Sailkatugabeak

Parte Zaharreko auzo elkartea eratu dute

Urrian hasi zuten bidean urrats bat gehiago eman eta Donostiako Parte Zaharrean eratu dute jada auzo elkarte berria: Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea. Asteazkenean San Telmon egindako batzarrean onartu zuten izena, baita estatutuak eta zuzendaritza ...

Aisia eta tradizioa uztartu asmo dituzten ekitaldiak

Zezenketak beheraka doaz Gipuzkoan. Zezenen eta behien inguruan egiten diren jolasak, berriz, gora. Horren adibide dira Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak eta Debako Lastur auzoko tabernak antolatzen dituzten ekitaldiak.

Zezen Beltz elkartea 2008an sortu zen, eta helburu argiak ditu: "Sokamuturra sustatzea eta lehengo ohiturak berreskuratzea, sokamuturra legez babestea, ganadutegiak bisitatzea, entzierro txikiak antolatzea, kapeak egitea, izkingile txapelketak jokatzea eta herriko belaunaldiak uztartzea da asmoa, besteak beste". Hala adierazi du elkarteko kide Mikel Odriozolak. Orain arte egindako bidearekin "gustura" da.

Zezenketei dagokienez ere, elkarteak ez du dudarik: "Zezen Beltz, elkarte gisa, zezenketetatik kanpo gelditzen da. Elkartearen barruan denetarik dago; zezenketen aldekoak nahiz kontrakoak daude, baina gure eremua festa tradizionala da".

Festaren tradizionaltasun hori goraipatu du Bixente Zulaikak ere. Lasturko tabernako arduraduna da bera. "Zezenarekin betidanik jolastu izan gara euskaldunok", dio. Taberna aurrean boladunak izaten dira astebururo, eta jarduera hori "betidanik" ezagutu izan duela dio: "Orain hogei urte hartu nuen taberna, eta orduan ere egiten zen". Azken urteetan, gainera, maizago antolatzen dituzte zezen boladunak: "Lehen, urtean lauzpabost aldiz izaten ziren; orain, astero". Tabernak berak antolatzen ditu, bezeroen eskaeren arabera. Nahi duenak bazkaria edo afaria bakarrik aukeratzen du, baina hortik aurrera aukera zabala da: paintball jokoa, txakolindegira edo flyschera bisita, eta zezen boladunak.

Bihar, esaterako, bazkalostean taberna aurrea betizuz edo larrebehiz beteta egongo da. Zezenik ez dute erabiltzen Lasturren; izan ere, "jotzera egiten duena behia izaten da, zezena baino gehiago". Halako ekitaldiak eskatzen dituzten bezeroak, berriz, bazter guztietatik iristen zaizkie. Gipuzkoa osotik eta Nafarroatik jende asko izaten dute, baina "potentzial handiena" Bilbon dagoela azpimarratu du Zulaikak. Espainiatik ere iristen dira taldeak, Burgos eta Logroño aldetik. Ezkondu aurreko agur festak ez ezik, urtebetetzeak eta jaunartzeak ospatzeko ere eskatzen dituzte zezen boladunak.

Zenbait finantzabide

Zezen boladunak antolatzeagatik kobratu egiten dute Lasturko tabernakoek. Zezen Beltz elkarteak, berriz, ekimenak antolatu ahal izateko dirua bildu egin behar izaten du. Udalaren aldetik, "beste edozein kultur taldek bezala", laguntza jasotzen dute, baina urteko egitaraua aurrera eraman ahal izateko izkingile txapelketaz baliatzen dira. Txapelketako finalerdietako bat Azpeitiko zezen plazan egiten dute urtero, eta gastu guztiak ordaindu ondoren gelditzen den diruaren arabera antolatzen dituzte urteko gainerako ekimen guztiak. Horregatik, Odriozolarentzat txapelketa hori da urteko ekimenik "garrantzitsuena" Zezen Beltzentzat.

Diruaren zati batekin Zezen Beltz Asteburua antolatzen dute urtero, eta askotariko ekimenak eskaintzen dituzte bertan. Iaz aurreneko aldiz sokamutur txikia egin zuten, haurrei zuzenduta. "Arrakasta handia" izan zuen eta aurten jarraipena eman diote: sansebastianetan egin dute, eta inauterietan errepikatuko dute, astelehen goizean: "9-10 urteko haurrak jartzen ditugu soka-mutil bezala, neska nahiz mutil. Animatzen den orok du tokia bertan".

Halakoez gain, iaz sokamuturrari buruzko dokumental bat ere egin zuten: "Zezenaren inguruan, atzean dagoen lana azaltzen du. Oso dokumental ona da, eta harrera oso ona izan du".

Akats burokratiko bat dela eta, itxi egin dute Eibarko Errehabilitazio Patronatua

Ia mende erdi batez errehabilitazio zerbitzua ematen aritu ondoren, itxi egin dute Eibarko Patronatua. Akats burokratiko batek Osakidetzarekin zeukan hitzarmena berritzea eragotzi dio errehabilitazio zentro pribatuari, eta, Gizarte Segurantzako gaixorik gabe, ezin diote zerbitzuari eutsi. Horren ondorioz, zazpi langile langabezian gelditu dira; aste honetan agerraldia egin dute, zuzendaritza batzordeari ardura eskatzeko eta jasotako tratua salatzeko.

