Sailkatugabeak

Agur eta ohore, ekokultura

Kazetari bat, kamera eta mikrofono batekin, politikari bati inguratu zaio zuzeneko saio batean, galdera bat egiteko asmoarekin. Politikari ahaltsua, kamera eta mikrofonoari begiratu, irribarre behartu bat bota eta ahal duen aurpegi politenarekin kazetariaren galderari erantzuteko prestatzen da.

—Politikari jauna, zer iruditu zaizu Pello Perurenaren azken liburua? —galdetu dio kazetariak.

Politikariak badaki nor den Pello Perurena idazle famatua. Hala ere, sekula ez du haren libururik irakurri, baina lotsa ematen dio kameren aurrean hori onartzeak eta "oso liburu sakona, gustura irakurtzekoa!" esan eta aldendu egiten da bere euskal integritate literarioari kalterik egin gabe. Gero bulegoan sartu da eta idazkariari Pello Perurenaren liburua erosteko eta bere partez irakurri eta laburpen bat mail bidez bidaltzeko eskatu dio, badaezpada ere.

Unibertso paralelo batean, kazetari bera, zuzeneko saio berean, politikari berari hurbildu zaio, eta beste galdera bat egin dio:

—Politikari jauna, gai izango al zinateke pago bat eta haritz bat bereizteko?

Politikari ahaltsuak kazetariari harrituta begiratzen dio, eta ostean "ez daukat nire denbora honelako tontakeriekin galtzeko asmorik" dioen irribarre batez alde egiten du inongo lotsaren arrastorik gabe eta kazetaria bertan utziz. Gero bulegoan sartu da, eta kafetxo bat hartuz, bere lankideei kontatu die gertatutakoa; guztiak ados daude kazetaria nahiko xelebrea dela.

Fikziozko adibide hori benetako adibidea izan ahalko litzateke gure Euskal Herri maite honetan. Izan ere, gure herrian ekokultura edo ingurumenari dagokion kultura aspaldian aldendu baikenuen guregandik.

Tradizio, bertso eta txalapartaz hornitu den herri honek lurperatu egin du gure arbasoek basoez, belardiez, errekez eta bizidunez zuten jakinduria. Euskal- dun arraroak eta xelebreak dira ekosistema, biodibertsitatea edo ingurumena hitzak erabiltzen dituztenak. Herri honek nahiago ditu, hala erakutsi digute behintzat, bertsoak, geografia eta literatura euskalduna.

Hizkuntzek, hiritartasunak, erlijioek, teknologiak eta plastikak asebetetako ikastetxeetan, ikasleek ez dakite etxetik bi pausotara dituzten hegaztiak bereizten, baina oso ondo dakizkite Mozambikeren albotik igarotzen den ibaiaren alboko mendi guztiak, mendebaldeko euskalki guztien aditz jokoak eta eguzki sistemako planeta guztien satelite guztiak.

Eskola orduz kanpoko ekintzetan, ekokulturaren ordez, kultura tradizionala da nagusi: txalaparta ikastaroak, bertso eskola, esku-pilota eta euskal dantza garrantzi handiko ekintzak dira, baina inork ez ditu eskaintzen botanika ikastaroak, intsektuen bilketak edo txango ornitologikoak. Azken horiek, nonbait, ez dira gure tradizioen zati.

Tradizioen arabera, beraz, gure arbasoak bertsoz elikatzen ziren, trikitiak ehizatzen zituzten eta eguna sagardoa egiten eta esku pilotan ematen zuten. Ez da tradizionala eta euskalduna enara eta enara azpizuri bat bereizten jakitea, ez da bertakoa erbinudearen oinatzak bereizten jakitea edo erreka bateko arrain espezieak bereiztea.

Ekokultura maitea, atzo zure hiletara joan ginen, ni eta beste lau xelebre. Aralarko pago motz baten azpian lur eman genizun, agur esan genizun, agur eta ohore. Ingurumen aisialdia negozio bihurtzen denean eta ekokultura gure ikastetxeen plangintzetan barneratzen denean, berriro etorriko gara zugana, eta hilkutxatik aterako zaitugu.

Triste gaude, gure birramonek tripako mina kentzeko ehunka landare ezagutzen zituztelako eta gure seme-alabek ez dakitelako kamamila bat zer den. Triste gaude, gure birraitonek erbinude bat zer zen bazekitelako eta gure seme-alabek azkonarra mapatxe batekin nahasten dutelako. Gure arbasoetatik jaso genuen ekokulturaren jakinduria kate sendoa erabat eten ote da? Ez, ez da eten!

