Sailkatugabeak

Gora egin du Aste Santuan Donostia bisitatu duten turisten kopuruak

Aste Santuan Donostiako turismo bulegoak bisitatu dituzten turisten kopuruak gora egin duelako, eta datuak "positiboak" direla iritzita, pozik azaldu dira asteon Donostiako turismo arduradunak. Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariaren arabera, Donostiako turismo bulegoek %2,5 bisitari gehiago izan dituzte aurtengo Aste Santuan iaz baino —martxoaren 31tik apirilaren 9ra—, nahiz eta "eguraldi txarra" izan. Orotara, 11.175 bisitari. Horietatik %27 nazioartetik iritsitako bisitariak izan dira, eta bereziki azpimarratu dute Argentinatik eta Txinatik ailegatutako turisten kopurua; hurrenez hurren, zifra orokorraren %5 eta %3,8.

Josu Ruiz Donostiako Udaleko Kirol eta Garapen Ekonomikorako zinegotziaren arabera, "ez da izan suziriak botatzeko moduko Aste Santua", baina azpimarratu du eguraldi txarra izan arren aurreikusitako datuak betetzea lortu dutela. Eguraldiak terrazak dituzten lokalei "kalte" egin diela eta, aldiz, Eureka Zientzia Museoak eta Aquariumak "inoiz baino datu hobeak" lortu dituztela nabarmendu du.

Hain justu, Donostiako Aquariumak, prentsa ohar bidez, Aste Santuan izandako bisitari kopuruaren berri eman du. Ostegun santu egunetik pazko astelehenera arteko bisitarien kopuruak gora egin du. Bost egun horietan 17.601 bisitari izan dituzte, iaz baino %5,6 gehiago. Era berean, museoa berritu zutenetik izandako daturik onena ere badela azpimarratu dute. Bisitari gehien ostegunean jaso zuten: 5.082 bisitari. Gutxien, berriz, astelehenean: 2.213. Aquariumeko arduradunen arabera, datu horiek "oso positiboak" dira, eta, haien arabera, euriari zein museoak eskaintzen dituen berritasunei esker lortu dira "emaitza bikain" horiek.

Hondarribian ere, gustura

Hondarribia da Gipuzkoan turista asko biltzen dituen beste herrietako bat, eta bertako udalak ere Aste Santuko turismo datuei buruzko balantze positiboa egin du: "Hondarribia jendez beteta egon da Aste Santuan, nahiz eta eguraldiak ez duen lagundu". Udalaren datuen arabera, iragan ostegunetik astelehenera bitartean 17.715 bisitari igaro dira Hondarribiko bi turismo bulegoetatik. Martxoaren 30etik pazko astelehenera arteko datuak kontuan hartuta, berriz, 23.320 bisitari izan dira herriko turismo bulegoetan. Beraz, iazkoekin alderatuta, datuak "bikoiztu" egin direla azpimarratu dute. Bisita gidatuetan ere antzeman dute gorakada. Aurten 105 egin dituzte, eta 44 iaz. Hondarribiko hotelek %75eko betetze kopurua izan dutela jakinarazi du udalak.

Irungo Oiasso Museo Erromatarrak ere "inoizko daturik onenak" izan ditu Aste Santuan. Irungo Udalak jakinarazi duenez, 957 pertsonak bisitatu dute museoa; 2011ko egun berberetan baino bost aldiz gehiago.

Gipuzkoa barrualdeko hainbat eskualde eta herritan, ordea, turistak urrundu egin ditu eguraldiak. Seguran, esate baterako, ostegun eta ostiral santu egunetako prozesioak elizaren barruan egin behar izan zituzten, eta horrek ez zuen askorik lagundu bisitariak erakartzeko orduan. Barnealdeko hainbat landetxetan bertan behera ere utzi dituzte hainbat erreserba, baita kanpoan egitekoak ziren zenbait irteera ere.

250. urteurrena ospatzen hasita

Probidentziako Ahizpen kongregazioak 250 urte bete ditu aurten, eta, urteurren biribil hori gogora ekarri eta ospatzeko helburuarekin, 2012an jubileu urtea edo urte santua ospatuko dute. Egoitzetako bat Idiazabalen du kongregazioak. Bertan, urtarrilar...

“Gero eta errazagoa egiten zaigu rallyesprinta antolatzea”

Hondarribiko Sardara motor elkartearekin batera, Irurako Ikastola V. Ñañarri Rallyesprinta antolatzen ari da. Lehen urtetik, koordinatzaile lanak egiten ditu Iñigo Iñurritak (Irura, 1979), eta "indarrak dauden bitartean" horrela jarraituko duela dio.

