Sailkatugabeak

Modernitatearen ikurra eraiki zuten

Herenegun 65 urte bete ziren Arantzazuko basilika berriaren lehen harria jarri zutela, Arantzazuko Amaren egunaren aitzakian. Orain dela 60 urteko abuztuaren 20an, berriz, lehen meza eman zuten bukatu gabe zegoen basilika hartan. Sei hamarkada geroago, Arantzazuko frantziskotarrek, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak basilika eraiki zuten arkitektoak omenduko dituzte: Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga. Madrilgo Arkitektoen Elkargoko kideak biak, haiek irabazi zuten, 1950eko apirilean, basilikaren diseinua egiteko lehiaketa.

Frankismo zurrunenean, inolako askatasunik eta eskubiderik gabeko urte haietan, Francoren erregimenak bere aurpegia nolabait zuritzeko beharra sentitu zuen. Nazioartetik zabalpen bat eskatzen zioten diktadoreari —Espainia Nazio Batuen Erakundean sartzekotan zen, eta AEBekin akordioa egina zuen Francisco Francok horretarako—. Aurpegi atseginago bat erakutsi behar zuen Espainiak. Aldaketak ez ziren politikoak izan, ez eta sozialak ere; horretan mugitzeko asmorik ez zeukan frankismoak. "Horrek, inplizituki, modernizazio batera derrigortu zuen Espainia. Ez zen politikan edo gizartean islatu, baina arkitekturan eta artean eragin nabarmena izan zuen", azaldu zuen Javier Gonzalez de Durana Artiumeko zuzendariak, Arkitektura eta Eskultura Arantzazuko Basilikan liburua aurkeztu zuenean, 2003an.

Basilikaren aurreproiektuan jasota zegoen diseinutik egun ezagutzen dugun Arantzazuko basilikarako aldaketa, beraz, oso handia izan zen. Aldaketa garaiak bete-betean harrapatu zuen Arantzazuko basilika eraikitzeko prozesua. Modernitate behar horrek bultzatuta, Saenz de Oizak eta Laorgak hamaika aldaketa egin zituzten euren hasierako egitasmoan.

Hasierako diseinu hartatik, oinplanoa eta diamante itxurako kareharriekin apaindutako hiru dorreak baino ez ziren gelditu. Gainerakoa, eraiki ahala aldatuz joan ziren. Basilikako barrualdea erabat itxuraberritu zuten. Aldare nagusiko argi-zuloa, arkuak, alboko korridoreak eta Ama Birjinaren ganbaratxoa eraldatu zituzten. Barruan, aldaketa handiena habearte nagusian egin zuten Saenz de Oizak eta Laorgak. Hasieran, sabaia laua eta lauki zuzena zen. Ondoren, ordea, gangarekin eraiki zuten.

Aurrealdean, berriz, oso nabarmena izan zen Jorge Oteizaren eragina, eta aldaketa dezente egin behar izan zuten. Goialdean izan behar zituen arkuak desagertu ziren, eta, irudiei dagokienez, erabat berritu ziren, Oteizak eskatutakoaren arabera.

Bide malkartsua izan zen bi arkitektoentzat. Atzerapenak, zuzenketa etengabeak eta xehetasun askoren definizio faltak proiektua kinka larrian utzi zuten. Frantziskotarrek eraikuntza lanak beste norbaiten esku uztearekin mehatxatu zuten. Halaber, basilikaren proiektuan parte hartu zuten artisten ausardia gehiegizkoa iruditu zitzaien frantziskotarrei. 15 urtez obrak geldituta egon ziren, Vatikanoko II. Kontzilioarekin etorritako aire berriek proiektua berriro ere haizatu zuten arte.

Punta-puntako artistak

Saenz de Oizak, Laorgak eta basilikaren eraikuntzan parte hartu zuten beste artistek —Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea...— modernitatearen ikur bihurtu zuten Arantzazuko basilika. Euskal Herriko arkitektura eta arte plastikoetan mugarri izan zen frantziskotarren enkarguz eginiko tenplua; mitikoa ia. Frankismo garaian, itxurazko modernitate urratsak egin zituzten Arantzazuko basilikarekin, arkitekturari dagokionez; eta, gerora, frankismoaren kontrako borrokan eta euskalgintzaren eta euskaltasunaren historian pauso garrantzitsuak eman dira bertan —besteak beste, Euskaltzaindiak Arantzazu hautatu zuen euskara batzeko lehen arau multzoak finkatzeko, 1968an—.

