Sailkatugabeak

Filmeetako musiken kontzertua

Superman, Titanic, Harry Potter, Ghost, Star Wars eta beste hainbat filmen musikak entzun ahal izango dira bihar Donostian: kontzertu zinematografikoa antolatu dute Koruko Andre Mariaren basilikan. Parte hartzaileen artean izango dira Ana Salaberria s...

Dendarien omenez

Festetan da Andoain. Joan den asteburuan kuadrilla egunarekin berotu zituzten motorrak, eta aste honetan segida eman diete Santa Krutz jaiei. Aldaketa hitza erabili dute aurtengo festak deskribatzeko: "Guztia aldatzea modan dagoen honetan, gu ere ezin...

Irakurtzearen plazera

Badakit apirilaren 23a pasatu dela. Ez naiz dataz nahastu eta artikulua beranduegi bidali. Bai, badirudi efemeridearen bezperan edo egunean tokatzen bazaigu zerbait idaztea horretaz jardun behar dugula gure espazio hauetan. Hara, gaur Maiatzaren Lehen...

Etenik gabeko musika, hamabost orduz

Egun osoko musika jaialdia antolatu dute biharko Donostiako Dabadaba aretoan: hamabost orduz, etengabeko musika, zuzeneko lau talde eta zortzi Dj. 12:00etan hasiko da For Your Love jaia, eta Javier Sun musikari donostiarrak egingo du atarikoa. Iluntze...

Juan Karlos Izagirre “Donostia eraldatzen ari da”

Aldaketa "hitzetatik ekintzetara" eramateko konpromisoarekin hartu zuen alkate kargua Juan Karlos Izagirrek (Donostia, 1963) 2011ko ekainean. Orduan hasitako proiektuari segida eman nahi dio EH Bilduk maiatzaren 24aren ondoren ere: "Donostiak aldaketa...

“Pribilegio bat da horrelako lanak egin ahal izatea”

Proiektu ausartak ditu gustuko Migel Zeberio Etxetxipiak (Tolosa, 1966). Txorieri proiektuan ari da orain Et Incarnatus orkestrako zuzendaria, bi maisu bidelagun: François Rosse piano jotzaile eta konpositorea eta Mixel Etxekopar txirulari eta kantaria.

Nola sortu da hilaren 8an Hondarribian aurkeztuko duzuen Txorieri proiektua?

Bultzatzaile nagusia Mixel Etxekopar izan da. Zuberoko txirulari, kantari eta musikari oso inportantea da. Azken urteotan bere lagun François Rosserekin elkarlanean ari da. Rosse alsaziarra da; berak dioen bezala, mugakidea. Musikari handia da, eta etapa luze batean Bordeleko kontserbatorioko irakaslea, konposizioan. Pianista eta konpositorea da. Dioenez, emari nagusia Olivier Messiaen konpositorearen aldetik jaso du, bere ikasle izan zelako. Messiaen, besteak beste, ornitologoa zen. Rossek musika klasikoa, musika herrikoia eta abangoardian egon daitezkeen elektroakustikako soinuak uztartzen ditu. Baina, nire ustez, haren lana oso garaikidea izanik, entzuteko ez da hain urruneko kontua. Publikoari berehala ematen dizkio mundu horietara hurbiltzeko zantzuak.

Nola suertatu zitzaizun beraiekin aritzeko aukera?

Etxekoparek proposatuta. Azkenean, proiektu bitxietan gabiltzanoi hala gertatzen zaigu, zakurrari arkakusoak bezala guri halako proiektuak hurbiltzen zaizkigula. Atsegina da, eta, azkenean, ibilbide baten emaitza.

Gotaineko (Zuberoa) Xiru jaialdian estreinatu zenuten Txorieri, eta haurrentzako kontzertua ere eman zenuten. Zaila dirudi halako lan bat haurren aurrean aurkeztea.