180 boluntario, autoen araberako zazpi maila, Euskal Herriko txapelketarako baliagarria... Motorren eztanda bihar zortzi hasiko da, hilaren 21ean, 15:00etan.

Euskal Herrian punta-puntako proba antolatzen duzue. Nola aurkezten da horrelako auto lasterketa bat?

Euskal Herriko txapelketan hamar bat rallyesprint puntuagarri daude, eta horietako bat Ñañarrikoa da. Gidarien artean estimu handia duen proba da gurea; bai ibilbideagatik, baita antolakuntzagatik ere. Lana serio egiten saiatzen gara, denak ahalik eta gusturen gelditzeko.

Serio, eta auzolanean.

Hainbat talde edo arlotan banatzen dugu antolakuntza, eta auzolanean eta musu truk aritzen gara. Auzolanean ibiltzen garenok, gainera, dirua galtzen dugu normalean.

Bosgarren urtea da aurtengoa. Indarrak ez al dira akitzen?

Momentu honetan, rallya antolatzea gero eta errazagoa egiten zaigu. Zorionez, ia taldeburu guztiak lehengo berak dira, eta horrek lana asko errazten du: bakoitzak argi dauka zer egin behar duen. Indarrak dauden bitartean, hor jarraituko dugu.

Irurako Ikastolaren alde ari zarete lanean. Nondik sortu zen rallya antolatzeko ideia?

Ikastolak 2007an Kilometroak jaia antolatu behar zuen. Konturatuta geunden, nahiz eta Kilometroak oso ondo joan, aurrera begira ekintzak egiten jarraitu beharko genuela, diru beharrean jarraituko baitzuen ikastolak.

Egin berria den eraikuntza ordaintzeko.

Eraikuntza bat gastu handia da, eta, gainera, berez, beste baten beharra dago. Herriko lokal asko ikastolaren funtzioa egiten ari dira, eta Irurako ume guztiak elkartuko bagenitu, beste eraikin bat beharko genuke. Une honetan hori ezinezkoa da, aurrekoa ordaintzen ari baita ikastola. Kilometroen urtean, beraz, hori jakinda, aurrera begirako planteamendu batzuk egin genituen. Kilometroak hitzak ate asko irekitzen ditu, eta rallyaren ideia hortik atera zen. Kilometroen babes horrekin, Alegia, Orendain, Abaltzisketa eta Amezketako udalekin hitz egin, eta baimenak lortu genituen. Ondo funtzionatzen zuela ikusi genuen, eta etekinak ematen zituela.

Zenbateko aurrekontua duzue?

Rally bat antolatzeko, 18.000-20.000 euro behar dituzu. Horietatik sei bat mila euro gidariek jartzen dute, inskripzioarekin. Auto bakoitzak parte hartzeagatik 130 euro ordaindu behar ditu, eta 60 auto inguru ateratzen direnez… Diru horrekin asegurua ordaintzen dugu, aurrekontuaren heren bat. Beste heren bat publizitatearekin lortzen dugu, hortxe ibiltzen gara borrokan; niretzat hori da lanik gogorrena, arrotzena. Azken herena ikusleek ordaintzen duten sarrerarekin biltzen dugu. Egunean bertan saltzen dira sarrerak, eta, gutxi gorabehera, eguraldia tarteko, 3.000 ikusle inguru etortzen dira Ñañarriko rallyesprintera.

Publizitate eske ibili zaretenean, krisia nabarituko zenuten, ezta?

Egia esan, ez asko; oso gutxi, baina goraka egin dugu. Nire ustez, rallyaren ospeagatik izan da hori. Kartelean autoaren argazkia sartzeko ere justu ibili gara.

Izen handiko partaideak irteten dira Ñañarriko rallyesprintean. Nola erakartzen dituzue?

Futbolarekin alderatuko bagenu, liga bezalakoa da: puntuak lortu nahi badituzu, partidak jokatu behar dituzu. Proba batera ez bazara joaten, zure aurkariek puntuak lor ditzakete, eta aurrea hartuko dizute. Orduan, liga irabazi nahi duenak parte hartu beharra dauka.

Ibilbideari dagokionez, zein da gidarien iritzia?

Teknikoki asko gustatzen zaie, eta errepidea ere txukun dago. Lehen zatia, Alegiatik Orendainera bitartekoa, oso teknikoa da. Bihurgune ugari daude: irekiak, itxiak, geldoak, azkarrak… Bigarren zatia, Orendaindik Abaltzisketarako tartea, oso azkarra baina aldi berean itsua da. Bihurgune azkarrak daude, baina ez duzu ikusten ondoren zer dagoen. Azken zatia, Abaltzisketa eta Amezketa artekoa… balaztek irauten duten bitartean, aurrera.

