Sailkatugabeak

402

Gipuzkoan iaz hustutako etxeak. CGPJk emandako datuen arabera, alokairua edo hipoteka ez ordaintzeagatik 402 etxe hustu zituzten iaz Gipuzkoan; 2010ean baino 21 gehiago.

3.000

Atez atekoaren aurka Arrasaten bildutako sinadurak. Arrasateko Stop Atez Atekoa herri plataformaren arabera, dagoeneko 3.000 sinadura bildu dituzte atez atekoaren aurka.

2014ko Olinpiar Jokoei begira

Ioseba Rojok (Tolosa, 1988) eta Imanol Rojok (Tolosa, 1990), anaiak izateaz gain, kirol bera egiten dute: iraupen eskia. Goi mailan aritzen dira, eta orain gutxi bukatu dute denboraldia, Espainiako Txapelketan urrezko bi domina lortu ondoren; biak erreleboka. Banakako lehian ez dira hain fin aritu, eta Iosebak klasiko eran eta Imanolek skating-ean, biek ere laugarren postua lortu dute.

Haien ardura kirola egitea da egun. Horretarako, zenbait laguntza jasotzeaz gain —Kirolgitik eta Espainiako Eski Federaziotik, esaterako—, gurasoen babesa dute. Apirilean hartzen dute atsedena; urteko beste 11 hilabeteak entrenatzen eta lehiatzen aritzen baitira. "Maiatzean berriro hasten gara entrenatzen", dio Iosebak, "eta hilabetean behin edo bi aldiz egonaldiak egiten ditugu Espainiako selekzioarekin".

Katalunian elkartzen dira batez ere, eta prestaketa fisikoa egiten dute: rolleskia, mendia, bizikleta… Irailetik aurrera glaziarretara joaten dira eskiatzera; Italiara joan ohi dira, Passo Stelviora, 3.400 metrora. Neguan, egonaldietan bilduta ez daudenean, Jakan (Aragoi, Espainia) bizi ohi dira, eta astean pare bat egunetan itzultzen dira Tolosara.

Egunerokoa kirola egitera bideratzea "sakrifizioa" dela dio Iosebak, baina "ondo" eramaten dela. "Jendeak ulertzen du zer egiten ari zaren". Imanolek bat egiten du anaiak dioenarekin: "Gustura aritzen naiz eskiatzen, gustura joaten naiz kanpora, eta, behintzat, gozatu egiten dugu".

Aurten, laguntza gutxiago

Aralar izan zen Rojo anaientzat kirol ibilbidearen hasiera. "Gurasoen lagun batzuekin hasi ginen eskiatzen han", ekarri dute gogora. "Hortik aurrera, ikastaro batzuk egin genituen, eta Somportera joaten ginen; behin, eskola mailakoentzako lasterketa bat egin genuen; ondo atera zen, eta jarraitu egin genuen". Ez da ohikoa bi anaia goi mailan aritzea kirol batean. Eta behin baino gehiagotan entzun behar izan dute ea euren artean lehiarik ba ote dagoen ere.

Aurtengo denboraldian laguntza gutxiago jaso dute. "Kanpora joan gara, baina guk ordainduta", esan du Iosebak. "Krisia hona ere iritsi da, eta federazioak iturria itxi egin du". Imanolek, esaterako, aukerak zituen 23 urte azpiko Munduko Txapelketara joateko: "Azkenean, federazioak ez du dirua jarri, eta horrelako proba batera ezin zara zure kontura joan", dio. "Ondo antolatuta joan behar duzu, talde bat duzula ondoan". Euren kontura joan izan direnetan ahal duten guztia egin dutela esan du Iosebak, "baina ez da modurik onena lehiatzeko".

Orain bukatu berri duten distantzia ertaineko Espainiako Txapelketaz gain, distantzia luzekoak eta laburrekoak egin dituzte otsailean. Horietan bigarrena izan zen Ioseba; Imanolek, berriz, laugarren postua lortu zuen distantzia luzekoan, eta bosgarrena laburrekoan. Europako Kopan ere lehiatu dira, eta Munduko Kopako bi proba egin dituzte. Horietako batean, Transjurassiennen, Iosebak 16. egin zuen, eta Imanolek, 22. Denboraldia "ona" izan da euren ustez. "Ikusi da hobetu dugula", diote; Imanolek, ordea, pena du 23 urtez azpiko Munduko Txapelketara ez delako joan: "Hori zen denboraldiko helburua, eta hamabost egun lehenago federazioak esan zidan ez ninduela babestuko".

Iosebarentzat orain arteko lasterketa garrantzitsuena iazko Munduko Txapelketan parte hartzea izan da: "Oslon izan zen proba, eta 120.000 pertsonaren aurrean lehiatzea oso berezia izan zen". Imanolentzat, aurten egin duten Transjurassienneko proba izan da orain arteko bereziena. "Nolabait esateko, iraupen eskian Behobiako lasterketa bezalakoa da, herri mailakoa, baina goi mailan aritzen direnek ere parte hartzen dute, eta hor emaitza ona lortzeak prestigio handia du", azaldu du.

Iraupen eskia ez da alpinoa edo pistetakoa bezain ezaguna. "Asteburuetan jendea eskiatzera joaten denean, alpino egitera joan ohi da", esan du Imanolek, eta Iosebak gaineratu: "Jendeak eskia alpinoarekin lotzen du". Iraupen eskira bakarrik dedikatzea zaila dela diote: "Etorkizuna ezegonkorra da. Kirolariek junior mailara iristerakoan, 17-18 urterekin, utzi egin ohi dute; orduan erabaki behar izaten da eskiari denbora osoa ematen diozun ala ez".

