Sailkatugabeak

Ofizioak badu bere unibertsitatea

Natura bila joaten dira asko, eta horixe topatzen dute. Oñatitik Arantzazura bidean dago Gomiztegi baserria, eta han ikasten dute Itsasmendikoi artzain eskolako ikasleek, leihotik Anboto, Aizkorri eta Arrikrutzeko kobak ikusten dituztela. Aurtengo 11 ikasleek amaitu berri dute ikasturtea; sei hilabeteko formakuntza jaso dute artzain eskolan, eta, orain, ikasturte amaierako proiektuari helduko diote gehienek.

Baserrian bertan instalazio teorikoak daude, eta, haren azpian, produktiboak: artaldea eta gaztandegia. Batis Otaegi Artzain Eskolako zuzendariak azaldu du ikasleek hamabi aste pasatzen dituztela Gomiztegin, klase teorikoak eta praktikoak jasoz. Gero, beste hamasei astez artzain profesionalen etxeetara bidaltzen dituzte apopilo gisa, praktikak egitera. "Artzain horiek ziklo itxia egiten dute", azaldu du Otaegik. "Alde batetik, ekoiztu egiten dute; artaldea daukate, eta, beraz, arkumea, esnea eta gazta produzitzen dituzte. Bestetik, komertzializatu ere egiten dute; hortaz, ikasleek ziklo osoa ikusten dute".

Ikasturtearen amaieran, aurrera begirako proiektu bat aurkeztu behar du ikasle bakoitzak. Izan ere, artzain eskolara joaten diren guztiek ez dute artzain izateko asmoa. Tiago Gonçalves gazte oñatiarrak, esaterako, artzaintzaren inguruko "turismo aktiboa" bultzatzeko aukera ikusten du: "Mendi irteerak ere egiten dira, ezta? 20 edo 25 pertsonako autobusak osa daitezke, eta agian prest egongo dira hamabi euro ordaintzeko. Orduan, zergatik ez egin mendi irteera bat, eta gainera artzaintzaren mundua erakutsi? Baserri batera eraman, erakutsi, mendira joan eta, ibilian, berriz herrira buelta".

Luze gabe gauzatzeko moduko proiektua dela uste du: "Artzaintzari komeni zaio, eta jendeari ere komeni zaio kultura hau ezagutzea. Horrela, ofizioa ezagutuko dute, eta gazta erosteko sentsibilitate gehiago izango dute".

Gonçalves ez da artalderik gabe etorri den bakarra, Otaegiren hitzetan: "Ikasle batzuek artzaintzarako hurbilketa bilatzen dute. Agian, bokazioz ez dira artzainak, naturazaleak baizik; naturan eta naturatik bizi nahi dute, eta artzaintzan ikusten dute aukera. Ezer ez dutenek soldatapean lan egiteko asmoa izaten dute, beste artzain batekin".

Beste batzuek badute jada artaldea, eta hobekuntzak egiteko etortzen dira artzain eskolara. Karmen Gurrutxaga azpeitiarra, esaterako, "betidanik" aritu izan da ardiekin; iaz, ukuilu berria egin nahi izan zuen, esneaz gain gazta ere egiteko, baina agiriak falta zitzaizkien: "Diru laguntzak lortzeko, gehienez ere bost urte lehenago ateratako baimena behar nuen".

Lekukoa eskuz aldatzen

Aurten, hamabost urte beteko ditu Arantzazuko artzain eskolak; ordutik, 200 pertsonatik gora igaro dira bertatik, eta erdiak baino gehiago sektorean dabiltza lanean. Ikasleek, batez beste, 25 urte inguru dituztela azaldu du Otaegik: "Ez datoz piper egitera; euren erabakiz etortzen dira".

Zuzendariaren ustez, ekarpen handia egin dio eskolak artzaintzari: "Lehen, pentsamendu bat bazegoen, irakaspena gurasoetatik seme-alabetara ematen zela; ez zegoen formakuntza profesionalik. Ipar Euskal Herrian izugarrizko garrantzia ematen zioten teknikari: ona da jakinduria eta norberaren esperientzia, baina teknika berriek onurak dakartzate beti. Azkenean, edozein jarduerak berritzea behar du, eta artzaintzan ere berdin gertatzen da".

11. Errenta mekanizatua egiteko bulegoak.

Aitorpena era mekanizatuan egiteko ordua apirilaren 16tik ekainaren 8ra eska daiteke. 11 bulego daude Gipuzkoan. Azpeitian, Beasainen, Bergaran, Eibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen eta Tolosan bana, eta hiru Donostian: Errotaburun, Amaran eta Grosen.

Prezioan ikusten ez den lana

Eroslea supermerkatura sartzen da; produktu bakoitzetik aukera zabal askoa dauka. Gaztaren apalean, hainbat forma, ehundura eta jatorritako produktuak daude aukeran: gazta osoak, zatituak, lehorrak, bigunak, xerratan moztuak eta gazta kremak. Plastifi...

