Sailkatugabeak

Hautatu dituzte Huhezinemako finalean izango diren hamar film laburrak

Aurten, bosgarren aldiz egingo dute Huhezinema euskal film laburren jaialdia, eta hautatu dituzte finalera ailegatu diren hamar film laburrak. Orotara, 130 lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, eta Aukeraketa Batzordeak hamar film labur hautatu ditu horietatik. Honako hauek dira: Ekaitza (Alberto Gastesi), Ismalia (Xabier Cereceda-Hoz), Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro), Superzebraman (Javier Urtasun), Istmo (Alberto Gastesi), Dicen (Alauda Ruiz de Azua), Garaipena (Esteban Ramos), No se qué hacer contigo (Miguel Campion), She's Lost Control (Haritz Zubillaga) eta Por los camareros (Javier Etxaniz-Gregorio Muro).

Hamar finalista horien artean, hiru sari banatuko dituzte. Hiru sari horietatik lehen biak epaimahai ofizialak ebatziko ditu; alegia, ikus-entzunezkoen sektorean diharduten hainbat adituk osatutako epaimahai batek. Euskarazko film laburrik onenari 1.000 euroko saria emango diote, eta film laburrik onenari, 600 eurokoa. Publikoaren boz gehien jasotzen duen lanak, berriz, 400 euroko saria jasoko du.

Huheziko ikasleek egindako lanak ere sarituko dituzte. Epaimahai ofizialak 500 euroko saria emango dio film laburrik onenari. Publikoak, berriz, fikziozko film labur onena sarituko du, batetik, eta dokumental onena, bestetik.

Jaialdia maiatzaren 8tik 10era bitartean izango da, Eskoriatzan eta Aretxabaletan. Azken egunean banatuko dituzte sariak.

Denda erotikoa, etxean bertan

Ostiral gaua da. Espero baino egun luzeagoa izan da lantokian, eta etxeratzeko gogoz zaude. Etxean sartzean, baina, ez dago sukaldeko argia piztuta. Gaur bikotekideari tokatzen zitzaion afaria prestatzea, baina ez duzu entzuten zartagin hotsik, ezta janari gozorik usaintzen. Horren ordez, korridorearen bukaeran dagoen logelaren atetik, argi mehe eta dardarati bat ikusten duzu. "Ba al dago inor etxean?", galdetzen duzu, eta erantzuna logelatik iristen zaizu: "Bai, zure zain nago, laztana". Aspaldi ez zaituela horrela deitzen, eta irribarrea irudikatu zaizu ezpainetan. Logelara gerturatu ahala, usain gozo bat nabaritzen duzu. Ez dakizu zer den zehazki, baina atsegin duzu. Logelan sartzean, kandela bat ikusten duzu ohe ondoan, eta bikotekidea, erdi biluzik, eskua zuregana luzatuta. "Gaur tupper sex saio bat izan dugu lagunekin", esaten dizu, "eta erositakoa erakutsi nahi dizut". Arropa erantzi ahala, pixkana eguneko nekea desagertuz doala nabaritzen duzu…

Tupper sex zerbitzua hainbat denda erotikotan eskaintzen dute, eta gero eta arrakasta gehiago ari da izaten. Denda horietako bat da Tolosan dagoen Bizi Bixi. Bertako arduraduna da Alicia Melo Alfageme, eta lau urte daramatza tupper sex zerbitzua ematen: denda ireki zuenetik. "Ezagutu den arte zer den, pixka bat kostatu da zabaltzea", esan du Melok. Tupper sex deitzen bazaio ere, maleta bat eraman ohi du, eta barruan, dendan dituen produktuak, bezeroei erakutsi eta azaltzeko. Melok dioenez, ahoz ahokoak asko funtzionatzen du: "Jendeak ikusten du ondo pasatzen duela horrelako saioetan, eta bere ezagunei esaten die. Dendara gehiago kostatzen da sartzea, eta, horrelako bileretan, beste giro batean ezagut daitezke produktuak".

Lotsagatik baino gehiago jendeak pentsatuko duenagatik ez dela jendea denda erotikoetan sartzen dio Melok: "Behin barruan dagoela, bezeroak ez du arazorik izaten galdetzeko edo produktuak ikusteko". Tupper sex-ak, ordea, edozein lekutan egiteko aukera eskaintzen du: etxeetan, elkarteetan, lantokian... "Azken finean, zerbitzua eskatzen dutenek beren pribatutasuna behar dute", adierazi du Melok.