Rojo anaiek kirolaren bidea hartu dute, eta garbi dute euren erronka nagusia Olinpiar Jokoak direla. 2014an izango dira hurrengo neguko Olinpiar Jokoak, Errusian, eta aukerak ikusten dituzte: "Datorren neguan Munduko Txapelketara joan nahi dugu, eta hori test moduko bat izango da, Olinpiar Jokoetara joateko aukera izango dugun ikusteko". Haien aldetik, behintzat, ahalegina egingo dute.

Terapiatik sorkuntzara eta emaitzara

Zumarragako Osasun Mentaleko Zentroan terapeuta okupazionala da Juan Mari Burguera (Legazpi, 1956). Hogei urte zituela, aparejadore ikasketak utzi, eta artearen munduan sakontzea erabaki zuen. Burguerak uste du terapeuta lanak eta arteak badutela zeri...

SANTUAK, KALERA

Aste Santu bete-betean egonik, atzo, gaur zein datozen egunetan Gipuzkoako hainbat herritan —Seguran, Pasai Donibanen, Hondarribian eta Azkoitian bereziki— hainbat prozesio eta elizkizun egingo dituzte. Seguran, esaterako, gaur 08:00etan, gurutze bidea egingo dute Santa Engrazitik Sorkundetar komentura. 16:30ean, Jaunaren Nekaldiaren Ospakizuna egingo dute, eta 18:15ean, prozesioa. Irudian, 2010eko Segurako ostegun santuko prozesioa.

Ikusi nola egiten dugun lan

Lehengo ostegunean grebak babes erabatekoa izan zuen gure bulegoan. Bozketan erabili genituen gutun-azalak jaso eta kontaketa egitea niri egokitu zitzaidan, eta harro esan dezaket ezezko bat bera ere ez genuela zenbatu. Enpresan bi bazkide bakarrik aritzen gara egunero —txakurra eta biok—, baina hori gutxienekoa da, lan erreformaren aurka irmo azaldu ginela da axola duena. Hala ere, nahiko argi daukat bietako batek giro ederra ikusita egun-pasa egiteko xedearekin erabaki zuela greba egitea. Eta bazkidea abstenitu egin zela kontuan izanda…

Ohetik hiru metro eskasera daukagu bulegoa; baina, onartezina baderitzogu ere, Lurraldebusek oraindik ez du biak lotuko dituen zerbitzurik eskaintzen. Eta garraio publikorik ezean, izugarri kostatzen zaigu bioi goizeko bederatzietarako lanpostura iristea. Hamarrak ere jotzen dizkigute askotan ordenagailua pizterako, eta Facebooken bueltaxka eginda enpresako gosaria izaten dugu ondoren. Bilerak ez zaizkit batere gustatzen niri, baina bazkidearen ideia izan zen elkarrekin mokadutxo bat eginez eguneko agenda aztertzea. Lantokiko giro sanoa zaintzea sakratua iruditzen baitzaigu bioi.

Kukuxumusukoen azken ekimena ikusita, guk ere nola lan egiten dugun munduari erakutsi geniezaiokeela otu zitzaidan lehengoan. Haiek bi hilabetez Iruñeko Perez de Albeniz arte galeriara aldatu dira, eta handik igarotzen den edozeinek bertatik bertara ikus dezake zelakoa den haien lanegun arrunt bat. Are gehiago, webcamak ere jarri dituzte nonahi, eta A15-ean atzera eta aurrera ibili beharrik ez dugu elastikoak-eta diseinatzen nola aritzen diren gainbegiratzeko. Ideia kopiatu genezakeela iradoki nuenean, bazkideak isatsa graziaz astindu zuen. Baina azkar asko baztertu genuen asmoa, Kukuxumusukoen webcamei begira ordu laurdena eman eta gero.

Lantokian plantatzen diren momentutik lan eta lan aritzen direla egiaztatu genuen harrituta, gu ez bezala. Ezin inor Twiterri begira harrapatu, eta minutu luzeetan zain egon ondoren, ezin txantxa bat bera ere entzun. Kukuxumusun desorduko siestarik ezin da egin, eta noizean behin gazta muturren bat jateko hozkailu bat baldin badute, guk ez genuen ikusi. Bezero serio-serioen bisitak ere ez zaizkie falta. Beldurgarria. Bulegoa nola gobernatzen dugun inork ez jakitea askoz hobe dela erabaki genuen orduan bazkideak eta biok, eta ordenagailua itzali eta malekoira abiatu ginen, eguzkitan trago pare bat hartuz arratsaldeko lan bilera egitera.

Debagoieneko artzainen azoka egin dute lehenengoz

Martxoaren 17an egin zuten lehen aldiz Debagoieneko artzainen azoka, Arrasaten; eskualdeko zazpi gazta ekoizle elkartu zituen egun horrek. Debagoieneko X. Jardunaldi Gastronomikoen barruan antolatu dute artzain azoka; jardunaldiok otsailaren 25ean has...

MENDE LUZETAKO ISTORIO AMAIEZINA

XVI. mendetik ezagutzen den lana da La Celestina, hasieran Comedia de Calisto y Melibea eta ondoren Tragicomedia de Calisto y Melibea izenez izendatu izan den obra. Calisto mutil gazte ederra da, eta Melibearekiko maiteminak joko du. Neskaren maitasun...