Sailkatugabeak

Astoari estimua Lazkaon

Errege egunaren ondorengo lehen igandean milaka lagun biltzen ditu astoak Lazkaon. Astotxo Eguna ospatuko da etzi, joan deneko 360 urteetan bezala. Familia Sakratuaren Egiptorako ihesa oroitzeko asmoa zuen festan du jatorria. Jesus, Maria eta Joseren figuren gainetik, astoak lortu du, ordea, miresmen handiena. Herri ekitaldi jendetsuak sortu dituzte lazkaotarrek aberearen inguruan: Egiptorako ihesa kale antzezpena, 1988tik, eta euskal arrazako astoen Gipuzkoako lehiaketa, azken 12 urteetan.

XVII. mendean du jatorria astotxoaren festak. 1652an, garai hartako Gipuzkoako familia boteretsuenetako batekoa zen Maria Lazkanok —Antonio Okendo almirantearen alarguna— bultzatu zuen pasartearen irudikapena, kofradia sortuta. Santa Ana komentua Lazkanok berak eratu zuen sei urte lehenago, eta Donemiliagako (Araba) fraide beneditar batek zabaldu zuen ihesaren predikua, garai haietan gorespen handia zitzaiona. Handik, eskultura irudi batzuk egin zituzten, komentuko elizan jartzeko Epifania ondoren; tartean, astoarena.

Herritarren aldetik kariño handiena astoak bereganatu izan du denboraren joanean, eta erabat herrikoitu da festa. "Garai batean, komentura bisitan joaten zirenek mandarinak eta bestelako opariak eramaten zizkioten astotxoari. Mojek, ordainetan, obleak ematen zizkieten. Ohitura zen, eta neurri batean gordetzen da, obleak atzerrian dauden familiakoei bidaltzekoa, festaren oroigarri moduan", dio Asier Sukiak. Urteak daramatza Sukiak antzezlanean, Herodesen papera jokatzen.

Obleak ere egunaren ezaugarri dira, irinez egindako aho gozagarri zapal kraskariak. Moja zistertarrek Santa Ana komentuan salgai jartzen dituzte Astotxo Egunean; 75.000 oblea salgai jarri ere.

Tradizioak ekarpen berritzaile bat izan zuen 1988an. Urtebete lehenago jarri zen martxan Zawopi aisialdi taldea, herrira iritsi berria zen Joan Mari Olaetxea apaizak bultzatuta. Asteburuetako jardueren artean, Astotxo Eguneko kale antzerkia prestatzea izan zen gazteen lehen egitekoa.

"Hasieran bi helburu zituen antzerkiak. Festa kalera ateratzea eta jendearen partaidetza lortzea eta, ospakizunaren sustraiak errespetatuz egitea", azaldu du Sukiak. Zawopi hamar bat urtera desegin arren, talde haren bueltan zebiltzanek jarraitu dute Gabonetako ekitaldiak zein Astotxo Eguna antolatzen.

Festaren erroetara joanda, Itun Berriko Familia Sakratuaren ihesa antzezten dute, Jesus jaioberria asto gainean hartuta Herodes gobernatzailearengandik Judeatik Egiptora alde egin behar izan zutenekoa. Hasieran desfile moduan plazaratzen zutena antzerki garatu bihurtu da: eszenografia zainduarekin, gidoi landuarekin eta aktore multzoan berrehun bat lazkaotar direla.

Etorkizuna erronka

Hogeita bost urte geroago, helburuak betetzat dituzte, Sukiak azaldu duenez. "Festa erabat zabaldu da, eta noizbait antzerkian parte hartu dutenen kopurua oso deigarria da, Eguberrietan egon den argazki erakusketan ikusi dugunez. Lazkaon, Astotxo Eguna erreferentzia bihurtu da".

Erakusketaz gain, 25. aldiaren harira igandean "zerbait berezia" gehitzeko asmoan dira. "Astotxo txiki bat egingo da. Antzerkiko pertsonaiak berdinak izango dira, baina haurrak izango dira protagonista. Haurren desfile bat egitea da asmoa, antzezpen nagusia baino ordu erdi lehenago". 1988ko hastapenaren oroipen izan nahi du desfileak, eta antzerkian garrantzia haurrei ematea, "festari dimentsio berria eman eta etorkizunari keinu eginez sustatzen jarraitzeko".

