Sailkatugabeak

“Mendi saio hezitzaileagoak egiteko eskatu behar lioke Jaurlaritzak ETBri”

Donostiako Vasco de Camping elkarteko lehendakari Txema Garaik (Donostia, 1962) heziketa ikusten du mendi segurtasunaren giltzarri gisa, horrek eramaten duelako mendizalea bere burua, txangoa eta materiala prestatzera.

Eusko Jaurlaritza erreskate jarduerengatik kobratzen hasteak kalapita sortu du mendizale askoren artean. Nola ikusten duzue zuek?

Federazioaren arabera, euskal mendizaletasunarentzat txarra da. Gero, mendizale den Eusko Jaurlaritzako Barne Saileko zuzendari batek erabakia segurtasunaren aldetik enfokatu du; ez kobratzeko, baizik eta arriskuaz jendea ohartarazteko. Nik, horiek entzunda, hauxe pentsatu nuen: gure elkartean ikusten dut normalean mendira joaten denak lizentzia [federazioan izen ematea eta horrekin asegurua] ateratzen duela. Bestalde, arrisku kirolen zerrenda atera zuten, eta hor ez zen mendi ibiliak egitea azaltzen. Eskalada, sakan jaitsiera eta horrelakoak bai, baina mendi ibiliak ez. Zuk, autoa hartzen duzunean, araudi bat ikasi behar izaten duzu, eta azterketa gainditu; hau da, gidatzeak dituen arriskuen jabe egin zara. Mendi jardueretan gauza bera gertatu beharko litzateke.

Zeinek egin behar luke lan hori?

Horren ardura nagusia elkarteena eta federazioena da, haiek gauzatu behar dituzte horrelako formazio saioak. Esaterako, guk azkeneko urtean autobabeserako hiru ikastaro egin ditugu. Betidanik mendira joan ez den jendearen artean kontzientzia sortu behar da. Bestalde, Eusko Jaurlaritza bera ari zaigu esaten ibili behar dugula osasungarria delako. Jendea ibiltzen da, eta [Donostiako] Pasealeku Berritik Uliara doa, eta hurrengo egunean Jaizkibelera, eta gero Aralarrera. Bertan, lainoa sartu, eta orduan sortzen da arazoa. Nik uste dut kontzientziatu egin behar dela. Jendeak, kontzientziatu, eta jakin behar du mendira irteteak arriskua duela, esaterako, 0,1ekoa Uliako paseo batean, Alpeetako eskalada bateko 100era arte.

Mendian ibiltzea, beraz, ez da arriskutsua.

Lehenago ere esan dugu, beti dago arriskuren bat, baina, oro har, ez. Hala ere, mendira doanak irteera bakoitzerako espresuki prestatu beharra dauka; ez da gauza bera Uliara edo Aralarrera joatea; Aralarrera joateko, esaterako, gida liburu bat beharko litzateke.

Jaurlaritzak zereginik ba al du prebentzioan?

Jaurlaritzak egin beharko lukeena, esaterako, ETBra jotzea da. Edozeinek egin ditzakeela ematen duten Aconcaguarako lehiaketa espedizioak sustatzea baino gehiago, ETBri saio hezitzaileagoak egiteko eskatu beharko lioke Jaurlaritzak, segurtasuna eta abar sustatuz. Horrek saihestuko ditu erreskateak; jendea mendira botekin, makilekin, urarekin... azken batean, prestatua joatea. XXI. mendean bi pertsona Auñamendin izoztuta hiltzea ikaragarria delako.

Erreskateak ordaindu behar izateak beldurtu egingo du mendira era egokian doan jendea?

Esan bezala, mendian ibiltzea ez zegoen arrisku kirolen zerrendan, eta, oraingoz, ez dut uste hori kobratuko dutenik. Gainera, nik ez dakit zehazten, baina hor dago Jaurlaritzak duen sorospenerako beharra ere. Baina guk dugun beldurra bestelakoa da; horrelako neurriekin gure [federazio] aseguruen prezioa igoko den. Azken batean, zer da hau? Ondo ari dena zigortzea? Horrexegatik esango dut berriro: heziketa da bidea.

Hala eta guztiz ere, elkarteek jendea federatzeko aholkua ematen duzue.

