Sailkatugabeak

“Halakoa da bizitza erreala”

Mina, inpotentzia, pena, galdera berriak... Aktoreek bukatu dute saioa, eta hitzok entzuten dira jendearen artetik. Minutu batzuk lehenago ikusitakoak barrua mugitu die. "Halakoa da bizitza erreala". Egunerokoan ohikoak diren egoerak planteatu dizkiet...

Maitatu nahi dut, eta zer ez dakit

Borja Senperren poesia bilduma berria maitasuna eta maitasun ezaren ingurukoa dela dio azaleko tituluak. Amodioa zentzu zabalenean bainoago, alabaina, bikote harremanak dira pieza guztien mamia, salbuespenik gabe. Modu ziniko samarrean zirriborratzen ...

“Babesa aurrera egiteko palanka da”

Internazionalismoaren aldeko babes ekitaldia antolatu du Askapenak biharko Zarauzko Modelo aretoan, 12:30ean. Herrion suak bizirik darrai lelo hartuta egingo dute. Internazionalismoa ez da delitua kanpainaren baitan, Euskal Herrian eta nazioartean jasotako babesa biltzeko balioko du ekitaldiak, Julen Zulaika (Zarautz, 1981) Askapenako kideak azaldu duenez.

Nondik norakoa izango da Askapenak biharko antolatutako ekitaldia?

Otsailean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Askapenako bost kideren aurka [Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez] seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen, eta Askapena, Askapeña, Elkar Truke eta Herriak Aske antolakundeak legez kanporatzea. Ordutik, Internazionalismoa ez da delitua atxikimenduak biltzeko kanpaina egin dugu, bai Euskal Herrian eta bai nazioartean ere, alderdi politiko, sindikatu, herri eragile eta norbanakoen babesa bilduz. Azkenean, babes handia duen proiektu internazionalista bat delako, legez kanpo utzi nahi dute. Bildutako babes horren berri emateko antolatu dugu Zarauzko ekitaldia.

Jasotako babesaren balorazioa nolakoa da?

Zarautzen egingo dugu publiko, oraindik orain atxikimenduak jasotzen ari garelako. Baina, orain arte bildutakoaren balorazioa positiboa da: Euskal Herrian, eremu sozialean eta sindikalean babes zabala jaso dugu, eta 40 eragiletik gora dira atxikimendua eman dutenak. Nazioartean, berriz, ehundik gorako zerrenda da, eta pertsona esanguratsuek ere babesa eman dute. Oso pozik gaude, denbora gutxi honetan asko izan direlako atxikimendua eman dutenak. Horrek, gure borrokan eta gure eguneroko lanean jarraitzeko indarra eta hauspoa ematen digu.

Fiskalak egindako zigor eskaerari aurre egiteko modua Askapenak bere lanean segitzea dela esan duzue.

Eraso hau internazionalismoa lantzeko modu baten aurkako erasoa da: internazionalismo abertzalea, sustraiak Euskal Herrian dituena eta bere borroka internazionalista Euskal Herriaren beharretatik eta interesetatik praktikatzen duena. Gainera, sistema kapitalistaren oinarriak jomugan jartzen ditu, eta internazionalismoa herri mugimenduen ikuspegitik egiten du. Hiru ezaugarri nagusi horietan oinarritzen da Askapenaren izatea. Horren guztiaren kontra egiten ari baldin badira, erantzunak Euskal Herri mailakoa izan beharko luke. Internazionalismoa bera inoiz baino indartsuago eta gehiago aldarrikatzeko unea da, ez soilik defentsa parametro batzuetan: guk internazionalismoaren beharra inoiz baino gehiago aldarrikatu behar dugu.

Hemendik aurrera zer egingo du Askapenak?

