Sailkatugabeak

Ekainetik aurrera, ezingo da zaborra Igorrera eraman

Bizkaiko Foru Aldundiak ez du berrituko Gipuzkoakoarekin azken lau urteotan izandako ituna, eta, horregatik, ekainaren 12tik aurrera, Gipuzkoak ezin izango du Debabarreneko zaborra Igorreko zabortegira (Bizkaia) eraman. Gipuzkoak ituna "hautsi" duela ...

ESZENATOKI BERRIAN

Donostian, inoiz kontzerturik eskaini ez duen areto batean joko du, datorren igandean, Mikel Erentxun musikari donostiarrak. Hain justu, Antzoki Zaharrean izango da kontzertua, 19:30ean. 24 golpes bere azkeneko diskoa aurkeztuko du emanaldian. Ruben C...

La Grandeur de la France

Iragan den asteburuko lehen itzuliaren ondoren, datorren maiatzaren seian Frantzian presidentea aukeratuko dute Nicolas Sarkozy eta François Hollanderen artean. Krisi ekonomikoak markaturiko hauteskunde hauetan, ataka honetatik zeinek hobeto atera ditzakeen ariko dira pentsatzen hautesle gehienak beren botoa erabakitzeko. Kanpotik ikusita, ordea, Frantziaren krisi ekonomikoa baino gehiago, Frantziaren irudiaren gainbehera egiten zaigu deigarria. Eta ez du horrek zerikusirik presidente bat edo besterekin, globalizazioak ekarri duen mundu ikuskera berriarekin baizik. Unibertsitate alorrean eta alor intelektualean, oro har, hizkuntza eta kultura erreferenteetan gertaturiko belaunaldi aldaketa ekarri nahi nuke gaurkoan hona. Zehatzago esanda, frantsesa eta frantsesaren erreferentziak dominatutako ikuskera batetik, ingelesa eta ingelesaren erreferentziak dominatutako ikuskerara gertaturiko jauzia.

Pentsamenduan eta Gizarte Zientzien alorrean, berrogeita hamar urte edo gehiago duten kideekin hitz egiterakoan dudan sentsazioa da haientzat frantsesak eta frantses hizkuntzak zekartzan erreferentzia akademikoak belaunaldi berriek ingelesarekin eta ingelesak dakartzan erreferentziekin ordezkatu dituztela. Adibide batzuk, eta barka aipuen pedantekeria: gaur egun, inork kultur maila handia erakutsi nahi badu, ez du zigarroa piztu eta bata bestearen atzetik Sartre, Camus eta Foucaulten aipu bana lotu beharrik sentituko. Aitor dezagun guztiontzat lasaitu ederra dela Derrida noizbait ulertu duzunaren plantak egin behar ez izatea. Orain askoz cool-ago izango da gizarte likidoaz hitz egitea (Bauman) edo modernitate berantiarraz (Giddens), eta abar.

Ez dut horrekin esan nahi frantses erreferentzien eragina desagertu denik, ezta gutxiagorik ere, baina joera aldaketa erabatekoa da: aurreko belaunaldiak frantsesez irakurtzen bazuen, oraingoak ingelesez irakurtzen du, eta horrek baldintzatu egiten du belaunaldi bakoitzak zer irakurri eta zer idazten duen. Unibertsitateari dagokionez, gainera, nazioarteko ikasleak erakartzeko lehiak eta hemengo ikasleak testuinguru globalizatura behar bezala prestatu beharrak ikasketak ingelesez eskaintzera bultzatzen ditu gure unibertsitateak geroz eta gehiago. Eta ingelesez irakasten duen irakasleak ingelesez sorturiko literatura akademikoa eta erreferentziak erabiltzeko joera izango du. Exijentzia maila, ardura eta koherentzia eskatu behar zaizkio intelektual berriari, ingelesaren uholde honetan homogeneizatzearen eta pentsamolde bakarraren uretan ito ez gaitezen denok.

La Grandeur de la France? Ia-ia konturatzeke hauts bihurturik, eta beste bigarren mailako hizkuntzekin lehiatu beharrean. Ataka horretatik irteteko formularik ez eskatu hauteskunde hauetako hautagaiei. Errazago izango zaie krisiarentzako konponbidea aurkitzea, historiaren erlojua hankaz gora jartzea baino.

TELEBISTATIK, AURREZ AURRE IKUSTERA

Bob Esponja pertsonaia ezagunaren jarraitzaileek, haren istorioak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, igande honetan, Donostiako Gaska kiroldegian. Izan ere, Bob Esponja, la esponja que podia volar musikalaren bi emanaldi eskainiko dituzte: ...

