Sailkatugabeak

Zaletasun faltaren ondorioz, zezenketak gutxitzen ari dira

Garai hobeak izandakoak dira Gipuzkoako zezen plazak eta zezenketak. Gaur egun, lau tokitan baino ez daude zezen plazak, eta bitan bakarrik egiten dituzte zezenketak: Donostian eta Azpeitian. Eta, bietan, herriko festen garaian egiten dira gehienbat. Eibarren eta Tolosan, berriz, ez da zezenketarik egin azken urteetan, eta zezenekin lotutako nahiz beste ekimen batzuetarako erabiltzen dituzte zezen plazak.

Gainbeheraren arrazoiak "asko" dira, baina "ikusle falta da nabarmenena". Hala uste du Miguel Telleria zezenzaleak. Gipuzkoako Zezenzale Elkarteko lehendakari izandakoa da Telleria, baina, gaur egun, elkartea bera ere desagertuta dago. Ikusle faltak diru arazoak dakartza berarekin. Tolosan, esaterako, orain hiru urte arte zezenketak antolatu izan dira San Joan jaietan, baina "antolatzaileak beti dirua galdu du", azaldu du udalak. Enpresa pribatuek antolatzen dituzte zezenketak, baina, etekinik ezean, beste zezen plaza batzuetan jartzen dituzte ikuskizun horiek.

Aipatutako arazoez gain, eraikinen egoera ere ez da oso ona. XX. mende hasierako zezen plazak dira Donostiakoa ez beste hirurak —1902koa da Eibarkoa eta 1903koa beste biak—. Udalarenak dira zezen plaza guztiak, eta Eibarren zezen plaza berria egiteko proiektua ere landua du udalak. Krisiak, ordea, proiektua bertan behera uztea ekarri du. Oraingoz ez da eraikin berririk egingo, Eneko Andueza Hirigintza zinegotziak azaldu duenez: "Proiektua hamar milioi inguru kostatzen da, baina ez dago diru pribaturik, udalak hartu beharko luke bere gain eta ez du dirurik". Zezenzalea da Andueza bera, eta onartu du zezenketarik ez egitea "plazaren egoera larriaren ondorio" dela. Iritzi berekoa da Jaime Lopez de Gereñu, Peña Taurina Pedrucho Eibarresa elkarteko lehendakaria: "Jendea erakartzeko ondo egon behar du plazak, baina azken urteetan ez dute asko zaindu".

5.300 ikuslerentzat dago tokia Tolosako zezen plazan; Eibarkoan 6.000 lagun sartzen dira; ia 4.000 Azpeitikoan; eta 10.000 eta 16.000 artean Donostian, ekimenaren arabera. Izan ere, Donostiako Illunbe zezen plaza berria da gainerakoekin alderatuta —1998. urtekoa—, eta hainbat motatako ekitaldiak hartzeko prestatuta egin zuten. Gainerako zezen plazek ere bide berari jarraitu diote, horretarako espresuki moldatuak egon ez arren. Izan ere, zezenketarik ezean, bestelako jardueretarako aprobetxatu ohi dituzte plazok: Azpeitian kirol apustuetarako, ahari jokoetarako eta izkingile txapelketarako erabiltzen dute, besteak beste. Tolosan, zezen boladunentzat eta herri kirol emanaldientzat. Eibarren ere zezen boladunen ikuskizunetarako erabiltzen da, baina urtean behin bakarrik, sanjoanetan.

Azken herri horretako zezen plazak izan zuen urrezko garairik, ordea. Lopez Gereñuk azaldu duenez, 1960ko hamarkadan Eibarkoa zen Espainiako Estatuan bazkide gehien zuen zezenzale elkartea: "2.000 bazkidetik gora izan genituen; hein handi batean, oso famatua egin zen toreatzailea izan genuelako herrian: Pedro Basauri, Pedrucho". Gaur egun, 165 bazkide ditu elkarteak.

Beherakadaren arrazoiak

Zezenzaleak eta zezenketen kontrakoak, biak bat datoz zaletasun horren beherakadaren arrazoiak ematean: aldatu egin da herritarrek animalien inguruan duten jarrera. Eguzki talde ekologistako kide Juan Mari Beldarrainen ustez, "oro har gipuzkoar gehienek ez dituzte maite zezenketak, eta ez dira joaten ospakizun horietara". Hala, "animalien aldeko errespetuan" Gipuzkoak "aurrerapausoa" eman duela uste du. Eguzkirentzat "ulergarria" da orain mende bat zezenketak egitea, baina "astakeria" deritzo "gaur egun zezenen hilketa festari lotutako ekimen gisa egitea".

