Sailkatugabeak

Aisiarako tokietan, bisitari ugari

Aste Santuak bisitari ugari erakarri ditu egunotan Gipuzkoara. Hotelen okupazioa %85ekoa izan da, eta Ostegun Santutik larunbatera egon da mugimendu gehien. Hondarribian "azken urteetako Aste Santurik onena" izan dute; 3.400 lagun baino gehiago igaro dira Arma plazako informazio bulegotik. Aisiarako eskaintzari dagokionez, Aquariumak azken hamar urteetako hasiera onena izan du: lehen bi egunetan 8.000 bisitaritik gora izan dituzte. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan —irudian— %31,19 igo da bisita kopurua.

Zubi lanak, euskararenak

Komunikazioa, lana, gizarteratzea. Gaur egungo gizartearen kezka nagusietako zenbait dira hiru horiek, tresna batekin zein bestearekin osa eta bidera daitezkeenak. Denak bide bakarrean lerratu, eta helburuetara iristeko lanean dihardute Euskara plus e...

Esperimentu esperientziadunak

Euskal Herria, XVIII. mendea. Gain behera zihoan ekonomia; hura suspertzeko nahia, berriz, pil-pilean zegoen. Horretarako, bat egin zuten eliteek, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten 1776. urtean, Frantzisko Xabier Munibe Peñafloridako kondeak bultzatuta. Europan ikusten zituzten mugimendu berriak ekarri nahi zituzten Euskal Herrira; tartean, goi mailako hezkuntza eta zientzia landuko zituen zentro indartsu bat egitea zuten buruan. Frantzian ezagutzen zituzten zentroen estilokoa. Leku bila hasi, eta Bergaran hutsik zegoen Errege Mintegia. Munibek eta beste zenbaitek herrian ernetako ideiak muga guztiak gaindituko zituen: seminarioa Europako ikastetxerik eta ikerketa zentrorik garrantzitsuenetako bat bilakatu zen XVIII. eta XVIII. mendeetan.

Argien Mendea zen, Ilustrazio garaia. Momentu hartan sortzen hasi zen Europan zientzia modernoa izenez ezagutzen dena; kimika modernoaren sorreran lanean ari ziren Frantzian, Suedian, Alemanian eta Erresuma Batuan. Euskal Herrian, aldiz, inork ez zuen zientzia ezagutzen, eta irakasleak kanpotik ekarri beharrean zeuden.

Hori horrela, kontratatze politika jarri zuten martxan: Parisen-eta irakasle lanetan zebiltzan zientzialariak erakarri zituzten. Bergaran bildu ziren, hortaz, Joseph Louis Proust, Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiak, Pierre François Chabaneau, Anders Nicolaus Thunborg... Horiez gain, puntako beste hainbat zientzialarirekin ere harremanetan izan ziren Errege Mintegiko zuzendariak: Antoine Lavoisier, Joseph Black, Tobern Oloff Bergman eta Carl Wilhelm Scheelekin, besteak beste.

Seminarioak lehen mailako kimika laborategia hartu zuen, Europako hoberenetariko bat. Horren erakusle Thunborg kimikariak esanak. Uppsalako (Suedia) unibertsitatetik zetorren, Europa mailan mineralogia eta kimika arloan leku nabarmenetako batetik. Bergaran zegoela, eskutitz bat idatzi zien hango kideei, kontatzen nola herri txiki batera iritsi zen, eta nola topatu zuen Uppsalako laborategia baino lau aldiz handiagoa zen beste bat: "Laboratorium Chemicum eraikin oso handia da; ez dira gailu eta material baliotsuak falta. Inbentarioa egin zutenean, harrituta geratu nintzen".

Mintegiko laborategiak ekarpen unibertsala egin zion zientziari. Tartean, elementu berri baten aurkikuntza. Elhuyar anaiek 1783. urteko uda osoa laborategian eman zuten wolframa aurkitzeko. Garai hartan 24 elementu kimiko ezagutzen ziren bakarrik; orain, 118 elementu dira.

