Sailkatugabeak

Pausoz pauso iristen den elkartasuna

Mendebaldeko Saharako herriari laguntzeko elkartasun ekimen ugari egiten dira urtero Euskal Herrian. Euskal karabanaren bidez eramaten diren jakiak, uda pasatzera etortzen diren haurrak… Laguntzeko modu asko daude, baita korrika egitea ere. Ormaiztegin 2007. urtean hasi ziren Sahararen aldeko krosa egiten, Mohamed Salem Hach Embarek zenaren omenez. Harrezkero, 30.000 eurotik gora bildu dituzte, eta laguntza hori Aljeriako errefuxiatu kanpamentuetan egindako garapen proiektuetara bideratu dute. Igande goizean egingo dute lasterketa, seigarren urtez. Hamaiketan hasiko da proba nagusia, eta hamabietan, testigantzako herri proba.

Mohamed Salem Hach Embarek, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren ordezkari izan zen, eta diplomazia lanak egin zituen hainbat herrialdetan. Hil aurretik, Ormaiztegin bizi izan zen, Gurutze Irizar emaztearekin eta Garazi eta Beñat seme-alabekin batera. Bai Saharan eta bai Ormaiztegin, pertsona ezaguna eta maitatua izan zen. Hura hil ondoren hasi ziren Ormaiztegin horrelako proba bat egin nahian. Antolakuntza lanetan aritzen da Iñaki Amundarain; hark azaldu duenez, "2005ean hil zen Salem, eta, haren omenez zerbait egin behar zela eta, taldetxo bat biltzen hasi zen; eta horrelaxe, pixkanaka hasi zen Sahararen aldeko lasterketa bat egiteko ideia".

Proba antolatzeko garaian izan zituzten zalantzak, baina garbi zuten herri proba bat egin nahi zutela, eta, horretarako, lasterketa bitan banatu zuten. "Batetik, lasterketa normal bat egin nahi genuen, 10 kilometrokoa. Distantzia ona da, ez da ez motzegia eta ez luzeegia, eta jende dezentek parte har dezake". Baina garbi zuten probak herri izaera izan behar zuela, elkartasunezkoa. "Horregatik jarri genuen testigantza proba esaten dioguna; hor umeek, gurasoek eta prestatu gabeko jendeak parte hartzen du, edonor atera daiteke".

Ormaiztegiko probak, bi helburu nagusi dituela azaldu du Amundarainek: "Dirua biltzea eta gizarteari errefuxiatuen kanpamentuetako egoera ezagutaraztea". Hasieratik garbi zuten proba hori egiteko arrazoia laguntza ekonomikoa lortzea izango zela: "Izan ere, kanpamentuetan oinarrizko gauzak falta dituzte, eta garbi genuen biltzen genuen guztia hara bidaltzeko izango zela. Horregatik, korrikalariek jartzen dutenaz gain, diru eskariak egiten dizkiegu inguruko enpresei eta dendei". Proba horren beste berezitasun bat, sariena da. "Hemen hasieratik esan genuen ez zela saririk izango, biltzen genuen guztia Saharara bidaltzeko izango zela". Baina alde ekonomikoarekin batera, kontzientzia ere landu nahi dute. "Hango egoeraren eta Saharako herriaren kausaren inguruan informazioa ematen saiatzen gara". Horretarako, lasterketa hasi aurretik informazioa ematen dute, eta, probaren ondoren, festa giroan hango jakiak, umeentzako ipuinak, eta abar izaten dituzte.

Parte hartzaileei dagokienez, "denetariko jendea" izaten dela azaldu du Amundarainek. "Batzuk kirol arloak erakarriko ditu, proba labur bat egin eta goiz-pasa bat egiteko aukera delako. Beste batzuk, ordea, kausarengatik etortzen dira; asko, adibidez, oso urrutitik datoz, Bilbotik, Iruñetik, Zaragozatik, Santandertik... horiek ez dira korrika egitera bakarrik etortzen". Beste fenomeno bitxi bat ere antzeman dute antolatzaileek, asko baitira izena eman eta gero parte hartzen ez dutenak; "laguntza emateko beste modu bat da". Bitan banatutako proba izanda, eta, izena emandako batzuek parte hartzen ez dutela jakinda, zaila egiten zaie parte hartzearen inguruko datu zehatzak izatea; baina, iaz, 300 bat lagun izango zirela dio Amundarainek. Horien artean, Gipuzkoan aurrean ibiltzen diren korrikalariak ere badaude; "David Martin, Juanjo Igartzabal… aurrean ibiltzen dira, eta karrera mordoxka irabazten dute. Eta hemen badakite saririk ez dutela, baina beraien borondate ona erakusten dute parte hartuta".