Babes horrek aurrera egiteko palanka izan behar du, eta horretan oinarrituko gara. Askapenari babesa emateko balioko du, baina herri bezala erantzuteko unea da, internazionalismoa ez delako eragile internazionalista baten betebeharra bakarrik. Internazionalismoan sakontzea edozein eragile, alderdi edo sindikaturen betebeharretako bat ere bada, beste arlo batzuk izan daitezkeen bezalaxe. Jasotako babesaren berri instituzioetan, nazioarteko foroetan eta bestelako instituzioetan zabalduko dugu. Internazionalismoa inork eta inoiz baino gehiago lantzen eta lanketa desberdinak egiten saiatuko gara, ahalik eta indar gehienarekin eta eragile gehienekin.

Zarautzen bertan Askapenaren talde berri bat sortu da; beraz, mugimendua ez dago geldirik, ezta?

Brigada kanpaina itxi berri dugu, eta ia ehun brigadista potentzialek eman dute izena antolatutako brigadetan. Baina, orain, gure indar guztiak Askapenaren aurkako epaiketan jarri nahi ditugu; Espainiako Estatua bezalako estatu integrista batek jomugan jarri nahi gaituen testuingurua gure borrokan segitzeko aprobetxatu behar dugu. Epaitu nahi gaituen horri oinarri internazionalistekin erantzungo diogu, eta internazionalismoaren beharra aldarrikatuko dugu.

Zarauzko biharko ekitaldia festa girokoa ere bada.

Bai, hala da. Ekitaldi politikoaz gain, musika eta dantza ere izango dira. 14:30ean, herri bazkari bat egingo dugu Putzuzulo gaztetxean; gero, Havana 572 Kubako taldearen kontzertua egongo da.

Ba ote dabil haizerik?

Ezin uka aldaketa garaiak bizi gaituela, eta, halere, gogaitzen gaitu etengabe aldaketez mintzatu behar izateak. Irudi luke dena zaigula aldakor. Aldaketak datoz mundura, eta, hala ez balitz, aldaketen beharraz ari zaizkigu ertzetik erdigunera eta ald...

Herriko historia, antzerki bihurtuta

. Udalerri izaera dueneko 400. urteurrena ardatz hartuta, 1053tik gaur arteko kontakizuna egingo dute ormaiztegiarrek, herri antzerkian. Seguragandik aldendu eta herri beregain bihurtzea asko ordaindu zuten, ordea. Bai dirutan, bai ahaleginetan.

Laurehungarren urteurrena herri antzerki batekin ospatuko dute Ormaiztegin, bihar (22:00etan, Zubipe kiroldegian). 50 herritarrek baino gehiagok antzeztuko dute zortzi eszenako istorioa, kuadrillaka eta taldeka antolatuta. 1615ekoa izango da agerraldi nagusia, urte hartako apirilaren 25ean hartu baitzuten kargua udal agintariek, estreinako aldiz. Antzerkiaren eguna, biharkoa, efemerideagatik aukeratu dute.

Ormaiztegik 1615eko otsailaren 4an eskuratu zuen hiribildu titulua. Herriaren lehenengo aipamena 1053koa da, kontratazio batekoa. 1384ko martxoaren 22an Segurari lotu zitzaion, lapurren eta ahaide nagusien erasoetatik defendatzeko. 231 urte egon zen Segurako foruaren eta alkatearen menpe. Mugarriak, herri mendiak eta ondasunak mantendu zituen bien bitartean, ordea.

Gainontzeko herriek bezala, Ormaiztegiko auzotarrek ere Filipe III.aren Koroari ordaindu behar izan zioten, tituluaren truke. Denera 3.075 dukat kosta zitzaien, 123 eskubidedun auzotarreko 25na dukat. Alderaketarako, On Kixote eleberri garaikidean azaltzen denez, mediku batek urtean 300 dukat irabazten zituen; idi on batek 15 balio zuen, eta txekor batek, 5 dukat.