Wolframa aurkitzea, ordea, ez zen lorpen bakarra izan: platinoa xaflakor egitea ere lortu zuten Errege Mintegiko pareten artean. Ezpurutasunak kentzeko metodo erraz eta eraginkorra topatu zuen Chabaneau kimikariak 1786an, eta, horrela, platinozko lehenengo lingotea lortu zuen. Ordurako, platinoa ezagutzen zen, baina hondakindegira joaten zen meatzeetan, ez zirelako gai beste mineraletatik bereizteko. Laborategiaz gain, lorategi botaniko bat ere sortu zuten 1850eko hamarkada hasieran seminarioan, eta ondo hornitutako behatoki meteorologiko bat ere bazuten.

Irakasle ez ezik, espioi lanetan ere aritu ziren mintegiko zientzialari batzuk. Industria espioitzako proiektu bat martxan jarri zuten, eta Elhuyar anaietako bat, Juan Jose, espioi gisa aritu zen Europan, Ignacio de Montalvo nafarrarekin batera. Jauntxoek zuzentzen zuten proiektua Bergaratik, eta helburua zen ingelesek-eta kanoiak nola egiten zituzten topatzea. Horrela, Karlos III.a Espainiako erregeak zuen arazo bati irtenbidea eman nahi zioten: bere kanoiak lehertu egiten ziren hainbat tiroren ondoren. Hala, proiektua garatzeko dirua jartzeko eskatu zioten erregeari, eta, trukean, Bergaratik espioiak bidali zituzten Karlos III.aren kanoiak hobetu ahal izateko.

Hezkuntzan, gorenean

"Herriarentzako baliagarri izango ziren gizonak" hazten zituzten seminarioan —horregatik deitu zioten seminario, haztegi gisa, eta ez apaiztegi modura—. Hezkuntza arloan, zientziari lotutako gaiez gain, beste hainbat irakasgai ere bazituzten: Latina, Erlijioa, Filosofia, Matematika, Frantsesa, Ingelesa...

Errege Mintegiaren hasierako bultzadak XIX. mendean ere jarraitu zuen. Ospe zientifikoa hain handia ez izan arren, hezkuntza mailan nabarmendu egiten zen oraindik. Lehen Karlistadaren ondoren, adibidez, hezkuntza berritzeko hainbat saio egin zituzten estatu mailan, eta Bergarak erreferente izaten jarraitu zuen. Bigarren Hezkuntza bultzatzeko, probintzia bakoitzean institutu bat jartzea erabaki zuten, hiriburuetan normalean; Gipuzkoakoa, baina, Bergaran jarri zuten.

Garai bertsuan, industrializazioa heldu zen. Europarekin alderatuta, ekonomia nahiko atzeratuta zegoen, eta gainerakoen mailara iritsi ahal izateko, ingeniariak formatzeari ekin zioten. Eskolak sortu zituzten Bartzelonan, Sevillan, Madrilen...Eta Bergaran. Euskal Herrian bakarra zen, eta, beraz, han ikasita bakarrik lor zitezkeen zenbait titulu: ingeniari mekaniko edo ingeniari kimiko izateko tituluak, esaterako. Arazo ekonomikoak zirela eta, ordea, ikasle kopurua gutxituz joan zen, eta 1860an itxi egin behar izan zuten industria eskola.

Eraikinaren erabilera, hala ere, ez zen bertan behera geratu. Telesforo Monzon Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Bergarako alkate izandakoak Errege Mintegiaren zuzendaritza hartu zuen 1860ko azaroan. Eraikina berritu eta handitu zuten, Mariano Jose Laskurain arkitektoaren laguntzarekin. Gerora, beste hainbat pasadizok inguratu dute eraikina: 1873an tropa karlistek mintegia konfiskatu zuten, eta, ondorioz, bertan behera geratu zen Bigarren Hezkuntzako institutua. XX. mende hasieran, berriz, Aita Domingotarren ikastetxea egon zen han, 1972ra arte. Errege Mintegia UNEDen egoitza da 1976az geroztik.