Kanpamentuetako egoera

Ormaiztegiko krosari esker, urtero sei-zortzi mila euro biltzen dituzte, eta kopuru hori errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzen dute. Donostiako Sahara Herriaren Aldeko Lagunak Elkartea arduratzen da dirua hara bideratzeaz. "Guk bildutako diru kopurua elkarteari ematen diogu, eta beraiek eta hango gobernuak erabakitzen dute ondoen zertarako erabili behar den". Hainbat proiektu finantzatu dituzte dagoeneko laguntza horri esker; tartean, anbulantzia bat eta baratze bat. Urtero egiten duten ekarpen hori "laguntza handia" dela esaten diete elkartekoek, Amundarainen arabera: "Askotan konturatu gabe egiten dugu, urtean urtekoa antolatzen saiatzen gara, eta guretzat errutina moduko bat da, baina tarteka horrelakoak entzutea polita izaten da".

Errefuxiatuen kanpamentuetan duten egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan du Amundarainek. "Joan nintzenean, aurreneko sentsazioa tristura izan zen. Ezer ez dagoen toki zabal hartan, buztinezko etxeak, alde guztietara begiratu eta pentsatzen duzu, 'hemen pertsona batek zer egin dezake?'. Falta, dena falta zaie. Erabat nazioarteko laguntzaren menpe bizi dira". Marokok 1975ean okupatu zituen sahararren lurrak, eta populazioaren zati handi batek ihes egin behar izan zuen. Horietako asko, Aljeriako lurretan dauden errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira geroztik. Kanpamentu horietako egoera "behin-behinekoa da, baina 35 urte denbora asko da gizarte bat era horretan bizitzeko. Gehiegi luzatzen ari da".

‘Gozokien mutila’ bihurtu den ONCEko saltzailea

Azken hiru urteak Oiartzungo Carrefourren dagoen kioskoan eman ditu lanean Rudik, goizeko ordutegian. Arratsaldez, berriz, ONCEko txartelak banatzen ditu Errenteria eta Oiartzungo hainbat taberna eta saltokitan. Jose Luis Oses donostiarra da bezeroet...

Ilusioa banatzeak ere badu bere saria

Harrotasunez jaso du Iñaki Rudi pasaitarrak ONCEk eman berri dion saria. 2011. urteko Euskal Autonomia Erkidegoko saltzailerik onena izendatu dute, eta pozik erakusten die bezeroei ONCEren kioskoan gordea duen oroigarria: "Ez da harrokeria, harrotasun kontua baizik. Gustura erakusten diet bezeroei, haiei esker jaso dudalako eta haiekin partekatu nahi dudalako. Eskerrak emateko modu bat da".

ONCEko hainbat profesionalek osatutako batzorde batek aukeratu du urteko saltzailerik onena. Horretarako, urteko salmentak, lanpostuan duten jarrera, ONCErekiko atxikimendua zein ematen duten irudia izan ditu kontuan. Rudik "primeran" betetzen omen ditu horiek guztiak, eta horregatik lortu du saria, berak merezi izateko ezer berezirik ez duela egin argi badu ere: "Egin behar dudana egiteagatik eman didate saria, ezer berezirik ez dudalako egiten, eta nire lanaren onarpena egitea zoragarria da". Bezeroek merezi duela esan badiote ere, pasaitarrak esan duenez pentsatu izan duela hala ote den ere.

