Sailkatugabeak

Metalaren sektorea malguagoa izatea nahi du Adegik

Soldatak izoztea, langileek hamasei lanordu gehiago egitea eta, oro har, malgutasun gehiago izatea. Datozen hiru urteetarako, proposamen horixe egin du Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak metalaren ituneko negoziazio mahairako. Adegiren arabera, ...

Lurraldebusekin bizikletak alokatu ahalko dira aurten

Aurten Lurraldebus txartelarekin ere alokatu ahal izango dira Donostiako bizikleta publikoak; asmoa "teknikoki bideragarria denean" hastea da, Donostiako Udalak adierazi duenez. Orain arte, Dbizi txartelarekin baino ezin ziren bizikleta horiek alokatu...

Gero eta lapiko ekologiko gehiago

Laugarren urtea du aurten Ekolapiko proiektuak. Ikastetxeetako jantokietan elikadura ekologikoa eta orekatua txertatzea da egitasmoaren xedea, eta, pixkanaka, hedatzen ari da. Gipuzkoako lau haur eskola eta ikastetxetan dago martxan, eta, aurten, esaterako, ikastetxeetatik kanpora ere zabaldu da: Segurako Aterpetxeraino, hain zuzen ere. Astero, eskoletako ikasleak izaten dira aterpetxean, eta horregatik sartu da Ekolapiko proiektuan. Laster, lehengai ekologikoekin lan egingo dute hango sukaldean ere. Kutxa Ekoguneak jakinarazi du "egoera nola bideratu" aztertzen ari direla orain; diagnosi fasean dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxea. Beste eskola batzuekin ere harremanetan dira Ekolapikokoak, eta "bi ikastetxe diagnosi fasean" daude.

Ekogune proiektuko partaideetako bat da Kutxa, baina helduleku gehiago ere baditu egitasmoak: Kutxa Ekoguneaz gain, Biolur Gipuzkoa elkartea, Cristina Enea Fundazioa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Gipuzkoako landa garapen elkarteak —Behemendi, bereziki— eta Manttangorri elikagai ekologikoen enpresa banatzailea.

Proiektuak hiru ardatz nagusi ditu: elikadura osasungarri eta orekatu baten oinarriak finkatzea; nekazaritza ekologikotik eratorritako janaria erabiliz ingurumena zaintzea; eta hemengo nekazari ekologikoen sarea sustatzea eta indartzea.

Ekolapikoko partaideek argi dute zergatik den ona elikagai ekologikoak kontsumitzea. Haien esanetan, osasungarriak eta elikagarriak dira; ez dute gehigarri sintetikorik, pestizidarik, genetikoki aldatutako organismorik, ezta antibiotikorik ere; kalitate gorena dute; ingurumen aldetik iraunkorrak dira; animalien ongizatea eta natura errespetatzen dute; eta zaporetsuagoak dira.

Gehienez, hamar euro gehiago

Aipatutako onura zerrenda horrek garestiago ere bihurtzen du menu ekologikoa hautatzea. Kutxa Ekoguneak adierazi duenez, "eskolatik eskolara aldatu egiten da kostu gehigarria". Hala ere, azpimarratu dutenez, aldea "haur eta egun bakoitzeko 0,50 eurokoa da, gehienez"; alegia, menu ekologikoa aukeratzen duten eskoletan, hilean hamar euro gehiago ordainduko dutela, gehienez, haur bakoitzeko.

Arlo ekonomikoa eta beste hainbat ari dira aztertzen diagnosi fasean dauden ikastetxeetan. Oraingoz, aukera hori Gipuzkoako 515 haurrek dute: Donostiako Zuloaga udal haur eskolakoek (65 haur); Oiartzungo Haurtzaro partzuergoko udal haur eskolakoek (194 haur); Beasaingo Andramendi ikastolakoek (120 haur); eta Usurbilgo Udarregi udal haur eskolakoek (136 haur).

Proiektua hobetzeko bidean, 2011-2012ko ikasturterako zehaztuak dituzte erronka nagusiak, eta martxan dituzte hainbat baliabide berri ere. Erronkei dagokienez, hiru aipatu dituzte: eskola gehiagok bat egitea proiektuarekin; baliabide berrien bitartez proiektuaren zabalpena handitzea; eta bertako nekazarien sarea indartu eta ekoizle eta produktu berriak proiektura erakartzea.

Baliabide berrien artean, Internetek hartu du protagonismo berezia: alde batetik, webgune bat sortu dute (www.ekolapiko.net), "elikadura osasungarri eta ekologikoa maite duten guztientzako topagune" izan dadin, eta webgunearen bisitariak proiektura gertura daitezen; bestetik, aurkezpen bideo bat egin dute, eta webgunean jarri dute; azkenik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Ekolapikori egindako abestiaren bideoklipa ere webgunean dago.

