Sailkatugabeak

“Ekonomiaren menpe bizi gara, baina bizitza ekonomia baino zerbait gehiago da”

Ekonomista eta feminista da Mertxe Larrañaga (Azkoitia, 1963); irakaslea ere bada Euskal Herriko Unibertsitatean. Emakumeen lanari buruzko doktore tesia du egina, eta ekonomia feministari buruzko hainbat artikulu idatzi izan ditu. Haren iritziz, ekonomia gehiegi urrundu da eguneroko harreman eta lan banaketetatik, gizartearekiko independentea balitz bezala; bien arteko lotura, ostera, handia da.

Kapitalismoa oso ondo ezkontzen da patriarkatuarekin.

Bai; kapitalismoari oso ondo etorri zaio gauzak horrela antolatuta egotea, eta horretaz baliatu da. Horren adibide garbiena lan merkatua da; gizonak erabili izan dira lanaldi osoz jarduteko, baina erabili ahal izan dira, behar garrantzitsuak aseta zeuzkatelako etxean, hau da, emakumeek betetzen zituztelako zaintza lanak. Etxeetan egin diren gauza asko oso garrantzitsuak izan dira enpresentzat; ez dira bakarrik etxeko lanak egin, jendea hezi ere egin da. Heziketa hori gero funtsezkoa da lan merkaturako kualifikazio moduan. Gertatzen dena da ez dela kualifikazio moduan baloratzen, eta, alde horretatik, oso merke ateratzen zaio kapitalari.

Produkzio eta erreprodukzio lanen banaketak funtzio politikoa betetzen du, hortaz.

Hori da; oso ondo etorri da erreprodukzioa aparteko zerbait balitz bezala hartzea. Kostu batzuk ez dira aintzakotzat hartu, eta, gainera, ezkutatu egin dira bi alor horien arteko loturak. Sistema ekonomikoa azaltzen zaigu guztiz sistema independentea eta autonomoa balitz bezala, bakarrik funtzionatzen duena, eta ez duena beste ezeren beharrik.

Alde horretatik, krisi ekonomikoak emakumeoi nola eragiten digu?

Emakume guztiengan ez du eragin bera. Krisiaren ondorioz, finantzetatik ekonomia errealera pasatu da ekonomia, eta eragin nabarmenena enpleguan izan du. Baita ezkutuan dauden beste lan horietan ere; hor ere eragina izango du, merkatuan pasatzen denak lotura estua baitu aipatu ditugun erreprodukzio lan horiekin.

Krisiaren ondorioz, egitura patriarkal hori aldatzeko aukera handiagoak daude?

Ez dut uste; beharbada izan beharko litzateke momentu aproposa aldaketak eragiteko. Baina, bestalde, krisi garaiak oso garai txarrak izaten dira horretarako. Momentu honetan, ofentsiba oso handia dago; kontua ez da amaitu, eta ikusteko dago nola aldatuko den. Nik uste aldaketak etorriko direla, baina gauden momentuan ikusten dut atzerapauso garrantzitsuak etor daitezkeela oro har, eta bereziki emakumeentzat. Oso adi egon behar dugu.

Zein atzerapauso motaz ari zara?

Emakumezkoentzat funtsezkoak izan diren hainbat arlo ukitzen ari dira. Gizonezkoengan ere bai, baina emakumeengan oso eragin handia izan du ongizate estatuak, bai enpleguaren ikuspuntutik, baita erabiltzaile moduan ere. Hori ukitzeak kalte handiak ekarriko ditu; zerbitzu publikoetako murrizketek esan nahi dute zerbitzu horiek beste nonbait eskaini beharko direla. Horiek ez baditu estatuak eskaintzen, seguru asko zati bat pribatizatu egingo da, eta hori klase baxuentzat oso kaltegarria izango da. Beste zati bat, aldiz, esparru pribatura pasatuko da berriro; hau da, etxeetara. Gainera, enpleguaren ikuspuntutik, ongizate estatua garatu denean, emakume asko sartu dira lanean. Enplegu oso femeninoak izan dira ongizate estatuari lotutakoak.

