Sailkatugabeak

The Hernani Experience

Autobusa hartu eta herrian askatuko zaituztegu bi-hiru orduz. Poteoa lasai hartu, trikitia jo, dantza apur bat egin. Ez larritu ez baduzue zeuon burua oso solte nabaritzen, denak du bere momentua. Autobusa zuen bila etorri eta alai kantuan, sagardotegian askatuko zaituztegu. Ez ahaztu! Sagardoa dohain da! Edan ahalik eta gehien. Gero berriz autobusa, eta kantu eta oka, herrian askatuko zaituztegu berriz. Hiru-lau ordu duzue nahi duzuena egiteko autobusa berriro bila etorri arte! Imajinatzen duzu hori dena? Etorri ba Hernanira!

Plana ez da txarra, ez zaitezte nahastu, plana berez planazoa iruditzen zait. Ez dut ezer parranda eta alkoholaren kontra (ezagutzen nautenek ederki dakite hori) eta hernaniarra izanik ere, ez dut ezer sagardotegi garaiaren kontra. A priori.

Baina lehengoan lagun batek kontatu zidan unibertsitatean esan ziotela: "Hernanikoa zara? Jo, qué guay, esaten da herri horretan nahi dena egin daitekeela!". Hor dago gakoa. Nik, parrandazale amorratua izanik ere, sagardotegi garaiko parrandak gorroto ditut. Ezin daiteke ondo azaldu gertutik ikusten ez bada. Ez du zer ikusirik herriko jaiekin, ezta, apuratuz gero, sanferminekin ere. Behin komun batean pintada hau ikusi nuen: Hernani alkoholaren Disneylandia da!!! (eta drogena pixkatxo bat ere bai). Gauza da herri horretan edozer egin daitekeen hori oso zabalduta dagoela, dena puskatu daiteke, baboseoa libre eta doakoa da, barruan daramazun basapiztia ateratzeko leku aproposena da.

Esadazue zein herritan jarri dizkizueten zementuzko paperontziak astero-astero puskatu ez ditzaten; kristalezko baso eta botilarik ere ez dugu herrian, arma arriskutsu bilakatzen direlako bat-batean; udaltzain gehiago behar dugu, guk bakarrik jakin ezean, haiek zaindu gaitzaten; eta batzuetan, Ertzaintzak kargatu behar izan du kuadrilla batek etxera joateko gogo gutxi duela-eta gaua ostiaka bukatu nahi duelako.

Horrek denak sagardotegi garaiko parrandaren aurkako plataformak sorrarazten ditu, eta ez, ez nator horiekin bat. Ni ez naiz zibismoaren aldekoa, are gutxiago dezentziaren aldekoa, baina egia dena da, inoiz baino gehiago, gaua eta kalea ez direla gureak. Hasteko, ez dira emakumeonak, baina ezta ere jai-giro osasuntsu bat gozatu nahi dugunonak. Gaua eta kalea parrandako desfasearenak eta horren aurkako kontrolarenak dira. Kolektiboan negoziatzeko gaitasuna kendu diogu geure buruari, beste batzuei geure buruaren ardura emanez.

Eta nik honako hau pentsatzen dut, batzuok jai-giro feministak aldarrikatzen ditugunean, espazioak berreskuratuz, aske biziz eta erasoak ekidinez, parrandazaleok ere beste gauza batzuk kontuan ere hartu behar ditugula. Ez gaitzatela infantilizatu, ez dezatela "gu zaindu beharrik izan", kontrolatu behar, jakin dezagun gure gaua eta parranda behar bezala gestionatzen. Bai, manten dezagun aske gune hori ere, bai, "Hernanin nahi dena egin ahal izateko" baina horrek ez ditzan ekarri plataformak, polizia gehiago, plastikozko basoak, brigadak eta abar.

Ez dezagun, behintzat, Hernani alkoholaren Disneylandia izatetik, alkoholaren haurtzaindegi bilakatzera eraman, mesedez.

