Sailkatugabeak

Etxeko taldeen erakusleihoa

Askotan, gertukoa baino hobeto ezagutzen da urrunekoa, eta horrelakorik gertatzerik ez dute nahi Oarsomusikan. Horri irtenbide bat emateko, bihar Oarsoinua jaialdia egingo dute Errenterian, eta protagonistak etxekoak izango dira, eskualdeko musika taldeak. Antolatzaileek 11 talde elkartu dituzte jaialdirako, eta "sorta zabala" lortu dutela iritzi diote: metala, musika esperimentala, rock-and-rolla, funka, musika tradizionala...

Oarsomusika krisia lehertu ondotik sortu zen, eskualdean musikaren arloa dinamizatu eta sustatzeko asmoz. Hasieratik dabiltza lan horretan Igor Carballo eta Ander Fernandez. Carballoren esanetan, musika taldeei asko kostatzen zaie kontzertuak izatea, eta hortik abiatuta, eskualdeko hainbat taldetako kideak biltzen hasi ziren.

Batzarretan elkartzen dira hilero, eta han zehazten dituzte taldeek dituzten behar eta helburuak. Beharraren arabera egiten dute lan. Hasieran, helburu hauek ezarri zituzten: musika taldeen errolda bat egitea, eskualdean hainbat zirkuitu sortu eta espazioak koordinatzea eta ekimena ezagutarazteko jaialdi bat egitea; biharkoa, hain zuzen.

Eskualdeko taldeak, batik bat, euren lanak aurkezteko lekurik ezak kezkatzen ditu. "Inor ez zaie joaten ate-joka. Haiek mugitu behar dute, eta askok ez dakite nola egin. Gainera, geroz eta zailtasun gehiago daude lanak jendeari erakutsi ahal izateko", adierazi du Carballok.

Garai batean kontzerturen bat ematea errazagoa zela iritzi dio Carballok: "Orain, udalek geroz eta traba gehiago jartzen dituzte tabernetan jotzeko edo kalean jaialdi bat egiteko". Biharko kontzertua antolatzeko ere izan dituzte, alde horretatik, trabak. Hasiera batean, hamar taberna prest azaldu ziren kontzertuak bertan egiteko; baina, guztiek kontzertuetarako baimenik ez zutenez, azkenean, lautan bakarrik jo ahal izango dute musikariek.

Antolatzaileek diote leku falta agerian geratu dela jaialdia antolatzean. Izan ere, jotzeko prest azaldu diren taldeak —erroldan hemezortzi bildu dituzte— egitarauan sartu direnak baino gehiago dira, eta orain, beste zerbait antolatu arte, zain egon beharko dute kanpoan geratu diren horiek.

Hala ere, Errenteriako Udalak alternatibak eskaini dizkiela azaldu dute. Zumardian karpa bat jartzea, Errenteria Hiria kulturgunea erabiltzea... Ordea, bi kasu horietan musika ekipoaz Oarsomusikak arduratu behar zuen; baina, baliabide ekonomikorik ez dutenez, atzera bota dituzte bi proposamenak.

Azkenean, baina, arratsaldeko kontzertuetarako musika emanaldiak eskaini ohi dituzten eta baimena duten tabernak topatu dituzte eta lortu dituzte. Gauerako, berriz, gaztetxera eramango dituzte kontzertuak. Guztiak, Errenterian.

Eskualdeko lau herrietatik hori aukeratu dute, erdigunea delako, baina aurrera begira beste ekitaldiren bat antolatzen badute, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako lau barrutietara ere zabalduko dute. "Eskualde guztian zehar taldeek euren lanak aurkeztu ahal izateko lekuak topatzea da asmoa", esan du Fernandezek.

Orain arte, errolda egiten aritu dira, eta hurrengo urratsa herri bakoitzean kontzertuak eman daitezkeen tokietakoekin harremanetan jartzea da, eta eskualdean mugimendu bat sortzea: "Oiartzungo taldeek San Pedron jotzea, San Pedrokoek Errenterian, Errenteriakoek Lezon...".