Gipuzkoako bi mila biztanleko herri batean, ba omen da hamar urteko mutiko bat, bere ikastetxean biodibertsitateari buruzko hitzaldi batera joan ostean Olentzerori prismatikoak eta hegaztien gida bat eskatu dizkiona. Katea ez da lodia, harizpi fina da, baina ez da eten. Euskal ekokulturari buruz gu bezalako lau xelebrek hitz egiten eta idazten jarraitzen dugun bitartean, harizpi fin hori, armiarma baten sarearen lodiera izango duen arren, ez da sekula etengo!

Artzain eskolako emakumezko ikasleak.

Arantzazuko artzain eskolak emandako datuen arabera, ikasleen %22 emakumezkoak izan dira; denera, 45 neska eta 157 mutil. Amaitu berri den ikasturtean bi neska eta bederatzi mutil zeuden matrikulatuta.

Ofizioak badu bere unibertsitatea

Natura bila joaten dira asko, eta horixe topatzen dute. Oñatitik Arantzazura bidean dago Gomiztegi baserria, eta han ikasten dute Itsasmendikoi artzain eskolako ikasleek, leihotik Anboto, Aizkorri eta Arrikrutzeko kobak ikusten dituztela. Aurtengo 11 ikasleek amaitu berri dute ikasturtea; sei hilabeteko formakuntza jaso dute artzain eskolan, eta, orain, ikasturte amaierako proiektuari helduko diote gehienek.

Baserrian bertan instalazio teorikoak daude, eta, haren azpian, produktiboak: artaldea eta gaztandegia. Batis Otaegi Artzain Eskolako zuzendariak azaldu du ikasleek hamabi aste pasatzen dituztela Gomiztegin, klase teorikoak eta praktikoak jasoz. Gero, beste hamasei astez artzain profesionalen etxeetara bidaltzen dituzte apopilo gisa, praktikak egitera. "Artzain horiek ziklo itxia egiten dute", azaldu du Otaegik. "Alde batetik, ekoiztu egiten dute; artaldea daukate, eta, beraz, arkumea, esnea eta gazta produzitzen dituzte. Bestetik, komertzializatu ere egiten dute; hortaz, ikasleek ziklo osoa ikusten dute".

Ikasturtearen amaieran, aurrera begirako proiektu bat aurkeztu behar du ikasle bakoitzak. Izan ere, artzain eskolara joaten diren guztiek ez dute artzain izateko asmoa. Tiago Gonçalves gazte oñatiarrak, esaterako, artzaintzaren inguruko "turismo aktiboa" bultzatzeko aukera ikusten du: "Mendi irteerak ere egiten dira, ezta? 20 edo 25 pertsonako autobusak osa daitezke, eta agian prest egongo dira hamabi euro ordaintzeko. Orduan, zergatik ez egin mendi irteera bat, eta gainera artzaintzaren mundua erakutsi? Baserri batera eraman, erakutsi, mendira joan eta, ibilian, berriz herrira buelta".

Luze gabe gauzatzeko moduko proiektua dela uste du: "Artzaintzari komeni zaio, eta jendeari ere komeni zaio kultura hau ezagutzea. Horrela, ofizioa ezagutuko dute, eta gazta erosteko sentsibilitate gehiago izango dute".

Gonçalves ez da artalderik gabe etorri den bakarra, Otaegiren hitzetan: "Ikasle batzuek artzaintzarako hurbilketa bilatzen dute. Agian, bokazioz ez dira artzainak, naturazaleak baizik; naturan eta naturatik bizi nahi dute, eta artzaintzan ikusten dute aukera. Ezer ez dutenek soldatapean lan egiteko asmoa izaten dute, beste artzain batekin".

Beste batzuek badute jada artaldea, eta hobekuntzak egiteko etortzen dira artzain eskolara. Karmen Gurrutxaga azpeitiarra, esaterako, "betidanik" aritu izan da ardiekin; iaz, ukuilu berria egin nahi izan zuen, esneaz gain gazta ere egiteko, baina agiriak falta zitzaizkien: "Diru laguntzak lortzeko, gehienez ere bost urte lehenago ateratako baimena behar nuen".

Lekukoa eskuz aldatzen

Aurten, hamabost urte beteko ditu Arantzazuko artzain eskolak; ordutik, 200 pertsonatik gora igaro dira bertatik, eta erdiak baino gehiago sektorean dabiltza lanean. Ikasleek, batez beste, 25 urte inguru dituztela azaldu du Otaegik: "Ez datoz piper egitera; euren erabakiz etortzen dira".