40 URTE EZ DIRELAKO EGUNERO BETETZEN

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 40 urte beteko dituztela eta, urtebetetze festa berezia egingo dute, igandean, 17:00etan, Donostiako Kresala elkartean. 1972ko martxoaren 25ean, Kresala elkartean bertan egin zuten lehen ikuskizuna, eta, horregat...

Laburrak, bidea luzatzen

Laburbira

Bost herritan

Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutaraztea eta herrietako kultur eskaintza aberastea. Urteroko helburu horiek oinarri hartuta, aurten, bederatzigarrenez bere bidea ari da egiten Laburbira Film Laburren Zirkuitua. Martxoaren 1ean hasi zen eta apirilaren 3ra bitartean, orotara, Euskal Herriko zein kanpoko 30 tokitan egingo dituzte emanaldiak. Asteon, Gipuzkoako bost herritan egingo du geldialdia Laburbirak: Mutrikun, Soraluzen, Legazpin, Ordizian eta Lasarte-Orian.

Topaguneak antolatzen du Laburbira, herrietako euskara elkarteekin lankidetzan. Eta, aurtengo egitarauak bi berrikuntza nagusi ekarri ditu. Batetik, lehen aldiz euskaraz ez den film bat onartu dute: Xoxe Diazen Instalación. Galizieraz egina da film labur hori, eta euskarazko azpidatziekin ikus daiteke Laburbiran. Bestetik, egitarauan sartu dute euskaraz egindako lehen dokumentaletako bat ere, Gotzon Elortzaren Aberria. Bi lan horiez gain, beste sei film laburrek osatzen dute aurtengo Laburbira. Maialen Sarasuaren Hemen nago, Joseba Uberuagaren Izena duena, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Permanent taldearen Kantuka. Orotara, 85 minutuko iraupena du emanaldiak.

ASTEON, GIPUZKOAN

Mutriku. Gaur, 22:15ean, Zabiel kultur etxean. Antolatzailea: Karenka

Soraluze. Gaur, 22:15ean, zinema aretoan. Antolatzailea: Pil-Pilean.

Legazpi. Gaur, 22:30ean, gaztetxean. Antolatzailea: Zingi Zango

Ordizia. Asteazkena, hilak 28, 19:00etan, Barrena kultur etxean. Antolatzailea: Hitzaro.

Lasarte-Oria. Osteguna, hilak 29, 21:30ean, Jalgi kafe antzokian. Antolatzailea: Ttakun.

“Ostalariok lehen ikusle ginen, baina orain aktibo egin gara”

Asier Aldalur (Itziar, Deba, 1971) Zarauzko Txiki-Polit ostatuaren eta tabernaren jabeetako bat da. Azken bi urteetan badu beste zeregin bat ere: Zurekin ostalari elkarteko eginkizunei erantzutea. Orain bi urte sortu zuten elkartea, "herria girotzeko eta jendea erakartzeko", eta hasieratik gogotsu ekin zioten lanari, Udaberrifest musika ekitaldia antolatu zutelako, besteak beste. Aurten bigarrenez ospatuko dute.

Martxoaren 31n izango dira aurtengo lehen kontzertuak. Iazkoa arrakastatsua izan zen seinale, ezta?

Aurreneko aldia izan zen iazkoa, eta nahikoa arrakasta izan genuen, bai. Zurekin elkartearen azken batzarrean jendea sekulako gogoarekin zegoen, iazko arrakasta ikusirik. Aurten aurrekontu aldetik dezenteko murrizketa izan dugu, baina saiatu gara ahalik eta programa onena osatzen.

Estilo aukera zabaleko ekitaldia da.