Irtenbidea bidezubia bota gabe

Karlos I.a hiribideko zubibideak bitan zatitu du Amara Berri auzoa azken 43 urtean. Urte mordoan, Donostiarako sarrera nagusia izan da berau hiriburura hegoaldetik eta mendebaldetik hurbildu direnentzat. 43 urte horietan, ibilgailu kopuruak etengabe egin du gora. Eta kopurua handitzearekin bat, auzotarren arazoak, kexak eta protestak ere ugaritzen joan dira. Astearte gauaz geroztik, Amara Berriko auzotarrek itxaropenez begiratzen diote etorkizunari, bidezubian aldaketak egiteko obrak abiatu baititu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Bidezubia kentzea izan da auzotarren eskaera azken urteotan, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ezinezko jotzen du Donostiarako sarrera-irteera hori kentzea, eta erdibideko konponbidea aurkeztu zuen iragan abenduan. "Aukera erreal eta egingarria" zela azaldu zuen Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatuak.

Asteartean hasi eta lau hilabetean luzatuko dira lanak; auzoaren itxura aldatzea eta auzotarren bizimodua hobetzea izango dute helburu. Aldundiak espero du lanak abuzturako bukatuta egongo direla.

Dena maila berean

Errepidearen kota jaitsi eta kalearen mailara ahal bezainbeste hurbiltzea izango da aldaketa nabarmenenetako bat. Dena altuera berean geratuko da. Pio XII.aren plazatik hasita, altuera berean egongo dira errepidea eta kaleak, ia tuneletara iritsi arte. Tuneletara igo eta jaisteko malda 160 metro lehenago hasiko da, eta, igoera laburragoa izan arren, aldapa pikoagoa izango da, orain arteko malda progresiboaren aldean.

Donostiara sartzeko eta irteteko bina bide ditu egun errepideak. Hori ere aldatuko da. Sartzeko bi bide izango dira, eta ateratzeko bakarra. Horrez gain, errepidearen albo bietan dauden itxiturak eta errepidea bitan zatitzen duen hormigoizko hesia ezabatzea izango da aldaketa handienetako bat. Auzoa jada ez da bitan zatituta geldituko, eta oinezkoek hiru gunetan izango dute aukera errepidearen alde batetik bestera igarotzeko: semaforo eta zebrabide bana jarriko baitituzte Isabel II.a etorbidearen parean, Etxeberri plazaren inguruan eta Katalina de Erauso eta Eustasio Amilibia kaleek bat egiten duten tokian.

Bestalde, gelditzen diren hiru bideak metro erdi estutuko dituzte: hiru metroko zabalera izango dute, hiri barneko beste errepideekin parekatuta. Errepide estuagoak autoen abiadura moteltzeaz gain, espazio libre gehiago geldituko da, eta espazio horretan berdeguneak egingo dituzte, errepidearen alde bietan.

Ibilgailuen abiadura "modu eraginkorrean" murriztea da foru aldundiaren helburu nagusietako bat. Horretarako, zebrabide zein semaforoak jarri eta errepideak estutzeaz gain, gehienezko abiadura mugatuko dute hiribide osoan. Ibilgailuek ezingo dute orduko 50 kilometro baino gehiagora ibili.

Abiadura moteltzearekin batera, zarata gutxituko den ziurtasuna azaldu zuen Ugartek. "Zirkulazio handiko hiriko beste kale batzuen antzeko maila izango du, eta, ziurrenik, zirkulazio oso handiko beste batzuk baino txikiagoa, hala nola Mirakruz, San Martin, Ategorrieta...".

Ugartek abenduan azaldutakoaren arabera, martxan jarritakoa konponbide benetan egingarria da. "Argi geratu da orain artekoak ez zirela egingarriak, eta hori errealitateak berak erakutsi du. Orain arte Karlos I.ako bidezubia kenduko zela hainbatetan iragarri den arren, lan horiek ez dira sekula egin, besteak beste, planteatzen ziren alternatibak izugarri garestiak zirelako eta batere praktikoak eta eraginkorrak ez zirelako". Aldundiak egingo duena ez da auzotarrek eskatzen zutena —bidezubia kentzea—, baina irtenbide bat emateko lehen ahalegina, eta auzotarrak emaitzak ikusteko zain daude.