Nola eragin dezake feminismoak ekonomian?

Hainbat planteamendu egin izan dira. Eredu berri bat sortu behar dugula esaten da, erdigunean ez ditugula merkatuak jarri behar, baizik eta bizitza bera; bizitzaren jasangarritasuna deitzen zaion hori. Zaintza lanak ere erdian jarri behar dira. Planteamendu horiek oso ondo daude, baina nik uste dut momentu honetan aldarrikapen konkretuak egin behar direla; batez ere, atzerapausorik ez egiteko, enplegua baldintza onetan bultzatzeko eta lana banatzeko. Finantzetan eta zerga sisteman ere aldaketak egin behar dira; horiek guztiak onak izango dira emakumeentzat.

Ekonomia "desfinantzatzeko" beharraz aritu izan zara.

Krisi hau gertatu da finantzek pisu handiegia hartu dutelako. Dimentsio handiegia hartu dute, eromena egon da finantzetan, ulertzeko oso konplexu bihurtu dira, edo bihurtu dituzte; eta, azkenean, konplexutasun hori ulertzen duten gutxiek menderatzen dituzte finantzak eta, beraz, mundua. Eta horri buelta eman behar zaio: azken urteotan sortutako hainbat tresna, erreformatu beharrean, debekatu egin behar dira zuzenean. Urte askoan bizi izan gara horrela, eta hondamendia ekarri du. Finantzak birdimentsionatu beharra dago.

Gizartearen gehiengoak bere burua urruti ikusten du, beraz, sistema ekonomikotik.

Gero eta gutxiago ulertzen da zer ari den gertatzen. Ekonomialariok ere kritika egin behar diogu geure buruari; oso hizkuntza ulergaitza erabiltzen dugu askotan, geuk ere ez dugulako ulertzen. Ekonomiaren menpe bizi gara, eta bizitza, azkenean, ekonomia baino zerbait gehiago da.

Feminismotik, etxea aldarrikatzen da ekonomiaren zutabe gisa. Pertsonen arteko harremanek, zaintza ereduek... zein lotura dute?

Funtsezkoa da zaintza lan horiek aitortzea, baloratzea eta banatzea; banaketa hori ematen ez den bitartean, lan merkatuko desberdintasunek jarraitu egingo dute. Momentu honetan, enpleguaren aldeko apustua ere egin behar da, eta enplegua banatu.

Zerk egon behar luke ekonomiaren erdigunean?

Planteamendua da dena ez dela merkatua, dena ez dela hazkuntza. Barne produktu gordinak ez gaitu bakarrik aterako hemendik; desmitifikatu beharra dago eredu produktibista hori. Gainera, ez da gauza bera zer produzitzen den; ez da gauza bera autoak produzitzea edo beste zerbitzu batzuk. Agian ailegatu da garaia gauza batzuen produkzioa gutxitzeko eta ahaleginak beste zerbaitetan jartzeko; adibidez, jendearen bizitzarako garrantzitsuak diren zerbitzuetan.

“Merckxekin ondo moldatzea komeni zen, irabazteko”

Txirrindulari igotzailea izan behar zuen Miguel Mari Lasak (Oiartzun, 1947). Txiki-txikitatik, Iturriotz auzoko Errotazahar baserritik herri kaskora igotzeko, bizikletan ibiltzen zen. Gainera, haren anaia Jose Manuelek —txirrindulari izandakoa hura ere— eragina izan zuen: "Bera gazte mailan-eta lehiatzen zen, eta nik hamar bat urte nituen orduan. Horrek eragina izan zuen. Gainera, ondoko baserrietako haurren jostailua ere bizikleta zen". Ikastera joateko ere erabili zuen bizikleta, hainbat urtez: Oiartzunen lehendabizi, Errenterian gero eta Donostian azkenik. Industria Maisutza ikasi zuen azken horretan.