Hori, ordea, hurrengo bilera batean aztertuko dute. Orain, biharko egunaz gozatu behar dutela diote. Oarsomusikan daudenentzako eta herritarrentzako festa bat izango dela adierazi dute, eta taldeak ezagutzeko aukera emango duena. Hain zuzen, ordutegia kontzertu guztietara joateko moduan osatu dute. Orain, entzutea bakarrik falta da.

Gabiriako XIV. Rallyesprinta igandean jokatuko da, Motxorrotik Gabiriarantz

Gabiriako probak emango dio hasiera rallyesprint denboraldiari, etzi. Lasterketa 15:00etan hasiko da, eta okerrik ez bada, 19:00etarako bukatuta egongo da. Hala ere, errepidea itxita egongo da autoentzat goizean goizetik. Proban 60 auto inguruk parte hartuko dute, eta bigarren urtez jarraian, Legazpitik —Motxorro aldetik— Gabiriarako noranzkoan jokatuko da. Gidariek hiru pasaera eman beharko dizkiote 6,65 kilometroko zirkuituari. Rallya ikustera joaten direnei autoa behar den lekuan aparkatzeko deia egin diete antolatzaileek, eta surik ez egiteko inguruetan.

Odol Bankuak dituen langileak.

Herriz herri odola jasotzen profesional talde bat aritzen da. Gipuzkoako Odol Bankuko langileak dira denak, 60 lagun guztira. Tartean daude erizainak, medikuak, administrazio langileak eta odola garraiatzeko ibilgailuen gidariak.

Odolak duen plasma portzentajea.

Odolaren %55 plasmak osatzen du. Likido garden eta horixka da. Odolaren %45, berriz, zelulak dira. Horien artean globulu gorriak, zuriak eta plaketak daude. Gipuzkoako Odol Bankuan osagaiak banatzen dira, beharraren arabera erabiltzeko.

47 urte tantaz tanta lanean

Erizain batzuen ekimenez sortu zen Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea. Orain dela 47 urte izan zen hori. "Ordura arte norbaitek odola behar izaten zuenean, senitartekoek ematen zuten normalean", kontatu du Sabin Urzelaik. Odol Bankuko sendagilea eta elkarteko lehendakaria da. Gaineratu duenez, senitartekoen faltan, "odola erosi eta ospitalera eraman behar izaten zen". Garai hartan, ordea, Espainiatik jende asko etorri zen Euskal Herrira lanera, eraikuntza arlora eta industriara, eta "erizain batzuk ohartu ziren haiek ez zutela ez senitartekorik, ez dirurik, odola lortzeko". Izan ere, "garai hartan tuberkulosi asko zegoen, eta torax ospitalean jende asko zegoen odol faltan, dirurik eta senitartekorik gabe". Egoera hartan "erizainak beraiek hasi ziren odola ematen, eta baita beraien lagunekin antolatzen ere, odola lortzeko".

Gipuzkoan zehar lehendik ere bazegoen odola ematen zuen jendea, Urzelairen esanetan: "Esaterako, emakume batek haurra izan eta odola galtzen zuenean, beti zegoen norbait odola emango zuena; odol emaileak bazeudela, alegia". Baina ez zeuden ondo antolatuta, sakabanatuta baizik. "Hala sortu zen odol emaileen elkartea. Pixkanaka, herri guztiak elkartzen joan ziren, eta lauzpabost urtetan elkartea probintzia osora zabaldu zen". Elkartea eratu, eta herri bakoitzean ordezkaritza autonomoak sortu ziren. Gaur egun ere hala jarraitzen dute: "Gu gara erdigunea, baina herri bakoitza bere erara antolatzen da, eta Odol Bankutik odola ateratzera joaten garenerako, dena prest izaten dute".

Egituran hainbat aldaketa

Alde batetik, Odol Bankua dago; bestetik, Odol Emaileen Elkartea. Odol Bankuan sendagileak, erizainak, gidariak eta administratiboak daude: profesionalak dira guztiak. Odol Emaileen Elkartean, berriz, lan boluntarioa egiten dute denek. 1982 arte Odol Bankua Odol Emaileen Elkartearen barruan zegoen. Ordutik, ordea, hainbat aldaketa izan da egituran. Izan ere, garai hartan odolaren osagaiak banatzen hasi ziren eta, beraz, prozesua konplexuago bihurtu zen. Hies kasuak agertzen ere hasi ziren. Horregatik, Odol Bankua elkartetik kanpora atera, eta hainbat erakunderen esku gelditu zela azaldu du Urzelaik: "Patronatu bat osatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Insaludek (gaur egun Osakidetza), Eusko Jaurlaritzak eta Odol Emaileen Elkarteak".

