekin abiatu da, gainera, aurtengo Klikmetroak: metroak telefono mugikor bidez ere egin ahal izango baitira. Hain justu, Android sistema duten smartphone eta tablet-en bidez hartu ahal izango dira metroak. Horretarako, Akting Ingenieritzak enpresak Klikmetroak egitasmorako espresuki sorturiko aplikazio bat jaitsi beharko dute erabiltzaileek.

Asteazkenean aurkeztu zuten aurtengo Klikmetroak, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak Donostian duen egoitzan. Igor Elortza Kilometroetako koordinatzailea, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria eta Nagore Guarretxena Akting enpresako kidea eta Aita Larramendi ikastolako ikasle ohiak hartu zuten parte agerraldian. Aurten Gipuzkoako Foru Aldundia izango da Klikmetroak proiektuaren babesle nagusia. Hori medio, Zigor Etxeburuak berak egin du lehen metroa.

Klikmetroak proiektuaren helburua Kilometroetako zirkuituari ahalik eta buelta gehien ematea da. Hala, aurtengo zirkuituari —6.741 metro ditu— bi itzuli ematea jarri dute aurtengo erronka gisara. Horretarako, jendearen parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute antolatzaileek; metroak hartuko dituzten bisitarien beharra batetik, eta metro horiek diruz lagunduko dituzten babesleena bestetik.

Metro bat hartzen duten herritarrek, argazki edo irudi bat igo beharko dute sarera, eta izen-abizenak jartzearekin batera, mezu bat utzi beharko dute. Metro bakoitzak bere babeslea izango du. www.kilometroak.net eta www.klikmetroak.com webguneen bidez hartu daitezke metroak, baita orain arteko metroak eta haien babesleak ikusi ere.

Azpeitiko Ikasberri ikastolak garatu zuen egitasmoa, iaz Azpeitian ospatu zen Kilometroak jaiaren karietara. Hain justu, proiektuak publizitate arloko Argia Saria jaso zuen iragan urtarrilean. Aurten Andoaingo Aita Larramendi ikastolak antolatuko du Kilometroak jaia. Urriaren 7an ospatuko da.