Gure artean ere hitz egin dugu. Gure irteeren egutegia prestatzeko garaian, bazegoen federatuta egotea exijitzearen aldekoren bat, baina beste batzuek ezetz esaten zuten. Gure irteeretara datorren jende asko probatzera dator, eta horregatik utzi behar duzu irekita. Azken batean, sarri doanak egiten du lizentzia.

Zeintzuk lirateke oinarrizko segurtasun neurriak?

Zer egin nahi duzun eta nora joan nahi duzun jakitea da lehenengo gauza. Bigarrena, eguraldia begiratzea. Hirugarrenik, mendira joateko, ezinbestekoa da botak, ura, kapela, eskularruak, betaurrekoak eta jateko zerbait eramatea. Eta, noski, norberak bere neurriko irteerak aukeratu behar ditu. Behobia-Donostia egiten denean bezala jokatu behar da; hau da, aldez aurretik prestatu behar duzu, ezin zara Alpeetara joan ibiltzeko ohiturarik gabe.

Garrantzirik ba al du materialak?

Guk hamar urte daramatzagu umeekin irteerak antolatzen. Lehenengo txangoetara botarik gabe etortzen diren haurrak daude, eta gaizki pasatzen dute, irristatuz-eta. Askotan, badirudi mendian ibiltzea ez dela kirola, eta jendea prestatu gabe dabil; materiala ere behar da.

Gipuzkoa arriskutsua al da mendian ibiltzeko?

Gipuzkoan Aizkorri aldea izan liteke arriskutsuena. Balerdin eta Aiako Harrian ere gune arriskutsu batzuk daude, horrexegatik diot irteerak prestatu behar direla, horiei buruz irakurrita eta informazioa eskuratuta. Edozein lekutan dago arriskua, baina, oro har, Gipuzkoa ez da arriskutsua mendi ibiliak egiteko.

Ezta lainoa sartzen denean ere?

Horretarako dago GPSa; teknologiak asko laguntzen du. Egungo Android telefonoek GPSa daukate. Baina aholku guztien artean onena zer egin nahi duzun jakitea eta, batez ere, zure gaitasuna ezagutzea da. Eta eguraldi txarra badator, gelditu Amezketan babarrunak jaten.

“Lortutako garaipen askorekin ez dut gozatzen jakin”

Ginmasio batean egiten du lan Amaia Andresek (Beasain, 1966). Prestatzaile pertsonalaren lanak kirol zentroaren kudeaketarekin uztartzen ditu. Lasarte-Oria atletismo klubeko eskola umeak entrenatzen ere aritzen da, Eskola Kirola programaren barruan. "Polita da. Orain beste aldean ari naiz lanean". Kirolaren fase guztiak ezagutu ditu, eta nabarmendu du orain ari dela gozatzen kirolarekin. "Kirolari profesionala nintzenean momentu askorekin ez nuela gozatu sentitzen dut, eta pena ematen dit. Lortutako garaipen askorekin ere ez dudala gozatzen jakin iruditzen zait. Oso zorrotza nintzen nire buruarekin". Amaia Andres puntako atleta izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. 800 metrokoan nabarmentzen zen, eta asko dira hamabost urteko kirol ibilbidean irabazitako txapelketak. Hernanin bizi da gaur egun, senarrarekin eta bi seme-alabekin.

Beasaingo Loinazpe ikastetxean hasi zen atletismoa ezagutzen, garai hartako 7. mailan. "Beti aipatzen dut Loinazpen hasi nintzela, harro bainago horretaz. Kirola egiten eskolan hastea garrantzitsua da. Uste dut funtsezkoa dela heziketa fisikoko irakasleak egin dezakeen lana". Felipe Alfaro soinketa irakasleak begiz joa zuen ordurako, eta atletismoan hasi arteko bakerik ez zion eman. "Egoskorra izan zen nirekin. Niri saskibaloia gustatzen zitzaidan, baina berak esaten zidan hortik jai zegoela, eta korrika hasteko". Alfarok Ordiziako atletismo klubera eraman zuen, eta han, Josetxo Imazekin eta Txato Caballerorekin hasi zen entrenatzen. "Biak hilda daude. Oso ondo tratatzen ninduten. Gaur egun askoz ere profesionalizatuago dago dena, baina lehen ezberdina zen. Entrenatzera azaltzen ez bazinen, etxera joaten ziren zure bila. Orduan ez, baina orain ikusten dut haiek zer lan egiten zuten".