Salmenta teknika bakarra "naturala" izatea dela nabarmendu du Rudik, eta ikusi edota irakurtzen duena xurgatzea gustatzen zaiola gaineratu du: "Erostera joaten naizenean saltzaileak nirekin izandako jarrera gustatzen bazait, nire lanerako baliatzen dut". Jendearen erreakzioak erakusten du bidea, saltzailearen hitzetan: "Ongi ari zaren edo ez bezeroak markatzen dizu; haren jarrerak". Horrekin batera, behin baino gehiagotan jarri ohi ditu kartelak saltokian, aurretik pasatzen direnen arreta lortze aldera: "Saltzaile batek esan zuen behin, jendea kioskoa ikustera ohitu egiten dela, paisaiaren elementu bat gehiago bihurtzen dela. Pasatzen diren hamar lagunetik hiru, kartela ikusi eta irakurtzera gelditzea lortzen baduzu, eta erostea gainera, ba, primeran".

Lau urte ONCEn lanean

Txartelak saria duen edo ez ikustera joaten direnean, bezeroen begi bistan egiten du guztia Rudik. Hori ere eskertzen omen du jendeak: "Txartela beti bezeroaren begien aurrean edukitzea garrantzitsua da", azaldu du.

Zerbikaletako hernia batek eragindako elbarritasunak eraman zuen Rudi ONCEra, orain lau urte. "Besteen gaixoaldiak betetzen hasi nintzen lehenengo, eta dagoeneko lau urte bete ditut lanean. Zortea izan nuen", gaineratu du. Salmentei dagokienez, kexatzeko arrazoirik ez duela esan du. "Saltzaile beteranoekin hitz egiten baduzu, asko jaitsi dela esango dizute, ordea". Garrantzitsuena bezero "konstanteak" edukitzea dela nabarmendu du: "Gutxi erosten duten bezero asko izateak animatzen zaitu salmentarekin jarraitzera".

Lau urte hauetan sariak ere banatu ditu Rudik. 2010. urtean 35.000 euroko hiru sari banatu zituen Errenteriako taberna batean. 5.000 euroko beste bi sari banatu zituen iaz. "Lau urtean halako sariak banatzea ere ez da ohiko kontua", zehaztu du.

Jaso berri duen sariak lanerako grina areagotu dion galdetuta, berriz, "pizgarria" badela erantzun du: "Enkargatu batek esan zidan, txantxetan, hobera egiten badut datorren urtean berriz jasoko dudala saria. Nik argi dut ezetz, beste batzuei eman behar zaie bidea. Nik, gainera, nahikoa dut Goya batekin".

Gazte1+ez! dinamikak urtebete beteko du martxoan

Azken urteetan atxilotu eta espetxeratu dituzten gazteen kopuruak "larrituta", Gazte1+ez! dinamika aurkeztu zuten iragan urteko martxoaren hasieran. Azken urteetako polizia operazioetan atxilotu, espetxeratu edota auzipetu dituzten Euskal Herriko hain...

Sarekadek harrapatuta

Espainiako Auzitegi Gorenak Segi gazte mugimendua "talde terroristatzat" jo zuenetik, nahikoa lan izan du Espainiako Auzitegi Nazionalak gazte independentistak auzipetzen: 2007tik, hiru sarekada zuzendu dituzte hango epaileek Gipuzkoan. Polizia operazio horien ondorioz, 50 gaztetik gora atxilotu eta 35 epaitu dituzte; gehienak kartzela zigorraren esperoan daude, eta beste hamar epaiketaren zain daude oraindik. Horiez gain, 2009ko azaroan eta 2010eko urrian Hego Euskal Herrian egindako sarekadetan ere gutxienez hemezortzi gazte gipuzkoar atxilotu zituzten; bi epaiketak egiteko daude oraindik.

Xabier Lujanbio (Errenteria, 1986) 2008ko apirilaren 18an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Oiartzualdeko beste bederatzi gazterekin batera. Handik bi egunera, beste bi gazte atxilotu zituzten, eta geroago beste hamarren etxeak miatu zituzten, baina ez zituzten topatu. Haietako zortzik zuzenean epailearen aurrean agertzeko eskaria egin zuten; hura ukatu egin zieten, ordea, eta epaitegiaren aurrean atxilotu zituzten.