Bai, nahita egin dugu, adin eta estilo guztietako jendea erakartzeko. Ostalaritzako bezeroak ere era guztietakoak dira; gazteak, helduak eta gustu askotarikoak. Iaz ere antzeko apustua egin genuen: Fangoria alde batetik, euskal gazteentzako taldeak bestetik... Eta harrituta gelditu ginen Fangoriak izandako arrakastarekin. Beraz, aurten horri jarraipena eman, eta Rosario Floresen aldeko apustua egin dugu. Dagoeneko jende mordoa ari zaigu deitzen sarrera eske, eta ikusten dugu aurten ere izango duela erakarpena Udaberrifestek.

Zein da ekitaldiaren helburua?

Herria mugitzea da, gehienbat neguari eta udaberriari begira: martxo amaieran hasi eta hilabetean ekitaldi bat egingo dugu gutxi gorabehera. Ez dugu energia guztia egun bakarrean gastatzerik nahi: luzatu egin nahi dugu. Negu partean eta astegunetan astindu behar da Zarautz; uda segurua da.

Inguruko herrien artean, gisa honetako ekitaldi bat antolatu duzuen bakarrak zarete.

Musika aldetik, bere garaian Azkoitian tabernariek elkartuta kontzertuak antolatzen zituzten; baina, bestela, ez. Ez da hain erraza, aurrekontu handietan sartu behar delako. Gaur egun, denak sinatuta egon behar du, jendea ere ez dago ardura eta konpromiso handietan sartzeko prest. Orain arte, beti udalaren atzean egon gara gu: herria ere oso aktiboa da, eta ekintza pila bat egon da. Beti ikusle modura egon izan gara; lehen ikusle ginen, baina orain gu ere aktibo gara.

Krisiaren erdian, nolako negua ari da izaten 2012koa?

Lehen, atea irekitzearekin nahikoa izaten zen. Baina azken bizpahiru urteetan ikusi da geldirik egonda ezin dela aurrera egin; hortik hasi dugu hau guztia. Gauzak antolatuz gero, jendeak erantzuten du; baina geldirik egonez gero, atzera joaten zara. Lehen ezer egin gabe lortzen zena orain mugituz lortzen du ostalariak.

Lan gehiago egin behar, beraz.

Bai, lan gehiago egin eta mozkin gutxiago lortu.

Zarautzen hau bada errealitatea, inguruko kostako beste herrietan ere hala izango da, ezta?

Pixkanaka ari dira antolatzen eta gauzak egiten Zumaian, Getarian eta Orion ere. Bestalde, guk ez dugu ondokoekin lehian hasi nahi izan. Esaterako, Orion janarekin lotutako gauzak antolatzeko joera dute: bisigu eguna dela, txuleta eguna dela... Eta hemen gehiago jo dugu musika girora. Zarautz beti izan da erreferente festarako, musikarako edo surferako, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu, ondokoei konpetentziarik egin gabe.

Uda nola ikusten duzue?

Neuk zehazki hotela eta taberna ditut, eta erreserba aldetik oso ondo goaz. Zurekin elkartea bezala, hotelen sektorea ere ari da eskaintza bereziak egiten jende gehiago mugiarazteko.

Eusko Jaurlaritzak tabernei ordubete gehiago irekitzea baimenduko die.

Horrek bereziki bezero gazteak dituzten tabernei egingo die mesede. Izan ere, krisiak gehienbat horiei eragin die. Asko igarri dute bai krisia, bai Tabakoaren Legea, bai Alkoholemia Legea. Dena batu zaie haiei.

Zarautzen behar berezirik ba al du ostalaritza sektoreak?

Zer hobetua badago, eta udalarekin harremanetan ari gara. Esaterako, egunero dugu hemen merkatu plaza, baina asteroko azokarik ez dugu, beste herri guztietan duten bezala. Orain Abendaño industrialdean hilero egiten den azoka herrira gerturatuko dute, Azken Portura. Hori pauso txiki bat izango da. Bestalde, Murkil merkatari elkartearekin elkarlanean ere ari gara; herria pixka bat gehiago astindu nahi dugu astegunetan eta neguan. Azkenik, erdigunean TAO sistema egoteak kalte handia egiten dio ostalaritzari, eta horretaz ere ari gara hizketan udalarekin.