Etorkizunari begira, antzerkiak "momentuan, ondo" segitzen du Sukiaren arabera. "Baina ezin da ukatu datozen garaiek kezka sortzen dutela, alde ekonomikotik eta, batez ere, jendeari geroz eta gehiago kostatzen zaiolako estilo honetako ekimenetan parte hartzea, nahiz gero erabat gustura gelditu". Hein berean, urteotan era batera edo bestera lagundu dutenen lana eskertu dute, "bestela, hau guztia ez baitzatekeen posible izango".

"Lazkaok bere izan du oso Astotxo festa. Eta, orain, berezko izateaz gain, harro luzitzen duela esango nuke. 25 urteko lanak konpromisoa islatzen du, ardura eta ohitura honekiko begirunea", azpimarratu du Sukiak.

Ikusik eta Matiak elkarlanean jarduteko ituna sinatu dute

Matia Fundazioak eta Ikusi enpresak hitzarmen bat sinatu zuten aurreko astean, zahartzaroko zerbitzuen ikerketan elkarlanean jarduteko. Ikusi enpresak teknologia berrien ikerketan eta berrikuntzan dihardu nagusiki, eta hori baliatu nahi du Matia Fundazioak zaharren bizi-kalitatea hobetzeko. Zehazki, ezintasunak, mendekotasuna edo patologia kronikoak dituzten pertsonentzako zerbitzuak diseinatzea da hitzarmenaren helburua. Horretarako, teknologia berrietan oinarritutako produktuak sortu nahi dituzte; besteak beste, urruneko asistentzia eta errehabilitazioa —pantaila bidezkoa— eta senide eta zaintzaileekiko komunikazioa hobetzeko bideak ikertu nahi dituzte.

Jaizkibel aldera, lasterka

Mendian gora lasterka egin nahi duenak bihar goizean du aukera, Pasai Donibanen. Izan ere, II. Mitxintxola mendi lasterketa egingo dute, Itsas Mendi Kirol eta Kultura Elkarteak antolatuta.

Pasai Donibaneko Santiago plazan hasiko da lasterketa, 11:00etan. Parte hartzaileek Mitxintxolaraino igo beharko dute. Paraje hori itsasoaren mailaren gainetik 332 metrora dago.

Parte hartu nahi duten korrikalariek Santiago plazan bertan eman beharko dute izena, eta ez dute ordaindu beharko.

Hala ere, lasterketan parte hartuko dutenak ez dira Mitxintxolara igoko diren bakarrak izango. Antolakuntzak oinezkoentzako martxa antolatu du, lasterketa hasi baino ordubete lehenago. Oinezko martxa horren bidez, 10:00etan haurrak eta haien gurasoak bildu nahi dituzte Santiago plazan bertan.

"Herri lasterketa egin nahi dugu", dio Itsas Mendiko kide Kepa Puyk; "eta horregatik familiak hurbiltzea nahi dugu". Horrela, jai giroa bultzatu nahi dute helmugan: "Denak han goian izanda, jai giroa egongo da, ziur".

Antolatzaileen helburua, izan ere, jai giroa sustatzea da, eta pintxoak eta edariak jarriko dituzte helmugan: parte hartzaileentzako zein ikusleentzat. "Salda beroa, tortillak eta txorizoa egongo dira parte hartzaileentzat, eta ikusleentzat beste hainbat gauza ere egongo dira", adierazi du Puyk.

Igandean egin nahi zuten...

Itsas Mendik etziko antolatu nahi zuen lasterketa, baina txakurkrosa egingo dute, estreinakoz, Jaizkibelen bertan. Igandean egiteak parte hartzea handituko lukeela uste du Puyk. Hala ere, iaz baino jende gehiagok parte hartuko duelakoan dago. Estreinako igoeran, 22 lasterkari izan ziren. "Ibilbidea ez da oso luzea izango, herrikoen artean lehia egotea nahi dugulako".

Bihar goizean, beraz, iaz Iñaki Lopetegik egin zuen denbora (17.51) hobetu nahi duenak Pasai Donibaneko plazara jo behar du.