Kutxa Ekoguneko kideek azpimarratu dute Ekolapikok hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiela partaide diren ikastetxeei. Esaterako, menu orekatuak nola sortu jakiten laguntzen diete: "Elikadura aditu batekin lantzen dira menuak. Sukaldariarekin eta pediatrarekin elkarlanean, menu osasungarriak egiten dira, Osasunerako Mundu Erakundearen piramidea oinarritzat hartuta". Laguntza teknikoa ere ematen dute, bai eskolentzat, bai nekazarientzat. Gainera, sentsibilizazio ekintzak ere egiten dituzte, haurrek beren osasuna eta garapena janariarekin ere zain dezaten.

“Jendeak bizikleta hartzea nahi dugu”

Dagoena ondo dago, baina askoz gehiago egin daiteke. Hori da Kalapie txirrindulari elkartearen ustea, Donostiako bidegorriei dagokienez. Donostiako Bizikletaren Behatokiak emandako azken datuen arabera, 17.000 pertsonak erabiltzen dute egunero bizikl...

Festa txakolinaren jiran

San Anton jaiak

Getaria

Urtero legez, aurten ere txakolina izango da Getariako San Anton jaietako protagonista nagusietako bat. San Anton egunerako —astearterako, alegia—, egun osorako egitarau bat osatu dute Getarian. Goizean, diana izango da Gazte Alaiak txistulari taldearekin. 10:30etik aurrera, berriz, azoka, Harriarten. Meza nagusiaren ondoren, 12:15ean, txakolin uzta berria aurkeztuko dute, eta, gero, txakolina dastatzeko aukera izango da, Zabale eta Larrañaga trikitilariek girotuta. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak ere udaletxeko balkoitik bertsotan arituko dira, eguerdi partean. 18:00etan, herri kirol jaialdia izango da frontoian, eta, gero, bertsolariek eta trikitilariek beste saio bat egingo dute, udaletxeko balkoitik.

Dena den, San Anton egunetik harago, festa egun gehiago ere antolatu dituzte Getarian. Hain justu ere, gaur bertso jaialdia izango da frontoiko karpan, 22:00etan. Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Agin Rezola eta Jexux Mari Irazu ariko dira bertsotan.

Igandean, IX. San Anton Zaldi Lasterketa egingo dute Malkorbe hondartzan, 13:00etan. 18:00etan, Orioko giza proba taldearen eta Getariako arraunlarien arteko lehia izango da, Harritarten. Hogei minutuko saio bat egingo dute, 800 kiloko harriarekin.

Astelehenean, erraldoi eta buruhandien kalejirak alaituko ditu Getariako kaleak, 19:00etan hasita; gauean, 23:30ean, erromeria izango da Joxe Mendizabalekin, herriko plazan.

Hilaren 22an amaituko da aurtengo San Anton jaietako egitaraua, igandez. Getariako Musika Bandak kontzertu bat eskainiko du Salbatore Donearen elizan.

“Mendi saio hezitzaileagoak egiteko eskatu behar lioke Jaurlaritzak ETBri”

Donostiako Vasco de Camping elkarteko lehendakari Txema Garaik (Donostia, 1962) heziketa ikusten du mendi segurtasunaren giltzarri gisa, horrek eramaten duelako mendizalea bere burua, txangoa eta materiala prestatzera.

Eusko Jaurlaritza erreskate jarduerengatik kobratzen hasteak kalapita sortu du mendizale askoren artean. Nola ikusten duzue zuek?

Federazioaren arabera, euskal mendizaletasunarentzat txarra da. Gero, mendizale den Eusko Jaurlaritzako Barne Saileko zuzendari batek erabakia segurtasunaren aldetik enfokatu du; ez kobratzeko, baizik eta arriskuaz jendea ohartarazteko. Nik, horiek entzunda, hauxe pentsatu nuen: gure elkartean ikusten dut normalean mendira joaten denak lizentzia [federazioan izen ematea eta horrekin asegurua] ateratzen duela. Bestalde, arrisku kirolen zerrenda atera zuten, eta hor ez zen mendi ibiliak egitea azaltzen. Eskalada, sakan jaitsiera eta horrelakoak bai, baina mendi ibiliak ez. Zuk, autoa hartzen duzunean, araudi bat ikasi behar izaten duzu, eta azterketa gainditu; hau da, gidatzeak dituen arriskuen jabe egin zara. Mendi jardueretan gauza bera gertatu beharko litzateke.

Zeinek egin behar luke lan hori?