Basilika zaharraren gainean eraiki zuten basilika berria Saenz de Oizak eta Laorgak. Kripta moduan gelditu zen basilika zaharra, eta lur azalean ikusgarri ageri da berria. Artista askoren lanak jasotzen dira bertan, zein baino zein ikusgarriago eta nabarmenago. Eraikinaren fatxadan, Jorge Oteizaren eta Eduardo Txillidaren lanek ematen diote nortasuna basilikari. Txillidak egin zituen sarrera nagusiko burdinazko ateak, eta, haien gainean, Oteizaren 14 apostoluek osatutako frisoa dago. Arantzazuko basilikako beiratea, berriz, Xabier Albarez de Eulate frantziskotarrak eginikoa da. Absidea Lucio Muñozek egin zuen, eta XX. mendeko Sixtoren Kapera deitu izan zaio. Basilikari ekarpena egin zion azken artista Nestor Basterretxea izan zen. 1980ko hamarkadan, kriptako basilika zaharreko horma irudiak egin zituen.

Gainerako artistek egindako ekarpena gutxietsi gabe, aurten Arantzazuko basilikaren 60. urteurrenean, obra hura diseinatu zuten arkitektoak omenduko dituzte. Bihar izango da ekitaldia, 10:30ean hasita. Gandiaga topagunean mahai ingurua antolatu dute egunari hasiera emateko. Bertan, Rafael Moneo —Saenz de Oizaren estudioan ikasle ibilitakoa—, Javier Saenz Guerra (Saenz de Oizaren semea) eta Enrique Arenas Laorga (Laorgaren biloba) izango dira hizlari. Arkitekto bien ibilbide profesional eta pertsonalaz ariko dira hirurak. 12:30ean, berriz, Nafarroako Arkitektura Eskolako zuzendari Miguel Angel Alonsok eraikinaren analisia egingo du. "Saenz de Oiza eta Laorga arkitekto gazteen lanik gabe, ez genituzkeen Oteizaren Pietatea eta Apostoluak sekula ezagutuko. Ezta Eduardo Txillidaren ateak, Nestor Basterretxearen horma irudiak, Lucio Muñozen absidea, Xabier Albarez de Eulateren beirateak eta Xabier Egañaren kaperatxoko pinturak ere".

Euskara, ateak irekitzeko giltza

Zer moduz?", galdetu dio Ane Olariaga Azkoitiko Auzoko proiektuko dinamizatzaileak Umar Fayazi. "Ondo", erantzun dio. Auzoko-ko lehen hitzordurako hiru lagun eta dinamizatzailea bildu dira. Euskaraz zenbakiak, hilabeteen izenak eta abarrak gogorarazte...

Epaimahaia: “Saria ekintza positiboentzat da”

Bost epaimahaikidek erabaki dute saria nori eman: Garbiñe Biurrun epaileak, Maialen Lujanbio bertsolariak, Xabier Lapitz kazetariak, Paul Rios Lokarriren koordinatzaile ohiak eta Nieves Alza Txingudi saskibaloi taldeko presidente ohiak. Honela dio ebazpenak: "Emakumeen parte hartzea festetan tradizioa aldatu gabe, gatazka handirik gabe eta erakundeen laguntzaz ahalbidetu diren ekintza positiboentzat da saria. Ideia horren lekuko direlako saritzen dira bereziki Donostiako Kresala elkartea, Tolosako Udaberri dantza taldea eta Zumarragako Irrintzi dantza taldea. Hain zuzen ere, hiri eta esparru desberdinetan ekitaldien mamia aldatu gabe emakumeen parte hartzea lortu duten elkarte eta erakundeen izenean. Horiekin batera, aipamen berezia egin nahi izan die epaimahaiak hori lortzen babesa eman duten eta sustapen berezia eman duten hiru udalei".

27

Iraila bitartean Gipuzkoako errepideetan hildakoakUrte beltza ari da izaten Gipuzkoako errepideetan. Joan den asteburuan, Azpeitian hiru gazte hil ziren istripuz, baina horren aurretik ere aspaldiko hildako kopuru altuena ari zen izaten. 2005era jo be...

Jon Maiarekin, ‘Riomundo’-ren bueltan

Usurbil, herri anitza! egitasmoaren baitan, Jon Maia bertsolari, idazle eta zinemagileak hitzaldia emango du asteazkenean Usurbilen, 19:00etan, Sutegi udal liburutegian. Riomundo (Txalaparta) bere eleberria hartuko du ardatz, eta horren bueltako hainbat gai izango ditu hizpide: migrazioa, kultur aniztasuna….