II. MITXINTXOLA MENDI LASTERKETA

Non. Pasai Donibaneko plazatik Mitxintxolaraino (Jaizkibel mendia).

Noiz. 10:00etan, oinez igo nahi izanez gero. 11:00etan hasiko da lasterketa.

Zinema ikusezina argitara ematen

Aski ezaguna da Kresala zinekluba Donostiako zinemazaleen artean. 1972an sortu zutenetik, bertako kideek filmak baino askoz gauza gehiago ikusi dituzte; historiaren zati handi baten bilakaera bizi izan dute, pantaila handian islatuta, frankismoko debekuetatik hasi eta proiekzio digitaletaraino. Juan Berasategik, Fernando Mikelajauregik eta Luis Berguak, klubaren sortzaileek, ia 40 urte pasatu dituzte astelehenero pelikulak ematen. Orain, zuzendaritza uztea erabaki dute; abenduaren 26an egin zuten azken emanaldia, Luis Buñuelen Ensayo de un crimen filmarekin.

Frankismoa amaitzeko hiru urte falta zirela hasi ziren klubarekin. Kresala elkartearen gela batean ematen zituzten hasieran filmak. Berez, 90 pertsona kabitzen ziren areto hartan, baina Berasategi ondo oroitzen da lehenengo emanaldirako gainezka egin zuela lekuak: "Zinekluben boom bat zegoen urte haietan; pelikulen ondoren solasaldiak egiten ziren, eta askatasun handixeagoz hitz egin zitekeen". Pelikularen aitzakiaz, hainbat gai sozial eta politikoz aritzen ziren ikusleak emanaldiaren ondoren. "Frankismoko azken urteetan geunden, baina frankismoan, bere bidegabekeria guztiekin", oroitu du Mikelajauregik.

Film batzuk debekatuta zeuden, eta saio bakoitzeko baimena eskatu behar izaten zuten, Berasategik azaldu duenez: "Goizean, Informazio eta Turismoko ordezkaritzara joan behar izaten genuen, pelikulen zentsura txartelarekin". Haren hitzetan, Franco hildakoan, "zentsura birtualki desagertu zen", eta aurretik debekatuta egondako film ugari ematen hasi ziren: "Urrezko aroa izan zen hura".

Solasaldietan ere lasaiago hitz egin zitekeen. Joera kritiko asko sortu ziren, eta dena "bor-bor" zegoen, Berasategirentzat: "Hitz egiteko gogo handia geneukan. Gogoratzen naiz Pasoliniren Uccellacci e uccellini filmaz; solasaldiak filmak berak baino gehiago iraun zuen. Oso pelikula poetikoa eta politikoa zen".

Klubaren sortzaileen ustez, aldaketa politikoak nabariak ziren, eta zinema ere horren isla bilakatu zen: "Garai itxaropentsua zen. Zalantzarik gabe, bazetorren zerbait berria; zaharra desagertzen ari zen, eta zineman gauza bera gertatzen zen".

Hala ere, Kresalarentzat, garrantzi handiagoa izan du zinemak berak, politikak baino. "Bazeuden klub politikoagoak", esan du Berasategik, barrez. "Askotan aurpegiratzen ziguten: 'Zinemazale batzuk zarete!', hori txarra balitz bezala".

1975ean, Kutxaren Arrasate kaleko aretoa erabiltzen hasi ziren, eta erakunde horretako diru laguntzak jasotzen; leku horretan gaur arte jarraitu dute. "Aretoa dohainik geneukan, 200 pertsonarentzako lekua, eta, gainera, diru laguntza jasotzen ari ginen. Ia ezin genuen sinetsi ere egin", gogorarazi du Berasategik.

1980rako, giro politikoa baretuago zegoela diote biek. Horren ordez, aldaketak arlo teknologikoan gertatzen hasi ziren, Berasategiren arabera: "16 milimetroko formatuan ematen hasi ginen, halako proiektorea geneukalako". Formatu normala 35 milimetrokoa izan ohi da; hamaseikoa planoaren erdia da, gutxi gorabehera. "Ordutik hobetuz joan da aretoa: 35 milimetro, Dolby soinua... Orain aretoan ia dena proiekta daiteke, digitala izan ezik".

