Sailkatugabeak

Harrera, etorkizuna eraikitzeko bide

H arrera profesionala 2007an jarri zen martxan Gipuzkoan. Adingabeen egoitzetan zehaztu gabeko denboraldi batez egon behar duten neska-mutilei begirakoa da, eta familietan bizitzeko aukera eskaintzen diete haur horiei. Haur, gazte edo jaioberriak izan...

Aulkian ere, gelditu gabe

Eserita egoteak ez du geldirik egotea esan nahi. Gero eta gehiago dira gurpil aulkia erabiltzen duten pertsonentzako egokitutako kirolak, eta Gipuzkoan ere zabaltzen ari dira kirola egiteko elkartzen diren elbarrien taldeak. Usurbilgo pilota elkartean ere bada palan jokatzeko elkartzen den talde bat; astearte arratsaldeetan entrenatzen dute Zubietako pilotalekuan.

Guztira, zortzi pertsonak osatzen dute taldea, bi entrenatzailek lagunduta. Taldearen koordinatzaile lanetan Oidui Usabiaga dabil; bera hasi zen duela sei urte taldea osatzen. "Lagun batek deitu zidan, esanez bazeukala senide bat aulkian gelditu zena, eta pilotan ibiltzea gustatzen zitzaiona". Usabiagak Euskal Herriko Unibertsitatean Pilota Gaietako irakasle gisa dihardu, eta lehendik ere bazeukan egokitutako beste kirolen berri; pilotarekin ez zuen halako eredurik ezagutzen, baina proba egitea erabaki zuen. "Behin hasita, urte osoko entrenamendu sistematizatuak egitea pentsatu genuen", azaldu du; duela hiru urtetatik, astero entrenatzen dute.

Pala jokoa egokitzeko, ez dituzte arauak asko moldatu behar izan: desberdintasun handienak bote kopuruan —egokitutako jokoan bi bote egin ditzake pilotak, eta egokitu gabean bakarra— eta sakeko distantzia egokitzean daude, baina azken hori "pilotako jokamolde guztietan egokitzen da", Usabiagaren hitzetan. Gainontzean, aulkian jokatzea da baldintza bakarra.

Aste honetako entrenamendurako, hiru jokalari agertu dira Zubietako frontoira. Patxi Fadrique da horietako bat; istripu baten ondorioz, duela zortzi urte gelditu zen gurpil aulkian, eta taldea sortu zenetik jokatzen du palan. "Jendeak uste du zaila izango dela", azaldu du, "baina probatzen duzu eta beste edozein kiroletan bezala da: lehenengo egunetan ohitu egin behar duzu, baina gero erraza da, eta jolasteko aukera asko ematen ditu. Probatzea da kontua".

Taldea sortu zutenean ere halaxe ibiltzen zirela azaldu du: probatzen. "Orain, etortzen den jende berriari azalpenak ematen dizkiogu: nola lotu aulkia, nola hartu pala... Baina hasieran frogak egiten genituen, nola moldatu asmatzeko". Palarako aulkirik ere ez zegoen orduan, eta saskibaloikoekin ibiltzen zirela ekarri du gogora: "Hau aurrera zihoala ikusi zutenean, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Kirol Egokituen Federazioak aulki hauek erosi zituzten".

Berez, egokitutako tenisean erabiltzen diren aulkiak dira palarako erabiltzen dituztenak: gurpilen arteko tartea handixeagoa da behean, eta gurpil txiki bat dute atzean, atzeraka erortzeko arriskurik ez egoteko. Jokalariak gerriko batez doaz lotuta. "Oso zaila da aulki hauetatik erortzea", esan du Fadriquek, "zerbait oso arraroa egin behar duzu horretarako".

Aingeru Senperena gazte bidaniarraren kasua bestelakoa da: gurpil aulkian txikitatik dabilenez, trebetasunez moldatzen da, eta indarrez ematen dio pilotari. Duela bi hilabete hasi zen palan jokatzen, fisioterapeutaren bidez taldearen berri izan ostean.

Hilario Olano alegiarra ere garai bertsuan hasi zen; aurretik handbike-an ibili izan da asko. Olanok lepo hezurra hautsi zuen duela bederatzi urte, motorreko istripu batean, eta, ondorioz, gutxiago kontrolatzen du gorputza: besoen aurrealdeko muskuluetan bakarrik du indarra, eta hori zailtasuna da palari eusteko eta indarrez emateko. Lesioaren ondorioz, pala ezker eskuaz heldu behar du, berez eskuina den arren: "Hasieran asko kostatu zitzaidan ohitzea. Aulkiari bultza eta palari heldu egin behar diozu, eta nik bultzatzeko ere arazoak ditut".

Lesioaren ondotik, kirola

Jokalariek aurretik duten esperientziak eta lesioak berak nabarmen eragiten dute jokatzeko moduan. Dena den, entrenamenduetan, jokoa bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen dira: Olanok, esaterako, eskularruak erabiltzen ditu gurpilei ondo eusteko.