Zuzendariaren ustez, ekarpen handia egin dio eskolak artzaintzari: "Lehen, pentsamendu bat bazegoen, irakaspena gurasoetatik seme-alabetara ematen zela; ez zegoen formakuntza profesionalik. Ipar Euskal Herrian izugarrizko garrantzia ematen zioten teknikari: ona da jakinduria eta norberaren esperientzia, baina teknika berriek onurak dakartzate beti. Azkenean, edozein jarduerak berritzea behar du, eta artzaintzan ere berdin gertatzen da".

11. Errenta mekanizatua egiteko bulegoak.

Aitorpena era mekanizatuan egiteko ordua apirilaren 16tik ekainaren 8ra eska daiteke. 11 bulego daude Gipuzkoan. Azpeitian, Beasainen, Bergaran, Eibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen eta Tolosan bana, eta hiru Donostian: Errotaburun, Amaran eta Grosen.

Prezioan ikusten ez den lana

Eroslea supermerkatura sartzen da; produktu bakoitzetik aukera zabal askoa dauka. Gaztaren apalean, hainbat forma, ehundura eta jatorritako produktuak daude aukeran: gazta osoak, zatituak, lehorrak, bigunak, xerratan moztuak eta gazta kremak. Plastifi...

“Erretiratu aurreko urteetan futbolak asko eman dit niri”

Denboraldi honetan entrenatzeko talderik gabe zegoen Jose Luis Ribera (Azkoitia, 1965). Gutxien espero zuenean iritsi zaio lana, ordea, eta presaka joan da Azkoititik Vila-real aldera (Herrialde Katalanak). Vila-real taldea kinka larrian dabil Espainiako futbol ligako Lehen Mailan, eta hango entrenatzailea bidali, eta beste bat hartu du klubak: Migel Angel Lotina. Eta hark berarekin eraman du bigarren entrenatzaile gisara Ribera. Ondo ezagutzen dute elkar bi entrenatzaileek, urte askoan batera lan egindakoak direlako: "Bera gustura ibili da nirekin lanean, eta ez du zalantzarik izan Vila-realetik deitu diotenean".

Futbol jokalari profesionala izana da Ribera, baina entrenatzaile gisara ere ez zaio eskarmenturik falta. Erronka berri baten aurrean dago orain, ordea. Izan ere, denboraldia azken txanpan sartuta dagoenean egokitu zaio hutsetik lanari ekitea: "Oso desberdina da denboraldi hasieran hastea ala orain; partida gutxi gelditzen dira, eta presa gehiago, ordu gehiago sartu beharra eskatzen du, denbora gutxian denok elkar ezagutzeko. Dena zailagoa bihurtzen da". Kontuak kontu, horretan dabil buru-belarri duela hiru astetik.

Ribera hondartzako futbolaren bitartez gerturatu zen kirol horretara gaztetxotan; "Garai hartan nire adineko beste asko bezala". 15 urterekin Azkoitiko Anaitasuna futbol taldean hasi zen, eta, urtebete geroago, Realera egin zuen salto. Bi urte jubeniletan aritu, eta beste bi Realaren bigarren taldean egin zituen, Sansen. Gero, taldez talde ibiltzea tokatu zitzaion, Realak ez ziolako fitxa berritu. 20 urte zituen, eta hasierako poza pena bihurtu zen: "Realera iristea oso pozgarria izan zen, eta alde egitean tristura pixka bat sentitu nuen. Ni 1981ean sartu nintzen, Reala ligako txapeldun izan zen urteetan. Lehenengo taldera igotzea zaila zen orduan; jende gutxik lortzen zuen. Talde oso sendoa zeukan, urte asko egin zituzten denboraldi onak eginez, aldaketa askorik ez zuten egin eta guri tokatu zitzaigun garai hartan, 20 urterekin, kanpoan gelditzea".

Handik Eibarrera, gero Sestaora, Burgosera, Deportivora eta Rayo Vallecanora, talderik talde bueltaka ibili zen botak astinduz. Hirugarren Mailan, Bigarrenean, Bigarren B Mailan nahiz Lehenengoan, kategoria guztiak pasatu zituen hainbat urtez. Eta zortea izan zuen lagun beti: "Talde bakoitzean ibili izan naizen urteetan taldea ondo egotea tokatu zait, eta zorte ona izan da hori; taldekoekin ere beti harreman oso ona izan dut, eta alde horretatik futbolarekin oso gustura bukatu nuen".