Zein sari banatzen dituzue?

Orain arte derrigorrezkoa zen saritan 6.000 euro banatzea, baina krisiarengatik federazioak aldaketak egin ditu; aukera desberdinak jarri ditu: 2.000, 4.000 edo 6.000 euro banatzeko aukera dago. Sarien arabera, koefiziente bat dauka lasterketak, eta, horren arabera, puntu gehiago edo gutxiago banatzen dira proba horretan. Guk orain arte bezala jarraitzea erabaki dugu, eta, ondorioz, koefiziente altueneko proba da. Horrek, teorian, txapelketaren bila doazen gidariak hemen egongo direla ziurtatzen dizu.

Keinu hizkuntzako ikastaroak ematen dituzte Donostian

Euskal Gorrak erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gorren aldeko elkarteen federazioak, keinu hizkuntzako ikastaroak ematen ditu hainbat lekutan. Gipuzkoan, Donostian dago horretarako aukera, elkarteak Larramendi kalean duen egoitzan. Ikasturt...

Kobre lapurretak saihesteko sistema bat garatu du Setalde enpresak

Kobrea material preziatu bihurtu da. Gero eta ugariagoak dira lapurretak argiterian: industrialdeetan, bidegorrietan... Lapurreta horiek eragozteko sistema bat sortu du Lasarte-Oriako Setalde enpresak, eta Oiartzunen lehenengo lapurreta saihestu dute dagoeneko.

Egoera ekonomikoak okerrera egin ahala, ugariagoak dira lapurretak. Setalde enpresak nabarmendu duenez, ez dago lapurren profil jakin bat, ezta gune konkreturik ere. Hala ere, oro har, lapurrek gune aldenduak eta lasaiak, erdi eraikitako urbanizazioak eta bidegorriak aukeratzen dituzte. Horrek zaildu egiten du lapurretei aurre egitea eta lapurrak atzematea. Kableak oso-osorik lapurtzen dituzte, eta gero horiek zuritu egiten dituzte, kablearen jatorria ezagutzea ia ezinezkoa izan dadin.

Lapurreta horiek saihesteko, sistema berri bat garatu du Setaldek, Iñigo Cabanillas enpresa horretako teknikariak zehaztu duenez: "Sistema honek argiteriaren elikatze linean hainbat parametro neurtzen ditu; horrela, lapurtzen saiatzen direnean —kablea moztutakoan, alegia—, sistemak mezu bat edo dei bat bidaltzen die aurrez ezarritako telefono bati edo batzuei".

Cabanillasen arabera, lapurrek egunez mozten dituzte kableak, eta gauera arte itxaron, gauean osorik lapurtzeko. Sistema horrekin, detekzio elementu bat jartzen dute argi instalazioaren buruan, argi zutoinen goialdean, eta horrek detektatzen du kablea moztu dutela. Mozketa detektatu bezain laster, alarma mezua edo deia emititzen du sistemak, "Udaltzaingoari, edo dagokionari".

Lehen emaitzak lortzen

Hainbat herritan eta hainbat enpresarekin egin dituzte probak. Eta jada Gipuzkoako bi udalek ezarri dute sistema; Oiartzungoak eta Oñatikoak. Eta lehenengo lapurreta, benetako kasu bat, saihestu dute Oiartzunen. Bertan, azken lau urteetan hemeretzi aldiz lapurtu dituzte kobre kableak Arditurriko bidegorrian. Eta gune batzuk egon izan dira argirik gabe ere, berriro kobre kableetan inbertitzeko dirurik ez zegoelako.

Kablea berriro jartzea oso garestia izan ohi denez, sistema berriarekin proba egitea erabaki zuen Oiartzungo Udalak. Eta hogeigarren lapurreta saihestea lortu dute. Lapurrak goizez joan ziren bidegorri aldera, eta kablea moztu zuten. Sistemak berehala bidali zien mezua udaltzainei, eta udaltzainak lapurreta izan zen tokira joan ziren. Lapurrak ez zituzten atxiki, baina badirudi ez zeudela oso urrun. Izan ere, udaltzainak bertara iritsi zirenean, erremintak lapurretaren tokian bertan zeuden.

Kable osoa berriro jarri beharra saihestu dute Oiartzunen. Moztutakoa konpontzea errazagoa da, Cabanillasek azaldu duenez: "Osoa jartzea garestia da oso, baina, moztuz gero, argiketariek konpon dezakete, kasu horretan udaleko mantentze lanetarako beharginek, esaterako. Ez da horren lan zaila; osoa jartzearekin alderatuta, ezta horren garestia ere".