Film bereziak

Donostian estreinatu gabeko pelikulak ditu gustukoenak Kresalak, erraz topa ezin daitezkeenak: "zinema ikusezina". "Baziren film batzuk agian Zinemaldian eman zituztenak, baina gero oihartzun komertzialik izan ez zutenak, edo estreinatu zituztenean astebete ere iraun ez zutenak; horiek handik pixka batera berreskuratzen genituen", esan du Mikelajauregik. "Horretarako daude zineklubak; arriskatzeko, zinema minoritarioa emateko".

Euskal Herrian egindako zinema ere eman izan dute, baina nahi baino gutxiago, Berasategiren hitzetan: "Gehiago eman genezakeen, baina dagoen apurra zinema aretoetan ematen dute".

Bostehun bazkide zituen klubak hasieran; klub gisa ofizialki erregistratzeko gutxieneko kopurua, hain justu. Kresala elkarteko bazkideak ziren guztiak. Denborarekin, sarrera ere kobratzen hasi ziren: kanpokoentzat lau euro, eta bazkideentzat hiru.

Bazkide horietako gehienak gazteak ziren zinekluba hasi zenean; gaur egun, orduko pertsona ia berak dira klubean jarraitzen dutenak. Berasategik azaldu duenez, klubari leporatu izan diote jende gaztea falta dela: "Ez dakit zergatik izango den; jendeari gustatuko zaizkiola uste dugun filmak ematen ditugu guk".

1.346 emanaldiren ostean, ikusle artera erretiratuko dira hiru sortzaileak. Zinemazale gazteagoek hartu diete lekukoa. Berasategirentzat, "konstantziaz eta diziplinaz" heldu beharko diete klubaren erronkei: "Banatzaileekin moldatzen ikasi beharko dute". Hala ere, zinekluberako baldintza onak ikusten dituzte: "Beti esan izan da zinekluben garaia beste bat izan zela, baina beti egon izan dira".

“Argibide liburua gure haurra da, eta ondo irakurri behar dugu”

Nerea Mendizabal (Zestoa, 1976) gizarte hezitzailea, psikopedagogoa eta Esnearen Ligako begiralea da. Guraso eskolak ematen ditu Donostian, Orion, Ibarran eta Tolosan. Hitzaldien eta ikastaroen bidez komunikazioa eta prebentzioa lantzen ditu heziketaren arloan. Bi haur ditu, eta ama izateari garrantzi handia ematen dio bere jardunerako: "Askoz gehiago ikasi dut ama naizenetik, bai ama izatearen esperientziagatik, bai eta jaso dudan prestakuntzagatik ere".

Edoskitzeari buruzko Esna-bidean talde erakusketan, aste honetan Tolosako Aranburu jauregian izan da Mendizabal hitzaldi bat ematen. Amak edoskitze garaian duen egoera emozionala izan du solasaldiaren gai nagusia.

Zer esan nahi du bularra emateak?

Hasteko, eta jakinekoa denez, onura fisikoak ditu haurrarentzat eta amarentzat. Onura emozionalei dagokionez, haurrarekin lotura segurua izateko moduetako bat da. Ama emozionalki ongi sentiarazten du, plazera ematen dio edoskitzea ondo oinarrituta badago, eta haurrarekiko sentimendu erakargarriak sortzen dira. Haurraren zaintza asko errazten du; batez ere, etxetik kanpora zoazenean. Haurraren behar fisikoak eta emozionalak asetzeko gai dela ikustean, amaren konfiantza ere asko handitzen da. Amarentzat oso garrantzitsua da maitasunezko lotura hori eratzea.

Edoskitze garaian talde bat izatea garrantzitsua da?

Guztiz. Bularra eman gabe ere, oro har, amatasuna eta aitatasuna oso bakardadean bizitzen ditugu. Baina horri gehitzen badiogu edoskitzea alde batera utzi dela belaunaldi batzuetan, eta orain berriro berreskuratzen ari garela, ezinbestekoak dira talde horiek, babes hori, amen arteko laguntza… jasotzeko. Elkartzeak pilak kargatzen ditu aurrera jarraitzeko; ditugun kezkak, beldurrak eta pozak elkarrekin banatzeko, elkarri indarra emateko.

