Sailkatugabeak

40 URTE EZ DIRELAKO EGUNERO BETETZEN

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 40 urte beteko dituztela eta, urtebetetze festa berezia egingo dute, igandean, 17:00etan, Donostiako Kresala elkartean. 1972ko martxoaren 25ean, Kresala elkartean bertan egin zuten lehen ikuskizuna, eta, horregat...

Laburrak, bidea luzatzen

Laburbira

Bost herritan

Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutaraztea eta herrietako kultur eskaintza aberastea. Urteroko helburu horiek oinarri hartuta, aurten, bederatzigarrenez bere bidea ari da egiten Laburbira Film Laburren Zirkuitua. Martxoaren 1ean hasi zen eta apirilaren 3ra bitartean, orotara, Euskal Herriko zein kanpoko 30 tokitan egingo dituzte emanaldiak. Asteon, Gipuzkoako bost herritan egingo du geldialdia Laburbirak: Mutrikun, Soraluzen, Legazpin, Ordizian eta Lasarte-Orian.

Topaguneak antolatzen du Laburbira, herrietako euskara elkarteekin lankidetzan. Eta, aurtengo egitarauak bi berrikuntza nagusi ekarri ditu. Batetik, lehen aldiz euskaraz ez den film bat onartu dute: Xoxe Diazen Instalación. Galizieraz egina da film labur hori, eta euskarazko azpidatziekin ikus daiteke Laburbiran. Bestetik, egitarauan sartu dute euskaraz egindako lehen dokumentaletako bat ere, Gotzon Elortzaren Aberria. Bi lan horiez gain, beste sei film laburrek osatzen dute aurtengo Laburbira. Maialen Sarasuaren Hemen nago, Joseba Uberuagaren Izena duena, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Permanent taldearen Kantuka. Orotara, 85 minutuko iraupena du emanaldiak.

ASTEON, GIPUZKOAN

Mutriku. Gaur, 22:15ean, Zabiel kultur etxean. Antolatzailea: Karenka

Soraluze. Gaur, 22:15ean, zinema aretoan. Antolatzailea: Pil-Pilean.

Legazpi. Gaur, 22:30ean, gaztetxean. Antolatzailea: Zingi Zango

Ordizia. Asteazkena, hilak 28, 19:00etan, Barrena kultur etxean. Antolatzailea: Hitzaro.

Lasarte-Oria. Osteguna, hilak 29, 21:30ean, Jalgi kafe antzokian. Antolatzailea: Ttakun.

“Ostalariok lehen ikusle ginen, baina orain aktibo egin gara”

Asier Aldalur (Itziar, Deba, 1971) Zarauzko Txiki-Polit ostatuaren eta tabernaren jabeetako bat da. Azken bi urteetan badu beste zeregin bat ere: Zurekin ostalari elkarteko eginkizunei erantzutea. Orain bi urte sortu zuten elkartea, "herria girotzeko eta jendea erakartzeko", eta hasieratik gogotsu ekin zioten lanari, Udaberrifest musika ekitaldia antolatu zutelako, besteak beste. Aurten bigarrenez ospatuko dute.

Martxoaren 31n izango dira aurtengo lehen kontzertuak. Iazkoa arrakastatsua izan zen seinale, ezta?

Aurreneko aldia izan zen iazkoa, eta nahikoa arrakasta izan genuen, bai. Zurekin elkartearen azken batzarrean jendea sekulako gogoarekin zegoen, iazko arrakasta ikusirik. Aurten aurrekontu aldetik dezenteko murrizketa izan dugu, baina saiatu gara ahalik eta programa onena osatzen.

Estilo aukera zabaleko ekitaldia da.