Deportivon urterik onenetan

Partidarik gogokoenaz hitz egitean, une gozoenetakoak pasatu dituen taldearekin jokatutakoaz gogoratzen da: Deportivorekin Valentziaren aurka jokatutako Errege Kopako finalaz, hain zuzen. "Partida hura aipatuko nuke, alde batetik Deporren lehenengo titulu ofiziala izan zelako eta Depor ordura arte talde txikia zelako. Baina, hori baino gehiago, partidaren berezitasunagatik dut gogoan, garaipena lortu genuen moduagatik beragatik". Partida Real Madrilen futbol zelaian jokatu zuten; Santiago Bernabeun. Partida amaitzeko ordu laurden baino falta ez zela, partida bertan behera uztea erabaki zuen epaileak. Txingor zaparrada handi bat izan zen erruduna. Markagailuan bana zeuden Valentzia eta Deportivo. "Partida hura larunbat batean tokatu zela uste dut, eta hurrengo asteartean jokatu behar izan genuen falta zen ordu laurdena. Oso estresagarria izan zen". Futbolariak Madrilen gelditu ziren partida hura prestatzen; bi taldeetako zaleak, berriz, joan-etorrian ibili ziren Valentziara eta Galiziara. "Partida hasi, eta betiko duda izaten da: ordu laurdena bakarrik izanik, golaren bila joan ala ez joan?". Zortea izan zuten. Deportivok gola sartu zuen, eta hala irabazi zuen Errege Kopa eta lehenengo titulu ofiziala. 1995. urtea zen.

Ribera atzelaria da, eta postu horretan jokatu zuen Lehen Mailan ere. Gol gutxi sartu zituen, baina horietako bat bere bihotzeko taldeari egin zion: Realari. Anoetara jokatzera etortzen zenean sentimenduak nahasi egiten zirela dio, eta gola sartu zuenean ere halaxe gertatu zitzaiola: "Alde batetik, urduritasun pixka bat nuen Donostian nengoelako; etxekoak, lagunak, denak hor zeuden zelaian, eta partidaren aurretik eta ondoren haiekin egongo nintzen. Bestetik, bertakoa izanda erakutsi egin nahi izaten da norberaren onena, ondo jokatu nahi izaten da eta presio hori sartzen diozu zeure buruari". Gola sartuta "poza" sentitu zuen partida bere taldeak irabaztea nahi zuelako: "Baina behin partida hura amaituta, Realak gainerako guztiak irabaztea nahi izaten nuen".

Talde maiteenak Anaitasuna eta Reala ditu. Anaitasunaren kasuan, "herriko taldea delako eta orain semeak ere hantxe jokatzen duelako, gazteen mailan". Reala, berriz, "gipuzkoarra naizelako, Realean jokatu izan dudalako eta urte askoan Realean ibili naizelako entrenatzaile ere. Hori odolean doa". Horietaz gain, Deportivo ere oso gogoko du; "urte gehien han pasatu dudalako eta momentu oso onak igaro ditudalako eta lagun asko ditudalako". Riberak jokalari nahiz entrenatzaile moduan ezagutu dituen talde guztiak aipatu ditu: "Guztientzat egiten da tokitxo bat bihotzean, nik behintzat hala daukat". 32 urterekin eta belauneko lesio baten ondorioz hartu behar izan zuen erretiroa, baina oroitzapen onak gelditu zaizkio: "Erretiratu aurreko urteetan futbolak asko eman dit niri". A Coruñan (Galizia) peña propioa ere badu: "Deporreko zale batzuek sortu zuten. Mugimendu askoko taldea da, eta elkarren berri izaten dugu. Askotan gonbidatzen naute ekimenetan parte hartzera. Distantziagatik gutxitan joaten naiz, baina harremanetan jarraitzen dugu".

Semeak bere bidea jarraitzea nahiko lukeen galdetuta, oso argi mintzatu da: "Nire seme-alabek futbola den bezala har dezatela nahi dut: joko bat bezala, lagunartean egoteko modu bat. Lagunarterako taldeko edozein kirol da ona neska-mutilentzat. Garrantzitsuena ikasketak dira, eta besteak ondo pasatzeko modua izan behar du". Gurasoentzako hausnarketa gaia ere atera du elkarrizketara: "Guraso askok uste dute beraien seme-alabek futbolean jokatzen dutelako profesionalak izango direla, eta askotan perspektiba pixka bat galdu egiten dutela iruditzen zait. Eta ez da ona; ez haurrarentzat, ezta haurren kirol munduan sortzen duen giroarentzat ere".