Lujanbiok 21 urte zeuzkan atxilotu zutenean; bikotekidearekin bizi zen Errenterian. Aurretik jazarri egin ziotela salatu du: "Nik beti esaten nuen: 'Edo egingo dute horrela [hatzarekin banaka aukeratuz], edo sarea botako dute eta herri osoa eraman'. Eta azkenean hori izan zen". Atxiloketa bera "pertsonaren psikologiaren kontrakoa" izan zela azaldu du. "Ez da kasualitatea goizeko lauretan atxilotzea; egiten duten guztiaren helburua da zu psikologikoki txikitzea".

Bost egunez eduki zituzten inkomunikatuta Madrilen. Lujanbioren hitzetan, "infernua" izan zen hura: "Neska-lagunarekin mehatxu egiten zidaten; nire aurrean biluzten eta jotzen zuten". Beldurra pasa zuela azaldu du: "Bagenekien zertarako gai diren, lehendik ere aditua genuelako". Espetxera eramatean, "lasaitua" hartu zuen: "Tristea den arren, lasaiago zaude; behintzat, badakizu ez zarela gehiago haien eskuetan egongo. Gainera, kideekin zaude; haien babesa duzu eta laguntzen dizute".

Lujanbiok bi urte egin zituen espetxean, bermea ordainduta irteten utzi zioten arte. Uztailean egin zieten epaiketa berari eta Oiartzualdeko beste hamasei gazteri Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta duela hilabete jakin dute epaia: seiri seina urteko espetxe zigorra jarri diete, eta 11 absolbitu egin dituzte. Auzitegi Gorenean helegitea jarri dute, eta haren epaiaren zain daude orain: "Ez badute onartzen, hilabete pare batean sententzia behin betikoa izango da, eta kartzelara joango gara berriz, lau urte betetzera".

Urko Labaka (Donostia, 1981), berriz, Donostian egindako sarekadak harrapatu zuen. Operazio hartan, 26 gazte atxilotu zituzten, hiru txandatan. Labaka eta beste hamalau gazteren bila 2007ko azaroaren 7an joan ziren lehenengoz, baina ez zeuden etxean. Abenduaren 15ean joan ziren Madrilera, zuzenean Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeko asmoz. Ordura arteko egunetan gaizki pasa zutela oroitzen du Labakak: "Esperoan zaude, noiz etorriko diren zure bila. Badakizu deklaratzera joan behar duzula, baina ez dituzu bost egun inkomunikatuta pasatu nahi". Haiei ere ez zieten utzi zuzenean epailearen aurretik pasatzen; atxilotu egin zituzten, baina ez zituzten inkomunikatu.

Sarekadotan atxilotutako gazteak, oso gazteak izaten dira sarri. Iñigo Alzelaik (Hernani, 1989) hogei urte bete berri zeuzkan 2009ko martxoan, Hernani eta Urnietako beste zazpi gazterekin batera atxilotu zutenean; tartean hemeretzi urteko hiru zeuden.

Baltasar Garzon epaileak zuzendu zuen operazio hura; torturaren aurkako protokoloa ezarri zien inkomunikazio aldian, baina ez zuten guztiz bete: "Hirugarren egunetik aurrera, konfiantzazko mediku batekin egon ginen, baina ezin zuen gurekin euskaraz hitz egin, eta beti hango auzitegiko medikuaren aurrean egon behar zuen gurekin".

Zortzi atxilotuetatik, Alzelai izan zen espetxeratu ez zuten bakarra. Sentsazio "gazi-gozoz" irten zen: "Ezin handia sentitzen duzu: batzuk barrura doaz, eta ni kanpora, zortez. Libre nago, baina bizitza aldatu didate, goitik behera, eta, gainera, kuadrillako hiru barrura eraman zituzten, eta ezin haiek bisitatu".

Aske utzi zutenean, tortura latzak jasan zituela salatu zuen Alzelaik: "Suntsiketa pertsonala da. Bost egun egon nintzen jan eta edan gabe; bederatzi kilo galdu nituen. Pixarekin arazoak izan nituen, eta ospitalean ere egon nintzen; oso urduri nengoen, burua oso galduta".