Bizikletan lehiatzen hastea, ordea, aitari ez zitzaion gustatu: "Sei senide ginen, ni gazteena. Aurrekoek ez zuten aukera handirik izan ikasteko, eta gurasoek ingeniaritza bat ikastea nahi zuten, aukera nuelako. Borrokan ez hasteagatik, Industria Maisutza ikasi nuen". Parte hartu zuen lehenengo lasterketan, gainera, zorte txarra eduki zuen: "Amaren konplizitatearekin atera nintzen lehenengo lasterketan, eta lepauztaia hautsi nuen. A zer sarrera!".

Hiru urte eman zituen gazte mailan, eta gero afizionatuetara pasatu zen. Hogei urterekin lortu zuen lehenengo garaipena: Espainiako Mendiko Txapelketa irabazi zuen. 1971n pasatu zen profesionaletara. "Ordutik aurrera garaipen gehiago izan nituen...". Guztira, 76.

Lan ona hiru itzuli handietan

Lasaren arabera, garaipen haiek gaur egun lortu izan balitu, beste modu batean biziko litzateke: "Orain, urtean bizpahiru garaipen lortzen badituzu, jauntxo bat zara. Garai hartan, ez zen hainbeste sosik irabazten".

Podiuma, garaipenetan ez ezik, postu onenetan iritsita ere zapaldu zuen. Espainiako Itzulian bigarren izan zen 1972an eta 1977an, eta hirugarren 1974an eta 1975ean. Beste bostetan lortu zuen lehen hamarren artean sartzea. Italiako Giroan ere hiru aldiz sailkatu zen lehen postuetan. Hiru itzuli handietan etaparen bat irabazi zuen. "Gaur egun balio handia ematen diote", dio.

Garai hartan, gainera, Eddy Merckx zebilen tropelean, txirrindularitzazale gehienentzat txirrindulari onena zena. "Harekin ondo moldatzea komeni zen garai hartan, irabazteko". Merckx txapeldun handia izanagatik "nahiko umila" zela dio oiartzuarrak. Harremana bazuten, eta ondo konpontzen zirela dio Lasak: "Hotelean ikusten genuen elkar, edo podiumean —bera beti, eta ni gutxiagotan—. Itzulietan ere elkarrekin joaten ginen, hasieran noski".

76 garaipenetatik, bereziki, baditu bi gogoan: 1978an Frantziako Tourrean irabazitako etapa eta 1971ko Euskal Herriko Itzulian irabazi zituen hiruretako bat. "Tourrekoa etxean irabazi nuen, Miarritzen. Familia eduki nuen, eta irabazteko eskatu zidaten, zaila izan arren. Jan Raasek ihes egin zuen, eta etapa hura Pirinioen aurrekoa zen. Bera klasikozalea zen. Ondo interpretatzen nituen etapak, eta banekien urrutira iritsiko zela. Berarekin joan nintzen, Freddy Maertens erori zenean —errautsezko pista batean sartu ginen—. Esprintean ni indartsuago izan nintzen", gogoratu du Lasak. Izengoiti bat jarri ziotela dio, umoretsu: "Ordura arte, Miguel Mari nintzen; ordutik aurrera, Lasa cabrón. Edonon deitzen zidaten horrela!". Euskal Herrikoan, berriz, akordatzen da minutu bat galdu zuela Iruñean. Gogoan du bere kideek Luis Ocaña faboritoari "¡Lasa te va a dar de hostias! (Lasak egurra emango dizu!)" esaten ziotela hurrengo egunean Tolosako bidean. Bidanira igotzen, taldekide batekin tropelaren aurrealdean jarri zen Lasa, eta aldapa bukaera batean pistako amerikar modalitatean egiten dena egin zuten —atzean dagoenak aurrekoari eskutik heldu eta horrek tira—. Bultzadatxo horri esker hogei metro aurretik pasatu zen mendatetik. "Ziztu bizian jaitsi nintzen, eta Tolosako helmugan besoak altxatuta pasatu nintzen. Indarrez oso ondo ez genbiltzan, baina estrategia ona erabili genuen". 1981era arte garaipenak pilatzen jarraitu zuen.