Altamira estadio zaharrean entrenatzen ziren, lurrezko pista batean. "Euri asko egiten zuen orduan, orain baino gehiago, eta 1. eta 2. kaleetan ezin zen ibili ere egin. Tartanik ez zegoen artean, eta iltzedun oinetakorik ere ez genuen". Aldagelak ere partekatu behar izaten zituzten, eta dutxatu, berriz, futbolekoen ondoren egin behar izaten zuten. Askotan "entrenamendu naturala" egiten zuten, Oiangu parkean barrena. Garai horretantxe hasi zen Amaia Andresen izena ezagun egiten. "Hamahiru urte nituela Espainia mailan bazuten nire aditzera. Ez dut uste hori erabat ona denik. Hamabost urterekin Espainiako selekzioko nagusiekin aritu nintzen Yugoslaviaren aurka. Parte hartu bai, baina etxera itzultzeko desiratzen egoten nintzen; ikasketak, lagunak… Zumarragako Golden diskotekara ere gustura joaten nintzen".

Hamahiru urte Madrilen

Ordiziako lehen urte horiek "jolas baten modukoak" irudikatzen ditu, eta gogoan du inguruko jende askorengandik jasotako babesa. Gozatzen ari zen une horretan, ordea, bere garapena bi urtez eten zuen ebakuntza egin zioten. "Oinak kaboak nituen, eta korrika egiten nuenean mina ematen zidaten. Gaur egun ez diote inori ebakuntzarik egiten horregatik, baina niri egin zidaten". Asko kosta zitzaion errekuperatzea, eta oina jartzeko modu berri batera ohitu behar izan zuen. "Bi urte txar izan ziren, oinak igeltsuarekin… Hamabost hamasei urte nituen, eta artean, erabat hazteko nengoen".

Baina handik gutxira Madrilera joateko eskaintza egin zioten, Blume goi errendimenduko zentrora. Bizimodua goitik behera aldatu zitzaion. "Beste klub batzuen eskaintzak banituen, baina nik Ordiziarekin lehiatu nahi nuen. Gogorra izan zen momentu hura". 1984. urtea zen. Espainiako hiriburuan aurkitutakoaz ez du oroitzapen gozoegirik. "Han ez zegoen mimorik, ez zegoen talde sentimendurik. Orain gauzak aldatu dira, baina orduan pertsona modura ere ez zintuzten baloratzen. Emaitzek bakarrik balio zuten". Aldaketa handiegia izan zen Goierritik Madrilerako jauzia; goi mailako kirolariz inguratuta eta kirola elkarrizketa bakar. Itolarria sortzen zion horrek. "Baina zer da hau? Horixe galdetzen nion neure buruari". Herriminak jota gogoratzen ditu lehen hilabete horiek, baina denborarekin ohitu egin zen hango bizimodura. "Hamahiru urte egin nituen Madrilen. Ez da egongo jende asko horrenbeste iraun zuenik. Han entrenatuz eta lo eginez pasatu nituen lau urte, eta gainontzekoak, pisu batean, egunero Blumera joanez".

Urte horiek izan ziren emaitzen aldetik Andresen onenak, pista estalian batez ere. 800 metroko Espainiako Txapelketa dezentetan irabazi zuen, eta Munduko bi txapelketatan eta Europako hirutan ere parte hartu zuen, besteak beste. Bere kirol ibilbideko une gorena, ordea, 1992an izan zuen, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan. Bosgarren sailkapen proban bosgarren sailkatu, eta kanporatuta geratu zen. "Nik banekien ez nuela zereginik, lehia handia baitzegoen. Nire helburua nire marka egitea zen, eta ia lortu nuen. Amets bat bete nuen parte hartuta". Unerik hunkigarriena, berriz, Donostiako Belodromoan bizi izan zuen, Ainhoa Ostolaza Urnietako txirrindulariarekin aurrez aurre aritu zenean Euskadiko Sei Orduetan. "Oroitzapen oso ona dut. Belodromoa jendez gainezka, giro paregabea…".

Erabakia hartu beharra

Olinpiar Jokoen ondoren Madril uztea erabaki, eta Valentziako klubera joan zen. "Halaxe erabaki nuen. Profesionala nintzen, eta emakumeentzat dirua zeukan klub bakanetakoa zen". Baina bi urte eskas egin zituen han, bere buruak gehiago ezin zuela esan baitzion. "Erabakia, behintzat, neure kabuz hartu nuen, eta ez lesioek behartuta. Zeresan handia eman zuen. Sidneyko Olinpiar Jokoetara joateko aukera ere izan nezakeen, baina ezin nuen". 30 urterekin utzi zuen kirol bizitza profesionala, 1995ean.