Bezeroa edozein izan daitekeela dio: bikoteak, neska edo mutil kuadrilla, edo biak nahastutako taldea. Hala ere, gehienetan neska taldeak izaten dira zerbitzua eskatzen dutenak. Bilera dibertigarriak izan ohi direla esan du Melok, eta, horrez gain, sexuarekin zerikusia duten produktuak ezagutzeko bide bat dela nabarmendu du: "Batzuek gutxi dakite produktu hauei buruz. Bibradore bat ikusita, denak ikusi dituzula esan daiteke, baina aukera zabala da".

Erakusketa txiki bat

Tupper sex saioetara eramaten diren produktuak ez dira beti berberak. "Bezeroak eskatzen duenaren araberakoa izaten da", dio Melok. "Betiere saiatzen zara ahal den aukera zabalena eramaten, baina, horrez gain, zenbait bezerok produktu jakin bat eramatea eskatzen dute".

Halere, maletan beti egoten dira zenbait produktu. Horien artean, krema lubrikatzaileak eramaten ditu Melok, berotzekoak eta hainbat zaporetakoak, eta bizigarriak. "Azken finean, krema hodi-zabaltzaileak dira", azaldu du. "Odol zirkulazioa handitzen dute, eta, gehiago nabaritzen duzunez, sentsazioa atseginagoa da". Kremei dagokienez, gizonezkoentzat eiakulazioa atzeratzen dutenak ere eraman ohi ditu.

Ohiko beste produktuak kandela usaindunak dira. "Kandela urtutakoan gelditzen den likidoa masajea emateko erabil daiteke, eta ez du erretzen", azaldu du denda erotikoko arduradunak. "Gorputzean zabaltzen den eta jan daitekeen txokolatea ere erakusten dut". Horrez gain, bola txinatarrak ere beti joaten dira maletan: "Jendeak uste du orgasmikoak direla, baina berez pelbiseko zorua indartzeko balio dute". Bibradoreak ere ohiko produktuak dira. "Askotan txikiak erosten dituzte, bikotekidearekin jolaserako aproposagoak izan daitezkeelako", dio Melok. "Gizonezkoentzako arrautza masturbatzaileek eta eiakulazioa atzeratzen duten eraztunek harrera ona izaten dute".

Lotsa gabe, ezagutzeko irrika

Tupper sex saio batean parte hartutakoa da Vanessa Alzate. "Hamar lagun bildu ginen nire etxean. Lagun baten ezkondu aurreko agurra antolatu behar genuen, eta, ohiko bazkari eta jaiaz gain, zerbait bereziagoa egin nahi genuen", azaldu du. "Striptease-ak eta horrelakoak ez zaizkigu askorik gustatzen… Baten batek gozo denda erotiko batean pastel erotikoren bat erosteko proposamena ere egin zuen… Eta hortik, tiraka, tupper sex-era iritsi ginen".

Naturaltasunez hartu zuen lagun taldeak horrelako bilera egitea. "Egia esan, gure kuadrillan ez dugu egunero-egunero sexu kontuez hitz egiten, baina ez gara askorik lotsatzen ere, naturaltasunez hitz egiten dugu", azaldu du. Ezkongaiak ez zekien ezer eta maleta irekitzerakoan barrez hasi zen, baina ez zen bakarra izan. "Gu ere barrez hasi ginen. Lotsatuta baino gehiago, maletan zer zegoen ikusteko irrikan geunden. Eta, nire ustez, oso ondo antolatuta zegoen bilkura", oroitu du.

Produktuen inguruko azalpenak jasotzeaz gain, ikusteko eta usaintzeko aukera izatea "oso ondo" ikusten du Alzatek. "Dendara joanda galdetu dezakezu noski, baina, beharbada, momentu horretan ez zaude eroso, dendan ez dakit zein dagoelako... edo auskalo! Eta bilera horretan desberdina da; lasai zaude, lagunartean, edozer galdetzeko moduan".

Esperientziarekin oso gustura dagoela dio Alzatek: "Hurrengo egunetan txantxa pixka bat ere izan genuen gure artean… Bestela ere ez gara askorik lotsatzen, baina honek gehiago irekitzeko balio izan zigun".

“Opera da abeslari liriko baten xedea”

Lirikaren munduaren alde onak eta txarrak, biak ezagutu ditut". Horixe dio Naroa Enekotegik (Eskoriatza, 1977). 11 urte zituen eta Lekeitioko abesbatzan aritzen zen opera abeslari izatera eramango zuen bideari ekin zionean. Jose Ramon Arteta hasi zen orduan abesbatzan zuzendari lanetan, Ainhoa Arteta opera abeslariaren aita. Segituan ohartu zen zuzendaria Enekotegiren ezaugarriaz; mezzo-sopranoen ahotsa zuen. Aurreneko urteetan, hura izan zuen irakasle. 14 urte bete zituenean, ordea, Atlantikoa zeharkatu, eta New Yorkeko (Ameriketako Estatu Batuak) irakasleak ezagutu zituen: "Lehen bidaiak Jose Ramonekin berarekin egin nituen, eta hark alabaren bitartez ezagutzen zituen irakasleak aurkeztu zizkidan".