Xiru Jaialdiaren karietara prestatu dugu Txorieri, Mixel bertakoa delako eta berak antolatzen duelako jaialdia. Nik uste dut haurrentzako kontzertu hura oso polita izan zela. Hainbeste ume ikustea eta halako jarrerarekin... ni erabat hunkitu ninduen. Niretzat oso-oso polita da umeak dituzten erreakzioak ikusi ahal izatea, ez dutelako filtrorik.

Kontzertura Psilocybeneako gazteak eta gaztetxekoak gonbidatuko nituzke. Oso mundu estankoak ditugu; formalismoek muga asko jartzen dizkigute. Gotaineko jaialdia, adibidez, oso hippya da. Puskatu behar ditugu eskema horiek; normalean, gainera, errealitatetik ezer ez dutelako. Niri berebiziko ilusioa egingo lidake umeak egotea kontzertuan, eta baita gazte mugimenduetan ibiltzen direnak ere, filosofia hori delako.

Txoriei bereziki erreparatu diezue proiektu honetan. Zergatik?

Nire pasioak mendia eta natura dira, eta, alde horretatik, proiektuak asko erakartzen ninduen. Egia esan, txorien mundua kaletarrontzat ezaguna den bezala, ezezaguna ere bada, ez daukagulako gaitasunik txorien kantak bereizteko. Nik banituen ornitologiari buruzko erreferentzia batzuk. Euskal Herriko ornitologian eta hegaztien estudioan erreferentziazko bi pertsona izan dira; Ramon eta Jesus Elosegi anaiez ari naiz. Ramon Elosegi gazterik hil zen, eta Jesus oraindik bizi da. Euskal Herriko ornitologian aitzindariak izan dira biak. Hondarribiko kontzertua bi pertsona horien lana ezagutzera emateko probestuko dugu. Kontzertuan, Migel Mari Elosegi Luze bertsolariak parte hartuko du, haien ilobak. Berak egingo du kontzertu horren sarrera.

Zer espero duzu abiatu berri duzuen proiektuaz?

Niretzat, gure urteetako jardunean dugun pribilegio handienetakoa da beti daukadala aukera sekula pentsatuko ez nukeen jendearekin elkarlanean aritzeko. Hasteko, pribilegio bat da horrelako proiektuak egin ahal izatea. Horrez gain, espero dugu ahal den neurrian zabaldu ahal izatea, nahiz eta badakigun gure orkestraren funtzionamendua eta baliabideak oso mugatuak direla. Euskal Herrian, orkestra ofizial publikoak daude, eta ez dago gehiago ezer. Beste horrelako formazioentzako ez dago leku askorik. Beti izango dugu aukera gehiago Frantziako jaialdietan Euskal Herrian bertan baino. Errealitatea hori da.

Zirkuiturik ez, baina proiektuak soberan.

Grabaketak berrogeitik gora egin ditugu, baina zirkuituak mugatuak dira, eta, gainera, nahiko itxiak. Bakoitzak bere ingurumaritik tiratzen du, eta guk ez dugu izan ingurumari finko bat. Nahiko askeak izan gara, eta gure proiektua askea da. Hegalak ematen dizkigun bertute bat da hori, baina batzuetan mugatzen gaitu.

Et Incarnatus musika garaikidea lantzeagatik egin da ezagun. Zergatik garaikidea?

Ez dugu guk aukeratu. 1996. urtean hasi ginen, Gorritiren heriotzaren mendeurrenerako, baina, ondoren, berehalaxe gure garaiko jendearekin konektatu genuen. Jazz munduan Tejada eta Salvadorrekin, eta berehalako jauzia izan zen euskal kantautoreekin lan egitea. Guztiekin grabatu dugu, bai pop kantariekin eta baita euskal kantagintzakoekin ere. Valverde, Laboa, Imanol... Leterekin izan ezik, guztiekin lan egiteko aukera izan dugu. Gure garaiko eta gure adineko konpositoreekin lan asko egin dugu, eta horrek ate asko ireki dizkigu. Pelikuletarako eta telebistarako musika asko egin ahal izan dugu.

'TXORIERI'

Sortzaileak. François Rosse, Mixel Etxekopar eta Et Incarnatus orkestra, Migel Zeberioren zuzendaritzapean.

Non. Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan.