Garesti ordaindu eta atera zitzaien, hala eta guztiz. "Ormaiztegi zorrak itota geratu zen, mailegua maileguaren atzetik eskatu beharrean. Burua altxatu ezinik ibili ziren gure arbasoak urtetan, eta okerrena mendearen bukaeran etorriko zen: gosete izugarria", idatzi du Elixabete Garmendia kazetari ormaiztegiarrak BERRIAn, 1615 iritzi zutabean.

Bi urterako, elkartuta atzera

Hala, hiribildu titulua besapean, Ormaiztegik 1615 bukaeran hartu zuen zegokion eserlekua Batzar Nagusietan. Baina 1617an San Estebango Batasuna eratu zuen Astigarreta, Gudugarreta, Zerain eta Mutiloarekin, batzarretako ordezkariaren gastuak gutxitzeko eta herri txiki gehiagorekin batuta eragin indarra irabazteko. 1637an Zegama gehitu zitzaien taldean, eta 1679an Areriako alkatetza nagusira aldatu zen Ormaiztegi —garai hartan antzeko helburuak zituen elkargoak—.

Galera ekonomiko eta soziala saihesteko Seguraren ingurumarira joan zen, eta larrutik ordaindu zuen bi mende geroago ere askatasuna. Dirurik ez artean, eta "ola bat eraikitzeko, eskribauari ordaintzeko, 1625ean Behobia defendatzera joan behar zuten soldaduentzat bolbora, soka eta abar erosteko" eskatu behar izan zuen, Garmendiaren arabera.

Hiribildu tituluak berekin ekarri zizkion, hala ere, alkatea izendatzeko eskubidea, eta jurisdikzio zibila eta kriminala. Hala, 1700ean, goseteari aurre egiteko, udalak sei idi jartzeko modua eta ahalmena izan zuen, herritarrek jango bazuten. Gariaren prezioa hirukoiztu egin zen urte hartan, espekulazioagatik: anegako 30 errealetik 100era, bi hilabetean.

Kontu horiek eta gehiago antzeztuko dituzte ormaiztegiarrek, bihar. Gidoiaren idazketa ere haiek egin dute: "Jasotako pasarte historiko guztietatik, grazia gehiena edo txinparta pixka bat zeukatenak hartu ditugu. Horrela osatu da gidoia, pixkanaka", dio Aitor Iraeta zinegotziak.

Musikak indar berezia hartuko du. "Abestiak landu ditugu. Herriko gazte batek, Lide Telleriak, lehen aldiz parte hartuko du horrelako obra batean, bakarlari bezala. Eszena nagusiaren sarrera emango du. Gero, herriko abesbatzak hiru ekarpen egingo ditu. Atal bat bertsotan ere izango da". Iraganeko laztasunak ospakizun giroan gogoratuko dituzte orain 2015eko ormaiztegiarrek. Historiak bere kostua izan ostean.

Makilaren lehia estua

Hilabete falta da udal eta foru hauteskundeetarako. Maiatzaren 24an argituko da, ondorengo itunak gorabehera, Gipuzkoako udalak noren esku geldituko diren. Egun, Gipuzkoako 88 udalerrietako 59tan EH Bilduk du gobernua, hiriburua barne; EAJk lau udalet...

Olatua neurtzeko garaia

Lau urte igaro dira jada Donostiako Atano pilotalekuan Martin Garitano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia oholtza gainean besoak gorantz, garaipena ospatzen eta poza aurpegian azaldu zenetik. Lau urte, agintaldi oso bat egin du EH Bilduk foru gobernuan, eta iritsi da ordua garaipen hura berritzeko edo, bestela, garaipen aurpegi horiek beste alderdiren bateko hautagaien artean ikusteko.