2005era arte gisa horretan jarraitu zuten. Orduan, patronatua fundazio bihurtu zuten, eta hango lehendakaria Osakidetza da ordutik: "Gauza bera da, baina orain jabea edo presidentea Osakidetza da. Hierarkikoki, Odol Bankua Osakidetzaren barruan dago. Ez gara Osakidetza, baina kanpotik begiratuta hala garela esan daiteke".

600 boluntario, ezagun bat

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak 600 boluntario ditu, eta horien lana "asko nabaritzen da". Herrietako ordezkarien lana ere oso garrantzitsua dela deritzo Urzelaik: "Ordezkaria langilea izatea, giroa sortzen jakitea… gauza horiek garrantzitsuak dira. Ez da odola ematea bakarrik; hala izan behar luke, baina giroak asko laguntzen du, eta Gipuzkoako giroa oso ona dela uste dut". Ordezkari asko ia hasieratik daude elkartean, "40 urte daramatzate askok". Hala ere, "zorionez" orain arte ez da arazorik egon ordezkoak aurkitzerakoan.

Urte hauetan guztietan, elkarteak eta bankuak hartu du bisitari ospetsurik ere: "1969an Christian Barnard zirujaua elkartean izan zen. Berak egin zuen gizaki bati egindako aurreneko bihotz transplantea". Bisita liburuan esker oneko hitzak utzi zizkien.

“Jakin-nahiak eman dit bizitzeko indarra eta ilusioa”

Ofizioz, txokolategilea; zaletasunez, berriz, argazkilaria, idazlea, irakurlea… Eta jakin-nahiz betetako pertsona: "Jakin-nahiak eman dit bizitzeko indarra eta ilusioa", dio. Txokolateak egin du ezagun Joxe Mari Gorrotxategi (Tolosa, 1929), jaioterrian, Euskal Herrian nahiz nazioartean.

Familiako obradorea txikitatik ezagutu zuen, eta bertan hasi zen lanean, aita maisu zuela, 14 urterekin. Garai zailak ziren, gerra ondorengo errazionamenduari loturikoak, eta horrek ezinbestean baldintzatzen zuen txokolategileen lana. "Espainiako Gobernuak azukrea, kakaoa eta irina neurtuta banatzen zigun, eta txokolatea osagai kantitate berekin egitera behartuta geunden guztiak. Garai hartan, txokolatearekin soilik aurrera egitea zaila zen, eta, horregatik, beste askoren moduan, argizaria ere egiten genuen", azaldu du.

Tolosako Kale Nagusian zegoen obradore zaharra. "Beheko solairuan, denda eta txokolatea egiteko alokatutako mandoak eragiten zuen harria genituen; lehenengo solairuan, garai batean herriko jauntxoak jokoan egitera joaten ziren jangela zegoen; bigarrenean, logelak, eta hirugarrenean, obradorea. Azken solairuan zegoen, suteren bat gertatuz gero eraikin osoa ez erretzeko". Errazionamendu garaia amaiturik, Donostian, Miarritzen (Lapurdi) eta Iruñean izan zen Gorrotxategi, txokolatearen inguruko jakintza handitzen. "Gehiena Katalunian ikasi nuen, Sabat maisu handiaren gozogintza eskolan; oinarrizko jakintza banuen, eta txokolatearen mundua txikitatik izugarri maite nuenez, gehiago jakiteko ilusioz nengoen beti". Eta, horrela, pixkanaka, txokolategile handienen pare jarri zen tolosarra.

65 urte zituela, ezbehar handi batek bultzatuta, obradorea seme-alaben esku utzi zuen. "Benidormera [Herrialde Katalanak] oporretan gindoazela istripua izan, eta Mirentxu emaztea hil zitzaidan; kolpe handia izan zen niretzat, eta pixka bat urruntze aldera, Alemaniara joateko erabakia hartu nuen, garai hartako txokolategintza eskolarik onenera".