Miguel Telleriaren ustez ere animaliekiko jarrera aldaketak eragin du zezen plazak husten joatea. Berak ez du aldaketa ulertzen, ordea: "Jendea maskotak ondo baino hobeto zaintzen hasi da, hainbat industriak eta elkartek bultzatuta. Zakurrari haragirik onena ematen diete, baina jende horri berari ez zaio axola etxerik gabeko jendeak kalean lo egitea, goseak egotea". Laguntza falta ere salatu du. "Udalek ez dute laguntzen, eta gazteentzat oso garestiak dira sarrerak".

Kolore festa, lehertzear

Inauterien hasiera

Tolosa

Festa lehertzear da Tolosan. Inauteriak ate-joka dira, eta Tolosako kale eta bazterrak, kolore, trapu eta mozorroz janztear.

Baina, inauterien festa handia ostegun gizenarekin batera datorren ostegunean lehertuko bada ere, aurrez ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte, giroa berotze aldera. Hala, bihar, erraldoi eta buruhandien kalejira izango da 11:00etan. Plaza Zaharretik irtengo dira. Kantujira ere izango da ordu berean, M. Luisa Agirre doktorearen plazatik abiatuta. 16:00etan, Aiz-Orratx elkarteko txaranga ibiliko da kaleetan zehar, eta16:30ean Haur Jaialdia izango da Leidor antzokian. 19:00etan, Urdiña Txiki elkarteak antolatuta, Kaldereroen Konpartsa irtengo da Plaza Zaharretik.

Etzi, berriz, Tolosako Musika Banda eta Udal Txistulari Bandak emanaldia eskainiko dute Berdura plazan.

Ostegun gizen egunean, 09:13an Etxe-berri oinordekoen udal bandoa izango da. Ondoren, 11:30ean, Udal Txistulari Bandak Inauterietako zortzikoa joz ohiko ibilbidea egingo du Tolosako kaleetan barrena. Jarraian, 11:45ean, Kabi-Alai elkarteak Eduardo Chocano inauterizale kutuna izendatuko du, eta pregoia irakurri dute. Eguerdian, Plaza Zaharrean suziria botata iragarriko da jaien hasiera. Segidan, Pintxana eta Kabi-Alai txarangek ibilbideari ekingo diote, Aroztegieta kaletik. Arratsaldean, 16:30ean, zezen plazan zezen festa egingo da, txarangen doinuek girotuta. Zezen festaren ostean, kalejira egingo da. 19:30ean, Iturritxiki plazatik zezensuzkoa irtengo da. 20:00etan, Aurrera kirol elkartearen txarangak girotuko ditu Tolosako kaleak. Tolosan, bihartik aurrera, festan murgiltzeko aukera egon badago, beraz.

1851tik Donostiak izan dituen zezen plazak.

Hamabi zezen plaza ezagutu ditu Donostiak 1851tik hona. Gaur egungoa, Illunbe, 1998an eraiki zuten. Tartean egon dira beste zenbait zezen plaza: San Martin (1851-1878), Atotxa (1876-1903) eta Txofre (1903-1970eko hamarkada).

Eibarko zezen plaza, Zuloagaren begietatik

Beste hainbat artistak bezala, Ignacio Zuloaga zumaiarrak ere eginak ditu zezenketen eta zezen plazen inguruko margolanak. Ezagunena Eibarko zezen plazaren irudi bat da: Corrida de toros en Eibar izenekoa. 1899. urtean egindakoa da, eta Untzaga plazak...

“Pentsatu genuen jendeari kultura jarduera berri bat eskaintzeko aukera zela”

Operarekiko eta, oro har, kantuarekiko eta musikarekiko zaletasunak bultzatu ditu Manu Gallardo (Eibar, 1964) eta beste zenbait kide Ozenki elkartea sortzera. Arrasateko kultura eskaintza aberasteaz gain, opera eskuragarri izatea ere sustatu nahi dute.

Zein helbururekin sortu duzue Ozenki elkartea?

Ozenki elkartean, musika, opera, lirika... alegia, musikarekin eta kantuarekin lotutako guztia izugarri gustatzen zaigun pertsona talde txiki bat batu gara. Beti izan dugu zerbait egiteko gogoa; ez da bat-batean sortu den zerbait izan. Tarteka, bidaiak egiten ditugu opera ikusteko. Behin, Flauta magikoa opera ikusi genuen, eta ikaragarri gustatu zitzaigun. Bagenekien konpainia horrek berak, Opera 2001 enpresak, La Bohéme antzeztuko zuela, eta horrek bultzatu gintuen erabakia hartzera.