Bixeraren azpian, Oiasso

Bixera eraikin historikoa eraitsi, eta zer aurkitu dute? Are historikoagoak diren aztarnak. 1936an eraiki zuten Bixera, eta hiriaren sinbolo izan da. Bertan, Irungo San Juan plazan, obra batzuk egiten ari zirela, Arkeolaneko ikertzaileek euren laneta...

Loiolako Erriberako proposamena zehaztugabetzat jo du oposizioak

Donostiako udaleko gobernu taldeak autobus geltokia Loiolako Erriberan jartzeko egindako proposamena zehaztugabetzat jo dute oposizioko PSE-EEk, EAJk eta PPk. Hori dela eta, apirilean edo maiatzean, gai hau udalbatzarrean jorratzen denean Atotxako proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu dute, nahiz eta ez duten erabat baztertu proposamen berria. Hala ere, hiru alderdien arabera, txosten teknikoak falta izatea eta intermodalitatea bermatu gabe egotea da traba nagusia.

PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok azaldu du bere alderdiaren jarrera. "Atotxako proiektua gelditu eta aldatu baino lehen, uste dugu ikerketa eta analisi guztiak egin behar direla, eta ez daude".

Zinegotzi sozialistak dioenez, une honetan kostu ekonomikoen, mugikortasunaren eta bideragarritasunaren datuak falta dira. Kudeaketa modua ere zehaztu gabe dagoela salatu dute. Eta, intermodalitatearen alorrari buruz, hauxe esan dute: "Gobernu taldea ez da bildu ez Adifekin ezta Eusko Jaurlaritzako Euskal Trenbide Sareko arduradunekin ere jakiteko inguru horretan geltokiak egiteko asmorik duten".

Gascok faltsutzat jo du egungo eztabaida, eta Atotxaren aldeko hautua egin du, "egingarri delako" eta aurreko agintaldian erabateko adostasuna lortu zuena delako. Loiolako Erriberako proposamenaren inguruan, berriz, hau dio: "Informazio txostenen faltan proiektu bat bestea baino hobea dela esatea fedea izatea da".

Atotxaren kontrako argudio nagusietako bat tamaina txikia izatea da. Gascok, ordea, gehiagoren beharrik ez dagoela dio. "Erabilerari buruzko ikerketa ekonomikoek diote ez dela gehiago behar; gauza txikiak egitea okerra da, baina gauza handiegiak egitea oker garestiagoa da".

"Estrategikoa" dela diote

EAJko zinegotzi Martin Ibabek ere udaleko gobernu taldearen proposamenak informazioa falta duela dio. Jeltzaleek ekonomiaren alorrean kokatu dute beste arazo bat: "Proiektu bat garestiagoa edo merkeagoa dela esaten denean, udalaren interesak defendatu behar ditugu, eta udalari zenbat kostatuko zaion jakin behar dugu. Hori ez dakigu oraindik, ez delako egin bideragarritasun ekonomikoko txostenik".

Ibabek uste du autobus geltokia estrategikoa dela Donostiarentzat; eta urte askoan geldituta egon denez zirt edo zart egiteko garaia dela, baina erabakia informatuta hartu behar dela ere uste du. "Atotxako proiektua aldatu baino lehen, informazio guztia behar da; eta gero ikusi. Agian, hobea izango da proposamen berria, baina ez dago landuta".

Hori dela eta, hurrengo osoko bilkuran EAJko zinegotziak informazioa eskatzeko mozio bat aurkeztuko du; autobus geltokiaren gaia jorratuko duen batzarrerako informazio osoagoa izatea da horren asmoa. "Nik informazio hori ezagutu baino lehen ezin dut aurreratu bertara zein jarrera eramango dugun".

PPko Ramon Gomezek, berriz, hauxe adierazi du udaleko gobernu taldearen proposamenari hasieran eman zion aukeraren inguruan: "Urteak dira guk geltoki intermodala jartzeko Loiolako Erriberaren aldeko apustua egin genuela". Baina berehala ñabardura egin du, eta gogora ekarri du aurreko agintaldian denek Atotxaren alde egiten zutela ikusirik PPk ere bat egin zuela, "lehenbailehen eraiki zedin".

Oraingo ezezkoa aldundiaren jarrerari egotzi dio. Izan ere, erakunde horrek uko egin dio Donostia aldeko metroaren proiektuari, eta proiektu hori ezinbestekotzat jo du PPk. "Metroa ez da Donostiako auzoak elkar lotzeko, baizik eta Donostia aldeko herriak eta hiria lotzeko". Azpiegitura horren faltan, ordea, "nahiago" dute hiriaren erdialdean, hau da, Atotxan legokeen geltokia.

Oraingo proiektuak ez du, Gomezen ustez, "intermodalitatea bermatzen". Hori dela eta, maiatzeko udalbatzarrean PPko zinegotziek Atotxako aukera babestuko dute. "Hogei urte igaro dira autobus geltokirik gabe, eta ez dugu nahi [Odon] Elorzaren okerrak berriro gertatzerik".

