Sailkatugabeak

“Kasualitatez iritsi zitzaidan aktore gisa jarduteko aukera”

Kasualitatez iritsi zitzaidan aktore gisa jarduteko aukera". Gorka Igartuaren (Ezkio-Itsaso, 1979) hitzak dira. ETB1eko Goenkale telebista saioan izan zen hori. Horren ondotik, Hasiberriak telesaileko protagonistetako bat izan zen, eta Telecincoko Hospital Central telesailean ere parte hartu zuen. Baita hainbat antzezlanetan ere. Egun, Oñatiko Hijos de Juan de Garai enpresan lan egiten du. Noizbehinka aktore lanetara itzultzeko aukerak suertatzen zaizkio, eta gustura baliatzen ditu.

"Ez dakit zergatik eman zidaten aukera hura", adierazi du. "Beste batzuek euren prestakuntza helburu jakin batzuk lortzera bideratzen dute, eta horrek pisu handia izan beharko luke. Niri aukera eman zidaten, eta egoera horretan aurkitu nintzen", esan du, Goenkale-ri erreferentzia eginez. Telesail horretan esan behar izan zuen lehen esaldia ere gogoan du: "Ni Guti naun, eta hi?". Eta erantzuna: "Ni, Teresa". "Hainbeste aldiz irakurri nuen, esaldia bakarrik atera zen", dio.

Gazte iritsi zitzaion aukera Igartuari. "Adin horrekin gauzak beste modu batean ikusten dituzu. Ilusioa egiten dizu, zerbait berezia egingo duzula sentitzen baituzu. Ilusio horrek hurrengo agertokira eraman ninduen, eta hurrengora...". Ibilbide artistikoa baino gehiago esperientzia artistikoa duela esaten du, ibilbidea aktore prestatuagoei aitortuz. Esperientzia horren barnean, Hasiberriak telesailekoa izan zen sona gehien eman zion lana. "Gazteak ginen, eta gugan oinarritutako produktua zen. Berezia izan zen", adierazi du. "Karga bat hartzen duzu zure gain, eta ilusioa egiten dizu aurrera ateratzeak. Esperientzia eta ilusio pila bat elkartu ziren proiektu hartan. 19-20 urte genituen, ondo pasatzen genuen eta proiektua aurrera atera genezakeela ikusi genuen". Hura amaituta, bakoitzak bere bideari jarraitu dio. Igartuak antzerkira ere jauzi egin zuen, Karmakros antzerki tailerraren eta Arte Eszenikoen Tailerraren eskutik. "Mundu horretan zaudela, albokoak prestatuta ikusten dituzu, eta zuk ere ikasi egin nahi duzu".

Hala ere, beste kezka batzuk ere bazituen. "Denbora kontua ere bada. Arlo soziala beti izan dut gustuko, eta UNEDen ikasten hasi nintzen, nire martxan. Horrek denbora eskatzen du. Bestalde, jende asko dago aktore munduan, eta ez da erraza aurrera egitea. Nik ez dut maila profesional batean lan egin nahi. Film laburretan eta antzekoetan, berriz, ilusioa egiten dit parte hartzeak".

Aspaldiko partez, aukera ere izan du horretarako. Tercera guerra mundial film laburrean izan da hori. Hala ere, ez du itsutzen horrek. Oñatin lan egiten du , eta gustura dago. "Beste arlo bat da, ez du aktore lanarekin zerikusirik, baina egun, lana izatea ez da gutxi, eta bizitza aurrera ateratzeko lain ematen badit, horretan jarraituko dut. Arlo sozialean lan egiteko aukera badut ere, saiatuko naiz egiten".

Oroitzapen politak utzi dizkio arte eszenikoen munduak Igartuari. "Norbaitek zerbait zintzoki agertzen dizunean polita da. Gurea gaztetxoentzako saioa zen; ilusioz ikusten zuten. Horietako batekin elkartu eta begi bereziekin begiratzen zintuela ikusten zenuenean, jabetzen zinen norbaiti ilusioa egiten ziola pertsonaia hori ikusteak edo harekin hitz egiteak. Gauza horiek politak dira gazteekin, benetakoak direla ikusten baituzu. Beste batzuetan, ez dakizu hala den", dio. Telebistak aurreiritziak sortzen dituela ere aitortzen du: "Onak edo txarrak izan daitezke, zaila da aztertzen, baina telebistak ez lituzke ateak itxi edo ireki behar".

"Bizitzako zati bat izan da", ondorioztatu du: "Ez dakit zertan aldatu nauen, baina esperientziek eta gertatzen zaizkigun gauzek osatzen gaituzte, onerako eta txarrerako".