Lehiatzeari utzita, bizikletak saltzen hasi zen jaioterrian. "Ez zen nahi bezala atera, herrian bertan bi denda handiagoak baitzeuden...", dio Lasak. 1992an Wigarma taldea zuzendu zuen Espainiako Itzulian. "Talde apala izanagatik, egunero igotzen ginen podiumera, tarteko helmugekin".

Oztopoak gaindituta, Euskal Herriko Itzulia egingo dela eta, "zoriondu" nahi ditu antolatzaileak: "Euskal zaleek beste bi urterako izango dute ikuskizuna". Hori "beste bazterretan" gertatzen denaren "sintoma bat" besterik ez dela uste du. "Ea arazo gehiagorik ez dagoen...".

%18,6

Esportazioek iaz Gipuzkoan izandako igoera. Eustat-ek emandako datuen arabera, 2010eko datuekin alderatuta, 2011. urtean %18,6 egin zuten gora esportazioek Gipuzkoan. Inportazioek, bestalde, %6,4ko gorakada izan zuten.

AURREIKUSPEN GUZTIAK GAINDITUTA

2012ko Donostiako emakumeen Lilatoi lasterketa aurkeztu zutenean 2.100 korrikalarira iristea espero zutela adierazi zuten arduradunek. Beste behin ere, ordea, aurreikuspen guztiak gainditu zituzten, 2.167 parte hartzaile bildu baitzituen iragan igande...

Enpresetan itunak adosteko zerbitzu berria du Adegik

Adegi patronalak Hitzarmena jarri du martxan, enpresen barruko hitzarmen kolektiboetako negoziazioetan laguntzeko zerbitzua. Espainiako Gobernuak onartu berri duen lan erreformak lurraldeko hitzarmenen gainetik jartzen ditu enpresako itunak, eta, horr...

Bost neurri adostu dituzte Urumeak gainezka egitea eragozteko

Urumeak berriz gainezka egin ez dezan, epe laburrean gauza daitezkeen bost neurri adostu ditu uholdeak eragozteko batzordeak; astearte goizean bildu zen lehenengoz, eta datozen bi urteetarako ildo estrategikoa zehaztu zuen. Iazko azaroko uholdeek eragin handiena izan zuten lekuetan egingo dituzte lan horiek; Donostiako Loiola eta Martutene auzoetan, eta Hernaniko Karabel inguruetan, hain zuzen ere.

Batzordea hainbat erakundetako ordezkariek osatzen dute: Donostiako, Astigarragako eta Hernaniko udaletakoek, Eusko Jaurlaritzakoek, Gipuzkoako Foru Aldundikoek, Uraren Euskal Agentziakoek eta Espainiako Gobernuko Kosta Zuzendaritzakoek. Urumearen aldeko herri plataformako kideak ere badaude batzorde horretan.

Proiektu "egingarrienak" izango dira lehenetsiko dituzten lanak; 2014rako bukatu nahi dituzte denak. Loiolatik hasiko dira; auzo horretan, Euskotreneko zubia kentzeko asmoa dute, baita Añarbeko Urak enpresak inguru horretan dituen ur hodiak ere.

Donostiako beste auzoetan ere laster hasi nahi dute lanean: batzordea osatzen duten kideek adierazi dutenez, 2013an ekingo diote Txomin Enea auzoa "urbanizatzeari". Martuteneko lanak, berriz, 2014an hasiko dira, beharrezko tramiteak egin ostean. Auzo horretako zubia eraitsi eta berri bat egin nahi dute, eta ibaiaren ibilgua zabaltzeko asmoa ere adierazi dute. Dena den, posible da horren ondorioz inguruko eraikin batzuk bota behar izatea, Ricardo Burutaran Donostiako Hirigintza zinegotziak asteartean azaldu zuenez.

Hernaniko Karabel auzoan eta Añarbeko urtegian ere hobekuntzak egitea lehenetsi du uholdeen aurkako batzordeak. Hemendik aurrera, bi hilean behin elkartuko da; beraz, hurrengo bilera maiatzean izango da. Batzar horretan lanen hurrenkera eta finantzatzeko aukerak aztertuko dituzte. Oraingoz, Uraren Agentziak Karabel auzoko lanen hiru laurden finantzatzea proposatu du; gainerakoa enpresa pribatuen esku egongo litzateke.