Astelehenetik aurrera

Obrak bere horretan hasi aurretik egin beharreko seinalizazio eta balizamendu lanak ari dira egiten aste honetan. Helburu horrekin, Aieteko tuneletatik Amarako tuneletarako errepidean hainbat bide mozketa egin dituzte. Benetako obrak astelehenean hasiko dituzte.

Lanek 668.215 euroko aurrekontua dute, hasieran esperotakoa baino %25 gutxiago. Amenabar eraikuntza enpresari esleitu zion aldundiak obra, lehiaketara aurkeztutako zazpi hautagaien artean.

3.000

KONTSERBATUTAKO PIEZAKErrege Mintegiko laborategietan aurreko mendeetan erabilitako 3.000 objektu zientifiko kontserbatzen dituzte seminarioan: fisika eta kimika arlokoak, mineralak, fosilak, giza anatomiako piezak...

Laborategi bat herritarrentzat

Argiak ilun daude Bergarako Errege Mintegiko biltegian. Plastikoz estalita daude apalak; piezak babesean dituzte, lekualdatuak izateko bidean. Lehen begiratuan ikusi ez arren, kalkulaezina da eraikinak biltzen dituen istorioen eta historiaren balioa: XVIII. eta XIX. mendeetan Euskal Herriko hezkuntza eta zientzia erakunde garrantzitsuena hartu zuen Errege Mintegiak, eta orduko laborategietan erabilitako elementuetako asko gaur egunera arte mantendu dituzte. Mineralak daude, fosilak, giza anatomiaren modeloak, kimika eta fisikako tresneria, zoologia bilduma. Ekain erdialdetik, Laboratorium museoan ikusgai izango dira horietako zenbait —seminarioan zegoen Laboratorium Chemicum laborategitik dator izena—.

Iñaki Irizar eta Rosa Errazkin udal teknikariek eta Arianne Kareaga zinegotziak gidatu dute bisita. Errazkinek mahai gainera atera du giza eskuin begiaren modelo bat, baita eskailera sugeak dituen pote bat ere. Mahaia bera ere ez da nolanahikoa: Bergarako Besarkada sinatu zuten hor gainean Rafael Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak, 1839an. Panthera pardus XIX. mendeko lehoinabarra ere gelan gordea dute; koadro batean, biltegiko ganbaran aurkitutako balearen eskeletoa seinalatu du Irizarrek.

Bergaran hezkuntzaren eta zientziaren alde egindako apustuak material mordoa utzi zuen bi mendetan. Balioaz ohartu eta ondarea zabaltzeko asmoz, museo bat egitea erabaki zuen udalak 1981ean, baina luze jo du proiektuak. Batetik, bildumen eta erakundearen historian sakontzen jardun dute, eta, bestetik, bilduma berreskuratzen joan dira. "Bildumen egoera oso kaskarra zen: piezak apurtuta zeuden, eraikinaren zenbait gelatan sakabanatuta...", dio Irizarrek. XVIII. mendeko hainbat tresna gorde arren, material gehiena XIX. mendekoa da, Parisen erositakoa —Berlin eta Londrestik ekarritakoak ere badira—. Elementuak sailkatzea ere ez da lan erraza izan: "Antzinako tresneria zientifikoari buruz gaur egun hasi da informazio asko azaleratzen, artxiboak digitalizatzen joan diren heinean, baina orain dela 10-15 urte oso zaila zen".