Hasieran, gurpil aulkian gelditu berri direnentzat, kosta egiten da kirolean hastea; hala uste du Fadriquek: "Istripu bat izan baduzu, hasieran ez zaude kirola egiteko; zure bizitza antolatu behar duzu lehenengo. Baina denborarekin, ikusten duzu jendeak kirola egiten duela, eta animatzen zara".

Jurgi Olasagasti entrenatzailearen iritziz, oro har, informazio gutxi dago egokitutako kirolen inguruan: "Batzuek pentsatzen dute, zutik daudenek batez ere, hau atzerapausoa dela, eseri egin behar delako". "Hori da ez dutelako probatu", zehaztu du Usabiagak; "Jurgi eta ni gustura arituko ginateke hauekin txapelketan. Oso dibertigarria da".

Behin taldearen berri izanda, erraza izaten da jendea erakartzea, baina baliabideak falta zaizkie: gurpil aulkiak garestiak dira, eta gutxi dauzkate. Gainera, oraingoz Zubietan bakarrik egin ditzakete entrenamenduak. "Orain hiru pertsona gaude laguntzeko", azaldu du Usabiagak: "Batzuek laguntza handia behar dute, eta giza baliabideak behar dira". Dena den, horiek guztiak "salba daitezkeen gauzak" direla uste du: "Denborarekin, edukiko ditugu beste lau edo zortzi aulki, taldea leku gehiagotan osatuko da, eta entrenamenduetarako aukera gehiago egongo da".

IPARRALDEKO KANTUEN NOSTALGIAN

Iparraldeko kantagintzaren ibilbideari begiratua bota eta hura gogoratzeko aukera paregabea izango da, igandean, Donostiako Kursaaleko auditoriumean. 19:00etatik aurrera, besteak beste, Errobi, Pantxoa Carrere, Erramun Martikorena, Mixel Ducau, Kantir...

%3,2

Urtarrilean enpresek salmentetan izandako igoera. 2011ko urtarrilarekin alderatuta, Gipuzkoako enpresen salmentak %3,2 igo ziren urtarrilean, Gipuzkoako Ogasun Sailaren arabera. Esportazioen igoerak eragin du datua positiboa izatea.

Sorta zabala aukeran

dFeria

Donostia

Astelehenetik ostegunera bitartean, 22 antzezlan emango ditu Donostiako dFeria arte eszenikoen jaialdiak. 22 horietatik hamalau estreinaldiak dira, eta sei agertokitan taularatuko dituzte: Viktoria Eugenia antzokian, Viktoria Eugenia klubean, Antzoki Zaharrean, Egiako Gazteszenan, Lugaritz kultur etxean eta Intxaurrondoko kultur etxean.

Lau talde nagusitan banatu dira aurtengo dFeria jaialdiko emanaldiak. Batetik, Euskal Herriko antzerki taldeen lanak daude: Ubera gorriak (astelehenean, 16:15ean), Itzulera (astelehenean, 23:00etan), Contra el viento del norte (asteartean, 20:00etan) eta La lechuga (ostegunean, 23:00etan).

Bestetik, nazioarteko lanak: Rosmersholm (astelehenean, 18:00etan), Cantica II (astelehenean, 20:30ean), Agosto, cuadros de amor y humor fresco (asteartean, 18:00etan), Materia Viva (asteazkenean, 11:30ean), Jose K. Torturado (asteazkenean, 18:00etan), Tio Vania (asteazkenean, 20:00etan), Aquí va a pasar algo (asteazkenean, 23:00etan), Instrumento de Cuerdas (ostegunean, 11:30ean) eta Estrés por tres (ostegunean, 18:00etan).

Dantzari loturiko ikuskizunek osatzen dute hirugarren taldea: Privola (asteartean, 11:30ean), Tempus -I (asteartean, 13:00etan), Animal's Party (asteartean, 23:00etan), In corpore sano (asteazkenean, 13:00etan), Act of God (ostegunean, 13:00etan eta 20:00etan) eta Arte-An (ostegunean, 20:00etan).

Azkenik, haurrentzako emanaldiak daude: Ali Baba eta 40 lapurrak (asteartean, 10:00etan), Sialuk hartz txikiaren bila (asteazkenean, 10:00etan eta 11:30ean) eta Ninika (ostegunean, 10:00etan) .

Ikuskizunetarako sarreren salmentei dagokienez, Viktoria Eugenia antzokian, Antzoki Zaharrean, Gazteszenan, Lugaritz kultur etxean zein Intxaurrondoko kultur etxean eros daitezke. Ordu Gaztea delakoa ere izango da: 30 urtetik beherakoek areto guztietan hiru euroren truke erosi ahal izango dituzte sarrerak, ikuskizunaren aurreko 30 minutuetan.

Komiki eta marrazkien erreinuan

Arteen zerrenda bakarra ez dagoen arren, askorentzat komikia bederatzigarren dago ekinbide horien segidan. Horrek agerian uzten du jardueraren garrantzia, eta horrek azaltzen du, beste hainbat arrazoirekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gasca bildu...