Gainera, uste dugu Arrasatek musika kultura oso ona duela, eta badugu zarzuelen konpainia egonkor bat, kantua gustuko gauza da herrian... eta pentsatu genuen bazegoela tarte bat eta aukera bat zela Arrasateko jendeari kultura jarduera berri bat eskaintzeko.

Martxoaren 1ean, La Bohéme operaren emanaldia izango da, Amaia antzokian. Konpainia Arrasatera ekartzeak lana emango zuen, ezta?

Konpainiari behin eta berriro eskatu genion Arrasatera etortzeko, eta azkenean esan ziguten prest zeudela. Oztopo ekonomikoak gainditu beharra zegoen, ordea. Baina bidean jende oso jatorrarekin egin dugu topo, laguntzaile eta babesle onekin, eta horiek gauzak asko erraztu dizkigute. Arrasateko Udala oso ongi portatu da, baita Kutxa eta Euskadiko Kutxa ere. Eta emaitza da, azkenean, La Bohéme Arrasaten izango dela.

Ekonomia krisia gaina hartzen ari den honetan, apustua egin duzue.

Garaiotan pentsatzen genuen kulturak ez zuela zertan galtzen irten. Askoz gehiago balio du antzerki, musika edo opera izan daitekeen ikuskizun batean egoteak, azkenaldian guztiok inbaditzen gaituzten albiste horiek guztiak entzuteak baino.

Sarrerak salgai daude jadanik. Zer moduzko harrera ari da izaten?

Ehun sarrera inguru geratzen dira saltzeko, eta, orotara, 700 eserleku ditu auditoriumak. Oso erantzun ona izan dugu, ez bakarrik Arrasaten, baita eskualdeko eta inguruko herrietan ere. Eta baita kanpoan ere. Ondarroa, Lasarte eta Mendarotik sarrerak eskatu dizkigute, esaterako. Eta Eibartik ere jende mordo bat etorriko da.

Gipuzkoan ba al dago antzerako beste elkarterik?

Gipuzkoan opera urtean behin edo bitan entzun daiteke, Donostiako Musika Hamabostaldian. Gero, badago Luis Mariano elkarte lirikoa, Irunen. Eta elkarte horrek urtean bizpahiru opera programatzen ditu. Gainerakoa Bilborako geratzen da, ABAOrako.

Urtean bi ekitaldi egiteko asmoa duzue.

Bai. Urtean behin Arrasatera opera profesional bat ekartzeko ahalegina egingo dugu. Eta, batez ere, gehien gustatzen zaiguna esparru ez-profesionala da. Arrasateko Musika Eskolarekin eta inguruko musika eskolekin lankidetzan aritzea, kantua eta musika lantzen dutenek espazio bat ere izan dezaten parte hartzeko. Funtsean, eurekin ikuskizun bat prestatzea litzateke. Eurekin bakarrik, edo jende profesionalaren lanarekin uztartuta.

Maila sozial altuarekin eta diruarekin lotu ohi da opera. Zer du egiatik pentsaera horrek?

Uste dut egiatik eta gezurretik zati bana duen topikoa dela. Hemen, Euskal Herrian, adibidez, ABAO da erreferentzia, eta hango ekoizpenak garestiak dira, futbolean Real Madrilek eta Bartzelonak elkarren aurka jokatuko balute bezala. Gutxieneko sarrerek 40-60 euro balio dute, eta batez bestekoak 90-100 euro. Eta gazteak 15-18 urtekoak agian ez dituzu ikusiko, baina 25-40 urte bitartekoak bai. Asko, gainera. Horregatik saiatu gara babesleak bilatzen ere, sarrerak oso garestiak izan ez daitezen. 25 eurotan jarri ditugu sarrerak salgai, eta aretoa bete egingo da.

“Dakarren 2.500 pitzatu biltzen gara”

Facundo Vitoria (Tolosa, 1963) Dakar rallytik itzuli berri da. Mekanikaria da ogibidez, Tolosan du tailerra, Hautsiarte izenekoa, eta 4x4 ibilgailuetan espezialista da. "Bezeroak eskatzen duenaren arabera egiten dugu lan", dio. Aspalditik datorkio rallyekiko afizioa: "Lan egin nuen hamar urtez Patxi Arbelaizekin. Espainiako turismoen lur txapelketa egiten genuen. Berarekin egin nuen lehenengo Dakarra, eta Australia motoz egin genuen, erdi rally erdi abentura moduan".