Gizarte museoa

Errege Mintegitik Errekalde jauregira doa bisita, benetako museora. Han egongo da Laboratorium. Eraikinaren aurrealdean jarriko duten panela ere iritsi berri zaie: "Hau badoa aurrera, beste pauso bat gehiago", dio Errazkinek, pozik. Museoa izango denaren atarian, gizarte museo kontzeptuaz ari da Irizar: "Gizarte museo batean ezinbestekoa da museoaren eta inguruko eragileen artean lotura oso handia egotea, eta museoaren jardueraren zati bat beraiekin egitea". Dioenez, aldi berean bildumekin eta lurraldeko ondarearekin lan egitea lortu behar da; bisitariekin lan egitea, baina baita herritarrekin ere. Gainera, museoa "gizartearen garapen iraunkorrerako tresna" izan dadin nahi dute, "tresna bizi eta ireki bat". Horretarako, udalak museo arloko teknikariak, tokiko garapenekoak eta parte hartze sailekoak elkartu ditu, eta, era berean, bisitak egiten ari da herritar eta eragileekin, haien ekarpenak jasotzeko asmoz.

XIX. mendekoa da Errekalde jauregiaren eraikina. Kanpotik ez ezik, ikusgarria da barrutik ere. Beira leihoak paretetan, egurrezko egitura, espazio zabalak. Berri usaina dario. Lurra aldatu dute, baina jatorrizkoa da egurra.

Harrera gunea prest da. Bi funtzio izango ditu, gainera, turismo bulegoa ere han jarri baitute. Beheko geletako bat aldi baterako erakusketen tokia izango da. Eskailerak igota, berriz, erakusketa iraunkorra bisitatu ahalko da. Ehun pieza inguru jasoko dituzte horretan: "Gainerako materiala jarduera didaktikoetan erabiliko dugu, eta baita aldi baterako erakusketetarako ere".

Solairuko buelta osoa hartuko du erakusketa iraunkorrak. "Duela 250 urte pertsona batzuek ilusio handiarekin proiektu oso handia martxan jarri zutela kontatzen da hemen, eta horrek izan duen eragina ezagutzera gonbidatzen ditu bisitariak", dio Irizarrek erakusketa hasiko den guneari seinalatuz. Lehen bi guneetan, Ilustrazioan egindako apustuak eta emaitzak jasoko dituzte, hau da, kalitatezko hezkuntza eta zientzia Euskal Herrira ekartzeak izan zuen eragina. Garapenari ere jarriko diote arreta: fisikaren garapenak, industrializaziora aplikatuta, nolako aldaketak sortu zituen XIX. mendeko gizartean. "Tresna berriak hasten dira sortzen, mugitzeko moduak aldatu egiten dira...".

Natur zientziei ere egingo diete tokia. Irizarren arabera, XIX. mendean natur zientziek sekulako garapena izan zuten, eta horiei esker, mende bukaeran asko aldatu zen pentsatzeko modua. "XVIII. mendean gizarteak pentsatzen zuen: 'Gu kreazio berezi baten emaitza gara, mundua infinitua da eta gure zerbitzura dago'. XIX. mende bukaeran, berriz, garapenak bestela pentsatzera eraman zituen: 'Gu bat gehiago gara, homo sapiens, eta mundua finitua da'. Ordurako planteatzen zen lurraldea ez dela agorrezina, erabiltzen den moduaren arabera". Historia orokorra izan arren, ardatz gisa erabiliko dituzte Errege Mintegia eta haren bilduma.

Ibilbidearen bukaeran, ikus-entzunezko batek agurtuko du bisitaria, eta bi hausnarketa proposatu: "Batetik, planteatuko zaie ea beren ustetan datozen aldaketei aurre egiteko kalitateko hezkuntza eta zientzia baliagarriak diren, eta, bestetik, XVIII. mendean bezala eliteen esku utzi behar ote diren aldaketak, edo denon artean egin".

Jarduera didaktikoak

Ikusiz ikasteaz gain, egiten ikasteko aukera ere eskainiko du museoak. Horretarako, jarduera didaktikoak antolatuko dituzte, bai alde humanistikotik, baita arlo zientifikotik ere. Datozen asteetan hasiko dira jarduerak diseinatzen, ekarpenak jaso ondoren. Besteak beste, zientzia laborategi bat jarriko dute museoan. Gela prest dute, eta hilaren 15ean hasiko da muntatzea; jarduerei, berriz, hurrengo ikasturtean ekingo diete. "Publiko ezberdinekin lan egingo dugu. Gure nahia da gazteekin lan egitea, gaurko arazoak ondo identifikatu eta zientziaren bidez soluzioa ematea".