Beasainen zen berriz, eta itzuli orduko, Gipuzkoako Atletismo Federazioak eskola kiroleko koordinatzaile postua eskaini zion. Herri lasterketa batzuetan ere parte hartu zuen urte haietan, baina konturatu zen ez zuela horietarako balio. "Oso lehiakorra nintzen". Gurasoak jubilatu zirenean, Beasain utzi eta Donostiara joan ziren, eta hortik aurrera Goierritik kanpo egin du bizimodua Amaia Andresek. "Orain, Beasaingo festetara urtero joaten naiz, eta Ordiziakoetara ere bai!". Atletismoak arrasto handia utzi du haren bizitzan: "Zaildu egin nau kirolak, eta nortasun jakin bat eman dit". Ezagun du hori.

Herri arteko bidegorri sarean bi heren falta dira egiteko

Bizikleta modan dago, eta horri esker ari da zabaltzen Gipuzkoako bidegorri sarea. Donostian geroz eta garrantzi handiagoa dute bizikleta bideek, pertsona askok eguneroko joan-etorriak egiteko erabiltzen baitituzte; landa guneetan, aldiz, aisialdiko bueltak egiteko balio diete gehientsuenei. Hala eta guztiz ere, badira oraindik bidegorri gutxi edo batere ez duten eskualdeak, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarea bukatzeko baitago oraindik. Guztira 439 kilometro bidegorri egitea da asmoa; horietatik 152 herri barrukoak lirateke, eta 287, herri artekoak.

Sarritan, ordea, arazoak izaten dira bizikletaz ibilbide luzeak egiteko; herri arteko bideak ez dira beti hiriguneraino sartzen, edo ez dago bide osoa bidegorritik jaitsi gabe egiterik. Izan ere, ez da erakunde bakarra arduratzen zati guztiez: herri arteko bideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak dira; besteez tokian tokiko udalak arduratzen dira.

Diputazioari dagokion zatian, planifikatuta dauden 287 kilometroetatik 92,5 baino ez daude eraikita; %32,2, hain justu. Azken urte erdian bi zati ireki dituzte: Azpeitia eta Lasao lotzen dituena urrian inauguratu zuten, eta Txaparrenekoa, irailean. Azken hori, berez, hiri barruko bide bat da —Herrera eta Ategorrieta lotzen ditu, Donostian—, baina, egin beharreko lanen zailtasuna dela medio, foru aldundiak hartu du bere gain hura eraikitzea.

Aurten beste pixka bat aurreratu nahi dutela azaldu du Unai Erroitzeneak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak, hasierako epeak betetzea kosta egingo zaien arren: "Inbertsioak begiratu beharko dira. Azkenean, egoera ekonomikoak baldintzatuko du; horren arabera, prozesua azkartu liteke, edo mantsotu".

2012an zortzi milioi eurotik gora erabiliko dituzte Gipuzkoako bidegorri sarean. Diru horrekin hiru zatitako obrak bukatu nahi dituzte: Asteasu eta Zizurkil lotzeko falta den zatian, 611 metroko bidegorria egin nahi dute; Oñatitik Arrasaterako tartean, 3.900 metroko bidea egingo dute Zubillaga auzoraino; eta Donostian, Añorga eta Errekalde lotzen dituena ere aurten amaitu nahi dute. Asmo hori ETS Eusko Trenbide Sarearekin elkarlanean ari dira gauzatzen; izan ere, ETSk tarte horretako trenbidea berritu nahi du, eta lan horiek baliatuko dituzte bidegorria jartzeko.

Beste hiru zatitako obrak ere abiatu nahi dituzte: Andoaindik Urnietarako tartea osatzeko falta den zatikoak; Oñatitik Arrasaterako bidearenak; eta Itsasondo eta Ordizia lotzen dituen bidekoak, hain justu. Erroitzeneak adierazi duenez, beste pare bat zatitarako tramiteak ere hasiko dituzte, obrei 2013 hasieran ekiteko asmoz.