Noiz. Hilaren 8an.

Ordua. 20:00.

Euskarari, dagokion tokia

Donostiako Udalak 2015-2019 epealdirako Euskararen Plan Orokorra onartu berri du. Euskara "guztiz berreskuratzea" eta "euskararen Donostia" eraikitzea xede hartuta atondutako plana da. Izan ere, Euskal Herriko hirietan Donostia izanik ere euskaldunen proportzio handiena duena, erabilera datuak urrun daude ezagutza datuetatik.

Donostiarren %40,6 dira euskaldunak, %28,6 ia euskaldunak eta %30,8 erdaldun elebakarrak. Ezagutza %70ekoa izan arren, %15,9koa da kale erabilera. "Beraz, ezagutza areagotzearekin batera, erabilera indartzea izango da egiteko nagusia", dio planak.

Hiru helburu estrategikotan banatzen dira planak jasotako ekinbideak: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

DIAGNOSIA

Donostiako Udalak parte-hartze prozesu baten bidez atondu du plana. Zuzeneko bilerak eta webgunea erabilita, herritarren ekarpenak jaso dira. 2011-2015erako euskara planaren memoriatik hartu dituzte datu kuantitatiboak, eta eragileen ekarpenek eskaini dute azterketa kualitatiboa. Horietan oinarrituta, "balorazio estrategikoa", diagnosia egiten du planak.

Transmisioaz, esaterako, guraso euskaldun gero eta gehiago dagoela dio; euskaraz aritzeko gaitasun ona duten arren, euskararako joera falta dutela nabarmentzen du. "Umeek eta gazteek kontraesana nabari dute: askok umeei bakarrik egiten diete euskaraz, eta horrek erdara erabiltzea dakar". Euskarari prestigioa eman beharra hainbat ataletan aipatzen den egitekoa da: familia, lan mundua, kalea, hedabideak...

Irakaskuntzan, D ereduaren aldeko hautua argia da: 3 urteko umeen %86,84 eredu horretan matrikulatu zituzten iaz. Halere, 6-10 urtekoen artean erdaraz hitz egiteko gero eta joera handiagoa antzematen dela dio planak; eta, gazteei dagokienez, hitz egiteko jariotasuna falta zaiela eta euskara ez-formala landu behar dela.

Denda eta tabernetan, bestalde, aurrerapausoak nabariak direla jasotzen du planak. "Merkataritzan hasi dira euskara ikasteko beharra sumatzen", baina "erabiltzaile eta bezeroak ez dira ausartzen euskaraz egitera". Aisialdia —haur, gazte zein helduena— euskararekin eta euskal kulturarekin lotu beharra ere estrategikotzat jotzen du planak.

Hizkuntz normalizazioa auzoetan landu beharreko gaia dela dio planak, halaber. Auzoz auzoko lanketa estrategikotzat jotzen du, bakoitzak duen errealitateari erreparatuta. Donostiako bederatzi auzotan daude osatuta jada euskara batzordeak.

EUSKARAREN JABEKUNTZA
Transmisioa

Familia bidezko transmisioan erabilera areagotzeko sentsibilizazioa lantzea aurreikusten du planak: gurasoengan eragitea, hizkuntza ohituren eraginaz jabe daitezen; bikote euskaldun eta mistoen kasuan, seme-alabekiko hizkuntza ohiturak lantzea; eta euskararekin lotutako produktuak ezagutaraztea.

Atal honetan familia barruko erabileraren datuak aipatzen dira. %12,2koa da euskararen erabilera familia barruan, %9,63k gaztelania zein euskara erabiltzen dituzte, eta %76,10ek, gaztelania soilik. Ildo horretan, familia barruan erabilera sustatzeko, guraso eta umeek euskara erabiltzeko guneak sortu eta elikatzea proposatzen du.