19 urtera arte, urtean hiru aldiz New Yorkera joanez sakondu zuen lirika teknikan. 19rekin, apustu handia egin zuen: hara bizitzera joatea eta lirika ikastea. "Hartzen nituen eskola guztiak pribatuak zirenez, ikasle bisa eduki ahal izateko ingeles ikasketak ere egin nituen".

Ahaleginak eman zituen bere fruituak ere, opera abeslari lanak egiteko aukera izan baitzuen: "Bi urtez kontratatu ninduten New Yorkeko Da Capo antzokian, opera ikuskizunetan aritzeko". Hala, ikasitako errepertorioa zabaldu zuen denbora hartan. Guztira, lau urtez izan zuen mundu hori lanbide.

Orain sei urte, familiako kontu batzuk zirela medio, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Hango irakasleak esana zion "teknikoki oso ondo" zegoela, hango errepertorioa ere "egina" zuela eta ez zitzaiola gaizki etorriko Europara etorri eta hemengo errepertorioa egitea.

Etorri, eta ez zuen esperotakorik aurkitu, ordea: "Zortzi urtez han egon ondoren, hemengo maisuekin ez nintzen oso gustura sentitu, ez zen berdina. Ni erradikala naiz, eta dena utzi nuen". Orain urtebetera arte. Izan ere, mundu horretan buru-belarri sartuta jarraitzen du gaur egun, beste alderdi batetik bada ere.

Aurreko urteetan hartutako esperientziarekin eta teknika aldetik ikasitako guztiarekin, zekiena irakaskuntza aldera bideratzea erabaki zuen. Abeslariei eskola partikularrak ematen hasi zen, eta hortik gainerako guztia: "Berriz harra piztu zitzaidan; izan ere, abestea da nire mundua. Eta, hala, kontzertuak ematen hasi nintzen". Onintza Agirre haren lehengusina piano eta organo jotzailea da, eta, hura lagun hartuta, emanaldiak eskaintzen hasi zen. Maiatzetik aurrera saio gehiago emateko asmoa du. Operaren mundua ez ezik, lirika kontzertuena ere "zaila" da, ordea: "Krisi garaia ez da onena guretzat, baina kostuak gutxitzeagatik saioak elizetan egitea erabaki dugu, organoekin, udalek pianorik alokatu behar izan ez dezaten". Oraingoz, baina, ez daukate saiorik lotuta; "horretan ari gara".

Beste proiektu bat ere badu esku artean: abeslarientzako hitzaldiak antolatu nahi ditu. Izan ere, arlo horretan hutsune handia dagoela uste du: "Gazte batek, abeslari izan nahi duenean, normalean kontserbatoriora jotzen du. Gero, eskola partikularrak hartzen hasten da, ordea, eta hor iruzurgile asko dago". Enekotegirentzat oso garrantzitsua da irakasleak egoki prestatuta egotea, gero ondo irakasteko: "Abeslari eta ahots on asko galtzen dira irakasle txarren erruz, eta pena handia da hori. Amorru handia ematen dit, askotan jendeak dirutza ordaintzen duelako, gainera".

Hitzaldietan abeslariei "oinarri orokorrak" eman nahi dizkie, baita "irakasle ona zein den antzematen jakiteko jarraibideak" ere. Horretarako, abeslari profesionalen laguntza izango du. Orain bi urte, esaterako, Iruñean antolatu zuen ikastaro batean Isabel Rey sopranoa izan zuen lagun: "Isabelek bere esperientziatik hitz egiten du hitzaldietan; abeslari gazteei norabide egokia hartzen laguntzen die. Oinarrizko teknikak edozein abeslariri balio dio, ez lirikoei bakarrik". Proiektua zehazteko dute oraindik. Azpimarratu duenez, ordea, gazteentzat izango da, "16 eta 25 urte bitartekoentzat".

Gipuzkoan operak tokirik ez

Gipuzkoan operarekiko afiziorik ba al dagoen galdetuta, Enekotegik argi du baietz. Aukerak dira falta direnak, haren ustez: "40 urtetik gorako herritar askok du gustukoa opera, baina antzokiak eta emanaldiak falta dira". Bilbon OLBE operazaleen elkarteak opera denboraldia antolatzen du urtero, eta hara "gipuzkoar asko" joaten dela uste du abeslariak: "Emanaldiak 20:00etan hasten dira, Euskalduna jauregian, eta Donostiako Anoeta estadiotik jendez betetako autobusak joaten dira hara; zalea ez bazara, ez zara autobusez Gipuzkoatik haraino joaten". Gaur egun, Donostian "urtean behin bakarrik" ematen dituzte opera saioak: Musika Hamabostaldian.