LEHEN TITULUA IRITSI DA ORDIZIARA

Ampo Ordizia errugbi taldeak bere historiako lehen titulua eskuratu zuen igandean, Espainiako Kopako finala irabazita. 30-27 irabazi zion El Salvador taldeari, Palentzian (Espainia) jokatutako partidan. Ordiziako taldeak gaizki hasi zuen partida, eta ...

“Euskal musika, rocka eta iraultza elkartzen hasi ginen”

Moskuko Eskiña tabernan, kafe baten inguruan, garai zaharrak gogoratzen hasi da Pablo Susperregi Katu (Irun, 1962). "Hemen atzean agertokia jartzen zuten, kontzertuetarako". Garai batean, Irungo toki biziena izan zen Mosku izenekoa, eta bertan mamitu ziren orduan gazteriak zituen amets eta nahi asko. Horietako batzuk musikaren bitartez zabaldu nahi izan zituen Katuk, Baldin Bada taldearekin. Taldeko abeslaria izan zen 1980ko hamarkadaren erdialdean sortu zutenetik 1996ko ekainera arte, azken kontzertu ofizialera arte. Hitz egiten aritu den bitartean, apenas eman dion kafeari zurrupadarik. Kafea hoztu zaio. Elkarrizketa zalea ez dela esan arren, gustura egon da kontu kontari izan zenaz, denaz eta izan daitekeenaz.

Taldea desegin, eta 1996ko uda hartan bertan lan bila hasi zen Susperregi: "Ez nuen musikarekin harremana zuen deus ere egin nahi. Aldatu nahi nuen, eta koinatarekin iturgintzan hasi nintzen". Hamabost urte egin zituen lan iturgin moduan; orain, langabezian dago. Bi seme ditu, eta aitortu du musikarekin harreman txikia duela. "Dena etxean daukat, anplifikadorea, gitarrak... Nire kabuz gauza batzuk egiten ditut. Baina zain nago". Izan ere, bi semeak koskortzeko zain dago musikaren mundura berriz ere bueltatzeko, senak hori eskatzen diolako, baina ez dago ziur nola aurre egingo dion munduari berriz ere anplia eta gitarra lanabes dituela: "Ez da izango profesional tankerako zerbait. Beharbada, Internet erabiliko dut horretarako. Aterako zaidana egingo dut, estilo zehatzik ez diot jarri nahi egingo dudanari. Musika bizioa edo gaitza da niretzat".

Musika barruan du Katuk, "ezin da galdu". Buruan musika egiten jarraitzen duela dio, eta zer esateko baduela, nahiz eta batzuetan pentsatzen duena paperean jartzea kostatzen zaion: "Beharbada egiten dudanarekin oso kritikoa naizelako edo lehengo indarra ez daukadalako".

Eta betaurrekoak? Ez ditu! Baldin Badako abeslari izandakoa gauza askogatik izan zen ezaguna, eta horietako bat betaurrekoak ziren. Beharbada, musika talde indartsuen estetikarekin bat ez zetorren ezaugarri bat zen, baina hala zen. "Betaurrekoak? Bista berreskuratzen ari nintzela esan zidaten, eta kendu egin nituen. Beharbada, jendeak orain gutxiago ezagutzen nau kalean, baina badira oraindik nitaz oroitzen direnak". Taldearen lau diskoetako argazkietan betaurrekoekin ikus daiteke Katu: Lur azpian bukatuko duzue (Oihuka, 1986), Baldin Bada (Oihuka, 1990), Lurralde kolpatuak (Oihuka, 1991) eta Erraien iraultza (Esan Ozenki, 1995). Diskoez gain, hainbat talderekin egindako diskoetan parte hartu zuten, baita Irungo AEK euskaltegiak 2004an 14. Korrikaren harira bultzatu zuen Irungo AEK-ko beteranoak lanean ere.

Borroka, oholtza gainetik

Euskal Herriko egoera berezia zen 1980ko hamarkadan, Baldin Bada sortu zenean. Politikan, ekonomian, lan munduan, kulturan eta gizartean gatazka aroa izan zen. Gatazka horien partaide sentitzen ziren Baldin Badakoak, eta horien gainean zuten iritzia emateko eta zabaltzeko sortu zuten taldea. "Zergatik kantautoreetara mugatu bakarrik borrokarako musika? Gure musika rocka, ska edo reggaea zen. Euskal musika, rocka eta iraultza elkartzen hasi ginen". Irun, gainera, borrokaren mapa horretako gune gorrietakoa zen, bertan kultur mugimendu askotarikoa sortu zelako, Kortatu, Vomito, Anti Regimen, Crimen eta gisa horretako taldeekin. "Garai horretan, dantzaldietarako talde bat genuen. Grabaziorako mahaitxo bat eta materiala bagenuen, eta denen maketak grabatzen hasi ginen. Irungo talde guztiak pasatu ziren gure lokaletik grabatzera. Guk ere olatu horretan sartu nahi genuen".

