Begiratzean, begiak itxi behar izaten ditut edo beste alde batera begiratu beharra sentitu.
Urrun edo gertu, bere presentziaz gozatzen dut. Eta, nik ikusten dudan bezain polita ikusten ote dute besteek?
Udaberriari ongietorria eman dio Korrikak, eta bera izan da kilometro horien guztien testigu, bihotzak berotu, gorputzak arindu eta euskaraz mingainak astintzen lagundu duena. Gogoetak, haserreak, algara eta negarren entzule eta ikusle bakarra askotan, sekretu guztien jakitun….
Eguzkia, ekia, ilargiari paso ematen dion andere argitsua, bidaia luzeetan ere haurren lagun ezkutua, amets goxoen iratzargailua..
Lainopetik atera dela dirudi, neguko loaldia amaitu, eta indartsu azaldu da, bazterrak eta bihotzak berotzen.
Belarrek usain berezia hartu dute, udaberriko kolorez jantzi dira mendi eta kaleak. Ilusioz ekin diogu ikasturteko azken txanpa honi, musikak ere eguzkiaren izpiak jaso dituela dirudi, eta kaleak doinuz bete dira… ametsa ote da guztia?
Ametsek, eguzkiak goxo-goxo gordetzen dizkigunean, argi izpiekin nahasturik bere bidea egiten dute, eguneroko bizitzan sartu arte.
Amets goxo horretatik esnatzean, eguzkia denok ez dugula beti berdin ikusten ohartzean, begiak ixten zaizkit, berriz ere goxotasun hori jaso nahian. Jaso dut, eta indar hori zabaldu nahi nuke argirik ikusten ez dutenen artera, ametsetatik sortu ohi baitira gogoak, ilusioak eta gizarte berriak. Amestu zuten gizon eta emakume horien eguzki izpien indarrari esker sortu ginen, garena izatera iritsi arte. Guri dagokigu orain indar hori ametsetatik egunerokora ematea eta argia ikustea.
Eguzkiak goxatu egiten du, eta ez erre.