Arrantzaleak, festara

Arrantzaleen festetako oihalak soinean, urdin-urdin jantzita, kalean gora kalean behera ibiltzeko sasoia heldu da Zumaian: gaur hasiko dituzte festak, San Telmo egunaren aurreko asteburuan, eta zernahi topatuko dute bertakoek nahiz kanpokoek. Astelehenean izango da, berriz, egun handia, eta nahikoa izan ez dutenek, datorren asteburuan izango dute jarraipena.

Gaur 18:00etan hasiko ditu jaiak San Pedro Txiki abesbatzak, kofradian, eta handik herrian zehar kantuan ariko dira kalejiran. Gauean, berriz, bertso saioa izango da, Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Jon Maia eta Fredi Paiarekin, 22:30ean, Aita Mari aretoan. Ordu berean kontzertua ere bada beste doinu batzuk nahiago dituenarentzat: Suaia eta Lahaine, Patrol Destroyers taldeak eta DJ Matta izango dira txosnetan.

Biharko egunera, berriz, honako hauek daude iragarrita: Udal Txistularien Bandak joko du 11:00etan, eta 12:00etan txupinazoa izango da, jaiei hasiera ofiziala emanez, SanTelmo ermita inguruan. Dantzen ikuskizuna, herri bazkaria, haurrentzako jolasak eta jaialdiak, txarangak, buruhandi eta erraldoiak, eta beste hamaika egiteko egongo dira. Gauean, berriz, Zartako, Skakeitan eta Bilbomatiks taldeek kontzertua emango dute txosnetan, eta Bide Batez taldeak kofradian.

Etzi, goizean goizetik hasiko da festa: Zumai Txarangako gazteak aterako dira kalejiran , 09:30ean, eta hortik aurrera scalextric tapelketa, hamaiketakoa eta haurren danborrada izango dira, besteak beste, goizean. Arratsaldean, berriz, 18:00etan, Trikitxas bikotea kalejiran aterako da, eta Joxe Mendizabalen kantu kalejirak jarraituko dio. Txosnetan ere ez da musikarik faltako Skaleak eta Guri 5 taldeen emanaldiekin, eta kofradian, berriz, Dindots taldeak joko du. Bi emanaldi horien artean egingo dute Danborrada Berezia.

Egun handia

Urtero bezala, 10:15ean prozesioan joango dira herritarrak San Telmo ermitara, eta meza eta gurtzea izango dira. Horren ondoren, hamaiketakoa eskainiko zaie gonbidatuei, kofradian.

Incansables txarangak ekingo dio festa giroari, Ondartxon hasita, 12:00etan, eta handik ordu erdira Gorritiren saioa egongo da Eusebio Gurrutxaga plazan. Arratsaldean, haurrentzako txokoa irekiko dute, 17:00etan: Kulkirekin jolasak izango dituzte, eta baita Industriaren Kirol Parkea eta xakearen jolasa ere.

Pilota partiden eta Incansables txarangaren emanaldiaren ondoren, Lotxo taldearen dantzaldiarekin amaituko dute eguna, kofradian.

46.844

langabeak gipuzkoan, martxoan Espainiako Enplegu Ministerioak asteon emandako datuen arabera, otsailetik martxora 194 langabe gutxiago zeuden Gipuzkoan (%0,41), 46.844 lagun, guztira. Iazko martxotik, berriz, 2.748 lagun gutxiago daude lanik gabe lur...

Bizitzaren gaineko elkarrizketa

Bizitzaren inguruko hausnarketa planteatzen du Anabel Arraiza eta Inaxio Tolosaren azken obrak. Urte mordo baten ondoren, topo egingo dute berriro. Honela dio obraren goiburuak: "Nahi baino lehenago banandu ginen, eta bizitzarekin aurrera jarraitu beh...