Esperantzarik gabe, zain

Hernaniko sarekadan atxilotutako gazteek aurreko astean jakin zuten fiskaltzaren eskaera: zazpi eta bederatzi urte arteko zigorrak eskatu ditu haientzat. Donostiako sarekadako atxilotuei, berriz, 2010eko ekainean egin zieten epaiketa; bi absolbitu egin zituzten, eta gainontzeko hamabostei sei urteko espetxe zigorra jarri zieten. Oiartzualdekoak bezalaxe, Auzitegi Gorenean jarritako helegitearen zain daude, baina itxaropen handirik gabe; gehienek badakite espetxe zigorra betetzea egokituko zaiela, eta une horren zain egotea besterik ez zaie gelditzen.

Labakak lau urte daramatza horrela: "Kalean zaude, baina buruan beti daukazu zigor hori ailegatuko dela". Alzelaik ere hiru urte daramatza baldintzapeko askatasunean. Espainiako Estatuaren mugetatik ezin du irten, eta hamabostean behin epaitegira joan behar du sinatzera. Egoera horrek etorkizuneko proiektu guztiak baldintzatzen dizkiola azaldu du: "Ematen du lasai zaudela, eta bizitza normala egiten duzula, baina iristen da momentua, aurreko astean komunikatu zigutena, eta etortzen dira berriz oroitzapen guztiak, eta berriz errealitatera erortzen zara: gogoratzen zara hor epaiketa bat daukazula, eta lotuta zaudela".

Oiartzualdeko sarekadan auzipetutako beste gazte bat Oihana Mujika (Oiartzun, 1982) da; absolbitu berri dute, eta Eleak mugimenduko kidea da. Bere esanetan, "militantzia politikoa" da sarekada horietan guztietan zigortzen dena: "Kale borrokako erasoekin nahastu izan dituzte, eta hori da komunikabideetan saldu dutena. Baina abiapuntua eta ondorioa, azkenean epaiketara eramaten dena, Segiko militantzia hutsa da. Militantzia politikoa, gazte mugimenduaren barruan". Sarekadak gazte guztientzako "abisuak" direla salatu du: "Hor jauzi nabarmena eman da; bere garaian, Jarrai-Haika-Segi epaiketa izan zenean, zuzendaritzako kide izatea leporatzen zitzaien. Orain, bere herrian lanean dabilen edozein gazteren aurka egiten dute".

Azken urtebetean sarekadarik ez da gertatu, baina Mujikaren ustez, arazoa ez da oraindik konpondu: "Askotan esaten dugu momentu politiko berri batean gaudela, baina ilegalizaziotik eratorritako soka luze bat dago, oraindik bukatu ez dena: epaiketak, sententziak, kondenak betearazteko atxiloketak... Horiek ondorioak dira. Errotik dugun arazoa da milaka pertsonak ez dutela jardun politikorako eskubiderik".

Elkarrizketatutako auzipetu guztiek bat egiten dute: aro politiko berriak lagundu behar luke epaiketak geldiarazten, baina ez dira gehiegi fio. "Badirudi aurrera doala", esan du Alzelaik, "baina gero ikusten duzu gure kasuak oraindik hor daudela, fiskalaren eskaerak datozela eta jendeak kartzelan jarraitzen duela".

Baikorrago mintzatu da Lujanbio: "Esperantza daukat euskal herritarren gehiengoa jarriko dela epaiketa politiko guztien kontra eta militantzia politiko bat normaltasunez garatzearen alde; hori izango da etor daitezkeen zigor guztiak eteteko modu bakarra".

Atxiloketek prozesu demokratikoaren aurka egiten dutelakoan dago Mujika; aitzitik, gazte mugimenduak prozesu horri ekarpen handia egin diezaiokeela uste du. Iritzi berekoa da Alzelai: "Gazte mugimenduak asko dauka esateko; gehiago esan beharko luke, eta gehiago entzun beharko litzaioke".