“Kasualitatez iritsi zitzaidan aktore gisa jarduteko aukera”

Kasualitatez iritsi zitzaidan aktore gisa jarduteko aukera". Gorka Igartuaren (Ezkio-Itsaso, 1979) hitzak dira. ETB1eko Goenkale telebista saioan izan zen hori. Horren ondotik, Hasiberriak telesaileko protagonistetako bat izan zen, eta Telecincoko Hospital Central telesailean ere parte hartu zuen. Baita hainbat antzezlanetan ere. Egun, Oñatiko Hijos de Juan de Garai enpresan lan egiten du. Noizbehinka aktore lanetara itzultzeko aukerak suertatzen zaizkio, eta gustura baliatzen ditu.

"Ez dakit zergatik eman zidaten aukera hura", adierazi du. "Beste batzuek euren prestakuntza helburu jakin batzuk lortzera bideratzen dute, eta horrek pisu handia izan beharko luke. Niri aukera eman zidaten, eta egoera horretan aurkitu nintzen", esan du, Goenkale-ri erreferentzia eginez. Telesail horretan esan behar izan zuen lehen esaldia ere gogoan du: "Ni Guti naun, eta hi?". Eta erantzuna: "Ni, Teresa". "Hainbeste aldiz irakurri nuen, esaldia bakarrik atera zen", dio.

Gazte iritsi zitzaion aukera Igartuari. "Adin horrekin gauzak beste modu batean ikusten dituzu. Ilusioa egiten dizu, zerbait berezia egingo duzula sentitzen baituzu. Ilusio horrek hurrengo agertokira eraman ninduen, eta hurrengora...". Ibilbide artistikoa baino gehiago esperientzia artistikoa duela esaten du, ibilbidea aktore prestatuagoei aitortuz. Esperientzia horren barnean, Hasiberriak telesailekoa izan zen sona gehien eman zion lana. "Gazteak ginen, eta gugan oinarritutako produktua zen. Berezia izan zen", adierazi du. "Karga bat hartzen duzu zure gain, eta ilusioa egiten dizu aurrera ateratzeak. Esperientzia eta ilusio pila bat elkartu ziren proiektu hartan. 19-20 urte genituen, ondo pasatzen genuen eta proiektua aurrera atera genezakeela ikusi genuen". Hura amaituta, bakoitzak bere bideari jarraitu dio. Igartuak antzerkira ere jauzi egin zuen, Karmakros antzerki tailerraren eta Arte Eszenikoen Tailerraren eskutik. "Mundu horretan zaudela, albokoak prestatuta ikusten dituzu, eta zuk ere ikasi egin nahi duzu".

Hala ere, beste kezka batzuk ere bazituen. "Denbora kontua ere bada. Arlo soziala beti izan dut gustuko, eta UNEDen ikasten hasi nintzen, nire martxan. Horrek denbora eskatzen du. Bestalde, jende asko dago aktore munduan, eta ez da erraza aurrera egitea. Nik ez dut maila profesional batean lan egin nahi. Film laburretan eta antzekoetan, berriz, ilusioa egiten dit parte hartzeak".

Aspaldiko partez, aukera ere izan du horretarako. Tercera guerra mundial film laburrean izan da hori. Hala ere, ez du itsutzen horrek. Oñatin lan egiten du , eta gustura dago. "Beste arlo bat da, ez du aktore lanarekin zerikusirik, baina egun, lana izatea ez da gutxi, eta bizitza aurrera ateratzeko lain ematen badit, horretan jarraituko dut. Arlo sozialean lan egiteko aukera badut ere, saiatuko naiz egiten".

Oroitzapen politak utzi dizkio arte eszenikoen munduak Igartuari. "Norbaitek zerbait zintzoki agertzen dizunean polita da. Gurea gaztetxoentzako saioa zen; ilusioz ikusten zuten. Horietako batekin elkartu eta begi bereziekin begiratzen zintuela ikusten zenuenean, jabetzen zinen norbaiti ilusioa egiten ziola pertsonaia hori ikusteak edo harekin hitz egiteak. Gauza horiek politak dira gazteekin, benetakoak direla ikusten baituzu. Beste batzuetan, ez dakizu hala den", dio. Telebistak aurreiritziak sortzen dituela ere aitortzen du: "Onak edo txarrak izan daitezke, zaila da aztertzen, baina telebistak ez lituzke ateak itxi edo ireki behar".

"Bizitzako zati bat izan da", ondorioztatu du: "Ez dakit zertan aldatu nauen, baina esperientziek eta gertatzen zaizkigun gauzek osatzen gaituzte, onerako eta txarrerako".

Aldundiak bost milioi euroko kopurua bermatu du

Gipuzkoako Aldundiak Donostiako autobus geltokiaren aldeko konpromisoa adierazi du hilabete honetan. Hirian sortu den eztabaida dela eta, erakunde horren bozeramaile Larraitz Ugartek jakinarazi zuen aurreko agintaldian egindako finantzaketa akordioak...