Ska estetikarekin —militarren botak, ile kaskamotza, tiranteak— hasi ziren oholtzara igotzen, baina etengabeko bilakaera izan zutela onartu du Susperregik. Lehenengo diskotik laugarrenera alde izugarria dagoela, alegia: "Lehenengo diskoa eta azkena entzunez gero, zaila litzateke talde berberak egin zituela pentsatzea, baldin eta diskoaren azalean Baldin Bada jartzen duela ikusiko ez balitz...". Beti gauza antzekoak egiteaz aspertzen zirela dio, eta nahasketaren alde egin zuten. Garai horretan, teklatua zuen talde bakarrenetakoa zen Irungoa, gainera. Eta, estilo horrekin, teklatuak barne, Euskal Herrian ia ereserki bihurtu diren abestiak sortu zituztela jakin badaki Katuk. "Polita da horiek entzutea egun, abestiak bizirik daudela sentitzea. Interneteko bilatzailean abesti ezagun horiek jarriz gero, lehenengo ateratzen diren erreferentziak kantu horien bertsioenak dira, ez gureak!".

Entseguak, kontzertuak, festa... Oso garai biziak bizi izan zituen Katuk Baldin Badaren garaian. Dena oso azkar pasatu zitzaien; "gauza gehienak politak izan ziren. Ia familia bat ginen. Pentsatzen genuena esaten genuen. Ez genuen jendeari bidea erakusteko bokaziorik, bakoitzak bere bidea egitearen aldekoak ginen. Gutxi aldatu naizela uste dut. Familia badut, hori berez aldaketa da. Nik berdin-berdin ikusten dut neure burua, ordea. Tira, orain apenas egiten dudan parrandarik!".

Mundua aldatzeko bidea ez du utzi Susperregik. Esaterako, Irungo Alarde Parekideko jenerala izan zen bi urtez. Beti antimilitarista izan da Katu, eta alardeko jenerala izatea kontraesankorra izan zitekeela pentsatu arren, egoera "jasanezina" zelako, Alarde Parekidean ateratzeko erabakia hartu zuen. Teknologia berriak ere mundua aldatzeko bide moduan ulertzen ditu. Facebook bidez hitzartu zen elkarrizketa hau: "Dagoena erabili behar da".

“Ekintzen artean sinergia sortzea eta elkarri laguntzea da Ariolaren helburua”

Ariola kultur taldeak Ariola Eguna ospatuko du maiatzaren 5ean Zarautzen, egitasmoa ezagutarazteko herrian. Herriko kultur arloarentzat espazio bakarra aldarrikatzen dute taldeko kideek, herrian mugimendua bai baina azpiegitura egokirik ez dagoelakoan. Are gehiago, azken asteetan herriko zinema areto eta antzoki bakarrak itxi dituztenean.

Ariolako kidea da Kattalin Urzelai Gonzalez Txabarri (Zarautz, 1986). Arkitektoa izateko ikasketa amaierako proiektua egitea falta zaio Urzelairi, eta proiektua Ariola egitasmoaren inguruan egitea erabaki du. Ariolaren helburuetarako herriko eraikin egokiena Putzuzulo gaztetxea dela ondorioztatu zuten kultur taldeko kideek, eta hura eraberritzearen eta espazio soziokultural bat egitearen inguruan ari da lanean Urzelai. Gauzak ondo bereizi nahi ditu, ordea: "Proiektua nirea da; bi gauza paralelo dira. Ariola ez dago proiektu horren atzean, oraindik ez dakigulako zer aukera ditugun".

Zein helbururekin jaio da Ariola?

Azpiegitura aldetik Zarautzen dagoen gabezia bete nahi dugu. Orain, esaterako, Modelo zinema eta Lizardi antzokia itxi dituzte, eta herrian ez dago ez zinema aretorik, ez antzokirik. Hortaz, ekintza horiek guztiak kalean egin beharko dira, eta eguraldi txarrarekin ezingo dira egin. Badago gabezia gehiago ere: zenbait espazio falta dira, jendeak eskatu arren. Arlo horiek guztiak barruan izango dituen gune bat lortzea da helburua, sinergia bat sortzeko ekintza guztien artean eta Zarauzko hutsune hori betetzeko.

Udalaren edo beste norbaiten aldetik proposamenik jaso al duzue eraikinei dagokienez?