2011ko maiatzean, iraulketa izan zen protagonista Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan; tsunami bat bezala sartu zen EH Bildu koalizioa panorama politikoan. Bildu efektua deiturikoa nabarmena izan zen lurraldean, eta ezker abertzalearen, EAren eta Alternatibaren arteko batasunaren emaitzak gainditu egin zuen boto batuketa hutsa. Ilusioa sortu zuen koalizio berriak eta, 2011ko maiatzaren 22ko hura hauteskundeetan bere lehen parte hartzea izan arren, indartsu sartu zen Hego Euskal Herriko lurralde guztietan. Baina, nonbait gailurra ukitu bazuen, Gipuzkoan izan zen, 119.100 botorekin. Batzar Nagusietan 22 eserleku lortu zituen, jokoan zeuden 51tik; eta, foru gobernua eskuratzeaz gain, lurraldeko 88 udalerrietatik 59tan lortu zuen alkate makila.

Eta ilusioak iraun egin zuen. Urte bereko azaroan, hauteskunde orokorrak ziren Espainian, eta EH Bildu osatzen zuten alderdiak eta Aralar batera aurkeztu ziren bozetara, Amaiur koalizioan. Sei hilabete lehenago Gipuzkoan lortutako emaitza onak hobetu egin zituen Amaiurrek, 130.000 botoren langa gaindituta (egun batzuk lehenago iragarri zuen ETAk armak uzteko erabakia).

'Bildu efektuaren' atzean

Hainbat faktore aipa daitezke Bildu efektu hori azaltzeko. Batetik, Gipuzkoa beti izan dela abertzaleen gotorleku, eta EArentzat eta ezker abertzalearentzat boto gehien eskuratu izan duten lurraldea ere bai. 1987ko foru hauteskundeetan, esaterako, ia 170.000 boto eskuratu zituzten bien artean; EAk irabazi zuen 85.800 botorekin, eta Herri Batasuna izan zen bigarren indarra 84.100 botorekin —EAJk 50.100 lortu zituen—.

1987tik aurrera, EA indarra galduz joan zen apurka-apurka, baina betiere Gipuzkoa izan zen alderdi horren indargunea. Gainera, EAJ eta EA bi hauteskundeetan batera aurkeztu ziren (1999 eta 2003an) eta koalizioa apurtu zenean, EAk koska handi bat jaitsi zuen boto kopuruan: 1995ean, 67.000 eskuratu zituen, eta 2007an, 34.000.

Ezker abertzalearentzat, 1999ko puntu goren hori igaro ostean, ilegalizazioaren aroa ireki zen. 2003ko eta 2007ko hauteskundeetan ezin izan zen aurkeztu, haren hautagaitzak legez kanporatuak izan zirelako. Boto baliogabeen bidez neurtu zen bi urte horietan ezker abertzalearen indarra, baina ordezkaritzarik gabe eta kanpaina egiteko aukera murriztuta, nabarmena zen ezker abertzaleari egindako kaltea: 2003an boto baliogabeak 63.900 izan ziren, eta 2007an, berriz, 72.900. Urruti gelditzen zen ezker abertzaleak Euskal Herritarrok hautagaitzarekin lortutako boto kopurua. Izan ere, EH siglekin aurkeztuta, 105.000 botoen langa gainditu zuen ezker abertzaleak 1999an.

Esan liteke, EAren eta ezker abertzalearen gainbehera hori 2011n gelditu zela, eta EH Bildura bilduta biak atera zirela irabazten, Ezker Batua alderditik banandutako Alternatibarekin batera.

Aurten, hiruko horrekin batera laugarren alderdi bat ere aurkeztuko da EH Bilduren barruan: Aralar. 2003an aurkeztu zen lehen aldiz Aralar Gipuzkoako foru hauteskundeetara, eta 18.600 boto eskuratu zituen. 2007an Ezker Batuarekin aurkeztu zen, eta 2011n berriro bakarka lehiatu zen bozetan; 17.200 boto lortu zituen.

Ikusi beharko da, Aralarrek nolako ekarpena egiten dion EH Bilduri boto kopuruari dagokionez. Botoak batuta, 136.300 izango lirateke 2011n, eta Batzar Nagusietako ordezkaritzari erreparatuz gero, berriz, 23 ordezkari izan dituzte azken lau urteotan.