Foru gobernu berriak Mugikortasun Sailean sartu ditu lehenengoz bidegorriak; orain arte, Garapen Iraunkorreko Saila arduratu da horiez. Erroitzeneak azaldu du hori bidegorrien mesederako izango dela: "Ikuspegi orokorrago batetik lantzen da. Bi arloak, garraioarena eta bidegorriena, toki berean lantzen dira; horrek baliabide ekonomikoak hobeto kudeatzeko aukera ematen digu".

Aisian erabiltzen dute gehien

Bizikletentzako autopista izateko jaio dira, berez, bidegorriak; egunero distantzia laburrak egin behar dituztenek errepidea saihestu ahal izatea da asmoa. Bidegorrien erabilera gorantz doa urtez urte; ostera, askoz gehiago dira txakurra paseatzeko edo korrika egiteko erabiltzen dituzten pertsonak, goizero lanera bizikletaz joateko erabiltzen dituztenak baino. Erroitzeneak emandako datuen arabera, bidegorriak erabiltzen dituztenen artean, lautik hiru oinezkoak dira, eta kasuen %80tan aisialdirako erabiltzen dituzte.

Erroitzenearen ustez, "kultura aldaketa" behar da, bizikletak garraiobide bihur daitezen, eta ez aisialdirako tresna huts: "Hor lan dezente dago egiteko, baina garrantzitsua da mugikortasun aldetik potentzial handia duten guneak lotzea: industrialdeak, lantokiak, ikastetxeak, gertu dauden herrien arteko loturak... Horrek erabilera ere sustatuko du".

Horretarako, ordea, hankamotz samar dabiltzan bi arlo indartu beharko dituzte: bizikletak garraio publikoarekin bateratzea, eta udal sareekiko koordinazioa hobetzea. Erroitzeneak esan duenez, udalak "erritmo desberdinetan" doaz, eta "konplikatu samarra" da autobusa eta bizikleta bateratzea: "Ematen du errazagoa dela herri barruko autobus geltokietan alokairuzko bizikletak kokatzea".

Arantzibia egoitza: aspaldiko ametsen bilgune berria

Manuel Larramendi XVII. mendeko idazlearen El Imposible Vencido (Ezina egina) lanaren izena bere egin dute Manuel Larramendi Bazkunekoek. Izan ere, krisi gorriaren, bankuko maileguaren eta burokrazia korapilatsuaren erdian eraiki dute egoitza berria: Arantzibia. Andoaingo izen bereko plazan dago, idazlearen jaioterrian. Beterri-Aiztondo bailaran euskal kultura sustatzen duen elkarteak lokal berrian bildu ditu Rikardo Arregi Aldizkaritegia, 111 Akademia eta Erroitz argitalpen zerbitzua —besteak beste, Aiurri tokiko aldizkaria argitaratzen duena—.

Ate gris batetik sartzen da Juan Herrarte arkitektoak diseinatutako egoitza argitsura. Harreratik aldendu gabe, begi-kolpe batean antzeman daiteke lokalaren ezaugarri nagusia: funtzionaltasuna. "Arkitektoak argi izan du hemen askotariko erabilerak konbinatu behar genituela", azaldu du Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek; "espazioari aprobetxamendua eman behar genion".

Gardentasuna da nagusi Arantzibiaren 210 metro koadroetan. Kristalezkoak dira bulegoetako ate eta hormak; handia den guneari handitasuna ematen diote.

Proiektu xumea egin zuten hasiera batean. Hala ere, zenbait gauzarekin "xuhurregi" jokatu zutela aitortzen du Unanuek: "Etxaurre soilegia egin nahi genuen, ez genuen gortinarik jartzea aurreikusi…". Espero gabeko gastu horien ondorioz, Larramendi Bazkunari 61.798,02 euroko galera gelditu zaio. Hori ikusirik, bilera gela, esaterako, erabat ekipatu gabe utzi dute. Hala ere, gune horrek badu altxorrik: Rikardo Arregiren liburutegi pribatua biltzen duen apalategia.

Harreratik aldizkaritegira doan korridorean langileen guneak daude: aldagelak, armairuak, dutxa eta sukaldetxo bat ere bai.