Urte hauetan guztietan, txokolategintza eta gastronomiako liburuen bilduma itzela osatu du. Haren liburutegian, halaber, hark idatziriko Historia de la Confitería Vasca (Euskal gozogintzari buruzko historia) liburuaren bi liburukiak ere badira, noski. "Jose Miel Barandiaranek proposatu zidan liburua egiteko; jakintza ugari nuela arlo horretan eta nekien guztia liburu batean jasota geratzeak merezi zuela esan zidan. Juan Garmendia Larrañagak idatzi zidan hitzaurrea". Geroago, Tolosako babarrunaren inguruko liburua ere idatzi zuen. Liburu horien aldamenean gordetzen ditu bai gastronomian, bai eta txokolategintzan lortuak dituen sari, aipamen eta izendapenak ere, hala nola Munduko Gozogintza Lehiaketan zilarrezko saria, Felix Mokoroa Gastronomia Ikerketan aipamen berezia, Gastronomiaren Euskal Kofradiaren Eguzki Lora saria, Euskal Gastronomiaren kide izendapena eta Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskadi Turimo saria.

Argazkigintzaren amuak ere oso gazte zela harrapatu zuen. "Ikusten dudana nolabait etorkizunerako gordeta geratzea interesatu izan zait beti. Gainera, une, leku edota pertsona bat ikusita, hor argazki bat dagoela antzemateko dohaina izan dut". Argazki kamerarekin ere maisu dela esan behar, eta horren erakusle irabazi dituen sariak. Haren argazkiez gozatzeko aukerarik izan dute, gainera, tolosarrek, 400 argazki jarri baitzituen erakusgai duela lau urte.

Politikan eta kulturan ekarpena

1961. urtean politikarekin jolasten ere aritu zen, Tolosako Udalean zinegotzi izan baitzen. "Abertzalea naiz, baina ez naiz inoiz alderdi batekoa izan. Udaletxean egon nintzen garaian, nire asmoa tolosar guztientzat lan egitea zen". Diputatu izateko ere proposatu zuten, baina "beldurtu" egin zuen ideia hark, eta ez zuen onartu. Zinegotzi zela, euskarazko haur eskola eta txistu eskola jarri zituen martxan, eta kale garbitzaileei soldata igotzea lortu zuen.

Asko irakurri du Gorrotxategik Euskal Herriko historiaz, eta "oso ondo" ezagutzen du. "Jakinduria horrek gure herriarekiko dudan maitasuna areagotu dit". Kultur munduarekin ere lotura estua izan du, eta Jose Inazio Telletxea, Jose Miel Barandiaran, Antonio Maria Labaien, Jorge Oteiza, Mikel Laboa, Juan Inazio Uria, Ixaak Lopez Mendizabal eta Fernando Larruquert sortzaileekin ikusi ahal izan da maiz. "Lagun onak ditut, eta asko irakatsi didate, batez ere, gauzak garbi esaten; beti laguntzeko prest azaldu zaizkit".

Bizitzan antzeztea egokitu zaizkion askotariko rolen artean, toreatzailearena ere bada, eta El Cordobés eta besterekin batera aritutakoa da zezen plazan. "Beti zezenaren aurrean jartzen nintzen, baina, kapoterik eta horrelakorik gabe, oso arina bainintzen. Sokamuturra eta pattar-zezena oso gogoko nituen, eta aitak obradoretik irteteko baimena ematen zidan horietan parte hartu ahal izateko".

Garrantzi berezia dute argazkiek, liburuek, sariek… bizitzaren oroitzapenek Gorrotxategirentzat. "Gure jatorriak, historiak eta kulturak beti izan dute pisu handia nigan, baina unibertsalizazioarekin, geroz eta gutxiago inporta zaio jendeari zer izan garen; balioak galtzen ari dira". Orduak irakurtzen ematen ditu gaur egun, eta gogoetari ere tartea gordetzen dio: "Orainaz, etorkizunaz, egungo egoeraz pentsatzen dut, baina ez diot garrantzi gehiegirik ematen, pertsona bakoitzak bere unean unekoa bizitzen duela uste baitut". Duen adinera dagoen moduan iristeko formula "gorrotorik inori ez izatea, bizitzaz ahal den gehien gozatzea eta txokolatea jatea" dela dio, "txokolatea oso osasungarria baita".