Aspaldiko eurite handienak izan ziren azarokoak, eta Gipuzkoako hainbat ibaik gainezka egin zuten. Urumea inguruko herrietan kalte handiak eragin zituen urak, baina Oria eta Urola ibaiek ere egin zuten gainezka. Hainbat etxetako sotoak eta behe solairuak urpean gelditu ziren, eta zenbait lekutan enpresa eta lantegietara ere sartu zen ura.

“Ahozkotasuna, umeek baino gehiago, helduek landu behar dute”

Ahozko komunikazioa eta transmisioa lantzeko asmoarekin sortu zuten Ahoz Aho jaialdia, duela lau urte. Harrezkero, kultura eta genero ezberdinetako artistak ekarri dituzte urtero Tolosara eta Ordiziara. Intujai Teatro taldeko May Gorostiaga (Tolosa, 1971) eta Beatriz Larrañaga (Errenteria, 1974) buru-belarri dabiltza antolaketa lanetan. Gaur zabalduko dute egitaraua, Ordizian, Metrokoadroka taldearen Hura ez da lekua ikuskizunarekin. Jaialdi nagusiak, berriz, datorren astean izango dira; martxoaren 16an, Ordizian, eta hilaren 17an, Tolosan.

2008an egin zenuten Ahoz Aho jaialdia aurreneko aldiz. Nolatan sartu zineten saltsa horretan?

MAY GOROSTIAGA. Berez gara nahiko saltseroak [barrez]. Lleidan [Herrialde Katalanak] egiten den jaialdi batera joan ginen, eta han ezagutu genuen German Ibarra artista euskalduna. Ahozkotasunaren inguruko jaialdi bat antolatzen dute han, eta, haren bidez, nazioarteko hainbat artista hona ekartzeko aukera sortu zen; horiek eta hemengo artista batzuk elkartuta antolatu genuen aurreneko jaialdia, Tolosan. Gero, Ordiziara ere zabaldu zen, eta, harrezkero, bi herrietan egiten dugu.

Ahozkotasuna eta transmisioa dira jaialdiaren ardatzak, baina batez ere antzerkian eta ipuinetan oinarritzen da, ezta?

M. G. Oro har esaten dugu espresatzeko hitza erabiltzen duten artistak direla. Hor sartzen dira pregoilariak, bertsolariak, ipuin kontalariak, narratzaileak... kantautore batzuk ere izan dira gurekin. Azken finean, erreminta moduan hitza erabiltzen duten artistak sartzen dira gure jaialdian.

BEATRIZ LARRAÑAGA: Poesia ere sartu dugu aurreneko aldiz. Aurten, esaterako, Jone Gorostarzu gonbidatu dugu.

Euskal Herrian ahozkotasunerako tradizio handia egon izan da, baina gonbidatu dituzuen artistak ikusita, mundu osoan izan du garrantzia ahozko transmisioak.

M. G. Bai. Gure helburuetako bat nazioarteko artistak ekartzea da, haiengandik ikasteko. Baina baita daukaguna erakustea ere, Euskal Herriko artistak erakustea eta elkarrekin egoteko aukera ematea. Urtero begiratzen dugu inguruko artistek zer egiten duten, gure jaialdian sartzeko.

Kultura eta genero ezberdinak uztartu dituzue egitarauan. Nahita bilatu al duzue aniztasun hori?

M. G. Beti saiatzen gara leku ezberdinetako jendea ekartzen. Aurten, batez ere, Argentinako eta Afrikako jendea etorriko da. Falilou Diagne senegaldarra, adibidez; pregoilari moduko bat da, herrian gertatzen diren gauzak kontatzen dituena, eta kontatzeko modu hori ekarriko du, guk ikus dezagun. Harekin batera, Enekora ariko da; euskalduna da, baina Afrikako kora instrumentua jotzen du, kalabaza batekin egindako harpa moduko bat. Biek elkarrekin ikuskizun bat egingo dute.