Zaleei dagokienez, gazteen artean egiteko lan asko dagoela deritzo, eta beste herrialde batzuetan txiki-txikitatik mundu horri garrantzi handiagoa ematen zaiola gogorarazi du: "Italian, Suitzan eta Suedian, esaterako, txikitatik gerturatzen dituzte musika klasikora. Hemen gazteei galdetzen diedanean opera gustuko duten, aspergarria dela erantzuten didate. Baina, benetan, ez dute aukerarik eduki opera ezagutzeko. Ez diegu eman aukera hori".

Krisi betean aukerak badaudela dio: "Opera ekartzea garestia izaten da, azken batean ekoizpen handia eskatzen duelako. Baina Irungo Amaia antzokian, esaterako, eman berri dute koste baxuko opera bat. Aukera bat da hori. Ez daukagu zertan beti handira joan. Gauza txikiek ere balio dute". Alde horretatik, operarik ezean antzokiek eta udalek lirika kontzertuak antola ditzaketela uste du: "Kontzertu bat ez da hain garestia, eta musika mota hori eskaintzeko beste aukera bat da".

Opera eta errezitaldiak, biak ezagutzen ditu gertutik Enekotegik. Izan ere, Euskal Herrian eta Espainian kontzertu asko emana da. Gaur egun, abesteko bigarren arlo hori nahiago du opera baino: "Orain zortzi urte galdetu izan balidate, opera esango nukeen dudarik gabe; izan ere, opera da abeslari liriko baten xedea. Orain, berriz, errezitaldiak ditut nahiago. Neure buruarekin zintzoa izan behar dut; sei urte daramatzat gogor jardun eta prestatu gabe opera batean aritzeko. Gainera, kontzertuan Naroa naiz; operan, berriz, pertsonaia bat".

@sarean

Pertsona gorrentzako hainbat webgune gomendatzen ditu Euskal Gorrak elkarteak:

www.infoeg.org

www.zeinu.tv

www.pertsonagorrennazioartekoeguna.blogspot.com

www.zeinuhizkuntza.info

Jaietako lehen txanpa

San Telmo jaiak

Zumaia

Gaur hasi eta hilaren 22ra bitartean, San Telmo jaiak ospatuko dituzte Zumaian. Gaurtik astelehenera bitartean jaien lehen zatia ospatuko dute, eta bigarren eta azken txanpa, berriz, hurrengo ostiraletik, hilak 20, igandera arte.

Datorren asteburu honi dagokionez, gaur, 18:30ean, herriko hainbat abesbatzak santelmoetako kontzertua eskainiko dute. Gauean, 22:30ean, bertso jaialdia egingo dute, Aita Mari aretoan. Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Aitor Sarriegi eta Julio Soto ariko dira kantuan. Jon Maia, berriz, gaiak jartzen. 23:00etan, DJ festa izango da txosnetan.

Jaiei hasiera ofiziala, ordea, bihar emango diote zumaiarrek: 12:00etan, San Telmo ermitaren inguruan txupinazoa egiten dutenean. Jarraian, eta 14:30ean txosna eremuan egingo den herri bazkariarekin aurretik, besteak beste, Musika Eskolako trikitila- riekin jaitsiera eta Oria txarangarekin kalejira izango dira. 22:00etan, txosnetan The Fridays Crew, Kaleko Urdangak eta NPJ taldeek kontzertua eskainiko dute. 22:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan, Bide Batez taldearekin dantzaldia izango da.

Igandean, egun osoan, ekitaldi ugari izango dira. Besteak beste, santelmoetako XIV. Scalextric txapelketa eta Haurren Danborrada. 22:30ean, Danborrada Berezia egingo dute, eta ordu berean, txosnetan, Ai Ene taldearekin erromeria izango da. Gauerdian, berriz, Bixente Egaña Antia arrantzale ohiak bandera igoko du kofradian. Eusebio Gurrutxaga plazan, aldiz, Kupela taldearen erromeria izango da.

Astelehenean, San Telmo egunez, San Telmo ermitara tradiziozko prozesioa egingo dute, 10:15ean. Han, meza nagusia ospatuko dute. Eguerdian zein arratsaldean, Incansables txaranga herriko kaleetan zehar ibiliko da, eta Gorritiren saioa ere izango da, haurrentzat. 18:30ean, Urrezko Aizkolarien 2012ko Eusko Label Txapelketa jokatuko da, Eusebio Gurrutxaga plazan. 22:30ean Obaneuke taldearen emanaldiak itxiko du, hurrengo ostiralera arte, Zumaiako San Telmo jaien lehen txanpa.