Hitzaldiak, kultur emanaldiak eta festa, egitaraua biribiltzeko

Iparra-Hegoa kultur egitasmoa azken txanpan sartuko da datorren astean, eta aurtengo gai nagusiari, Nafarroari, lotutako gaiek presentzia nabarmena izango dute Seguran. Astelehenean, Gartxot, konkista aitzineko konkista filma ikusi ahalko da; asteartean, Nabarraldeko Beñi Agirre ariko da hizlari; eta Filipe Bidart eta Antton Kurutxarri, asteazkenean.

Ostegunean bertso afaria egingo dute, Amets Arzallus eta Julio Sotorekin, eta, ostiralean, haurren eguna izango da. Ostiral iluntzetik aurrera, festak eta musikak hartuko dute lekukoa. Gereziondoko ekitaldiak eta herri bazkariak emango diote bukaera aurtengoari ere.

Gereziondoaren abaroan elkartuta

Nafarroan ezagutu zuten elkar Segurako Elorri elkarteko kideek (Gipuzkoa) eta Urruñako Hazia eta Bertsoli elkartekoek (Lapurdi), orain hogei urte inguru. Lehen harremanak eta trukeak egin ondoren, orain hamazazpi urte antolatu zuten elkarrekin lehendabiziko Iparra-Hegoa kultur egitasmoa, eta kasualitatea, edo ez, Nafarroa da aurtengo jaialdiaren gai nagusia ere. Ekitaldi nagusiak hilaren 26tik apirilaren 1era izanagatik —denak Seguran—, Iparra-Hegoaren hilabete kulturala hilaren 2an hasi zen, Pausu-Urruñako Xaia ostatuan egin zen afari eta kontzertu batekin.

Baztandarren Biltzarrean izan zuten lehen harremana Xabier Albizu segurarrak eta Beñat Elizondo urruñarrak. "Ez dugu ondo oroitzen urtea, beti eztabaidatu izango dugu horretaz, baina 1992. urtea izan zela uste dut", azaldu du Elizondok irribarrez. Biltzarrean kantu-txaranga bat zebilela, inguruan jende mordoxka zuela, inguratu zirela, eta haiek ere kantuan hasi zirela du gogoan Albizuk. "Hizketan aditu ondoren, Iparraldekoak zirela konturatu ginen". Txaranga hartako partaidea zen Elizondo.

Handik denbora gutxira, 1993. urteko Altsasuko Nafarroa Oinez festan, berriz ere topo egin zuten, eta "bospasei ordu elkarrekin kantuan pasatu ondoren" —Elizondok gogoratu duenez— harremanetan hastea erabaki zuten, helbideak eta telefono zenbakiak trukatu eta gero. "Segurara, bertso afari batera, gonbidatu gintuzten Elorrikoek, eta hortik hasi ginen pentsatzen urrunago joan gintezkeela, Iparraldea Goierri aldean ezagutarazteko eta". Albizuren arabera, afari hartara joan ziren gehienak Iparraldeko hautetsi abertzaleak, ikastoletako gurasoak eta esparru euskaltzaleko herritarrak ziren.

Urratsak egiten hastea

Hurrengoan, segurarrak joan ziren Iparraldera. "Urruñara joan ginen, baina txarangakideak Sarakoak, Azkaingoak, Hendaiakoak eta beste herri batzuetakoak ere baziren", azaldu du Albizuk. Atzera berriz Segurara joan ziren Iparraldekoak, eta goierritarrek Seguran asteburu bateko egitaraua antolatzea erabaki zuten. "Ez zen lehen Iparra-Hegoa izan, baina bai horren aurreko asteburu bat. Oinarri horren bueltan sendotu zen gerora ezagutzen duguna", zehaztu du Albizuk.