Aldundiak bost milioi euroko kopurua bermatu du

Gipuzkoako Aldundiak Donostiako autobus geltokiaren aldeko konpromisoa adierazi du hilabete honetan. Hirian sortu den eztabaida dela eta, erakunde horren bozeramaile Larraitz Ugartek jakinarazi zuen aurreko agintaldian egindako finantzaketa akordioak...

Kentzeko falta diren arrastoak

Betiko kale izenak eta betiko gurutzeak dira askorentzat; gutxik dakite zein lotura duen euren herriko Nafarroa kaleak Francoren tropak Gipuzkoara sartu izanarekin, edo nor omentzen duen iganderoko mendi bueltan ukitzen duten gurutzeak. Nabariago edo ezkutuago, herri askotan gelditzen dira oraindik frankismoko ikurrak; Eusko Jaurlaritzak haien zerrenda osatu berri du, eta Eudelekin adostu nahi du zer egin horiekin.

2007an onartu zuen Espainiako Kongresuak Memoria Historikoaren Legea; eraikin publikoetatik ikur frankistak kentzeko agindua ematen du arau horrek, eta baita gobernu autonomikoei eta udalei ikurrak antzematekoa ere. Eusko Jaurlaritza lau urte geroago hasi zen zeregin horretan; iazko maiatzean ekin zion kaleetako arrastoak zerrendatzeari.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri handienak aztertu dituzte batik bat, leku horietan aztarna gehiago egon daitezkeelakoan; ikur bereziak, kale izendegiak eta frankismo garaian eraikitako etxebizitzetako plakak arakatu dituzte. "Baliabideak ahal bezain ondo aprobetxatzeko", herri batzuk alde batera utzi dituzte; etxebizitzetako plakak ohikoagoak direnez, ikur bereziak dituztenak lehenetsi dituzte. Arrasto gehiago topatu dituzte garai horretan industrializazioarengatik hazitako herrietan; horregatik, Urola Kostan baino herri gehiago aztertu dituzte Donostia aldean eta Debabarrenean.

Hainbat talde eskuindar izan ziren 1936ko estatu kolpea prestatu zutenak; errepublikazaleekiko aurkakotasunak batzen zituen, baina, hortik aurrera, baziren desberdintasun nabarmenak euren artean. Monarkiaren aldekoen, karlisten, falangisten eta tradizionalisten artean ere egon ziren tirabirak; bakoitzak bere ikurrak erabili zituen ustez zegokion espazioa markatzeko.

1. Donostia aldea

Donostian ez dute ikur frankistarik topatu; bai, ordea, garai horretan Francoren aldekoek ipinitako hainbat kale izen. Aurretik Ategorrieta etorbidea zena, esaterako, Nafarroa etorbidea da gaur egun, Gipuzkoako konkistan Francoren alde aritu ziren tropa nafarren omenez. Antigua auzoko Zumalakarregi etorbidea eta Miramongo Oriamendi pasealekua karlisten ikurrak dira; Erregina Erregentearen kalea, Alfontso XIII.aren plaza eta Antiguako Erregezainen kalea, berriz, monarkikoenak.

Frankismoa hasterako, Donostian jada biztanleria dentsitate handi samarra zegoen; horregatik, inguruko herriak izan ziren 1950eko hamarkadatik aurrera gehien hazi zirenak, industrializazioaren eta migrazioen ondorioz. Andoain, Pasaia eta Errenteriako hainbat auzo Francoren gobernuaren diru laguntzekin eraikitakoak dira; askok daramatzate INV eta OSH akronimodun plakak, haiek finantzatu zituzten Etxebizitza Ministerioren eta frankismoko sindikatuaren adierazle gisa. Errenteriako Alaberga auzoa (1) eta Donostiako Herrera (2) horren adibide dira; plaka ugari daude oraindik etxe horietan.

Hernanin kale bakarra falta da izena aldatzeko: Nafar kalea. Etxeetako plaka gehienak ere kenduta daude. Oiartzunen ez dago garai hartako izena daraman kalerik; bai, ordea, Gipuzkoako ikur frankista garrantzitsu bat: Francoren aldeko oiartzuarrak eta Jose Antonio Primo de Rivera omentzen dituen monumentua. Andoainen, gainera, esanguratsuak dira Buruntza eta Belkoain mendietako gurutzeak, eta Nafarroa zubia (3).

2. Bidasoa

Irun 1936ko Gerraren aurretik ere bazen nahiko herri handia, baina 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan asko egin zuen gora bertako biztanleriak. Gipuzkoako konkistan, gainera, erabakigarria izan zen Irungo bataila.