“Artilleria garatzean, gotorlekuak desagertu ziren”

“Artilleria garatzean, gotorlekuak desagertu ziren”

Gustura gelditu da Antton Arrieta Valverde (Lima, 1955) gotorlekuen gainean idatzitako liburuarekin. "Ausartak" izan direla gaineratu du, 1.500 aleko tirada merkaturatu dutelako. Liburuan aipatzen diren gotorleku guztietan egon da, behin baino gehiagotan; merezi duela dio.

Gotorlekuak. Gutxi jorratutako gaia dela diozu.

Bai, bai. Harro gaude, gainera; izan ere, gai honetan euskarak aurre hartu dio gaztelaniari, eta sakontasun handiarekin. Gutxi jorratutako gaia da, baina informazio asko dago. Ez genuen asko ezagutzen, eta, hurbildu ahala, gaiari buruz informazio gero eta gehiago topatu dugu. Horrek harritu egin gaitu. Xehetasun askorekin hitz egin behar da; adibidez, esaten baduzu Jaizkibelgo dorreak 1876ko abuztuan egin zituztela, hori hanka sartze galanta da, gerra bukatuta zegoelako.

Gure informazio iturriak artxiboak izan dira batik bat, udaletakoak, probintzialak eta militarrak.

Gotorlekuek nola islatzen dute Euskal Herriko historia?

Beti kanpotik idatzi izan digute historia. Herri txiki bat gara bi erresuma erasokor eta handiren artean, eta horiek nolabait markatu egin dute, azken mendeetan behintzat, gure historia. Gotorgintzan, garaiak eta gertaerak islatzen dira. Gotorlekuak aztertzean, hiru garai bereiz ditzakegu: artilleria sortzen denean, Erdi Aroaren bukaeran, Nafarroa Garaia Gaztelak okupatzen du, eta gotorlekuen lehenengo helburua da mugak markatzea, bai Pirinioetako mugak eta bai itsasertzekoak; bigarren aroa urrezko aroa da gotorlekuentzat, baina guretzat ez da hain erakargarria, 80 urtean bost gerra jasan baikenituen —Konbentzio Gerra, Espainiako Independentzia Gerra edo Napoleondarren Gerra, Errege Gerra eta bi karlistaldiak—, eta mila gotorleku baino gehiago eraiki ziren urte horietan guztietan; hirugarren garaia bukaera da, bigarren karlistadatik XIX. mendea bukatu artekoa, eta fuerte ikusgarrienak ordukoak dira, Gipuzkoan, esaterako, Txoritokieta, Guadalupe eta San Marko. Dena den, bukatzen zituztenerako, zaharkituta zeuden: artilleria askoz garatuago zegoen, handik gutxira hegazkingintza agertu zen... Artilleria garatzean, gotorlekuen eredua desagertu egin zen; lurpera joan ziren: bunkerrak, galeriak...

Lurpera joan, eta gero zer?

Azken gotorlekuak ez zeuden bakartuak: sareak osatzen zituzten. Esaterako, Gipuzkoan, mugak ixten saiatu ziren bederatzi gotorlekuren bidez, baina bakarrik Txoritokieta, San Marko eta Guadalupe ireki zituzten. Horiekin batera, lubakiak, gotorleku txikiak, ospitaleak, errepideak eta beste egin zituzten; horien artean sareak sortzen ari ziren. Fuerte eredua desagertu zenean, eskualdeko gotorlekuak sortu zituzten: eskualde oso bat gotortzen zuten, baina lurpetik, artilleriak horma irabazten baitu. Betiko binomioa da hori.

Zer-nolako garrantzia izan dute?

Gazteluen jarraipen bat ziren, toki bat babesteko, toki bat kontrolatzeko, eta, askotan, zitadelak gehienbat, konkistatu berri den lurralde batean hiri bat kontrolatzeko. Gazteluen egitekoak zituzten, baina, arkitekturaren ikuspuntutik, moldatuak zeuden, artilleriari aurre egin ahal izateko.

Euskal Herriko gotorlekuak bildu dituzu. Euren artean desberdintasunik topatu duzu?

Ez gehiegi; garaiak markatzen ditu. Araban, ez dago lehenengo garaiko gotorlekurik, adibidez, mugatik oso urruti zegoelako. Muga motaren arabera, ordea, aldeak daude: Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdin, itsasertzeko kanoitegiak dituzte, eta, itxita baldin badaude, fuerte gisa hartzen ditugu. Hori ez da ikusten Nafarroan edo Zuberoan. Iruñean, Donibane Garazin eta Baionan, zitadelak daude, eta hori fuerte mota bat da. Donostian, Urgul mendi osoa zitadela bihurtu zuten, baina beste hiru hiriburuetan izar motako eraikina propio eraiki zuten.