Patronatuak 1975etik artatu ditu gizarte segurantzako gaixoak; hitzarmena bost urtetik behin berritzen zuen Osakidetzarekin. 2011 amaieran berriro egin behar zuen horretarako eskakizuna patronatuko zuzendariak. Tramitea, ordea, ez zuen behar bezala egin, eta Osakidetzak ukatu egin zion hitzarmena berritzea.

June Aranzeta da kaleratutako langileetako bat; hark azaldu duenez, patronatua kudeatzen zuen zuzendaritza batzordeak azaro erdialdetik zeukan egindako hutsaren berri, eta "oso bizkor eta nahiko txarto" egin du hortik aurrerako kudeaketa: "Guri abenduaren 16an eman ziguten egoeraren berri, baina esan zuten arazotxo bat izan zela eta konponduko zutela. Abenduaren 23an enplegua erregulatzeko espedientea sinatu genuen, eta otsailaren 1ean kaleratze gutuna sinatu dugu".

Langileen iritziz, zuzendaritza batzordeak ardura gehiagoz jokatu behar zuen, eta zuzendariak egindako tramiteak gainbegiratu, paperak Osakidetzari igorri aurretik: "Hor beste hiru pertsona daude, zuzendariaz gain: kontu pixka bat eduki behar lukete gauza hauekin".

Gainera, enpresak kalte-ordainak ere ez dituela bere gain hartu nahi salatu dute, eta "zuzenean" Fogasara bidali nahi dituztela, soldatak bermatzeko funtsera. "Denbora gutxien daraman langileak zazpi urte daramatza enpresan lanean, eta gehien daramanak, 30 urte", adierazi du Aranzetak.

Patronatuak artatzen zituen gaixo guztien %80 Gizarte Segurantzatik joandakoak ziren, Aranzetaren arabera. "Baziren gaixo pribatu batzuk, baina oso gutxi; gehiena Osakidetzarekin egiten genuen. Osakidetza gabe, ez daukagu lanik".

Helegitea atzera bota zutenetik, konponbiderik ez dagoela uste du Aranzetak, jada ate guztiak jo baitituzte: "Alkatea ere ahalegindu da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordearekin hitz egiten, baina hark esan dio ezetz, kontua gaizki aurkeztu zutela eta ez dagoela zer eginik; epea amaitu dela eta bost urte barrura arte horrela geldituko dela". Osakidetzak eta zuzendaritzak ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Mende erdiko zerbitzua

1962ko poliomielitis brotearen ondorioz, Eibarko haur asko elbarri gelditu ziren. Errehabilitazio zentro baten beharra zegoen, eta helburu horrekin zabaldu zuten 1964an Eibarko Ongintza Patronatua, Mercedes Kareaga zuzendari zela —1972an hartu zion lekukoa gaur egungo zuzendariak—. Poliomielitis kasuak gutxitu ahala, bestelako errehabilitazio tratamenduak eskaintzen hasi ziren; 1975etik aurrera, helduak ere hasi ziren hara joaten.

Auzoa bakarra, baina udalak hiru

Matxinbenta auzo txikia eta berezia da. Bisitariek bakea, lasaitasuna eta isiltasuna bilatzen dute bertan. Elizak, frontoiak eta baserri batzuk osatutako auzunea eta inguruan mendia eta belardiak, besterik ez dago. Isiltasuna auzoaren erditik igarotze...

@sarean

Zestoako Udalak zezenketen inguruko herri galdeketa egiteko asmoa du. Giro horretan, zezenketen aurkako nahiz aldeko taldeak sortu dira herrian. Berria TBk alde bietako ordezkariekin hitz egin, eta erreportajea egin du. Bideoa gaurtik aurrera ikusgai dago helbide honetan:

www.berria.info/berriatb/

Zezenei buruzko hitzaldia emango dute etzi, Lasturren

Lasturko eta inguruko zezenak hitzaldia eskainiko du, etzi, Iñaki Azkune zezenzale zestoarrak. Debako Lastur auzoko Talo Eguneko egitarauaren barruko saioa da, eta tabernan izango da hizketaldia, 12:00etatik aurrera. Besteak beste, bertako zezenak eta horien inguruko istorioak izango ditu hizpide.

Europako urteko museo izateko bidean

Tolosako txotxongiloen nazioarteko zentroan, Topicen, orain dela bi aste inguru jaso zuten berria: 2012. urteko Europako museorik onenaren saria irabazteko izendatuen artean dago. Epaimahaiak datorren maiatzean jakinaraziko du erabakia, Penafielen (Portugal) ospatuko duten ekitaldi batean.