Bai, nahita egin dugu, adin eta estilo guztietako jendea erakartzeko. Ostalaritzako bezeroak ere era guztietakoak dira; gazteak, helduak eta gustu askotarikoak. Iaz ere antzeko apustua egin genuen: Fangoria alde batetik, euskal gazteentzako taldeak bestetik... Eta harrituta gelditu ginen Fangoriak izandako arrakastarekin. Beraz, aurten horri jarraipena eman, eta Rosario Floresen aldeko apustua egin dugu. Dagoeneko jende mordoa ari zaigu deitzen sarrera eske, eta ikusten dugu aurten ere izango duela erakarpena Udaberrifestek.

Zein da ekitaldiaren helburua?

Herria mugitzea da, gehienbat neguari eta udaberriari begira: martxo amaieran hasi eta hilabetean ekitaldi bat egingo dugu gutxi gorabehera. Ez dugu energia guztia egun bakarrean gastatzerik nahi: luzatu egin nahi dugu. Negu partean eta astegunetan astindu behar da Zarautz; uda segurua da.

Inguruko herrien artean, gisa honetako ekitaldi bat antolatu duzuen bakarrak zarete.

Musika aldetik, bere garaian Azkoitian tabernariek elkartuta kontzertuak antolatzen zituzten; baina, bestela, ez. Ez da hain erraza, aurrekontu handietan sartu behar delako. Gaur egun, denak sinatuta egon behar du, jendea ere ez dago ardura eta konpromiso handietan sartzeko prest. Orain arte, beti udalaren atzean egon gara gu: herria ere oso aktiboa da, eta ekintza pila bat egon da. Beti ikusle modura egon izan gara; lehen ikusle ginen, baina orain gu ere aktibo gara.

Krisiaren erdian, nolako negua ari da izaten 2012koa?

Lehen, atea irekitzearekin nahikoa izaten zen. Baina azken bizpahiru urteetan ikusi da geldirik egonda ezin dela aurrera egin; hortik hasi dugu hau guztia. Gauzak antolatuz gero, jendeak erantzuten du; baina geldirik egonez gero, atzera joaten zara. Lehen ezer egin gabe lortzen zena orain mugituz lortzen du ostalariak.

Lan gehiago egin behar, beraz.

Bai, lan gehiago egin eta mozkin gutxiago lortu.

Zarautzen hau bada errealitatea, inguruko kostako beste herrietan ere hala izango da, ezta?

Pixkanaka ari dira antolatzen eta gauzak egiten Zumaian, Getarian eta Orion ere. Bestalde, guk ez dugu ondokoekin lehian hasi nahi izan. Esaterako, Orion janarekin lotutako gauzak antolatzeko joera dute: bisigu eguna dela, txuleta eguna dela... Eta hemen gehiago jo dugu musika girora. Zarautz beti izan da erreferente festarako, musikarako edo surferako, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu, ondokoei konpetentziarik egin gabe.

Uda nola ikusten duzue?

Neuk zehazki hotela eta taberna ditut, eta erreserba aldetik oso ondo goaz. Zurekin elkartea bezala, hotelen sektorea ere ari da eskaintza bereziak egiten jende gehiago mugiarazteko.

Eusko Jaurlaritzak tabernei ordubete gehiago irekitzea baimenduko die.

Horrek bereziki bezero gazteak dituzten tabernei egingo die mesede. Izan ere, krisiak gehienbat horiei eragin die. Asko igarri dute bai krisia, bai Tabakoaren Legea, bai Alkoholemia Legea. Dena batu zaie haiei.

Zarautzen behar berezirik ba al du ostalaritza sektoreak?

Zer hobetua badago, eta udalarekin harremanetan ari gara. Esaterako, egunero dugu hemen merkatu plaza, baina asteroko azokarik ez dugu, beste herri guztietan duten bezala. Orain Abendaño industrialdean hilero egiten den azoka herrira gerturatuko dute, Azken Portura. Hori pauso txiki bat izango da. Bestalde, Murkil merkatari elkartearekin elkarlanean ere ari gara; herria pixka bat gehiago astindu nahi dugu astegunetan eta neguan. Azkenik, erdigunean TAO sistema egoteak kalte handia egiten dio ostalaritzari, eta horretaz ere ari gara hizketan udalarekin.