“Plazak utzi eta astebetera saldu nuen bateria”

Plaza bete jende, denak elkarri helduta aritzen ziren dantzan". 1970eko hamarkadatik 1990ekora artekoaz ari da, eta irudia ongi gogoan du Alberto Frantzesenak (Azpeitia, 1954). Egan musika taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta hala ikusten zituen plazak eta dantzalekuak oholtza gainetik: "Ni ikusita nago Azkoitiko plaza bete-bete eginda, eta denak dantzan. Orain, berbenetan inork ez du dantzarik egiten inon". Berbenak berak ere "aspalditik gainbeheran" direla uste du azpeitiarrak. Eta badaki zerbait mundu horretaz, horixe izan baitu ogibide 30 urtez. Egan taldearekin aurrena, Trabukorekin gero, eta Irailerako 6rekin azkenik.

Hamabost urte besterik ez zuen beste hiru lagunekin batera taldea abiatu zutenean: besteak haren anaia Jose Luis Frantzesena Schubert, haren lehengusu Xabier Saldias eta Iñaki Arenas ziren. Musikari batzuek taldea utzita eta beste batzuek hartuta, ia 25 urte egin zituen plazarik plaza eta dantzalekuz dantzaleku Egan taldeak. Bateria jotzen zuen Frantzesenak, baita ahotsak jarri ere. Garai haietaz oroitzapen onak ditu. Izan ere, arrakasta handia lortu zuten, eta lan asko egin arren, "urtearen amaieran merezi zuen, bai diruagatik, baina baita giroagatik ere". Gipuzkoan hasi ziren kontzertuak ematen, eta gero Euskal Herri osora zabaldu zen taldearen izena: "Bizpahiru urtez toki bat egiten jardun genuen; gero, bete-betean sartu ginen berbenen munduan, eta astero bizpahiru saio eskaintzen genituen". Uda garaian, zer esanik ez. Hala, musika izan zuten ogibide taldekideek: "Lan asko egiten genuen, baina ateratzen genuena ere geuretzat izaten zen". Gogoan du taldeaz esaten zutena: "Ramon Etxezarretak zioen Egan taldeak euskaraz abesten zuela eta ingelesez kobratu. Urte onak izan genituen, egia esan".

Entseatzeko hainbat lokal izan zuen taldeak Azpeitian bertan. Hala ere, dantzalekuetan aritzen zirenean, hurrengo egunetan bertan egiten zituzten entseguak sarritan: "Inguruko dantzaleku askotan izaten ginen; Txitxarron askotan, Ernen, Gure Txokoan... musika tresnak bertan uzteko baimena eskatzen genuen kontzertuen ondoren, eta egun batzuez hantxe entseatzen genuen, aste bitartean".

Eganek egiten zituen bertsioak oso ezagun egin ziren, eta euskaraz hasi ziren aurrenetarikoak izateak ere lagundu zien: "Hasieran, ingelesezko kantuak ingelesez mantendu genituen, The Beatlesenak esaterako; gero, abestiak euskaratzen hasi ginen. Ez Dok Amairu mugimendua kenduta, ez zegoen euskaraz askoz gehiagorik".

Eganekin hainbat disko eta ehunka abesti plazaratu zituzten: Behin batian Loiolan, Ireki bihotza, Lo ez Mexikon eta Ameriketara joan nintzan dira ezagunenetariko batzuk. Telebistan ere aritu ziren, ETB1 katean H-Egan programa izan baitzuten: "Orio ekoiztetxearen eskutik, hamabi saio egin genituen. Esperientzia berria izan zen; lan asko egin behar zen saio motz bat lortzeko".

Frantzesenak berak ez du Eganeko abesti kuttunik. Gehien eskatzen zietena zein den, berriz, zalantzarik ez du: Behin batian Loiolan. Saio bakoitzean "bost aldiz baino gehiagotan" jo behar izaten zuten, eta, azkenerako, "gogaikarria" zitzaion.