Bide malkartsua

2008an diseinatu zuten proiektua, Andoaingo Huizi doktorea kaleko egoitzaren gabeziek bultzatuta: "Bertako aldizkaritegiak ez zituen baldintza egokiak betetzen: soto bat zen, eta leku premia genuen. Bestalde, beste ekimen batzuk egoitza egoki batean kokatu behar genituen". Horregatik, Andoaingo Udalarekin leku aproposago baten bila hasi ziren. Aldizkaritegia bertan behera uztekotan ere izan ziren: "Leku faltaz gain, giza baliabiderik eta baliabide ekonomikorik ere ez zuelako", gogoratzen du Unanuek. Udalak Arantzibia plazako lokalaren azalera eskubidearen jabetza eman zien (40.000 euroko balioa duena). Bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren 90.000 euroko diru laguntza eta banketxean kostata eskuratutako 200.000 euroko mailegua lortu zituzten.

Dena prest zuten, baina, azalera eskubidea lortzeko izapideek hiru urtez atzeratu zuten lanen hasiera: "Krisi betean, zalantza handiekin hasi genituen lanak. Baina, ordura arte lortutakoa alferrik gal ez zedin, aurrera egitea erabaki genuen".

Autofinantzabide txikiak eta diru laguntzen murrizketak etorkizuna "beltz" ikusarazten diote Bazkuneko arduradunari: "Likidezia arazoak ditugu, erakunde publikoak oso atzeratuta dabiltza diru laguntzak ordaintzean... Itotzen ari gara. Itxaropena badugu, baina, aurrera egiteko bideak oso gutxi dira". Ezina, gero eta ezinagoa baita ekinez egiteko.

Bidegorri sare guztian zedarriak jartzen hasiko dira

Gipuzkoako bidegorri sare osoan, bostehun metrotik behin zedarri bat jartzen hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia. Horren helburua txirrindulariei distantziak kalkulatzeko baliabide bat ematea da. Oraingoz, tarte batzuetan baino ez dituzte jarri, baina ...

“Pertsonei, on baino gehiago, kalte egiten die kartzela sistemak”

Espetxe sistemak, gizartera ohitzen lagundu ordez, kontrako funtzioa betetzen du sarri, eta kartzelatik kanpo lagun edo seniderik ez duten pertsonak guztiz babesgabe uzten ditu; askatasuna ere presondegi bihur dakieke nora jo ez dutenei. Arrats elkartea 1999tik ari da kartzelatik irtendako edo irtetear dauden pertsonei laguntza ematen. Donostia inguruan aritzen dira, eta aholkularitza lana egiten dute gehienbat, baina etxebizitza bat ere badute, espetxetik irtendakoek lehen urtea pasatzeko. Irati Mañeru (Lesaka, Nafarroa, 1986) gizarte langileak etxebizitza horretan egiten du lan.

Zein da etxebizitzaren funtzioa?

Kartzelako esperientzia daukaten pertsonei ematen diegu arreta; bai kartzelatik irten direnei, eta bai kartzelan egonda hirugarren graduan daudenei ere, edo baldintzapean. Guk espazio bat ematen diegu, euren bizitza berriro martxa jar dezaten. Etxebizitzaz gain, hor gauden hezitzaileok ere laguntza eta orientazioa ematen diegu prozesu horretan. Bost leku finko ditugu, eta beste seigarren bat une jakinetarako; baimenetarako, adibidez.

Urtebete nahikoa izaten da?

Egia da pertsonaren egoeraren arabera desberdina izaten dela, baina guk uste dugu urtebetek nahikoa izan behar lukeela pertsona batek bere bizitza martxan jartzeko. Denetarik dago: bi urte daramatzagu lan honetan, eta bi urte hauetan hamazazpi bat pertsona pasatu dira; horietatik erdia beraien bizitza egiten ari dira. Batzuek lana topatzen dute; beste batzuek diru laguntzen bitartez alokatzen dute logela bat, eta posible dute independizatzea; eta beste batzuek ez dute behar bezala bukatu prozesua.

Nolako kasuak izaten dira etxebizitzara iristen direnak?

Egia da gure pisuan soslaia nahiko bikaina dela. Azkenean, ezin diegu egun osoan arreta eman, beraz, pertsonak hartzen ditugunean, autonomia nahikoa izatea eskatzen diegu; ez izatea pertsona gatazkatsuak, edo eguneko 24 ordutan arreta behar dutenak. Arduratsuak izatea, eta gai izatea euren kontura bizitza egiteko.

Kartzelatik irten baino lehen ere joaten dira batzuk; hirugarren graduko presoak, hain justu. Nola kudeatzen duzue hori?