Agertoki aldetik ere, denetik dago, hasi tabernetatik eta antzoki handietara. Jendearengana gerturatzeko modu bat al da?

M. G. Hori da gure helburuetako bat, kultura leku batean bakarrik ez zentralizatzea. Kultura izan daiteke areto handi batean ikusteko; baina ahozkotasuna beti tximiniaren ondoan edo kobazulo batean transmititu izan da, eta guk ere lortu behar dugu txoko horietan xarma hori sortzea, harreman zuzen hori bilatzea.

B. L. Jendearengana gerturatzea lortzen badugu, tabernetan-eta egonez, agian errazagoa izango da aurrera begira jende horrengana iristea. Ipuinpoteoa, adibidez, kalejira moduko bat da, eta tabernetan, jendeak trago bat hartzen duen bitartean, ipuinak entzun ditzake. Iaz, Ordizian egin genuen, eta oso ondo atera zen.

Beste eragile batzuen laguntza ere izan duzue. Harreman sare hori lantzen saiatzen zarete, ezta?

M.G. Bai, pixkanaka-pixkanaka ari gara sare hori zabaltzen. Aurten, azpimarratzekoa da Ordiziako ikastetxeek egin duten lana, Urdanetak eta Jakintza ikastolak. Zoragarria da egiten ari direna. Ahoz aho, eskuz esku proiektuarekin hasi ginen. Umeek eskulanak egiten dituzte, baina ez bakoitzak berea, baizik eta kate moduko bat osatuz, gero erakusleihoak dekoratzeko. Aurten, oso gauza polita egin dute kalabaza batzuekin. Zuzendarien eta irakasleen inplikazioa ere zoragarria da.

B. L. Ikastetxeetan, ipuinak nola kontatu lantzeko ikastaro bat egiten dugu. Ikasle horiek parte hartuko dute ikuskizun nagusian, baita Barrenako saioan ere. Aurten, ipuin inprobisatuak izango dira, eta jendeak joan behar du, ikusteko hori zer den.

Umeekin ahozkotasuna lantzeko hainbat saio egin dituzue. Baina jaialdia ez da umeentzat bakarrik.

M. G. Agian, umeek baino gehiago, helduek landu behar dute. Askotan, ipuinak eta ahozkotasuna umeekin bakarrik lotzen dira, baina ez dira umeentzat bakarrik. Guk familia osoak gonbidatzen ditugu; umeekin batera gurasoak edo aiton-amonak etor daitezela.

Baina hainbeste teknologia, bideo joko, ordenagailu... Umeek ez al dute galdu harritzeko gaitasuna?

M.G. Teknologiak beste komunikazio mota bat ekarri du, ahozkotasunetik gutxi duena. Hala ere, jokoak eta jolasak beti elkarrekin egin izan dira, eta fisikotasun bat behar da.

B.L. Aukera ematen zaienean, oso azkar jartzen dira ipuinak egiten. Imajinazio handia dute, eta ikastaroan, adibidez, bigarren egunerako martxa hartzen dute.

M.G. Bai, helduak gara kutsatuen gaudenak.

Aste osoko egitaraua antolatu duzue, bai Tolosan eta bai Ordizian. Jaialdi nagusia zer izango da, egitarau horren laburpen moduko bat?

M.G. Bai, gutxi gorabehera denek parte hartuko dute; bertako guztiek ez agian, beste saio batzuk dituztelako, baina kanpotik etorritako denak han izango dira, bai Tolosan, baita Ordizian ere. Gure ustez hori opari bat da publikoarentzat; dastatze menu baten modukoa da, teknika ezberdinak, jatorri ezberdinak, erritmo ezberdinak ikusteko aukera dagoelako; oso jaialdi aberatsa da. Ahozkotasuna oso zabala da, eta ezinezkoa da dena biltzea, baina hor zatitxo bat izango dute.

Eta jendea gauza berriak ikusteko jarrera irekiarekin joaten al da?

