Bizitza pedalkadaka osatzen duenari ezin zaizkio bideak itxi. Hegan egin nahi duenari hegoak moztea bezala delako. Horregatik, bizikletan umetatik aritu denari aurrerako bidea bi gurpilen gainean egiteko aukera eskaini behar zaio.
Hain zuzen, asmo horrekin sortu berri da Gipuzkoan Gopar-Ikolan Lanaldi txirrindulari taldea. Ordiziako, Beasaingo, Andoaingo eta Tolosako txirrindulari taldeen elkarlanetik sortu da, eta afizionatuen mailan dabiltzan txirrindulariak hartzen ditu bere barnean. Hutsune hori betetzeko helburuarekin jaio da.
Maila baxuenetan aritzen diren txirrindulariei babesa ematen dieten makina bat klub egon badaude, gaur egun, Gipuzkoan. Haurrak, kimuak eta benjaminak txirrindulari eskolan aritzen direnak dira, federatu gabekoen kategorian. Federatuenean daude, berriz, kadeteen eta gazteen mailan aritzen direnak. Afizionatuen mailara saltoa eman nahi zuten txirrindulariak, ordea, talderik gabe leudeke, baldin eta Gopar-Ikolan Lanaldi sortu izan ez balitz.
Santi Osoro Ordiziako txirrindulari eskolako arduradunak azaldu duenez, "afizionatuetara saltoa eman nahi duten txirrindulari gipuzkoarrek bertako talde batean aritu beharra daukate, gutxienez lehendabiziko urtean, gaur egun indarrean dagoen lege baten arabera". Orain arte, txirrindulariek Belca taldean egiten zuten afizionatuetako lehendabiziko urtea —Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolak kudeatzen zuen Belca—. Taldea, ordea, babeslerik gabe geratu zen. Honela azaldu du Jabier Goenaga Oriako taldeko presidenteak taldearen amaiera: "Hamabi urtez egon zen talde hura indarrean, baina krisiaren itzala guganaino ere iritsi da. Eta, hala, Belcak gure babesle izateari utziko ziola jakinarazi zigun".
Gipuzkoa txirrindulari afizionatuak bilduko zituen talderik gabe gelditzekotan zen. Hori horrela, eta mailaz igotzeko hainbat gazte gogotsu zeudela ikusita, Ordiziako, Beasaingo, Andoaingo eta Tolosako txirrindulari eskoletako ordezkariak bildu eta lanean hasi ziren. "Bila ibili eta gero, talde berria sortzeko babesleak lortu genituen azkenean", azaldu du Osorok.
Historia eta ibilbide guztiz ezberdinak dituzten lau talderen elkarlanetik jaio da, beraz, Gopar-Ikolan Lanaldi, baina badute guztiek lotzen dituen zerbait: txirrindularitzarekiko duten grina.
Sentimendu horren haritik gorpuztu da asmo bat, eta, orain arte bezala, txirrindulariak trebatu eta pertsonak hezteko ahaleginean jarriko dituzte indarrak. Alde horretatik, txirrindulari eskolek duten filosofia berarekin jarraitzeko asmoa dute talde berrian ere. Txirrindularientzat "gogorra da" jubeniletatik afizionatuetarako saltoa, Osororen hitzetan. "Baina, gainera, bizitza pertsonalean ere aldaketa askori aurre egin behar diete, askok urte berean hasten baitituzte, adibidez, unibertsitateko ikasketak ere", gaineratu du.
Horregatik, txirrindulariei ahalik eta zentzu zabalenean babesa ematea da talde berriaren asmoa. Emaitzak exijitzetik harago, euren ikasketak burutzea eta pertsona moduan garatzea taldearen helburuen eta lehentasunen artean daude, betiere txirrindulariei inplikazioa eta konpromisoa eskatuz.
Talde berria martxoaren 9an aurkeztu zuten, Beasaingo Castillo hotelean, eta hamasei txirrindulariz osatuta dago. Oraingoz, hauek arituko dira taldean: Asier Gandarias, Alain Lopez, Aitor Loiarte, Julen Oria, Asier Unanue, Igor Romero, Aitor Landa, Julen Izagirre, Ander Altuna, Jon Garmendia, Igor Jauregi, Aritz Elustondo, Xabier Perez, Eneko Garcia, Aitor Ocampos eta Xabier Iriarte.
Goiz da oraindik taldearen etorkizunaz hitz egiteko; horregatik, oraingoz, aurrera begira dituzten lasterketetan daukate jarrita gogoa taldeko kide guztiek. Euskaldun eta Lehendakari txapelketek beteko dituzte egutegiko lehen postuak. Ondoren, Gipuzkoan egiten diren Espainiako Kopako probei helduko diete: Asteasun, Balentziaga memoriala eta Legazpin, Santikutz proba, jaien barruan antolatzen dutena. Uda aurretik etorriko dira Bidasoko eta Arabako itzuliak ere; ondoren, udan, Espainiako txapelketei helduko diete. Guztira, 50 bat lasterketa egun pilatzen ditu datozen hilabeteetako egutegiak.
Hemendik aurrerako bidea bizikleta gainean egiteko aukera izango dute, hortaz, txirrindulari gipuzkoarrek, pedalkadaz pedalkada euren etorkizuna osatzen joateko.