Oiartzunen eta Oñatin inbertsioa egin dute sistema jartzearekin. Baina, Setalderen arabera, lapurreta bakarra saihestearekin, inbertsioa amortizatu egiten da. Setalde enpresako teknikariak zehaztu duenez, gainera, erraza da garatutako sistema instalatzea. Honela azaltzen ditu enpresak instalazioaren nondik norakoak: "Argiteriaren elikatze lineatan hainbat parametro neurtzen ditu sistemak. Baina beti linearen instalazio tutuetan egon behar du. Sistemak alarma bidaliko du kablea moztutakoan, eta mozketa hori zein lineatan egin duten zehaztuko du".

Kobrearen ordezkoak bilatzen ere ari da Setalde. Hala, kobrezko kable sarea aluminiozkoagatik ordezkatzea izan liteke irtenbide bat. Aluminioaren kostua baxua delako, esaterako, "eta horrek ez luke lapurren interesa piztuko". Baina kobrea eroale hobea da aluminioa baino. Alegia, elektrizitatea hobeto garraiatzen du kobreak. Horrez gain, argindar sare guztia aldatzea garestia da udalentzat. "Errentagarriagoa izan daiteke detektagailua jartzea, instalazioa erraza izateaz gain, kostua ere baxua delako".

“Opera da abeslari liriko baten xedea”

Lirikaren munduaren alde onak eta txarrak, biak ezagutu ditut". Horixe dio Naroa Enekotegik (Eskoriatza, 1977). 11 urte zituen eta Lekeitioko abesbatzan aritzen zen opera abeslari izatera eramango zuen bideari ekin zionean. Jose Ramon Arteta hasi zen orduan abesbatzan zuzendari lanetan, Ainhoa Arteta opera abeslariaren aita. Segituan ohartu zen zuzendaria Enekotegiren ezaugarriaz; mezzo-sopranoen ahotsa zuen. Aurreneko urteetan, hura izan zuen irakasle. 14 urte bete zituenean, ordea, Atlantikoa zeharkatu, eta New Yorkeko (Ameriketako Estatu Batuak) irakasleak ezagutu zituen: "Lehen bidaiak Jose Ramonekin berarekin egin nituen, eta hark alabaren bitartez ezagutzen zituen irakasleak aurkeztu zizkidan".

19 urtera arte, urtean hiru aldiz New Yorkera joanez sakondu zuen lirika teknikan. 19rekin, apustu handia egin zuen: hara bizitzera joatea eta lirika ikastea. "Hartzen nituen eskola guztiak pribatuak zirenez, ikasle bisa eduki ahal izateko ingeles ikasketak ere egin nituen".

Ahaleginak eman zituen bere fruituak ere, opera abeslari lanak egiteko aukera izan baitzuen: "Bi urtez kontratatu ninduten New Yorkeko Da Capo antzokian, opera ikuskizunetan aritzeko". Hala, ikasitako errepertorioa zabaldu zuen denbora hartan. Guztira, lau urtez izan zuen mundu hori lanbide.

Orain sei urte, familiako kontu batzuk zirela medio, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Hango irakasleak esana zion "teknikoki oso ondo" zegoela, hango errepertorioa ere "egina" zuela eta ez zitzaiola gaizki etorriko Europara etorri eta hemengo errepertorioa egitea.

Etorri, eta ez zuen esperotakorik aurkitu, ordea: "Zortzi urtez han egon ondoren, hemengo maisuekin ez nintzen oso gustura sentitu, ez zen berdina. Ni erradikala naiz, eta dena utzi nuen". Orain urtebetera arte. Izan ere, mundu horretan buru-belarri sartuta jarraitzen du gaur egun, beste alderdi batetik bada ere.

Aurreko urteetan hartutako esperientziarekin eta teknika aldetik ikasitako guztiarekin, zekiena irakaskuntza aldera bideratzea erabaki zuen. Abeslariei eskola partikularrak ematen hasi zen, eta hortik gainerako guztia: "Berriz harra piztu zitzaidan; izan ere, abestea da nire mundua. Eta, hala, kontzertuak ematen hasi nintzen". Onintza Agirre haren lehengusina piano eta organo jotzailea da, eta, hura lagun hartuta, emanaldiak eskaintzen hasi zen. Maiatzetik aurrera saio gehiago emateko asmoa du. Operaren mundua ez ezik, lirika kontzertuena ere "zaila" da, ordea: "Krisi garaia ez da onena guretzat, baina kostuak gutxitzeagatik saioak elizetan egitea erabaki dugu, organoekin, udalek pianorik alokatu behar izan ez dezaten". Oraingoz, baina, ez daukate saiorik lotuta; "horretan ari gara".