Aurten zortzigarren aldiz hartu du parte Dakarren. "Dakarraren hamaikagarren aldian hartu nuen parte lehen aldiz. Orduan Saharako Tenere basamortua igarotzen genuen. Arazo gutxiago zeuden Afrikan, eta errazagoa zen". Orain, Hegoamerikara eraman dute rallya, segurtasun arrazoiak medio: "Jende gehiagok ematen zuen lehen izena. Oraingoa teknikoagoa da eta GPSaz gain, beste tresna batzuk behar dituzu. Ibilgailua ere bereziagoa behar da".

Vitoriaren parte hartzeak ez dira denak segidan izan. Aurrekotik —Afrikan egin zen azkena—hiru urte pasatu dira. Aurtengoan modu berezi baten parte hartu du, gainera. Pasa den udazkenean jaso zuen deia, TVE telebista katetik. Ezin izan zion ezetzik esan: "Irudi bereziak atera nahi zituzten, normalean telebistakoak iristen ez diren lekuetara joanez".

Rafael Tibau kataluniarraren kamioiarekin joan ziren. Tibau eta Vitoria ziren adituak, eta beraiekin kazetari bat eta kamerari bat joan ziren. Ez zuten rallya irabazteko asmorik: "Lehen postuak salduta daude, etxe ofizialentzako eta talde aberatsentzako. Lehiaketan sartzen ginen, baina ibilbidetik ere ateratzen ginen irudiak hartzeko. Kilometro pila bat egiten genituen, beti orduz kanpo, eta berandu iristen ginen".

TVEko saioak La otra cara del Dakar izena zuen: "Rallyaren atzeko partea erakustea zen asmoa, Dakarra gogorragoa egiten zaion jendearena. Aurrean joaten direnak ofizialak dira eta haiek fabriken laguntza handia izaten dute. Ondoren joaten dira talde erdi ofizialak eta dirua duten pribatuak. Horiek ere errazagoa izaten dute. Baina atzean joaten dira baliabide gutxiago dituztenak. Horiek batzuetan gauean ibilbidean bertan gelditzen dira, gero etapa bukatu ahal izateko. Azken horien gorabeheren berri jasotzeko egin dugu saioa".

Goizean, beste guztien aurretik ateratzen ziren, irudiak izateko. "Oso berezia izan da", azaldu du Vitoriak. "Ez genuen horrelako lanik egin aurretik. TVEkoek esan ziguten gustura zeudela, ikusle asko izan zituela saioak, eta ohikoak ez ziren irudiak ikusteko aukera izan zutela. Guk orain lau urte esan genuen horrelako zerbait egitea bazegoela".

Oso gogorra izan da esperientzia, ordea: "Lo gutxi egin dugu; bi ordu bakarrik lo egin ditugun egunak ere izan ditugu. Tibau eta biok aritzen ginen gidatzen, bestela ez zen posible izango. Egun batzuetan 18 edo 20 ordu pasatzen genituen errepidean". Gogorra izateaz gain, esperientzia berria eta polita izan dela dio rallyzaleak. "Orain badakigu zer egin behar dugun eta zer ez. Esaterako, egunero bidaltzen genituen erreportajeak, eta hori lortzeko arrisku asko hartzen genituen. Gure ustez, bi egunez behin bidaltzea hobea izango litzateke".

Arriskuak, pistan baino errepidean izaten zirela dio Vitoriak, alegia, lehiaketaz kanpo: "Basamortuko ibilbidea bukatu ondoren, hurrengo etapa hasten zen lekura joateko kilometro asko egiten ziren errepide arruntetatik. Tarte hori oso monotonoa egiten zen, eta jendeak hor izaten zituen batez ere istripuak, lo hartzen zuelako. Gu, gainera, erreportajea garaiz bidaltzeko, azkarregi ibiltzen ginen, neurritik kanpo, errepide horietatik".

47 gradu kamioi barruan

Hegoamerikara joan den lehen aldia izan da. Argentinan hasi, Txiletik igaro eta Perun bukatu da aurtengoa proba. "Afrikara ohituta geunden", dio. "Hegoamerikan askoz teknikoa da rallya. Hori bai, antolakuntzak errazagoa du rallya han egitea; arazo gutxiago dituzte, eta esaterako, ibilbidetik gertu errepideak daude. Afrikan agian egun osoa ematen zenuen ezer ikusi gabe". Hegoamerikan Dakarraren zain daudela dio: "Probak dirua mugitzen du eta horregatik herrialde haietatik bertan egitea eskatzen dute".