Indar abertzaleen batasunak —EAJ kenduta betiere— 2011n izandako emaitza on hura eta sortutako ilusio hura errepikatuko den ikusi beharko da orain, lau urte geroago.

Ezker abertzalearen pausoa

Badirudi gipuzkoarrek 2011n saritu egin zutela koalizioan joandako alderdien ahalegin hura, baina egoera politikoa ere asko aldatu da ordutik. Baketzeari eta normalizazio politikoari begira urrats garrantzitsuak egiten ari ziren, eta ezker abertzaleak ziklo berri bat irekitzeko apustua egin zuen, betiere bide politiko hutsak erabilita. Bake eta konponbide iraunkor baterako bidean, ETAk ere su-etena emana zuen 2010eko irailaren 6an, eta 2011ko foru hauteskundeak egin zirenean oraindik armak uzteko erabakia hartu ez zuen arren, agerikoa zen konponbide betiereko bati begira jarrita zeudela indarrak ezker abertzalean.

Apustu hori tarteko sortu zen EH Bildu koalizioa, eta apustu hori tarteko lortu zituen 2011n lortutako emaitzak ere. Lau urte geroago, ETAren eta ezker abertzalearen apustuak eta konpromisoak bere horretan dirau. Baina, bost urteko su-etenak giroaren nolabaiteko apaltzea eta epeltzea lortu du. Askorentzat baketzea eta normalizazioa jada ez dira agenda politikoaren ardatz, eta gerta liteke aurtengo foru hauteskundeetan baketzearen eta normalizazioaren alde egindako ahaleginak baino pisu handiagoa izatea lau urteotan egindako kudeaketak.

Oposizioan aritzea eta gobernuan aritzea ez direla gauza bera esan izan da beti, errazagoa dela oposizioa egitea gobernatzea baino. Gipuzkoan, EH Bilduk, foru aldundia ez ezik, 59 udaletan ere izan du gobernua, hiriburua barne; eta Gipuzkoa Berria leloaren pean, hainbat eta hainbat aldaketa egin ditu bai kudeaketa moduari, bai jarduteko moduari eta bai gizarte ereduari begira ere. Aldaketa sakonak bultzatu ditu hainbat arlotan —hala nola errauste plantari eta hondakinen kudeaketari, hizkuntza politikari, gizarte zerbitzuei eta zerga politikari dagokienez—, baina jokatzeko modu berri hori eta hainbat inertzia haustea agian botoetan ordainduko du.

EAJ, alternatiba

Foru aldundiaren gobernurako kinielek alternatiba posible bakarra ematen dute: EAJ. Jeltzaleek ez dute erraza izango EH Bilduren boto kopurua gainditzea, ordea; 2011n, Aralar gabe, 39.000 botoren aldea izan zen bien artean, eta ekuazioan Aralar sartuz gero, EAJk 56.000 botoko koska gainditu beharko luke garaile irteteko. EH Bilduren porrota izugarria litzateke kasu horretan, eta EAJren gorakada nabarmena.

Baina, iraulketa alimaleko hori gertatu gabe ere, litekeena da EAJ foru aldundiaren gobernurako alternatiba izatea. 2011ko hauteskundeetan bigarren indarra izan zen EAJ, eta bakarka aurkeztuta inoiz lortutako emaitza onena eskuratu zuten jeltzaleek, 80.800 botorekin. Aurreko foru hauteskundeekin alderatuta, gainera, gorantz egin zuen EAJk lortutako babesak, 9.000 boto gehiago jaso baitzituen.