Beste proiektu bat ere badu esku artean: abeslarientzako hitzaldiak antolatu nahi ditu. Izan ere, arlo horretan hutsune handia dagoela uste du: "Gazte batek, abeslari izan nahi duenean, normalean kontserbatoriora jotzen du. Gero, eskola partikularrak hartzen hasten da, ordea, eta hor iruzurgile asko dago". Enekotegirentzat oso garrantzitsua da irakasleak egoki prestatuta egotea, gero ondo irakasteko: "Abeslari eta ahots on asko galtzen dira irakasle txarren erruz, eta pena handia da hori. Amorru handia ematen dit, askotan jendeak dirutza ordaintzen duelako, gainera".

Hitzaldietan abeslariei "oinarri orokorrak" eman nahi dizkie, baita "irakasle ona zein den antzematen jakiteko jarraibideak" ere. Horretarako, abeslari profesionalen laguntza izango du. Orain bi urte, esaterako, Iruñean antolatu zuen ikastaro batean Isabel Rey sopranoa izan zuen lagun: "Isabelek bere esperientziatik hitz egiten du hitzaldietan; abeslari gazteei norabide egokia hartzen laguntzen die. Oinarrizko teknikak edozein abeslariri balio dio, ez lirikoei bakarrik". Proiektua zehazteko dute oraindik. Azpimarratu duenez, ordea, gazteentzat izango da, "16 eta 25 urte bitartekoentzat".

Gipuzkoan operak tokirik ez

Gipuzkoan operarekiko afiziorik ba al dagoen galdetuta, Enekotegik argi du baietz. Aukerak dira falta direnak, haren ustez: "40 urtetik gorako herritar askok du gustukoa opera, baina antzokiak eta emanaldiak falta dira". Bilbon OLBE operazaleen elkarteak opera denboraldia antolatzen du urtero, eta hara "gipuzkoar asko" joaten dela uste du abeslariak: "Emanaldiak 20:00etan hasten dira, Euskalduna jauregian, eta Donostiako Anoeta estadiotik jendez betetako autobusak joaten dira hara; zalea ez bazara, ez zara autobusez Gipuzkoatik haraino joaten". Gaur egun, Donostian "urtean behin bakarrik" ematen dituzte opera saioak: Musika Hamabostaldian.

Zaleei dagokienez, gazteen artean egiteko lan asko dagoela deritzo, eta beste herrialde batzuetan txiki-txikitatik mundu horri garrantzi handiagoa ematen zaiola gogorarazi du: "Italian, Suitzan eta Suedian, esaterako, txikitatik gerturatzen dituzte musika klasikora. Hemen gazteei galdetzen diedanean opera gustuko duten, aspergarria dela erantzuten didate. Baina, benetan, ez dute aukerarik eduki opera ezagutzeko. Ez diegu eman aukera hori".

Krisi betean aukerak badaudela dio: "Opera ekartzea garestia izaten da, azken batean ekoizpen handia eskatzen duelako. Baina Irungo Amaia antzokian, esaterako, eman berri dute koste baxuko opera bat. Aukera bat da hori. Ez daukagu zertan beti handira joan. Gauza txikiek ere balio dute". Alde horretatik, operarik ezean antzokiek eta udalek lirika kontzertuak antola ditzaketela uste du: "Kontzertu bat ez da hain garestia, eta musika mota hori eskaintzeko beste aukera bat da".

Opera eta errezitaldiak, biak ezagutzen ditu gertutik Enekotegik. Izan ere, Euskal Herrian eta Espainian kontzertu asko emana da. Gaur egun, abesteko bigarren arlo hori nahiago du opera baino: "Orain zortzi urte galdetu izan balidate, opera esango nukeen dudarik gabe; izan ere, opera da abeslari liriko baten xedea. Orain, berriz, errezitaldiak ditut nahiago. Neure buruarekin zintzoa izan behar dut; sei urte daramatzat gogor jardun eta prestatu gabe opera batean aritzeko. Gainera, kontzertuan Naroa naiz; operan, berriz, pertsonaia bat".

MENDE LUZETAKO ISTORIO AMAIEZINA

XVI. mendetik ezagutzen den lana da La Celestina, hasieran Comedia de Calisto y Melibea eta ondoren Tragicomedia de Calisto y Melibea izenez izendatu izan den obra. Calisto mutil gazte ederra da, eta Melibearekiko maiteminak joko du. Neskaren maitasun...