Probak bederatzi mila kilometro inguru izan ditu, hamabost egunetan egin beharrekoak. Vitoriaren taldeak beste mila inguru gehiago egin ditu, filmaketak burutzeko. Elementu guztiak izan dituzte ibilbidean: "Lokatza, ura, hondarra barra-barra... Gainera, sumendiko hondarra da hangoa, eta zailagoa da Saharakoa baino ibiltzeko". Ia 5.000 metroko garaierara iritsi dira, eta tenperatura altuak sufritu dituzte: "Argentinako panpa lehorrean kamioi barruan 47 gradu izan genituen, eta esan zuten kanpoan 50 gradu zeudela".

Abentura ukitua badu oraindik rallyak, nahiz eta parte hartzea ez dagoen edonoren esku. "Hori bai, aberatsentzako abentura da Dakar", dio Vitoriak. "Lehen, Afrikara errazago joaten zinen. Espainia zeharkatu, ferry bat hartu eta Afrikan ordubetean zaude. Orain hilabete eta erdi lehenago ibilgailua itsasontzi batean bidali behar duzu".

Ibilbidean gorabeherak izan zituzten. Larriena kamioia irauli zenean: "Duna baten gainera iristeko gutxi falta zela, kamioiak ezin izan zuen gehiago igo, eta hondarrarekin batera beheraka joaten hasi ginen. Azkenean kamioia irauli egin zen". Arazoa konpontzeko, beste kamioi baten laguntza behar izan zuten. Hamalau ordu ondoren, goizeko seiak zirela, atera ahal izan ziren zulo hartatik.

Parte hartzaileak elkarri laguntzea ohikoa da, izan ere, Dakarren. "Lehen hamar postuetan ibiltzen direnak lasterketa irabaztera doaz. Hortik atzera dabiltzanak elkarri laguntzen diete". Beraiek ere hainbati lagundu diete. "Gurekin zihoan kazetariak hasieran ez zuen ulertzen, baina gero konturatu zen horrela behar duela". Dakarren denek elkar ezagutzen baitute. "Familia bat bezala da. Jende berdina da, taldez aldatzen dena. Aurten motoz joan dena, hurrengoan autoarekin ikusiko duzu. Mundu hau gustuko dugun 2.500 pitzatu biltzen gara".

Bihar, azpiegitura handien aurkako manifestazioa

Bihar amaituko da Azpiegitura Erraldoien Aurkako Plataformak azken asteotan antolatutako ekitaldi sorta, azpiegitura handien aurkako manifestazio batekin. Hainbat talde ekologista, sindikatu eta gizarte mugimendu elkartuko ditu protesta horrek; bihar ...

Gipuzkoako ezker abertzaleak dio “eskandalua” dela Bidegiko desfasea

"Apurka-apurka" agerian ari dira geratzen EAJk, Gipuzkoako Foru Aldundian egon den urteetan, egindako kudeaketa "txarraren" ondorioak. Hala uste du Gipuzkoako ezker abertzaleak. Bidegin izandako desfasearen harira, asteazkenean, prentsaurrekoa eman zuten Idoia Aiastui eta Iñigo Balda ezker abertzaleko kideek eta, besteak beste, Bidegiko desfasea "eskandalua" izan dela adierazi zuten, eta horretan EAJk "erantzukizun politikoa" duela: "Itzela den eskandalu baten aurrean gaude eta honek irakurketa sakonago bat eskatzen du". Areago, "Europa osoan" halako tamaina duen desfaserik ez da ikusi ezker abertzalearen irudiko. Beraz, "%65 arteko desfasea nola onartu daitekeen" azaltzeko eskatu diote EAJri.

Eredu ekonomiko desegokia garatzeaz gain, EAJri arreta "desbideratzen" saiatu izana ere egotzi diote. "Dirudienez, ez dute herritarrek zer gertatu den jakiterik nahi". Ildo beretik, PPk eta PSE-EEk hartutako jarrera ere salatu dute: "Beste une batzuetan, edozein gertaeraren aurrean, interpelazioak eta batzorde bereziak eskatzera korrika eta presaka abiatzen diren bitartean, Bidegiren desfasearen kasuan itsu, mutu eta gor daude".

Bidegirekin gertaturikoa, ordea, eredu kontua da ezker abertzalearen arabera. Hala, EAJrenarekin oso kritiko agertu da. "Eredu horren funtsa eraikitzea eta eraikitzea zen", adierazi dute ezker abertzaleko ordezkariek.