B. L. Denetik dago; batzuei gehiago kostatzen zaie sartzea, eta besteak irekiagoak dira.

M. G. Bost urte hauetako esperientziak erakutsi digu jendea poliki-poliki gerturatzen dela; orain, behin etortzen denak errepikatu egiten du.

Eta, aurrera begira, zein asmo dituzue esku artean?

M. G. Asmoak ugari! Argi dago krisi famatu hau dela eta artista guztiek sekulako ahalegina egiten dutela. Eta guk ere ez dugu nahi gure eskaintza murriztu; horregatik, denok egin dugu ahalegin handia hau mantentzeko. Proiektuak baditugu, batez ere formazio aldetik. Eta, gero, plataforma moduan ere, bertako artistak kanpora zabaltzen lagundu nahi dugu, pixkanaka zubiak eraikitzen jarraitu.

Ondo zaindu zure belarriak

Gure ahalmen ekonomikotik haratago bizi ginela nahiko era didaktikoan azaldu izan digute politikari setatiek aspaldian. Lehengoan zigala batzuk berdintzea egokitu zitzaidan bazkari batean, eta, argazkia atera ondoren, negar zotinka agurtu nituen, berriz nire platerean krustazeorik ikusiko ez dudalakoan. Matraka guztiaren ondoren, jadanik murrizketen kontua nahikoa barneratua baitaukat. Ez nik bakarrik: Siriako erregea lantaldean mozketa bortitz samarrak egiten dabil, dirudienez. Eta zezenketen industriak gerrikoa hainbeste estutu du, ze batzuk begi batekin toreatzen ere hasiak dira.

Ikusmenik gabe zezenaren aurrean jartzea austeroa bada, zer esanik ez entzumenik gabe musikan aritzea. La Oreja de Van Gogh-ekoak lehenengo aldiz irratian entzun nituenean gogoan dut "hara, belarri bakarrarekin ariko dira, eta orduan ez dira hain txarrak ere" pentsatu nuela. Gero telebistan ikusi nituen, eta desengainaturik taldekide bakoitzak bi aza hosto eder asko zeuzkala egiaztatu. Nireak baina askoz zorrotzagoak, ziur aski, han eta hemen ibiliak baitira kantari, kate luzeko Xabier Saldias-ak balira bezala. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak dirutza emango die Euskadi marka txit erakargarria munduan barreiatzeagatik: 150.000 euro, murrizketak murrizketa. Hogeita hamar mila buruko, hamabost mila belarriko. Kontulariarekin kontsulta egin beharko nuke, baina uste dut lehengo astean ez nuela horrenbeste irabazi.

Taldekideetako bat Alderdi Sozialistako buruzagi historiko baten semea izateak ez dit askorik axola, eskandaluari immunea bainaiz Txiki-txikitatik. Atzerrira esportatuko ditugun balio musikalek askoz gehiago kezkatzen naute. Gutaz bigunak eta azukretsuak garela pentsatzea nahi al dugu? Lelo berberak behin eta berriro era ezin nekagarriagoan errepikatzen ditugula? Eta askoz beldurgarriagoa dena: Euskadin neskak biziki ederrak eta mutilak itsusi amorratuak garela pentsatuko al dute? Hala gertatzen bada, matxo italiar eta argentinar gogaikarriz beteko zaizkigu laster asko bazterrak…

Gure musikarien balio unibertsalak zabaltzen hasita, nahiago nuke Mikel Kazalisen kasta harrigarria diruz lagundu. Bestela, Mursegoren erokeria gozoak lau haizeetara ezagutarazi. Edota Sirius Magmaren ahalmen erotikoaz mundu osoa busti. Grammy-rik eta ez genuke eskuratuko seguru, baina behintzat txepel famarik ere ez ligukete egotziko. Hala ere, gure balioak zeintzuk diren eta nork ondoen islatzen dituen erabakitzeko osoko bilkura bat egingo balute, mokokada odoltsu samarrak ikusiko genituzkeelakoan nago. Eta Begoña Ameztoi eta Joxe Mari Olasagasti metro gutxitan bizi diren ekosistema batean, horrek ez dirudi harritzekoa ere.