Horren ardura nagusia elkarteena eta federazioena da, haiek gauzatu behar dituzte horrelako formazio saioak. Esaterako, guk azkeneko urtean autobabeserako hiru ikastaro egin ditugu. Betidanik mendira joan ez den jendearen artean kontzientzia sortu behar da. Bestalde, Eusko Jaurlaritza bera ari zaigu esaten ibili behar dugula osasungarria delako. Jendea ibiltzen da, eta [Donostiako] Pasealeku Berritik Uliara doa, eta hurrengo egunean Jaizkibelera, eta gero Aralarrera. Bertan, lainoa sartu, eta orduan sortzen da arazoa. Nik uste dut kontzientziatu egin behar dela. Jendeak, kontzientziatu, eta jakin behar du mendira irteteak arriskua duela, esaterako, 0,1ekoa Uliako paseo batean, Alpeetako eskalada bateko 100era arte.

Mendian ibiltzea, beraz, ez da arriskutsua.

Lehenago ere esan dugu, beti dago arriskuren bat, baina, oro har, ez. Hala ere, mendira doanak irteera bakoitzerako espresuki prestatu beharra dauka; ez da gauza bera Uliara edo Aralarrera joatea; Aralarrera joateko, esaterako, gida liburu bat beharko litzateke.

Jaurlaritzak zereginik ba al du prebentzioan?

Jaurlaritzak egin beharko lukeena, esaterako, ETBra jotzea da. Edozeinek egin ditzakeela ematen duten Aconcaguarako lehiaketa espedizioak sustatzea baino gehiago, ETBri saio hezitzaileagoak egiteko eskatu beharko lioke Jaurlaritzak, segurtasuna eta abar sustatuz. Horrek saihestuko ditu erreskateak; jendea mendira botekin, makilekin, urarekin... azken batean, prestatua joatea. XXI. mendean bi pertsona Auñamendin izoztuta hiltzea ikaragarria delako.

Erreskateak ordaindu behar izateak beldurtu egingo du mendira era egokian doan jendea?

Esan bezala, mendian ibiltzea ez zegoen arrisku kirolen zerrendan, eta, oraingoz, ez dut uste hori kobratuko dutenik. Gainera, nik ez dakit zehazten, baina hor dago Jaurlaritzak duen sorospenerako beharra ere. Baina guk dugun beldurra bestelakoa da; horrelako neurriekin gure [federazio] aseguruen prezioa igoko den. Azken batean, zer da hau? Ondo ari dena zigortzea? Horrexegatik esango dut berriro: heziketa da bidea.

Hala eta guztiz ere, elkarteek jendea federatzeko aholkua ematen duzue.

Gure artean ere hitz egin dugu. Gure irteeren egutegia prestatzeko garaian, bazegoen federatuta egotea exijitzearen aldekoren bat, baina beste batzuek ezetz esaten zuten. Gure irteeretara datorren jende asko probatzera dator, eta horregatik utzi behar duzu irekita. Azken batean, sarri doanak egiten du lizentzia.

Zeintzuk lirateke oinarrizko segurtasun neurriak?

Zer egin nahi duzun eta nora joan nahi duzun jakitea da lehenengo gauza. Bigarrena, eguraldia begiratzea. Hirugarrenik, mendira joateko, ezinbestekoa da botak, ura, kapela, eskularruak, betaurrekoak eta jateko zerbait eramatea. Eta, noski, norberak bere neurriko irteerak aukeratu behar ditu. Behobia-Donostia egiten denean bezala jokatu behar da; hau da, aldez aurretik prestatu behar duzu, ezin zara Alpeetara joan ibiltzeko ohiturarik gabe.

Garrantzirik ba al du materialak?

Guk hamar urte daramatzagu umeekin irteerak antolatzen. Lehenengo txangoetara botarik gabe etortzen diren haurrak daude, eta gaizki pasatzen dute, irristatuz-eta. Askotan, badirudi mendian ibiltzea ez dela kirola, eta jendea prestatu gabe dabil; materiala ere behar da.

Gipuzkoa arriskutsua al da mendian ibiltzeko?

Gipuzkoan Aizkorri aldea izan liteke arriskutsuena. Balerdin eta Aiako Harrian ere gune arriskutsu batzuk daude, horrexegatik diot irteerak prestatu behar direla, horiei buruz irakurrita eta informazioa eskuratuta. Edozein lekutan dago arriskua, baina, oro har, Gipuzkoa ez da arriskutsua mendi ibiliak egiteko.

Ezta lainoa sartzen denean ere?

Horretarako dago GPSa; teknologiak asko laguntzen du. Egungo Android telefonoek GPSa daukate. Baina aholku guztien artean onena zer egin nahi duzun jakitea eta, batez ere, zure gaitasuna ezagutzea da. Eta eguraldi txarra badator, gelditu Amezketan babarrunak jaten.