Hala eta guztiz ere, gauza politak topatu ditugu. Ipar Euskal Herriko mendi batean, arku batzuk ikusi genituen, eta ez zekiten zer ziren; orain jakin dugu Konbentzio Gerran egin zituztela: kuartel bat zen. Ipar Euskal Herriko erakundeetan-eta galdetu genuen, baina inork ez zekien ezer— Erromatar garaikoak ote ziren aipatu izan zuten, baina azkenean argituta gelditu da.

Euskal Herrian eraikitako lehen gotorlekua hemen gertu dago, Behobian.

Bai. 1812an, Fernando Katolikoak, edo faltsutzaileak, Nafarroa Garaia hartu zuen, eta Behobian gotorleku bat eraikiarazi zuen, mugak markatzen hasteko. Proba bat izan zen. Triangeluarra zen, erpinetan dorre biribilak zituen... Ordura arte ez zen horrelakorik ikusi. Gaizki atera zitzaien: lehen kanoikada leiho batetik sartu, eta arerioak sartu egin ziren.

‘Lunpen’ hitza erabiltzeko aukera

Gizaseme bat ondradua den ala ez erabakitzeko badut nik metodo hutsik gabeko bat; beste behin hemen bertan kontatu nuela uste dut. Bigarren eskuko auto bat lasai erosiko ote niokeen hausnartzen dut. Hala ez dela deliberatuz gero, errespetua galtzen du arin nire begiotan, ezin dut saihestu.

Droga saltzaileen kasuan, beste prozedura osagarri bat erabiltzen dut. Ezagutzen ditut hautamen propioa galtzeko arriskuan direnekin negozioa egiteari uko egiten dioten gamelu duinak. Menpekotasunaren zorian dauden horiek Whatsapparekin tentaldira daramatzatenak ere bai. Erdi andaluziarra, erdi siziliarra, horretantxe ari da aspaldian nire bi ezagunekin. Bere speed txar eta garestia mutur aurrean ipintzen die kabroiak pareari, izerdi hotza antzematen dienean. Bera eta bera bezalakoak mespretxatzen ditut nik.

Aurkeztu zidatenean, bere buruaz harro aitortu zidan lehenbiziko xehetasuna izan zen zortzi urte lanik egin gabe zeramatzala. Bera erdi andaluziarra, erdi siziliarra izanik, Alemaniari diru laguntzak amaigabe osten aritze horrek grazia egingo zidala usteko zuen. Ateraldiari ez nion batere hortzik erakutsi, ordea, zinez saiatu nintzen nire aurpegiko muskulurik bat bera ere mugi ez zedin. Motxilan eskegita, Berlingo antifaxisten eta okupen txapa bilduma klasikoak oso-osorik zeramatzan. Kiratsa zerion.

Enkontruaren ondoren, nire baitan daramadan Mayor Orejak galdeketari ekin zion. Bere motxilako txapetan babesten diren iraultza guztiak emango balira, hiritar baliagarri izatera pasatuko al litzateke hondakin hori, lagako al luke bizkarroi bizitza? Bere motxilako txapetako leloak asmatu dituzten horiek sistema izatera pasako balira, lunpenetik —hitz hori beti erabili nahi izan dut zutabe batean— irten eta errenta aitorpenak zintzo osatzeari ekingo al lioke? Hurkoa erailtzeari utziz auzolan solidarioari ekin? Nire baitan daramadan Mayor Orejak maite ditu horrelako kasuak, erantzun ebidenteekin arrazoi duela aitortu behar izaten diodalako. Baina, batez ere, badakielako horrelako kasuek despolitizatuta eta indarge uzten nautela. Nire baitan daramadan Mayor Orejak despolitizatuta eta indarge maite nau.

Hirugarrenez Ben-en tabernan topatu nuen lehengoan andaluziar-siziliarra. Garagardo ziztrin bat ere eskatu gabe zegoen, beti bezala, sakelan zeramana saldu nahian. Boddinstrasseko manifara zihoala entzun nionean madarikazioa bota nuen ahapeka, ni ere bertaratzekoa bainintzen. Metroa hartu eta etxera alde egin nuen, ia sistemazale porrokatu bihurtuta, nire baitan daramadan Mayor Orejaren algara artean.

Diru beharrak plazara euskal jaietan

Euskal jaiak ospatzen ari dira egunotan Donostian, eta, urtero bezala, askotariko jarduerak bildu dituzte egitarauan: musika, bertsoak, lehiaketak, dantza, azokak... Antzerkia ere izango da. Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak Kreditua antzezlana...