Irakaskuntza

Euskara Zerbitzuaren esku hartzea aurreikusten da eskolaz kanpoko jardueretan, eskola barrukoa ez baita udal eskumena. Udala aisialdiaz eta kalean egiten denaz arduratuko da, eta erabilera areagotzeko bideak landuko ditu. Hezkuntza esparruan, euskararen erabilera soziala aztertu eta bultzatzea litzateke egitekoetako bat: nerabe eta gazteen erabilera ezaugarriak aztertzea eta euskara harreman hizkuntza gisa bultzatzea, besteak beste.

Euskalduntze-alfabetatzea

Euskara ikasteko baliabideak eskaintzen eta ikasleentzat diru laguntzak handitzen jarraitzea aurreikusten du planak. Hala, finantzaketa sistema egonkor bat ahalbidetzeko aukerak landu eta abiatuko ditu udalak. Langabeentzat doako ikastaroak antolatzen jarraitzea —besteak beste, lan mundurako sarbidea errazteko laguntza direlako— eta gizarte esparru guztietara heltzeko ikastaro laburrak sustatzea lehentasunezko ditu.

2014an, Donostiako Udalak 296.760 euro erabili zituen helduen euskalduntze-alfabetatzerako; eta Donostiako euskaltegietan euskara ikasten ari ziren 3.327 ikasleetatik 1.723k jaso zituzten diru laguntzak. Horrez gain, euskaltegietako gelaz kanpoko bost jarduera lagundu zituen diruz: Mintzalaguna, mintzodromoak, Mintzanet...

EUSKARAREN ERABILERA
Administrazioan

Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2013-2017 Plana indarrean dago, eta hiru helburu ditu: herritarrekiko harremanetan zerbitzu hizkuntza izatea, lehentasuna euskarari emanez; beste administrazioekiko harreman hizkuntza izatea; eta euskara udaleko lan hizkuntza izatea.

Udaleko langileen hizkuntza gaitasuna asko hobetu dela dio planak: "Ia bermatuta dago zerbitzua euskaraz ematea". Planaren arabera, lanpostu berrietan, hutsetan eta lehiaketara ateratzen direnetan derrigortasun datak jarriko ditu udalak, eta ikastaroak eskainiko ditu langileen hizkuntza gaitasuna hobetzeko.

Atal honetako datuei dagokienez, udaleko langileen %59k egiaztatu dute hizkuntza eskakizuna, eta lanpostuen %73,75ek dute derrigortasun data. Erabilerari dagokionez, herritarren %25ek erabiltzen dute euskara udaleko zerbitzuetan. Datu hori hobetzeko, herritar eta udal langileen sentsibilizazioa eta motibazioa lantzea jasotzen du euskara planak.

Arlo sozioekonomikoa

Merkataritza eta ostalaritzan, hasitako ibilbideari jarraipena ematea aurreikusten da. 2014an Euskara Zerbitzuak esparru honetako eragileekin gogoeta abiatu zuen, eta hurrengo lau urteetarako lan ildo eta proposamenak adostuta daude. Helburu nagusia, arreta euskaraz eskain dezaketen establezimenduak identifikatu eta haiek bezeroei lehen hitza euskaraz egitea. Erosle eta herritarrak aktibatu beharra nabarmentzen du puntu honek, haien bidez lortuko baita merkatari eta ostalarien artean euskararen aldeko jarrera eragitea.

Merkataritza munduan, euskara erabiltzeari prestigioa ematea proposatzen du; sustapen eta komunikazio ekintzak gauzatuz, eta euskara kalitatearekin, lehiakortasunarekin eta ongizatearekin identifikatuz.

Datuen arabera, Donostian 500 establezimendu dira zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai.

Aisia eta kirola

Aisialdi ekintza berriak antolatzeko premia baino gehiago, beste sailekin (Donostia Kultura, Gazteria, Gizarte Ongizatearen Zerbitzua...) elkarlanean hiriko eskaintzetan eragiteko premia ikusten da. Planak ezinbesteko jotzen du aisialdi enpresa eta taldeen eskaintzan eta jardunean eragin ahal izatea. Eta hausnarketa bera egiten du kirol esparruan ere. Kirol arloko eragileekiko lankidetza proposatzen du.