Ama bati esatea ez dela esnea emateko gai, gauzarik txarrenetakoa izan daiteke?

Bai. Esatea zure esnea ez dela nahikoa, edo txarra dela, edo ondo ez zarela ari, gaizki ohitzen duzula haurra… Zenbait profesionalek eta inguruko zenbait pertsonak horrelako mezuak bidaltzen dituzte. Eta hor gauza asko mugitzen zaizkigu: gure beldurrak, gure segurtasun ezak… Argibide liburua gure haurra da, eta ondo irakurri behar dugu liburu hori. Gure haurrak behar duena berak esaten digu. Eta bigarren argibide liburua gu geu, gurasoak, gara. Gure senak esaten diguna, eta nire baitan dagoen erantzun hori haurraren erreakzioen aurrean, hori da tokatzen zaigun irtenbidea.

Nola egoten da ama edoskitze garaian?

Ama bat, haurra izan berritan eta haren lehenengo urtera arte luzatzen badugu, emozio askotarikoekin eta oso sentibera sentitzen da. Beldurrak, tristura, poza, nekea, desilusioa, inpotentzia… Nahasmen handi bat dago. Eta emozio horiek lotzen baditugu beharrekin, noski, beharrezkoak dira konfiantza, babes emozionala, laguntza, ulertua izatea, atsedena, aitorpena…

Zer egin, behar horiek denak asetzeko? Zer eska dakieke instituzioei?

Nire ustez, gaur egun, amek daukagun errealitatetik abiatu behar dugu, gure beharrak asetzeko. Bestela, beti gaude gizarteari eta gobernuei begira. Noski, eskatu egin behar dugu, eta mobilizatu. Hori etorri bitartean, zer egin dezaket, pertsonalki, ditudan baliabideekin babesa izateko? Bikotearen edo etxean dudan laguntzarekin bakarrik gelditzen naiz, babes sare bat egiten dut… Neure buruarekin ere zer egiten dut? Eska dezaket kanpotik baloratzea egiten dudana. Baina badakit neure burua baloratzen, edo besteen babesaren eta ulermenaren zain nago?

Zer egiteko du bikotekideak edoskitzean?

Edoskitzeak arrakasta izateko, nahikoa da amak bularra eman nahi izatea. Baina arrakasta horretan indarra handitu daiteke edoskitzea hiruko horretan oinarritzen bada, eta bikotekidak bere egitekoa betetzen badu: presentzia, babesa, laguntza…

Guraso eskoletan komunikazio ez-bortitza ere lantzen duzu.

Marshall Rosenberg-ek atera duen eredu bat da. Harreman guztietarako erabiltzen den eredu bat da, baita herrialdeen arteko gatazketan ere. Niri gertatzen ari zaidana adierazteko modu bat da, nire sentimendu eta beharretan oinarrituta, eta, aldi berean, posible dut besteari entzutea, modu enpatiko batean, besteari gertatzen zaiona islatuz. Behar horiek identifikatzen ditugunean, bai nireak eta bai bestearenak, behar horiek asetzeko irtenbideak edo estrategiak bideratzen ditugu.

Zeren bila joaten dira gurasoak ikastaro horietara?

Normalean, haurrak nik nahi dudana egiteko irtenbide bila joaten gara. Gauzak konpondu nahi ditugu, baina niri iruditzen zaidan modura. Horrek eramaten gaitu gatazkara. Norbaitek beste bati zerbait eginarazi nahi dionean, eta horretarako mehatxua, exijentzia, zigorra, indarkeria… erabiltzen baditu, gero eta botere gutxiago du nahi duena lortzeko, besteak ez baitu batere gogorik izango eskatzen zaiona egiteko.

Euren kontura, baina elkarrekin

Zahartzaroa bakarrik pasatzea, edo egoitza batean, ezezagunez inguratuta; horra orain arte pertsona askori gelditzen zitzaien aukera bakarra. Ez dira zaharren gustukoak, ez bata eta ez bestea; hala ikusten dute, behintzat, Housekide proiektua abiatu d...