Iparra-Hegoaren lehen ekitaldia jaialdi bat izan zen, asteburu batekoa, eta Segurako Baratze pilotalekua izan zen festalekua. "Iparraldeko talderen batek jo zuen larunbatean, eta, gero, igandean herri bazkari bat egin genuen. Kuxkuxtu txaranga ekarri genuen, Hazparneko joaldunak ere bai, Baigorriko dultzaina jotzaileak... Hitzaldiren bat ere izan zen. Hortxe mugitu ginen", gogoratu du Albizuk.

Lehen aldi horretan jarritako haziak laburbiltzen ditu Iparra-Hegoa kultur egitasmoaren lau helburu nagusiak: Ipar eta Hego Euskal Herriko jendearen arteko harremanak bultzatzea; elkarren arteko kultura, hizkuntza eta ohiturak trukatzea; gerturatze guneak eta ekintzak sortzea; eta Euskal Herria osatzeko bidea jorratzen laguntzea.

Eta hamazazpi urteren ondoren, hasierako urte haietan zegoen "muga psikologikoa" gainditzea lortu dutela diote biek ala biek. "Hainbat fase izan ditugu, baina denborarekin harremanak normalizatzea lortu dugu. Muga fisikoa bazegoen, eta badago, baina uste dut batez ere psikologikoa dela muga hori. Garai hartan elkar ezagutzeko gosea sentitzen genuen", azaldu du Albizuk. Elizondoren esanetan, berriz, egiten ari diren elkarlana "oso ongi" ikusten dute Ipar Euskal Herrian. "Entzuten ditugun hitzak edo kritikak oso onak dira. Euskal Kultur Erakundeak ere diruz laguntzen gaitu duela sei urtetik, ikusten baitu jende askoren oniritzia dugula".

Gaur egun Iparra-Hegoa elkarteak Bidasoaren bi aldeetan daude, eta bietan dira legezkoak eta ofizialak. Ipar Euskal Herrikoaren kasuan, elkarteko kide gehienak Lapurdikoak dira, baina badira beste herrialdeetakoak ere; eta Hegoaldekoen artean, gunea Seguran egonik ere, Goierriko herrietako eta beste hiru herrialdeetako kideek osatzen dute elkartea.

Gai baten lanketa ardatz

Hasiera hartan, 1994-95 urteetan, asteburu bat zena kultur aste bihurtu zen. Gerora, kultur astea urte osoko ekintzekin uztartzen hasi ziren, eta, azken urteetan, hilabete kulturala antolatu izan dute. Baina, betiere, eta hori da egitasmoaren ardatzetako bat, gai jakin batekin lotu izan dute, urtez urte, Iparra-Hegoa: hasieran Iparraldea hartu zuten osorik; ondoren Iparraldeko hiru herrialdeak banan-banan; gero Hegoaldeko laurak; eta Diaspora segidan, Argentinako Euskal Etxe batek lagunduta. "Horiekin bukatuta, Lurra, Itsasoa, euskal komunikabideak eta antzekoak landu izan ditugu", nabarmendu du Albizuk. Aurtengo gaia Nafarroa Euskal Estatua, 1200-1512-2012 da. "Historia bere lekuan kokatzea garrantzitsua da, lehengoa ezagutzen ez duenak gaurkoa ezingo baitu ulertu, eta ezingo du geroa proiektatu".

Elkarlan hori, ordea, ez da hilabete bakarrera mugatzen. Goierriko ikastolak eta Urruña-Ziburukoak elkarlanean ari dira, eta jaialdiak antolatzen dituzte dirua biltzeko. Euskal Herriko ikastetxeen arteko topaketak ere antolatzen dituzte —aurten Lodosa (Nafarroa), Senpere-Azkaine (Lapurdi) eta Segurakoak elkartuko dira—. Beste erakunde batzuekin lankidetzan antolatzen duten Euskal Herriko Mus Txapelketa da azken ekitaldi garrantzitsua. Elkarlan horrek guztiak Seguran jotzen du goia urtero, Itsasutik (Lapurdi) Segurara eramandako gereziondoaren bueltan egiten den ekitaldian.