Udalak azterketa bat egin nahi duela esan digu; esan digu kultur arloan duen ondasun hori Zarauzko beharretara bideratu nahi duela. Horretarako, Zarauzko eragileekin elkartuko da udala.

Udalarekin harremanetan dago Ariola.

Abenduan hiru egunetako jardunaldiak egin genituen: udala gonbidatu genuen, eta gure printzipioekin bat egiten zuela esan zuen, baina ez gure ondorioekin. Hau da, gure ustez, eraikin berri bat egiteko dirurik ez badago, aukerarik onena Putzuzulo gaztetxea eraberritzea da. Baina udala ez da sartzen gaztetxeko proiektuan: dirurik ez dutela diote, eta egia da. Gainera, eraikin hori Munorena da, eta hor dago Salberdingo proiektua ere. Beraz, espazio aldetik oraingoz guk ere ez dugu planteamendu zehatzik: Ariolan badugu diagnosi bat, baina udalak egingo duen azterketa horren zain gaude oraingoz.

Nola dago orain Ariola egitasmoa?

Herriari Ariola ezagutarazten ari gara. Badakigu gure gertuko jendeak ezagutzen duela, baina jende askok ez daki zer den oraindik. Horregatik, aurrena nahi dugu jendeak ezagutzea zer den egitasmoa, eta gero hasiko gara jendearekin batera lanean.

Horregatik antolatu al duzue Ariola Eguna?

Bai. Guk ikusten ditugun azpiegitura eta espazio falta hori kalera ateratzeko antolatu dugu eguna. Agerian utzi nahi dugu zer ekintza, zer mugimendu eta zer kultura ekintza dauden herrian, tokirik ez dutenak. Beste askok badute espazioa, baina bakoitza punta batean bere burbuilan sartuta aritzen da lanean, eta ez zara enteratzen albokoa zertan ari den. Horregatik nahi dugu denontzat espazio bakarra, ekintzen artean sinergia sortzeko eta elkarren berri izan eta elkarri laguntzeko.

Espazio hori erdigunean egotea garrantzitsua al da zuentzat? Bestela, aukerak egon daitezke Abendaño industrialdean edo Ebro Etxea gunean, ezta?

Abendañokoa ez dugu planteatu ere egiten, eta udalak ere ez digu aipatu; hori aurreko udal gobernuak planteatu zuen. Ebro Etxeari dagokionez, udalak zerrendatuak dituen beste eraikinen arazo bera du: ekintza horiek espazio bakar batean sartzeko oso mugatua dela. Zerbait handiagoa behar da. Salberdingo partzela eta Kortazarreko zelaia daude herrian, baina udalak dirurik ez badu, eraikin berri bat egiteak ez dauka zentzurik: hobe da eginda dagoen eraikin bat berrerabiltzea.

Modelo zinema izan daiteke, adibidez?

Pribatua da, saltzeko diru asko eskatzen du jabeak, soto handia du baina ez dago nahikoa toki gauza guztietarako: antzoki bat eta zinema txiki bat egin daitezke, besterik ez.

Egoera ikusita, ez al duzue planteatu espazio bakarra aldarrikatu beharrean beste era batera koordinatzea?

Bai, eta hori da udalak proposatu diguna. Oraindik eztabaida dugu horren inguruan, baina hasieratik garrantzia eman zaio espazio bakarra izateari, sinergia hori sortzera bidean hori da helburu nagusietako bat; hortik jarraituko dugula uste dut.

Jardunaldietan Ariolak hainbat printzipio egin zituen bere. Horrek ez al ditu bazterraraziko kulturako zenbait eragile?

Askotan hitz egin dugu horretaz. Esaterako, guk oso argi dugu euskalduna eta euskaltzalea dela proiektua, nahiz eta horrek zenbait jende kanpoan utzi. Feminista izatea da beste printzipioetako bat, baina ez dut uste inor kanpo uzten duenik; besteak baino gehiago sentitzen den gizon edo emakumerik badago, horiek egitasmoan egoteak ere ez dut uste ezer onik ekar dezakeenik.

Maiatzaren 5aren ondoren, aurtengo urterako helburu zehatzik ba al duzue?

Ez, pausoz pauso goaz. Orain udalak azterketa hori egingo duenez, ikusteko dago hortik zer aterako den eta Ariolak zer iritzi eta zer planteamendu azalduko dituen.

Kalean ere, eskubideen alde lanean

Krisiaz eta langabeziaz mintzo dira estatistikak, politikariak eta enpresaburuak. Hilero-hilero, langabeziari buruzko datu beldurgarriak ematen dira argitara; milaka pertsona gelditu dira kalean, eta, apurka, benetan kalea hartzen hasi dira. Gipuzkoan...