Bestalde, bigarren indarra izanda ere, EAJk aukera izan dezake gobernatzeko. Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariak "Bilduren olatua eta olatu haren aparra" desagertu egin direla adierazi zuen, Markel Olanoren hautagaitza aurkeztu zutenean, eta ziur agertu zen EAJ izango dela lehen indarra. Hala izango ez balitz garaileak "elkarrizketak abiatzeko duen eskubidea" errespetatuko luketela adierazi zuen Egibarrek; ez zuen argitu, ordea, zer egingo duten jeltzaleek elkarrizketetan garaileak gobernua osatzeko babesik lortuko ez balu. Hain zuzen ere, 2007an hauteskundeak irabazi gabe eskuratu zuen foru gobernua EAJk, EAren babesarekin eta EBren eta Aralarren abstentzioarekin. Jeltzaleek eta PSE-EEk batzarkide kopuru bera zuten arren, sozialistek boto gehiago jaso zituzten.

PSE eta PP, beherantz

Bigarren indarra izanda foru gobernua osatu nahi badute, PSE-EE izango litzateke ziurrenik EAJren bazkide. Baina, ikusteko dago sozialistek eta popularrek zer egiten duten hauteskunde hauetan. Izan ere, 2011ko bozak porrota izan ziren PSE-EErentzat. Lau urte lehenago Gipuzkoan lehen indarra zen alderdia hirugarren indar bilakatu zen —eta, aldi berean, Donostiako alkatetza ere galdu zuten—, 17.600 boto gutxiago jasota, gainera.

Sozialistek inoizko emaitza txarrena izan zuten ia. 1979ra joan behar da emaitza okerragoak topatzeko. Batzar Nagusiak osatzeko lehen hauteskunde haietan sozialistek 46.000 boto baino ez zituzten lortu. Urte hartan, baina, Euskadiko Ezkerra oraindik bere aldetik aurkezten zen, eta hark beste 35.000 boto lortu zituen. Biak batuz gero, inoiz ez dute sozialistek 2011n bezain babes gutxi izan.

PPren kasuan, Gipuzkoa ez da inoiz izan popularren gotorleku. 2001eko EAEko hauteskundeetan —Jose Maria Aznar gehiengo osoarekin ari zen gobernatzen Espainian— eskuratu zituen PPk inoizko emaitza onenak: 82.800 boto. Baina, Gipuzkoako foru hauteskundeetan sekula ez da kopuru horretara hurbildu; gehienez 55.000 boto (1999an) lortu baititu Batzar Nagusietarako hauteskundeetan.

2001eko kopuru hori abiapuntu hartuta, nabarmena da PPk ordutik egin duen beheranzko bidea. Izan ere, 2011ko foru hauteskundeetan 34.500 boto baino ez zituen lortu, eta 2012an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 30.400.

Ahal Dugu, sorpresa

2011ko hauteskundeekin alderatuko dituzte analistek maiatzaren 24ko emaitzak, baina aldaketa handia izan liteke, orain dela lau urte existitzen ez zen eta aurkeztu den hauteskunde guztietan indarrez sartu den alderdi berri bat sartuko baita Gipuzkoako jokalekuan ere: Podemos Ahal Dugu.

Euskal Herrian soilik behin lehiatu da Ahal Dugu hauteskundeetan. Europako Parlamentua osatzeko bozetan, jende gutxik ezagutzen zuen Pablo Iglesiasen alderdia; iritsi berria zen. Gipuzkoan 15.100 boto lortu zituen. Ahal Dugu-ren fenomenoa, baina, orduantxe hasi zen. Espainian bost eurodiputatu lortu zituen, eta alderdi handiekin lehian sartu zen. Ikusteko dago Gipuzkoako foru hauteskundeetan zeini kentzen dion pastelaren puska handiena, eta nola gelditzen den eserlekuen banaketa, lehiakide berria sartuta.

Hemendik hilabetera, arratseko 20:00 inguruan, hasiko da kopuruen dantza. Orduan argituko dira galdera guztiak: EH Bilduk eutsiko ote dion nagusitasunari, EAJk lortu ahal izango duen foru aldundira itzultzea; PSE-EEk eta PPk, behea jota, gorantz egingo ote duten; Podemos Ahal Dugu-k nori egingo dion kalte handiena... Olatua bezala sartu zen EH Bildu 2011ko panorama politikoan. Olatuaren tamaina neurtzeko garaia iritsi da berriro.