Ikurrak ez, baina plakak gelditzen dira garai hartan eraikitako etxe askotan. Hainbat kalek ere badute oraindik frankistek martiri edo erreferente gisa hartutako pertsonen izena; besteak beste, Ortiz de Zarate, Telletxea Jenerala, Bergaretxe Jenerala, Mourlane Mitxelena eta Manuel Aznar Enbajadorea kaleek.

3. Tolosaldea

Tolosan, gaur egungo Nafarroa etorbidea eta Zumalakarregi pasealekuari 1936an jarri zieten izena. Karlistek herri horretan zuten indarra zela-eta, Tolosako Nafarroa etorbideko errotuluak (4) ziren gaztelaniaz eta euskaraz zeuden bakarrak: Avenida de Navarra / Naparrua'ko Ibiltegia zioten, eta horietako bat duela oso gutxira arte egon da etorbide horretako mutur batean.

Papergintzari esker, beste herrietan baino lehenago hasi zen industrializazioa Tolosan, XIX. menderako. Horregatik, XX. mendearen erditik aurrerako hazkundea ez zen hain nabaria izan. Oraindik gelditzen dira garai hartako etxebizitza batzuetako plakak, eta bereziki deigarria da Almirante Rekalde kaletik ikus daitekeen harrizko xafla handia; frankismoaren sindikatuak P. Zabala Kapitaina Taldea izenez bataiatutako etxe multzoaren fatxada batean dago ikur hori.

Gainontzean, Eusko Jaurlaritzaren txostenaren arabera, "ikurrak kentzeko lan handia" egin dute Tolosan, eta ez da bestelako arrasto frankistarik gelditzen.

Tolosak eta Donostiak izan ez zuten biztanleria hazkundearen zati batek Villabonan topatu zuen lekua; horren adierazle dira orduko etxebizitza blokeak, eta horrela sortu zuten Oriamendi auzoa —Oriamendiko Martxa karlismoaren ereserkia da—. Ikurrik ez da gelditzen, ordea.

4. Goierri

Oro har, arrasto gutxi topatu dituzte Goierrin. CAFen garapenari esker, gune industrial garrantzitsua izan da Beasain, eta hango biztanleria bikoiztu egin zen 1950etik 1970era. Hala ere, ez da frankismoko Etxebizitza Ministerioaren plakarik gelditzen. Ordizian ez dute batere arrastorik aurkitu, ezta etxeetan edo kale izendegian ere; bai, ordea, Zumarragan (5). Urretxun bezalaxe, frankismo garaiko urteak erabakigarriak izan ziren herriak gaur egun daukan forma hartzeko, eta badira oraindik plakak dituzten etxeak; Legazpi auzunekoa da handiena.

5. Urola Kosta

Azterketa egiterakoan, ez dute askorik aztertu Urola Kosta, industriagatiko hazkunde handiegirik izan ez duen eskualdea delako. Soilik Zarautz hartu dute kontuan, eta hor ere ez dute ikurrik topatu. Kale izendegia aldatuta dago guztiz, eta Nafarroa kaleak ez du frankismoan jatorria. Arrasto bakarrak Langako plazako (6) etxebizitzetako plakak dira; zati batzuk estalita dituzte xafla horiek, baina Etxebizitza Ministerioaren ikurrak ikus daitezke.

6. Debabarrena

Jaurlaritzaren txostenaren arabera, Eibarren egin dute frankismoko arrastoak kentzeko "lanik sakonena": kale izendegian ez dute ezer topatu, eta Barrena kaleko bi etxetan bakarrik daude plakak. Akondia mendian, ordea, bada Matias Zaragozano erreketearen omenezko gurutze bat, idazkunik ez daraman arren.

Elgoibarren arrasto gehiago topatu dituzte. Pedro Muguruza arkitekto frankistaren omenezko kale bat dago herri horretan, eta bere izena daraman etxe multzo bat ere bai —harrizko plaka handi bat dago bertan—; Morkaiko mendian ere bada errekete baten omenezko gurutze bat, eta hainbat etxek daramate frankismoko xafla.

Mutrikun (7) soilik Azkiaga eta San Migel kaleetan daude halakoak, baina lau kalek daramate izen frankista: Jose Maria Altzibar, Eulogio Ulazia, Modesto Txurruka kaleek, eta Txurruka Tenienteen etorbideak, zehazki.

7. Debagoiena

Arrasateko industriak gorakada handia eragin zuen eskualde osoko biztanlerian; garai horretako etxe ugari daude inguruko herrietan ere. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Aretxabaletan Bedarretako San Migel kaleak soilik ditu plakak. Bergaran hiru kaletan daude, eta Arrasaten (8), bederatzitan.