Hilero izaten ditugu bilerak Martuteneko kartzelako arduradunekin. Haiek ikusten badute norbait gure etxebizitzarako modukoa izan daitekeela, eta beharra duela, atera aurretik pertsona horrekin jartzen gaituzte harremanetan. Langraizko (Araba) espetxera ere joaten gara hilean behin, etorri daitezkeen pertsonak ezagutzera. Normalean, pertsona batek askatasunera iritsi aurretik ere behar izaten du laguntza; familiak jarraipena egiten dio eta hirugarren gradua eskuratzeko behar den papera sinatzen dio. Familiarik ez dutenek zailagoa dute hori lortzea; orduan, guk betetzen dugu egiteko hori.

Hirugarren gradukoek zein erabilera ematen diote etxebizitzari?

Hirugarrenean daudenek asteburuan pisuan egiten dute lo, eta aste barrenean kartzelan. Baina egun osoan egon behar dute nonbait; horretarako dago etxea. Denbora horretan prestatzen eta lana bilatzen aritzen dira.

Kontuan izaten dituzue pertsonen delituak, haiek aukeratzerakoan?

Ez; kontuan edukitzen duguna da dituzten gaitasunak. Normalean, zerbait egiteko eta aurrera ateratzeko gogoa daukaten pertsonak izaten dira; horregatik esaten dugu urtebetean bizitza egiteko gai direla. Autonomia maila bat daukate. Ez dugu baloratzen delitu mota; ezagutzen dugu, hori bai, batez ere garrantzitsua delako jakitea zein arazo izan dituen, berriz ez errepikatzeko. Alkohola edo droga baldin badago tartean, horiek landu egin behar dira.

Zeintzuk izaten dira euren bizitza berriz martxan jartzeko oztopo nagusiak?

Pertsona bat kartzelatik ateratzen denean, lehendabizi kokatu egin behar da. Hori kartzelan egindako denboraren araberakoa ere bada; badago jendea kartzelan hamabi urte egin dituena, eta asko kostatzen zaiona ateratakoan erritmoa hartzea. Behin jada txipa aldatu dutenean, zailena lanaren kontua da.

Estigmatizazio soziala handia da? Eta horrek nola eragiten du lana bilatzerakoan?

Guk dauzkagun pertsonak ez daude fisikoki horren hondatuta; ezin dira horren erraz etiketatu, baina beraiek sentitzen dute etiketa dutela jarrita. Gaitasunak badituzte, baina azalpenak ematerakoan arazoak izan ditzakete. Pertsona bat sei hilabete bakarrik egon baldin bada, gaur egun hori azaltzea erraza izan liteke, baina hamabi urte egon zarenean oso zaila da. Egia da hainbeste denbora egon zarenean, zoritxarrez, buruko osasuna ere ez daukazula oso ondo. Ez da erraza kartzelan bizitzea, eta horrek bere ondorioak uzten ditu.

Dena den, zuen kasuak gehiago izango dira luzez kartzelan egondakoak, ezta? Pentsatzekoa da denbora gutxi egin dutenek laguntza gehiago dutela kanpoan.

Azkenaldian izan ditugu nahiko denbora gutxi egon diren pertsonak ere. Gaur egun dena ari da delitu bihurtzen: badago bere seme-alabei pentsioa ez ordaintzeagatik sei hilabeterako sartzen duten jendea. Horiek bizitza guztiz antolatuta zeukaten, eta espetxeak guztiz aztoratzen die bizitza. Delitu berriak ari dira agertzen, eta horiek egiten dituzten pertsonek askoz bizitza normalizatuagoa dute. Nik uste gaur egun gero eta mundu indibidualizatuagoa daukagula; familia sarea ahulagoa da, eta hori nabaritzen da. Harremanak hausten ari dira, eta gero eta jende gehiago dago bakarrik.

Kartzela sistemak balio du gizarteratzeko?

Nik uste pertsonei, on baino gehiago, kalte egiten diela; ez du betetzen bete behar lukeen funtzio hezitzailea. Gainera, esaten dute: "Hirugarren gradua hor dago, lana bilatzen hasteko". Bai, baina ez da hain erraza; beti daukate hanka bat barruan, edo lanpostu bat topatzen dute eta ordutegia tramitatzeko astebete behar dute, eta lana galtzen dute. Sistema nahiko geldoa da, oso burokratikoa, eta horrek zailtasun asko dakartza gizarteratzeko.