Aisialdiko eskaintza modu zabalean ulertzea (zinema, antzerkia, telebista, literatura...) eta euskarazko ekinbideak adin tarte guztietarako zuzentzea jasotzen du planak.

EUSKARAREN ELIKADURA
Kulturgintza

Hirian dagoen euskarazko kultur eskaintza indartzea eta eskaera areagotzea sustatuko du udalak. "Eskaintzaren sustapen eta komunikazioan eragin beharko da, euskaldunen sareak eta guneak aprobetxatuz". Ezinbesteko jotzen da elkarlana, bai Donostia Kulturarekin eta Udaleko beste zenbait kultur programatzailerekin, eta baita hiriko kultur eragileekin ere.

Hainbat neurri proposatzen ditu planak: euskarazko kulturaren kontsumoa bultzatzea, euskarazko kultur ekoizpenak kontsumitzeko pizgarrien sistema bat eratuz, elebidun pasiboak erakartzeko kultur ekintzak antolatuz, eta haur eta gazteentzako kultur ekoizpenak lehenetsiz; euskarazko sorkuntza sustatzeko neurriak hartzea, euskarazko sorkuntza bultzatzeko egitasmoak abian jarriz eta indartuz; eta euskarazko kultur produktuak zabaltzea.

Euskararen kalitatea

Planaren arabera, euskarazko produkzioaren kalitatea bermatzea da administrazioaren beste zereginetako bat. "Euskara Zerbitzuak beste udal zerbitzuetako produkzioari jarri behar dio arreta". Horrez gain, udalak euskararen erabilera publikoaren kalitatea bermatu beharko du, eta hiriko kale izendegi eta toponimia zein hizkuntza paisaia zaindu eta eguneratu beharko du, Euskaltzaindiarekin batera.

Hedabideak

Euskarazko hedabideak laguntzea eta herritarren artean kontsumoa sustatzea estrategikoa dela jasotzen du planak. "Bertako informazioa gertu-gertutik eta euskaraz jasotzeko baliabide egoki gisa aurkeztu behar zaizkie herritarrei". Sektorea diruz laguntzen jarraituko du Euskara Zerbitzuak.

Administrazioaren eta sektorearen arteko lankidetzaren oinarriak finkatu eta, sektorearekin adostuta, euskarazko hedabideen garapen estrategikoaren ildo nagusiak zehaztea jasotzen du euskara planak. Baita hedabideen ezagutza, hedapen soziala eta eraginkortasuna bultzatzea ere. "Hedabideekin batera, euskarazko produktuen kontsumoa sustatu eta prestigioa emateko kanpainak antolatu eta emaitzak neurtuko dira". Tokiko euskal hedabideei dagokienez, planak dio 61.355 erabiltzaile dituela Hitza-k, eta 12.000 Hamaikak.

ZEHAR LERROAK
Sentsibilizazioa eta zabalpena

Euskara ikasi eta erabiltzeko motibazioa askotarikoa izan daiteke: afektiboa, identitateari lotua, pragmatikoa... Planaren arabera, "batzuetan zein besteetan sakontzea da gakoa". Euskara balio positiboekin eta modernitatearekin lotzeko ekinbideak aurreikusten ditu planak. Bestalde, leku guztietan lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz herritarrak ohartarazteko hasia duen lan ildoari jarraitzea aurreikusten du planak: Udalean ere euskaraz, Dendan ere euskaraz, Kirolean ere euskaraz... Donostia, euskararen hiria marka indartu behar dela dio.

Iraganaren egia azaleratzeko lanean

Historiaurrea unibertsala da, eta unibertsala den horrek Urola erdialdeko bailaran ere badu bere isla. Elefanteen eta gizakien hezurrik ez da azaldu, baina harri industria, bai". Jesus Tapia arkeologoa ari da hizketan. Antxieta arkeologia taldeko kide...

Euskal kulturaren gainbehera

Kultura guztiak sortu, garatu eta hil egiten omen dira. Izaki bizidun baten antza handia dute kulturek; horien antzera, azken arnasa hartzen dute, eta denboraren zulo beltz honetan betirako ahazten dira, noizbait garai bateko kulturez interesatua dago...