Neskak, ‘rockeatzera’

este pauso bat emango du bihar Emarock proiektuak. Emakume musikarien bueltan jaio zen, duela hiru urte; geroztik, askotariko jarduerak egin dituzte: erakusketa bat, dokumentala, irratsaioa, Emarock Gauak saioak, argazki liburua... Biharko, egun osorako egitaraua dute prest: 11:00etatik 01:30era, hamalau emanaldi izango dira Aretxabaletako hainbat gunetan. Lehen Emarock Egunak emakume taldeei eta batez ere musika tresnak jotzen dituzten emakumeei emango die protagonismoa. Goazen rockeatzera leloa aukeratu dute jairako, eta Popiñe neskatila izango da eguneko irudia.

Musika ez ezik, beste zenbait ekintza ere izango dira: Pilo pilo korapilo umeentzako ikuskizuna, serigrafia eta marrazketa tailerrak... Honako hauek dira egun osoan parte hartuko duten taldeak: The Lizards, Puski Txurruski eta Mariski, Ines Osinaga, Bala, Pottors ta Klito, Humus, Maite & Zaloa & Miren, Puro Luego, La Basu & Aneguria, Xarpa, Hibakusha, Maixa eta Lagunak, eta Perlak.

Emarock Eguna

Bihar, egun osoan, Aretxabaletan.

Eguzkia

Begiratzean, begiak itxi behar izaten ditut edo beste alde batera begiratu beharra sentitu.

Urrun edo gertu, bere presentziaz gozatzen dut. Eta, nik ikusten dudan bezain polita ikusten ote dute besteek?

Udaberriari ongietorria eman dio Korrikak, eta bera izan da kilometro horien guztien testigu, bihotzak berotu, gorputzak arindu eta euskaraz mingainak astintzen lagundu duena. Gogoetak, haserreak, algara eta negarren entzule eta ikusle bakarra askotan, sekretu guztien jakitun….

Eguzkia, ekia, ilargiari paso ematen dion andere argitsua, bidaia luzeetan ere haurren lagun ezkutua, amets goxoen iratzargailua..

Lainopetik atera dela dirudi, neguko loaldia amaitu, eta indartsu azaldu da, bazterrak eta bihotzak berotzen.

Belarrek usain berezia hartu dute, udaberriko kolorez jantzi dira mendi eta kaleak. Ilusioz ekin diogu ikasturteko azken txanpa honi, musikak ere eguzkiaren izpiak jaso dituela dirudi, eta kaleak doinuz bete dira… ametsa ote da guztia?

Ametsek, eguzkiak goxo-goxo gordetzen dizkigunean, argi izpiekin nahasturik bere bidea egiten dute, eguneroko bizitzan sartu arte.

Amets goxo horretatik esnatzean, eguzkia denok ez dugula beti berdin ikusten ohartzean, begiak ixten zaizkit, berriz ere goxotasun hori jaso nahian. Jaso dut, eta indar hori zabaldu nahi nuke argirik ikusten ez dutenen artera, ametsetatik sortu ohi baitira gogoak, ilusioak eta gizarte berriak. Amestu zuten gizon eta emakume horien eguzki izpien indarrari esker sortu ginen, garena izatera iritsi arte. Guri dagokigu orain indar hori ametsetatik egunerokora ematea eta argia ikustea.

Eguzkiak goxatu egiten du, eta ez erre.

Sekretuak argitara, emakume bertsolarien bidetik

Historiak sekretuan gorde ditu emakume bertsolariak hainbat mendetan. Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia ikuskizunaren bitartez, argitara ekarri nahi dituzte emakume haiek bizi izandako egoerak, denboran eta espazioan atzera eta...