Hitzaldiak, kultur emanaldiak eta festa, egitaraua biribiltzeko

Iparra-Hegoa kultur egitasmoa azken txanpan sartuko da datorren astean, eta aurtengo gai nagusiari, Nafarroari, lotutako gaiek presentzia nabarmena izango dute Seguran. Astelehenean, Gartxot, konkista aitzineko konkista filma ikusi ahalko da; asteartean, Nabarraldeko Beñi Agirre ariko da hizlari; eta Filipe Bidart eta Antton Kurutxarri, asteazkenean.

Ostegunean bertso afaria egingo dute, Amets Arzallus eta Julio Sotorekin, eta, ostiralean, haurren eguna izango da. Ostiral iluntzetik aurrera, festak eta musikak hartuko dute lekukoa. Gereziondoko ekitaldiak eta herri bazkariak emango diote bukaera aurtengoari ere.

“Europak xakea eskolan sartzea gomendatuko du”

Mikel Larreategi eibartarra prest dago martxoaren 31n hasiko den Donostiako 35. Xake Irekirako. Xake jokalaria da, baina txapelketa honetan beste eginkizun bat izango du: epaile lanak. Ez dago xake epaile askorik.Ez, Espainian 75 ere ez daude. Xake jo...

Aldundiari naturguneen aldeko politika eskatu diote ekologistek

Orain arteko basogintza politika "erabat aldatzeko" eskatu diote Gipuzkoako hamalau natur taldek foru aldundiari. Politika horrek "mendien artifizializazioa" ekarri duela azaldu dute; egurra eskuratzeko, espezie exotikoak landatzen dituztela ere salatu dute, eta horiek ustiatzeko fumigazioak diru publikoz ez laguntzeko exijitu diote. Horren ordez, bertako espezie eta habitat naturalak "era masiboan" berreskuratu behar direla adierazi dute; besteak beste, pagadiak, hariztiak, artadiak, ibaiak eta itsasadarrak.

Eskaera egin dutenen artean, bi ornitologia talde —Ugatza eta Itsas Enara elkarteak— eta hiru talde ekologista daude —Berdeak, Ekologistak Martxan eta Eguzki—; gainerakoak Gipuzkoako hainbat herritako natur taldeak dira. Oraingoz, bi aldiz elkartu dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Inguruneko Zuzendaritzarekin Bildu diputazioan dagoenetik. Bilera horietan, "EAJren garaiko ekologismoarekiko eta natur kontserbazioarekiko bazterkeria" alde batera uzteko eskatu diete sail horretako arduradunei.

Orain arte agintean egon direnen "utzikeria" dela medio baso naturalak desagertzen ari direla azaldu dute ekologistek, eta basa- bizitza "egoera larri" batera eraman dutela. Salatu dutenez, orain arte "interes eta kudeaketa ahalmen zuzena" izan dute Basozale Elkarteak eta Ehiza Federazioak, "baso eta ehiztarien lobby-ek". Elkarte horiek jasotzen dituzten diru laguntzak berriz aztertzeko eta haien jarduna mugatzeko eskatu diote foru aldundiari, eta, horren ordez, biodibertsitatearen alde lanean dihardutenak gehiago kontuan hartzeko. "Lobby horienak ez bezala, gure interesak kolektiboak dira, guztiona den ondare naturalaren defentsa baita gure helburua", esan dute. Talde ekologistak "urte luzeetan baztertuak" izan direla ere salatu dute, eta oraingoan ere beraiek jarri behar izan dutela aldundiarekin harremanetan hitzorduok lotzeko.

Bilera horietan, batik bat, mendi publiko gisa izendatutako guneen eta gune babestuen kudeaketa "moderno eta eraginkorra" nola sustatu izan dute hizketagai. Natur taldeek emandako datuen arabera, Gipuzkoan 88 mendi publiko daude, lau parke natural eta Natura 2000 sarearen barruko hemeretzi gune babestu.