Berbenen gainbehera

2000. urtean utzi zuen musika Frantzesenak. 46 urte zituen, eta "erreta" amaitu zuen. Ordurako Egan taldea deseginda zegoen, taldekideen arteko arazoek eraginda. Xabier Saldiasek jarraitu zuen Egan izenarekin, eta gainerakoek Trabuko sortu zuten. Bi urtez eman zituzten kontzertuak. Gero, berriz banandu, eta Irailerako 6 taldean aritu zen Frantzesena. Proiektu hark ere ez zuen urte asko iraun. Izan ere, "berbenen gainbeherak" bizimoduz aldatzera eraman zuen azpeitiarra: "Fisikoki ondo nengoen, eta taldean ere giro ona genuen". Arazoa beste bat zen: "Guk ezagutu genuena ezagutu eta gero, plazak hutsik ikustea gogorra izan zen. Norentzat jotzen ari ginen galdetzen nion neure buruari". Horretaz gain, "prezioak jaitsi egin ziren, eta trikitilariak indar handiz sartu ziren". Lan eskaintza bat onartu, eta musikari agur esan zion, gaur arte: "Taldea utzi eta astebetera saldu nuen bateria. Ordutik, ez dut berriz jo. Ez dut beharrik ere sentitzen. Urte ederrak izan ziren; ez daukat damurik. Baina joan ziren". Musikaren ordez irratia entzuten du orain, eta asteburuak ez ditu plazarik plaza igarotzen, emaztearekin pasiera luzeak eginez baizik.

Uholdeetako laguntzak eskatzeko epea, zabaltzear

Iragan azaroaren lehenetan Gipuzkoan izandako eurite eta uholdeek kalte handiak sortu zituzten herrialdeko hainbat herri eta auzotan. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren astean irekiko du azaroko uholdeetan kalteak izan zituzten udalentzako eta baserritarrentzako diru laguntzak eskatzeko epea.

Asteon Garbiñe Errekondo Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatuak jakinarazi duenez, Diputatuen Kontseiluak laguntza horiek arautzen dituzten bi foru dekretuak onartuko ditu, eta, hurrengo egunean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu orduko, kaltetuek diru laguntzak eskatu ahal izango dituzte. Eskaera egiteko hilabeteko epea ezarriko du Gipuzkoako Aldundiak.

Bi laguntza ildo jarriko ditu abian aldundiak. Batetik, nekazari profesionalek izandako kalteetara 200.000 euro bideratuko ditu, horiek baratzeetan zein tresnetan izandako kalteak konpontzeko. Bestetik, 1,5 milioi euro bideratuko ditu kalte publikoetarako, alegia, "udalek herri bideetan, ur azpiegituretan, eraikinetan, hiri ekipamenduetan eta abarretan izandako galerak konpontzeko".

Hurrengo ostegun eta ostiralean bi foru dekretu horiek balizko onuradunei aurkeztuko dizkie aldundiak: EHNE eta ENBA nekazari sindikatuei, batetik, eta udaletako ordezkariei, bestetik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, modu honetara kaltetuak laguntzeko iragarritako konpromisoa "berretsi" du aldundiak. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari ere zuzendu zaio aldundia. "Orain, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren txanda da. Uholdeek oso kalte larriak eragin zituzten Gipuzkoan, eta denok egin behar dugu ahalegina", adierazi du Errekondok. Izan ere, Errekondoren arabera, bi erakunde horiekin hilabeteotan hainbat bilera izan badituzte ere, oraindik haien erabakien zain dago aldundia.

ENBAren haserrea

Hain justu, aste honetan bertan, ENBA sindikatuak "irtenbideak lantzeko koordinazio mahaia" osatzeko eta bertan kaltetuak izan diren baserritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten exijitu du. Uholdeek eragindako kalteak konpontzeko baserritarrentzat dituzten diru partidak "aktibatzeko" eskatu die Iñaki Goenaga ENBAko presidenteak aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Hain justu kopuru horiek, hurrenez hurren, 200.000 eta 100.000 eurorenak direla adierazi dute. Gizarte segurantzako exentzioak onartzeko ere eskatu dio ENBAk Espainiako Gobernuari.

EAJ ere antzera mintzatu da asteon, eta Gipuzkoako Aldundiari exijitu dio 2012ko aurrekontuetan baserritarrek pairatutako kalteak konpontzera bideratutako 200.000 euroak berehala banatzeko.