Topic zentroko arduradunak pozik daude, eta saria jasotzea egindako lana aitortzea izango litzatekeela dio Maria San Sebastian langileak: "Jendea Topicera etortzeko akuilua izatea nahiko genuke. Txotxongilo munduari dagokionez, berriz, sarri alde batera utzi izan den mundua ezagutaraztea ekarriko lukeela uste dugu. Izan ere, txotxongiloen museo bat lehian sartuko da arkeologia, arte eder, arte garaikide eta bestelako museoekin".

European Museum Forum erakundeak banatzen du urteko Europako museorik onenaren saria, eta lehian sartzeko izena eman zuten 120 museoetatik, 46 pasatu dira azken fasera. Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroarekin batera, besteak beste, Tallinngo NUKU museum (Estonia), Dublingo Glasnevin Museum (Irlanda), Londresko Museum of London (Erresuma Batua), Mojstranako Slovenski Planinski Muzej (Eslovenia) eta Burgosko Museo de la Evolucion Humana (Espainia) izendatu ditu aurten epaimahaiak.

2011. urtean, 14.000 bisitari jaso zituen Topic zentroak. Museoak berak duen ondarearekin osatutako erakusketa iraunkor bat baduten arren, Tolosako nazioarteko txotxongiloen zentroak hiru erakusketa berri eskaintzen ditu urtero.

San Sebastian arduradunak azaldu duenez, udako hilabeteetan ikusgai egoten den erakusketa izan ohi da arrakastatsuena. Bisitari mota ere aldakorra izaten da urte garaiaren arabera: "Udan, batik bat uztailean, bisitariak haur eta gazteak izaten dira gehienbat, edo turistak bestela. Ikasturtean, berriz, ikastetxeetako ikasleak nahiz bertako edo inguruko jendea etortzen da museora. Azkenik, Titirijai nazioarteko txotxongilo jaialdia azaro amaieratik abenduko lehen asteburura bitarte izaten denez, txotxongilo munduko jende asko etortzen da garai horretan".

Hori abiapuntutzat hartuz, erakusketak aukeratzeko irizpideak zehazten dituzte zentroko arduradunek. Alde batetik, zentroak txotxongilo bilduma garrantzitsua duela nabarmendu du San Sebastianek, eta hori erakutsi eta ezagutarazi nahi dutela; hiru erakusketa egin dituzte jada euren ondarearekin. Bestalde, ordea, bisitaria ere oso kontuan hartzen dute erakusketak aukeratzerakoan. Esaterako, orain arte udako oporraldian ikusgai izan diren erakusketak haurrekin pentsatuta antolatu dituztela azaldu du San Sebastianek: "Lehenengoa Muñecos animados izan zen, telebistan agertzen diren pertsonaiekin. Joan den udan, berriz, Binefar titiriteroen erakusketa antolatu genuen; oso ezagunak dira, eta askotan etorri izan dira hona".

Topic zentroko arduradunek, ordea, izaten dute bestelako helbururik erakusketak antolatzen dituztenean: Euskal Herrian edo beste leku batzuetan dauden zenbait bilduma berreskuratzea, jendeak ezagutzeko. Iazko lehenengo erakusketa, adibidez, Colorin pertsonaiaren ingurukoa izan zen: "Euskal Herrian ezaguna egin zen lehen txotxongiloa izan zela esango nuke. Erakusketa ireki genuenean, bisitari batzuek esan ziguten hunkitu egin zirela eta bazela garaia halako zerbait egiteko". Colorinen erakusketaren kasuan, bildumaren jabeetako bat hil egin zen, eta bestea oso heldua da gaur egun; seme-alabarik izan ez dutenez, ondarea gal ez dadin, bilduma guztia eman dio Topic zentroari.

Museotik harago

Jendeak, oro har, txotxongilo mundua haurrekin lotzen duelako eta antzerkiaren ondoan bigarren mailan geratu izan delako erabat txotxongiloei eskainitako museo bat egitea "arraroa" suerta daitekeela dio San Sebastianek: "Baina hemen daukaguna zerbait berezia da. Hasteko, museografiaren aldetik oso ondo pentsatuta dago, eta jendea hona etorri arte ez da konturatzen. Bestalde, guk komunikabideetan esan arren, jendeak ez dauka zertan sinetsi, baina egia da mundu mailan ez dagoela horrelako zentro bat. Badaude antzekoak diren beste bi zentro: bata, Atlantan [AEB], eta bestea, Taipein (Taiwan)".

Hiru zentro horiek, ordea, ez dira, soilik, txotxongilo museoak. "Topicen tailerrak ditugu, txotxongiloa manipulatzeko nahiz eraikitzeko. Antzoki bat ere badugu, 250 lagunentzat, eta bertan txotxongilo ikuskizunez gain bestelako jarduerak ere burutzen dira. Dokumentazio zentro garrantzitsu bat ere badugu. Ostatu txiki bat ere bada; bertan, txotxongilo munduko jendea, ikerlariak, ikasleak edo antzokian antzezlanen bat egin nahi duen edonor gera daiteke lotan. Aukera horiek guztiak biltzen dituen zentro bat aurkitzea ez da hain erraza. Europan txotxongilo museo asko daude, baina ez dira hain originalak", adierazi du San Sebastianek.